- AGINDUA, 2013ko ekainaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, lankidetza-beketarako deia egiten da, 2013-2014 ikasturterako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko ekainaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, lankidetza-beketarako deia egiten da, 2013-2014 ikasturterako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 124
- Hurrenkera-zk.: 2978
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/06/19
- Argitaratze-data: 2013/07/01
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Euskal Herriko Autonomia Estatutuak abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».
Unibertsitate-gaietan Estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuaren eranskineko B.2 puntuak ezartzen duenez, administrazio-egoitza erkidego honetan duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako egindako deialdien arautzea eta kudeaketa aipatutako Erkidegoari eskualdatzen zaio.
Horrez gain, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, bere 8., 38. eta 44. artikuluetan arautu du beka eta ikasketetarako laguntzei dagokiena, eta honako hau ezarri du: unibertsitateen gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokio oinarrizko legedian bekei, kredituei eta ikasketetarako laguntzei buruz ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea.
Arau-esparru horretan egiten da lankidetza-beketarako deialdia, eta ikasketa-espediente onak dituzten eta ikastetxeetan edo unibertsitate-ikerketako zentroetan lankidetza eskaini, eta, aldi berean ikasi nahi duten unibertsitateko ikasleentzat dira; hala, hastapenak egingo dituzte beren ikasketekin zerikusi zuzena duten irakasgai edo ikerketa-gaietan.
Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legeak honako eskubide hau aitortzen die herritarrei: bitarteko elektronikoen bitartez herri-administrazioekin hartu-emanak izateko eskubidea; eta, bestalde, administrazio-jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko zehaztapen oinarrizkoak arautzen ditu, hain justu ere herri-administrazioen euren arteko hartu-emanei eta horiek herritarrekin dituzten hartu-emanei dagokienez; zertarako-eta honako hauek bermatzeko: herritarren eskubideak, haien aurrean herritarrenganako tratamendu bidezkoa, eta administrazio-jardueraren balioa eta eraginkortasuna, segurtasun juridikoko baldintzetan
Hortaz, deialdi honen bitartez finkatu egiten da administrazio elektronikoaren erabilpena, bai eskabideak aurkezteari dagokionez eta bai ematen diren administrazio-egintzak jakinarazi edo argitaratzeari dagokionez ere. Hartarako, unibertsitarioen gaitasun teknikoa eta profesionala izan da kontuan; izan ere, uste baita haiek badituztela, baliabide teknologikoei dagokienez, sarbidea eta erabilgarritasuna.
Eta guzti horren ondorioz, diru-laguntzen arloan indarrean den legeriarekin bat etorriaz, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotakoarekin bat etorriaz, honako hau
Helburu hori lortu ahal izateko 557.200 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2013. urterako laguntza horietarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Baimena ematen zaio unibertsitate-zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan agindu honetan xedatutakoa betetzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan aurkeztu, bi hilabeteko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Deialdi honen helburua hauxe da: unibertsitatean ikasten ari diren bitartean lankidetza-lana egin nahi duten unibertsitate-ikasleei 2013-2014 ikasturtean lankidetza-bekak ematea.
Beka horiek diru-laguntzak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez denerako, hau aplikatuko da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak.
Bekaren zenbatekoa 2.800 eurokoa izango da.
199 lankidetza-bekak honela banatuko dira:
Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateak:
Euskal Herriko Unibertsitatea: 150 beka.
Deustuko Unibertsitatea: 27 beka.
Mondragon Unibertsitatea: 12 beka.
Gainerako unibertsitateak: 10 beka; unibertsitate bakoitzari, gehienez, bat.
Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateetan matrikulatuta dauden eskatzaileek Eusko Jaurlaritzak aintzatetsitako ikerketa-talderen batean (II. eranskina) egin beharko dute lan, edo unibertsitateek berek aintzatetsitako ikerketa-talderen batean.
Estatuko gainerako probintziaren bateko unibertsitateren batean matrikulatuta dauden eskatzaileek, ordea, unibertsitate horietako sailen batean egingo dute lan.
Unibertsitate bakoitzean esleitu gabe gelditzen diren lankidetza-bekak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitateen Zuzendaritzak banatuko ditu, eta Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateek izango dute lehentasuna banaketa horretan.
Bekaren onuradun izateko, eskaria egiten duen pertsonak lankidetza-proiektu bat aurkeztu behar du, ikerketa-taldeak egiten ari diren ikerketa-ildoen barruan garatuko dena Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateen kasuan, eta unibertsitateko sailetako ikerketa-taldeak egiten ari direnaren barruan garatuko dena gainerako unibertsitateen kasuan. Ikerketa-talde hartzaileak edo lankidetza egingo den departamentuak egiaztatu beharko du proiektua, Euskal Unibertsitate Sistemako edo Estatuko gainerako probintzietako unibertsitate batean egingo den kontuan harturik.
Proiektu horretan, halaber, egin beharreko eginkizunak deskribatuko dira, bai eta bekak irauten dituen 450 orduen banaketa ere. Beka ikasturtearen joanean garatuko da, uztaila eta abuztua barne.
Edozein erakunde edo instituzio publikok edo pribatuk helburu berarekin deitzen duen beste beka edo diru-laguntza batzuekin bateraezina da beka hau.
Lankidetza-bekak prestakuntza-izaera izango du bakarrik, eta inoiz ere ez du eragingo ondorio juridikorik ez eta lan-ondoriorik ere bekadunaren eta Eusko Jaurlaritzaren edo dagokion Unibertsitatearen artean.
Beka eskatzen duen pertsonak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea.
Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, 2013ko urtarrilaren 1etik baino lehenagotik.
Aurreko ikasturteetan horrelako bekarik jaso ez izana.
Graduko, lizentziako, ingeniaritzako edo arkitekturako ikasleek honako hauek egiaztatu beharko dituzte:
Graduko, lizentziako, ingeniaritzako edo arkitekturako unibertsitate-titulu ofiziala ez edukitzea, edo hura emateko eskaria egin ahal izateko lege-baldintzak ez izatea edo ez betetzea.
Lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura bukatzeko gehienez ere 80 kredituren falta egotea, edo graduko ikasketak bukatzeko 60 kredituren faltan.
2013-2014 ikasturtean, ikasketak bukatzeko falta zaizkien kredituetan matrikulatuta egotea. Salbuespen modura, gainerako kredituak eskuratu arte karrera bukaerako proiektuan edo gradu bukaerako proiektuan ezin bada matrikularik egin, proiektu horri dagozkion kredituak kontuan hartzen ez dituzten eskariak onartuko dira.
Gainditutako kredituen edo irakasgaien batez besteko nota hauek izatea:
5,50 puntu, ingeniaritzan eta arkitekturan.
6,50 puntu, zientzietan eta osasun-zientzietan.
7,00 puntu, Arte eta giza zientzietan, eta gizarte- eta lege-zientzietan.
Beka eskatzearen arrazoia diren ikasketetan matrikulaturik ikasleak eman dituen urteen kopurua (2013-2014 ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino urtebete luzeagoa izan. Aldez aurretik egindako ikasketak direla-eta balioztatu diren kredituei dagokienez, ikasketa horietan emandako urteak hartuko dira kontuan zenbaketa horretarako.
Unibertsitate-master ofizial bateko unibertsitate-ikasleek honako hauek egiaztatu beharko dituzte:
Master ofizial bateko unibertsitate-titulu ofiziala ez edukitzea, edo hura emateko eskaria egin ahal izateko lege-baldintzak ez betetzea.
Unibertsitate-master ofizial bateko 60 kreditutan gutxienez matrikulatuta egotea, 2013-2014 ikasturtean. Salbuespen modura, gainerako kredituak eskuratu arte master bukaerako proiektuan matrikulatu ezin den 60 kredituko masterretan, proiektu horri dagozkion kredituak kontuan hartzen ez dituzten eskariak onartuko dira.
Ikasketa-espedientean batez besteko nota hau lortu izana:
5,50 puntu, ingeniaritzan eta arkitekturan.
6,50 puntu, zientzietan eta osasun-zientzietan.
7,00 puntu, Arte eta giza zientzietan, eta gizarte- eta lege-zientzietan.
Batez besteko nota hori kalkulatzeko, ikasketa horiek egiteko modua eman zion unibertsitate-titulazioan lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan, masterreko bigarren mailan izan ezik, hor batez besteko nota aurreko ikasturteko batez besteko notaren arabera kalkulatuko baita.
Beka eskatzearen arrazoia diren ikasketetan matrikulaturik ikasleak eman dituen urteen kopurua (2013-2014 ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino luzeagoa izan.
Gorago aipatutako baldintza guztiak eskariak aurkezteko azken egunean bete beharko dira, guztiak bat izan ezik: 1.g) puntuan erroldatzeari buruz diharduena (kasu horretan, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenago betetzen direla egiaztatu beharko da).
Eskabide-ereduak honako erantzukizun-deklarazioa jaso beharko du: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina; bada, dekretu horretako 50. artikuluko 6. paragrafoan aipatutako deklarazioa; eta bide telematikotik bete beharko da hura, ondoko helbidean kokatutako aplikazioaren bidez: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/lankidetza/eu/, Unibertsitateak eta Ikerketa atalean. Horretarako, eskabide-egileak alta hartu beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.
Behin eskabidea egoki betetakoan, eskabide-egileak aukera egin beharko du izapideak bide elektronikotik egitearen edo paper-euskarriaren bidetik egitearen artean.
Izapidetza paper bidez egin nahi bada, aplikazioak sortzen duen eskabidea (behin betez gero) inprimatu eta sinatu beharko da. Eskariak eta aurkeztu beharreko paperezko gainerako agiriak aurkezteko lekuak honako hauek izango dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehaztutako erregistroak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38. artikuluan adierazten dituen tokiak.
Izapidetze elektronikoaren hautua egiten bada, hurrengo artikuluan zehaztu dokumentuak erantsi beharko dira, hain justu ere eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoan.
Eskabideak aurkezteko epea hau izango da: agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik irailaren 13ra artekoa, biak barne.
Eskariarekin batera, eskatzaileek aurkeztu behar dituzte:
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea adierazten duen administrazio-egoitzaren agiria. Administrazio-egoitza hori 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik izan behar da.
Banketxearen agiria, kontu korronte baten edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazten duena, bekaren ordainketa egiteko. Eskatzaileak kontu korronte edo aurrezki-libreta horren titularra edo titular-kidea izan behar du.
Lankidetza-proiektu arrazoitua, ikerketa-talde hartzaileak edo lankidetza egingo den departamentuak egiaztatua, Euskal Unibertsitate Sistemako edo Estatuko gainerako probintzietako unibertsitate batean egingo den kontuan harturik.
Ikaslea Euskal Unibertsitate Sistematik kanpoko unibertsitate batean ari bada, aurreko puntuan aipatutako dokumentazioaz gain beste hauek ere aurkeztu beharko ditu:
Ziurtagiri akademikoa, espedientearen batez besteko nota agertzen duena; ikasitako irakasgaien izena; lortutako kalifikazioa; ikasitako irakasgai horiek osatzen duten kredituen kopurua; eta ikasketak bukatzeko eskuratzeko dituen kredituen kopurua.
2013-2014 ikasturteko matrikularen ordezkagiriaren kopia, zenbat irakasgaitan edo kreditutan matrikulatuta dagoen adierazita.
Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.
Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek Unibertsitate Zuzendaritzara informazioa bidali beharko dute, fitxategi informatiko bidez, deialdi horren izapidetza informatikoa egin dadin, eta gainera, bekadun bakoitzari esleitutako lankidetza egin egiten dela zainduko dute.
Batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:
2012/2013 ikasturtean amaitutakoan espediente akademiko osoko notak kontuan hartuaz kalkulatutako babaz besteko nota.
Zenbakizko kalifikaziorik izan ezean, kalifikazioak honako baremo honen arabera balioetsiko dira:
Ohorezko matrikula (Bikain eta aipamena) = 10 puntu.
Bikain (9 eta 10 puntu artean) = 9 puntu.
Oso ongi (7 eta 8,9 artean) = 7,5 puntu.
Nahiko edo gai (5 eta 6,9 artean) = 5,5 puntu.
Suspentsoa, ez aurkeztua edo deialdi deuseztatua = 2,5 puntu.
Irakasgaika antolatutako ikasketa-plana bada, batez besteko nota kalkulatzeko, irakasgai bakoitzean lortutako puntu guztiak batu, eta emaitza irakasgai guztien kopuruaren artean zatituko da.
Kredituen arabera egituratutako ikasketa-planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatzetik ateratzen den puntuazioa haztatu edo ponderatu egingo da, irakasgaiak duen kreditu-kopuruaren arabera, hurrengo formularen arabera:
V= PxNCa/NCt
V = irakasgai bakoitzean ateratako notaren ponderaziotik datorren balioa..
P = irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko ataleko baremoa aplikatuta.
NCa = irakasgaia osatzen duten kredituen kopurua.
NCt= guztira ikasitako kreditu-kopurua; kontuan hartzeko, kredituok konputagarriak izan behar dute.
Formula hori aplikatzetik ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta emaitza hori izango da batez besteko azken nota.
Baliozkotutako ikasgaiek edo baliozkotutako eta egokitutako kredituek, jatorrizko zentroan lortutako kalifikazioaren baliokidea den puntu-kopurua jasoko dute. Kalifikaziorik ez duten aitortutako ikasgaiak eta kredituak, aldiz, ez dira espedientean agertuko.
Bigarren zikloko edo masterretako titulazioen batez besteko nota kalkulatzeko, ikasketa horiek egiteko modua eman zion unibertsitate-titulazioan lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan, masterreko bigarren mailan izan ezik, hor batez besteko nota aurreko ikasturteko batez besteko notaren arabera kalkulatuko baita.
Atzerriko unibertsitateetako espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, unibertsitateak irakasgai bakoitzerako ezarriko du sistema dezimalerako baliokidetza. Horretarako, aintzat hartuko ditu irakasgaia gainditzeko gutxieneko nota eta jatorrizko kalifikazioen kalifikazio handiena, eta zehaztu egingo du kalifikazio-sistema dezimalarekiko zer baliokidetza duen.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da, zeinak espedienteei dagokienez azterketak eta ebazpen-proposamenak egingo dituen. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da batzordeburua; Unibertsitate Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak aukeratutakoak, izango dira batzordekideak.
Beka horiek norgehiagoka-erregimenean emango dira. Beraz, beka jasotzeko ez da nahikoa izango I eranskin honen 7. artikuluan jasotako baldintzak betetzea. Horrez gain, ordena-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, unibertsitate bakoitzak eman behar dituen beka guztien artean eskabidea kokatu ahal izateko.
Hartarako eratutako hautaketa-batzordeak ordenatu egingo ditu eskabideak eta Unibertsitateetako zuzendariari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena.
Eskabide bakoitzaren ordena ezartzeko, honako irizpide hauek jarraituko dira deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ordenan jartzeko:
Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten unibertsitateei dagokienez, ikasleak zerrenda batean adieraziko dira, goitik beherako ordenan, honako hau aplikatu ondoren lortutako emaitzaren arabera: batez besteko notaren % 80 (11. artikuluaren arabera kalkulatua eta 0tik 100era bitarteko eskalara egokitua) gehi ikerketa-taldeek lortutako ebaluazio-notaren % 20a. Unibertsitateek berek aitortutako ikerketa-taldeei dagokienez, ebaluazio-notaren % 20 kalkulatzeko, 40 puntu hartuko dira aintzat.
Gainerako unibertsitateen kasuan, ikasleak goitik behera ordenatuko dira, lortutako batez besteko notaren arabera, eta nota hori 11. artikuluan ezarritako moduan kalkulatuko da.
Berdinketarik gertatuz gero, sarrera-eguna kontuan izanik ebatziko dira; eta berdinketa puskatzen ez bada, zozketa bidez ebatziko da.
Unibertsitateetako zuzendariaren ebazpen-proposamenak hiru zerrenda izango ditu unibertsitate bakoitzeko:
Beka jaso behar duten eskarien zerrenda, eta hor gutxienez guztira lortutako puntuazioa eta hurrenkera-zenbakia agertuko dira.
Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda, ukazioaren arrazoiak gutxienez jasoko dituena.
Deialdi honetan ezarritako baldintzak bete arren beka lortzeko hurrenkera-zenbakia lortzen ez duten eskarien zerrenda. Gutxienez guztira lortutako puntuazioa eta hurrenkera-zenbakia agertuko dira zerrenda horretan. Zerrenda horrekin, eta haren lehentasun-ordenari jarraiki, ordezkoen zerrenda osatuko da, eta zerrenda horretan jasotakoek ordezkatuko dituzte edozein arrazoi dela eta azkenean diru-laguntza jaso ezin duten pertsonak.
Unibertsitateetako zuzendariak egingo du ebazpen-proposamenaren jakinarazpena, https://euskadi.net helbide elektronikoko iragarki-taulan hura emanez argitara. Horretaz gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian emango da argitara: www.hezkuntza.net. Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da jakinaraz-penaren datatik aurrera.
Alegazioak aztertu, epea bukatu eta ukoak onartu ondoren, hautaketa-batzordeak aurreko artikuluan ezarritakoa betez berriro ordenatuko ditu eskariak. Gehienez ere agindua argitaratu eta sei hilabeteko epean, Unibertsitateetako zuzendariak ebazpena eman eta prozedura jakinaraziko du, hautaketa-batzordearen eskariz.
Ebazpen horrek bina zerrenda izango ditu unibertsitate bakoitzeko:
Beka jaso behar duten eskarien zerrenda, eta hor gutxienez guztira lortutako puntuazioa eta hurrenkera-zenbakia agertuko dira.
Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda, ukazioaren arrazoiak gutxienez jasoko dituena. Horretaz gain, beka lortzea ahalbidetzeko ordena-zenbakia lortu ez duten eskatzaileak ere jasoko dira.
Unibertsitateetako zuzendariak egingo du ebazpenaren jakinarazpena, https://euskadi.net helbide elektronikoko iragarki-taulan hura emanez argitara. Horretaz gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian emango da argitara: www.hezkuntza.net. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Ezarritakoaren aurka egin gabe, egindako jakinarazpenaren abisuak bidali ahal izango dizkie Unibertsitate Zuzendaritzak interesdunei; hartarako, SMS mezuak edo posta elektronikoa erabiliko ditu. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.
Deialdia ebazteko ezarritako igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazten, beka-eskaria ezetsi egin dela ulertuko da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarenak eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluak ezarritako ondorioetarako.
Diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ostean, ordainketa bakar batean ordainduko dira beka horiek.
Agindu honetan aurreikusitako bekak onuradunei ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den zigor-prozedura edo dirua itzultzeko prozedura oro amaitzea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hauek dira bekadunen betebeharrak:
Dagokion helbururako erabiltzea laguntza; alegia, deialdian ezarritako baldintzen arabera gauzatu behar dute lankidetza.
2013-2014 ikasturtean matrikulatutako ikasketak egiten jarraitzea.
Unibertsitate-ikasketak egiteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik lortzen dituen beka edo laguntzen berri ematea Unibertsitate Zuzendaritzari.
Onartu egin beharko dituzte beka emateko zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko egiten diren jarduera guztiak, halakorik egiten bada; eta, beken helburua fiskalizatzeko, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko diete erakunde horiei.
Unibertsitateetako zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Testu Bategina, honako kasu hauetan:
Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.
Egiaztatzen bada emandako beka jasotako beste beka edo laguntza batzuekin bateraezina dela.
Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.
Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.
Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen unibertsitate-ikasketen matrikula.
Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek, eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean itzultzeko jasotako zenbatekoak, beti ere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.).
Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Finantza Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraikiz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Zuzendaritzaren 2 zenbakiko Fitxategian sartuko dira (fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan jasota dago).
Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, indargabetzeko eta datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Unibertsitate Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitateen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.
(Ikus .PDF)


