- AGINDUA, 2013ko azaroaren 28koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, The Walk On Project Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2013ko azaroaren 28koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, The Walk On Project Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 3
- Hurrenkera-zk.: 28
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2013/11/28
- Argitaratze-data: 2014/01/07
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Ikusi eta aztertu da The Walk On Project Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea.
Lehenengoa. 2013ko uztailaren 26an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskari bat, zein The Walk On Project Elkarteak sortutako The Walk On Project Fundazioa eratzeari buruzkoa baitzen. Espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion eskabideari.
Bigarrena. Fundazioaren helburuak zilegiak eta interes orokorrekoak direla egiaztatzeko bildu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen 2013ko azaroaren 27an.
Hirugarrena. Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:
Fundazioaren helburua gaixotasun arraroen inguruan informazioa eta sentsibilizazioa lortzea da bereziki leukodistrofiei dagokienez eta halakorik sufritzen dituztenengan eta horien familiengan dituzten ondorioak aztertzea, leukodistrofiak ikertzeko funtsak bildu eta gaixotasun horiek ikertzeko dauden erakundeen eskura jartzea, gaixoekin eta horien familiekin solidaritatea adierazteko eta ospatzeko dauden modu desberdinak bideratzea, eta neuroendekapenezko gaixotasunen aurkako terapiak ikertzeko proiektuen diru-laguntzak ematea. Halaber, minusbaliotasunak direla-eta sortzen diren problematiken konponbidea lortzeko ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B).
Helburu horiek lortzeko, adierazpen gisa eta ez modu sakonean, fundazioak honako jarduera hauek gauzatu ahalko ditu:
heziketa, kontzientziazio edo lanbide heziketako jarduerak garatzea.
Neuroendekapenezko gaixotasunen edota, oro har, gaixotasun arraroen inguruko lanak egiten dituzten ikertzaile, edo medikuntza- edo ikerketa-erakundeei laguntza eta dirua ematea.
Gaixotasun horiek dituztenen hezkuntza berezia eta psikomotrizitatea garatzeko bekak eta laguntzak ematea, baita horien familientzako ere.
Neuroendekapenezko gaixotasunak dituzten pertsonentzat gizarte-ekintza sustatzea eta kudeatzea, bai eta gizarte-laguntza edo gizarteratze-ekintzak ere.
Berariaz aipatu ez den beste edozein jarduera, baldin eta fundazioaren helburuak betetzeko egokia bada.
Laugarrena. Estatutuen 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza helbide honetan egongo da: Agirre Lehendakariaren kalea 151, Bilbao. Fundazioak, batik bat, Bizkaiko Lurralde Historikoan burutuko ditu bere jarduerak, baina ez lurralde horretan soilik, eta, etorkizunean Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurralde historikoetara edo Espainiako beste lurralde batzuetara zabaldu ahalko da haren jarduna.
Bosgarrena. Hasierako diru-hornidura hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.
Seigarrena. Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.
Zazpigarrena. Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:
(Ikus .PDF)
Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
Lehenengoa. Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena. Hartarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Ikusirik aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplikatu beharreko gainerako arauak, honako hau
Lehenengoa. The Walk On Project Fundazioaren eratzea eta horren Patronatuaren hasierako osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea egun honetako data eta F-361 erregistro-zenbakia dituela. Patronatuko hasierako kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira, eta esan behar da espresuki onartu dituztela euren karguak, 2013ko uztailaren 4an Manuel Garcés Pérez notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako baldintzen arabera (1862 protokolo-zenbakia).
Bigarrena. Fundazio hori, beraren helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 1. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 28a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


