Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2014ko ekainaren 4koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014. urtean Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko ekainaren 4koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2014. urtean Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 2575
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/06/04
  • Argitaratze-data: 2014/06/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen indarrez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailari dagokio urtez urte bere aurrekontuetan funtsak handitzeko laguntza-programak ezartzea.

Era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, besteak beste, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.1.e) artikuluan.

Horiez gain, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.

Araudi horrekin bat, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko.

Horregatik guztiagatik, hau

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako titularrak diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta udal liburutegiak kudeatzeko eskudun diren erakundeei, beren liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko 2014. urterako diru-laguntzak emateko modua arautzea eta horretarako deialdia egitea da agindu honen helburua.

Diru-laguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-kopuruak izango dira:

  1. Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortak.

  2. Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko izenburuak.

    Bi kasuetan, diru-laguntzaren % 10, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez.

  1. Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako 670.000 euro erabiliko dira gehienez.

  2. Zenbateko globala honela banakatuko da:

    50.000 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako.

    1. 620.00 euro lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko.

  3. Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako zenbatekoa erabiltzen edo agortzen ez bada, diru hori edo soberakina lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko erabiliko da.

  4. Agindu honetara bideratutako diru-kopuruak handitu egin ahal izango dira aginduaren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

  1. Erakunde interesdunek soilik baliabide elektronikoak erabili ahal izango dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

  2. Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/funtsak/eu

  3. Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira:

    https://www.euskadi.net/misgestiones

Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak eta arlo horretan eskumena edo funtzioak dituzten EAEko tokiko erakundeak izan daitezke agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun.

Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere.

Halaber, ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea eta, hala badagokio, ordainduta izatea itzulketa edo zehapen prozedura oro; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak. Era berean, diru-laguntzak itzultzeko prozeduren ondorioz sortutako betebeharrak edo zorrak ordaindu gabe dituztenei ere ez zaie diru-laguntzarik emango edo, hala badagokio, ordainduko.

Eskakizun hauek ere nahitaez bete behar dira:

  1. Liburutegi sortu berrietarako dokumentu-sortak erosteko diru-laguntzetarako:

    1. Lagundu nahi den liburutegiaren eragin-eremuko biztanleen kopurua (betiere, biztanleria entitate eskatzaileari dagokiona izango da) 3.000koa edo 3.000tik gorakoa izatea.

    2. Entitate eskatzaileak 2014ko edo 2013ko aurrekontuetan diru-atal bat izatea liburutegi sortu berriak liburuz hornitzeko, edota 2014an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Gutxieneko kantitatea hauxe izango da: agindu honen A eranskinaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion zenbatekoaren adinakoa.

    3. Diru-laguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan sartuta egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

    4. Liburutegi horiek 2013ko urtarrilaren 1a eta agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunaren artean sortuak izatea, betiere EAEko Administrazio Orokorraren eskutik helburu horretarako beste inolako diru-laguntzarik jaso ez badute.

  2. Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntzetarako:

    1. Entitate eskatzaileak diru-atal bat izatea 2014ko udal-aurrekontuetan bere liburutegiko funtsak berritzeko.

    2. Entitate eskatzaileak bere funtsetan diru-atal bat izatea 2014rako, liburutegietako funtsak berritzeko, edota 2014an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Diru-atal horren gutxieneko kantitatea hauxe izango da: agindu honen B eranskinaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren adinakoa.

    3. Diru-laguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan sartuta egotea.

    4. Liburutegi horiek eskabideak aurkezteko epean jadanik irekiak egotea.

  1. Erakunde eskatzaileek eskabideetan beren-beregi adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betebehar hauek egiaztatzeko:

    Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.

    Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

    Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

  1. Agindu honetan jasotako diru-laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

  2. Eskabideak aurkezteko, bide elektronikoa erabiliko da, zehazki, agindu honen 3 artikuluan adierazitako egoitza elektronikoa: http://www.euskadi.net/misgestiones

    Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

Eskabidea legez eratutako udal erakundeek edota udal liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal erakundeek egiten badute, beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela egiaztatu beharko dute agirien bidez.

Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka agiri hori, eskatzaileak ez du zertan berriro aurkeztu, baina zer organotan dagoen eta zer prozeduratan aurkeztu zuen adierazi beharko du.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko dio. Proposamen horretan zehaztuko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.

  1. Agindu honen 2. artikuluan zehaztutako laguntza-ildo bakoitzaren diru-baliabideak laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira.

  2. Aurrena, liburutegi sortu berrietarako dokumentu-sortak eskuratzeko diru-laguntzak banatuko dira. Biztanle kopuruaren arabera egindako taldeak kontuan hartuta esleituko dira zenbateko horiek (A eranskinean jasotzen dira irizpideak eta zenbatekoak). Agindu honen 2.2.a) artikuluan adierazitako zenbatekoa edo lehen xedapen gehigarriak diru-kopuruak handitzeko ematen duen aukera baliatuta sortzen den kantitatea nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, kopuru horien arabera banatuko dira diru-laguntzak, eta soberakinik geratzen bada, funts bibliografikoak berritzeko laguntzetara bideratuko da.

    Kalkulatutako kantitateen azken batura handiagoa bada banatzeko dagoen diru-kopurua baino, proportzioan murriztuko dira zenbateko horiek, harik eta laguntza guztien batura hori 2.2.a) artikuluan adierazitako diru-atalarekin bat etorri arte.

  3. Ondoren, lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntzak banatuko dira. Agindu honen 2.2.b) artikuluan zehaztutako kantitatea edota aurreko atalean aurreikusitako gehikuntza eginda eta lehen xedapen gehigarriak diru-kopuruak handitzeko ematen duen aukera baliatuta sortzen den kantitatea izango da banatu beharrekoa. B eranskinean ezarritakoaren arabera egingo da banaketa, eta kontuan hartuko da, orobat, diru-laguntza gisa jaso beharreko diru-kopurua ezingo dela izan, inola ere, onuradunek berek funts propioetatik horretarako jarri dutena baino handiagoa, ez eta 150.000 euro baino handiagoa ere. Beraz, B eranskinean aurreikusitako irizpideen arabera kalkulatutako hasierako zenbatekoa handiagoa bada adierazitako muga horiek baino, murriztu egingo da kopuru hori, baimendutako mugetaraino.

    Murrizketa horiek egin ondoren geratzen den soberakina, murriztu behar izan ez diren gainerako eskabideen artean banatuko da, B eranskinean ezarritako parametroei jarraituz. Hala, lehendik zeuden zenbatekoei gehituko zaie soberakin hori. Soberakinak banatzeko jardunbide hori behar adina aldiz errepikatuko da, harik eta funtsak berritzeko lerro honetarako diru-kopurua agortzen den arte, edo horrela kalkulatutako diru-laguntza guztiak baimendutako mugara iristen diren arte.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

  1. Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, deialdi honetan liburutegietako liburu-funtsak eskuratu edo/eta berritzeko eskatutako diru-laguntzei buruzko ebazpena ematea. Ebazpen horretan honako informazio hau adieraziko da: eskatutako diru-laguntza ematen den ala ez, eta ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

  2. Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak jartzeko, ebazpena EHAAn argitaratutako eguna hartuko da erreferentziatzat.

  3. Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraiki.

  4. Prozedura ebazteko eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

  2. Jarduera aurrera eramatea, edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

  3. Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

  4. Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

  5. Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

  6. Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

  7. Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

  8. Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

  9. Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.

  11. Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren esku jartzera, Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek bertan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.

  1. Diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, aurreko paragrafoetan jasotakoaren arabera laguntza horiek justifikatu ondoren.

  2. Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa 2014ko abenduaren 31a baino lehen aurkeztu behar da.

  3. Diru-laguntzak justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria aurkeztu beharko da, eta honako informazio hau jaso beharko da egiaztagiri horretan: egindako gastuak eta, halakorik balego, helburu berarako jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideen zerrenda. Helbide honetan dago eskura egiaztagiri horren eredua: http://www.euskadi.net/misgestiones

  4. Justifikatu beharreko gastuak honako bi kontzeptu hauen baturak emandakoa izan behar du, gutxienez: azkenean esleitutako diru-laguntza eta horri dagokionez onuradunak jarri beharreko gutxieneko ekarpena. Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko dokumentazioan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.

Hauek izango dira ez-betetzeak:

  1. Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

  2. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

  3. Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea dagokion epean.

  4. Legezko beste xedapenen batek ezarritako beste edozein eskakizun orokor ez betetzea.

    Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan xedatutakoa aurrez beteta (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Agindu honetako 2. artikuluan adierazitako diru-kopuruak handitu ahal izango dira, baldin eta aurrekontuak agortu gabe geratu badira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren edota indarreko legediaren arabera onartutako aurrekontu-aldaketen ondoren.

    Gehikuntza, diru-laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen egin beharko da, eta egiten bada, horren berri emango da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du, emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak bere jabetzako fitxategi batean sartuko direla, «Kultura Ondareari loturiko Kultura Sailaren Laguntzak eta Diru-laguntzak» izenekoan. Fitxategi hori 2006ko uztailaren 26ko Aginduan araututa dago, eta diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatu ahal izatea da fitxategi horren xedea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurriak ditu eta datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

    Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorriz, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz).

    Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

    Era berean, emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinaraziko zaie eskabideak egiten dituztenei.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 4a.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

    (Ikus .PDF)