Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2013ko urtarrilaren 8koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena. Honen bidez, hauteskunde-deialdia egiten da, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kideak aukeratzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko urtarrilaren 8koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena. Honen bidez, hauteskunde-deialdia egiten da, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kideak aukeratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 696
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/01/08
  • Argitaratze-data: 2013/02/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Herri Administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Aginduaren bitartez, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deituraren Arautegia onartu zen, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deituraren Arautegia aldatu zen eta haren testu bategina onartu. Bada, aipatutako lehenengo arautegi horretako 32.3 artikuluan ezartzen denez, Kontseilu Arautzaileko hautetsiak lau urtetik behin berrituko dira, eta lehengo kideak berriro hautatu ahal izango dira. Hautatutako kontseilukideen agintaldia bukatuta dagoenez, hauteskundeak deitu eta arautu behar dira.

Horren ondorioz, honako hau

Agindu honen bidez, «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko 6 kontseilukideak hautatzeko prozedura ezarri eta hartarako deia egiten da. Kontseilukide horiek Jatorrizko Deituraren Arautegiaren 32. artikuluko 1. paragrafoko c) eta d) idatzi-zatietan aipatutako sektoreen ordezkariak izango dira, mahats-ekoizleen eta elaboratzaileen ordezkariak, alegia.

  1. Hauteskunde-prozesura egokitu beharko da egutegia (ikus I. eranskina).

  2. Hauteskunde-egutegian finkatutako egunen bat larunbata, igandea edo jaieguna baldin bada, haren ordez hurrengo egun balioduna erabiliko da.

  3. Hauteskunde-egutegiari dagokionez, baliogabe deklaratzen da 2013ko martxoaren 23tik 2013ko apirilaren 7ra arteko aldia, biak barne.

  1. «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordea (JDHB) sortzen da.

  2. Hauteskunde Batzordea Kontseilu Arautzailearen egoitzan kokatuko da, hau da, Leioako (Bizkaia) Mendibile Auzoko 42 zenbakian, Mendibile Jauregian. Batzordekideak hauek izango dira:

    Batzordeko lehendakaria: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean elikagaien kalitatearen eskumena duen zuzendaritzako titularrak izendatuko du.

    Batzordeko lehendakariordea: Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren ardura duenak izendatuko du.

    Batzordekideak:

    (1) Aholkulari juridiko bat, elikagaien kalitatearen eskumena duen zuzendaritzaren titularrak izendatua; batzordeko idazkari-eginkizunak egingo ditu.

    (1) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean nekazaritza eta abeltzaintzaren eskumena duen zuzendaritzako titularrak izendaturiko pertsona bat.

    (1) Nekazaritza Erakunde Profesionalen ordezkari bat; Jatorrizko Deituraren lurralde-eremuan ezarritako Nekazaritza Erakunde Profesionalen akordio bidez izendatuko da.

    Hauteskunde Batzordea eratzeko eguna I. eranskinean ezarritakoa baino lehen hitzartu beharko da akordio hori. Ordurako akordiorik ez badago, berriz, Batzordea eratzeko egunean egingo da izendapena, zozketa bidez, ordezkari izateko aurkeztutako hautagaien artean.

    (1) «Bizkaiko Txakolina/Txakoli de Bizkaia/Chacolí de Bizkaia» Jatorrizko Deituraren idazkari gerentea.

  3. Hona hemen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

    1. Jatorrizko Deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea eta jendaurrean jartzea, horretarako zehaztuko diren tokietan, hain zuzen ere.

    2. Aipatutako erroldei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta ebazpen horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea elikagaien kalitatearen eskumena duen zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.

    3. Behin betiko erroldak onestea.

    4. Kontseilukide izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.

    5. Hautagaiak aldarrikatzea.

    6. Hauteskunde Mahaia eratzea.

    7. Bozketak zaintzea.

    8. Hautatutako kontseilukideak aldarrikatzea.

    9. Hauteskunde-prozesu osoa bermatzea, harik eta Kontseilu Arautzaileko lehendakari eta lehendakariordea proposatzen diren arte.

  4. Idazkariaren zeregina agiriak zaintzea eta erabakiak betearaztea izango da.

HAUTESLE-ERROLDAK egitea eta jendaurrean jartzea

  1. Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesle-erroldak eta/edo azpierroldak, betiere Jatorrizko Deituraren Arautegiko 15. artikuluan jasotako erregistroetan, agindu hau indarrean jartzen den momentuan, inskribaturik dauden pertsonekin, eta honako era honetan:

    1. Mahastizainen erroldan hiru (3) azpierrolda ezarri dira:

      1. 1: 2012ko uztailaren 31n 3,5 hektarea baino gutxiago inskribatuta duten mahastizainen azpierrolda; kontseilukide bat hautatuko du.

      1. 2: 2012ko uztailaren 31n 3,5 hektarea edo gehiago eta 10 hektarea baino gutxiago inskribatuta duten mahastizainen azpierrolda; kontseilukide bat hautatuko du.

      1. 3: 2012ko uztailaren 31n 10 hektarea edo gehiago inskribatuta duten mahastizainen azpierrolda; kontseilukide bat hautatuko du.

    2. Upelategien erroldan, hiru (3) azpierrolda ezarri dira:

    1. 1: 2012ko uztailaren 31ra arte 40.000 litrotik behera elaboratu duten upelategiak; kontseilukide bat hatutatuko dute.

    1. 2: 2012ko uztailaren 31ra arte 40.000 litro edo gehiago eta 140.000 litrotik behera elaboratu duten upelategiak; kontseilukide bat hatutatuko dute.

    1. 3: 2012ko uztailaren 31ra arte 140.000 litro edo gehiago elaboratu duten upelategiak; kontseilukide bat hautatuko dute.

  2. Ekoizleen eta elaboratzaileen errolda bakoitzean hiru pertsona izango dira kontseilu-kide, eta dagozkien azpierroldetan kontseilu-kide bat azpierrolda bakoitzeko. Horregatik, II. eranskinean (boto-papera), titular eta ordezko baten izendapena baino ez da jasotzen.

Hautesleen erroldetan agertu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

  1. Agindu hau indarrean jartzen denean, Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egon behar da.

  2. Jatorrizko Deituraren Arautegiak arautzen dituen arloetan arau-hauste larriak egiteagatik zehapenik ez izatea, agindu hau argitaratu aurreko urtean.

  3. Ezin egon daiteke eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik.

    Kontseilu Arautzailearen erregistroetan azaltzen den pertsona bera izango da eskubidearen jabea.

  4. Egunean izatea Jatorrizko Deiturari dagokionez ezarritako kuotak eta gainerako betebeharrak.

Elikagaien kalitatearen eskumena duen zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera egingo dira hautesle-erroldak. Errolda horietan, ordena alfabetikoaren arabera azalduko dira hautesleak udalerri bakoitzean.

  1. Kontseilua Arautzaileak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio hautesle-erroldak, jendaurrean jartzeko behar den beste ale bidali ere. Hauteskunde Batzordeak, bestalde, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ondoren, bete beharreko eginbideak beteko ditu hautesle-erroldak bideratzeko, betiere, Batzordeko idazkariaren izenpearekin eta batzordeburuaren oniritziarekin. Batzordeak agindua emango du erroldak jendaurrean jartzeko Kontseilu Arautzailearen egoitzan, Bizkaiko nekazaritzako eskualde-bulegoetan eta elikagaien kalitatearen eskumena duen zuzendaritzan.

  2. Erroldei buruzko erreklamazioak eta errekurtsoak I. eranskineko egutegiaren arabera egin beharko dira.

  3. Aldi berean ekoizleen (Mahastien Erregistroa) eta elaboratzaileen (Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upeltegien Erregistroa) hautesle-erroldetan inskribatuta dauden titularrek bi erroldetarako botoa eman ahal izango dute.

Kontseilu arautzaileko kide izateko hautagaien aurkezpena: Hautagaiak aldarrikatzea

  1. Errolda/azpierrolda bakoitzean ageri direnak izango dira errolda/azpierrolda bakoitzeko kontseilukideak aukeratzeko hautagai, betiere Jatorrizko Deituraren Arautegiak arautzen dituen arloetan arau-hauste larriak egiteagatik zehapenik izan ez badute, agindu hau argitaratu aurreko urtean.

  2. Kontseilukideak eta ordezkoak hautatzeko hautagai-zerrendak irekiak izango dira errolda/azpierrolda bakoitzean.

  3. Talde bakoitza ordezkatu behar duten kontseilukideak aukeratzeko hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio. Horretarako, aldarrikapen-eskabidea aurkeztu behar da, I. eranskinean zehaztutako epean.

  4. Inork, ez norberaren izenean, ez besteren baten izenean, ezingo du kidetza bat baino gehiago izan Kontseiluan.

  1. Nekazaritzako erakundeek, lanbide-elkarteek eta independenteek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak; baina, betiere, dena delako errolda edo azpierroldako hautesleen ehuneko hogeiren (% 20) abala beharko dute.

  2. Ezein nekazaritza erakunde profesionalek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda edo azpierrolda bakoitzeko. Hautagaien zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.

  3. Baldin eta nekazaritzako erakunde profesional bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek aurkeztuz gero.

  4. Nekazaritza erakunde profesionalek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.

  5. Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatu beharko da Hauteskunde Batzordearen aurrean, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan azaltzen ote diren egiaztatuko du Batzordeak.

  6. Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, honako datu hauek argi azalduta:

    1. Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena eta hautagai-zerrendarena.

    2. Zerrendako hautagaien izen-abizenak.

    3. Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.

      Hauteskunde Batzordeko idazkariak jasoko du zerrenda zein egunetan eta zein ordutan aurkeztu den, horretarako bete beharreko eginbideak beteta.

  7. Hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain, zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, adierazpen hori zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.

  8. Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko idazkariari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.

  1. Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzen denean, hautagaien zerrendak irmoak izango dira, eta Hauteskunde Batzordeak hala aldarrikatuko ditu. Batzordeak, halaber, ofizioz edo erreklamazioren batek eraginda, bazter utziko ditu hautagarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten hautagai-zerrendak edota aurkezteko nahiz aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.

  2. Hautagai-zerrendak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak jendaurrean jarriko ditu, 7.1 artikuluan hautesle-erroldak ikusgai jartzeko adierazitako tokietan, hain zuzen ere.

  3. Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta jendaurrean jarri ondoren, haren aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren barruan dagokion sailburuordetzari, betiere I. eranskineko epeen arabera.

  4. Erroldaren edo azpierroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu kontseilukide eta ordezko, eta bozketarik egin gabe esleituko dizkie kontseilukide postuak. Eta hori bera kasu guztietan gertatuz gero, hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du: aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira eta lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte, horretarako zehaztuko den egunean.

  1. Hauteskunde Mahaiaren zereginak hauek dira: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.

  2. Hauteskunde Batzordeak izendatutako mahaiburu batek eta bi mahaikidek osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Agindu honetako I. eranskinean azaltzen den egunean, zozketaren bidez hautatuko dira karguok hautesleen artetik. Jardunbide bera erabiliz, mahaiburuaren eta mahaikideen bina ordezko izendatuko dira.

    Kontseilukide izateko hautagaiak eta haien ordezkoak ezin izango dira Hauteskunde Mahaiko kide.

  3. Hautagai-zerrendek ikuskatzaileak izendatu ahal izango dituzte (Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko diote), bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten eta Hauteskunde Mahaian parte har dezaten. Ikuskatzaile horiek hautesle-erroldan ageri behar dute eta ezingo dira hautagai izan.

  1. Hauteskunde-mahaian aritu beharra nahitaezkoa da. Izendapena egin ondoren, interesatuei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, delako arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epearen barruan. Hauteskunde Batzordeak, horrelakoetan, ebazpena emango du, eta ezingo zaio errekurtsorik jarri.

  2. Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti Mahaia eratu baino lehenago. Horrelako kasuetan ere, Batzordeak berehala emango du ebazpena.

  3. Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak agertzen ez badira, agertutako kideren batek hala jakinaraziko dio Hauteskunde Batzordeari; Batzordeak, jarraian, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egiteko pertsona egokiak izendatu ahal izango ditu askatasunez.

  1. Bozketa-egunean, mahaiburua eta mahaikideak, bai eta ordezkoak ere, 09:00etan elkartuko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.

  2. Mahaiburua azaltzen ez bada, lehenengo ordezkoak ordeztuko du, eta hori ere azaltzen ez bada, bigarren ordezkoak. Bigarren ordezkoa ere azaltzen ez bada, lehenengo mahaikideak eta bigarrenak, hurrenez hurren. Mahaiburuaren tokian diharduen mahaikidearen eta bertaratzen ez direnen tokiak haien ordezkoek beteko dituzte.

  3. Hauteskunde Mahaia ezingo da inola ere eratu, mahaiburua eta bi mahaikide han ez badaude.

  4. Mahaiburuak, 09:30ean, Hauteskunde Mahaiaren eraketa-akta egingo du, eta berak, mahaikideek eta, halakorik bada, ikuskatzaileek izenpetuko dute.

  5. Aktan honako hauek jasoko dira, ezinbestez: Hauteskunde Mahaia osatzen duten pertsonak, ikuskatzaileen zerrenda, halakorik bada, eta beroiek ordezkatzen duten hautagaitza.

  6. Mahaiburuak, bozketa egiten den lekuan, aginte-ahalmen osoa izango du ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea betetzen dela ziurtatzeko.

  1. Hauteskunde Mahaiak bete eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dizkion agiriak hauek dira:

    Mahaiaren eraketa-akta.

    Ikuskatzaileen zerrenda.

    Boto-zenbaketaren akta.

  2. Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo mahaiko ikuskatzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak egingo ditu.

  3. Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Mahaiari, mahaiburuak izenpetutako jaso-agiriaren truke. Hautagai-zerrenden ordezkariei ere emango zaizkie, errolda bakoitzean inskribatutako hautesle-kopuruaren heinean eman ere.

  4. Boto-paperak eta gutun-azalak Hauteskunde Batzordeak zehaztutako koloreetan egingo dira, eta horien ezaugarriak II. eranskinean adierazita daude.

  1. Mahaiaren eraketa-akta egindakoan, 10:00etan hasiko da bozketa, eta ordutegi honetan burutuko da: 10:00etatik 14:00ak arte, eta 15:00etatik 20:00ak arte.

  2. Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, eta hasita badago, bertan behera uzteko; horren erantzulea mahaiburua izango da. Mahaiburuak, idazki arrazoituaren bidez, horri buruzko ebazpena emango du. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, kontuak eska ditzan. Aipatutako idazkiaren kopia mahaiburuaren esku geratuko da.

  3. Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontutan hartuko, ez eta zenbatuko ere. Mahaiburuak hautestontzietako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.

  4. Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egotea eta bere nortasuna NANaren edo pasaportearen bidez frogatzea.

  5. Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin inolako hautagai-zerrendaren alde.

  6. Bozketa egiten den lekuan bi hautestontzi jarriko dira: hautestontzi bat, Mahastien Erregistroaren Erroldan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko, eta, beste bat, Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upelategien Erregistroan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko. Bi erroldetan, inskribatukoek boto bana ematea izango dute.

  7. Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta mahaiburuak emango dio hasiera, honako hau esanda: «bozketa hasi egin da». Hautesleak banan-banan inguratuko dira mahaira, eta mahaikideek eta ikuskatzaileek hautesle-erroldak aztertu eta boto-emailearen izena han ageri dela eta bere nortasuna benetakoa dela egiaztatu ondoren, botoa ematera joan dela idatziko dute. Ondoren, hautesleak eskutik eskura emango dio botoa mahaiburuari, gutun-azal batean sartuta. Mahaiburuak hauteslearen izena eta «bozkatu» esan, eta boto-papera sartuko du dagokion hautestontzian.

  8. 20:00etan, mahaiburuak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du, eta ez dio inori sartzen utziko bozketa-tokira. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, mahaiburuak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.

    Ondoren, mahaiburuak, mahaikideek eta -egonez gero- kontu-hartzaileek emango dute botoa. Eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.

  9. Mahaiburuak jasotako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua bi halako izan behar du.

  10. Kontseilu Arautzailearen barruko errolda bakoitzari kontseilukide-kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez ere, beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.

  1. Bozketa bukatutakoan, mahaiburuak bozketa itxita dagoela adieraziko du eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautestontzietatik, eta ozenki irakurriko dira aukeratutako hautagaien izenak. Mahaiburuak boto-paperak irakurriko dizkie mahaikide eta ikuskatzaileei; jarraian, boto-paperak erakutsiko dizkie; eta, azkenean, egiaztatuko da boto-paperen kopurua eta zenbatutako hautesleena bat ote datozen.

  2. Baliogabeko botoak hauek izango dira:

    1. Ofiziala ez den boto-paperean emandako botoa.

    2. Edozein arrazoi dela-eta, aukeratutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion kontseilukide-kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.

  3. Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.

  4. Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, mahaiburuak galdetuko du proposamenik ote dagoen boto-zenbaketaren aurka. Proposamenik egiten ez bada, edo egindakoak mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, mahaiburuak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeko boto-paperena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.

  5. Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautestontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, baliogabeko bototzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita.

  6. Zeregin guztiak amaituta, mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskatzaileek (ikuskatzailerik badago) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan, honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabekoena, boto zuriena eta aldarrikatutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, honako hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo protestak, Mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik egonez gero), beti ere gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).

  7. Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da eta bozketa egin den egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, bai eta bozketaren eraketako akta, eta baliogabeko boto-paperak eta erreklamazioa izan dutenak ere.

Hautatutako kontseilukide titular eta ordezkoen aldarrikapena, eta kontseilu arautzaileko lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko prozedura

  1. Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak kontseilukide-karguak esleituko ditu, ondoko irizpide hauen arabera:

    1. Errolda edo azpierrolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiak izango dira kontseilukideak; eta ordezkoen postuak boto-paperetan ordezko agertzen direnei esleituko zaizkie.

    2. Hainbanakorik egonez gero, zozketaren bidez egingo da hautatutako karguen esleipena.

  2. Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak -batzordeburuaren bitartez- Kontseilu Arautzaileko kide hautatuak aldarrikatuko ditu, 10.4 artikuluan aurreikusitako aukera baztertu gabe.

  3. Aldarrikatutako kontseilukideen aurkako errekurtsoak I. eranskineko egutegiaren arabera egin beharko dira.

  4. Behin kontseilukideak aldarrikatuta, egiaztagutunak helaraziko zaizkie hautetsiei, I. eranskinean ezarritako daten arabera.

  1. Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du. Bilkura horretan, hautatutako kontseilukideak karguaz jabetuko dira, eta hala egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldetik Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko titularrak zein Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak izendatutakoek ere.

  2. Ondoren, eta bilkura berean, kontseilukideek Kontseiluko lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dute, Osoko Bilkurako kide hautetsien bi herenaren gehiengoz. Kontseilukideetako bat zein beste pertsona bat hauta daiteke kargu horietarako. Horren berri eman beharko zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, karguok izendatu ditzan. Berriemate horretan, hautagaiek lortutako boto-kopurua jasoko da.

  3. Karguetako bat kontseilukideen artetik hautatuz gero, ez da kontseilukidearen tokia beteko, parekidetasuna ez galtzeko. Kasu horretan, gainera, lehendakariak kalitateko botoa galduko du.

Lehenengoa. Agindu hau ezartzean zalantzarik sortuz gero, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera ebatziko da.

Bigarrena. Baldin eta, hautatutako kontseilukideen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honek xedatu legez hautatutako pertsonetariko edozeinek hausten badu ordezkatzen duen enpresarekiko lotura, edo uzten badio hautagai proposatu duen erakundekoa izateari, orduan baja hartuko du kide moduan, eta dagokion ordezkoak hartuko du bere tokia. Irizpide bera aplikatuko honako egoera hauetan: a) Agintaldian zehar, Kontseilu Arautzaileak kontseilukideren bat bere eginkizunetatik baztertzen badu zehapen moduan, jatorrizko deituren arloko arau-hauste larria edo oso larria egin duelako, bai berak zuzenean, bai beraren enpresak edo sozietateak, edo b) agintaldian zehar hiltzen bada, edo ordezkatutako enpresa edo sozietatea azkentzen bada.

Lehenengoa. Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko titularrari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urtarrilaren 8a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MarÍa Aranzazu Tapia Otaegui.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik