- AGINDUA, 2012ko urriaren 3koa, Kulturako sailburuarena, Zirianoko San Joan Ebanjelariaren Eliza (Arrazua-Ubarrundia, Araba), monumentu kategoriako kultur ondasun gisa, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko urriaren 3koa, Kulturako sailburuarena, Zirianoko San Joan Ebanjelariaren Eliza (Arrazua-Ubarrundia, Araba), monumentu kategoriako kultur ondasun gisa, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 214
- Hurrenkera-zk.: 4887
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/10/03
- Argitaratze-data: 2012/11/06
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Zirianoko San Joan Ebanjelariaren Elizak (Arrazua-Ubarrundia, Araba) kultura aldetik duen interesa ikusita eta indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eliza Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera ematea erabaki zuen 2011ko uztailaren 28ko Ebazpenaren bidez (abuztuaren 29ko EHAA, 163. zk. eta abuztuaren 10eko ALHAO, 94. zk.).
Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.
Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, Fernando Ruiz de Azua Apaolazak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen.
Alegaziogilea Arrazua-Ubarrundiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin-behineko onarpen-agirian katalogatuta dauden bi hiri-finkaren jabe da 2. poligonoko 37 eta 40 katastro-erreferentziak. Bata, 37 katastro-erreferentzia duena, zati batean bizilekutarako azpieremu pribatuko hiri-lurzoru gisa, eta beste zati batean lurzoru urbanizaezin gisa; eta bestea, 40 katastro-erreferentzia duena, bizilekutarako azpieremu pribatuko hiri-lurzoru gisa. Finka horiek eraikuntza orotik libre daude.
Espedientean proposatutako mugaketak, eraikina bera eta elizaren fatxadetatik 30 metroko distantzirainoko ingurunea hartzen ditu, elizaren inguruan angeluzuzena deskribatuz. Mugaketa-eremu horren arabera, Fernando Ruiz de Azua Apaolazaren bi partzelak, ia osorik, eremu horren barruan kokatzen dira. Alegaziogileak dio ez dakiela ondasuna mugaketa-eremuan sartzeak ze kalte egingo liokeen partzelak eraikinak egiteko erabiltzeko aukerari, eta, beraz, proposatutako 30 metrotik 10 metrora gutxitzea eskatzen du.
Alegazio horiei erantzuteko, esan behar da ondasun bat babesten denean, ondasuna behar bezala babesteko eta balioa emateko eremu bat ezartzen dela ondasunaren inguruan. Mendebaldean 30 metroko distantzia gordetzea beharrezko dela irizten da, mugaketa-eremuetatik eta kanpotik kultur ondasuna ondo ikusi ahal izateko. Babes hori kentzeak, ondasunak paisaian egun duen eraikin exento izaera nolabait galduaraziko lioketen jarduera desegokiak burutu ahal izatea ekarriko luke, ondasuna kontenplatzea zailduko luke eta multzoaren bolumetria aldatuko luke.
Bestalde, partzela eraikintzarako erabiltzeari dagokionez, esan behar da hirigintza-planeamenduaren arabera egin beharko dela hori, eta, edozein kasutan ere, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera. Lege horren arabera, lurzoruaren jabetzaren legezko edukiaren parte da ondasun historiko, kultural eta artistikoaren legeetatik, eta, nolanahi ere, babestutako ondasunen katalogoetan jasota egoteagatik hirigintza-planeamendutik lurzorurako, eraikuntzarako, eraikinetarako eta instalazioetarako ondorioztutako mugak errespetatzeko betebeharra. Hori dela eta, otsailaren 29ko 84/2012 Foru Aginduak, Arratzua-Ubarrundiako udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren espedientea zati batean onartu ez, zati batean bertan behera utzi eta zati batean behin betiko onartzen duenak, behin betikoz onartzen du HAPO, besteak beste, Zirianoko San Joan Ebanjelariaren Eliza katalogoan sartzeko baldintzapean, eta, horri dagokionez, espresuki aipatzen du 2011ko uztailaren 28ko Ebazpena, Zirianoko San Joan Ebanjelariaren Eliza Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean monumentu kategoriarekin jaso dadila sustatzen duena.
Hori guztia aztertuta, mugaketa-eremua gutxitzeko eskaria ezesten da.
Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Zirianoko San Joan Ebanjelariaren Eliza (Arrazua-Ubarrundia, Araba), monumentu kategoriako kultur ondasun gisa, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketarekin, II. eranskinean adierazitako baldintzetan eta III. eranskinean jasota dagoen erretaulatarako eta hormako margolanetarako jardunbidearen arabera.
Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Laugarrena. Higiezina babesteko eskaria egitea Arrazua-Ubarrundiako udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartuz.
Bosgarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, Arrazua-Ubarrundiako udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.
Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea.
Lehenengoa. Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 3a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Mugaketaren deskripzioa.
Hauek daude mugatutako eremuaren barnean: batetik, eraikina bera eta, bestetik, eraikinaren ingurua. Hauek dira mugak: iparraldean, fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, eraikinetik 30 metrora dagoena; ekialdean, fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, eraikinetik 30 metrora dagoena; mendebaldean, fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, eraikinetik 30 metrora dagoena; eta, hegoaldean, fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, eraikinetik 30 metrora dagoena.
Mugaketaren justifikazioa.
Mugak finkatzearen arrazoia da Zirianoko San Joan Ebanjelariaren elizaren balioa babestu behar dela, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai paisaiaren ikuspegitik; alegia, ondarea behar bezala babestu eta balioetsi behar dela. Mugak finkatzeak elizaren inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea babestea dakar berekin, elizaren bereizgarritasunak kontserbatzeko, eta, hori dela eta, elizaren eraikina ez ezik, ingurua ere dago mugen barnean.
Zirianoko San Joan Ebanjelariaren eliza eraikin interesgarria da ikuspegi historiko eta arkitektonikotik, eta, gainera, gangetan eta erretaula nagusian dituen margolanak interesgarriak dira ikuspegi artistikotik. Gangak XVI. mendeko Arabako pintzeladuraren nahiko adierazle garbiak dira; San Joan Ebanjelariaren erretaula nagusia, berriz, bertan jartzeko diseinatu zuten berariaz, XVII. mendean, eta elizaren berezko elementutzat hartu behar da. Bestalde, gurutzadurako erretaula barrokoek (Andre Maria Arrosariokoarenak eta San Prudentziorenak) eta habeartearen alboetan daudenek (San Anton abadearenak eta San Isidrorenak) multzo esanguratsua osatzen dute elizaren barnean, eta, gainera, badira zenbait kalitatetako irudi higigarriak ere, deskripzio honetan zerrendatuko ditugunak. Elementu horiek guztiak direla medio, eliza oso interesgarria da ikuspegi historiko eta arkitektonikotik eta ikuspegi artistikotik.
Eraikinaren deskripzioa.
Kanpoaldean, eraikina harlangaitzezkoa da, baina, eskantzuetan, baoetan eta horma-bularretan, harlanduz eginda dago. Hegoaldean du ataria, nahiko xumea. Portada ateburuduna da, eta ateburuaren gaineko apaingarriek dobelen itxura dute. Portadak pilastrak ditu alboetan, baina harroinek eta kapitelek bakarrik iraun dute zutik. Atariko teilatuak taulamenduaren zati handi bat estaltzen du. Hegoaldean, elizak apaizetxea zuen atxikita, baina, egun, hondatuta dago apaizetxea. Dorrea elizaren hego-mendebaldean dago, oinplano karratukoa da eta, gainean, erdi-puntuko sei arku ditu, karilloia ixteko.
Gurutze latindarraren formako oinplanoa du tenpluak. Habearteak, berriz, bi zati ditu, eta burualde zuzena. XVI. mendeko arku tertzelete eta kopatuko gangek estaltzen dute, zutabe erdietan zurkaiztuta. Epistola eratzen duen gurutzaduraren besoan, erdi-puntuko arkuaren formako leihate molduratu bat dago, arku trilobulatuko trazeriadun bao germinatu baten gainean. Gurutzaduraren besoak motzak dira, eta nerbiodun gangek estaltzen dituzte. Tenpluaren oinaldean bada koru garai bat, nahiko landugabea. Sakristia XVI. mendekoa da, eta arku tertzelete eta kopatuko ganga batek estaltzen du.
Horma-irudiak eta erretaulak.
Elizaren barnealdean, erdiko habearteko gangak (bai burualdekoa, burualdea bera eta presbiterioa estaltzen dituena, bai habeartearen bi zatiak estaltzen dituztenak) tenpera-pinturaz apainduta daude, eta margolan horietatik asko XVI. mendeko pintzeladuraren barnean daude. XVI. mendeko pintzeladura mende horretako eraikin erlijiosoetako paramentuetan eta gangetan landu zen, eta oso erabilia izan zen Araban.
Polikromia finak dira, lehen zatikoak (burualdekoak) batez ere, eta horma-atalak apaintzen dituzte, gangetako arku tertzeleteetako nerbioen artean. Lehen zatian zenbait motibo plateresko ageri dira: kupidoak, haur biluziak loreontzietatik irteten, girlandak eta zurtoin okerrak, baita motibo geometrikoak ere. Muturretan, Elizako lau doktoreak daude, eta, giltzarrietan, San Joan Ebanjelaria ageri da erdikoan, eta loreak eta izarrak gainerakoetan.
Erdiko zatiaren dekorazioa antzeko estilokoa da: emakumezkoen irudiak, gizon hegaldunak, hegaztiak eta alegiazko animalien buruak ageri dira. Erdiko giltzarrian, Aita Betikoa ageri da, eta gainerako giltzarrien dekorazioa lehen zatikoenaren antzekoa da.
Oinaldeko zatia (korua estaltzen duena) XVII. mendeko polikromia eskasagoez apainduta dago, eta motibo geometrikoak ageri dira, kasetoi moduko laukiez eratutakoak. Muturretan, lau apostoluen margolanak daude, marko kiribilduen barnean, eta, gangaren erdiko giltzarrian, kaliza bat ageri da, latinezko idazkun baten barnean.
Gurutzadurako gangetako giltzarriak askotariko motiboez apainduta daude, hala nola errosetez, armarriez, motibo sinbolikoez eta pasioko tresnez, eta sakristiakoak, berriz, loreez eta errosetez.
Elizari atxikitako ondasun higigarrien multzoaren barnean, nabarmentzekoa da erretaula nagusia, San Joan Ebanjelariarena eta XVII. mendearen bigarren erdialdekoa. Elizaren burualde osoa betetzen du, urre-koloreko egur polikromatuzkoa da eta basamentuak, hiru kaleko bi gorputzek eta atikoak eratzen dute; kaleen artean, korintoar zutabeak daude, binaka, eta, atikoan, frontoi kurbatu bat. Zenbait eskultore aritu ziren erretaulako eskulturan lanean, eta, tartean, Antonio Alloitiz ibili zen. Eskultura batzuetan Gregorio Fernándezen eskolaren eragina nabari da argi eta garbi.
Basamentuaren erdialdean, sagrarioa dago, baina haren ateak ez erliebeek ez dute iraun. Lehen gorputzean, erdiko kalean, San Joan Ebanjelariaren irudia dago, hari sagaratu baitzioten eliza, eta, haren gainean, bigarren gorputzean, Maria Sortzez Garbiaren eskultura. Atikoan, kalbarioa ageri da, boluta handien artean. Alboko kaleetan, lehen gorputzean, San Joanen zigorraldiaren eta martirioaren erliebeak daude, eta, bigarrenean, Deikundea eta Ikustaldia.
Gurutzaduraren besoetan, Andre Maria Arrosariokoaren eta San Prudentzioren XVIII. mendeko erretaula barrokoak daude. Egitura nagusiak Martin Luzuriagak egin zituen, eta basamentuak, gorputz batek eta atikoak eratzen dituzte; gorputzek salomondar zutabeak dituzte alboetan Andre Maria Arrosariokoaren erretaulan, Andre Mariaren beraren eskultura bat dago erdian, eta, San Prudentziorenean, santuaren margolan bat, eta atikoak pinturaz eta landare-motibo ugariz apainduta daude eta lore handi bana dute gainean.
Bestalde, habeartearen albo bietan, San Anton abadearen eta San Isidroren erretaulak daude, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoak. Arrokaiaz apaindutako marko laukizuzenak dira, eta frontoi zatitu bana dute gainean, eta murko bat haren erdian. Hurrenez hurren, San Anton abadearen eta San Isidroren beren margolanak dituzte barnean. Elizaren barnealdean, eskuineko aldean, pulpitua dago. Burdinazko baranda eta egurrezko ahots-islagailua ditu pulpituak, eta eskultura bat du gainean.
Gainera, badira zenbait kalitatetako olio-pintura batzuk, XVII. eta XVIII. mendeetakoak gehienak:
Bi hirutasunak.
San Jeronimo.
San Jose eta haurra.
Santa Koleta.
Santa Maria Magdalena bere bitxiei uko egiten.
San Agustin.
San Anbrosio.
San Gregorio.
Andre Mariaren heziketa.
San Ignazio Loiolakoaren alegoria.
Horma-irudietan eta erretauletan egiten diren zuzeneko eta zeharkako lan guztien helburuak izan behar du haiek babestea eta gerora begira osorik transmititzea. Horma-irudiak eta erretaulak kontserbatzeko prebentzio-lanek lehentasun handiagoa dute zuzeneko lanek baino, eta ondarea ez aldatzeko eta kalteak geldiarazteko beharrezko baldintzak prestatu behar dira.
Ondarean lanik egitekotan, hura egoera onean kontserbatzeko beharrezkoa dena baino ez da egin behar, edo, egoera txarrean badago, hura ulertzeko eta gerora begira transmititzeko beharrezkoa dena baino ez. Horrenbestez, ezinbestekoak diren lanak baino ez dira egin behar, margolanen edo erretaulen ezaugarriak errespetatu behar dira eta ez da erabili behar tratamendu sakonegirik, ezta irudimena gehiegi erabili eta interpretazio bitxirik egin ere. Aitzitik, ondasunaren historikotasuna errespetatu behar da.
Margolanetan edota erretauletan egiten diren zuzeneko lan guztiek adituek nabaritzeko modukoak izan behar dute, baita elkarrekin bateragarriak eta egonkorrak ere, eta deuseztatzeko modukoak izan behar dute. Margolanak eta erretaulak kontserbatzeko edo zaharberritzeko tratamendu edo metodoren bat aplikatu aurretik, saioak egin behar dira, hura kaltegarria ez dela eta eraginkorra dela egiaztatzeko. Proba analitikoek ahalik eta mugatuenak izan behar dute, eta lanetan gutxien ikusten diren aldeetan egin behar dira.
Eraikina egoera onean mantendu behar da ahal den neurrian, aldiro-aldiro, eta, edozein lan mota egiteko, kontuan hartu behar dira horma-irudien berezitasunak, haiek babesteko. Ildo horretan, horma-irudien kontserbazioan eta zaharberritzean adituak diren teknikarien laguntza eta aholkularitza finkatu behar du lanak egiteko proiektuak, margolanak babesteko neurri egokiak hartzen direla ziurtatzeko eta haiei kalterik egiteko arriskua ahalik eta txikiena izateko. Gainera, erretaulei kalterik ez egiteko beharrezko neurriak hartu behar dira.
Margolanetan edota erretauletan zuzeneko lanen bat egin aurretik, hari buruzko proiektu teknikoa egin behar dute horretan adituak diren profesionalek. Lanak amaitu ondoren, berriz, egindako lanen txostena egin behar da, haiei buruzko informazioa idatziz jasotzeko.
Horma-irudiek in situ gelditu behar dute, eta muturreko egoeretan bakarrik ken eta lekualda daitezke, tratamenduak in situ aplikatzea bideraezina denean. Egoera horietan, horma-irudiak kentzen eta lekualdatzen adituak diren profesionalen talde batek erabaki behar du hori egitea, eta, ezer egin aurretik, proiektu teknikoa egin behar da.
Erretaulen eta margolan higigarrien kasuan, berriz, egoera hauetan bakarrik onar daiteke osorik edo zatika lekualdatzea: dauden lekuan haiek babesteko gutxieneko baldintzak betetzen ez direnean; erretauletan eta margolanetan egin beharreko lanek horretara behartzen dutenean; eta aldi bateko erakusketaren baterako lagatzen direnean, betiere, haiek kontserbatzeko, mugitzeko eta erakusteko baldintza egokiak betetzen badira.
(Ikus .PDF)


