- AGINDUA, 2013ko azaroaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Glasgow-eko Unibertsitateko ikertzaile bisitarientzako laguntza baterako deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko azaroaren 19koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Glasgow-eko Unibertsitateko ikertzaile bisitarientzako laguntza baterako deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 222
- Hurrenkera-zk.: 5071
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/11/19
- Argitaratze-data: 2013/11/21
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eta Glasgow-eko Unibertsitateak hitzarmen bat izenpetu dute unibertsitate horretako Kultura Politikako Ikerketa Zentroan (Centre for Cultural Policy Research) ikertzaile batek egonaldia egin dezan.
Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en helburua da mundu mailako ikerketa enpiriko, teoriko eta analitikoak egitea, kultura, komunikazio eta komunikabide politikei buruzko eztabaida publiko bat sortzeko lagungarri izan dadin. Euskal Herriko ikertzaile bisitari bat, gai horretan espezialista dena, zentro horretan egotea oso lagungarri izango da Euskal Herria gero eta gehiago ezagutu dadin.
Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, lehendakariarenak, EAEko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikaren arloan, eta funtsezko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.
Abenduaren 23ko 6/2011 Legea betez (zeina luzatu egin baitzen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. Titulua aplikatuz), honako hau
Agindu honen helburua da oinarriak finkatu eta prozedura arautzea, 2013-2014 ikasturtean ikertzaile bisitariek Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en egingo dituzten egonaldiak finantzatzeko diru-laguntza bat emateko.
Lanaren barruan, ikertzaile bisitariak kultura, komunikazioa eta komunikabideak landu ahal izango ditu.
Egonaldiak bost hilabete iraungo du, eta 2013ko irailetik 2014ko ekainera bitarteko aldian egingo da.
Ondorengo betekizun hauek betetzen dituztenek jaso ahal izango dute laguntza hau:
Aurtengo urtarrilaren 1erako Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez urtebete bizi izana.
Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, betiere, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraikiz.
Doktore-titulua izatea.
Edonola ere, eskatzaileek lana egin ahal izateko eta lehen egunetik unibertsitate-erkidegoarekin bizitzeko adina jakin beharko dute ingelesez.
Eskaera-orriak eta gainerako agiriak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Diru-laguntza hau jaso nahi dutenek eskaera bat bidaliko diote, datu-orri normalizatuan (I.eranskina), Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, dokumentazio honekin batera:
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura. Adierazpen horrek honako hauek jasoko ditu:
Eskatzaileak administrazio edo erakunde publiko zein pribatu bati eskatu al dion eta kasua bada harengandik jaso al duen diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik.
Eskatzailea itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen ala ez.
Eskatzaileak ba al duen zehapen administratiborik edo penalik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ba al duen laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.
Doktore-graduaren egiaztagiria.
Erroldatze-egiaztagiria.
Curriculum akademiko eta zientifikoa, ingelesez idatzia.
Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en egin beharreko ikerketa proiektua. Agindu honen 1. artikuluan aipatzen den edozein diziplinatakoa izango da, eta ingelesez idatzi beharko da.
Eskatzailea unibertsitate-irakasle bada, ikastetxearen legezko ordezkariak emandako agiri bat erakutsiko du, laguntza hartzen duen aldian eskatzaileari kanpoan egoteko baimena ematen diona.
Hautagaiek entzutetsuak diren hiru ikertzaileren erreferentzia-gutunak izan beharko dituzte, zeintzuek haien irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutu beharko baitute. Gutunok Zientzia Politikarako Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, eta ingelesez idatziko dira.
Eskabideak eta agiriak helbide honetara bidaliko dira:
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.
Zientzia Politikarako Zuzendaritza.
Erref. «Laguntza: Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research».
Donostia kalea 1.
01010 Vitoria-Gasteiz.
Deialdiaren testuak Interneteko helbide honen bidez lortu ahal dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net
Eskabidea, agiriekin batera, honako leku hauetan aurkeztu behar da:
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Erregistroa: Donostia kalea 1, 3. solairua - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitza ofizialeko Erregistro Laguntzailea; Gran Vía 85 - 48001 Bilbao.
Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitza ofizialeko Erregistro Laguntzailea: Andia kalea 13, 20004 Donostia.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren beste erregistro batzuk (72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, 2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk.)
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz ere bidal daitezke.
Posta-bulegoetan aurkeztuz gero, gutunazal irekian eraman beharko dira, eskabide-orriko goiburuan azal dadin zein egunetan eta zein ordutan onartu diren bulego horietan.
Laguntzaren eskabidea betetzen bada, baimena ematen zaio eskabidea kudeatzen duen organoari nortasunari buruzko datuak frogatu eta egiaztatu ditzan dagokion administrazioan, bai bitarteko elektronikoen bidez, bai eskuragarri dagoen beste edozein bitartekoren bidez.
Baldin eta xedapen honetan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela ulertuko dela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).
Agindu honetan aurreikusitako laguntza emateko kudeaketa Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren egitekoa izango da.
Eskabideak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea amaitu ondoren, hautaketa-batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak, eta laguntza nori eman erabakiko du. Honako hauek osatuko dute batzordea:
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da.
Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-eko zuzendari akademikoa edo eskuordetzen duen pertsona. Kalitateko botoa izango du.
Gehienez ere, bi aditu akademiko, Glasgow-eko Unibertsitatekoa bata eta Euskal Autonomia Erkidegokoa bestea, akordio honen diziplina nabarmenetan esperientzia zabala izango dutenak, etaGlasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-eko zuzendariak eta Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak aukeratuak, hurrenez hurren.
Hautaketa-batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak, bi fasetan, eta irizpide hauen arabera:
Lehiaketaren 1. fasea:
Curriculum akademiko eta zientifikoa: 10 puntu.
Argitalpenak, ponentziak, ezagueraren transferentzia: 4 puntu.
Zuzendutako ikerketa-proiektuak eta tesiak: 3 puntu.
Gradu eta graduondoko irakas-jarduera: 3 puntu.
Ikerketa-proiektua: 10 puntu.
Kalitatea eta interes zientifikoa: 7 puntu.
Emaitzek euskal gizartean duten eragina: 3 puntu.
Lehiaketaren 2. fasea:
Elkarrizketa bat egingo da eta ikerketaren memoria ingelesez azaldu beharko zaio kalifikazio epaimahaiari: 10 puntu.
Hautaketa-batzordeak galderak egin ahal izango ditu azaldutakoari edo diru-laguntzaren helburuari lotutako beste gai batzuei buruz. Halaber, hautagaiek ingelesaren ezagutza badutela egiaztatuko du (3.d artikuluko betekizuna). Hautaketa-batzordeak, gehienez ere, lehen bost izangaiak elkarrizketatuko ditu. Dena den, elkarrizketatuko diren izangaien kopurua ordena zehatzean zabaldu ahal izango da, lehen bost izangaietako baten bat elkarrizketara joaten ez bada.
Eskatzaileen ebaluazioa amaitu ondoren, batzordeak onuraduna izendatuko du, eta ordezkoen lehentasun-ordena erabakiko du, uko egiten den kasuetarako edo diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzen den beste egoera batzuetarako. Lehiaketaren bi aldien zenbaketa osoan puntuaziorik handiena lortzen duen izangaia izango da esleipenduna. Berdinketa izanez gero, elkarrizketaren fasean puntuazio handiagoa lortu duen izangaia aukeratuko da.
Hautaketa-batzordeak ez du diru-laguntzarik emango, eskaerarik ez baldin badago edo izangaiek balorazio osoaren % 50 gainditzen ez badute.
Aurreko artikuluan aurreikusitako hautaketa-prozesua gauzatu ondoren, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko da diru-laguntza.
Ebazpenak puntu hauek adieraziko ditu: nor den onuraduna, egonaldiaren hasiera- eta bukaera-data, zenbateko diru-laguntza ematen den, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera xehatuta, eta, behar izanez gero, nortzuk diren ordezkoak eta haien lehentasun-ordena.
Hartutako ebazpena interesdunei berei jakinaraziko zaie gehienez ere sei hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Hori guztia egin arren, eta guztiek ezagutzeko, diru-laguntza jasoko duenaren izena eta ordezkoak izateko aukeratutako pertsonen zerrenda argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari.
Diru-laguntzak esleitzeko eta jakinarazteko epean, ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskaerak atzera bota direla ulertuko. Kasu horretan, eta Administrazioak espresuki ebazteko duen eginbeharra eragotzi gabe, hiru hilabetekoa izango da gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea, oinarri honen 1. atalean aurreikusitako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
495 euro emango dira 2013-2014 ikasturtean bost hilabeteko egonaldia egiteko. Zenbateko horretatik, onuradunak 18.125 euro jasoko ditu zuzenean, jarraian adierazten den eran xehatuta:
750 euro, hots, 2.750 euro hileko, ikertzaile bisitariaren mantenurako bost hilerokoak ordaintzeko.
Gehienez ere 4.375 euro, ikertzaile bisitariak mintegi bat antolatu eta garatzeko.
Halaber, 3.370 euroko diru-laguntza emango da Centre for Cultural Policy Research-ek ematen duen laguntza material edo teknikorako (administrazio-laguntza, lan-espazio baten erabilpena). Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Glasgow-eko Unibertsitateari emango dio diru-laguntza hori, sinatutako lankidetza-hitzarmenean xedatutakoaren arabera.
Halaber, onuradunak istripu eta osasun-laguntza asegurua izango du, baita atzerrian egingo den egonaldiaren bidaiako laguntza-aseguru bat ere. Azken hori, interesdunaren ezkontideari eta 25 urtetik beherako seme-alabei luza dakieke, baldin eta egonaldian harekin izan behar badira, eta betiere, interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori izatezko bikoteentzat ere baliagarri izan daiteke, ordenamendu juridikoan onartutako proben bidez frogatuz gero.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak funtsak transferituko dizkio Glasgow-eko Unibertsitateari, laguntza honen ordainketa kudeatzeko erakunde laguntzaile den aldetik, betiere arau hauek betez:
Deialdia ebatzi eta onuradunak emandako laguntza onartzen duenean, Glasgow-eko Unibertsitateak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarengandik jasoko du 9. artikuluan ezarritako guztizko zenbatekoaren % 75a.
Bigarren ordainketa, hots, gainerako % 25a, emandako laguntza osoa egindako gastua egiaztatzen duten fakturen edo antzeko dokumentuen bidez justifikatu ostean egingo da. Agiri horiek ikasturte akademikoa amaitzean aurkeztu behar dira, burututako jarduerei buruzko memoriarekin eta kostuen balantze ekonomiko xehatuarekin batera.
Glasgow-eko Unibertsitateak arau hauen arabera ordainduko dio laguntza onuradunari:
Glasgow-eko Unibertsitateak hitzartutako hilerokoak ordainduko dizkio ikertzaileari. Lehenengo hilerokoa ordainduko zaio Glasgow-era iristen denean.
Glasgow-eko Unibertsitateak mintegiak antolatzeak eragindako gastuak ordainduko dizkio ikertzaileari, aldez aurretik azalpen zehatza ikusi eta egiaztagiriak aurkeztu ondoren.
Egonaldiaren amaieran, administrazio honek kostuen balantze ekonomiko xehatuaren kopia bidaliko dio ikertzaileari; hain zuzen ere, Glasgow-eko Unibertsitateak eman diona.
Onuradunari diru-laguntza ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko du dirua itzultzeko edo zigortzeko tramitatzen ari den edozein prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek ematen dituzten diru-laguntzen prozesuaren barruan.
Diru-laguntza hau bateraezina da helburu bererako ematen den beste edozein diru-laguntza jasotzearekin.
Emandako laguntza onartzea. Zentzu horretan, diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamar eguneko epean onuradunak espresuki eta idatziz uko egin ezean, onartuta dagoela ulertuko da. Diru-laguntza onartzeak esan nahiko du agindu honetan agertzen diren arauak onartzen direla.
Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea.
Eskatutako argibide guztiak ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen destinoa fiskalizatzeko egiten dituzten jardueren barruan.
Mintegi bat antolatzea, egiten duen ikerketari buruz, eta haren emaitzak liburu, artikulu zientifikoetan eta gainontzeko komunikabideetan hedatzea.
Glasgow-eko Unibertsitateak duen Visiting Fellow estatusari dagozkion jarduera arruntetan parte hartzea; era berean, ezagutza Euskal Autonomia Erkidegoan hedatzeko jardueretan ere parte hartzea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskatuta.
Egin duen ikerketari buruzko txosten bat bidaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eta Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-i; txosten horretan jasoko dira, halaber, Glasgow-en zein Euskal Autonomia Erkidegoan egin dituen beste jardueren ingurukoak ere.
Egindako gastuen azalpen zehatza eta jatorrizko egiaztagiriak Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-i bidaltzea, artikulu honen d) idatzi-zatian jasotzen den kasuan.
Indarreko antolamendu juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren diru-laguntzei buruz ezartzen dituen eginbeharrak, eta, bereziki, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.2. artikuluan xedatzen duena (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratua onartzen duena, diru-laguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruzkoa).
Laguntzaren onuradunak laguntzari uko eginez gero, sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu.
Uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lehenengo ordezkoa izendatu ahal izango du ikertzaile, gelditzen den aldirako.
Diru-laguntzaren onuradunak ez badu betetzen diru-laguntza emateko agindu honetan eta gainontzeko araudietan ezarritako edozein baldintza, ebazteko eskumena duen organoak ebazpena eman ahal izango du, eta bertan deklaratuko du ezen interesdunak jasotzeke dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta jasotakoak eta horien legezko interesak, berriz, derrigorrez itzuli beharko dizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratua onartzen duenak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituenak), xedatutakoaren arabera.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko dira (fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago; 2010eko azaroaren 5eko EHAA), diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi honen organo arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Datuetara sartu eta horien aurka egiteko edo horiek zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza; Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honek prozeduraren arloan xedatzen ez duenari begira, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hots, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak arautuko dira aginduan bertan aurreikusitakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori).
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 19a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: AGINDUA, 2013ko abenduaren 12koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2013-2014 ikasturtean Glasgow-eko Unibertsitatea bisitatuko duten ikertzaileei laguntza bat emateko Hautaketa Batzordearen osaera izendatzen duena.
- Ikus: EBAZPENA, 2013ko abenduaren 19koa, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena, Glasgoweko Unibertsitaterako ikertzaile bisitarientzat diru-laguntza bat esleitzen duena.


