- AGINDUA, 2012ko abenduaren 14koa, ekainaren 12koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, 107/2012 Dekretuan adierazitakoak ebazteko eta jakinarazteko epeak luzatzeko dena (Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa da dekretu hori). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2012ko abenduaren 14koa, ekainaren 12koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, 107/2012 Dekretuan adierazitakoak ebazteko eta jakinarazteko epeak luzatzeko dena (Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa da dekretu hori).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 6
- Hurrenkera-zk.: 136
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/12/14
- Argitaratze-data: 2013/01/09
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ogasun; Herrizaingoa
Testu legala
Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa denak, bere 9.10 artikuluan, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari ematen dio eskumena gaur egun Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburu denari, irailaren 2ko 13/2012 Dekretuaren arabera, biktima zein den ebazteko, bai eta, halakorik balego, dagokion ordaina emateko, edo eskabidea onartzeko edo baztertzeko ere.
Ebazpen horrek agindu forma hartu behar du, Jaurlaritzari buruzko Legearen 61. eta 65. artikuluen arabera (7/1981 Legea, ekainaren 30ekoa), eta 107/2012 Dekretu horretan aurreikusitako Balorazio Batzordearen txosten arrazoitua jakinarazi ondoren eman behar da. Txosten horren barruan joan behar dira egindako azterketa eta probak, bai eta biktimaren giza eskubideak urratzea eragin zuten gertakarien laburpena ere. Batzordearen iritziz eskatzaileak diruzko ordaina jaso behar badu, konpentsazio-proposamena ere txosten horretan bertan azalduko du.
Agindu horri dagokionez, osorik edo hein batean onartu egin behar ditu, edota gaitzetsi, eskabidean aipatutako nahiak, edo onartezintzat jo; eta erabakita utzi behar dira prozeduran agertzen diren formako eta edukiko arazo guztiak, interesdunek alegatutakoak izan ala ez izan. Betiere, agindua bat etorriko da egindako eskaerekin, eta arrazoiak emango ditu, gertakariak eta zuzenbideko oinarriak zehaztuz. Era horretan, txosten edo irizpen horiek onartzea motibazioa izango da ebazpenarentzat, haren testuari gehitzen zaizkionean (ex 30/1992 Legearen (HAAJL) 89. artikulua).
Une honetan, guztira 63 eskaera daude 107/2012 Dekretuaren babesean aurkeztuta eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak bidalitako justifikazio-memoriarekin. 2012ko uztailaren 20an aipatutako Balorazio Batzordea eratu zenetik, eskabide horiek izapidetzen ari dira eta, dagoeneko 8 eskaeren aldeko erabakia hartu da. 107/2012 Dekretuko 6. artikuluak agintzen duenez, eskaeren izapideak, beti, Balorazio Batzordeak egin behar ditu, dekretu horretako 9. artikuluak ezarritako prozeduraren arabera horixe baita aurkeztutako eskaerak izapidetu eta baloratzeko eskumena duen kide anitzeko organo independente bakarra.
Ildo horretan 107/2012 Dekretuko 9. artikulu horrek 11. paragrafoan ezartzen du ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean jakinarazi behar zaiola interesdunari, eskabideari dena delako erregistroan sarrera eman zitzaion egunetik aurrera kontatuta. 107/2012 Dekretuko 9. artikulu horren 12. paragrafoak agintzen duenaren arabera, berriz, epe horretan ebazpenik izan ezean, eskabideak administrazioaren isilbidez ezetsitzat jo direla pentsatu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (HAAJL) 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
Bestalde, behin eta berriz aipatzen ari garen HAAJLk ematen ditu halako eskaerak izapidetzeko pausoak; 107/2012 Dekretuko 9.1 artikuluak ere hori ezartzen du eta, horrela, besteak beste, prozedura ebatzi eta ebazpena jakinarazteko legez ezarri den gehieneko epea eten egin daiteke ondorengo kasuotan: esate baterako, ebazpenaren nondik norakoak zehazteko beharrezkoa denean administrazio berean zein beste batean organo bati txostena eskatzea. Kasu horretan, epea etenda egongo da txosten-eskaria egiten denetik txostena jasotzen den arte. Aipatutako legeko 42. artikuluko 5.c) idatz-zatiaren arabera, etenaldi hori ezin izan daiteke hiru hilabetekoa baino luzeagoa.
Ildo berberetik, HAAJLko 42.6 artikuluak aukera ematen du ebazpena eta jakinarazpena egiteko gehieneko epea luzatzeko. Hain zuzen ere, ezohiko egoeretan gerta daiteke hori, egindako eskaeren edo eraginpeko pertsonen kopurua dela-eta ezinezkoa denean ezarritako epean ebazpena ematea. Prozedura-lege horren 49. artikuluaren arabera, luzapena arrazoitu egin beharko da, interesdunei jakinarazi beharko zaie ezarritako epea igaro baino lehen, eta ezin izango da errekurtsorik jarri.
Horregatik guztiagatik, aipatutako oinarri eta aginduak ikusita, bai eta horiek aplikatzeko gainerako arauak ere, honako hau
Lehenengoa. Ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak aurreikusten dituen ebazpen- eta jakinarazpen-epeak luzatzeko agintzea, dekretu horretako 6. artikuluan ezarritako Balorazio Batzordeari aurkeztutako eskaerak izapidetzeko. Luzapena gehienez bederatzi hilabetekoa izango da.
Bigarrena. Balorazio Batzordeak 107/2012 Dekretuko 9.9 artikuluan adierazitako txosten arrazoitua egiteko behar adinako denborakoa izango da luzapena. Txosten hori jakinarazi ondoren, eskatzaileen biktima-izaerari buruzko ebazpenak emango dira, eta ebazpen horietan adieraziko da ordaina jasotzeko eskubidea dagokien hala ez, eta eskaera onartzen zaien edo ez.
Hirugarrena. Eskabideak ezin izango dira administrazio-isiltasunarengatik ezetsitzat jo, Balorazio Batzordeari aurkeztutako eskaerak izapidetzeko eta ebazpen bakoitzaren jakinarazpen fede-emailea egiteko luzatu den epea bukatu arte.
Laugarrena. Luzapen-agindu hau EHAAn argitaratzeko agintzea, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuarekin bat etorriz eskaera aurkeztu duten interesdun guztiak jakinaren gainean egon daitezen (Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa da dekretu hori).
Bosgarrena. Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari eta, HAAJLko 42.6 eta 49.3 artikuluek ezarritakoaren arabera, ezin zaio errekurtsorik jarri. Nolanahi ere, interesdunek bidezkotzat jotzen duten beste edozein bide har dezakete.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 14a.
Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.


