Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko uztailaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Lanbide Heziketako irakasleak trebatu eta hobetzeko jardueren eskaintza instituzionala argitaratzen da eta 2012-2013 Etengabeko Prestakuntza Planaren barruan arautu egiten dira jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko deialdia eta jarduera horietan parte hartzen duten irakasleentzako laguntza ekonomikoen deialdia. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko uztailaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Lanbide Heziketako irakasleak trebatu eta hobetzeko jardueren eskaintza instituzionala argitaratzen da eta 2012-2013 Etengabeko Prestakuntza Planaren barruan arautu egiten dira jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko deialdia eta jarduera horietan parte hartzen duten irakasleentzako laguntza ekonomikoen deialdia.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 141
  • Hurrenkera-zk.: 3321
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/07/10
  • Argitaratze-data: 2012/07/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko irakasleak prestatzeko agintzea eta irakasle moduan prestatzeko duten eskubidea eta betebeharra jagotea, lanbide-premien arabera behar bezala eta behar besteko kalitateaz presta daitezen.

Hori dela-eta, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzaren barruko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak lanbide heziketako irakasleak trebatzeko plan bat landu du; plan hori gainerako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzen Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Planaren desberdina da. Alde batetik, lanbide heziketako irakasleen gaitasun profesionala hobetzea bermatuko duten prestakuntza-proposamenak jasotzen ditu, eta bestetik, prestakuntzan laguntzen du, irakaskuntzan diharduten irakasleek sentitu eta adierazitako eskariei jarraikiz.

Bestalde, prozesu hori gauzatzeko ezinbestekoa da hainbat jarduera-plan eratzea, haien bidez behar bezala erantzun ahal izateko, alde batetik, eskola-elkarteen asmoei, eta bestetik, ageriko beharrei, irakasleen jardueran zein ikastetxeen kudeaketan eta hezkuntza-administrazioan bertan sortzen direnei.

Ikastaroak aurrera eramateari begira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erakunde batzuen laguntza izan dezake, hain zuzen ere, Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Plana garatzeko proiektuak aurkezteko deialdian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lan egin nahi duten eta diru-laguntza jaso dutenena. Bestela, Hezkuntza Sailak barne baliabideekin antola ditzake ikastaroak.

Horren ondorioz,

  1. Lanbide heziketako irakasleak prestatzeko planaren baitan deitutako trebatu eta hobetzeko jardueren zerrenda jendaurrean aurkeztea.

  2. Lanbide Heziketako Heziketa-zikloak irakasten dituzten Lanbide Heziketako irakasleak trebatu eta hobetzeko ikastaroak gauzatzeko deialdiaren eta parte-hartzaileen hautaketaren prozedura finkatzea.

  3. Prestatu eta hobetzeko ikastaro horiek gainditzen dituzten irakasleei laguntza ekonomikoak ematea arautzea, laguntza horiek jaso ditzaten.

  1. 2012-2013 ikasturterako prestakuntza-jardueren zerrenda agindu honen I. eranskinean jasotzen da eta Lanbide Heziketako irakasleek eskuragarri dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrialdean.

  2. Prestakuntza-jarduera bakoitzak deskribapen-fitxa bat du, eta fitxak eskuragarri daude Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrialdean. Fitxa bakoitzak honako informazioa du:

    Titulua, iraupena, egutegia, plaza kopurua, baldintza bereziak eta ikastaro bakoitzaren programa xehatua, honako hauek adieraziz: helburuak, edukiak eta metodologia.

  1. Deialdi honen xede diren ikastaroetan, lanean ari diren eta Hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketaren antolakuntza orokorra xedatzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak araututako Lanbide Heziketako Heziketa-zikloak irakasten dituzten irakasleek parte hartu ahal izango dute, ikastetxe publikoetako zein itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleak izan. Era berean, Kualifikazioen Euskal Institutuari eta Lanbide Heziketaren Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziari atxikitako langileak, eta Tknikari, Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroari atxikitakoek parte hartu ahal izango dute; halaber, Lanbide Heziketako heziketa-ziklorik irakatsi ez arren, ikastaroaren baldintza berezietan zehazten diren espezialitate batzuetan parte hartzen dutenak ere, horrela zehazten duten ikastaroen kasuan.

  1. Jarduera horien matrikula doakoa izango da.

  2. Matrikula on line edo paperean egitea hauta daiteke, eskaera-eredu berari jarraikiz beti (II. eranskina).

    Prestakuntza-jarduerak on line eskatzen dituzten pertsonek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren aplikazio baten bidez egin beharko dute irakaslegunea atarian, ikastetxe publikoetako zein itunduetako irakasleek eskuragarri duten atalean. Sarbiderik izan ezean, irakasleek erabiltzailea eta sarbide-gakoa sor ditzakete. Eskaera bete ondoren inprimatu eta frogagiri gisa balioko du, eta ez da beharrezkoa izango Hezkuntzako Lurralde-ordezkaritzetan sarrera ofiziala ematea.

    Paperaren formatua erabiltzen duten eskatzaileek eskaera beteta eta sinatuta (II. eranskina) aurkeztu beharko dute Hezkuntzako Lurralde-ordezkaritzetako Etengabeko Ikaskuntza Unitateetan, eskatzaile bakoitzaren lantokiari dagozkionetan:

    San Prudentzio, 18. Vitoria-Gasteiz (Araba).

    Kale Nagusia, 85, 1. solairua. Bilbao (Bizkaia).

    Andia, 13. Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa).

    Zuzenean zerbitzuan ere aurkeztu ahal izango dira (Kale Nagusia, 85; 48011 Bilbao; Andia, 13; 20003 Donostia-San Sebastián; Ramiro de Maeztu, 10, behea; 01008 Vitoria-Gasteiz).

    Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak aipatzen dituzten bulegoetan ere aurkez daitezke.

    Soilik jatorrizko eskabideak onartu dira, behar bezala beteta eta sinatuta.

  3. Eskatutako jardueretako baldintza bereziren bat ziurtagiri bidez egiaztatu behar den kasuetan (ikus ikastaroen fitxak), dagokion egiaztagiria erantsiko da eta Hezkuntzako Lurralde-ordezkaritzetako Etengabeko Ikaskuntza Unitateetara igorriko da, aurreko atalean aipatutako eskatzaile bakoitzaren lantokiari dagozkionak.

  4. Halaber, ondorengo kasuetan honako dokumentazio osagarria erantsi beharko da:

    1. Baremo ondorioetarako sare pribatuan egindako zerbitzu-denbora balioetsi nahi duten pertsonek dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

    2. Sail honetako langileen datu-basean altan emanda ez dauden pertsonek NANaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute.

  1. Matrikulatzeko epe arrunta 2012ko irailaren 10 eta 21 bitartean izango da, biak barne.

  2. Epe berezia: deialdia ebatzi ondoren eta deitutako eta baliogabetu gabeko ikastaro edo jardueraren batean plaza hutsak geratuz gero, Hezkuntza Saileko web-orrialdean horren berri emango da, eta jardueraren hasiera-data arte plaza eskatzeko aukera izango da.

    Eskaera II. eranskinaren ereduari jarraikiz egingo da, eta eskatzaile bakoitzaren lantokiari dagokion Hezkuntzako Lurralde-ordezkaritzako Etengabeko Ikaskuntza Unitatean aurkeztu beharko da.

    Plaza hutsak dituen ikastaro bakoitzerako eskaerak leku hutsak baino gehiago izanez gero, matrikulatzeko eskaeren erregistro-hurrenkera lehenetsiko da (lehenago eskatu duenak, lehentasun handiagoa). Berdinketa gertatuz gero, Agindu honen III. eranskinean ezarritako baremoak aplikatuko dira.

Ikastaroetan parte hartzeko honako baldintzak bete beharko dira:

  1. Prestakuntza-jarduera bakoitzari dagozkion deskribapen-fitxetan jasotzen diren baldintza bereziak betetzen ez dituzten hautagaien eskaerak baztertu egingo dira.

  2. Parte-hartzaileek ikastetxearen, edo Hezkuntza Ikuskaritzaren kasuan, dagokion Lurralde-burutzaren, edo Kualifikazioen Euskal Institutuaren eta Lanbide Heziketaren Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziaren, eta Tknikaren baimena izan beharko dute, eskola-orduetan osorik edo zati batean egin beharreko ikastaroak egin ahal izateko.

  3. Eskatzaileek aurretik ezin izango dute hilabetetik gorako liberazioa izan duten prestakuntza-jardueretan parte hartu, ezta aurretik ikasteko baimena izan ere, ikastaroa egin aurreko hiru urteetan, liberazioa eskatzen duten ikastaroetan. Horri dagokionez, Iraleko ikastaroak ez dira kontuan hartuko.

Prozesu honen arabera hautatuko dira ikastaro guztietako parte-hartzaileak:

  1. 2010-2011 eta 2011-2012ko deialdietan Lanbide Heziketako heziketa-zikloak irakasten dituzten irakasleen prestakuntza-jardueretan parte hartu dutenek eta justifikaziorik gabe horietan huts egin dutenek, ez dute inolako lehentasunik izango eta soilik kontuan hartuko zaie gainerako eskariei hautaketa-irizpideak aplikatu ostean geratzen diren leku hutsetan.

  2. Baldintza guztiak betetzen dituzten ikastaro baten eskatzaileei III. eranskinean jasotako baremoak aplikatuko zaizkie.

  3. Eskatzaileek nahi beste ikastaro eskatu ahal dute aldi berean, baina ikastaro bakarra egiteko onartuko zaie aldi horretan, eskatutako lehentasun-hurrenkeraren arabera. Aldiaren kode bera duten ikastaroak bateraezinak izango dira. Hori presentziazko ikastaroei zein on line ikastaroei aplikatuko zaie. Ikastaroak ondorengo azalpenen arabera sailkatuko dira:

  1. 2012ko azaroa

  2. 2012ko abendua

  3. 2013ko urtarrila

  4. 2013ko otsaila

  5. 2013ko martxoa

  6. 2013ko apirila

  7. 2013ko maiatza

  1. Puntuazio bera izanez gero, hautagaien ordena parte-hartzaile bakoitzaren zerbitzu-denbora kontuan hartuta ebatziko da.

  2. Aldi bererako plaza bat edo beste erabakitzeko, kontuan hartuko da eskatzaileak eskabide-orrian zein lehentasun-hurrenkera adierazi duen.

  1. Deialdia Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendariak ebatziko du, honakoek osatutako batzordearen proposamenez: Irakasleak Hobetzeko Zerbitzuko arduraduna, edo honek eskuordetutako pertsona, buru izango da, eta Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendariak izendatutako Saileko funtzionarioak, gutxienez hiru eta gehienez bost.

  2. Ikastaroetan onartutako hautagaien behin-behineko zerrendak urriaren 8a baino lehen jendaurrean jarriko dira. Zerrenda horiek Sailaren web-orrian argitaratuko dira, eta adierazi egingo da zein den hautatze-prozesuaren emaitza eskatutako ikastaro guztietarako, bai eta zein ikastaro ezeztatu den eskatutako baldintzak betetzen dituen eskabiderik ez izatearren, eta zein ikastarotan geratu diren plaza hutsak, agindu honetan azaldutako moduan eskatu ahal izango direnak.

    Interesa dutenek erreklamazioak edo/eta uko egiteak egin ahal izango dituzte Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren aurrean, 10 egun naturaletan matrikularen behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Halaber, eskaera osatu gabe izateagatik baztertutako pertsonek epe berean eskaera osatzeko aukera izango dute.

  3. Ikastaro eta eskatzaile bakoitzeko behin betiko zerrendak, abizenen ordena alfabetikoa jarraituz, Sailaren web-orrian eta Hezkuntzako Lurralde-ordezkaritzetako tauletan argitaratuko dira 2012ko urriaren 29an. Zerrenda horietan eskatzaile bakoitzak eskatutako ikastaro bakoitzean duen egoera modu honetan jasoko da:

    1. Onartua: ikastaroan plaza duten pertsonak.

    2. Gordeta: ikastaroan plazarik ez duten pertsonak, ikastaroan eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskaera gehiegi dagoelako. Egoera horretan dauden pertsonak, ikastaro-hasieran aurkezten direnak, onartuak izango dira, behin betiko zerrendan duten hurrenkeraren arabera, baldin eta onartutako beste lagunen bat ikastarora joaten ez bada.

    3. Baztertua: deialdian adierazitako baldintzak edo ikastaro-fitxak betetzen ez direlako edo aldiak bateraezinak direlako.

    4. Baztertzeko arrazoiak:

      A: eskabidea osatu gabe dago.

      C: lan-egoera.

      I: aldia bateraezina da.

      K: baldintza ez betetzea (orokorra edo berezia).

      L: ikastaroa ezeztatu egin da.

      H: eskatzaileak uko egitea.

      1. Ebazpen adierazia ematen ez bada deialdi bakoitzak horretarako ezarritako epean, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak Administrazioari berariaz ebazteko ezarri dion beharra gorabehera.

      2. Interesa dutenek gorako errekurtsoa jar dezakete behin betiko ebazpenaren aurka Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean Lurralde-ordezkaritzetan argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  1. Behin betiko zerrendak argitaratu ostean ez da ikastaroaren ukorik onartuko, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariaren aburuz behar bezala justifikatzen diren kasuetan salbu. Uko egitearen jakinarazpena Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara igorri beharko da berau justifikatzen duen egintza gertatu eta berehala, eta soilik dagokion euskarri dokumentalaz lagunduta aurkeztuta onartu ahal izango da.

  2. Ikastaroan antolatutako jarduera guztiak egin beharko dituzte parte-hartzaileek, ez bada ikastaroko zuzendaritzak baten bat baliokidetu eta hori egiteaz salbuesten duelako.

  3. Aurretik ezer ohartarazi gabe parte-hartzailea ikastaro-hasieran aurkezten ez bada, horren ordez onartu egingo da tokiak gordetzeko zerrendan une horretan lehenengo dagoen laguna.

    Ez agertzea justifikatzen ez bada, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hurrengo bi ikasturteetarako (2012-2013 eta 2013-2014) antolatutako ikastaroetan parte hartzea eskatuko balu, 7.1 artikuluan adierazitakoa aplikatu ahal izango zaio irakasleari.

  4. Ikastaroak egiten diren bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko egutegi ofizialean azaltzen direnak soilik hartuko dira jaieguntzat.

  5. Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak onartutako eskari kopuru nahikoa ez duten ikastaroak (eskuragarri dauden plazen % 65), edo Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari ez dagozkion arrazoiengatik horiek burutzea ezinezkoa denean, ezeztatu ahal izango ditu.

Ikastaro guztien jarraipena eta ebaluazio orokorra gorabehera, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak adierazi ahal izango du zein ikastarori egingo zaion jarraipen eta ebaluazio berezia, eta jarraibide egokiak emango ditu horretarako.

  1. Ikastaroa bukatu ondoren, ikastaroaren erakunde arduradunak Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari akta igorriko dio. Akta horretan jasoko dira: parte-hartzaileen zerrenda, gai edo ez gaitzat jotzen diren, aldez aurretik ezarri eta erakundeak parte-hartzaileei jakinarazitako ebaluazio-irizpideen arabera, parte-hartze egunak, eta behar izanez gero, ziurtagiriak izapidetu eta laguntza ekonomikoak emateko behar diren datu guztiak.

  2. Ikastaroa ematen duen erakundea arduratuko da ikastarogileen asistentzia kontrolatzeaz. Ez da gaitzat joko jarduera-orduen % 90era agertu ez den parte-hartzailerik, Agindu honetako 9.3 artikuluan jasotakoa salbu. Parte-hartzaileak ez gaitzat joko dira jarduera-orduen % 20tik gora klaseetara ez badoaz; gainera, ezin izango dute ziurtagiririk lortu eta ez zaie laguntza ekonomikorik emango. Gainera, huts egiteak justifikatu beharko dituzte; hori egin ezean, zigortu egingo zaie, 7.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Akta itxia izango da, eta gerora ezin izango zaio ezer aldatu, errakuntzak edo aipatu gabeak izan ezik; edonola ere, aldaketak ondo justifikatu beharko dira agiri bidez.

  4. Jarduerak gaindituz gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasleen datu-basean jasoko dira. Interesdunek datu-base hori kontsultatu ahal izango dute, indarrean den legediaren arabera, eta bertatik Prestakuntza-jardueren Ziurtagiria inprimatu ahal izango dute.

    Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak erabili eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatu eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak izango du fitxategi honen ardura. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren aurrean erabili ahal izango dira, eta horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1; 01010, Vitoria-Gasteiz.

  1. Onuradunak: EAEn gauzatzen diren I. eranskineko ikastaroetako irakasle eta hezitzaileen parte-hartzea errazteko, agindu honen 3. artikuluan aipatzen diren eta ikastarora bertaratu eta prestakuntza-jarduerak gainditu dituzten parte-hartzaileek joan-etorrietarako laguntzak eskatu ahal izango dituzte, betiere agindu honetan zehazten diren baldintzak betetzen badituzte.

  2. Laguntzen zenbatekoa: joan-etorrietarako, jardueraren lehen egunean destinoko zentrotzat izandako herriaren eta jarduera-tokiaren arteko joan-etorri erdiak finantzatuko dira, honela finantzatu ere: jardueraren eskola-aldiak (fase presentziala) dirauen bitartean, benetan bertaratutako egun erdien egindako kilometro bakoitzeko 0,15 euro.

    Agindu honen ondorioetarako, irakasleak jardueraren lehen egunean destinoko zentrotzat izandako herriaren eta jarduera-tokiaren arteko distantziatzat hartuko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren dagozkion tauletan agertzen dena.

  3. Eskaera egiteko epea eta prozedura: eskaerak Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari aurkeztu behar zaizkio, IV. eranskineko ereduari jarraituz. Eskabidea aurkezteko epea hilabetekoa izango da, prestakuntza-jarduera amaitzen den egun beretik aurrera.

  4. Baldintzak: hona eskatzaileek bete beharreko baldintzak:

    1. Laguntza eskatzea aurreko idatzi-zatian adierazitako moduan.

    2. Gai kalifikazioa lortzea burututako prestakuntza-jardueran.

    3. Prestakuntza-jardueraren destinoko zentroa eta ikasketariaren bizilekua bera ez izatea.

      Destinoko zentrotzat eta bizilekutzat joko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzan halakotzat jasota daudenak ikasturteko hasieraren lehen egunean.

    4. Inork ezin izango du parte hartu agindu honen bidez araututako diru-laguntzen edo laguntza publikoen deialdietan, baldin eta zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu badu edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badago, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera. Egoera horretan dagoen inork ezin izango du deialdietan parte hartu dagokion zehapenak ezartzen duen aldian.

  5. Bateraezintasunak: laguntza hauek eta prestakuntza-jarduera bera egiteko antzeko diru-laguntzak bateraezinak dira.

  6. Laguntzen epea eta ebazpena: behin gaitzat jo diren parte-hartzaileen zerrenda, parte hartutako egunak eta laguntzak bideratzeko gainerako beharrezko datuak jaso ondoren, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak laguntzak ebazteko prozedurari ekingo dio.

    Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak izango du laguntzak emateko ardura, banaka jakinaraziko dira eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira jendeak jakin dezan, eskaera erregistratzen den unetik gehienez sei hilabeteko epean, eta honako hau adieraziz:

    1. Eskuratuko den zenbatekoa, bidezkoa izango balitz.

    2. Osterantzean, ezezkoa emateko arrazoia.

      Banakako laguntza ekonomikoak ematen direla argitaratzeak ez du administrazio-bidea agortzen eta horren kontra gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera; izan ere, hori ezartzen dute azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluek (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

      Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskabideak onartutzat joko dira.

  7. Laguntza onartzea: laguntza onartutzat joko da hamabost eguneko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, onuradunek espresuki eta idatziz laguntza horiei uko egiten ez badiete.

  8. Laguntza ordaintzea. Laguntzak ordainketa bakarrean eta hilabeteko epean ordainduko dira, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  9. Laguntzen guztizko zenbatekoa: laguntza horietarako gehienez 26.325 euro esleituko dira; horietatik 12.636 euro 2012. urteko aurrekontu-ekitaldiari dagozkio eta 13.689 euro 2013. urteko aurrekontu-ekitaldiari. Deialdi honen baitan eman beharreko laguntzen guztizko kopuruak ezingo du artikulu honetan esleitutako zenbatekoa gainditu; ezta eguneraketaren ondorioz sortzen den zenbatekoa ere, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-loturaren edo aurrekontuak aldatzeko erregimenaren arabera. Horregatik, kopuru hori amaitzen denean, ez da beste laguntzarik emango, eta une horretatik aurrera eten egingo da xedapen honen eragina. Behar izanez gero, egoera bi horien berri emango da, EHAAn argitaratuta.

  10. Laguntza hauen onuradunek deialdi honen kargura jaso dituzten diru-laguntzei buruzko informazioa eman beharko diete Ekonomia Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, euren zereginak betetzearren eskatzen badiete.

    Onuradunek ez badute deialdi honetako baldintzarik betetzen osorik edo zatiren batean, ezingo dute laguntza ordain dakien eskatu, eta, kopururen bat dagoeneko jasota baldin badute, itzuli egin beharko dute, legezko interes eta guzti, kopurua ordaindu zitzaienetik aurrera zenbatzen hasita.

  11. Laguntza ematea eta, hala bada, ordaintzea baldintzatuta dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak emandako izaera bereko laguntzak edo diru-laguntzak direla-eta hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.

  12. Laguntza hauek emateko orduan kontuan hartutako baldintzak aldatzearen ondorioz, ebazpena aldatu ahal izango da, laguntzak jaso ahal izateko ezarritako gutxieneko baldintzak mantentzen diren bitartean.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak erabili eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere.

Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak izango du fitxategi honen ardura. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzeko, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak 2007ko apirilean eman zuen Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, 2013an egingo diren ikastaroetako laguntzak ebazteko, kreditu egoki eta nahikoa egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa. Agindu honetan prozedurari buruz aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea ezarriko da ordezko moduan.

Bigarrena. Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari Agindu hau garatu eta aplika dadin beharrezkoak diren jarraibideak emateko baimena ematen zaio.

Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Laugarrena. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren kontra, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 10a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik