Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2013ko martxoaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinek garapen-lankidetzarako entitateei dei egiten baitie Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2013ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkez ditzaten. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko martxoaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinek garapen-lankidetzarako entitateei dei egiten baitie Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2013ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkez ditzaten.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 61
  • Hurrenkera-zk.: 1555
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/03/20
  • Argitaratze-data: 2013/03/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskadiko Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuak Gazteria Zuzendaritzari esleitu zizkion gazteriarekin lotuta dauden funtzioak.

Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzeko, eta Euskadiko garapen-lankidetzarako entitateek Hegoaldeko herrialdeen garapenarekin loturik egiten dituzten hainbat lankidetza-ekintza aintzat hartuta, urtero egiten da «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako deialdia, Gazteria Zuzendaritzaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez.

2013. urteari begira, Euskadiko gazteak lankidetzaren kontzeptura hurbiltzeko helburuari eutsiko zaio, bai eta ekintza horiek bertatik bertara ezagutzeko aukerari ere. Esperientzia hori aberasteko eta osatzeko, informazio eta orientazio jardunaldiak antolatuko dira. Beraz, Euskadiko hainbat garapen-lankidetzarako entitatek Hegoaldeko herrialdeen garapenarekin loturik egiten dituzten lankidetza-ekintzak beharrezkotzat jo behar ditugu, deialdi honetan adierazten den bezala.

Horrenbestez, honako hau

Agindu honen bidez ezarri nahi dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2013ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako lankidetza-proiektuak aurkezteko arauak, bai eta proiektu egokienak aukeratzekoak ere. Agindu honen helburua da, orobat, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteak partaide direneko proiektuak dituzten entitate onuradunei diru-laguntza bat emateko baldintzak ezartzea.

Aurreko artikuluan xedatutako helburuari begira bideratuko diren diru-kopuruak horretarako berariaz ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira, eta 45.000 euro egingo dute.

  1. Edozein entitatek aurkeztu ahal izango ditu lankidetza-proiektu bat edo bat baino gehiago, honako baldintza hauek betez gero:

    1. Dagokion erregistroan formalki eratuta eta inskribatuta egotea.

    2. Estatutuetan beren-beregi adieraztea entitatearen helburuetako bat dela Hegoaldeko herrialde pobreetako garapena bultzatzeko proiektuak egitea, edo, bestela, dokumentazio frogagarriaren bitartez egiaztatzea entitateak bi urte jarraian gutxienez daramatzala alor horretan lanean.

    3. Irabazi-asmorik ez izatea.

    4. Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza zentrala edo ordezkaritza iraunkorra edukitzea. Horri dagokionez, entitateak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-oinarriko (bazkideak, boluntarioak edo antzekoak) egitura esanguratsuak dituenean (eta hori agiri bidez egiaztatzen duenean) ulertuko da ordezkaritza iraunkorra duela. Kasu horretan, ordezkaritza iraunkorrak eskaera aurkezteko erantzukizun zuzena hartzen du bere gain, bai eta erakunde onuradun moduan dagozkion konpromisoak ere.

    5. Zigorrik ez izatea, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko; baita sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik ez izatea edota laguntza horiek eskuratzeko gaitasuna kentzen dien legezko debekurik ez izatea ere.

    6. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea.

  2. Garapen-lankidetzarako entitate batek baino gehiagok batera ere aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak. Kasu horretan, erakunde guzti-guztiek bete beharko dituzte aurreko atalean adierazitako baldintzak, honako salbuespen hauek eginda:

    1. Erakunde guztien ordezkaritza duenak, gutxienez, bere egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra Euskadin izan beharko du; gainerakoentzat ez da nahitaezkoa.

    2. Erakunde guztien ordezkaritza duenak, gutxienez, irabazi-asmorik gabeko erakundea izan behar du; gainerakoentzat ez da nahitaezkoa. Kasu horretan, irabazi-asmodun erakundeek proiektuan zuzeneko edo zeharkako irabazi-asmorik gabeko interesa dutela edo izango dutela bermatu beharko dute, eta esku-hartzearen nondik norako teknikoak direla-eta parte hartzen dutela justifikatu.

      Elkartutako erakundeek proiektuaren baterako erantzukizuna onartzen dute, eta helbide bakarra izendatuko dute espedientearen administrazio-jakinarazpenetarako. Eskabidea aurkeztearekin batera, hitzarmen bat ere aurkeztu beharko dute elkarturiko erakunde horiek, non alderdi hauek jasoko diren: erakunde guztiak ordezkatzen dituenaren izendapena, erakunde bakoitzak zein partaidetza-ehuneko duen proiektuan, eragile parte-hartzaile bakoitzaren eskubide eta betebeharrak, eta baliabideak kudeatzeko eta gatazkak ebazteko sistema. Hitzarmen horretan, esanbidez adierazi beharko da erakunde bakoitzak proiektu osoaren erantzukizun zuzena eta solidarioa bere gain hartzen duela.

  1. Diru-laguntza jasotzeko, aurkeztutako proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Jardunean egotea 2013ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteak inkorporatzen diren garaian, kontuan hartuta lankidetza-jardun horrek ahal dela uztailean hasita hiru bat hilabete iraungo duela, aparteko salbuespenak salbuespen.

    2. Proiektuko jardueretan behar bezalako integrazioa ahalbidetzea 2013ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteei, kontuan hartuta programa horren helburua dela 20 eta 30 urte arteko Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzea eta garapenarekin loturiko lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea, ekintza horiek bertatik bertara ezagutzearen bitartez.

    3. Berariaz aipatzea zein diren aurkezturiko proiektu bakoitzerako profil egokienak. Laguntza gisa, programaren aurreko edizioetan izandako esperientziaren argitan, hautatutako gazteak integratzen direneko garapen-proiektuetarako lanbide aproposenetakoak hauek izaten dira: informatikariak, ekonomialariak, kontulariak, medikuak, farmazialariak, erizainak, osasun-laguntzaileak, pedagogoak, monitore eta gizarte-hezitzaileak, sistema-ingeniariak, industria ingeniariak eta ingeniari agronomoak, psikologoak, elebitasunean espezializatutako hezitzaileak, albaitariak, tornulari-mekanikariak, argiketariak, zurginak, iturginak, gizarte-langileak, industria diseinatzaileak, nutrizionistak.

    4. Gazteria Zuzendaritzari bidaltzea deialdi honetan eskatzen den dokumentazioa.

  2. Honako proiektu hauek ez dira onartuko:

    1. Xede diren pertsonen pobreziaren kontrako borroka-estrategian bidezkoak ez direnak.

    2. Koherenteak ez direnak, hau da, loturarik ez dagoenean, batetik, planteatzen den arazoaren, arazo hori gainditzeko finkatu diren helburuen eta emaitzen eta, bestetik, antolatutako jardueren artean.

    3. Adierazle ebaluagarririk ez dutenak.

    4. Bideragarriak ez direnak, hau da, espero diren emaitzen lorpena bermatzen ez dutenak.

    5. Iraunkorrak ez direnak.

    6. Genero-ikuspegia kontuan hartzen ez dutenak.

    7. Tokiko gaitasunak indartzen ez dituztenak.

    8. Xede diren pertsonen parte-hartzea bermatzen ez dutenak.

    9. Giza eskubideen kontra egiten dutenak.

    10. Ekologia-arloan jasangarriak ez direnak.

    11. Deialdi honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez dutenak, edo erakunde eskatzaileei dekretu honen kapituluetan eskatzen zaizkien baldintzak betetzen ez dituztenak, behin dokumentazio hori zuzentzeko eskaera egin zaienean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Hautaketa-prozesuak bi fase ditu: gehienez 170 profil aurrez hautatzeko fasea, deialdi honen bidez arautzen dena, eta gehienez 100 gazte boluntario hautatzeko fasea, 2013ko Gazteak Lankidetzan programaren bidezko deialdian arautzen dena.

  1. Gehienez 170 profil aztertzeko, ebaluatzeko eta aurrez hautatzeko, Aurretiko Hautaketa Batzorde bat osatuko da. Bertako kideak izango dira:

    Batzordeburua: Nestor Arana Arabaolaza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteriako arduraduna. Kalitate-botoa izango du eta, boto-berdinketa gertatuz gero, azken erabakia emango du. Ordezkoa: Fco. Javier Gutierrez Paramo, Gazteria teknikaria.

    Bokala: Lidia Barrutia Arregi, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako ordezkaria. Ordezkoa: Amaia Etxarri Saiz, Garapenerako Lankidetzararen Euskal Agentziako teknikaria.

    Bokala: Bakarne Zuazua Astarloa, Gazteria teknikaria. Idazkaria izango da, hitzarekin eta botoarekin. Ordezkoa: Arantza Urizar Sarasua, Gazteriako teknikaria.

    Egoki iritziz gero, gai horretan adituak diren beste pertsona batzuen lankidetza, hitzarekin baina botorik gabe, eskura dezake Aurretiko Hautaketa Batzordeak.

  2. Proiektuen azterketa eta ebazpen-proposamena: hurrengo artikuluan ezarritako irizpideetan oinarrituta, Aurretiko Hautaketa Batzordeak bidezko ebazpen-proposamena bidaliko dio Gazteria zuzendariari. Gainera, proiektuak aurkeztu dituzten erakundeekin adostuta, haiek proposatutako datak aldatzea erabaki ahal izango da, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako eskaintza egokitu ahal izateko.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, proiektuen aurretiko hautaketa egiteko, haien arteko konparazioa egingo da, ondoren adierazten diren balorazio-irizpideen arabera. Guztira 170 profilen aurretiko hautaketa egingo da. Hona Aurretiko Hautaketa Batzordeak zein irizpide erabiliko dituen:

  1. Erakunde eskatzaileak dituen jarraipena, egonkortasuna eta kaudimena, lankidetzarako garapenari dagokionez: 10 puntu gehienez.

  2. Erakunde eskatzaileak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko politiken edo jarduketen garapenean izan duen ibilbidea: 5 puntu gehienez.

  3. Proiektuaren interes soziala: 25 puntu gehienez.

  4. Profilak zenbateraino egokitzen diren Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren ezaugarrietara: 25 puntu gehienez.

  5. Hautatutako gazteak destinoko tokian izango duen egonaldiaren baldintza materialak: 25 puntu gehienez.

  6. Proiektuan genero-ikuspegia integratzea: 10 puntu gehienez.

    Aurretiko Hautaketa Balorazioak eskubidea izango du gazte boluntarioentzako arrisku larriegia duten herrialdeetako lankidetza-proiektuetarako profilak ez onartzeko.

  1. Batzordearen aurretiko hautaketa-proposamena ikusi eta gero, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria zuzendariak bidezko ebazpena emango du, Batzordeak proposamen hori jakinarazi eta handik zazpi egun balioduneko epean. Ebazpenean aurrez hautatzen diren proiektu eta profilak agertuko dira, bai eta aurretik hautaketa horretatik kanpo gelditu direnak ere.

  2. Ebazpen hori lau hilabete baino lehen jakinaraziko zaie erakunde interesdun guztiei, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatuta. Argitalpen horretan, halaber, entitate onuradunen zerrenda agertuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.

  3. Ebazteko epea amaituta, erakunde interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

Agindu honen bidez arautzen diren diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Lankide gaztea erakunde onuradunarekin harremanetan jarri orduko, eta lankidetza-jarduerak irauten duen bitartean, elkartzen diren tokitik lankidetza-jarduera gauzatzen den lekurainoko garraioa. Horretaz gainera, hautatutako gaztearen ostatu eta mantenu gastuak, nahiz eta gazteak ere bere diru-ekarpena egin beharko duen bere baliabideen arabera.

  2. Aparteko kasuetan adibidez, lankidearen istripuak eta gaixotasunak, lankideak behar bezalako arreta jasotzeko moduko tokiraino garraiatzeko konpromisoa, bai eta gorabehera horien berri agintari diplomatikoei edo kontsulari ematekoa ere, lankidea aberriratzea beharrezkoa bada ere, horretan laguntzeko. Baldin eta jarduera gauzatzen den tokian bestelako gorabehera larririk baldin badago, lankidea bertan egotea oso arriskugarri bihurtzen duenik, garapen-lankidetzarako entitateak lankidea arriskutik kanpoko toki batera eramaten lagunduko du, bere esku dagoen neurrian.

  3. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari jakinaraztea esleitutako jardueran pertsona lankidea ariko den denboran zehar gerta daitezkeen gorabehera guztiak.

  4. Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde onuradun bakoitzak esperientziari buruzko txosten bat aurkeztuko du hura amaitutakoan. Bertan, nahi izanez gero, argazkiak ere gehitu ditzake.

  5. Datu pertsonalak babesteko eta erabiltzeko araudian xedatutakoa bete dadila begiratzea.

  6. Diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan eskatzen dioten informazio guztia ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

  1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakunde onuradunek lankidetza-proiektu bat edo gehiago aurkeztu ahal izango dituzte, eta bertan proiektuotako lankidetza-jardueretan integratu daitezkeen gazteen profilak sartuko dira.

  2. Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

  3. Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria zuzendariari zuzenduko zaizkio eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko dagokion lurralde zerbitzuan aurkeztuko dira zuzenean (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia) edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskabidearekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

    1. Erakunde eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

      Eskabide-inprimakia (I. eranskineko ereduaren arabera). Bertan, entitate eskatzailearen datuak agertuko dira, legezko ordezkariaren datuak eta ordainketak agintzeko dokumentazioa ere. Inprimakia, behar bezala beteta, entitate eskatzailearen legezko ordezkaria den pertsona fisikoak sinatu beharko du.

      Estatutuen fotokopia (pertsona juridikoaren izaera dela-eta estatutuak edukitzea beharrezkoa bada indarreko legeriaren arabera) edo, erakundearen izaeraren arabera eratze-eskriturarena.

      Pertsona juridikoaren legezko ordezkari den pertsona fisikoaren NANaren fotokopia, baita ordezkari horrek eskaera egiten duen egunean duen boterearen kreditazioa ere, bai ahalordearen eskrituraren kopiaren bidez bai, hala badagokio, dagokion organoak emandako ziurtagiriaren bidez.

      Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.

      Ordainketak agintzeko dokumentazioa: Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko «Datuen Alta/Hirugarren Interesatua» fitxategian alta emanda ez badaude, horri buruzko III. eranskina erantsi beharko da, behar bezala betea. Dagoeneko alta emanda badaude baina ordainketak agintzeko datuetan aldaketarik egonez gero, «Hirugarrenaren Datuetan Aldaketa (K) Sartzeko Eskabide-Orria» izeneko IV. eranskina erantsi beharko da, behar bezala beteta.

      Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiri eguneratua. Organo eskudunak igorri beharko du. Agiriak balioa izateko, igortzen den egunetik eskabidea aurkezten den eguna arte ezin izango dira sei hilabete baino gehiago igaro. Hala ere, erakunde onuradunak gai honen inguruan eskatzen zaizkion egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko ditu, prozeduraren fase guztiak garatzen diren bitartean. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, zerga-betebeharren konplimendua helbide fiskala duen lurralde guztietako organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du.

      Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela zigorrik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, barne hartuta sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez (I. eranskineko ereduaren arabera).

      Entitate eskatzailearen jarraitasuna, egonkortasuna eta kaudimena egiaztatzen dituen dokumentazioa. Bertan jasoko da, gutxienez, entitateak garapenerako lankidetzarekin izandako esperientzia eta kudeatu dituen proiektuak, bakoitzaren hasiera eta amaiera datak zehaztuz.

      Erakunde eskatzaileak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko politiken edo jarduketen garapenean izan duen ibilbidea egiaztatzen duen dokumentazioa.

    2. Proiektuari buruzko dokumentazioa:

      Hautatutako boluntarioak inkorporatzen diren proiektuen deskripzioa eta proiektuon kokapena destinoko herrialdean.

      Hala badagokio, harrerako garapen-lankidetzarako entitatea identifikazioa, garapen-lankidetzarako entitate eskatzailearekiko lotura azaltzen duen agiri-froga nahikoa barne duela.

      Proiektuaren interes sozialaren justifikazioa.

      Hautatutako gazteak destinoko tokian egingo duen egonaldiaren baldintza materialen deskribapena.

      Proiektuan genero-ikuspegia integratzea.

    3. Profilari buruzko dokumentazioa:

      Boluntarioak egingo dituen lanen deskribapena.

      Titulazio akademikoa, lanbide-kualifikazioa eta eskatzen diren beste ikasketak.

      Bete beharreko zereginekin lotutako trebetasunak eta gaitasunak.

      Hala badagokio, hizkuntzaren bat edo gehiago jakitea.

      Hala badagokio, egin beharreko lanekin lotuta boluntarioak aurrez eduki beharreko esperientzia.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

450 euroko laguntza emango zaio deialdi honen bidez aurrez hautatutako proiektuan inkorporatutako gazte bakoitzari, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteen egonaldi eta mantenu gastuak zati batean ordaintzeko.

Entitate onuradun bakoitzari emandako laguntza edo laguntzak ordainketa bakar batean gauzatuko dira, behin hura justifikatu eta gero.

Garapen-lankidetzarako entitate onuradun bakoitzak gaztearen esperientziari buruzko txosten bat aurkeztuko du hura amaitu eta bi hilabete baino lehen. Bertan, nahi izanez gero, argazkiak ere gehitu ditzake.

Gazteria Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

  1. Hauek izango dira ez-betetzeak:

    1. Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

    2. Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

    3. Dirulaguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

    4. Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

  2. Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, beti ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Gazteria Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

  2. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  3. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 20a.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.