- AGINDUA, 2012ko ekainaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; honen bidez, errendimendu akademiko handia duten unibertsitateko ikasleak aintzatetsi eta saritzeko 2012-2013 ikasturterako bikaintasun akademikoko beketarako deialdia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko ekainaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena; honen bidez, errendimendu akademiko handia duten unibertsitateko ikasleak aintzatetsi eta saritzeko 2012-2013 ikasturterako bikaintasun akademikoko beketarako deialdia egiten da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 137
- Hurrenkera-zk.: 3201
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/06/12
- Argitaratze-data: 2012/07/13
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Bikaintasuna euskal unibertsitate-sistemaren printzipioetako bat da. Horixe dio Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 7. artikuluaren d) idatzi-zatiak. Artikulu horretatik ondoriozta daitekeenez, unibertsitateak berak eta botere publikoek kalitatea eta bikaintasuna sustatu behar dute irakaskuntzan eta ikerketan, eta euskal gizartearen eta bertan bizi diren pertsonen gizarte-, kultura- eta ekonomia-interesetara egokitzeaz arduratu behar dute.
Lege horretan bertan, 8., 38. eta 44. artikuluetan, ikasteko bekak eta laguntzak araututa daude. Legeak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-arloan eskumena duen sailari dagokio oinarrizko legerian ezarritako ikasteko beka, laguntza eta kredituen sistema orokorraren arau-garapena.
Hala ere, diru-laguntza lerro hori ikasteko bekak eta laguntzak arautzeko xedapen eta prozeduretatik kanpo geratzen da. Izan ere, ikasteko beka eta laguntza pertsonalizatuen erregimena ezartzen duen abenduaren 21eko 1721/2007 Errege Dekretuan (2008ko urtarrilaren 17ko BOE, 15. zenbakia) ezarritakoari jarraikiz, bi figura juridiko horiek emateko beharrezkoa da ikasleen inguruabar sozioekonomikoak errenta- eta ondare-maila batzuen azpitik objektibizatzea, ematea justifikatzeko.
Diru-laguntza lerro honetan, ez da unibertsitateko ikasleen egoera sozioekonomikoa balioesten, errendimendu akademikoa baizik. Errendimendu horrek bikain gisa kalifikatuta egon beharko du, eta, nolanahi ere, Sail honek ikasteko beka eta laguntzetarako egiten dituen gainerako deialdietan parte har dezaketen ikasleei eskatutako errendimendua baino askoz handiagoa izan beharko du.
Horregatik, eta kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, bai eta abenduaren 23ko 6/2010 Legea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena,
Helburu horrekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urterako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kargura, 705.000 euroko zenbatekoa jarriko da.
Lehenengoa. Baimena ematen zaio Unibertsitateen zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan agindu honetan xedatutakoa zertzeko.
Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta pertsona interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratu eta biharamunean hasi eta hilabete baino lehenago, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoan, EHAAn argitaratu eta biharamunean hasi eta bi hilabete baino lehenago.
Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 12a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Deialdi honen xedea «bikaintasun akademikoko bekak» ematea da. 180 beka emango zaizkie errendimendu akademiko handia duten eta graduko irakaskuntzan matrikulatuta dauden ikasleei. Baldintzak:
unibertsitatera lehen aldiz 2012-2013 ikasturtean joatea, edo
2011-2012 ikasturtean beka honen onuradun izan izana.
Beka horien helburua honako hau da: unibertsitateko ikasleen ikasketetan eta ikerketa-zereginetan bikaintasuna sustatzea, ikasle horien errendimendu akademikoa sarituz.
A modalitatea. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateetan eta unibertsitate-zentroetan eskainitako graduko ikasketak egiteko bikaintasun akademikoko bekak.
B modalitatea. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta ez dauden unibertsitateetan eta unibertsitate-zentroetan eskainitako graduko ikasketak edo maila akademiko baliokidea dutenak egiteko bikaintasun akademikoko bekak, betiere ikasketa horiek A modalitatean adierazitako unibertsitateetan eta unibertsitate-zentroetan ematen direnez bestelako izena badute eta ez badute % 70eko edo gehiagoko bat-egitea ikasketa-planen edukian eta derrigorrezko ikasgaietan.
Unibertsitateetako Zuzendaritzak txostena eskatu ahal izango dio Unibasq, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziari aurreko paragrafoan aipatu kointzidentzia-maila egiaztatzeko.
B modalitatean barne hartuko dira atzerrian egindako ikasketak, Goi Hezkuntzako Europako Esparrua (GHEE) osatzen duten herrialdeetako, Ameriketako Estatu Batuetako edo Kanadako atzerriko unibertsitateek emanak badira.
Deialdi horren bidez, unibertsitatera lehen aldiz 2012-2013 ikasturtean joaten diren ikasleei zuzendutako bikaintasun akademikoko 60 beka emango dira gehienez, eta honako banaketa eta zenbatekoa izango dute, modalitatearen eta, hala dagokionean, jakintza zientifikoaren adarraren arabera:
A modalitatea: 3.500 euroko 50 beka, honela banatuak:
A.1. modalitatea: 45 beka, 2011-2012 ikasturtean batxilergoa amaitu zuten ikasleentzat. Beka hauek graduko titulazioen jakintza zientifikoaren adarraren arabera banatuko dira, honela:
Arteak eta Giza Zientziak: 3.
Zientziak: 6.
Osasun Zientziak: 20.
Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 5.
Ingeniaritza eta Arkitektura: 11.
A.2. modalitatea: 5 beka, 2011-2012 ikasturtean Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketak amaitu zituzten ikasleentzat. Beka hauek graduko titulazioen jakintza zientifikoaren adarraren arabera banatuko dira, honela:
B modalitatea: 6.000 euroko 10 beka, jakintza zientifikoaren edozein adarretan banatuko dira, honela:
B.1. modalitatea: 9 beka, 2011-2012 ikasturtean batxilergoa amaitu zuten ikasleentzat.
B.2. modalitatea: beka 1, 2011-2012 ikasturtean Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketak amaitu zituzten ikasleentzat.
Graduko bi titulu izanez gero eta titulazio horiek jakintza-adar ezberdinetakoak badira, baloratua izateko jakintza zientifikoaren adar jakin batean barne hartzeko, eskatzaileak adar bakarra hautatu beharko du.
Agortu gabeko kreditua honela birbanatuko da: lehenik, beka-modalitate bereko bi atalen artean, jakintza zientifikoaren adarkako banaketa-portzentajea errespetatuz, halakorik balego, eta, bigarrenik, bi beka-modalitateen atalen artean, unibertsitatera nola sartu zen kontuan hartuz.
Berritzeak.
Beka berritzeko 120 beka bideratuko dira.
2011-2012 ikasturtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bikaintasun akademikoko bekaren onuradun izan ziren ikasleek beka berritu ahal izango dute, zenbateko bera eskatuz, deialdi honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritako eskakizun orokorrak eta akademikoak betez gero betiere.
Berritzeko bekak esleitu eta gero agortu gabeko kredituak geratuz gero, unibertsitatera lehen aldiz 2012-2013 ikasturtean joaten diren ikasleei zuzendutako kreditua handitu ahal izango da, modalitate, bide eta, hala dagokionean, jakintza zientifikoaren adar berean.
Beka eskatzen duen pertsonak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea.
Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-arloko edo administrazio-arloko zigorrik ezarrita ez izatea, eta horretarako desgaitzen duen legezko ezein debekuren eraginpean ez egotea.
Graduko titulazio bat lortzeko irakaskuntzetako ikasketa-plan batean ikasturte osorako matrikulatuta egotea. Ikasketak atzerrian egiten dituzten B) modalitateko eskatzaileen kasuan, Graduko irakaskuntzen baliokidea den maila akademikoko ikasketetan egindako matrikulak ere onartuko dira.
B modalitatea hautatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean auzotasun administratiboa izatea eskabideak aurkezteko epea amaitu baino urtebete lehenagotik gutxienez, eskatzaileak 2011-2012 ikasturtean beka lortu ez badu behintzat.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, eskatutako betekizunek bilduak beharko dute.
Unibertsitatera lehenengo aldiz 2012-2013 ikasturtean joan diren eskatzaileen kasuan:
Batxilergoa Espainiako Unibertsitate Sisteman ikasi duten eskatzaileen kasuan, beheragoko formula aplikatuz 9 puntuko nota edo altuagoa lortu izana. Horretarako, Batxilergoko batez besteko nota eta 2012. urteko unibertsitaterako sarbide-probaren fase orokorreko azterketen batez besteko nota hartuko dira kontuan.
Behin betiko lehentasun-ordena ezartzen duen nota finkatzeko, honako formula hau aplikatuko da eskaera bakoitzean:
BBHO = 0,6 x BBBN + 0,4 x FOK
BBHO: behin betiko lehentasun-ordena.
BBBN: Batxilergoko batez besteko nota.
FOK: fase orokorreko batez besteko nota, hiru dezimalekin eta biribildu gabe.
Batxilergoa atzerriko hezkuntza-sistemen arabera irakasten duten ikastetxeetan ikasi duten eskatzaileen kasuan, Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako Ministeritzaren batxiler-tituluaren homologazioa eskuratu behar dute, derrigorrezkoa den kasuetan, baita Espainiako Unibertsitaterako sarbide-agiria ere, 9 puntuko kalifikazioa edo handiagoa jasoko da.
Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketak egin dituzten eskatzaileek, Goi-mailako prestakuntza-zikloan batez beste 9 puntuko nota edo altuagoa lortu izana.
Beka berritzea eskatzen dutenek 2011-2012 ikasturtean batez besteko honako nota hauek lortu izan beharko dituzte, beka jakintza zientifikoaren zer adar ikasteko eman zen, horrexen arabera:
Arteak eta Giza Zientziak: 8,5.
Zientziak: 8.
Osasun Zientziak: 20. 7,5.
Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 8,5.
Ingeniaritza eta Arkitektura: 7.
Batez besteko nota kalkulatzeko, irakasgai bakoitzean lortutako nota haztatuko da, kreditu kopuruaren arabera. Horretarako, honako formula hau aplikatuko da eskaera bakoitzean:
B = (P × Ikk)/Gkk
B = Irakasgai bakoitzean lortutako batez besteko notaren haztapenaren emaitzazko balioa.
P = Irakasgai bakoitzeko puntuazioa (ohiko edo ezohiko deialdian).
Ikk = Irakasgaiaren kreditu kopurua.
Gkk = Ikasturtean matrikulatutako kredituen kopurua (ikasturte osoan).
Zenbakizko kalifikaziorik izan ezean, kalifikazioak honako baremo honen arabera balioetsiko dira:
Ohorezko Matrikularen Aipamena = 10 puntu.
Bikain = 9 puntu.
Oso ongi = 7,5 puntu.
Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.
Suspentsoa, ez aurkeztua edo deialdi deuseztatua = 2,5 puntu.
Deialdi honi jarraikiz emandako bikaintasun akademikoko bekak bateragarriak dira unibertsitateek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu edo izen berarekin ematen dituzten beste batzuekin.
Beka eskatzaileek www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-helbidean dagoen eskaera-eredua bete beharko dute. Bertan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. idatzi-zatian adierazitako erantzukizun-adierazpena egongo da.
Eskabidea bete ondoren, inprimatu egin beharko da, eta, data eta sinadura jarri ostean, aurkeztu (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan adierazitako edozein erregistrotan), deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epean. Eskaerak, halaber, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazitako lekuetan aurkeztu ahal izango dira.
Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik 2012ko irailaren 28ra artekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, biak barne.
Honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du eskatzaileak:
Beka-eskabidea, behar bezala beteta.
Banku-erakundearen dokumentua. Bertan, kontu korronte edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazi beharko da bikaintasun akademikoko beka ordaintzeko (hala badagokio), eta beka eskatzen duen ikasleak kontuaren edo libretaren titular edo titularkide gisa agertu beharko du.
Graduko titulazio bat edo maila akademiko baliokidea lortzeko irakaskuntzetako ikasketa-plan batean ikasturte osorako matrikulatuta dagoela egiaztatzen duen dokumentua.
Unibertsitatera lehen aldiz 2012-2013 ikasturtean joaten den eskatzaileak, aurreko idatzi-zatian adierazitako dokumentuez gain, honako hauek ere aurkeztu beharko ditu:
NANa, pasaportea edo Espainian legez bizi dela egiaztatzen duen txartela.
B modalitatea hautatzen bada, auzotasun administratiboa egiaztatzeko agiria, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino urtebete lehenagotik gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta dagoela adierazten duena.
Batxilergoa Espainiako Unibertsitate Sisteman ikasi bada, 2012ko unibertsitaterako sarbide-proba egin izanaren egiaztatze-agiria, unibertsitateak emandakoa, Batxilergoan lortutako batez besteko nota eta proba horren fase orokorrean lortutako batez besteko nota hiru dezimalekin eta biribildu gabe.
Batxilergoa atzerriko hezkuntza-sistemen arabera irakasten duten ikastetxeetan ikasi badute, Hezkuntza, Kultura eta Kiroletako Ministeritzaren batxiler-tituluaren homologazioa eskuratu behar dute, derrigorrezkoa bada, baita Espainiako Unibertsitaterako sarbide-agiria ere, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) emana.
Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasketak egin baditu, ikastetxeak emandako ziurtagiri akademikoa, non jasotzen den Goi-mailako prestakuntza-zikloko batez besteko nota, hiru dezimalekin eta biribildu gabe.
2011-2012 ikasturtean beka lortu duen eskatzaileak, artikulu honen 1. idatzi-zatian adierazitako dokumentuez gain, ikasturte horretan lortutako batez besteko nota jasotzen duen ziurtagiri akademikoa aurkeztu beharko du, unibertsitateak edo unibertsitate-zentroak emana.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa originala edo kopia kautotua, konpultsatua edo erkatua izango da.
Eskaerak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari hamar eguneko epean zuzenketak egin ditzan eskatuko zaio, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluari jarraikiz.
Eskaerak izapidetzeko kudeaketa-organoa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Unibertsitate Zuzendaritza da.
Hautaketa Batzorde bat eratuko da espedienteak aztertzeko eta horiei buruzko ebazpen-proposamena egiteko. Unibertsitateen arloko arduradunak zuzenduko du, eta Unibertsitate Zuzendaritzari atxikitako bi teknikari (zuzendariak izendatuak) izango dira batzordekideak.
Beka horiek norgehiagoka-erregimenean emango dira. Beraz, beka lortzeko ez da nahikoa izango eranskin honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzea. Horrez gain, eskaera deialdi honetarako bildutako funtsak agortu arte eman beharreko beken guztizko kopuruaren barruan kokatuko duen ordena-zenbaki bat lortu beharko da. Eskaera bakoitzaren ordena finkatzeko, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak honako irizpide hauei jarraikiz ordenatuko dira modalitate eta, hala dagokionean, jakintzaren adar bakoitzean:
Eskaerak handienetik txikienera ordenatuko dira, espedienteko batez besteko notari jarraikiz (nota hori deialdi honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko da).
2011-2012 ikasturtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako Batxilergoko Aparteko Saria lortu duten ikasleek 0,5 puntu erantsiko dizkiote deialdi honen 5. artikuluaren arabera lortutako puntuazioari, eta lortutako guztizko puntuazioa erabiliko da lehentasun-ordena zehazteko.
Berdinketarik izanez gero, Batxilergoan batez besteko notarik onena lortu duten eskatzaileei emango zaie lehentasuna modalitate eta jakintzaren adar bakoitzean. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.
Goi-mailako Lanbide Heziketako ikasleen artean berdinketarik izanez gero, zozketa bidez ebatziko da.
Horretarako eratutako Hautaketa Batzordeak aurreko idatzi-zatian ezarritakoari jarraikiz ordenatuko ditu eskaerak, eta ebazpen-proposamena helaraziko dio Unibertsitateetako zuzendariari. Proposamen horrek hiru zerrenda izango ditu. Lehen zerrendan, bekaren esleipendun izan behar duten eskaerak egongo dira, lortutako batez besteko notaren arabera ordenatuak. Bigarren zerrendan, berriz, deialdi honetan bekak lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak agertuko dira. Azkenik, hirugarren zerrendan, deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituzten, baina deialdiko zuzkidura ekonomikoa agortu izanagatik beka lortzeko behar den ordena-zenbakia ez duten pertsonak agertuko dira. Hirugarren zerrenda horrekin, edozein arrazoi dela-eta beka jasotzerik ez duten esleipendunen ordezkoen zerrenda osatuko da, lehentasun-ordenaren arabera.
Beka hori 2011-2012 ikasturtean lortu duten ikasleei zuzendutako bekak berritu egingo dira, betiere eskatzaileak deialdi honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako baldintza orokorrak eta akademikoak betetzen baditu.
Agindua argitaratu eta sei hilabeteko gehieneko epean, Unibertsitateetako zuzendariak emakidari lotutako prozeduraren ebazpena emango du, eta eskatzaile bakoitzari jakinaraziko dio. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek beren beka-eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Prozeduraren ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza eta Ikerketarako sailburuordeari hilabeteko epean, artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Bekaren behin betiko esleipendunen zerrenda jasoko duen ebazpena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian argitaratuko da (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net).
Eskatzaileak 15 egun natural izango ditu beka horri uko egiteko idazkia aurkezteko, beka emateko ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori igarota bekari uko egin ez bazaio, onartu egin dela ulertuko da.
Epe horretan uko-egiteren bat gertatuz gero, Unibertsitateetako Zuzendaritzak itxaron-zerrendako eskatzaileetan hurrengoari esleituko dio, (zerrenda hori deialdi honen 10. artikuluaren 2. idatzi-zatian aipatzen da). Emakida berri horien jakinarazpena Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orriaren bitartez baino ez da egingo (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net). Esleipendun berriek 15 egun naturaleko epea izango dute emandako bekari uko egiteko, emakidak adierazitako web-orrian argitaratzen direnetik. Epe hori igarota bekari uko egin ez bazaio, onartu egin dela ulertuko da.
Bekak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bekak ordainketa bakarrean ordainduko dira, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bekari berariaz uko egin ez bazaio behintzat.
Agindu honetan aurreikusitako beken onuradunei ordainketa egiteko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den zigor-prozedura edo dirua itzultzeko prozedura oro amaitzea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bikaintasun akademikoko beka baten onuradun diren ikasleek irakaskuntzan eta ikerketa-proiektuetan laguntzeko zereginetan parte hartu ahal izango dute 2012-2013 ikasturtean, 30 orduz gehienez ere.
Ikasturtea amaitzean, ikasleak laguntza eman duen Saileko zuzendariak Unibertsitate Zuzendaritzari helaraziko dio lortutako ebaluazioa, eta betetako zereginak egiaztatuko dituen dokumentu bat emango dio ikasleari.
Hauek dira bekadunen betebeharrak:
Matrikulatu den ikasketak egiten jarraitzea 2012-2013 ikasturtean.
Beka emateko kontuan hartutako inguruabarretan funtsean eragiten duten aldaketen edo gorabeheren berri ematea, eta Unibertsitate Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren funtzioak betez eskatzen duten informazioa ematea, beka emateko ebazpena alda baliteke ere.
Beka ematea eragin zuten baldintzak betetzen diren ikusteko beharrezkoak diren egiaztatzeak egitea, eta, beken helburuaren fiskalizazio-zereginak betez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea.
Unibertsitateko sail batean egindako lankidetzaren balorazio-txostena aurkeztea, sail horretako zuzendariak sinatuta, deialdi honen 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak gehitu behar direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina, honako kasu hauetan:
Beka emateko datuak ezkutatu edo faltsutu badira.
2012-2013 ikasturtean unibertsitate-ikasketak egiteko matrikula deuseztatu bada.
Deialdi honetan beka emateko ezarritako baldintzak bete ez badira.
Beka deialdian ezarritako baldintzaren bat edo hainbat betetzen ez duten pertsonei eman bazaie, edo baldintzak behar bezala egiaztatu ez dituztenei.
Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada jasotako zenbatekoak eta hala badagokio, baita haien legezko interesak ere itzuli egin behar direla, ebazpen bat emango da, itzultze hori egin ahal izateko beharrezko informazioa jasoko duena, eta jakinarazpen bat igorriko da jasotako zenbatekoak itzuli behar direla esateko. Jakinarazpen hori igorri eta bi hilabeteko epean itzuli beharko da bertan adierazitako kopurua. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorrari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluan ezarritakoa hartuko da kontuan.
Borondatezko epean itzultzen ez bada, Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinaraziko zaio, indarrean dauden xedapenek ezartzen dutenaren arabera premiamenduzko bidetik ekin dakion.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraikiz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 2 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan jasota dago).
Datuak lortu, zuzendu, ezabatu eta aurkatzeko eskubideak Unibertsitate Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitateen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.


