Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2012ko urriaren 3koa, Kulturako sailburuarena, Altzibarko teileria (Zegama, Gipuzkoa) kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko urriaren 3koa, Kulturako sailburuarena, Altzibarko teileria (Zegama, Gipuzkoa) kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 212
  • Hurrenkera-zk.: 4842
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/10/03
  • Argitaratze-data: 2012/11/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Altzibarko teileriak (Zegama, Gipuzkoa) kultura aldetik duen interesa ikusita eta haren kultur balioan oinarrituta, eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak teileria Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedientearen hasiera eskatzea erabaki zuen 2010eko maiatzaren 17ko Ebazpenaren bidez (uztailaren 14ko EHAA, 134. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak alegazio batzuk aurkeztu ditu epez kanpo.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak alegazioetan dio, argitaratu den mugaketa-eremuari dagokionez, Kortaberriako bidegurutzetik Zegamaraino GI-2637 errepidea eraikitzeko eta zabaltzeko proiektu bat idatzi duela, baina proiektua ez dela jendaurrean jarri eta ez dela oraindik inon onartu. Proiektu horren arabera, errepidea nagusiki teileriaren bestaldean zabalduko litzateke, baina baita ere, neurri txikiago batean, teileria dagoen aldean, non oraingo hormatxoa bota nahi den, eta bazterbide berri bat, areka eta ezponda txiki bat eraiki. Eragindako lur-zerrenda 2,50 metro izango dira, gutxi gorabehera, eta horri gehitu behar zaizkio Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren Testu Bateginak aurreikusten duen jabari publikoko eremuko hiru metroak. Gainera, teileriaren eta errepidearen artean paraleloki bide berri bat aurreikusi dute, 0+740 profilaren parean eragindakoaren ordezko gisa. Beraz, bi aldaketa horiek kontuan hartuko dituen aldaketa eskatzen dute mugaketa-eremuan.

Alegazio horri erantzun beharra dago mugaketaren helburua ez dela bakarrik elementuaren kontserbazioa bermatzea, baizik eta instalazioen ezaugarri bereziak eta inguruneko ingurumen-balioak zaintzea ere. Proiektua oraindik idazketa fasean dagoenez, eta, nolanahi ere den, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 31. eta 32. artikuluetan inbentariatutako ondasunetarako ezartzen duen babes-araudiak horrelako ondasunetan egin behar diren esku-hartzeen prozedura jasotzen duenez, alegia, kasu zehatz honetan antolamendu sektorialek ez dutela zertan bateraezinak izan, beraz, uste dugu ez dagoela arrazoirik proposatutako mugaketa aldatzeko.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Altzibarko teileria (Zegama, Gipuzkoa) Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena. Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran, Euskal Kultura Ondarearen Legeak ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena. Higiezina babesteko eskaria egitea Zegamako udalari, udal hirigintza-planea­menduan sartuz.

Bosgarrena. Agindua interesdunei jakinaraztea, Zegamako udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, eta bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argi­taratzen den egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 3a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren esparrua.

    Altzibarko teileriaren mugaketan elementua bera eta ingurua sartzen dira. Teileriako gune babestuaren mugaketa honelaxe definitzen da: ekialde-hegoaldean, Zegama-Segura errepidea; hego-mendebaldetik mendebalderantz, errepidetik gora doan mendibidea; mendebalde-iparraldean, teileriatik 20 metrora dagoen lerro paraleloa eta, iparralde-ekialderantz, errepidetik hasita, teileriatik 30 metrora dagoen lerro perpendikularra.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugaketaren helburua ez da bakarrik elementuaren kontserbazioa bermatzea, baizik eta instalazioen ezaugarri bereziak eta inguruneko ingurumen-balioak zaintzea.

    (Ikus .PDF)

Altzibarko teileria Zegamako udalerrian dago, Barrenaldea auzoan. Segura eta Zegama herriak lotzen dituen errepidetik hurbil dago eta, zehazki, Altzibar baserriaren jabetzetan, baserritik 75 metrora.

Teileriaren zati bat duela gutxi berreraiki da. Teilak eta adreiluak egiteko erabiltzen zen labea da, eta gela batzuk ditu erantsita. Harlangaitzeko eraikin txiki eta angeluzuzena da, lurzoruaren maldara atxikita dagoena, eta beheko aldean eranskina dauka itsatsia. Bi isurialdeko estalki asimetrikoa du, lau zutabe exentuk eta eraikinaren hormak eusten dutena. Eranskineko gelek isurialde bakarreko estalkia dute.

Mendebaldean bao bat du, eta bertatik lau angeluko gela batera sartzen da; dirudienez, gela hau langintzarako eta lehortzeko erabiltzen zen; hortik, erdi-puntuko arku adobelatua pasatuz, labera iristen zen. Mendi-mazelan erauzitako zulo batean dago sartuta, eta arabiarra esaten zaienetakoa da: ganbera bikoitza dauka gainjarria, behekoa sutarako eta goikoa egosteko. Aipatutako erdi-puntuko baotik betetzen zen labea, bertan lagatzen diren teilak edo adreiluak egosteko. Labearen beheko aldean, hegoaldean, erdi-puntuko beste bi bao daude; hortik elikatzen zen erregaia. Labeak kono-enbor forma du pixka bat. Oinplanoa angeluzuzena da, gutxi gorabehera 6,40 bider 5,80 metrokoa eta garaieran 5,70 metrokoa. Barrualdea adreilu trinkoduna da. Behealdean, lurretik goraxeago jarritako plataforma du, erregaia bereizita geratzeko. Labearen bi parteak banatzen dituen zolatak zuloak ditu, beroari pasatzen uzteko eta materiala egosi ahal izateko.

Eranskinean, mendebaldean hori ere, beste gela bat dago; seguruena teilaginen logela izango zen. Gelako hondoko horma luzatua da, suhesi modukoa, eta alboko teilapean, hortxe daude labea elikatzeko arestian aipatu diren baoak.

Teilaginen jarduna XVII. mendetik aurrera agertzen da dokumentatua Zegamako udalerrian; alabaina, Altzibarko teileria hau dirudienez XIX. mendeko bigarren erdian hasi zen lanean, eta XX. mendeko lehenengo herenera arte egon zen martxan. Adreiluak eta teilak nagusiki eskuz egiten ziren. Itxuraz, buztina instalaziotik hurbil hartzen zuten, eta eralki ostean dekantazio ontziak izeneko biltegi batzuetara isurtzen zuten; gero hor urarekin nahasten zuten, eta oratu. Adreiluak eta teilak fabrikatzeko, moldeak edo markoak erabiltzen zituzten: buztinaz betetzen zituzten, eta kanpoan uzten zituzten lehortzeko, gutxienez zortzi egunez. Piezak lehor zeudenean, labera eraman eta goiko ganberan sartzen ziren, aire beroa igarotzeko moduko tarteak utzita piezen artean. Ondoren lurrez estaltzen ziren. Labearen beheko arkuetatik egurra sartzen zuten. Sei egun inguru uzten zuten buztina egosten. Labea itzaltzean, bertan uzten zuten materiala egun batzuetan, erabat hoztu arte.

Altzibarko teileria teilagintza tradizionalaren primerako adierazgarria da; gaur egun horren adierazgarri oso gutxi daude-eta. Interes etnografiko handia du teileria honek, jarduera hori dokumentatzeaz gainera, antzinako ekoizpen-tekniken eta dagoeneko desagertu diren lanbideen eta bizimoduen erakusgarri delako. Tipologiari dagokionez, halako industrien erreferentea dela esan daiteke. Gainera, eta artisautzako teila-olen arrasto gutxi geratzen direla aintzat hartuta, gaur egun Gipuzkoan halako elementu bakanetakoa esan daiteke.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik