Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko apirilaren 17koa, Kulturako sailburuarena, Artxuako (Kuartango, Araba) San Sebastián Eliza, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko apirilaren 17koa, Kulturako sailburuarena, Artxuako (Kuartango, Araba) San Sebastián Eliza, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 94
  • Hurrenkera-zk.: 2144
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/04/17
  • Argitaratze-data: 2012/05/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2011ko abenduaren 13an Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak ebazpena eman zuen. Ebazpen horren bidez, Artxuako San Sebastián Elizak aurkeztu zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2012ko otsailaren 7ko EHAAn (27 zk.) argitaratu zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu izan.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Artxuako (Kuartango, Araba) San Sebastián Eliza Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Kuartangoko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Ebazpen hori interesdunei, Kuartangoko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bideari amaiera ematen dien agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 17a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LáZARO.

Mugak

  1. Mugen deskripzioa.

    Hauek daude mugatutako eremuaren barnean: batetik, eraikina bera, ekialdeko goialdeari itsatsita dagoen eraikina izan ezik, gaur egun bizitzeko erabiltzen dena eta garai batean herriko eskola izandakoa, eta, bestetik, eraikinaren ingurua. Horrela, bada, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: iparraldean, 10 metroko zerrenda, fatxada honekiko paraleloan; ekialdean, fatxadatik 15 metrora doan sestraren pare doan lerroa; mendebaldean, alde honetan doan bide publikoaren urruneneko ertza; eta, azkenik, hegoaldean, elizaren fatxadarekiko paralelo doan lerroa, 25 metrora.

  2. Mugen justifikazioa.

    Proposatutako mugatzearen arrazoia da San Sebastián de Artxua elizaren inguruaren balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren aldetik eta baita bistaren aldetik ere. Ingurua mugatu behar da, ondarea babesteko eta balioesteko, horretarako, elizaren inguruko eremua (lurra eta elizarako sarbidea) zaindu behar da, elizaren berezko izaera babestearren. Beraz, ez da soilik eraikina mugatuko, elizaren ingurua ere aintzat hartuko da.

Deskribapena

Parrokiaren tenploa, estilo erromaniko kuartangoarraren konfigurazioz taxututa, sala-oinplanoko eraikina da. Nabea bera baino estuagoko abside zuzena du, puntadun kanoi erdiko bi bobeda zatiz estalia, bi bobeda zatien artean arku fajoi handia daukala, puntaduna hau ere, zutabe lana egiten duten barruko kontra-hormetan bermatua. Bobeden aparejoa entokatua eta luzitua dagoen arren, azaleraren zati handi batean entokatua hondatuta dago, eta bistan geratzen da. Murruetan, luzetara, apaindu gabeko erlaitza doa.

Murruetan, iparraldean, sakristia dauka; bai eta kapera, arkupea eta hilerria ere, hegoaldean, eta mendebaldean, kanpai-horma. Ekialdean, goialdeari itsatsia, gaur egun bizitzeko erabiltzen den eraikina dago, garai batean herriko eskola izana. Eraikin horrek ez du babesik izango.

Kapera Erdi Aroko tenploaren murruetatik kanpora ateratzen da; tenploaren hegoaldean kokatutako hilerrira zabaltzen zela eraiki zen bere garaian. Juan Ruiz apeza izan zen kapera eraiki zuena, eta bertan eman zioten lur, 1553. urtean. Alabaina, 1580. urtean, beste apez batek, Pedro Ruiz de Xarte-k, mezatarako agindu zuen kapera, ordurako elizara zabaldurik zegoela.

Hegoaldeko fatxadan, estalkiaren hegal azpian, harrian landutako irudi batzuk ikusten dira, Erdi Aroko hargin-lanez eginak.

Multzoa biribiltzeko, kanpai-horma baxu-baxua dago, aldi berean, arkupearen mendebaldeko horma ere badena. Frontisa mendebaldeko hormapikoaren luzapena balitz moduan dago proiektatuta, puntu erdiko kanpai-arku bi dituela, bi isuriko teilatutxoaz estalia.

Arkupetik dauka sarrera tenploak, isuri bateko egurrezko estalkiaren azpitik (gaur egun estalkia erabat hondatuta dago). Hegoaldeko alboan zabaltzen den aitzinalde urritik ere sar daiteke. Hegoaldeko sarrera puntadun arkua da, ertza bistan dutela ebakitako hiru arkibolta eta guzti; atezangoa ere halaxe dauka ebakita, eta inposta alakatua du.

Koroaren gainean jarritako leiho altu baten bidez eta baho txiki estuen bidez lortzen da tenploa argitzea. Argibide denak dinteldunak dira.

Tenploaren barruan, harrizko harlauza handiz dago estalia zorua, eta gaur egun hondatu samartuta badaude ere, hor diraute egurrezko erretaula batek (ez urreztatu eta ez pintatua), dinteldun koroak, zutabeen buruak apurtxo bat landuta dituena, eta balaustrada bihurrituak.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik