Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2013ko ekainaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Pirinioetako Lan Elkartearen lankidetza esparruan ikerketa-sareak eta teknologia-ikerketa eta -garapeneko proiektuak garatzeko laguntzak emateko deialdia egiten duena (2013-2014). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko ekainaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Pirinioetako Lan Elkartearen lankidetza esparruan ikerketa-sareak eta teknologia-ikerketa eta -garapeneko proiektuak garatzeko laguntzak emateko deialdia egiten duena (2013-2014).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 116
  • Hurrenkera-zk.: 2795
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/06/11
  • Argitaratze-data: 2013/06/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Pirinioetako Lan Elkartea (PLE) honako kolektibitate hauek osatzen dute, eta PLEko eskualde izango dira aurrerantzean: Frantziako estatuko Akitania, Languedoc-Roussillon eta Midi-Pyrénées eskualdeak, Espainiako estatuko Aragoi, Katalunia, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa autonomia-erkidegoak eta Andorrako estatua.

Elkarteak hamazazpi milioi biztanletik gorako populazioa biltzen du, eta kideen ekonomia-garapena sustatzea du helburu.

PLEren borondatea da ikerketa publikoaren arloan guztien arteko jarduerei lehentasuna ematea, eta horretarako unibertsitateen, enpresen nahiz eragile sozioekonomikoen arteko lankidetza, bai eta eskualdeetako ikerketa zentroen artekoa ere, bultzatzea. Hori guztia proiektu zientifiko eta teknologiko originalen esparruan gauzatu nahi da, gaur egun I+G+B arloan dauden baliabide ugariak elkarren artean trukatuta.

Zientzia, teknologia eta enpresa arloen baitan dauden eta PLEko eskualdearen garapena sustatzera bideratuta dauden ekintzak abian jartzea da elkartearen helburua, betiere Pirinioetako eskualdeen eremuan, ekintza horiek Europar Batasuneko funtsen finantziazioa lor dezaketen neurrian, ikerketan bikaintasunez diharduen piriniar eskualde bat sortzeko xedez.

Pirinioen ingurunean dinamika integratu hau abiarazteak elkar hobeto ezagutzea eta interes komunei dagozkien lankidetza-ekintzak garatzea eskatzen du.

Testuinguru horretan, deialdi bat egingo da PLEko kide diren eskualde guztietan, betiere eskualde bakoitzaren prozedurak errespetatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretuan -Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan- xedatutakoa bete da (2012ko abenduaren 17ko EHAA 243. zenbakia).

Horren ondorioz, eta kontuan izanik zer dioen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. Titulua aplikatuz luzatu den abenduaren 23ko 6/2011 Legeak, 2013 urterako.

Kontuan hartu dira, halaber: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituena (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zenbakia); eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuena.

  1. Agindu honen xedea Pirinioez gaindiko lankidetza-programak abian jartzeko 2013-2014 aldirako laguntzen deialdia egitea eta arautzea da, betiere jarraian zehaztuko ditugun modalitateak eta lehentasunak kontuan hartuta.

  2. Modalitateak:

    1. Eskualde arteko gaikako ikerketa-sareak garatzeko proiektuak.

    2. Teknologia-ikerketa eta -garapeneko proiektuak.

  3. Lehentasunak: ondoko gaiak lehentasunezkotzat joko dira diru-laguntzaren gai diren jardueretarako, aditzera ematen diren hurrenkeran.

    1. Pirinioen testuinguruan egiten diren ikerketa bereziak.

    2. PLErako interesekoak diren beste gai batzuen gaineko ikerketak.

    3. Europar Batasuneko 7. programa markoko edo 2020 Zerumuga Programa lehentasunezko arloak.

Agindu honetan aipatzen diren laguntzetarako 118.665 euro erabiliko dira, ondoren adierazten den bezala banatuta: 2013ko ekitaldian 58.665 euro, eta 2014ko ekitaldian 60.000 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontuko partidaren kargura.

Artikulu honetan esleitutako zenbateko osoa gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpenaren bidez jakinaraziko da hori.

Euskadiko Administrazio Orokorrak emandako laguntzen entitate onuradunak ondoko hauek izan ahalko dira:

  1. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko akreditazioa duten agenteak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituen urriaren 1eko 221/2002 Dekretuko 2. artikuluaren arabera.

    Deialdi honen helburuetarako, honako hau joko da agente zientifiko teknologikoen erregistroko zerrenda gaurkotua: Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna Saileko Teknologia eta Estrategia zuzendaritzak egiaztatutako zerrenda, noiz eta deialdia bukatu eta hurrengo egunean, betiere urriaren 1eko 221/2002 Dekretuko 17.4 artikuluaren arabera.

  2. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak eta eragileak, nortasun juridiko propioa dutenak.

  1. Entitate onuradunek agindu honetan eta eranskinetan programa bakoitzarentzat ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

  2. Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen 50.5. artikuluan ezarritzako baldintzak bete beharko dituzte. Lege hori Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legeak aldatu zuen.

  1. Deialdi honetako modalitateren bateko programan parte hartzen duten bazkideek koordinatzaile nagusi bat izendatu behar dute. Era berean, eskabidea egiten duen PLEko eskualde bakoitzeko eskualdeko arduradun bat ere izendatu behar dute. Eskualdeko arduradunak bere administrazioarekiko ardura izango du, eta koordinatzaile nagusiak PLEren Prestakuntza eta Teknologi Garapeneko Batzordearekiko ardura izango du, lankidetza-programari edo -jarduerari dagokionez.

  2. Erakunde onuradun bakoitzak bere plantillako diren ikertzaile-talde bat aurkeztuko du; taldeko pertsona guztiek erakundearen kontratua izango dute, eskaeraren aurkezpenetik proiektuko garapen aldiaren amaitzera arte, behintzat; ikertzaile hauek laguntza eskatu duen proiektuan lan egingo dute. Pertsona ikertzaile bakoitzak parte izan ahal izango du bat deialdi honi eskatutako proiektua soilik.

  3. Research Professor kategorian Ikerbasque Fundazioak kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxiki eta erakunde horretako plantillako badira, deialdi honi dagokionez, ikertzaile kontsideratuko dira.

  4. Deialdi honetako aurreko urteetako laguntza batean parte hartu duten eta oinarri teknikoetan ezarritako betebeharrak behar bezala zuritu eta amaitu ez dituzten ikertzaileek ezingo dute deialdi honetan parte hartu.

  1. Kideek, koordinatzaile orokorraren ardurapean, eskabide bakarra landuko dute, lankidetza-proiektuari buruzko informazio guztiarekin. Eskualdeko arduradun bakoitzak dagokion administrazioan aurkeztu behar du inprimaki eskabide komun hori. Zenbait parte-hartzaile PLEko eskualde berekoak badira, eskabidea eskualdeko arduradunak bakarrik izapidetu beharko du.

  2. Eskabidea entitate onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztu beharko da.

  3. EAEko bazkide parte-hartzaileek galdetegi berezia bete beharko dute, eta euren jarduerak zehaztu eta laguntza-eskabidea oinarritzen duten premiak justifikatu beharko dituzte bertan.

  4. Eskaerak aurkezteko epea EHAAn argitaratu ondoko egunetik 2013ko uztailaren 22ra artekoa izango da, egun hori barne.

    Eskabideak helbide honetara bidali behar dira:

    Eusko Jaurlaritza.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.

    Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

    Erreferentzia: Pirinioetako Lan Elkartea.

    Donostia kalea, 1

    01010 Vitoria-Gasteiz.

    Apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenean, aipatutako edozein erregistrotan aurkeztu behar da, deialdian eskabideak aurkezteko ezarritako epean. Halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko) 38.4. artikuluan adierazitako lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

  5. Eskabideak egiteko inprimaki normalizatuak interesdunen eskura daude Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzan eta interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

    Eskabidearen inprimakiarekin batera, eranskin bakoitzean zehazten den dokumentazioa aurkeztu behar da. Eskabidea eta dokumentazioa paperean aurkeztuko da, bai eta beste kopia bat ere, CD batean, formatu elektronikoan.

  6. Eskaera horretan jasoko dira Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen Testu Bategineko 50. artikuluaren 6. atalean aipatzen diren ardurapeko adierazpenak. Testu Bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bitartez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legeak aldatu zuen.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzea.

Eskabideak ez badira horretarako normalizatutako inprimaki edo bitartekoetan aurkezten edo beharrezko informazio guztia erantsi ez bazaie, entitate eskatzaileari jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaio akats hori zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Gainera, jakinaraziko zaio eskaera ezetsiko dela horrela egiten ez badu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 42. artikuluari jarraituz emandako ebazpen baten ondoren.

Proposamen bakoitzean tartean diren PLEko eskualdeetako administrazioek hartuko dituzte finantziazio erabakiak, dagoen aurrekontuaren eta dagozkion eranskinetan zehaztutako irizpideen arabera.

  1. Eskabideek administrazio bakoitzaren ebaluazio-prozedura bete beharko dute, eta behin-behineko proposamena emango da.

    Ebaluazio-batzorde bat osatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren behin-behineko hautaketarako proposamena PLEri aurkezteko xedearekin. Batzorde hori hauek osatuko dute: Zientzia Politikarako zuzendariak (batzordeburu izango da), Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako ikerketa-programen teknikari batek (zuzendariak izendatua). Aipatu batzordeak proiektu bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie dagokien jakintza-arloan ospea eta ebaluatzeko esperientzia duten ikertzaileei.

  2. Aurre-hautaketa egin ondoren, Ebaluazio Batzordeak proiektu osora egiteko aurreikusitako baterako finantziazioak zuritzeko eskatuko du.

  3. Behin-behineko proposamenak -non ezarritako irizpide bakoitzerako eskabidearen balorazioa erantsiko baita- PLEko Prestakuntza eta Teknologi Garapeneko Batzordeak aztertuko ditu. Aurre-hautaketa adostuko du batzordeak eta, hala badagokio, egoki iritzitako agiri osagarriak eskatuko ditu.

  4. Salbuespen gisa, Prestakuntza eta Teknologi Garapeneko Batzordeak ikerketa-proiektuen nahiz ikerketa-sareen proiektuak onartu ahal izango ditu, nahiz eta parte hartzen duten lurralde-administrazioen finantza-laguntzak mugaz gaindiko izaerarik ez izan; hau da, bi estatutako administrazioek parte hartu behar ez izan. Alabaina, horretarako, proiektuak teknikoki bideragarria izan behar du, Batzorde horren aburuz, eta deialdian eskatzen diren gainerako baldintzak bete behar ditu.

  5. Bestalde, PLEko Prestakuntza eta Teknologia Garapeneko Batzordeak ebaluatutako eskabideen lehentasun ordena bat ezarriko du modalitate bakoitzerako, dagozkien eranskinetan ageri diren ebaluazio-irizpideei jarraiki, eta balorazio onena lortu dutenak soilik hautatuko dira.

  6. Aurreko prozeduraren arabera hautatuko proiektuekin, Ebaluazio Batzordeak erabakiko du zenbateko aurrekontua onartzen den eskabide bakoitzean, eta bakoitzari dagozkion laguntzak esleituko ditu, onartutako kostuaren % 100era artekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako esleitutako aurrekontu-kreditua erabat agortu arte, edo horren eguneratzearen ondoriozkoa agortu arte, indarrean dagoen legediarekin bat aurrekontuan aldaketak eginez gero. Edonola ere, beti errespetatu behar dira agindu honetako I. eta II. eranskinetan laguntza-programa bakoitzerako ezarritako mugak.

  1. Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztuko dio proposamena, eta honek esleitu edo ukatu egingo ditu, ebazpen bakar eta arrazoituaren bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie. Denek horren berri izan dezaten, EHAAn argitaratuko dira entitate onuradunen zerrenda, jasotako zenbatekoa eta finantzatu den programaren titulua.

    Deialdi hau argitaratzen denetik sei hilabete igaro aurretik berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskariak isilduzko erabaki bidez ezetsi direla ulertu behar da.

  2. Ebazpen horren aurka, entitate onuradun eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, jakinarazten den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

  3. Ebazpenean ondoko erreferentziak jaso behar dira:

    1. Zein modalitatetara aurkezten den.

    2. Proposamenaren izena.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdeko arduraduna.

    4. Entitate onuraduna.

    5. Esleitutako zenbatekoa, urteko kopuruetan banakatuta.

  1. Diru-laguntzaren zenbatekoa proiektuaren ikertzaile arduradunari dagokion entitate onuradunei ordainduko zaie. Lehenengo urteko ordainketa behin 13.1 artikuluan deskribatutako diru-laguntzako onarpen aldian pasatuta ordainduko da. Bigarren urteko ordainketa behin eta Legezko ordezkariak lehenengo urteko txostena bidali eta organo azterkariak ontzat ematen duenean ordainduko da.

  2. Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzuleraren sistema orokorra arautzen du, eta hura kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen ditu.

  3. Entitate onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate bat ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela eta Gizarte Segurantzako ordainketak egunean beharko du, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zenbakia).

  4. Laguntza kudeatzeko organoak, empresa eskatzaileek eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak ez diren eskatzaileek zerga-betebeharrak ordainduta dituztelako egiaztatuko du modu automatikoan, behar diren adina aldiz eta entitate eskatzailearen baimenik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen zuenaren arabera. Nafarroako Ogasunean tributatuz gero, entitate eskatzaileek zerga-betebeharrak ordainduta dituztelako egiaztapena aurkeztu beharko dute.

  1. Entitate onuradunei ebazpenaren jakinarazpenarekin batera emango zaie diru-laguntzaren urteroko banaketen berri. Erabakiaren jakinarazpena jaso denez gero 10 egun naturaleko epean berariazko uko egitea ez bada egiten, entitate onuradunak diru-laguntza onartzen duela ulertuko da. Une honetatik aurrera, proiektuen burutzea hasiko da, bateko edo bi urtetako aldi batean, Erabakian ezarritakoaren arabera.

    Ikertzaile nagusiak eta entitate onuradunak diru-laguntza onartzeak deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea dakar.

  2. Entitate onuradunek proiektuaren gaurkotzea egin behar izango dute, aurrez ikusitako gastua diru-laguntza emandako aurrekontuan estutuz, aipaturiko gastuari jarduera elkartuak deskribatuz.

  3. Jatorrizko fakturak erakundean bertan artxibatu behar dira, eta erabilgarri egon behar dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.

  4. Entitate onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar dio erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.

  5. Erakunde onuradunek txosten hauek aurkeztu behar dituzte:

    1. Aurrekontuko gaurkotze txostena: behin diru-laguntzaren zenbatekoa ezagututa, entitate onuradun bakoitzak proiektuaren jardueretarako aurrez ikusitako gastuak eguneratu behar izango ditu, bazkide-taldeak egindako plangintza komunera ados. Txostena diru-laguntzaren jakinarazpenaren harreratik 10 egun gaindituko ez dituen epean aurkeztuko da.

    2. Urteko txostena: proiektuaren edo sarearen entitate onuradun bakoitzak proiektuaren urteko txostena aurkeztu behar dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, programa burutzeko urte bakoitzeko abenduaren 30a baino lehen. Txosten horretan, burututako jarduerak, programak izan duen bilakaeraren balorazioa eta diru-laguntzatik gastatutako kopuruaren estimazioa jasoko da, entitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin.

    3. Euskadiko programaren azken txostena: erakunde onuradun bakoitzak bere proiektu-zatiaren amaierako txosten bat aurkeztu beharko du. Txosten horretan, egindako jarduerak, lortutako emaitzak eta lanaren ondorioak jasoko dira. Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztuko zaio, proiektua amaitzen denetik hilabetea igaro baino lehen.

    4. Programaren amaierako txosten bateratua: aurreko txostenez gain, proiektu berean parte hartzen duten taldeek amaierako txosten bat aurkeztu behar dute koordinatzailearen gidaritzapean. Txosten horrek egindako jarduerak jaso behar ditu, parte hartu duten taldeenak zein diren zehaztuta. Emaitza bateratuak azaldu behar dira, eta, era berean, emaitzak aztertuko dira, eta ondorioak proposatuko. Proiektua erabat bukatutzat emateko, programa honen eragina zehaztu beharko da, bai batera egingo diren argitalpenei dagokienez, bai parte-hartzaileen etorkizuneko lankidetzei dagokienez ere. Proposatutako helburuen lorpenen eta Europar Batasunaren 7. Esparru Programako edo Horizon 2020 Programako jarduera bati jarraipena emateko aukeraren balorazio bat egingo da. EAEn programaren arduraduna denak amaierako memoria hori aurkeztuko du deialdiaren organo kudeatzailean, EAEko bi hizkuntza ofizialetan. Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztuko zaio, proiektua amaitzen denetik lau hilabete igaro baino lehen.

    5. Argitalpenak: lortutako emaitzak liburu, monografia, artikulu, doktorego-tesi, lizentziaturako tesina, kongresuei egindako jakinarazpen, patente, kontratu, erabilera-modelo, eta gisakoetan bildu badira zatika, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari hauen kopia bat emango zaio.

  6. Egindako guztizko gastua egiaztatzea. Entitate onuradunek proiektuaren jarduera-epealdian egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, legezko ordezkariak sinatuta, eta, soberakinen bat egonez gero, horien berri eman beharko du, eta horiek egiaztatu. Ziurtagiri hori proiektua amaitu osteko bi hilabeteko epean aurkeztu behar da.

  7. Lankidetza-proiektuak dirauen bitartean, ikertzaile parte-hartzaileek proiektuaren egoerari eta garapenari buruzko informazioa eman beharko diote Zientzia Politikorako Zuzendaritzari edo PLEko Prestakuntza eta Teknologi Garapeneko Batzordeari, hala eskatzen diotenean. Era berean, PLEk antolatutako bileretan eta ebaluazioetan parte hartu behar dute, egindako jarduerak aurkezteko.

  8. Urteko txostenek, amaierako memoria zientifikoak eta egindako argitalpenek ebaluazio zientifikoa jasoko dute. Ezagutza-arlo jakin batean itzal handia eta ebaluazio-esperientzia sakona duten pertsonen iritzia eska daiteke. Bai urteko txostenek eta bai urte amaierako memoria zientifikoak ere modu egokian eta justifikatuan bete beharko dituzte eskabidean adierazitako ezagutzaren sormen-maila, ikerketaren garapen-mota, emaitzak, eta, hala behar izanez gero, ikertzaileek aurkeztutako aldaketak, betiere azkeneko hauek Zientzia Politikako Zuzendaritzaren baimena badute.

    Proiektuaren garapen-maila ez bazaie egokitzen organo kudeatzaileak proposatu eta onartutako emaitza eta jarduerei -nahiz eta arau hauste administratiborik ez ekarri-, talde ikertzaileak aurrerantzean egingo dituen ikerketa-proposamenetan hartuko da kontuan.

  1. Talde ikertzaileko kideek gastuak egin behar izango dituzte Agindu honetan ezarritakora eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren arauetara ados; zehazten ez denean entitate onuradun dauden arau orokorren arabera egingo dute. Proiektuaren diru-laguntzari egotzitako gastu guztiek baimendutako pertsonentzat onartutako jardueren arabera justifikatuta behar bezala egon behar izango dute eta faktura egokiekin eta gastuaren egiaztagiriekin akreditatuta.

  2. Entitate onuradunen urteko txostenetan eta argitalpen zientifikoetan agerrarazi behar da horiek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa jaso dutela, eta proiektuaren identifikazio-kodea ere agerrarazi behar da.

  3. Proiekturako proposatutako xedeak betetzeko eta helburuak gauzatzeko erabili ez diren guztizko zenbatekoei eta zenbateko partzialei dagokienez nahiz Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeei eta itzulerei dagokienez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zenbakia) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu bererako beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin, betiere aldez aurretik Zientzia Politikoko Zuzendaritzari deklaratu eta horrek onartzen baditu. Gainfinantzatuta dagoela atzemanez gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketari kopuru hori murriztuko zaio.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntzarik edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, eta, horren bidez, berregokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez dela bete eta, urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak.

17 artikulua. Diru-laguntza itzultzeko edo diru-laguntzarako eskubidea galtzeko arrazoiak.

  1. Diru-laguntza jasotzeko bide eman zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eta horri jarraiki, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak.

  2. Proiekturako eskabidea egin duen koordinatzaile orokorra edo lurralde-arduraduna ikerketa-proiektuari uko egitea edo eskatzaile hori entitate onuraduna ez den beste entitate batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

  3. Proiektu batean beste iturri batzuetatik datorren finantziazioa metatzea edo proiektu horren aldaerak beste erakunde, entitate edo zentro publiko eta pribatu batzuei aurkeztea, finantziazio eske, behar adina justifikatu gabe eta aurretik Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi gabe eta horrek horrelakorik onartu gabe.

  4. Proiektua proposatutako helburuekin eta hitzartutako epeekin bat etorri gabe garatzea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik izan gabe horretarako.

  5. Ikertzaile-taldeko kideek berek proiekturako ezarritako dedikazioa ez betetzea.

  6. Deialdi honetako oinarriak eta administrazio-agiriak ez betetzea.

  7. Datuen ezkutaketa larria, aldaketa edo eske-idazkian edozein eratako manipulazioak egitea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Ikerketa izeneko fitxategi batean sartuko dira datuok, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren erantzulea. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzkoan, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Administrazio Prozedura Erkidean xedatu bezala.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 11a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)