- AGINDUA, 2012ko abuztuaren 20koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu egiten dira, batetik, Fundación Diocesanas - Jesús Obrero Fundazioaren (lehen, Fundación Jesús Obrero fundazioaren) estatutuetan egindako aldaketa, hain zuzen ere fundazio horretan Obra Diocesana de Formación Profesional delakoa integratzeari buruzkoa, eta, bestetik, patronatuko kideak kargugabetzea eta berriak izendatzea eta patro - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko abuztuaren 20koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu egiten dira, batetik, Fundación Diocesanas - Jesús Obrero Fundazioaren (lehen, Fundación Jesús Obrero fundazioaren) estatutuetan egindako aldaketa, hain zuzen ere fundazio horretan Obra Diocesana de Formación Profesional delakoa integratzeari buruzkoa, eta, bestetik, patronatuko kideak kargugabetzea eta berriak izendatzea eta patro
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 202
- Hurrenkera-zk.: 4582
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/08/20
- Argitaratze-data: 2012/10/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Idazpuruan aipatu estatutu-aldaketari eta patronatu-aldaketari buruzko espedienteak ikusi eta aztertu dira, ondoko aurrekarietan oinarrituz:
Lehenengoa. 2012ko uztailaren 10ean, Justizia eta Herri Administrazio Sailean sartu ziren Gasteizko notario Enrique Arana Cañedo Argüelles jaunaren aurrean 2012ko maiatzaren 31n egiletsitako eskritura publikoaren bi kopia eskuetsi (protokolo-zenbakia: 1030). Eskritura horretan honako hauek jasotzen ziren: «erakundeak integratzea, integrazioaren araberako ondasun-ekarpena, fundazioaren patronatua eratu eta kideak izendatzea, eta patronatuko karguen banaketa eta onarpena».
Estatutuetan patronatuaren osaerari eta iraupenari buruzko 10. artikuluari emandako berridazketarekin bat etorriz, eskritura horrekin batera, fundazioaren patronatuko kideak izendatzeko honako agiri hauek aurkeztu ziren:
Arabako Foru Aldundiko idazkari nagusiak 2012ko maiatzaren 8an egindako ziurtagiria, Diputatuen Kontseiluak egun horretan hartutako 192/2012 Erabakiaren berri ematen duena.
Fundazioaren patronatuko kideak izendatzeko agiria, Gasteizko gotzain Miguel Asurmendi Aramendia jaunak 2012ko maiatzaren 16an izenpetua.
Jesusen Lagundiaren Espainiako probintzial Francisco José Ruiz Pérez jaunak 2012ko maiatzaren 25ean izenpetutako agiria, fundazioaren patronatuko kideak izendatzekoa.
Halaber, lehenago aipatutako eskritura osatzen eta aldatzen duen beste eskritura baten bi kopia eskuetsi aurkeztu ziren. Azken eskritura hori 2012ko uztailaren 9an egiletsi zen notario beraren aurrean (protokolo-zenbakia: 1319).
Horretaz gain, 2012ko abuztuaren 1ean, honako agiri hau aurkeztu zen, espedienteari eransteko:
2012ko uztailaren 30ean Arabako eta Gasteizko Aurrezki Kutxako idazkari nagusiak, Carlos Zapatero Berdonces lehendakariaren oniritziaz, egindako ziurtagiria. Bertan, zehaztu egiten da entitate horrek nortzuk izendatu dituen, fundazioaren patronatuko kide izateko.
Azkenik, fundazioaren espediente administratiboan jasota geratu da Miguel Asurmendi Aramendia jauna Gasteizko Elizbarrutiko gotzain izendatzeari buruzko dokumentazioa.
Bigarrena. Eskritura egilesteko ekitaldira, Gasteizko gotzain Miguel Asurmendi Aramendia jauna bertaratu da, Fundación Jesús Obrero fundazioaren eta Obra Diocesana de Formación Profesional delakoaren ordezkaritzan. Izan ere, bi erakunde horien lehendakaria da, bien estatutuetan ezarrita dagoenaren arabera.
Fundación Jesús Obrero fundazioa hezkuntzako erakunde ongile gisa sailkatu eta inskribatu zen Hezkuntza Nazionalaren Ministerioan, Fundazioen Atalean, Ministerioaren 1966ko otsailaren 23ko Aginduaren bidez. Gero, Estatutik Eusko Jaurlaritzara eskualdatu zen, Estatuaren maiatzaren 8ko 840/1985 Errege Dekretuaren bidez eta Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 11ko 184/1985 Dekretuaren bidez, ARA-36 erregistro-zenbakia emanda.
Obra Diocesana de Formación Profesional delakoa Gasteizko gotzainaren 1954ko ekainaren 24ko Dekretuaren bidez eratu zen, eta Justizia Ministerioaren 1956ko martxoaren 22ko Ofizioaren bidez, ondorio zibiletarako onarpena eman zitzaion. Justizia Ministerioaren Erlijio Erakundeei buruzko Erregistroan inskribatuta dago, 1981eko martxoaren 11tik, 430-SE/C zenbakia duela.
Hirugarrena. Eskriturarekin batera aurkeztutako agirietan azaltzen denez, bi erakundeen gobernu-organoek integrazioaren aldeko erabakia hartu zuten, 2012ko apirilaren 17an egindako bileretan. Egun horretan bertan, bi erakundeok integrazio-akordioa izenpetu zuten, bien hezkuntza-eskaintza eta helburuak bat zetozela ikusita, eta gizarteratzea eta laneratzea erraztera bideratutako eskaintza zabalagoa, malguagoa eta eleanitza eskaintzeko asmoz.
Aipatutako erakundeek 2012ko otsailaren 17an izenpetutako integrazio-akordioan adierazten denez, erakundeok ikastetxeak dira, ikasle-mota bera hezi eta ikasketa berak eskaini dituzten ikastetxeak, alegia. Biak ala biak Eliza Katolikoaren erakundeak dira, Gasteizko Elizbarrutikoa bata, eta Jesusen Lagundikoa bestea, eta biek Gasteizko gotzaina dute lehendakari.
Arrazoi horiek oinarri hartuta, bi erakundeak sinetsita daude gizarteari laguntzen ez dion lehia gainditu beharra dagoela, eta, horregatik, integrazioa planteatzen dute.
Gasteizen, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikastetxe kristau bat sortu nahi dute, gizarte ekimenekoa, gizarteratzea eta laneratzea erraztera bideratutako eskaintza zabalagoa, malguagoa eta eleanitza eskaintzeko, egoera ahulenean dauden herritarrekiko sentsibilitatea azpimarratuta, inguruneko gizartearen, enpresen eta erakundeen beharrizanei eman beharreko erantzun berriak aurreikusiz, eta humanismo kristauaren printzipioak eta Elizaren Doktrina Soziala oinarri hartuta.
Helburu horiek ahalik eta modu eraginkorrenean erdieste aldera, uste dute biderik onena dela bi erakundeok fundazio erako eta izaera zibileko erakunde bakar batean integratzea. Erakunde horren gobernu-organoan partaide izango dira Arabako Lurralde Historikoan Lanbide Heziketa garatzeko interesa duten erakunde publiko nahiz pribatuak, helburu horiekin bat datozenak.
Bestalde, Fundación Jesús Obrero fundazioa dagoeneko inskribatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, eta, horregatik, bi erakundeek erabaki dute fundazio horretan integratzea Obra Diocesana de Formación Profesional delakoa. Horretarako, azken erakunde horren helburuak aldatu dituzte. Hona hemen:
Humanismo kristauaren printzipioak eta Elizaren Doktrina Soziala oinarri hartuta, Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioak honako helburu hauek ditu:
Nagusiki lanbide heziketa eta bigarren hezkuntzako ikastetxeak sustatu, eratu eta zuzentzea, gradu eta adar guztietan, alderdi gizatiar eta kristauari arreta berezia eskainita. Nolanahi ere, ez da baztertzen irakaskuntzako beste gradu edo generorik eskaintzea, patronatuak egoki irizten badio.
Industria-, lanbide- eta merkataritza-jarduerarekin lotutako ikasketak sustatzea, ekonomia eta enplegu-sorrera garatzen laguntzeko asmoz.
Lanbide Heziketaren alde egitea, bereziki ikerketa, garapen eta berrikuntzaren ikuspegitik.
Irakaskuntzaren eta inguruneko enpresen arteko harremanak indartzea, betiere ikasleen laneratzea eta Arabako enpresen lehiakortasuna bultzatzeko.
Gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden edo kontratazio-zailtasunak dituzten gazteei gizarteratzen eta laneratzen laguntzea, haien ezaugarrietara egokitutako lanbide-prestakuntza tekniko baten bidez.
Integrazioa gauzatzeko idatzitako estatutu berrien 1. artikuluan adierazten denez, fundazioaren izena ere aldatu da: aurrerantzean, Fundación Diocesanas - Jesús Obrero Fundazioa izango du izena.
Patronatuaren osaerari dagokionez, estatutuen 10. artikulua berridatzi egin da, eta honako hau dio:
Patronatuak, gutxienez, zazpi kide izango ditu, eta, gehienez, hamabost. Patronatuko kide-karguek iraupen mugagabea izango dute, salbu eta 3. puntuarekin bat etorriz izendatutako kideak badira.
Gasteizko Elizbarrutiko gotzaina izango da fundazioko lehendakaria, eta patronatuko lau kide izendatuko ditu.
Jesusen Lagundiak bi kide izango ditu patronatuan. Jesusen Lagundiko aita probintzialak lehenengo lehendakariordea eta beste kide bat izendatuko ditu.
Arabako diputatu nagusia izango da bigarren lehendakariordea. Horretaz gain, Arabako Foru Aldundiak beste ordezkari bat izango du, Diputatuen Kontseiluak izendatuko duena.
Hirugarren lehendakariordea Arabako eta Gasteizko Aurrezki Kutxako lehendakaria izango da. Arabako eta Gasteizko Aurrezki Kutxak beste ordezkari bat izango du, Administrazio Kontseiluak izendatuta.
Gainera, patronatuak, kideen hiru laurdenen aldeko gehiengo kualifikatuaren bidez, fundazioaren berezko helburuetan ospe aitortua duten beste pertsona batzuk izendatu ahal izango ditu, gutxienez bi urterako eta gehienez laurako, betiere 10.1 artikuluan ezarritako hamabost kideen gehienezko kopurua osatu arte.
Aipatutako erakundeetako ordezkariak izendatu zituen organoak berak izango du horiek ordeztu edo kargutik kentzeko eskumena.
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa. Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan hala ezarrita baitago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Lehendakariak 2009ko maiatzaren 8an Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 9.1.e) artikulua; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4.1 artikulua.
Bigarrena. Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.
Hirugarrena. Estatutuak aldatzeko erabakiak Babeslaritzaren onespena du, Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikuluarekin bat etorriz.
Laugarrena. Estatutuak aldatzeko bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, patronatuaren erabakiak espresuki adierazten du aldaketa horrek ez duela bideragarritasun ekonomikoa oztopatzen. Alde horretatik, eskriturari integrazio-balantze bat erantsi zaio (protokolo-zenbakia: 1030), eta, han ezarritakoaren arabera, egindako ekarpen materialaren balio zenbatetsia hiru milioi bederatziehun eta berrogeita hamar mila zortziehun eta hirurogeita hamahiru euro eta berrogeita hiru zentimo da (3.950.873,43). Balio horretatik, 1.075.263,50 euro ondasun higigarriei dagokie; eta gainerakoa, 2.875.609,93 euro, integrazioan ekarritako higiezinak erabiltzeko eta gozatzeko eskubideen balioari.
Bosgarrena. Kargugabetzeak eta patronatu berriaren izendapena, biak ala biak, orokorki, bat datoz lege-aurreikuspenekin, hots:12/1994 Legearen 10., 12. eta 16. artikuluekin, eta horiekin bat datozenekin; lehenago aipatutako 101/2007 Dekretuaren 40. eta 41. artikuluekin; eta aplikatzekoak diren fundazio xurgatzailearen estatutu-aurreikuspenekin.
Seigarrena. Azkenik, Arabako Foru Aldundiak fundazioaren patronatuko kide titular eta ordezkoak izendatu baditu ere, adierazi beharra dago ordezkoek ez dituztela euren karguak onartu; hona ordezko horien zerrenda: Gizarte Zerbitzuen foru diputatu Marta Alaña Alonso andrea diputatu nagusiaren ordezkoa, eta Toki Administrazioko foru diputatu Javier Ruiz de Arbulo Cerio jauna Ekonomia Sustapen eta Foru Administrazioko foru diputatu Luis Viana Apraiz jaunaren ordezkoa.
Izendapenak inskribatzeko, ezinbestekoa da egiaztatzea izendatutakoek berariaz onartu dituztela karguak; hori dela-eta, izendatutako ordezkoak ez dira inskribatuko, harik eta, EAEko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12. artikuluan ezarritako moduetako batean, onarpenak erregistroan aurkezten dituzten arte.
Aipatu manuak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusi dira, eta, batez ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 73. artikulua. Beraz,
Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak honako hau
Lehenengoa. Gasteizko (Araba) Jesús Obrero Fundazioaren estatutu-aldaketa hori inskribatu dadila agintzea, agindu honen data duela, 2012ko maiatzaren 31n, Gasteizko notario Enrique Arana Cañedo Argüelles jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 1030); eskritura hori notario beraren aurrean 2012ko uztailaren 9an egiletsitako eskrituraren bidez zuzendu eta osatu zen (protokolo-zenbakia: 1319).
Estatutuen 1. artikuluaren aldaketaren ondorioz, Fundación Jesús Obrero fundazioak honako izen hau izango du aurrerantzean: Fundación Diocesanas Jesús Obrero Fundazioa.
Era berean, estatutuen 3. artikuluaren erredakzio berria, fundazioaren xede eguneratuei buruzkoa, ebazpen honen hirugarren aurrekarian jasota dago, hitzez hitz.
Bigarrena. Estatutuen 10. artikuluaren patronatuaren osaerari buruzkoaren idazketa berriaren ondorioz (ikus hirugarren aurrekaria), agindu egiten da aurreko patronatuko kideak kargutik kentzeko eta kide berri hauek izendatzeko:
Gasteizko gotzain Miguel Asurmendi Aramendia jaunak 2012ko maiatzaren 16an izenpetutako agiriaren indarrez, honako hauek izendatzen dira fundazioaren patronatuko kide:
(Ikus .PDF)
Arabako Foru Aldundiko idazkari nagusiak 2012ko maiatzaren 8an egindako ziurtagiriaren indarrez, non Diputatuen Kontseiluak egun horretan hartutako 192/2012 Erabakiaren jasotzen den, honako hauek izendatzen dira fundazioaren patronatuko kide:
(Ikus .PDF)
Jesusen Lagundiaren Espainiako probintzial Francisco José Ruiz Pérez jaunak 2012ko maiatzaren 25ean berariaz izenpetutako agiriaren indarrez, honako hauek izendatzen dira fundazioaren patronatuko kide:
(Ikus .PDF)
2012ko uztailaren 30ean Araba eta Gasteizko Aurrezki Kutxako idazkari nagusiak, erakunde horren lehendakari Carlos Zapatero Berdonces jaunaren oniritziaz, egindako ziurtagiriaren indarrez, honako hauek izendatzen dira fundazioaren patronatuko kide:
(Ikus .PDF)
Izendapen horiek eginda, patronatua honela osatuta gelditzen da:
(Ikus .PDF)
Hirugarrena. Aipatutako erakundeei eta Justizia Ministerioaren Erlijio Erakundeei buruzko Erregistroari agindu honen jakinarazpena egitea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 20a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.


