- AGINDUA, 2013ko uztailaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek osatutako elkarteei eta toki-erakundeei beren artxibo sistema jarri edota sendotu ahal izan dezaten diru-laguntzak emateko modua arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko uztailaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek osatutako elkarteei eta toki-erakundeei beren artxibo sistema jarri edota sendotu ahal izan dezaten diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 164
- Hurrenkera-zk.: 3786
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/07/24
- Argitaratze-data: 2013/08/29
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN) sortu zen, eta horri dagokio bere barruan dauden artxibo zerbitzuen planak bateratzea eta koordinatzea. Artxibo zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak 3. artikuluan ezartzen du euskal herritarren dokumentu ondarearen eremua, dokumentuok diren garaikoak direla. Horretan sartzen dira toki-erakundeek beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentuak: udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak, eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak. Dekretu horrek berak, halaber, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalaren egitura, onurak, atxikipenak eta funtzioak ezartzen ditu. 23. artikuluan Euskadiko udal- eta toki-administrazioko artxibo-zerbitzuak Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalean nola sar daitezkeen xedatzen da.
Administrazioko erakunde bakoitzean artxibo sistema bat ezartzea eta martxan jartzea oinarrizko baldintza da egoki jardun dezan, informazio-baliabideak egoki kudeatzeko eta herritarren oroimena sortzeko bermea denez.
Agindu honen asmoa epe luzeko prozesua jarraitzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko toki administrazioari artxiboko sistema sendo eta eraginkorrak emateko, toki-administrazio bakoitzak ondare honen gain duen erantzukizuna egoki betetzen dutela ziurtatzeko. Artxiboaren ikusmolde orokorra sustatu nahi da, halaber, administrazio, informazio edo kultura mailako hainbat premiari arreta emateko zerbitzua.
Hori dena aintzat hartuta, beharrezkotzat jotzen da helburu horiek dituzten ekimenak diruz laguntzea, batez ere, dokumentu-funts guztiak antolatzen hasteko, eta artxibo zerbitzu publiko egonkorra sendotu eta finkatzerakoan zerikusirik duten administrazio guztiak elkarrekin jarduteko.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen IV. tituluko I. kapituluko «Gordetegi zerbitzuez» 73. eta 75. artikuluak, eta artxibo zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen 232/2000 Dekretuaren II. kapituluak «Artxibo-zerbitzu publikoak», artxibo zerbitzuaren definizioari eta egitekoei buruz xedatzen dutenaz gain, eta agindu hau egoki aplikatu eta garatzeko, artxibo-sistematzat jotzen da artxibo historikora heldu bitartean administrazio-kudeaketaren artikulazioaren eta udal dokumentazioaren harat-honaten emaitza. Artxibo sistema lortzeko burutu behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, udal bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo sistema proiektutzat. Eta, azkenik, honako hau hartuko da artxibo programatzat: udal artxibo sistemarako proiektuari jarraituz, urtebeteko epean edo epe laburragoan, osorik zein zatika, behin betiko proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako programa (diru-laguntzaren xede dena).
Hori dena kontuan izanik, honako hau
Agindu honen xedea diru-laguntzak emateko erregimena eta deialdia arautzea da, 2013ko ekitaldi honetan programak garatzeko. Programa horiek artxibo-sistemaren proiektu batean sartuta daude, artxibo-sistema propio bat ezartzea edo sendotzea esan nahi dute, edo artxibo sistema propio bat edukitzeko proiektuak lantzea. Toki-erakundeek osatutako elkarteek edo toki erakundeek gauzatzeko programa izan daiteke, eta toki-erakundeetan sartzen dira bai udalerriak eta bai udalerriak baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak; eta baita ere toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak. Hori guztia hurrengo artikuluetan ezartzen den moduan.
Horretarako, tokian tokiko artxibo sistema lortzeko burutu behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, eskatzaile bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo sistema proiektutzat. Era berean, artxibo sistemarako proiektuari jarraituz, aurtengo ekitaldian, osorik zein zatika, artxibo sistemarako proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako jarduera edo jardueren multzoa joko da artxibo-programatzat.
Diru-laguntzetarako zenbatekoa hirurehun eta hogei mila eurokoa izango da (320.000). Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu partidaren kargura emango da.
Toki-erakundeek osatutako elkarteak eta toki-erakundeak izan daitezke agindu honetan ezartzen diren diru-laguntzen onuradunak, eta horretan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.
Dagokion zigorrak ezartzen duen aldian, ezingo dute deialdi honetan parte hartu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortuta dauden pertsona edo erakunde eskatzaileek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexuaren ziozko edozein bereizkerian erortzeagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.
Xede hauetakoren bat edo batzuk dituzten programak diruz lagundu ahal izango dira:
Deskribatzeko tresnak sortzea edo hobetzea. Funtsen deskribapena sustatzen duten programen bitartez, nahiz deskribatzeko tresnak informatizatu nahi dituzten programen bitartez, zabalkundeko politika eraginkor baterako.
Dokumentu-funtsak baloratzea eta aukeratzea, betiere funtsak kontserbatzeko edo suntsitzeko politika orokor baten atal gisa.
Artxiboko lokalak hobetzea: bai kontserbazio-baldintzei dagokienean bai dokumentu-funtsen kontsultari dagokionean ere.
Kultura-zabalkunderako artxibo-jarduerak.
Mankomunatutako artxibo-zerbitzuei eustea.
Artxibo-dokumentuak, artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak digitalizatzeko jarduerak, betiere antolatuta badaude eta euskarri informatikoan inbentarioa badaukate. Proiektu horiek betiko gordeko den artxibo digitala sortu beharko dute eta baita ere dagozkion kopia digitalak. Aurkezten diren proiektuek agindu honen A) eranskinean jasotako baldintza teknikoak bete beharko dituzte.
Goiko atalean ezarritakoaren ondorioetarako, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean jasotako definizioak erabiliko dira artxibo-dokumentu, artxibo-funts eta dokumentu-bilduma kontzeptuak zehazterakoan.
Laguntza-deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira, dena dela, honako ezaugarri hauetakoren bat duten egitasmoak:
Dokumentu-funtsak zaharberritzekoak.
Dokumentu-funtsak transkribatzekoak.
Nolanahi ere, ukatu egingo dira orain eta etorkizunean artxibo-funtsak kontserbatzeko edo eskuratzeko gutxieneko baldintzak bermatzen ez dituzten eskabideak.
Sexu bien arteko trataera berdintasuna bermatzen ez dutenak.
Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai:
https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/r02kToolkitFormulariosWar/commonJSP/fdp.do?language=eu&procedureId=W85B_APU_2013.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide elektronikoa erabiliz gero, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak.
Erakunde interesdunek bide presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bide presentzialak erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai:
https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/r02kToolkitFormulariosWar/commonJSP/fdp.do?language=eu&procedureId=W85B_APU_2013.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide presentzialak erabiliz gero, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-zentsuetan inskribatuta egotea.
Onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla frogatzea.
Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
Inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez egotea. Eta, EAEko Administrazio Orokorreko edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru laguntzen esparruan hasi bada prozedura, oraindik izapidetzan egotea. Horrela prozedura batean sartuta egonez gero, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, prozedura bukaturik dagoela frogatu beharko da.
Erakunde eskatzaileek jakinarazi beharko dute helburu berberarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatu dituzten, hala badagokio, eskuratu dituzten.
Toki-erakundeek osatzen dituzten elkarteek edo toki-erakunde eskatzaileek, eskabide ereduarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroren batean inskribatuta badago, ez da dokumenturik aurkeztu beharko erakundeari buruz, egiaztapena ofizioz egingo da eta.
Eskabidean, honako betebehar hauek bete direla egiaztatuko da, erantzukizunpeko adierazpen bidez:
Helburu berdinarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
Inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez egotea. Eta, EAEko Administrazio Orokorreko edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru laguntzen esparruan hasi bada prozedura, oraindik izapidetzan egotea.
Halaber, pertsona eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikulua betez, laguntzak eskatu dituzten pertsonek Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egon behar dutela dioen baldintza betetzen dutela organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki, behar bestetan, eta, horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.
Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenentzako Erregistroan alta emanda egon ezean edo emandako datuak aldatuz gero, erregistro horretan alta emateko eskariaren eredua bete eta aurkeztu beharko da, eta agiri hori eskabide-ereduarekin batera jarriko da erakunde eskatzaileen eskura.
Eskabideak aurkezteko epea, bai bide elektronikoak bai bide presentzialak erabiliz, hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta, deialdiko eranskinetako dokumentazioarekin batera eta behar bezala eskaera-orri normalizatua bete ondoren, Eusko Jaurlaritzako lurralde ordezkaritzetan edo Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskaera-orria, eskatzen diren dokumentuekin batera, euskadi.net gunean eskura daitezke, agindu honetako 4. artikuluan adierazitako helbidean.
Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
Memoria xehatua; aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa jasoko ditu.
Aurkeztutako programa eta artxiboko lokalen deskribapena eta artxibo-zerbitzuan gordeta dauden funtsen identifikazioa (bertakoak nahiz kanpotik etorriak).
Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako diru-laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta diru-laguntzaren egoera aipatuta: ezetsiak, erantzunaren zain ala emanak eta zenbatekoak (bestelako finantzaketa-iturriak dokumentua).
Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak -eskabidea aurkeztu duen ordezkariaren nortasunaren gaineko datuak, eta baita ere Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bere bankuko datuei buruzkoak, azken hauek ordainketak egiteko, hala badagokio- baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, bai bide presentzialak erabiltzen denean bai elektronikoa erabiltzen denean ere, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntza programa kudeatzeko egin beharrekoak egitea. Lan hori Irargiren bidez egingo du, hau da, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren bidez.
Eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela ikusiz gero, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea Kalifikaziobatzordeari dagokio, agindu honen 11. artikuluan ezarritako jarraibideak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorri. Bertan azalduko dira, hala badagokio, onuradun bakoitzari egokitutako zenbatekoa eta diru laguntzaren helburua, eta baita ezetsitako eskaera guztiak eta horiek ezetsi izanaren arrazoiak.
Kalifikazio-batzordeko kideak honako hauek dira:
Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona. Batzordeburua izango da.
Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko bi teknikari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak izendatuak. Teknikari horietako bat batzordeko idazkaria izango da.
Kideak izendatzean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan aurreikusitakoa kontuan izan beharko da.
Kalifikazio-batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratuko da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
Diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Aurkeztutako eskabideak alderatzea izango da prozedura, eskabideak hurrenkeran ipini ahal izateko, artikulu honetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Helburu horretarako, eskabideak eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, puntu gehien duen eskabidetik hasi eta, hurrenez hurren, 1. artikuluan ezarritako aurrekontu-kreditua amaitu arte edo, lehenengo xedapen gehigarriaren arabera kopuru hori eguneratzen bada, kopuru berri hori amaitu arte.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak emateko, honako ezaugarri hauek baloratuko dira aurkezten den programa bakoitzean:
Sendotasun zientifikoa duen programa eta proiektua izatea, epe luzera diseinatutako ekimena sendotzea aurreikus dezan; lan-faseen sekuentzia bat diseinatuko da, horietako bakoitzean parte hartzen duten elementuak baloratuko dira eta gastua osatzen duten elementuen zenbatespen zehatza planteatuko da (% 35).
Artxiboko funtsak kontserbatzeko, eskuratzeko eta kontsultatzeko baldintzak hobetzeko aukera ematen duen programa izatea (% 20).
Artxibo zerbitzu anitzak parte hartzeko programa izatea edo hainbat udalen arteko lankidetza espezifikoen bitartez (% 15).
Estandar terminologikoen erabilera sustatzea, deskribapen-motakoak (fitxak betetzeko arauak, izendapenak eta abar) edo sailkapen-motakoak (sailkapen-taulak, atalen, serieen eta abarren izendapenak) (% 10).
Euskarazko estandar deskriptiboen edo interes artxibistikoa duten beste elementuen erabilera bultzatzea (% 10).
Eskabide-egileak aurreikusitako gastuaren %50etik gorako finantziazioa planteatzea (% 10).
Kalifikazio-batzordeak aurkeztutako programaren zati bat edo batzuk bakarrik hautatu ahal izango ditu diru-laguntzaren xedetzat, eta horrela jaso 10. artikuluan aurreikusitako ebazpen proposamenean.
Diru-laguntzen zenbatekoa honako hau izango da: lortutako balorazio-portzentajea aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoari aplikatuta ateratzen dena, % 50eko muga duela. Halaber, programa bakoitzeko jasotako diru-laguntza gehienez ere 20.000 eurokoa izango da.
Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak bateragarriak dira erakunde publiko zein pribatuek helburu berberaz emandako beste laguntza batzuekin, beti ere, guztira jasotako zenbatekoak aurrekontu osoa gainditzen ez badu. Horrela gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik kendu egingo da dagokion kopurua, lagundutako programaren kostu osoari dagokion gehienezko kopurura egokitu arte.
Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, kalifikazio-batzordeak proposatuta.
Ebazpenean laguntzak eman eta ukatuko dira. Laguntza ematen den kasuetan ondokoak zehaztuko dira: pertsona edo erakunde onuraduna, diru-laguntza jasoko duen proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Laguntza ematen ez den kasuetan ukatzeko arrazoia adieraziko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan.
Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio; halere, eta guztiek ezagutzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako proiektua.
Diru-laguntza emateko ebazpenak adieraziko du zein eskabideri eman zaion diru-laguntza, eta espresuki adieraziko da zein eskabide ez den onartu. Horretaz gain, zerrenda bat ere sartu ahal izango da ebazpenean; hain zuzen ere, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu dela-eta, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adierazi egingo da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Kasu horretan, onuradunen batek diru-laguntzari uko egiten badio, diru-laguntza ematen duen organoak erabakiko du beste deialdi bat egin beharrik gabe diru-laguntza ematea zerrendan puntuazioaren arabera hurrena dagoen eskatzaileari, betiere, hark onartzen badu. Ordezko erakundeari eman beharreko laguntzak ez du gaindituko hautaketa-fasean puntuaketa-irizpidea aplikatuta izan zezakeena, deialdian behar besteko dotazioa izan balitz. Diru-laguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die interesdunei, diru-laguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak diru-laguntza emateko egintza gauzatuko du.
Deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hiru hilabete igaro baino lehen prozedura ebatzi behar da eta ebazpena interesdunei jakinarazi. Epealdi horretan ebazpena ez bada argitaratzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute diru-laguntzaren eskaera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.
Zertarako eman den diru-hornidura, helburu horretarakoxe erabiltzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren babesa beren-beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari aurkeztu beharko diote, euren funtzioak betez deialdi honen ondorioz jasotako diru-laguntzei dagokienez, eskatzen den informazio oro.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, legean jasotako edozein betebehar eta, batez ere, hizkera sexistarik ez erabiltzea.
Erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, eskabidearekin batera Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria, aurkeztu beharko du.
Agiria euskadi.net gunean dago eskuragarri: http://www.zuzenean.euskadi.net/s68-cont/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.
Justifikazioak Eusko Jaurlaritzako lurralde-ordezkaritzetan edo Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan aurkeztuko dira zuzenean edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Halaber, justifikazioaren ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak.
Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 2013ko abenduaren 31 baino lehenago:
Lagundutako programa edota proiektu bakoitzaren helburua betetzeari buruzko txostena.
Egindako gastuei buruzko idazkariaren, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, erantsitako ereduaren arabera.
Hala egokituz gero, diruz lagundutako programa bakoitzaren garapenean sortutako material zientifikoak (inbentarioak, katalogoak eta abar). Material horiek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko informazio-sistemetan sartu ahal izango dira.
Eskabidea aurkezteko unean hartuko zutenik jakin ez edo adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztien aipamena, erantsitako ereduaren arabera.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundutako programa edo proiektua nola burutzen ari den begiratu dezake eta, horretarako, lantokietara sartzeko modua izateaz batera, nahi beste argibide eskatzeko eskubidea izango du.
Bete beharrekoak bete gabe geratu direla ulertuko da ondorengo kasuetan:
Jasotako diru-laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzen badira.
Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, dagokion kasuan, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritakoak betetzen ez badira.
Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
Betegabetzat jotako kasu horietan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da, horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta itzularazteko modua eta, era berean, Dekretu berean ezartzen baitira diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek errespetatu beharreko baldintzak, jarraibideak eta betebeharrak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza programetarako erabilitako zenbatekotik dirua soberan gelditzen bada, 1. artikuluan adierazitako kopurua gehitu daiteke, eskatutako diru-laguntza kopurua kontuan hartuta. Kopuru hori aldatzea edo ez aldatzea diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik erabakiko da. Eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen bitartez, argitara emango da egoera hori, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eman ere.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako sariak eta deialdi honekin zerikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Ondarearen Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Aginduaren aurka aurkez daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 24a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
A) ERANSKINA
BALDINTZA TEKNIKOAK
Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira, deskribapen-fitxa bakoitzari -digitalizazio-unitatetzat hartuko da- bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkie. Datu-basearen formatua Irargiko teknikariekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-tresneriaren kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.
Digitalizazioa nagusiki aireko eskaner edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira.
Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira, kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.
Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5600 x 3700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuen kasuan hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab., era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Irargik ezarritako baldintza teknikoak kontuan izanda.
Digitalizazioa beti «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da, hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.
Digitalizatutako irudi bakoitzeko Irargiri entregatu beharko zaizkio:
Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.
Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edota, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio mastertzat hartuko da.
Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edota segurtasun fitxategitik eratorria, bereizmena 3266 x 2100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.
Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.
Artxibo-funtsek entzunezko eta ikus-entzunezko dokumentuak dituzten kasuan, Irargiri entregatuko zaizkio:
Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.
Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.
Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta fitxategi gisa.
Halaber, Irargiri entregatuko zaio item edota dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez beharrezko konpresioa ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da ondoriozko PDF fitxategiko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea, horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.
Irargiri entregatuko zaizkio kopiak biltegiratzeko edota entregatzeko honako formatuak:
Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio akatsak ezabatzeko.
Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.
Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztiek edukia jakiteko beharrezko informazioa eramango dute: zenbakia, izenburua, edukia eta sortze-data.
Zabalkunderako kopia digitalek ur-marka agerian eramango dute, eta, bertan jatorrizko Artxiboa edota jatorrizko dokumentuak zaintzen dituen erakundea identifikatuko da. Irargik formatu estandarra eskainiko du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagundutako digitalizazio-proiektuen ardurapean erreproduzitutako dokumentuen irudien kasuan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren zigilua eta izena eramango dute eta, baita ere, dagokion zuzendaritza-zentroaren izena, indarrean dagoen Eusko Jaurlaritzaren korporazio-identitatearen eskuliburuaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren web-orrian eskuragarri dago). Irudiak ez diren (entzunezkoak etab.) kopia digitalen kasuan, irudi digitalentzako arestian aipaturiko informazioa dagokion fitxategiaren metadatuetan jasota egon beharko da.
Baita ere gomendatzen da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan grabatzea.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: EBAZPENA, 2013ko urriaren 4koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek osatutako elkarteei eta toki-erakundeei beren artxibo sistema jarri edota sendotu ahal izan dezaten diru-laguntzak emateko Kali
- Ikus: EBAZPENA, 2014ko otsailaren 14koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 24ko Aginduko diru-laguntzak esleitzeko ebazpena argitara emateko dena. Agindu horren bitarte


