Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2013ko ekainaren 5ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2013-2014 ikasturtean nazioarteko unibertsitate-mugikortasunerako laguntzak eskatzeko deialdia egiten duena, unibertsitateko ikasleentzat eta goi-mailako arte-ikasketak egiten ari diren ikasleentzat. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko ekainaren 5ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2013-2014 ikasturtean nazioarteko unibertsitate-mugikortasunerako laguntzak eskatzeko deialdia egiten duena, unibertsitateko ikasleentzat eta goi-mailako arte-ikasketak egiten ari diren ikasleentzat.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 116
  • Hurrenkera-zk.: 2794
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/06/05
  • Argitaratze-data: 2013/06/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan zehazten da, zeinek bere esparruan, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek goi-mailako irakaskuntzako Europako esparruan mugikortasuna izatea bultzatuko dutela. Hartarako, bekak eta ikasketetarako laguntza eta kredituak emateko programak zabalduko dituztela, edo, kasua hala bada, Europar Batasunaren beka eta laguntza-programak osatuko.

Aurrekoa aplikatuz eta mugikortasunak goi-mailako ikasketetan duen garrantziaz ohartuta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erabaki du mugikortasunerako beken deialdia egitea lehen aipatutako markoa zabalduz. Hori dela eta, deialdi hau Erasmus programaren eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programen baitako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetako ikasleei eta goi-mailako arte-ikasketetako ikasleei zuzenduta dago. Laguntza hauek beste organismo batzuek emandako laguntzak osatuko dituzte.

Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak honako eskubide hau aitortzen die herritarrei: bitarteko elektronikoen bitartez herri-administrazioekin hartu-emanak izateko eskubidea; eta, bestalde, administrazio-jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko zehaztapen oinarrizkoak arautzen ditu, hain justu ere herri-administrazioen euren arteko hartu-emanei eta horiek herritarrekin dituzten hartu-emanei dagokienez; zertarako-eta honako hauek bermatzeko: herritarren eskubideak, haien aurrean herritarrenganako tratamendu bidezkoa, eta administrazio-jardueraren balioa eta eraginkortasuna, segurtasun juridikoko baldintzetan.

Bestalde, Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuak honako hau garatzen du: bitarteko elektronikoen bitartez herritarrek herri-administrazioekin hartu-emanak izateko duten eskubidea; hartarako, administrazio elektronikoa inplementatzeko azpiegitura tekniko komuna diseinatu eta onartuaz.

Hortaz, deialdi honen bitartez finkatu egiten da administrazio elektronikoaren erabilpena, bai eskabideak aurkezteari dagokionez eta bai ematen diren administrazio-egintzak jakinarazi edo argitaratzeari dagokionez ere. Hartarako, unibertsitarioen gaitasun teknikoa eta profesionala izan da kontuan; izan ere, uste baita haiek badituztela, baliabide teknologikoei dagokienez, sarbidea eta erabilgarritasuna.

Eta guzti horren ondorioz, diru-laguntzen arloan indarrean den legeriarekin bat etorriaz, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotakoarekin bat etorriaz:

  1. Helburu horrekin, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2013. urterako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kargura, 1.071.200 euroko zenbatekoa jarriko da.

  2. Zenbateko hori handiagotu ahal izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren programak gauzatu ostean agortu gabeko aurrekonturik badago, betiere diru-laguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehenago. Horren berri emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Baimena ematen zaio unibertsitate-zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan agindu honetan xedatutakoa betetzeko.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu, biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

    Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 5a.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

  1. Deialdi honen helburua da unibertsitate-mugikortasunerako laguntzen esleipena egitea 2013-2014 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Tecnun-Ingeniarien Goi-eskolan goi-mailako ikasketak edo goi-mailako arte-ikasketak egiten ari diren ikasleentzat. Horiez gain, 2013-2014 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako arte-ikasketetarako zentroetan ikasketak egiten ari diren ikasleek ere izango dute laguntza horiek jasotzeko aukera, jatorrizko unibertsitateak edo zentroak nazioarteko unibertsitate-mugikortasun programetara atxikitzen badira eta goi-mailako ikasketa horiek aitortzen badituzte.

  2. Beka horiek diru-laguntzak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez denerako, hau aplikatuko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak.

Diru-laguntza 120 eurokoa izango da egonaldiko hilabete bakoitzeko.

  1. Jatorrizko unibertsitateak edo zentroak baimendutako unibertsitate-mugikortasuneko programaren batean parte hartzea eta jatorrizko eta harrerako zentroek egindako hitzarmenetan programa horien bitartez egindako ikasketak edo praktikak aitortzea.

    5. artikuluko 3.a), c) eta d) ataletan aipatzen diren ikasketen kasuan, egonaldiaren gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa izango da, eta gehienekoa, beka esleitzen den egunetik hasi eta bederatzi hilabetekoa. Aipatu artikuluko 3.b) eta e) atalek aipatzen dituzten tituluei dagokienez, 60 eta 90 kredituen arteko ikasketa-planentzako egonaldiak hiru hilabete eta sei hilabeteren arteko iraupena izango du.

Beka hauek bateragarriak dira beste erakunde batzuk xede bererako eman ditzaketen beste beka eta laguntza batzuekin; betiere guztizko zenbatekoan ez badu gainditzen egintzaren azkeneko kostua. Eskatzaileak deklaratu egin behar ditu egintza bererako eskatu edo lortu dituen laguntzak, horiek ematen direnean; eta, bestalde, gorago zehaztutakoa betetzeko, onartu egin beharko ditu aplikagarrian diren murriztapen ebentualak.

Eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:

  1. Espainiar nazionalitatea izatea edo eskabideak aurkezteko epea amaitzean Espainian legezko bizilekua izatea.

  2. 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko auzotasun administratiboa izatea.

  3. 2013-2014 ikasturtean artikulu bakarrean aipatzen diren zentroetako batean unibertsitate-ikasketa ofizialetan edo goi-mailako ikasketetan matrikulatuta egotea eta ikasketa horiekin jarraian zerrendatutako tituluetako bat lortu ahal izatea:

    1. Unibertsitateko gradu-titulu ofiziala.

    2. Unibertsitateko master-titulu ofiziala.

    3. Unibertsitateko diplomatura-titulu ofiziala edo arkitekto tekniko, ingeniari tekniko, lizentziatu, arkitekto eta ingeniari titulua.

    4. Arte-ikasketako goi-mailako tituluak.

    5. Arte-ikasketetako master-tituluak.

  4. Honako hauetakoren baten onartua izatea: Euskal Herriko Unibertsitatean, Deustuko Unibertsitatean, Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Tecnun-Ingeniarien Goi-eskolan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako arte-ikasketetarako zentroetan, 2013-2014 ikasturtean, nazioarteko izaera duen mugikortasun-programa baten.

  5. Aurreko ikasturteetan horrelako bekarik jaso ez izana.

  1. Eskabide-ereduak honako erantzukizun-deklarazioa jaso beharko du: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina; bada, dekretu horretako 50. artikuluko 6. paragrafoan aipatutako deklarazioa; eta bide telematikotik bete beharko da hura, ondoko helbidean kokatutako aplikazioaren bidez https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/erasmus/eu/, Unibertsitateak eta Ikerketa atala. Horretarako, eskabide-egileak alta hartu beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.

  2. Behin eskabidea egoki betetakoan, eskabide-egileak aukera egin beharko du izapideak bide elektronikotik egitearen edo paper-euskarriaren bidetik egitearen artean.

  3. Izapideketa paperez egitearen alde egiten bada, aplikazioak sortzen duen eskabide-formularioa (behin betetakoan) inprimatu egin beharko da eta gero sinatu. Eskabidearekin batera, paperezko euskarrian beharrezko den dokumentazioan aurkeztu beharko da, honako lekuetarikoren baten: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 zehazturiko erregistroak; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluak aipatzen dituen bulegoak.

  4. Izapidetze elektronikoaren hautua egiten bada, hurrengo artikuluan zehaztu dokumentuak erantsi beharko dira, hain justu ere eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoan.

  5. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera.

Eskaerarekin batera, eskatzaileek aurkeztu behar dituzte:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea adierazten duen administrazio-egoitzaren agiria. Administrazio-egoitza hori 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik izan behar da.

  2. Banketxearen agiria, kontu korronte baten edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazten duena, bekaren ordainketa egiteko. Eskatzaileak kontu korronte edo aurrezki-libreta horren titularra edo titular-kidea izan behar du.

  1. Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.

  2. Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Tecnun-Ingeniarien Goi-eskolak, edo Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako arte-ikasketetarako zentroek honako informazioa igorri beharko dute Unibertsitate Zuzendaritzara: bekak izapidetzeko eta beken segimendua egiteko beharrezko dena.

Batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:

  1. 2012-2013 ikasturtean amaitutakoan espediente akademiko osoko notak kontuan hartuaz kalkulatutako babaz besteko nota.

  2. Deialdi honetan aplikatzeko azkeneko bataz besteko nota lortzeko, Ingeniaritza eta Arkitektura ikasketetako bataz besteko nota 1,17 koefizienteaz biderkatuko da.

  3. Zenbakizko kalifikaziorik izan ezean, kalifikazioak honako baremo honen arabera balioetsiko dira:

    Ohorezko matrikula (Bikain eta aipamena) = 10 puntu.

    Bikain (9 eta 10 puntu artean) = 9 puntu.

    Oso ongi (7 eta 8,9 artean) = 7,5 puntu.

    Nahiko edo gai (5 eta 6,9 artean) = 5,5 puntu.

    Suspentsoa, ez aurkeztua edo deialdi deuseztatua = 2,5 puntu.

  4. Irakasgaika antolatutako ikasketa-plana bada, batez besteko nota kalkulatzeko, irakasgai bakoitzean lortutako puntu guztiak batu, eta emaitza irakasgai guztien kopuruaren artean zatituko da.

  5. Kredituen arabera egituratutako ikasketa-planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatzetik ateratzen den puntuazioa haztatu edo ponderatu egingo da, irakasgaiak duen kreditu-kopuruaren arabera, hurrengo formularen arabera:

    PxNCa V = NCt

    V = irakasgai bakoitzean ateratako notaren ponderaziotik datorren balioa.

    P = irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko ataleko baremoa aplikatuta.

    NCa = irakasgaia osatzen duten kredituen kopurua.

    NCt = guztira ikasitako kreditu-kopurua; kontuan hartzeko, kredituok konputagarriak izan behar dute.

    Formula hori aplikatzetik ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta emaitza hori izango da batez besteko azken nota.

  6. Baliozkotutako ikasgaiek edo baliozkotutako eta egokitutako kredituek, jatorrizko zentroan lortutako kalifikazioaren baliokidea den puntu-kopurua jasoko dute. Kalifikaziorik ez duten aitortutako ikasgaiak eta kredituak, aldiz, ez dira espedientean agertuko.

  7. Bigarren zikloko titulazioetan edo masterretan, honelaxe kalkulatuko da bataz besteko nota: ikasketa horietara sarbidea eman zion unibertsitate-tituluan lortutako kalifikazioak kontuan harturik.

  8. Atzerriko unibertsitateetako espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, nazioarteko mugikortasun-programan ikaslea onartu duen unibertsitateak edo arte-ikasketetako zentroak ezarriko du sistema dezimalerako baliokidetza, ikasgaiz ikasgai; betiere honako hauek kontuan izanik: nahikorako gutxieneko nota eta jatorrizko kalifikazioaren gehienezkoa, eta horren ondoriozko korrespondentzia-erlazioa kalifikazioa dezimaleko sistemarekikoa.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da, zeinak espedienteei dagokienez azterketak eta ebazpen-proposamenak egingo dituen. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da batzordeburua; Unibertsitate Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak aukeratutakoak, izango dira batzordekideak.

  1. Beka horien emakida-erregimena lehiaketarena izango da. Beraz, beka hauek jasotzeko, ez da nahikoa izango eranskin honen 5. artikuluan jasotako baldintzak betetzea. Horrez gain, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, eman behar diren diru-laguntza guztien artean eskabidea kokatu ahal izateko, aurreikusitako dirua amaitu arte bekak ordena horri jarraikiz banatuko baitira.

  2. Hartarako eratutako hautaketa-batzordeak ordenatu egingo ditu eskabideak eta Unibertsitateetako zuzendariari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena.

    Eskabide bakoitzaren ordena ezartzeko, honako irizpide hauek jarraituko dira deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ordenan jartzeko:

    1. Eskaerak handienetik txikienera ordenatuko dira, espedienteko batez besteko notari jarraikiz (nota 9. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko da).

    2. Balizko berdinketak ebazteko, lehentasuna emango zaie maila altuagoko ikasturteetakoei, eta berdinduta jarraituz gero, eskabidearen sarrera-dataren arabera ebatziko da.

  3. Unibertsitateetako zuzendariaren ebazpen-proposamenak hiru zerrenda izango ditu:

    1. Lehenengo zerrendan, beka jaso behar duten eskaerak zehaztuko dira, eskatzaile bakoitzaren batez besteko notaren arabera ordenatuta, behetik gorantz. Zerrenda horrek bataz besteko nota, egonaldiko hilabeteak eta proposatutako zenbatekoa jasoko ditu.

    2. Bigarren zerrendan, berriz, deialdi honetan bekak lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak agertuko dira. Ukapenetarako izan diren arrazoiak jasoko ditu zerrenda horrek.

    3. Azkenik, hirugarren zerrendan, deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituzten, baina deialdiko zuzkidura ekonomikoa agortu izanagatik beka lortzeko behar den ordena-zenbakia ez duten pertsonak agertuko dira. Zerrenda horretan jaso egingo dira bataz besteko nota eta egonaldiko hilabeteak. Lehentasun-ordenarekin bat, hirugarren zerrenda horren bitartez eratuko da ordezkoen zerrenda.

      Unibertsitateetako zuzendariak egingo du ebazpen-proposamenaren jakinarazpena, https: //euskadi.net helbide elektronikoko iragarki-taulan hura emanez argitara. Horretaz gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian emango da argitara: www.hezkuntza.net. Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da jakinarazpenaren datatik aurrera.

  1. Alegazioak aztertuta, epea amaituta, eta atzera egiteak onarturik, hautaketa-batzordeak berrordenatu egingo ditu eskabideak, goragoko artikuluan ezarritakoarekin bat etorriaz. Agindu hau argitarazten denetik harako sei hilabeteko epearen barruan, Unibertsitateetako zuzendariak ebazpena ema eta prozedura jakinaraziko du, hautaketa-batzordearen proposamenez. Proposamen horrek bi zerrenda izango ditu:

    1. Lehenengo zerrendan, beka jaso behar duten eskaerak zehaztuko dira, eskatzaile bakoitzaren batez besteko notaren arabera ordenatuta, behetik gorantz. Zerrenda horrek bataz besteko nota, egonaldiko hilabeteak eta emandako zenbatekoa jasoko ditu.

    2. Bigarren zerrendan, berriz, deialdi honetan bekak lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak agertuko dira. Horretaz gain, beka lortzea ahalbidetzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskatzaileak ere jasoko dira. Ukapenetarako izan diren arrazoiak jasoko ditu zerrenda horrek.

      Unibertsitateetako zuzendariak egingo du ebazpenaren jakinarazpena, https://euskadi.net helbide elektronikoko iragarki-taulan hura emanez argitara. Horretaz gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian emango da argitara: www.hezkuntza.net. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  2. Ezarritakoaren aurka egin gabe, egindako jakinarazpenaren abisuak bidali ahal izango dizkie Unibertsitate Zuzendaritzak interesdunei; hartarako, SMS mezuak edo posta elektronikoa erabiliko ditu. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

  3. Deialdia ebazteko ezarritako igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazten, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluak ezarritako ondorioetarako.

  1. Bekak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bekak ordainketa bakarrean ordainduko dira, hilabeteko epean.

  2. Agindu honetan aurreikusitako bekak onuradunei ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den zigor-prozedura edo dirua itzultzeko prozedura oro amaitzea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Honako hauek dira bekadunen betebeharrak:

  1. Diru-laguntza ezarritako xederako erabiltzea; hau da, atzerrian egonaldi bat gauzatzea, deialdian ezarritako baldintzetan.

  2. 2013-2014 ikasturtean matrikulatutako ikasketak egiten jarraitzea.

  3. Jatorrizko zentroan edo unibertsitatean horiek ezarritako epeen barruan, egonaldia egin izana eta egonaldiaren iraupena egiaztagiria aurkeztea; agiri horrek izan beharko du harrera-zentroak emana.

  4. Onartu egin beharko dituzte beka emateko zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko egiten diren jarduera guztiak, halakorik egiten bada; eta, beken helburua fiskalizatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko diete erakunde horiei.

  1. Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina, honako kasu hauetan:

    1. Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

    2. Helburu bererako beste bide batzuetatik eta beketatik lortutako zenbatekoa egintzaren kostutik gorakoa dela egiaztatzea. Gainfinantzaketarik bada, itzuli egin beharko da jardueraren diruz lagundutako kostutik gora lortutakoa.

    3. Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili. Agindu honetako 14. artikuluan jasotako obligazioak betetzen ez badira, kontsideratuko da ezen beka ez dela erabili emateko kontuan izan zen helbururako.

    4. Beka emateko baldintzak aldatu izana. Beka emateko ebazpenean jasotako egonaldia baino laburragoa izan bada egindakoa, onuradunek itzuli egin beharko dute egin gabeko egonaldi-zatiari dagokion partea. 3. artikuluan ezarritako gutxieneko egonalditik beherakoa bada egindako egonaldia, emandako zenbatekoa osorik itzuli beharko da.

    5. Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.

    6. Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.

    7. Mugikortasun-programari edo bekari berariaz uko egitea.

  2. Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek, eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean itzultzeko jasotako zenbatekoak, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

  3. Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantza Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraikiz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 2 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan jasota dago).

Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, indargabetzeko eta datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitate Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik