Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko maiatzaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko dei egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko dei egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 102
  • Hurrenkera-zk.: 2325
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/05/16
  • Argitaratze-data: 2012/05/25

Testu legala

Hezkuntza-itunei buruzko Araudia onetsi zuen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuak bere II. eta VI. kapituluetan hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko prozedura ezartzen du.

Hezkuntza-itunen lau ikasturteko iraupena amaitu ondoren, hezkuntza-itunak berritzeko deialdia egin eta datozen lau ikasturteetarako itun berriak sinatu behar dira.

Hori dela eta, hauxe

Ikasturte honetan indarraldia amaitzen duten hezkuntza-itunak berritzeko eta 2012-2013, 2013-204, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako itun berriak sinatzeko deialdia egiten da, eta 2012-2013 ikasturterako itundu beharreko unitateak zehazteko deialdia ere egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatu baimenduei eta irakaskuntza hauei dagokienez:

  1. Haur Hezkuntza (2. zikloa).

  2. Lehen Hezkuntza.

  3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

  4. Hezkuntza Berezia.

  5. Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak.

  6. Batxilergoa.

  7. Lanbide Heziketako erdi-mailako heziketa-zikloak.

  8. Lanbide Heziketako goi-mailako heziketa-zikloak.

  1. Planifikatutako unitate guztiak itundu aurretik baimendu beharko dira indarrean den legeriari jarraiki, eta etapa eta ikasturte bakoitzean itundu beharreko unitate kopurua ezingo da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak planifikatutako unitate kopurua baino handiagoa izan.

  2. Itundu beharreko Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ituna duten ikastetxe pribatuek eman beharko dituzte.

  3. Lanbide Heziketako etapa duen ikastetxe bat ez da itunduko Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordetzak onetsitako plangintzan barne ez dauden prestakuntza-zikloak irakasten baditu.

  4. Ikastetxeek egiaztatu egin beharko dute beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoaren arabera.

    Laguntzak eskatzen dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, horien baimenik behar izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, aplikatuta.

  1. Eskabideak Zuzenean Zerbitzuaren Herritarren Arretarako Bulegoan bertaratuta aurkeztuko dira, helbide hauetan: Ramiro de Maeztu 10, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia 13, Donostia, edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan. Postetxearen bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian egon beharko dute, postetxeko langileek ziurtatu aurretik data eta zigilua jartzeko. Horrela ez bada, dagokion bulego publikoko sarrera-datan aurkeztu dela joko da.

    Eskabideak agindu honen eranskinetan ezarritakoaren arabera bete beharko dira. Eranskin horiek eskuragarri izango dira euskadi.net helbideko egoitza elektroniko honetan: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.

  2. Eranskin hauek aurkeztu behar dira:

    1. A eranskina: 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako plangintzaren eskabide-orria.

    1. B eranskina: 2012-2013 ikasturtean itundu beharreko unitate kopurua zehazteko eskabidearen inprimakiak.

  1. Ikastetxeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute beren eskaerarekin:

    Ondorengo inguruabarren bat edo guztiak ziurtatzen dituen memoria:

    Ikastetxeak beteriko benetako eskolatze-premiak.

    Ikastetxe horrek biltzen duen eskola-biztanleriaren baldintza sozioekonomikoak, merezimendu gisa aurkezten bada.

    Hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak, ikastetxearen programazioan aurreikusita daudenean.

    Hala badagokio, jardute-araubidea kooperatiban.

    Eskaera egiten duen ikastetxearen titularraren ordez ari den pertsonaren egiaztagiria, hala badagokio.

  1. Haur Hezkuntzarako (2. zikloa), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

  2. Gainerako etapetarako, eskaerak aurkezteko epea 2012ko irailaren 10ean bukatuko da.

Itunduko diren ikastetxeak zehazteko aurkeztutako eskabideen ebaluazioaz eta itundu beharreko unitate kopuruaz lurralde historiko bakoitzean eratuko den batzorde bat arduratuko da eta ondoko kideek osatuko dute:

Batzordeburua: Administrazio eta Dirubideen zuzendaria.

Batzordekideak:

  • Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lurraldeko ordezkaria, Administrazio eta Dirubideen zuzendaria ez badago ordezkatuko duena.

  • Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa Arloko arduraduna lurralde historiko bakoitzean.

  • Ikastetxeetako lurralde-arduraduna.

  • Lurralde historiko bakoitzeko Hezkuntza Berritzeko Programen arduraduna.

  • Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoko lurralde-arduraduna.

  • Lurralde historiko bakoitzeko Lanbide Heziketako teknikari bat.

  • Lurralde historiko bakoitzeko Hezkuntza Bereziko Programen teknikari bat.

  • Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko itun-zerbitzuaren eta ordainketa eskuordetuaren arduraduna.

  • Ikastetxe pribatuetako ikasleen guraso-elkarteen federazioen bi ordezkari.

  • Irakasleen bi ordezkari, kasuan kasuko lurralde historikoko irakaskuntza pribatuaren alorrean ordezkaritza handiena duten bi sindikatuek izendatuak.

  • Ikastetxe pribatuen titularren elkarteen bi ordezkari.

  • Hezkuntza-itunen xede den hezkuntzak hedapenik handiena duen udalerrietako udalen bi ordezkari.

    Idazkaria: Lurralde historiko bakoitzeko aukera-berdintasunaren arduraduna den Administrazio Kudeaketako teknikaria.

  1. Itundu beharreko ikastetxeak zehazteko, Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren, hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duenaren 12.etik 15.era eta 75. artikuluetan ezarritako lehentasun-irizpideei lotuko zaie batzordea.

  2. 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako eskola-unitateak planifikatzeko, ondokoak hartuko dira kontuan: irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren, hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duenaren 12. artikulua eta hurrengoak eta 79. eta 80. artikuluetan ezarritako lehentasun-irizpideak, eta premiak hauek kontuan izanda:

    1. ikastetxea dagoen eskualdeko eskolatze-premiak eta alde horretan dauden eskaintza publikoa eta itunpeko ikastetxeena.

    2. ikastetxeak azken lau ikasturteetan benetan bete dituen eskolatze-premiak.

    3. Lanbide Heziketaren kasuan, horretaz guztiaz gain, ekonomia-sektoreen premiak hartuko dira kontuan.

      Prestakuntza-zikloen eta hasierako lanbide-gaitasunen programen plangintza ziklo edo profil bakoitzeko lehenengo ikasturteetarako baino ez da egingo.

      Hezkuntza Bereziaren kasuan, unitate egonkorrak eta Zereginen Ikaskuntzarako Gelak soilik planifikatuko dira.

  3. 2012-2013 ikasturterako unitate kopurua zehazteko, ondokoak hartuko dituzte kontuan batzordeek: irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren, hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duenaren 79., 80. eta 81. artikuluetan ezarritako irizpideak, eta agindu honen IV. eranskinean ezarritako irizpideak.

  1. Lurraldeetako Balorazio Batzordeak elkartu eta aurkeztutako eskabideen ebaluazioa egin ondoren, batzordeburuak Balorazio Batzorde Nagusiaren batzordeburuari helaraziko dio behin-behineko proposamena, eta ikastetxeei jakinaraziko zaie, zer unitateri eta mailari dagozkien eta, hala badagokio, ezesteko arrazoia adierazita.

  2. Proposamen horren aurka ikastetxeek, jakinarazten den egunetik hasita hamar egun naturaleko epean, egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzakete.

  3. Alegazioak aztertzeko, ondoren aipatuko diren kideek osatuko duten Balorazio Batzordea eratuko da:

    Batzordeburua: Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea.

    Batzordekideak:

    • Hezkuntza sailburuordea.

    • Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordea.

    • Lurralde-ordezkariak.

    • Administrazio eta Dirubideen zuzendaria.

      Idazkaria:

      Itun-zerbitzuaren eta ordainketa eskuordetuaren arduraduna.

  4. Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzorde Nagusiak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari. Proposamen horrek deialdira aurkeztutako ikastetxe guztiak hartuko ditu barnean.

  1. Deialdia Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak ebatziko du, eta horretarako agindu bat emango du. Aginduan honakoak jasoko dira:

    1. Agindu honek ezarri duen aldirako itunpeko ikastetxe pribatuak, ondokoak zehaztuta: etapa, prestakuntza-ziklo eta ikasturte bakoitzeko planifikatutako hezkuntza-unitateen kopurua.

    2. 2012-2013 ikasturtean itundu beharreko unitate kopurua, ikastetxe, etapa, heziketa-ziklo, hizkuntza-eredu, aplikatu beharreko modulua (osoa/partziala eta tartea, hala badagokio) eta diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera.

    3. Ituna zer ikastetxe pribaturi ezetsi zaien eta ezesteko arrazoia.

  2. Deialdi honen ebazpena sei hileko epean egingo da, agindu honen 4. artikuluan eskabideak aurkezteko aipatzen den epea bukatzen denetik hasita; nolanahi ere, 2012ko abenduaren 31 baino lehen egingo da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren Aginduaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete ikastetxe interesdunek sailburu horren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

  1. Planifikatutako hezkuntza-unitate gehiago jartzeari dagokionez ituna aldatzeko, irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren, hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duenaren 79. eta 80. artikuluetan ezarritako irizpideak eta 6. artikuluaren 2.a atalean adierazitakoak hartuko dira kontuan.

  2. Lanbide Heziketaren kasuan, arrazoi hauengatik eska daiteke plangintza aldatzea:

    1. Heziketa-ziklo bat beste baten ordez aldatzean, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

      1. Maila bereko prestakuntza-zikloetan planifikatutako unitate kopurua handitzen ez denean eta,

      2. Lanbide-familia bereko prestakuntza-zikloei eragiten dien aldaketa denean.

        Salbuespen gisa, alde batetik «Administrazioa» eta «Merkataritza eta Marketina» lanbide-familien arteko eta, beste alde batetik, «Ekoizpenerako Zerbitzuak eta Mantentzea» lanbide-familiaren eta «Elektrizitatea eta Elektronika» eta «Fabrikazio Mekanikoa» familien arteko aldaketak onartuko dira.

        Plangintza-aldi honen hasieran, a) atalean deskribatutako baldintza ez da aplikatuko, eta lanbide-familia eta maila desberdinei eragiten dien aldaketa eska daiteke.

    2. Lanbide Heziketako titulu berriak ezartzearen ondorioz, baldin eta plangintza handitzea eragiten ez badute, eta honela:

      1. LOGSEko zikloak ordezten dituzten LOE heziketa-zikloak: plangintza automatikoki aldatuko da eta ziklo bat beste batekin ordeztuko da eskabiderik egin gabe.

      2. LOGSEko ziklorik ordezten ez duten LOE heziketa-zikloak.

        Eskainita dauden lanbide-familietan, planifikatuta dagoen maila eta lanbide-familia bereko beste ziklo baten ordez aldatzea eska daiteke.

        Ezarri ez diren familietan, planifikatuta dagoen maila bereko beste ziklo baten ordez aldatzea eska daiteke.

      3. Ordezkapenik ez duten LOGSEko heziketa-zikloak eta indargabetu egin direnak: maila bereko LOEko zikloak aldatzea eska daiteke, eta kasu bakoitzean dagoen kasuistikaren arabera aztertuko da.

        Nolanahi ere, 2.a), 2.b) II eta 2.b) III ataletan adierazitako plangintzaren aldaketak egiteko, Lanbide Heziketako Zuzendaritzak egindako aldeko txostena beharko da.

  3. Ikastetxe bat lekuz aldatzen denean, planifikazioa mantentzeko, kokapen berrian agindu honetako 6.2 artikuluaren a) eta c) irizpideak betetzen dituela egiaztatu beharko du.

  4. Ikastetxeek, halaber, planifikatutako unitate kopurua txikitzea eska dezakete, ikastetxearen osaera birdoitzeko.

2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan itundu beharreko unitate kopurua zehazteko, ondokoak hartuko dira kontuan: irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren, hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duenaren 79., 80. eta 81. artikuluetan ezarritako irizpideak eta IV. eranskinean ezarritako ratioak eta irizpideak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero argitaratuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu bat; agindu horretan egutegiak eta eskabide-orriak zehaztuko dira. Itundu beharreko unitate kopurua zehazteko eskabidea urte horretan hasten den ikasturterako izango da; plangintza aldatzeko eskabidea hurrengo ikasturterako izango da.

Eskabideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako ezartzen duen formatuan tramitatuko dira.

Agindu honen babespean sinatu edo berritu diren hezkuntza-itunak irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren, hezkuntza-itunen Araudia onartzen duenaren 29., 30. eta 31. artikuluetan eta agindu honen V. eranskineko administrazio-agirian ezarritako prozeduraren eta epearen arabera formalizatuko dira.

  1. Agindu honen bitartez arautzen diren diru-laguntzen ordainketa aurretiaz egingo da, lau hilero, eta urriaren 15eko 289/1993 Dekretuaren, ordainketa eskuordetua arautzen duenaren arabera, ordainketa mota horrek eragina duen etapetan.

  2. Diru-laguntzak ordaintzeko, ikastetxeek egiaztatu egin beharko dute beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoaren arabera.

  3. Laguntzak eskuratu dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, horien baimenik behar izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, aplikatuta.

Onuradunak diru-laguntzaren baldintzak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu jasotako kantitateak eta legez dagozkien interesak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuz. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluak diru-laguntzak itzultzeko ezarri duen prozedura orokorraren arabera. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen ditu.

Lehenengoa. Ofizioz aldatzea.

Plangintza eta ituna ofizioz aldatzea proposa dezake Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu bidez ebazteko, dagokion espedientea bideratuta, ikasleak eskolatzeko premiak sortzen badira eta aldaketa hori egitea beharrezkoa bada. Espedientean Hezkuntza eta Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza sailburuordetzen plangintza-txostenak sartuko dira, hala badagokio, eta eraginpeko ikastetxeari entzunaldian entzungo zaio.

Lehenengoa. Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beronen aurka interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dezakete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 16a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (8)

Arauaren historia →

Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.