Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2014ko urtarrilaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez deia egiten baita Musikene Goi Mailako Musika Ikastetxe Baimenduan sartzeko 2014-2015 ikasturterako goi-mailako Musika sarrera-proba egiteko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko urtarrilaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez deia egiten baita Musikene Goi Mailako Musika Ikastetxe Baimenduan sartzeko 2014-2015 ikasturterako goi-mailako Musika sarrera-proba egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 7
  • Hurrenkera-zk.: 105
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/01/08
  • Argitaratze-data: 2014/01/13

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 54.2 artikuluan ezartzen duenez, musikako goi mailako ikasketak egin ahal izateko, beste hainbat betebehar akademikoez gain, sarrera-proba ere gainditu behar da, eta proba horretan, izangaiak erakutsi beharko du ikasketak probetxuz egiteko beharrezkoak diren ezagupen eta gaitasun profesionalak badituela.

Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren bidez arautzen da Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako Musikako goi-mailako arte-ikasketen oinarrizko edukia. Errege-dekretu horrek, berriz, 5. artikuluan ezartzen du zein baldintza bete behar diren, proba berezi bat eginda, goi mailako titulua lortzeko ikasketa ofizialak egin ahal izateko; horretarako, beti ere, batxiler titulua izan beharko da edo gaindituta izan beharko da 25 urtetik gorakoak Unibertsitatean sartzeko proba.

Era berean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69.5 artikulua aplikatuz, heldutasun-proba bat egiteko aukera ere ematen zaie 19 urtetik gorakoei, baldin eta Hezkuntza-administrazioek antolatutako Batxiler tituluaren jabe ez badira. Ondorioz, Hezkuntzako sailburuordeak 2013ko urriaren 11n emandako Ebazpenaren bitartez (2013ko abenduaren 2ko EHAA), heldutasun-probak egiteko deia egin zen, proba horiek ordeztuko baitituzte 2014-2015 ikasturtean Musikako goi-mailako Arte-ikasketetan sartzeko finkatutako betebehar akademikoak.

Sarrera-probak gaindituta 2014-2015 ikasturtean aukeratu daitezkeen espezialitateak esplizituki aipatzen dira araudi honetan, eta maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluan zehaztutako espezialitateen zerrendan jasota egongo dira.

Aipatutako errege-dekretu horren 5.4 eta 5.5 artikuluen arabera, hezkuntza-administrazioei dagokie, beren eskumen-eremuaren barruan, ikasketa horiek egiteko sarrera-proba berezia egiteko deialdia egitea eta hura antolatu, aurrera eraman eta ebaluatzea. Ondorioz, honako hau

  1. Helburua.

    Agindu honen xedea da 2014-2015 ikasturtean Musikako goi-mailako arte-ikasketetan sartzeko probak egiteko deia egitea; proba horiek egitea Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 54.2 artikuluan aurreikusten da.

  2. Espezialitateak.

    Hona 2014-2015 ikasturterako Musikenek eskaintzen dituen espezialitateak:

    1. Tresna hauekin interpretatzea:

      Akordeoia

      Harpa

      Kantua

      Klarinetea

      Kontrabaxua

      Fagota

      Zehar-txirula

      Gitarra

      Jazza (baxu elektrikoa, bateria, kantua, kontrabaxua, gitarra, pianoa, saxofoia, tronboia eta tronpeta)

      Oboea

      Organoa

      Perkusioa

      Pianoa

      Saxofoia

      Tronboia

      Tronpa

      Tronpeta

      Tuba

      Biola

      Biolina

      Biolontxeloa

      Txistua

    2. Konposizioa.

    3. Zuzentzea.

    4. Pedagogia.

  3. Sartzeko betekizunak.

  1. Musikako goi-mailako arte- ikasketetan sartzeko, maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira. Hona baldintzak:

  1. Batxiler-titulua izatea edo Unibertsitatean sartzeko 25 urtetik gorakoentzako sarbide-proba gaindituta izatea.

  2. Berariazko sarbide-proba bat gainditzea. Proba horretan, ikasketak probetxuz egiteko beharrezkoak diren lanbide-jakintzak eta lanbide-trebetasunak dituztela frogatuko dute izangaiek.

  1. Musikako lanbide-titulua izatea ere kontuan hartuko da probaren azken kalifikazioan, 2/2006 Lege Organikoaren 54.2 artikuluan ezartzen denez. Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuko 5.7 artikuluarekin bat etorriz, Agindu honen bidez ezartzen da sarrera-probako azken notaren % 35 izango dela izangaien lanbide-ikasketen espedienteko batez besteko nota, beti ere berariazko proba gaindituta badute.

  2. Era berean, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69.5 artikuluaren arabera, hemeretzi urtetik gorakoek 3.1 artikuluaren 1. idatzi-zatian jasotako baldintzak betetzen ez badituzte ere, musika-ikasketen goi-mailako ikasketak egiteko aukera izango dute, baldin eta proba bat gainditzen badute, hau da, ariketa berezi bat egiten badute egiaztatzeko Batxilergoaren helburuetan lortutako heldutasuna eta irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren jakintzak, trebetasunak eta gaitasunak dituztela.

  3. Hemeretzi urtetik gorakoek, maiatzaren 14ko 631/2010 Dekretuak, 5.1 artikuluan jasotako baldintzak betetzen ez badituzte ere, musika-ikasketen goi-mailako ikasketak egiteko aukera izango dute, baldin eta Lanbide Heziketako Goi Mailako ziklo bat egiteko proba gainditu badute, non egiaztatu duten Batxilergoaren helburuetan lortutako heldutasuna eta irakaskuntzak probetxuz egiteko beharrezkoak diren jakintza eta gaitasunak dituztela.

  1. Sarrera-probaren ondorioak eta baliozkotasuna.

    Musikako goi-mailako ikasketetan aritzeko sarrera-proba gainditzeak bakar-bakarrik ematen du aukera proba-deialdiko ikasturtean matrikulatzeko, alegia, 2014-2015 ikasturtean matrikulatzeko. Horrenbestez, proba gaindituta plaza lortu ezean, goi-mailako ikasketa hauetan aritzeko interesa izanez gero, izangaiek proba osorik errepikatu behar dute hurrengo deialdietan.

  2. Probak egitea.

  1. Musikenen musikako goi-mailako ikasketetan aritzeko sarrera-probak 2014ko ekainaren 16a eta ekainaren 28a bitartean egingo dira ikastetxean bertan. Espezialitateren batean plazarik hutsik geratuz gero, beste sarrera-proba bat egiteko deialdia egin ahal izango da 2014ko irailean, eta behar den moduan iragarriko da ikastegiko web orrian.

  2. Musikeneko iragarki-taulan eta web gune ofizialean (www.musikene.net) gutxienez astebete lehenago argitaratuko da zein egunetan eta ordutan egingo diren proben atal guztiak; era berean, bestelako informazio garrantzitsu guztia ere bertan azalduko da.

  3. Sarrera-probak egin baino lehenago egingo da maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69.5 artikuluak 19 urtetik gorakoei ezartzen dien berariazko proba. Hezkuntzako sailburuordeak 2013ko urriaren 11n emandako Ebazpenaren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza, Politika eta Kultura Sailak heldutasun-probak egiteko deia egin du, Musikako graduko goi-mailako Arte-ikasketak egiteko baldintza akademikoak betetzen direla egiaztatzeko 2014-2015 ikasturterako (EHAA, 2013ko abenduaren 2koa).

  1. Epaimahaiak.

  1. Gutxienez ere hiru kideko kopuru bakoiti batek osatuko du epaimahaia. Kideak dagokion espezialitatekoak izango dira; edo, bestela, antzeko espezialitateetakoak.

  2. Sarrera-proba zuzen baloratzeko, ariketen espezialitateko irakasleen aholkularitza izan dezake epaimahaiak, beharrezko baderitzo.

  3. Musikeneko organo eskudunek izendatuko dituzte epaimahaiko kideak.

  1. Sarrera-proben egitura eta edukia.

  1. Sarrera-probaren oinarrizko egitura 631/2010 Errege Dekretuaren 5. artikuluak deskribatzen du.

  2. Sarrera-proben egitura eta edukiei buruzko informazio guztia www.musikene.net web gunean argitaratuko da.

  1. Izena emateko eskabidea.

  1. Izena emateko eskabidea 2014ko martxoaren 24tik maiatzaren 16ra bitartean aurkeztu ahal izango da Musikeneko egoitzan, edo posta ziurtatu bidez, edo arestian aipatutako web gunearen bidez, bertako «sartzeko probak» aukera erabiliz.

    Eskaera egitean, izangaiek idatzita adieraziko dituzte zein espezialitate aukeratzen duten, eta gehienez ere hiru aukeratuko dituzte.

  2. Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiek dokumentu hauek eman behar dituzte: NANaren edo indarreko pasaportearen fotokopia eta deialdi honen 9. atalean adierazitako inskripzio-eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

    Posta ziurtatu bidez egindako inskripzioak eta webgune bidezko inskripzioen dokumentu erantsiak helbide honetara bidaliko dira:

    Musikene. Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegia.

    Sarrera-probak: 2014-2015 ikasturtea.

    Miramar Jauregia, Mirakontxa pasealekua, 48.

    20007 Donostia.

    Gipuzkoa.

  3. Inskripzioa ez da burututzat joko harik eta arestian aipatutako dokumentu guztiak Musikenera iristen diren arte.

  4. Ez da onartuko posta-zerbitzuetan 2014ko maiatzaren 16az geroztik sartutako eskaera edo dokumenturik, ezta web gunetik egun horren ondoren bidalitako inskripziorik ere.

  1. Inskripzioaren prezioa.

  1. 2014-2015 ikasturteko sarrera-proben deialdirako Musikenek 80 euroko inskripzio-prezioa jarri du eskaintzen dituen espezialitate guztietarako. Zenbateko hori ordainduz gero, bakar-bakarrik izango da eskubidea dagokion sarrera-proban parte hartzeko, eta ez ditu jasoko izangaiak izan ditzakeen gastuak, hau da, musikari laguntzaileek parte hartzeak ekarri ditzakeen gastuak.

    Ondoren zehaztutako kontu korrontean ordaindu, eta ordezkagiria Musikenera bidali beharko da, gainerako dokumentuekin batera, aurreko idatzi-zatian ezarritakoaren arabera.

    Musikeneren banku-datuak:

    Bankua: Kutxabank.

    Helbidea: Garibai kalea, 15; 20004 Donostia.

    Erakundea: 2095 Bulegoa: 5381 DC/kontu-zenbakia: 14 1062407878.

    IBAN kodea: ES26 2095 5381 1410 6240 7878.

    SWIFT-BIC kodea: BASKES2BXXX.

  2. Izangai batek hainbat espezialitate aukeratzen baditu, espezialitate beste eskubide ordaindu beharko ditu.

  1. Probaren kalifikazioa.

  1. Sarrera-proba arruntari zero eta hamar arteko puntuazioa emango zaio, eta atal bakoitzean lortutako kalifikazioen batez besteko haztatua izango da. Batez besteko haztatu horretan atal bakoitzak duen pisu handiagoa edo txikiagoa espezialitateko ezaugarriekin duten erlazio handiagoaren baitan izango da.

  2. 19 urtetik gorakoentzako Batxilergoko berariazko ariketari dagokionez, hori kalifikatzeko ere zero eta hamar arteko puntuazioa emango da. Baztergarria izango da, eta beharrezkoa izango da 5 puntu edo gehiago lortzea sarrera-proban parte hartu ahal izateko.

  3. Sarrera-proba gainditzeko, puntuazio orokorra bost edo handiagoa izan behar da. Epaimahaiek Musikeneko iragarki-taulan argitaratutako dituzte sarrera-proben emaitzak, kalifikazio orokorrak eta atal guztietakoak. Behin betiko emaitzak aktetan adieraziko dira.

  4. 1/1990 Lege Organikoaren arabera, Musikako Lanbide Tituluaren jabe izanez gero, titulu horren kalifikazio-liburua ere aurkeztu beharko da. Bertan, berariazko batez besteko nota azaldu beharko da, sarrera-probaren azken notan sartu ahal izan dadin, beti ere berariazko proba gainditzen bada. Dokumentazio hori 2014ko ekainaren 9 eta 13a bitartean aurkeztu beharko da.

  5. 2618/1966 Dekretuaren arabera, Musika-irakasle tituluaren jabe izanez gero, tituluaren fotokopia konpultsatua eta ziurtagiri akademikoa aurkeztu beharko dira. Dokumentazio hori 2014ko ekainaren 9 eta 13a bitartean aurkeztu beharko da. Kasu horretan, batez besteko nota kalkulatzeko, baremo hau hartuko da kontuan:

    Matrikula/ohore-saria (10)

    Ohorezko aipamena (9,5)

    Bikain (9)

    Oso ondo (8)

    Nahikoa (6)

  1. Erreklamazioak.

  1. Emaitzak argitaratu ondorengo bost egun baliodunetan izangaiek proben kalifikazioei buruzko erreklamazio idatziak egin ahal izango dituzte Musikeneko ikastetxean; erreklamazioak epaimahaiburuari zuzendu beharko zaizkio. Erreklamazio horiek aurkezteko epea amaitu eta, gehienez ere, hamar eguneko epea ebatzi eta iragarki-taulan jarriko dira.

  2. Epaimahaiaren ebazpenaren kontra, izangaiek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal diote Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita.

  1. Musikenen sartzea.

  1. Sarrera-probak gainditu eta espezialitate bakoitzean eskainitako plazetarako aukeratutako ikasleek matrikula egin ahal izango dute Musikenen uztailaren bigarren hamabostaldian, horretarako ezartzen diren egunetan.

  2. Matrikula formalizatzeko unean, izangaiek ziurtatu behar dute probak egiteko egunean deialdi honetako 3. atalean kasu bakoitzerako eskatzen diren betekizunak bazituztela, eta dokumentazio hau eman behar dute:

    Batxilergoa gainditu dutela adierazi duten izangaiek: Batxiler-tituluaren kopia konpultsatua edo eskatu izanaren ordezkagiria.

    25 urtetik gorakoak unibertsitatean sartzeko proba gainditu dutela aitortu dutenek: kalifikazio-txartelaren kopia konpultsatua.

    Heldutasun proba gaindituta dutela edo goi mailako lanbide heziketako ziklo baterako sarrera probako atal komuna gaindituta dutela adierazi duten izangaiek: proba horiek gainditu izanaren agiriaren kopia konpultsatua.

  3. Horiek egiaztatu ezean, zerrendako hurrengo izangaiak beteko du plaza.

  4. Bete gabeko plazarik geratzen bada, Musikenek plaza horiek esleitu ahal izango dizkie sarrera-probak beste musika-kontserbatorio edo musikako goi-mailako ikastegi batean gainditu dituzten ikasleei. Ikasle horiek onarpen-eskaerak egin ahal izango dituzte 2014ko uztailaren 7tik 18ra bitartean Musikeneko idazkaritzan. Eskaera horiek ikastegiko organo eskudunak ebatziko ditu.

  1. Espedienteak lekuz aldatzea.

  1. Ikasketak Espainiako Estatuko beste kontserbatorio edo goi-mailako musika ikastegi batean hasi dituzten ikasleek espezialitate bera Musikenen egin nahi badute, onartzeko eskaera aurkeztu behar dute Musikeneko idazkaritzan 2014ko uztailaren 7tik 18ra bitartean.

    Eskaera horiek Musikeneren organo eskumendunak ebatziko ditu, betiere irizpide hauek gogoan hartuta:

  1. Lehenengo ikasturtea erabat gaindituta edukitzea edo 40 kreditu.

  2. Indarrean den arautegiak ezartzen dituen deialdiak agortuta ez izatea espezialitateko ikasgai nagusiekin bat datozen gaietan, beti ere dagokien ikasketa-planaren arabera.

  1. Onartu ondoren, ikasleek espedientea Musikenera lekualdatzeko eskatu beharko dute jatorriko ikastegian, eta horretarako onarpen-gutuna aurkeztu beharko dute.

  1. Errekurtsoa.

    Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

Agindu honetan aurreikusten ez den guztirako, 631/2010 Errege Dekretua aplikatuko da (2010eko ekainaren 5eko BOE, 137. zk.).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko behar beste xedapen eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko urtarrilaren 8a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik