Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko uztailaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibentzako diru-laguntzen deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko uztailaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibentzako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 172
  • Hurrenkera-zk.: 3986
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/07/04
  • Argitaratze-data: 2012/09/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Gaur egungo legerian, kooperatibak osatzen dituzten ikastetxeetan arreta berezia jartzen da, duten interes sozialarengatik; hala islatzen dute Hezkuntzarako eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak eta Hezkuntza-itunen araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuak.

Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arrazoizko ikusten du aurrekontu-mugen barruan laguntzea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko mailetako ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak abiarazten. Jarduera horiek ikasleen gurasoek antolatuko dituzte, irakaskuntza-kooperatibetan bilduta eta behar den erregistroan hala inskribatuta.

Aipatutako guztiaren arabera, laguntzak emateko deialdia egin behar da horretarako propio izendatutako aurrekontuaren kontura.

Ondorioz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa, abenduaren 23ko 6/2011 Legean 2012ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzekoa eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako hau

Agindu honen bidez, laguntzak emateko deialdia egin nahi da, unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatiben gastuei erantzuteko asmoz. Gastu horiek 2012koak dira eta ikasleen gurasoak trebatzeko jardueretan eta irakaskuntza-kooperatibek ikastetxeetako ikasleentzat antolatutako beste jarduera batzuetan sortu dira.

Agindu honen xederako, berrogeita zazpi mila eta zazpiehun euroko (47.700) kreditua izendatu da Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko aurrekontu orokorretan.

Agindu honetan adierazten diren laguntzak gastu hauetarako emango dira:

  1. Ikasleen gurasoak trebatzeko gastuetarako.

  2. Ikastetxeetako ikasleentzako jarduerek sorrarazitako gastuetarako.

  1. Aurreko artikuluan aipatutako laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibek eskatu ahal izango dituzte, baldin eta Haur Hezkuntzako 2. zikloan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta Lanbide Heziketako eta Batxilergoko prestakuntza-zikloetan ari badira eta Zuzenbidearekin bat etorriz eratu badira. Haien xedeek indarrean dauden arauetan ezarritakoa bete eta Euskadiko kooperatiben erregistroan sartuta egon beharko dute, irakaskuntzakotzat jota.

  2. Gainera, erakunde eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    Alta egitea Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Baldintza hori bete behar da deialdia ebatzi eta ordaintzeko, ebazpena ematekoa denean.

    Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketari dagokionez egunean egotea.

    Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatibek bide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta gauzatu ahal izango dituzte prozedura honekin lotutako izapide guztiak.

  2. Izapidetze elektronikoa arautu egiten dute 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, PLATEA E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

  3. Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.net

  4. Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/misgestiones.

  1. Organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatuko du laguntzak eskatu dituen erakundeak betetzen duela Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan legez eratuta eta inskribatuta egon behar duela dioen baldintza. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.

  2. Organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatuko du laguntzak eskatu dituen erakundeak alta emanda egon behar du Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan. Horretarako, erakunde eskatzailearen oniritzia beharko da. Erregistratuta egon ezean, edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, inprimaki bat bidali beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.net) dagoen ereduari jarraikiz.

  3. Organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatuko du laguntzak eskatu dituen erakundeak betetzen duela zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen baldintza. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.

  4. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

    Eskabidea, eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideena.

    Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

    Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

  5. Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen erakundeak beren beregi onartu ahal izango duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea, hala bide presentziala nola elektronikoa erabiltzen duenean. Hori gorabehera, Herri Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak ditu.

  6. Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsiz, bai oniritzia emanez, organo kudeatzaileak zuzenean egin dezan egiaztapena.

  1. Eskaerak aurrez aurre egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzan, edota Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako instantzia normalizatuen bitartez. Erakunde eskatzaileek eskaera posta-bulegoan aurkeztea erabakitzen badute, gutun-azal irekian egingo dute, eta horrela, posta-funtzionarioak, gutuna zertifikatu aurretik, zigilua jarri ahal izango dio eskabide-orriari.

  2. Eskabide-eredua eskuratzeko, https://www.euskadi.net helbidera jo beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikora.

  3. Eskabideak, orobat, bide elektronikoak erabiliz aurkeztu ahal izango dira, https://www.euskadi.net helbidera jota, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikora.

  4. Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

  5. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko irakaskuntza-kooperatiba bat ofizialki aitortutako bi ikastetxetan ari bada, bi eskabide-orri egingo ditu, ikastetxe bakoitzarengatik bat. Ikastetxe batean bi irakaskuntza-kooperatiba edo gehiago egonez gero, eskabide-orriaren eranskinean adierazitako proportzioan banatuko dira ikasleak.

Eskabide-orria eta eskabide-orriaren eranskina modu elektronikoan aurkeztu nahi badira, prozeduraren fitxan eskuragarri dauden inprimakiak erabili beharko dira (bilatu Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net helbidea), behar bezala bete ondoren.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduraduna. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideak betetzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honen parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dokumentazioan hutsik edo okerreko daturik atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango dio hutsok zuzentzeko. Hamar egunen buruan zuzendu ezean, eskatzaileak eskaerari uko egin diola ulertuko da, ebazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako moduan eman ondoren.

  1. Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango kooperatiba horietako bakoitzak benetan izandako gastu guztien zenbatekoa baino handiagoa.

  2. Banaketa-sistema hau da:

    1. Hasiera batean, 162na euro esleituko zaie onartutako eskaera guztiei.

    2. Gero, kooperatiba horietako bakoitzari bi puntuazio hauen emaitza esleituko zaio:

      Ikastetxeak dituen ikasleen guztizko kopuruagatik dagokion puntuazioa. Ikasle bakoitzarengatik puntu bat emango da.

      Ikastetxeko bekadun-kopurua bider hiru egin ondoren ateratzen den puntuazioa.

      Kooperatiba bakoitzari esleitutako ikasle-kopurua: estatistika-dokumentazio ofizialean agertuko da, eskabidea aurkezteko epea bukatzen denean.

    3. Deialdiaren zenbatekotik kenduko da hasierako laguntzen guztizkoa. Hori egin ondoren lortutako zenbatekoa izango da banatu beharreko soberakina.

      Kooperatiba bakoitzak ateratako puntuazioa biderkatu egingo da faktore konstante batekin, eta faktore hori ateratzeko honako hau egingo da: banatzen den soberakinaren guztizko zenbatekoa zati kooperatiba guztiei emandako puntuen guztizko batura.

    4. Ateratako zenbatekoari hasierako 162 euro gehituko zaizkio, kooperatiba bakoitzari emango zaion laguntza zehazteko.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzordea eratuko du, laguntzak esleitzeko proposamena presta dezan. Batzordeak kide hauek izango ditu:

Pedagogia Berriztatzeko zerbitzuburua. Batzordearen lehendakari gisa jardungo du.

Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako kide bana.

Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko ordezkari bat. Idazkaria izango da.

  1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpenak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du, eta lau hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta egindako eskabideei dagokienez, kooperatiba onuradun guztiei emandako zenbatekoa adieraziko da eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak.

  2. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

  3. Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

Deialdi honen bidez lortutako edozein laguntza bateragarria izango da Euskal Herriko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, betiere jasotako laguntza guztien baturak diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

    Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

    Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

    Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende eta Ekonomi Kontroleko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egon beharko du.

    Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.

    Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman dion erakundeari.

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hogei eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

  2. Diru-laguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

  3. Lagundutako ekintzen ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.

  1. Agindu honen babesean emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

    1. Lehenengoa, diru-laguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.

    2. Gainerako % 25a, ordea, «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua behar bezala beteta aurkeztean ordainduko da. Inprimaki horrekin batera, onartutako diru-laguntzako edo gehiagoko ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek 2013ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira.

  2. Ematen diren epeetan diru-laguntza onartu ezean edo emandako diru-laguntza baino gutxiago justifikatzeak Ebazpenaren aldatze prozesua eragingo dute, dagokion kopuruaren heinean, eta bere kasuan laguntzaren eskuratzeko eskubidearen galtzea eragingo da.

  1. Justifikazioak honako bi bideetako bat erabiliz aurkeztu beharko dira:

    1. Aurrez aurre Eusko Jaurlaritzan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezartzen diren bideetako edozein erabilita.

    2. Eskabideak modu elektronikoan aurkezteko, https://www.euskadi.net helbidera jo beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikora.

  2. Bi kasuetan, «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua behar bezala beteta aurkeztuko da. Horretarako, prozeduraren fitxan eskuragarri dagoen inprimakia erabili beharko da (bilatu Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.net helbidea), behar bezala bete ondoren, eta behar diren ordainagiriak erantsita.

  3. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak erakunde onuradunari eskatuko dio jatorrizko justifikagiriak aurkezteko.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako diru-kopuruak eta dagozkien legezko interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

  1. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak xedatzen duena aplikatuko da, osagarri gisa, prozeduraren arloan agindu honek arautzen ez dituen ataletan.

  2. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

  3. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 4a.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

    MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.