Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko apirilaren 16koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bitartez hozteko instalazioetarako Segurtasun Erregelamenduari buruzko arauak ematen dira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko apirilaren 16koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bitartez hozteko instalazioetarako Segurtasun Erregelamenduari buruzko arauak ematen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 106
  • Hurrenkera-zk.: 2431
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/04/16
  • Argitaratze-data: 2012/05/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa

Testu legala

Hozteko instalazioetarako Segurtasun Erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen otsailaren 4ko 138/2011 Errege Dekretuak irailaren 8ko 3099/1977 Errege Dekretua eta haren ondorengo aldaketak ordeztu ditu baita instalazio mota horientzat aplikazio-irizpide berriak ezarri ere, aurreko araudia Europako xedapenetara egokituz.

Ondorioz, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, hala eskatzen duten alderdietan, aipatutako Erregelamendua garatzen duen eta bestetik, Autonomia Erkidego honetan dagoen araudia argitzen duen arau bat emateko beharra ikusi du, arau-esparru berri honetara egokitzeko helburuarekin. Bestalde, beharrezkoa da espedienteak izapidetzeko erabilitako dokumentuak eguneratzea.

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har aplikatzekoak diren eta horiekin bat datozen gainerako arauak aztertu ondoren, honako hau

XEDATzen DUT:

  1. Hozteko instalazioak abiarazteko industriaren arloan eskumena duen lurralde organoan erregelamenduz ezarritako segurtasuneko eskakizun eta baldintza teknikoak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

    Proiektudun instalazioen kasuan (2. maila), gainerako dokumentazioarekin batera, «Abiarazte Jakinarazpenaren» dokumentua aurkeztuko da, eta Administrazioak bideratu ondoren, abiarazteari buruzko betebehar administratiboak bete direla egiaztatzeko baliagarria izango da. Ondorio horietarako, proiekturik ez duten industria-instalazioen kasuan (1. maila), aurkeztutako instalazio-ziurtagiria, Administrazioak bideratu ondoren, baliagarria izango da betetze hori egiaztatzeko.

    Izapidetze telematikoen kasuan, betetze-egiaztagiria aplikazio informatikotik bertatik lortu ahal izango da instalazio-ziurtagiria aurkeztu ondoren. Egiaztagiri horretan erregistro-zenbakia, aurkezpen-data eta industria-instalazioaren identifikaziorako datu garrantzitsuenak adieraziko dira.

    Administrazioak egindako dokumentu horien sarrera-erregistroak ez du ekarriko instalazioaren edo aurkeztutako dokumentazioaren egokitasunaren aldeko iritzia ematea.

    1. eranskinean 2. mailako instalazioetarako abiarazte-jakinarazpenaren eredua adierazten da eta 2. eranskinean, berriz, instalazio mota guztietarako instalazio-ziurtagiriaren eredua.

    3. eranskinean instalazioaren memoria teknikoaren gutxieneko edukia adierazten da.

  1. Proiektudun instalazioen kasuan, hozteko instalazioen abiarazterako funtsezkotzat hartuko dira honako dokumentu hauek: abiarazte-jakinarazpenaren dokumentua, proiektua, obra-zuzendaritzako ziurtagiria, instalazio-ziurtagiria eta behe-tentsioko instalazio elektrikoaren ziurtagiria.

    Proiekturik ez duten instalazioetan, funtsezkotzat hartuko dira instalazio-ziurtagiria eta behe-tentsioko instalazio elektrikoaren ziurtagiria.

Hozteko instalazioetarako Segurtasun Erregelamenduaren 2. artikuluan salbuetsitako instalazioez gain, salbuetsitzat hartuko dira, arau honetako administrazio izapidetzeari dagokionez, Eraikinetako Instalazio Termikoetan soilik erabiltzen diren hozte-sistema primarioak; izan ere, uztailaren 1027/2007 Errege Dekretuak onartutako Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren (EITE) 2. artikuluan ezarritako aplikazio-eremuan biltzen dira.

Hozteko instalazioetarako Segurtasun Erregelamenduaren 9. artikuluan ezartzen diren kualifikazioak biltzen dituzten profesionalek industriaren arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzan izena ema ahal izango dute.

  1. Erregelamendu hau aplikatuko duten enpresa jarduleak eta hozgarri fluoratuak maneiatzen dituzten enpresak gaitzeko, industriaren arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzan erantzukizun-aitorpena aurkeztu beharko dute. 4. eranskinean erantzukizun-aitorpenaren eredua adierazten da.

  2. Enpresek ekoizle-izaera izango dute eta horretarako, dagokion dokumentazioa izapidetu beharko dute Ingurumenaren arloan eskumena duen Sailean.

    Desegindako hozteko ekipoen bajak industriaren arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko zaizkie. 6. eranskinean desegite-ziurtagiriaren eredua adierazten da.

  3. Kalte fisiko edo material garrantzitsuak eragiten dituzten istripuen berri eman beharko zaio industriaren arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzari.

  4. Hozteko instalazioetarako Segurtasun Erregelamenduaren 26.2 artikuluan ezartzen den enpresa mantentzaileen aldizkako berrikuspenaren ziurtagiriaren eredua 5. eranskinean adierazten da.

  5. Hozteko instalazioetarako Segurtasun Erregelamenduaren 12. artikuluan adierazten den instalazio-erregistroak erregelamenduaren 26.2 artikuluan adierazitako egindako berrikuspenak bildu beharko ditu baita desegindako instalazioak ere.

Hozteko instalazioetarako Segurtasun Erregelamenduan edo horien Jarraibide Tekniko Osagarrietan adierazitakoez bestelako irtenbideak nahi diren instalazioetan, industriaren arloan eskumena duen Zuzendaritzaren onespen-ebazpena lortu beharko da abiaraztearen aurretik.

Horretarako, industriaren arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzan dagokion eskaera aurkeztu beharko dute, eta Baimendutako Kontrol Organismo baten aldeko txostena gaineratu beharko dute, bertan adieraziz betetzen ez den xedapena eta segurtasun baliokidea bermatzeko proposatzen diren neurri alternatiboen edo ordezko neurrien egokitasuna. Onespen-ebazpena lortu ondoren, ebazpen hori eta erregelamenduz ezarritako segurtasuneko eskakizun eta baldintza teknikoak egiaztatzen dituen gainerako dokumentazioa aurkeztuko dira abiaraztea gauzatzeko.

Instalazioetan diharduen agenteetakoren batek (hozteko instalazioen enpresak edo kontrol-organismoak) pertsonei, florari, faunari edo ingurumenari kalteak eragiteko arrisku larria eta hur-hurrekoa ekar dezaketen egoerak atzematzen dituenean, instalazioa edo ekipoa badaezpada geldiarazi egin beharko du, Industria eta Meategiak Administratzeko zuzendariaren 2001eko martxoaren 26ko Instrukzioaren arabera (2001-05-9ko EHAA).

Lehendik dauden enpresa instalatzaileek gaur egungo kategorietan jarraituko dute baina erregelamendu berriko 1. mailara igaro nahi dutenek erregelamendu horretan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta industriaren arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzan dagokion erantzukizun-aitorpena aurkeztu. Era berean, enpresek 2. mailara igarotzeko industriaren arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzan dagokion erantzukizun-aitorpena aurkeztu beharko dute.

Xedapen honek indargabetzen ditu hozteko instalazio jakin batzuk eta presio-aparatuak abiarazteko izapidetze-prozedura ezartzen duen 2005eko irailaren 1eko Agindua (2005-10-17ko EHAA) eta xedapen honetan bertan ezarritakoaren aurkakoa xedatzen duten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Lehenengoa. Gaian eskumena duen zuzendariari ahalmena ematen zaio Agindu honi gaineratutako eranskinak aldatzeko edo dokumentu berriak gaineratzeko, baita instalazio mota hauen betekizunen aplikazio praktikorako gidaliburu teknikoak lantzeko ere.

Bigarrena. Xedapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 16a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik