- AGINDUA, 2013ko martxoaren 27koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Amigos de Mozambique fundazioa eratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko martxoaren 27koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Amigos de Mozambique fundazioa eratu dela Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 87
- Hurrenkera-zk.: 2163
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/03/27
- Argitaratze-data: 2013/05/08
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Fundación Amigos de Mozambique fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.
GERTAKARIAK
Lehenengoa. 2013ko azaroaren 27an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskari bat sartu zen, Fundación Amigos de Mozambique fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazio hori honako hauek sortu dute: José Félix Fernández de Aguirre Guantes jauna, Félix Segundo López García jauna, Pedro Javier Onaindia García jauna, Francisco Alberto Prieto Gil jauna, David Melar Cuarteto jauna eta Charles Francis Vasquez jaunak. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena. 2013ko urtarrilaren 23ko idazki baten bidez, Fundazioen Erregistroak fundazioari eskatu zion aurkitutako akatsak zuzentzeko; 2013ko martxoaren 21ean sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean fundazioak bidalitako dokumentazioa.
Hirugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta 2013ko otsailaren 28an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.
Laugarrena. Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:
Fundazioak honako helburu hauek ditu:
Fundazioaren jardun-eremuan aritzen diren era guztietako erakundeak, pertsonak eta zentroak sentsibilizatzeko jarduerak sustatu eta garatzea, honako arlo hauetan: hirugarren eta laugarren munduko herrialdeen pobrezia, gizarte-bazterkeria bereziki jasaten duten sektoreak, elkartasuna eta garapenerako lankidetza.
Fundazioaren onuradunen egoera material, sanitario eta kulturala hobetzeko laguntza-proiektuak finantzatu eta gauzatzea, zuzenean nahiz bestelako erakunde edo antolakundeen bitartez.
Helburu horiek betetzeko, fundazioak jarduera zehatzak egingo ditu; hauek dira garrantzitsuenak eta behinenak:
Topaketak, mintegiak, argitalpenak eta ikerketa-lanak antolatzea.
Fundazioaren helburuak betetzeko aurrekontuak dituzten erakunde publiko eta pribatuei nahiz norbanakoei diru-laguntzak eskatzea.
Lankideak hautatu eta prestatzea, izan boluntario edo profesional.
Munduko edozein tokitan, premia-egoeran dauden giza taldeei laguntzeko proiektuak aztertu, hautatu, izapidetu, finantzatu eta segimendua egitea, hain zuzen ere pertsonen garapen orekatu eta integrala ahalbidetuko duen egoera material, sanitario eta kulturala hobetze aldera.
Fundazioaren helburuak lortzeko lagungarri izan daitekeen beste edozein jarduera, betiere legezko ordenamenduaren barruan.
Irabazi-asmoa baztertu egingo da fundazioaren jardueratatik.
Bosgarrena. Fundazioaren estatutuen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Areiltza Doktorea 38, 3. esk., Bilbao (Bizkaia). Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du, bereziki, bere jarduna.
Seigarrena. Hasierako dotazioa 6.000 eurokoa da. Fundazioaren bideragarritasunari buruzko txostena aurkeztu dute, ekonomista batek egina. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.
Zazpigarrena. Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.
Zortzigarrena. Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:
(Ikus .PDF)
Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
Lehenengoa. Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala dago aurreikusita honako arau hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4. artikulua.
Bigarrena. Hartarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Ikusirik aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplikatu beharreko gainerako arauak, honako hau
Lehenengoa. Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta erregistro-zenbaki honekin: F-351, Bilboko (Bizkaia) Fundación Amigos de Mozambique fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Zortzigarren aurrekarian agertzen da zein kidek osatzen duten Patronatua, betiere, Elías Moral Velasco notarioaren aurrean 2012ko azaroaren 12an egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 1.651). Eskritura hori notario horren beraren aurrean 2013ko martxoaren 18an egiletsitako eskrituraren bitartez zuzendu da (protokolo-zenbakia: 394).
Bigarrena. Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 2. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta fundazioari bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 27a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


