Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2013ko uztailaren 10ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei diru-laguntzak ematea arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2013ko uztailaren 10ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 131
  • Hurrenkera-zk.: 3140
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2013/07/10
  • Argitaratze-data: 2013/07/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Erakunde sindikalen helburua langileen interes ekonomikoak eta sozialak defendatzen eta sustatzen laguntzea da. Defentsa hori sindikatu guztiek hartu behar dute beren gain, bereizketarik gabe.

Askatasun sindikalak, zeinek askatasun-alor bat bermatzen baitie sindikatuei eta ez baitu Administrazio Publikoen esku-hartzerik, ez ditu debekatzen, ordea, egintza sindikala sustatu edo sindikatuaren indarra handitzea bilatzen duten ekintza publikoak, betiere sindikatuaren autonomia murriztu gabe.

Ildo horretatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko ondorengo Legeetan aurreikusitakoaren arabera, diru-laguntzak eman izan ohi dizkie zentral sindikalei, betiere zentral sindikalaren berezko helburuen barnean jarduerak betetzen badituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legeak Lana 31120 Programan kreditu bat ezartzen du erakunde sindikalentzat, erakunde sindikal guztiek garatzen dituzten jardueretarako diru-laguntzak emateko, haien ordezkaritza-mailaren arabera.

Diru-laguntza horiek emateko irizpidea onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikal eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da; neurri hori 2012ko abenduaren 31n lortutako hauteskunde-audientziaren araberakoa izango da, eta erakunde sindikal horiek hauteskundeetan lortutako emaitzak azaltzen dituen akreditazio-ziurtagiriaren bitartez dokumentatu beharko diete enpresetako langileen ordezkariei eta Administrazio Publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei.

Horri dagokionez, Jurisprudentzia desberdina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Hirugarren Salaren Jurisprudentzia errepikatua hartu behar dira kontuan; izan ere, Jurisprudentzia hori eskatzen ari da erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztugabetasuna saihesten duten alderdiak sartzeko, eta erakunde onuradunek justifika dezatela diru-laguntzak ematea eragin duen helburua bete dela.

Eskakizun horren funtsezko edukia laguntza eta diru-laguntza publikoen erregimenaren erregulazio sistematikoan eta orokorrean dago. Erregulazio hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan bilduta dago, eta horko baldintzek diru-laguntzetarako deialdiak arautuko dituzten arauak bildu beharko dituzte gutxienez.

Horren ondorioz, adierazitako helburua betetzearren, eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.2 artikuluan ezarritako eskumena betez, honako hau

  1. Agindu honen helburua honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea 2013ko ekitaldirako, erakunde horien ohiko funtzionamenduak eragindako gastuei aurre egiteko.

  2. Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko 2013ko ekitaldirako Luzatutako Aurrekontu Orokorren aurrekontu-kredituarekin ordainduko dira. Adierazitako kredituaren zenbateko banakatua hauxe da: 880.000 euro ordainketa-kreditu gisa, eta 220.000 euro 2014rako konpromiso-kreditu gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2012ko abenduaren 31n, ordezkaritza duten eta 2013. urtean jarduerak gauzatzeko asmoa duten erakunde sindikalak izan daitezke Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza izateko ahalmena Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publiko eskudunak horretarako emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da, eta ziurtagiri hori espedienteari erantsiko dio deialdi hau kudeatzen duen organoak berak. Ziurtagiri horretan espresuki jasoko dira 2012ko abenduaren 31n erregistratutako hauteskunde sindikalen emaitzak.

  2. Honako erakunde sindikal hauek ezin izango dute deialdi hau baliatu: diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarten administrazio- edo zigor-arloko zehapena dutenak, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten pean daudenak. Ezingo dute ezta ere deialdi hau baliatu Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik helburu bererako jasotako laguntzak aurretik justifikatu ez dituztenek.

  3. Erakunde onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute arestian azaldutako eskakizun guztiak betetzen dituztela.

  1. Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Erregistro Orokorrean, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Eskabide normalizatua eskuragarri dute interesdunek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren web orrian, honako atal honetan: Lana eta Lan Harremanak, Kudeaketak eta Izapideak, Inprimakiak eta ereduak zure kudeaketak egiteko. Hona hemen interneteko helbidea: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-conttrl/es/contenidos/informacion/5233/es_2289/adjuntos/solicitud%20orden%20subvenciones%20castellano.pdf

  2. Deialdi honetan parte hartzeko interesa duten erakunde sindikalek Lan Zuzendaritzara bidali beharko dituzte diru-laguntzak eskatzeko eskabideak, honako dokumentazio honekin:

    1. Erakunde sindikalak dagokion administrazio-erregistroan izena emana duela frogatzen duen agiria. Erakunde sindikalek euren estatutuak Enpresa Elkarteen eta Erakunde Sindikalen Erregistroan gordailatuta badituzte, ez dute zertan aurkeztu dokumentazio hori, betiere, aurrez, deialdia kudeatzen duen organoari hori egiaztatzeko baimena ematen badiote.

    2. Sinatzailearen identitatea frogatzen duen agiria, edo, hala badagokio, deialdia kudeatzen duen organoari eman zaion baimena, hori egiaztatzeko.

    3. Ordezkari gisa eskatuz gero, ordezkotza hori egiaztatzen duen agiria; edo erakundearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakunde horren izenean jarduteko daukan gaitasuna egiaztatzen duena.

    4. Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia eta «Hirugarrenaren datuen alta/aldaketa» deituriko dokumentua (http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/ es_7999/alta_terceros.html), hala badagokio, diru-laguntza ordaintzeko, salbu eta Eusko Jaurlaritzarengandik diru-sarrerak jaso badira, eta diru-laguntza ordaintzeko kontua aldatu nahi ez bada.

    5. 2013. urtean egingo diren jarduera eta gastuen aurreikuspena azaltzen duen memoria, memoria horretan deskribatutako jardueren kostuaren aurrekontu xehatua barne. Jarduerak finantzatzeko beste baliabide batzuk daudela adierazi egingo da, halakorik egonez gero.

    6. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.6 eta 51.1 artikuluaren arabera, honako alderdi hauek egiaztatuko dira erantzukizunpeko adierazpen bidez:

      Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela biltzen duen erantzukizunpeko aitorpena.

      Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu direla, eta, hala badagokio, lortu direla adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.

    7. Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den aldi guztietan, horretarako eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Nafarroako Ogasunean zergak ordaintzen baldin badira, interesdunek zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute.

    8. Era berean, erakunde eskatzaileak adierazi du egia direla eskaeran bildutako datuak, eta laguntza hori eskatzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

  3. Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Erregistro Orokorrean, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Diru-laguntza eskatzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

Agindu honen helburu diren diru-laguntzei erantzuteko esleitutako kreditua proportzionalki banatuko da erakunde sindikal eskatzaileen artean, daukaten ordezkaritza kontuan hartuta, betiere, 2012ko abenduaren 31n hauteskundeetan izandako emaitzen arabera.

  1. Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.

  2. Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eta erakunde sindikalak beste edozein erakunde publiko edo pribatutik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako diru-laguntzak metatzen badira, eta diru-laguntza horien baturak diru-laguntzaren helburua den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da; eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ematen duen diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

  1. Lan Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Laneko zuzendariaren ebazpen espresuaren bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

    Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

  3. Agindu honek ondorioak sortzen dituenetik lau hilabete igaro ondoren ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Nolanahi ere, espresuki ebazteko betebeharra izango du Administrazioak.

  4. Publizitatearen printzipioa betetzeko, Laneko zuzendariaren Ebazpenaren bidez, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, Agindu honen babesean diru-laguntza zein erakunde sindikalek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, beste alde batetik, zein erakunderi emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko Ebazpenak espresuki eta banaka ere jakinarazi ahal izango dira.

Diru-laguntza emateko helburua betetzat hartu bada, eta erakunde onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko betebeharrak betetzat hartu badira, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero edo beste Administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako diru-laguntza batzuk metatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Lan Zuzendaritzak ordaintzeko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde sindikalek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

Kasuan kasu, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:

  1. Diruz lagundutako jarduera egiaztatzen duen Memoria igorri beharko diote Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lan Zuzendaritzari, 2013ko abenduaren 6a baino lehen. Memoria horretan, jarduera gutxienez, emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 80ari dagokionez burutu dela justifikatzen duten dokumentuak bilduko dira.

    Halaber, 2014ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra arte, jasotako diru-laguntza osoa justifikatu ez duten erakunde sindikalek memoria bat aurkeztu behar dute, diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, eta memoria horri erantsiko zaio, dokumentu bidez, gainerako ehunekoari dagokion justifikazioa, Agindu honetako 12. artikuluan aipatzen dena.

  2. Konpromisozko bermeen bidez diru-laguntzak zeini emango zaizkien eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu aipatutako dekretuak); horretarako honako hauek bete beharko dituzte:

    1. Emandako diru-laguntza onartu. Ildo horretan, diru-laguntzak esleitzeko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde sindikalek diru-laguntzari espresuki eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da diru-laguntza.

    2. Diru-laguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

    3. Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

Ordainketa zatika egingo da, era honetan:

  1. Lehenengo ordainketan diru-laguntzaren % 80 ordainduko da, agindu honetako 12. artikuluak adierazten duen memoria aurkeztu ondoren.

  2. Bigarren ordainketa, alegia, gainerako % 20a, 2014rako konpromiso-kredituaren kontura ordainduko da.

    Entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon behar dute, ordainketak egin ahal izateko, betiere, aldeko ebazpena eman bada.

Erakunde sindikalek Lan Zuzendaritzaren aurrean justifikatu behar dute, 2013ko abenduaren 6a baino lehen, diru-laguntza jasotzea ahalbidetu zien xedea bete izana. Horretarako, 2013an zehar egindako jarduera eta gastuak azaltzen dituen memoria bat aurkeztu behar dute. Justifikazio horrek izan behar du, gutxienez, emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 80ari dagokiona.

Gainerako ehunekoari dagozkien gastu eta fakturen justifikazioa diru-laguntza osoa justifikatu ez bada, behintzat 2014ko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartean egin beharko da, eta azalpen-memoria ere aurkeztu beharko da.

Memoria horri fakturen, ordainagirien eta bestelako dokumentuen originalak edo kopiak indarreko legeriaren arabera benetakoak direnak erantsi beharko zaizkio.

  1. Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ematea eta ordaintzea erakunde sindikal eskatzaileek zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak betetzearen menpe dago, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2006ko ekainaren 19ko Aginduak xedatzen duenaren arabera.

  2. Erakunde sindikal onuradunei diru-laguntzak ematea eta, hala badagokio, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori gauzatu arte.

  1. Diru-laguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli beharko zaizkio Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.

  2. Erantzukizunen erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Araubidearen Testu Bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Errekurtsoak.

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete interesdunek Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 10a.

    Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

    JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.