- AGINDUA, 2012ko martxoaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko MEDEA Master eta Doktorego Eskolaren sorrera onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko martxoaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko MEDEA Master eta Doktorego Eskolaren sorrera onartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 82
- Hurrenkera-zk.: 1900
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/03/27
- Argitaratze-data: 2012/04/26
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, bere autonomia-estatutuko 16. artikuluak xedatzen duenez, irakaskuntza-eskumena du, eskumenaren luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta molde eta espezialitate orotan, eta, betiere, arau hauek agintzen dutenarekin bat etorriz: Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak; 6/2001 Lege Organikoak, abenduaren 21ekoak, Unibertsitateei buruzkoak; 4/2007 Lege Organikoak, apirilaren 12koak, Unibertsitateei buruzko legea aldatzekoak; eta 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak.
Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, Unibertsitateei buruzkoak, gerora apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatua izan zenak, 8.2 artikuluan arautzen du autonomia-erkidegoei dagokiela unibertsitate publikoetako irakastegiak sortu, aldatu edo kentzea, eta erabaki hori beren kabuz har dezakete, unibertsitateetako gobernu-kontseiluaren adostasuna jasota, edo unibertsitateren baten ekimenez, haien gobernu-kontseiluak egindako proposamenaren bidez. Kasu batean zein bestean, gizarte-kontseiluaren aurretiazko eta aldeko irizpena behar da.
Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 62.2.c) artikuluan arautzen du unibertsitateen gai-alorrean eskumenduna den sailaren ahalmenetako bat izango dela fakultateak, goi-mailako eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako unibertsitate-institutuak edo ikasgelatik kanpoko irakaskuntza antolatzen duten beste erakunde edo ikastetxe batzuk sortu, aldatu edo ezabatzea.
Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak, doktoregoko irakaskuntza ofizialak arautzen dituenak, 9. artikuluan arautzen du unibertsitateek doktoregoko eskolak sor ditzaketela, beren estatutuek, beren autonomia-erkidegoko araubideak eta errege-dekretu horrek berak arautzen dutenarekin bat etorriz. Eskola horiek sortzearen helburua izan behar du doktoregoko berezko irakaskuntzak eta jarduerak antolatzea unibertsitatearen kudeaketa-esparruan. Hezkuntza Ministerioari jakinarazi behar zaio, Unibertsitate Politikako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eskola bat sortu dela, hura irailaren 12ko 1509/2008 Errege Dekretuak araututako Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan inskribatzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa lantzeko bokazio sendoa du, eta bere lehentasunezko helburu estrategikoetako bat da masterrak eta doktoregoko programak bultzatzea, ikerketa-jardueraren ernamuina, eta, azken buruan, jakintza sortu eta hura gizarteari zabaltzeko bide behinena diren aldetik.
Otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuak onartu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak egun indarrean dituen estatutuak, eta araudi horren 10. artikuluak arautzen du Unibertsitateak zer egitura izango dituen. Doktorego-eskolak dira egitura horietako bat. Arau horren 130. artikuluak, halaber, arautzen du Gobernu Kontseiluari dagokiola fakultateak eta/edo eskolak sortu, aldatu eta ezabatzeko proposamenak egitea.
Hori horrela, MEDEA Master eta Doktorego Eskola sortzea proposatzen du Euskal Herriko Unibertsitateak, doktoregoko programak eta diziplina anitzetako ikerketarako prestakuntza koordinatzeko eta kudeatzeko zentroa izan dadin. MEDEA eskolaren beste egiteko bat izango da master ofizialak koordinatzea eta kudeatzea, nahiz eta, salbuespenez, ez dituen kudeatuko zeregin profesionalak atxikita dituzten masterrak, haien ardura duten gradu-ikastegien egitekoa izango baita haiek kudeatzea.
Eskolaren sortuz lortu nahi diren helburuak dira doktoregoko prestakuntza hobetzea, Unibertsitatearen prestigioa eta presentzia handitzea bere doktorego-programen nazioartekotzearen bidez, bertako eta atzerriko doktoregaiak erakartzea, eta, horren guztiaren ondorioz, ikerketa-jarduera handitzea, eta, beraz, jakintza sortu eta zabaltzeko gaitasuna indartzea, gizarteari ongizatea ekar dakion.
MEDEA Master eta Doktoregoko Eskola sortzea onartu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduaren 22an hartutako erabakiaren bidez.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak, 2012ko martxoaren 7an, Euskal Herriko Unibertsitateko MEDEA Master eta Doktoregoko Eskola sortzeko proposamenaren aldeko irizpena eman zuen.
Horrenbestez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduaren 22an hartu zuen erabakia eta haren Gizarte Kontseiluak 2012ko martxoaren 7an eman zuen aldeko irizpena ikusita, eta proposamen hori, abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko 8.2 artikuluak arautzen duen moduan, Euskal Autonomia Erkidegora igorrita, honako hau,
Lehenengoa. Euskal Herriko Unibertsitateko MEDEA Master eta Doktoregoko Eskolaren sorrera onartzea.
Bigarrena. Eskolak, bere jardunean, bete beharrekoak izango ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak, Irakaskuntza Zentroen Esparru Erregelamendua eta betetzekoak dituen gainerako arauak.
Hirugarrena. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraziko zaio ebazpen hau, Unibertsitate Politikako Zuzendaritza Nagusiaren bidez, eskola sortzeko erabakia irailaren 12ko 1509/2008 Errege Dekretuak araututako Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan inskriba dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 27a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


