Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko uztailaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, itunpeko ikastetxe pribatuentzat diru-laguntzen deialdia egiten duena 2.0 Eskola Proiektuan jasotako ekintzak gauzatzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko uztailaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, itunpeko ikastetxe pribatuentzat diru-laguntzen deialdia egiten duena 2.0 Eskola Proiektuan jasotako ekintzak gauzatzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 170
  • Hurrenkera-zk.: 3946
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/07/18
  • Argitaratze-data: 2012/08/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ekonomia; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) oinarrizko elementuak dira gaur egun, eta zenbait aldaketa eragin dituzte gizartearen esparru guztietan. Izatez, gizarteak gazteentzat bestelako oinarrizko prestakuntza eskatzen du, baita etengabeko prestakuntza herritarrentzat ere.

Hori dela eta, hezkuntza-sistemak erronka horri egin beharko dio aurre eta ikasleak gaur egungo gizartean egoki moldatzeko prestatu beharko ditu. Gauzak horrela, etorkizuneko aldaketa teknologikoetara egokitu ahal izateko trebatu beharko ditu ikasleak.

Behar horren jakitun, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2009-2010 ikasturtean 2.0 Eskola Proiektua garatzeari ekin zion.

Proiektu horren bitartez, IKTak ikastetxeetan integratu nahi dira eta, irakatsi eta ikasteko prozesuaren parte izango diren aldetik, ikasle bakoitzak ordenagailu eramangarri bat erabiltzea hartzen da aintzat. Era berean, gaur egungo ikasgelak aldatzea eta azpiegitura teknologikoa eta heziketa-ekintza garatzeko oinarrizko konektagarritasuna izango duten ikasgela digital bihurtzea hartzen du aintzat.

Agindu honen bitartez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasgela digitalak ekipatzeko 2.0 Eskola Proiektuan aurreikusten diren arbel digital elkarreragileak, bideo-proiektagailuak, bozgorailuak, armairu metaliko elektrifikatuak eta haririk gabeko sistemak erosteko finantziazioa eskaini nahi zaie itunpeko ikastetxe pribatuei.

Ondorioz, kontuan hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea, honako hau

  1. Agindu honen xedea da 2012-2013 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo maila emango duten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuentzat diru-laguntzen deialdia egitea. Deialdi horren bitartez, ikastetxe horietan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hezkuntzaren esparruan integratzeko 2.0 Eskola Proiektua barne hartu ahal izatea lortu nahi da.

  2. Agindu honen eranskinean jasotzen dira diru-laguntzaren mende dauden kontzeptuak.

  1. Parte hartu nahi duten ikastetxeek kanal elektronikoa erabiliko dute izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko edota eskaerak egiteko. Horretarako, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Herri-administrazioaren egoitza elektronikoan sartu behar da: https://www.euskadi.net.

  2. Tramitazio elektronikoa honako hauetan dago araututa: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea ezartzen duen dokumentua onartzeko dena.

  3. Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.net.

  4. Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/misgestiones.

  1. Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak finantzatzeko 1.164.396 euro gorde dira.

  2. Deialdi honen kargura eman beharreko diru-laguntzen guztizko bolumenak ezin izango du, beraz, artikulu honetan adierazitako zenbatekoa gainditu.

  3. Diru-laguntzak 6. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera emango dira.

2012-2013 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailako unitateak abian dituzten itunpeko ikastetxe pribatuek jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

  1. Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketari dagokionez egunean egotea.

  2. Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, batez ere sexu-bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

  3. Eska daitekeen beste edozer, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 paragrafoan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Agindu honen eranskinean deskribatutako eta 2011ko irailaren 27tik 2012ko irailaren 29ra bitartean sortutako gastuen eta eragiketen kostuak ordaintzera zuzenduko dira Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak.

Diru-laguntzaren mende dauden kontzeptuak Agindu honen eranskinean ezarritako estandarretara moldatu beharko dira.

  1. Ikastetxeen Zuzendaritzaren esku egongo da Agindu honetan aditzera ematen diren diru-laguntzen kudeaketa.

  2. Diruz lagun daitezkeen elementuen kopuruak, banan-banan hartuta, ezin izango du gainditu 2012-2013 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailako gela itunduen kopurua.

  3. Diru-laguntzaren zenbatekoak, nolanahi ere, egindako erosketaren kostuaren % 90 beteko du, eta gastu hori dagokion fakturaren bidez frogatu beharko da. Agindu honen eranskinean adierazten da diru-laguntzaren gehieneko muga.

  4. Baliteke 2. artikuluko 1go atalean agintzen den diru-kopurua nahikoa ez izatea eskaera guztiei erantzuteko, 6. artikuluko 3. atalean esaten den gehienezko kopurua kontuan izanda. Horrela bada, diru-kopurua banatu egingo da eskaturiko betekizunak betetzen dituzten eskaera guztien artean, eta proportzioari begiratuta egingo da, hau da, eskaera guztiei erantzuteko behar beste diru izango balitz, ikastetxe bakoitzak guztizko diru-kopuru horretan izango lukeen proportzioari begiratuta.

  5. Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta diru-laguntzen zenbateko zehatza finkatzeko. Batzorde horrek egiaztatuko du aurkeztutako eskaerek Agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten. Honako kide hauek izango ditu batzorde horrek:

    Ikastetxeen zuzendaritzako teknikari bat, presidente gisa jardungo duena.

    Informazio-sistemen zerbitzuko teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena.

    Informazio-sistemen zerbitzuko teknikari bat.

  6. Behin amaituta egiaztatze-prozesua eta zenbatekoak kalkulatuta, Batzordeak ebazpen-proposamena luzatuko dio eskumena duen organoari. Bertan, diru-laguntza jasoko duten ikastetxeen zerrenda agertuko da, proposaturiko zenbatekoekin; halaber, ukatu diren eskaerak ere jasoko dira eta horren arrazoiak emango.

  1. Eskabidea egiteko https://www.euskadi.net helbidera jo behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikora.

  2. Organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatuko du laguntzak eskatu dituen erakundeak betetzen duela zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen baldintza. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.

    Eskabideetan jasota egongo da laguntza eskatzen duen erakundeak beren beregi onartu ahal izango duela organo kudeatzaileak gainerako datu edo dokumentu horiek lortzea edo egiaztatzea. Hori gorabehera, Herri Administrazioak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatzeko eskumenak ditu.

  3. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

    1. Eskabidea, eta, behar izanez gero, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideena.

    2. Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

  4. Eranskinean zerrendatutako kontzeptuetarako 2011ko urtarrilaren 27aren eta 2012ko irailaren 29aren artean egindako gastuen fakturak. Ildo horretan, kontzeptuetako bakar baterako ez dira faktura gisa onartuko proformako dokumentuak edo aurrekontuak. Era berean, Agindu honen eranskinean adierazten denaren arabera diruz lagun daitezkeen eragiketen fakturetan, prezioa ez ezik, zehaztasunak eta ziurtapenak ere adierazi beharko dira.

  5. Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsiz, bai oniritzia emanez, organo kudeatzaileak zuzenean egin dezan egiaztapena.

  1. Gastuak diruz laguntzeko eskaerak aurkezteko epea 2012ko irailaren 29ra arte izango da.

  2. Eskabideak modu elektronikoan aurkeztuko dira: https://www.euskadi.net helbidera jo beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikora.

  3. Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko pertsona parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko. Datuok, bestalde, Informatika-materiala izeneko fitxategian sartuko dira, informatika materiala eskuratzeko ikastetxe pribatuentzako dirulaguntzak kudeatzeko. Ikastetxeen Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Datuak aurkatu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak zuzendaritza horretan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira (Vitoria-Gasteiz; PK: 01010) jo beharko da.

Era berean, deialdi honetara biltzen diren lagunek baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu dezan aurkeztutako dokumentuek diotena.

Ikastetxeen Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean hutsik edo okerreko daturik antzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio huts horiek zuzentzeko. Epe hori amaitu eta huts horiek zuzendu ez baditu, eskabidea bertan behera geratu dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71.1. artikuluan aurreikusten den moduan.

  1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpenak Ikastetxeen zuzendariak emango du, eta sei hilabeteko epean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta egindako eskabideei dagokienez, onuradun guztiei emandako zenbatekoa adieraziko da eta, behar izanez gero, uko egiteko arrazoiak. Ebazpen hau bide elektronikoa erabiliz jakinaraziko zaie interesdunei, eta zabalkundea emateko bestetarako ez da argitaratuko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  2. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

  3. Artikulu honen lehenengo atalean aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

  4. Agindu honen babespean emango den diru-laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko zaie onuradunei hartutako ebazpena jakinarazi eta gero.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Testu Bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

  2. Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.

  3. Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza beti onartutakotzat joko da non eta ebazpena jakinarazi eta hogei egun naturaleko epean uko egiten ez zaion.

  4. Ikastetxeen Zuzendaritzan justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla.

  5. Diru-laguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea.

  6. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin elkarlanean jardun beharko dute, ikastetxeko ordenagailu txiki eramangarrien fidantza kudeaketan, zaintzan eta erabilera egokian.

Deialdi honen bidez lortutako edozein laguntza bateragarria izango da Euskal Herriko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein herri-administrazioren edo erakunde pribaturen bidez lortutako beste edozein laguntzarekin, betiere jasotako laguntza guztien baturak diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez badu. Halakorik gertatuko balitz, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako diru-kopuruak eta dagozkien legezko interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Lehenengoa. Interesdunek berraztertzeko errerkurtsoa jar dezakete aukeran Agindu honen aurka, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari zuzenduta; horretarako hilabeteko epea dute, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena. Agindu honek jardunbideari dagokionean arautzen ez dituen alderdiak arautzeko, 30/1992 Legean xedatutakoa izango da aplikatzekoa -30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Erkideari buruzkoa-.

Hirugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bihara-munetik izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)