Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2014ko ekainaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Horren bidez, 2014-2015 ikasturteari begira ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programarako laguntza berriak emateko eta aurrekoak berritzeko modua arautzen da, eta deialdia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2014ko ekainaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Horren bidez, 2014-2015 ikasturteari begira ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programarako laguntza berriak emateko eta aurrekoak berritzeko modua arautzen da, eta deialdia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 110
  • Hurrenkera-zk.: 2576
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/06/10
  • Argitaratze-data: 2014/06/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak badaki aktiboki parte hartu behar duela Euskadin ikerkuntzan jarduteko giza baliabide gero eta gehiago izan dadin eta baliabide horiek gero eta hobeak izan daitezen, eta horretan lagunduko duten programak sustatu behar dituela. Horretaz jabeturik, zenbait jarduera gauzatu ditu azken urteotan, eta horien artean daude ikertzaile doktoreen prestakuntzarako eta hobekuntzarako laguntzak.

Ikertzailearen Europako Gutunak dioenez (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesionalak dira. Definizio horren barruan, beren karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsonak daude, zernahi dutelarik kalifikazioa. Horrela, doktoretza-ondoko aldiaren aurreneko etapetan ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio zientifikoa sustatu nahi hori Eusko Jaurlaritzak arlo horretan ematen duen bigarren urratsa da. Lehenengoa, ordea, doktoretzari lotutako eskumenak eta gaitasunak eskuratzea da.

Ikerketako giza baliabideak sustatzeko politikan kokatzen da programa hau, 2015-2018 Unibertsitate Planaren eta Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, eta horren helburua ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio profesionala sustatzea da. Ekintza hori oso garrantzitsua da, Euskal Autonomia Erkidegoak ahalegin handiak egin behar baititu oraindik Europako beste herrialde batzuetan ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren alorrean dituzten giza baliabideak berdintzeko, bai eta zientziaren eta teknologiaren alorrean belaunaldi berri bat sortzeko ere. Hori guztia Ikertzailearen Europako Gutunari eta Ikertzaileen Kontrataziorako Jokabide Kodeari buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioarekin bat etorriz (EEE/2005/251/CE), bai eta 2011ko ekainaren 2ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legearekin ere (aurrerantzean, LCTI).

Doktoretza-ondoko lehenengo etapan, deialdi honek barne hartzen du ikertzaileentzako hobekuntza-programa bat, gehienez ere hiru urtekoa izan daitekeena. Doktoretza-ondoko aldi horretan, doktoreek lan-kontratu bat izenpetu beharko dute ikerketan diharduen euskal erakunde batekin, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) egoitza duen unibertsitate batekin, ikerketa-zentro batekin edota osasun arloko ikerketa-institutu batekin. Unibertsitate, zentro edo institutu horrek irabazi asmorik gabekoa izan behar du eta egiaztatutako gaitasuna eta jarduera izan behar du I+G arloan, bai eta kontratatzeko ahalmena ere. Lehenengo bi urteetan atzerriko ikerketa-zentro batera desplazatutako ikertzaile izango dira.

Programa horrekin, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eredu bat proposatzen du, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaindu eta onuradunak lan-mundura hurbilduko dituen eredua, unibertsitateen, Ikerbasque-ren, ikerketa-zentroen eta osasun arloko ikerketa-institutuen laguntzarekin lan-kontratu bat garatuko baitu, urtero ebaluagarria den kontratu bat.

Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak, EAEko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan, eta funtsezko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.

Herri-administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibitate-printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari jarraikiz, arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, onartutakoari. Erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Horrenbestez, abenduaren 20ko 4/2013 Legea, 2014ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, onetsi denez,

Agindu honen bidez, EAEko ezarpen-zentroetan hobekuntza gauzatzen ari diren eta denbora baterako atzerrira joango diren ikertzaile doktoreentzako 2014-2015 ikasturterako bekak arautzeko oinarriak ezarri nahi dira, bai eta laguntza horietarako deialdia egin ere. Deialdian, beka berriak ematea jasota dago, bai eta 2013-2014 ikasturtean emandakoak berritzea ere.

Programa honen xedea da ikertzaile doktoreen ikerketa-hobekuntza sustatzea. Honakoei zuzenduta dago programa hau: EAEn egoitza duen unibertsitate batekin, ikerketa-zentro batekin, osasun arloko ikerketa-institutu batekin edo Ikerbasquerekin izenpetutako lan-kontratu baten bidez, eta laguntzak irauten duen artean, beren prestakuntzako eta espezializazio zientifikoko eta teknikoko jarduerekin jarraitzeko, aldi baterako atzerrira joaten diren ikertzaileei.

  1. Deitutako programaren zenbateko osoa, kontuan harturik 2013ko aurrekontu-ekitaldia (267.087) eta 2015. urterako konpromiso-kredituak (2.403.783), 2.670.870 eurokoa da, eta lerro bakoitzari dagokion zenbatekoa, berriz, honako hau:

    1. Laguntza berriak: 953.222 euro (ordainketa-kreditua 95.322,20 euro, eta konpromiso-kreditua 857.899,80 euro).

    2. Laguntzak berritzea: 1.717.648 euro (ordainketa-kreditua 171.764,80 euro, eta konpromiso-kreditua 1.545.883,20 euro).

  2. Laguntza berrietan esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da, hautaketa-batzordeak hala proposatzen badu aurretiaz, laguntzak berritzeko lerroa gauzatu ondoren gera litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera.

  3. Deialdi honi esleitutako zenbateko orokorra ere handitu ahali izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren gera litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera, eta laguntza horien gaineko ebazpena eman aurretik. Inguruabar hori argitara emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

  4. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak laguntza berrien lerroari dagokion zenbatekoa programa eta arlo bakoitzean modu arrazoituan banatu ahal izango du, agindu honen 14.3 artikuluan deskribatutako ebaluazio-irizpideak eta aurkeztutako eskaeren kopurua eta aurrekontu-mugak kontuan hartuta, arlo guztietan onuradunak egon daitezen eta arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki egonkorra izan dadin, arlo bakoitzean hauta daitezkeen eskabideen kopuruak horretarako modua ematen badu betiere. Banaketa hori hautaketa-batzordeek Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztutako laguntzen esleipen-proposamenaren aktan jasoko da.

Egoitza soziala EAEn duen unibertsitate batekin, ikerketa-zentro batekin, osasun arloko ikerketa-institutu batekin edo Ikerbasque fundazioarekin obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratua sinatzen duten ikertzaile doktoreak izango dira laguntza hauen onuradun.

  1. Ezarpen-zentroak: ezarpen-zentro izango dira EAEn egoitza soziala duten unibertsitateak, ikerketa-zentroak edota osasun arloko ikerketa-institutuak, irabazi asmorik gabekoak eta I+G arloan egiaztatutako jarduera dutenak, bai eta ikertzaileak kontratatzeko ahalmena ere. Prestakuntza gauzatzen ari diren ikertzaile doktoreak horiei atxikiko zaizkie bekaren aplikazio-aldi osorako.

    Eskatzaileak eta ezarpen-zentroak ezin badute elkarren artean zuzenean kontraturik sinatu, Ikerbasque fundazioak bitartekari lanak egin ahal izango ditu, baina kasu horietan baino ez. Horretarako, Ikerbasque fundazioak hitzarmenak sinatuko ditu EAEn egoitza duten unibertsitate publiko eta pribatuekin eta ikerketa-zentro edota osasun arloko ikerketa-institutu publiko nahiz pribatuekin, kontratuko hirugarren urtean dauden ikertzaile doktoreak hartzeko.

  2. Atzerriko zentroak: irabazi-asmorik gabeko unibertsitateak, instalazio handiak edo ikerketa-zentro publiko eta pribatuak izango dira atzerriko zentroak, eta ez dira izango kontratatutako ikertzaileek doktoretza-ikasketak egin dituzten zentroak. Ikertzaile doktoreak bolada baterako ikerkuntzan jardutera joango dira zentro horietara. Eskatzaileak atzerritarrak badira, atzerriko zentroa ez da egongo beren jaioterrian.

  1. Kontratua. Laguntzak irauten duen artean, lan edo zerbitzu jakin baterako lan-kontratu baten ezaugarri berak izango ditu horrek. Ezarpen-zentroaren eta laguntzaren onuradunaren artean izenpetu beharko da kontratu hori.

    Kontratua arautzeko, aplikatzekoak diren indarreko lege eta araudiak hartuko dira oinarri, eta bereziki honako hauek: Langileen Estatutuaren 12. eta 15. artikuluak; Estatutu hori aldatzen duen 35/2010 legea, irailaren 17koa (BOE, irailaren 18a); uztailaren 8ko 12/2001 Legearen lehen artikulua (BOE, uztailaren 10); 2720/1998 Errege Dekretua, abenduaren 18koa (BOE, urtarrilaren 8a); eta, horrela badagokio, abenduaren 12ko 45/2002 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian eta seigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa (BOE, abenduaren 13a); 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa (BOE, abenduaren 29a) (21. artikulua, 3. atala); 11/2013 Legearen 12. Artikulua, eta 2007ko abenduaren 12ko ebazpena, Gizarte Segurantzako Estatuko idazkariarena, atzerrian prestakuntza-aldian diren ikertzaileak eta atzerrian bertan ikerketan aritzeko programen onuradun diren doktoreak Gizarte Segurantzaren sisteman txertatzen dituena.

    Hala ere, ezarpen-zentroek edozein kontratu sinatu edo daudenak luzatu ahal izateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenetan ezarritakoari helduko zaio; ebazpen horrek ebatziko du 17. eta 18. artikuluetan ezarritako berritze-prozedura.

  2. Iraupena. Kontratuak urtebete iraungo du, 22. artikuluaren 1. atalean ezarritako laguntzaren hasiera-egunetik hasita, eta urteka luzatu ahal izango da, agindu honetako 18. artikuluan ezarritakoaren arabera berrituz gero. Gehienez ere 36 hilabetez eman ahal izango da laguntza.

    Jarduera eteten ez bada, 36 hilabete horiek honako bi fase hauetan antolatuko da: lehenengoa 24 hilabetekoa izango da gehienez, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa utzita, ikerketa-proiektu bat gauzatzeko; bigarren fasea, berriz, 12 hilabetekoa izango da gehienez, eta fase horretan, ikertzailea EAEko ikerketa-talde batean sartuko da.

    Onuraduna aldi baterako ezintasun-egoeran, haurdunaldiko arriskuan, amatasunean, adopzio edo harrera-prozesuren batean, edoskitze-aldiko arriskuan edo aitatasunean badago, eten egingo da ikertzailearen kontratuaren iraupena. Kasu horretan, pertsona interesdunak laguntzaren 36 hilabeteak bukatu ondoren berreskuratu ahal izango du etendako denbora, aldez aurretik eskatuta, eta tartean uko egiterik edo baliogabetzerik izan ez bada. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak eman beharko du horretarako baimena, eta bi baldintza izango dira: etendako denbora gutxienez 60 eguneko aldietan berreskuratzea eta aurrekontuan horretarako adina diru izatea.

  3. Laguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

    Laguntzaren zenbatekoa. Ezarpen-zentroak ikertzaileen soldata eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzeko erabiliko du izenpetzen den kontratu bakoitzerako emandako laguntza.

    Urteko 36.988 euro jasoko ditu ezarpen-zentroak ikertzaile bakoitzeko.

    Ikertzaileak 28.000 euro gordin jasoko ditu urtean, hamabi edo hamalau hilekotan banatuta ezarpen-zentroaren araudiaren arabera.

    Ikertzailea hartuko duen erakunde edo organismoarekin izenpetutako doktoretza-ondoko kontratuan, gutxieneko ordainsaritzat adierazi beharko dira aurrez aipatutako zenbatekoak. Horiei kalterik egin gabe, erakunde kontratugileak aukera izango du, bere kontura, ordainsari horiek osatzeko; kasu horretan, gehikuntza horren ondoriozko enpresa-kuotaren zati proportzionala ere erakunde kontratugileak hartu beharko du bere gain. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez likidatuko da enpresa-kuotarako hasieran emandako kopuruaren eta azkenean ordaintzen denaren arteko aldea, urte bakoitzari dagozkion kotizazio-tasekin bat etorriz, behin laguntzetako bakoitzean egindako gastuak justifikatu eta egiaztatu direnean.

    Ordaintzeko modua. Lau alditan ordainduko zaie urteko laguntza ezarpen-zentroei: % 10, beka emateari buruzko ebazpena kaleratu ondoren; eta, gainerakoa, laguntza onartu eta gero: % 30, 2015eko otsailean, % 30, 2015eko maiatzean eta % 30, 2015eko irailean.

    Bigarren ordainketa egiteko, Zientzia Politikako Zuzendaritzan, kontratuaren kopia bat jaso beharko jaso, edo, halakorik balego, haren luzapenak.

    Onuradunei aurretik emandako funtsen bidez sortu ahal izango liratekeen finantza-errendimenduek ez dute emandako laguntzaren zenbatekoa handiagotuko.

    Ezarpen-zentroek, dagokionean, kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak gauzatuko dituzte prestatzen ari diren ikertzaile doktoreek egindako ordainketengatik.

    Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa- eta langile-kuotak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira urte bakoitzari dagozkion kotizazio-tasak eta hobariak, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emango ditu, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean programa honetarako erabilgarri dagoen aurrekontuaren kontura.

    Laguntza hasten den datatik aurrera onartuko da Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzea eta, ondorioz, kidetzea eta/edo alta ematea; jarduera amaitzen denean baja emango da.

  4. Bidaia-gastuak.

    Bekaren lehenengo bi urteetan, halako diru-zenbateko gehigarri bat ezarriko da atzerriko zentrora joateko eta handik etortzeko gastuak ordaintzen laguntzeko. Zenbateko hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esleipen-ebazpenean agertuko da, eta honako taula honen araberakoa izango da:

    (Ikus .PDF)

    Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.

    Zenbatekoa ezarpen-zentroari ordainduko zaio. Ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dio onuradunari zenbateko hori, bigarren hileko ordainsarian.

  5. Asegurua.

    Onuradunei dagokien Gizarte Segurantzako estalduraren kaltetan izan gabe, erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaia-laguntzako aseguru bat barne hartuko dute diru-laguntzek. Azken hori, interesdunarekin batera atzerrira joango diren ezkontideari eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabei ere luza dakieke interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori izatezko loturentzat ere baliagarri izan daiteke, ordenamendu juridikoan onartutako proben bidez frogatuz gero.

  1. Hautatzeko arloak honako hauek dira:

    Oinarrizko Zientziak

  1. arloa: Lurraren zientziak.

  2. arloa: Fisika eta Espazioaren Zientziak.

  3. arloa: Matematikak.

  4. arloa: Kimika.

    Bizitza- eta osasun-zientziak

  5. arloa: Funtsezko Biologia eta Sistemena.

  6. arloa: Biomedikuntza.

  7. arloa: Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia.

  8. arloa: Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena.

  9. arloa: Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza.

    Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.

  10. arloa: Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

  11. arloa: Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

  12. arloa: Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza.

    Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak

  13. arloa: Hezkuntza Zientziak. Psikologia.

  14. arloa: Gizarte Zientziak.

  15. arloa: Zuzenbidea.

  16. arloa: Ekonomia.

  17. arloa: Filologia eta Filosofia.

  18. arloa: Historia eta Artea.

    Agindu honetako I. eranskinean jaso dira arlo bakoitzak barne hartzen dituen ikerketen deskribapena eta horiek ikerketa-esparruekin duten lotura.

  1. Parte hartzen duen pertsona bakoitzak arlo bakarra aukeratuko du, eta horren arabera ebaluatuko da.

  2. Edonola ere, ZPZk, interesdunari hala jakinarazi ondoren, eskaeren modalitatea aldatu ahal izango du, horiek ez badira egokitzen eskatzailearen ikasketa- eta ikerketa-profilera, bai eta aukeratutako arloa ere, betiere, hala komeni bada eskaeraren ezaugarriak direla eta, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak hala gomendatzen badu.

  1. Agindu honetan xedatutako laguntzak eskura ditzaketen ikerketa-proiektuek honako printzipio hauek errespetatu eta bete behar dituzte:

    1. Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

    2. Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea eragiten duten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan, araututakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira: gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

    3. Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

    4. Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan ezarritakoa.

    5. Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko dira, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta, bestetik, lege hori garatzen duen araudi orokorra onesten duen urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretua.

    6. Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

    7. Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

1. a) Eskabidea aurkezten den unean EAEko udalerri batean erroldatuta egotea, eta gutxienez 2009ko urtarrilaren 1az geroztik.

  1. Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egonda, doktoretza-tesia doktoretza-programa batean egiteagatik antzinatasun-baldintza hori betetzen ez duten pertsonen eskabideak, bai eta, egoera horretan egonda, doktoretza-titulua eskuratu ostean inolako etenik gabe beren ikerketarekin jarraitu duten ikertzaileen eskabideak ere.

    1. Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, dagokien egoitza-baimena eduki behar dute.

    2. Doktoretza-titulua edukitzea, 2011ko urtarrilaren 1ean edo geroago lortutakoa, salbuespen hauetan izan ezik:

      1. Salbuespen gisa, eskatzaileak titulu hori ez badauka, baina 2014ko irailerako edukitzea espero badu, horren eskaera onartu ahal izango da, eta horren behin-behineko ebaluazioa egin ahal izango da. Horretarako, eskaerako gainerako agiriekin batera aurkeztu beharko du bere tesia gordailuan erregistratua izan dela egiaztatzen duen ziurtagiria, edo proiektuaren zuzendariaren gutuna, eskatzailea 2014ko irailaren 15erako doktoretza-titulua eskuratzeko gai dela ziurtatuko duena. 2014ko irailaren 19a baino lehenago edo egun horretan bertan egiaztatu beharko da, agiri bidez egiaztatu ere, titulu hori eskuratu dela. Laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du titulu hori lortu duela; horretarako, doktoretza-tituluaren eskubideak ordaindu izanaren jatorrizko egiaztagiria edo horren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko du.

      2. Doktoretza eskuratu zeneko data 2010eko urtarrilaren 1a ere izan daiteke, betiere, egiaztatzen bada honako arrazoi hauetako baten ondorioz etenaldi bat egon zela:

        Amatasun edo aitatasun-atsedenaldian egon delako, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera.

        Eskatzailea gaixo egon delako edota istripu larria izan duelako; kasu horretan, hiru hilabeteko edo hortik gorako gaixo-agiria izan behar du ikasleak.

        Mendeko pertsonak zaindu behar izan dituelako, betiere autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoaren arabera.

        2010eko urtarrilaren 1aren eta eskabideak aurkezteko mugaegunaren artekoak izan behar dute etenaldi horiek. Era horretako etenaldirik gertatu bada, eskabidea aurkezteko unean hura jakinarazi eta egiaztatu beharra dago. Eskatzaileak doktoretza eskuratu zuenetik igarotako epearen zenbaketa soilik behin eta urtebetez atzera daiteke hizpide dugun etenaldiagatik.

    3. Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako gaitasuna kentzen dion debeku legalaren pean erori ez izana, sexu-bereizkeriagatikoak barne, 4/2005 Legeko, otsailaren 18ko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa deneko azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraiki.

    4. Doktoreen hobekuntzarako programetako laguntzarik jasotzen ez egotea edo ez jaso izana 2014ko ekainaren 1a baino lehenago, atzerriko ezarpen-zentroetan bi urteko edo denbora gehiagoko egonaldiak egin ahal izateko.

  1. Eskaria egiteko, eskabide-orria bete beharko da. Orri hori soilik bide telematiko bidez eskuratu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, eta zehazki helbide honetan: https://www.euskadi.net/zerbitzu_elkartea/2014/posdoc/y22-izapide/eu. Horretarako, hautagaiak alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen nortasuna egiaztatuko da, pertsona horren berariazko baimenarekin, Administrazio elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasotako datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez.

  2. Eskari telematikoa osorik bete ondoren, eskatzaileak bere burua identifikatu ahal badu Egoitza Elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz, eskaria erregistratzeko prozesu elektronikoa bete ahal izango da, derrigorrezko dokumentazioa formatu elektronikoan aurkeztuta. Dokumentazio hori agindu honetako 11. artikuluan aipatuta dago, beka berriei dagokienez; eta 18. artikuluan, berritzeei dagokienez.

    Eskabideari erantsi beharreko dokumentu elektronikoak interoperabilitatearen eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta dekretu hori garatzeko arautegian araututako formatuekin bat etorriko dira.

  3. Eskatzailea sinadura elektroniko bidez ezin bada identifikatu, behin eskari telematikoa bete eta amaitu ondoren, eskariaren paperezko inprimaki ofizial bat lortuko da sinatuta aurkezteko. Kasu horretan, soil-soilik agiri hori aurkeztu beharko da. Eskabideak honako leku hauetan ere aurkeztu ahal izango dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bulegoetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aipatutako bulegoetan, eta «Zuzenean» Herritarrentzako Arreta bulegoetan: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Kasu horietan, eskabidea, sinatu ondoren, hona bidaliko da:

    Eusko Jaurlaritza

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila / Zientzia Politikarako Zuzendaritza

    Erreferentzia: «Doktoretza ondoko diru-laguntzak»

    Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

    Inprimaki ofizialak eskabide-zenbakia izango du. Inprimaki ofizialean eskuz edo bide elektronikoz aldaketarik egiten bada, eskabidea besterik gabe baztertuta geratuko da.

    Ezarpen-zentroa Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera: Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz), Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.Ş Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia), Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z/g, 48940 Leioa) eta Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbo).

    Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Eskabideak aurkez daitezke, halaber, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak, aipatzen dituen lekuetan, deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.

  4. Beka-eskabide berriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

  5. Bekak berritzeko eskabideak aurkezteko epea 2014ko uztailaren 1etik 15era bitartekoa izango da, bi egun horiek barne.

  6. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan.

  7. Ezingo dira eskabideak aldatu, eskabideak egiteko epea amaitu ondoren, aginduan zehazten diren salbuespenezko kasuetan izan ezik.

  8. Eskabide-ereduak agindu honetako II. eta III. eranskinetan agertzen dira, beka berrietarakoak eta berritzeetarakoak, hurrenez hurren.

  9. Eskabide-orria Posta-zerbitzuaren bidez igortzen bada, gutun-azal irekian aurkeztuko da, bidali nahi den agiriaren lehen orrialdearen goiko aldean zer egunetan igorri den argi eta garbi adierazi ahal izateko.

Segidan aipatzen den dokumentazioa eskabideari erantsi beharko zaio, eta aplikazio informatikoaren bidez aurkeztu beharko da nahitaez, 10. artikuluaren 2. eta 3. ataletan adierazitakoaren arabera.

1. a) Eskatzailea gaur egun eta gutxienez 2009ko urtarrilaren 1az geroztik EAEko udalerri batean erroldatuta dagoela ziurtatzen duen egiaztagiria.

  1. Doktoretza-titulua eskuratzen ari direlako edo doktoretza-ondoko ikerketa bat egiten ari direlako, baldintza hori betetzen ez dutenek (hau da, egun EAEn erroldatuta ez dauden eskatzaileek) ikasketa horien matrikula edo doktoretzako edo doktoretza-ondoko jardueraren arduradun den ikertzaileak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, bai eta lehen EAEn erroldatuta egon direla eta orain beste erkidego batean erroldatuta daudela edo, atzerrian bizi badira, enbaxadan erregistratuta daudela egiaztatzeko agiri bana ere, EAEtik kanpoko egonaldia justifikatu behar den epe guztirako.

    1. Egoitza-baimena. Agiri hori Europar Batasunakoak ez diren pertsonek besterik ez dute aurkeztu behar.

    2. Doktoretza-tituluaren kopia konpultsatua edo horren eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zeneko datarekin batera.

    3. Agindu honen 9.3.b artikuluan adierazitako arrazoiengatik doktoretza 2010. urtean eskuratu izanaren egiaztagiria.

    4. Ezarpen-zentroaren konpromisoa, legezko ordezkariak sinatuta (ikerkuntzako erretoreordeak, unibertsitateen kasuan), laguntza eskuratuz gero ikertzaile doktorearekin lan-kontratua egingo duela adieraziko duena, martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu legegilearen bitartez onartutako Langileen Estatutuko Testu Bateginaren 15.1.a) artikuluari jarraikiz. Konpromiso hori emateko, eskaera aurkeztu duen pertsona 2017 urte osorako ikerketa-sail edo -talde batetan onartua izan dela ziurtatzeko eska dezake ezarpen-zentroak.

    5. Atzerrian proiektua zuzenduko duen pertsonak izenpetutako ziurtagiria, honako bi konpromiso hauek jasoko dituena: a) eskatzaileak programa honen laguntza eskuratzen badu, 2015-2016 urteetarako atzerriko ikerketa-zentroan onartua izango dela, eta b) eskatzaileak aurkeztutako ikerketa-proiektua baliozkotuko duela aipatutako denboraldian.

    6. Atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitaea.

    7. Ikerketako hobekuntza-programaren proposamena (hiru orrialde gehienez), hirugarren urtean eskatzailea hartuko duen ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak sinatua. Proposamen horretan zehaztuko dira eskatzaileak laguntza jasoko duen 36 hilabeteetan prestakuntza osatzeko eta espezializazioa hobetzeko egingo dituen jarduerak. Proposamen horretan jasoko dira, orobat, garatuko den ikerketa-proiektuaren titulua eta deskribapen laburra, eta zehatz-mehatz adieraziko dira laguntzak irauten duen epealdi osoan lortu nahi diren helburuak eta garatu nahi diren gaitasunak, bai eta hobekuntza-programaren interes zientifikoa edo soziala ere. Nahitaezkoa da, orobat, hiru urteetarako aurreikusitako jardueren kronograma edo denbora-plangintza aurkeztea, ezarpen-zentroko ikertzaileekin eta, hala dagokionean, EAEko beste ikerketa-zentro batzuetakoekin eta atzerriko ikerketa-zentrokoekin abiaraziko diren edota sendotuko diren elkarlan eta lankidetzak adieraztea, eta, azkenik, bai laguntza eskatu duenak bai hirugarren urtean hura hartuko duen ikerketa-taldeak lor ditzaketen onurak edo espero daitezkeenak zehaztea.

    8. Laguntzak iraungo duen denboran egingo duen ikerketa-proiektuari buruzko memoria zientifiko-teknikoa (hiru orrialde gehienez), hirugarren urtean eskatzailea hartuko duen ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak sinatua. Atzerriko egonaldian nahiz hirugarren urtean berriro ezarpen-zentroan hasi ondoren izango diren helburuak, zereginak eta espero diren emaitzak adierazi beharko dira memoria horretan, baita zientzia-ekoizpen aldetik zer ekarpen espero daitekeen ere.

      Memoriak EAEko edozein hizkuntza ofizialetan edo ingelesez aurkeztu beharko dira. Era berean, normalizatu gabeko formatuetan aurkezten badira hobekuntza-programen eta ikerketa-proiektuen memoriak, edo hiru orrialde baino gehiago badituzte, bete beharreko eskabidearen hutsunetzat joko dira, eta zuzendu egin beharko dira.

    9. Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua.

    10. Bi erreferentzia- edo aipamen-gutun, EAEn egoitza duten unibertsitateetan edo EAEko ikerketa-erakunde publikoetan edo pribatuetan lan egiten duten ikertzaileenak, eskatzailearen ibilbide zientifikoa bermatuko dutenak.

    11. Hirugarren urtean, programa honetako laguntza eskuratuz gero betiere, eskatzailea hartuko duen ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak sinatutako ziurtagiria, 2017. urtean eskatzailea onartuko duela berariaz adieraziko duena.

    12. Hirugarren urtean eskatzailea hartuko duen ikerketa-taldeari buruzko memoria laburra (orrialde bat, gehienez). Talde horren kalitate zientifikoaren eta prestakuntza-gaitasunaren adierazleak jasoko dira memoria horretan.

    13. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako adierazpenak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar bada.

Interesdunak diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez baditu, edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez badu, hamar egun izango ditu, aplikazio telematikoaren bidez akatsa zuzentzeko edo falta diren nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan hutsak zuzentzen ez baditu, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Zuzenketak egiteko errekerimenduak 17. artikuluko bigarren paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera jakinaraziko dira.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak ebazpen bat emango du, eta horren bidez, laguntza berrien hautatze-prozesuan onartutako eta baztertutako lagunen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta, behar izanez gero, baztertzeko arrazoia ere azalduko du.

    Ebazpen hori 17. artikuluaren laugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera jakinaraziko da.

    Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku batzorde bereziek balioetsi beharrekoak.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonek aukera izango dute elkarrizketa pertsonaletara bertaratzeko, arlo bakoitzeko berariazko aholku batzordeek haien balorazioa egin dezaten, badaezpada ere, baldin eta egiaztatzen badute dagokion errekurtsoa jarri dutela edo jartzeko asmoa dutela kanpoan utzi izanaren kontra. Errekurtso hori ezetsi egiten bada, egindako elkarrizketak eta dagokion berariazko aholku batzordearen balioespenak ez dute baliorik izango.

  3. Aurreko paragrafoari kalterik eragin gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako argitalpenen abisuak, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

1. 7. artikuluan adierazitako arlo bakoitzari dagokion berariazko aholku-batzordeak balioetsiko ditu kapitulu honetan arautzen diren laguntza berriak eskatzen dituzten pertsonak, horiek 9. artikuluko eskakizunak betetzen badituzte, beren eskaera garaiz eta forma egokian aurkeztu badute, eta 13. artikuluko 1. atalean aurreikusitako ebazpenean onartuta badaude.

  1. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak izendatuko ditu berariazko aholku-batzordeetako kideak, ikasketa- eta ikerketa-eremuan entzute handiko pertsonak izango direnak.

  2. Berariazko aholku-batzordeek onartutako eskabideen ebaluazio zientifiko-teknikoa egingo dute, honako irizpide hauen arabera:

    Eskatzailearen curriculum vitaea. 20 puntu, gehienez ere.

    Hobekuntza programa. 36 hilabeterako proposatutako hobekuntza-programaren kalitatea, interesa, egokitasuna eta bideragarritasuna, eta, orobat, eskabidea egin duen ikertzailearen eta hirugarren urtean hura hartuko duen ikerketa-taldearen hobekuntzarako, espezializaziorako eta nazioartekotzerako duen garrantzia, eta EAEko ikerketa-sistemarako espero daitezkeen onurak. 20 puntu, gehienez ere.

    Ikerketa-proiektua. Atzerrian gauzatuko duen ikerketa-proiektuaren kalitatea, interesa eta bideragarritasuna. Eskatzaileak aurreikusten dituen ekarpen zientifiko-teknikoak. 20 puntu, gehienez ere.

    Atzerriko zentroa eta proiektuaren zuzendaria atzerrian. Harrerako zentroak eta proiektuaren zuzendariak proiektuaren arloan duten historial zientifikoa eta entzutea. 20 puntu, gehienez ere.

    Elkarrizketa pertsonala. Aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, hobekuntza-programari eta ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da bertan. 20 puntu, gehienez ere.

  3. Honako egoera hauek gertatuz gero, esleipen-prozesutik kanpo geldituko da eskatzailea: hautagaia ez bada elkarrizketara bertaratzen, edo 70 puntu baino gutxiago lortzen baditu edo emaitza negatiboa badauka, aktan behar bezala arrazoituta, batez ere berariazko aholku-batzordeek ebaluatu beharreko alderdi guztiei edo batzuei dagokienez.

  1. Berariazko aholkularitza-batzordeetako kideek ongi ez badakite eskatzaileak ebaluaziorako aukeratutako EAEko hizkuntza ofiziala, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bermatuko du itzulpen-zerbitzua egongo dela intereseko dokumentazioa itzultzeko, eta aldibereko itzulpena elkarrizketa pertsonalerako.

  2. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bermatuko du urritasuna duten pertsonek giza baliabide eta baliabide material osagarriak izatea, egingo dituzten elkarrizketetan aukera-berdintasuna izan dezaten.

  1. Agindu honetan araututako laguntza berriak emateko prozedura lehia-araubidean egingo da.

    Horretarako, 14. artikuluan aipatutako ebaluazio-irizpideei jarraikiz, arlo bakoitzeko aholkularitza-batzorde espezifikoek hautagaien arloz arloko proposamen bat aurkeztuko diote hautapen-batzordeari. Esleipenaren xede izan ahal izateko, 70 puntu edo gehiago izan beharko dituzte hautagaiek, eta balioespen positiboa eduki.

  2. Zientzia Politikarako zuzendariak, Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute ebaluazio-batzordea. Zientzia Politikarako zuzendaria bera izango da batzorde horretako burua. Teknikaria Zientzia Politikarako zuzendariak hautatuko du, eta batzordeko idazkari izango da.

  3. Hautapen-batzordeak, behin aholku-batzorde espezifikoen proposamena aztertutakoan, dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari. Pertsona onuradunen zerrenda eta zehatz-mehatz bakoitzari dagokion zenbateko ekonomikoa jasoko ditu proposamenak, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte. Era berean, ordezkoen zerrenda bat ere jasoko du, arlokako lehentasunak adierazita, 70 puntu edo gehiago eta aholkularitza-batzorde espezifikoen balioespen positiboa jaso badute ere, erabilgarri dagoen aurrekontua dela-eta beka-proposamenean sartu ez diren eskabideen artean. Orobat, ukatutako eskabideen zerrenda ere jasoko du, ukatzeko arrazoia zein izan den adierazita, eta baztertutako eskabideen zerrenda ere bai, baztertzeko arrazoia adierazita.

  4. Bekak berritzeko, ez da lehiaketa-prozedura erabiliko; aitzitik, aurrekontua badago, eta berritze-eskabidea garaiz eta behar bezala eginez gero eta 18. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen direla agirien bidez egiaztatuz gero, berritu egingo da.

    b) artikuluan aurreikusitako kopurua, programa honetako legez gaitutako bekadun guztien berritze-eskabideen aurreikuspenean oinarrituz kalkulatu da.

  1. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren berariazko ebazpen bakarraren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntza berriak, hautapen-batzordearen ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

  2. Ebazpena arrazoitua izango da, eta pertsona onuradunen zerrenda eta zehatz-mehatz bakoitzari dagokion zenbateko ekonomikoa jasoko ditu. Era berean, ordezkoen zerrenda bat ere jasoko du, 70 puntu edo gehiago jaso badute ere, erabilgarri dagoen aurrekontua dela-eta beka-proposamenean sartu ez diren eskabideena. Orobat, ukatutako eskabideen zerrenda ere jasoko du, ukatzeko arrazoia zein izan den adierazita, eta baztertutako eskabideen zerrenda ere bai, baztertzeko arrazoia adierazita.

  3. Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da gehienez ere, deialdi-agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epean ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

  4. Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko taula elektronikoan (www.euskadi.net) argitaratuko da, eta modu horretara egingo da jakinarazpena.

  5. Aurreko 4. paragrafoari kalterik eragin gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie egindako argitalpenen abisuak, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

  6. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena www.euskadi.net egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik hasita.

  7. Agindu honen 26. artikuluan aurreikusitakoaren arabera eskabideak aurkezteko epea atzeratu den egoeretan eskatutako dokumentazio akademikoa aurkeztu ez delako, edo 2014ko abenduaren 15a bitarte, egun hori barne, eskatzaile batzuek laguntzari uko egin diotelako gerora erabilgarri gera daitezkeen laguntzak ordezkoei eman ahal izango zaizkie Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez. Hain zuzen, ordezko-zerrendan, emandako azkeneko laguntzaren hurrengo tokietan eta hutsunea geratu den arlo berean dauden ordezkoei emango zaizkie beka horiek. Arlo horretan ordezkorik ez bada, beste arlo batzuetako eskatzaileei ere eman ahal izango zaizkie, eskuratutako balorazioaren arabera. Ondorio horietarako, bekak emango dituen organoak jakinaraziko die pertsona interesdunei bekak emateko proposamena, 7 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, beka emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

  1. 2013-2014 ikasturtean emandako laguntzak berritzea eska dezakete agindu hau indarrean sartzen den unean laguntzaren aurreneko hamabi hilabeteetan dauden edo lehen berritzea baliatzen ari diren onuradunek, baldin eta beren ikerlanei buruzko aldeko txostena jaso badute, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetua.

  2. Laguntza 12 hilabetez luzatuko da.

  3. Agindu honetako 6. artikuluan jasotako ezaugarriak izango dituzte laguntza berrituek.

  4. Segidan aipatzen den dokumentazioa berritzeko eskabideari erantsi beharko zaio, eta aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da, 10. artikuluaren 2. eta 3. ataletan adierazitakoaren arabera:

    1. Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren txostena (hiru orrialde gehienez). Ingelesez idatzitako txostenak onartuko dira.

    2. Aldeko txostena, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetua, berritzea eskatu duenaren ikerketa- eta prestakuntza-jarduerei, errendimenduari eta, hala badagokio, hurrengo ikasturterako aukerei buruzkoa.

    3. Ezarpen-zentroaren konpromisoa, legezko ordezkariak sinatuta (ikerkuntzako erretoreordeak sinatuta, unibertsitateen kasuan), laguntza eskuratuz gero ikertzaile doktorearekin lan-kontratua luzatuko duela adieraziko duena, Langileen Estatutuko Testu Bateginaren, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zenaren, 15.1.a) artikuluari jarraikiz.

    4. Erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.6 artikulua betez.

    5. Bigarren berritzea eskatzen bada:

      Ikertzaileak ikerkuntzaren alorreko hobekuntza-programa eguneratzeko memoria bat (orrialde bat gehienez) ere aurkeztu beharko du, eta eskatzaileak 2015ean gauzatuko dituen jarduerak jasoko ditu bertan. Ezarpen-zentroko ikertzaileekin eta, hala dagokionean, EAEko beste ikerketa-zentro batzuetakoekin eta atzerriko ikerketa-zentrokoekin lankidetzan jarduteko modua ere jasoko du memoria horrek.

      Ezarpen-zentroak obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratua luzatzeko konpromisoa emateko, 2015ean ikerketa-sail edo -talderen batek onartzen duela egiaztatu beharko du eskatzaileak.

  5. Eskabidea eta derrigorrezko gainerako dokumentazioa agindu honen 10. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz bidaliko dira.

  6. Artikulu honetako laugarren atalean eskatzen dena betetzen ez duten eskabideak eta agiriak aurkeztuz gero, agindu honen 13. artikuluan zehaztu bezala jardungo da.

  7. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez berrituko dira 2013-2014 deialdian emandako bekak, agindu honen 16. artikuluaren bigarren atalean zehaztutako hautapen-batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta. Agindu honen 17. artikuluaren 3., 4., 5. eta 5. ataletan ezartzen den eran emango, jakinaraziko eta argitaratuko da prozedurari amaiera emango dion ebazpena, eskabideak onartu, ukatu edota kanpoan utziko dituena. Artikulu horren 6. atalean azaltzen den moduan errekurritu ahal izango da ebazpen hori.

  1. Programa honetan araututako diru-laguntzen azken onuradun diren ikertzaile doktoreek 10 egun naturaleko epea izango dute horri espresuki eta idatziz uko egiteko, ebazpena www.euskadi.net egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Ez badute uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

  2. Ikertzaile doktoreek diru-laguntza onartzen badute, 21. eta 22. artikuluetan jasotzen diren eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak betetzek konpromisoa hartzen dutela ulertuko da, hurrenez hurren.

  1. Uko-egiteen berri eman beharko zaio Zientzia Politikarako zuzendariari, prestatzen ari den ikertzaileak, ezarpen-zentroko legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak, eta zein izango den horren eraginetarako data. Uko-egitearen eraginetarako data hasi baino 10 egun natural lehenago egingo da jakinarazpen hori beranduenik ere. Horren berri eman beharko da, baita ere, huisiesp@ej-gv.es helbidera igorritako posta elektroniko baten bidez, uko-egitea indarrean sartzen den eguna baino lehenago.

  2. Uko-egiteak balioetsi eta, hala badagokio, onartu egingo dira Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez.

  3. Laguntza berri baten edo berritze baten onuradun den ikertzaile doktoreak uko egiten badu, kontratua finantzatzeko erabili ez diren zenbatekoak itzuli beharko ditu ezarpen-zentroak. Uko-egite horren eragin ekonomikoak hori gauzatzen den egun berean hasiko dira, baina horrek ez du eraginik izango bidegabeko ordainketak egon badira egin beharko diren itzultzeetan.

  1. Lankidetza eta beharrezko laguntza jasotzea ezarpen-zentroarengandik, horrek ahal duen neurrian, bere hobekuntza-programa gauzatu ahal izateko.

  2. Sailetan eta erakundeetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak onartzen duen neurrian.

  3. Bere ezarpen-zentroko estatutuak ematen dizkion opor-erregimena, lizentziak eta baimenak.

  4. Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.

  5. Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, zientzia-jarduera gauzatzeko garaian erakunde horien izenak erabiltzea.

  6. Bere ikerketako prestakuntza-jardueratik, bere ekarpenarekin bat etorriz, eratorritako jabetza intelektualaren eskubideez baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bateginak, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak, ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko menpekotasunik izango, eta osagarri eta metagarri izango dira horiekin. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, prestatzen ari den ikertzailea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.

  7. Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan xedatutakoa hartuko da kontuan, bai eta, hala dagokionean, 55/2002 Errege Dekretuak, urtarrilaren 18koak, ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak xedatutakoa ere. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.

  8. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak bere 14. artikuluan aitortzen dizkien beste guztiak.

  9. Beren ezarpen-zentroak onartzen dizkien beste eskubide guztiak, betiere bateragarriak badira deialdi honetako xedapenekin.

  1. Jarraian adierazten diren egunetan ezarpen-zentroarekin kontratua izenpetzea:

    Ikertzailea, laguntzako lehenengo 12 hilabeteetan badago, 2015eko urtarrilaren 1ean izenpetu beharko du lan-kontratua ezarpen-zentroarekin, agindu honetan zehaztutako baldintzak betez. Kontratua ez bada egun hori baino lehen izenpetzen, kendu egingo zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emandako laguntza, non eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beranduago hasteko baimena ez dion eskatu, eta horrek baimen hori ez dion eman.

    Beka berritzea lortu dutenek etenik gabe jarraitu behar dute prestakuntza, beren ezarpen-zentroaren eta atzerriko zentroaren lan-egutegiari jarraituz, lehen edo bigarren berriztapenaren arabera.

  2. Jarraian adierazten diren egunetan sartzea a) atzerriko ezarpen-zentroan eta b) ezarpen-zentroan:

    1. Ikertzailea, laguntzako lehenengo 12 hilabeteetan badago, atzerriko ezarpen-zentroan hasiko da 2015eko urtarrilean. Ikertzailea 2015eko otsailaren 1a baino beranduago hasten bada, kendu egingo zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emandako laguntza, non eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beranduago hasteko baimena ez dion eskatu, eta horrek baimen hori ez dion eman.

      Proiektuko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez egiaztatu beharko da ikertzaileak hasi direla, eta hasiera-eguna zehaztuko da idazkian. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara igorriko da 2015eko otsailaren 1a baino lehen.

      Laguntza lehen aldiz berritu duten ikertzaileek egiaztatu egin beharko dute atzerriko zentroan jarraitzen dutela, proiektuaren zuzendariak sinatutako idazki baten bidez. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara igorriko da, berritzea hasi eta 10 eguneko epean.

    2. Prestatzen ari diren ikertzaileek, laguntza bigarren aldiz berritzea lortzen badute, egiaztatu egin beharko dute ezarpen-zentroan lanean hasi direla, harrera-taldeko ikertzaile nagusiak sinatutako idazki baten bidez. Zehazki noiz hasi diren adierazi beharko da idazki horretan. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara igorriko da, berritzea hasi eta 10 eguneko epean.

  3. Ezarpen-zentro bera mantentzea laguntzak irauten duen artean, eta bertan egotea hala dagokion epean. Ez da baimenik emango ezarpen-zentroz aldatzeko, non eta berariazko baimenik ez den ematen horretarako.

  4. Atzerriko ezarpen-zentro bera mantentzea, eta bertan egotea dagozkion denboraldi guztietan, berariazko baimenik ematen ez bada behintzat.

  5. Atzerriko ezarpen-zentroa aldatu nahi bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskatu beharko zaio baimena arrazoitutako idazki baten bidez. Proiektua zuzentzeari utziko dion pertsonak eta eskatzaileak izenpetu beharko dute idazki hori. Gainera, eskatzailea sartu nahi duen atzerriko ezarpen-zentroan onartua izango dela adierazten duen onarpen-ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, bai eta proiektu berria ere, kargua hartzera doan zuzendariaren sinadurarekin eta curriculum vitaearekin batera.

  6. Laguntzak dirauen artean, atzerrian proiektua zuzenduko duen pertsona berbera izango da, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak aldatzeko berariazko baimenik ematen ez badu behintzat.

    Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskatuko zaio proiektuaren zuzendaria aldatzeko baimena idazki arrazoitu baten bidez; postua utziko duen zuzendariak eta eskatzaileak izenpetuko dute idazki hori. Idazki horrekin batera bidaliko dira sartzera doan zuzendariaren onarpen-idazkia eta horren curriculum vitaea.

    Edonola ere, ezarpen-zentroa nahiz atzerriko proiektuaren zuzendaria dela-eta baimentzen diren aldaketek ez dute desorekarik eragingo laguntza ematea eragin zuten baldintzetan, eta, bereziki, ebaluazio-irizpide bakoitzean emandako kalifikazioetan.

  7. Ikerketa-jarduera arduraldi osoz egitea, agindu honen 24.3 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

  8. Aprobetxamenduz gauzatzea bere hobekuntza-programan aurreikusitako jarduerak, bere lana gizartearentzat garrantzitsua izan dadila ahaleginduz.

    Ezarpen-aldian mintegi bat antolatu beharko du, eta hartuko sailari atzerrian egindako ikerketa-jardueraren berri eman beharko dio mintegi horretan. Ahal dela, bere proiektuaren arduraduna bertan egon dadin saiatuko da.

  9. Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Zientzia Politikarako Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.

  10. Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko komunikazio-politikaren esparruan.

  11. Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko garaian, erakunde horien izenak erabiltzea, erakundeok sinatutako akordio eta hitzarmenen eta haien barne-araudien arabera.

  12. Laguntzak irauten duen artean, egindako argitalpen guztietan Eusko Jaurlaritzaren Doktoretza-ondoko Hobekuntza Programen barneko ikertzailea dela aipatzea.

  13. Bere diziplinako oinarri eta arau etikoak onartzea, zein diren jakitea eta betetzea, baita ezarpen-zentroko eta atzerriko zentroko funtzionamenduari, segurtasunari eta lan-osasunari buruzko arauak onartzea, zein diren jakitea eta betetzea ere.

  14. Ikertzaileek, laguntza-aldia amaitu eta hurrengo hilabetean, curriculum vitae eguneratua eta amaierako txosten bat aurkeztuko dute, 10 orrialdekoa gehienez, non eta ez duten laguntza berriztatzea lortu. Lagundutako epean egindako jarduera akademiko eta lan guztiak adieraziko dituzte txosten horretan, bai eta horien emaitzak ere; ezarpen-zentroko ikerketa-alorreko legezko ordezkariak ontzat eman behar du txostena.

  15. Laguntzari uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, 20. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera. Era berean, laguntza emateko arrazoi izan ziren hasierako baldintzetan inolako aldaketarik gertatzen bada, horien berri ere eman beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari.

  16. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak 15. artikuluan aitortzen dizkien eta aplikatzekoak zaizkien beste guztiak.

  17. EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak zehaztutako betebeharren kaltetan izan gabe, eta agindu honetan azaldutakoen kaltetan izan gabe, laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeherari buruz berri ematea, bai eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

    2. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xede direnen fiskalizaziorako.

  18. Agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe badago edota izapidetze-fasean badago.

  19. Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, ikertzaileek agindu honetan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte derrigorrez. Betebehar horiek ez badira betetzen, laguntza ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, bai eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.

  1. Hobetzen ari den ikertzailearen ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:

    1. Programa honen laguntza berriak eskuratu eta edo aurrekoak berritu dituzten ikertzaileekin izenpetutako kontratuen edo luzapen-kontratuen kopia igorri behar da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara, kontratua izenpetu eta 21 egun naturaleko epean gehienez.

    2. Laguntza-emakidaren hasierako egoerari uko egiten badiote, edo egoera hori eten edo aldatu egiten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinaraztea, eta hobekuntza-aldian dauden ikertzaileentzako laguntzaren xedea modu arruntean betetzea eragoz dezaketen gainerako gorabeheren eta bateraezintasunen berri ematea, gertatzen diren egunetik hasi eta gehienez 21 egun naturaleko epean.

    3. Ikertzaileari behar duen laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.

    4. Hobekuntza gauzatzen ari den ikertzailea trebatzeko programa modu egokian garatzeaz arduratuko da, eta horri ezingo zaio bere ikerketaren bilakaerarekin edo horretarako behar den prestakuntza bereziaren bilakaerarekin zerikusirik ez duen bestelako jarduerarik agindu bitarte horretan.

    5. Ikertzaileari aukera ematea hori ikerketa egiten ari den sailetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.

  2. Ezarpen-zentroak lan-kontratua egin beharko die hobekuntza gauzatzen ari diren ikertzaile doktoreei, indarreko lan-legeriari jarraiki, hurrenez hurren diru-laguntza berriak emateko eta aurrekoak berriztatzeko prozeduran Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emandako ebazpenean eta agindu honen 17. eta 18. artikuluetan adierazitako iraupenarekin, ordainsariekin eta gainerako betekizunekin bat etorriz.

    Programa honen babesean ezarpen-zentroaren eta ikertzaileen artean eginiko kontratuetan, adierazi egin beharko da Eusko Jaurlaritzaren Doktoretza-ondoko Hobekuntza Programaren finantza-laguntza jaso dela.

  3. Ezarpen-zentroak derrigorrez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan eta zehazki 52. artikuluan xedatutakoa (EAEko herri-administrazioen laguntzen eta diru-laguntzen araubideari buruzkoa da testu hori).

  4. EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52 artikuluak zehaztutako betebeharren kaltetan izan gabe, eta agindu honetan azaldutako laguntza-mota bakoitzean espresuki adierazitakoen kaltetan izan gabe, ezarpen-zentroek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeherari buruz berri ematea, bai eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

    2. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xede direnen fiskalizaziorako.

  1. Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso, ez eta soldatarik ere, artikulu honetako hirugarren atalean xedatutakoaren kaltetan izan gabe.

  2. Aurreko atalean ezarritakoaren kaltetan izan gabe, Programa honetako laguntza jasoz gero, ezingo da doktoreen hobekuntzarako programetako laguntzarik jaso edo jasota egon 2014ko ekainaren 1a baino lehenago, atzerriko ikerketa-zentroetan bi urteko edo denbora gehiagoko egonaldiak egin ahal izateko.

  3. Salbuespen gisa, eta laguntzako 12 hilabeteko hirugarren aldian soilik, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango die laguntzaren onuradunei lanaldi mugatuko denbora baterako kontratu bat sina dezaten, gehienez ere 60 ordukoa, beren ikerketa-jarduerarekin zerikusia duten irakaskuntza-zereginetarako. Kontratua hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago eskatu beharko da baimena gutxienez, eta ikerketako erretoreordearen onarpena izateaz gainera, atxikipen-saileko zuzendariak eta ikertzaileak sinatu beharko dute eskaera.

  4. Bateraezintasunik suertatzen bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote hobekuntza gauzatzen ari diren ikertzaileen ezarpen-zentroek.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi hau kudeatzea.

  1. Onuradunek beka-eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

  2. Beka-programa honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak edo, dagokien epean eta moduan, betetzen dituztela frogatzen ez dutenak, aukeraketa-prozesutik kanpo geratuko dira, eta prozesuan parte hartzeak ekar ditzakeen eskubide guztiak galduko dituzte.

Diru-laguntza emateko kontuan hartzen diren baldintzak aldatzen badira, betiere, diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta dagokionean, Herri Administrazio hauek edo beste batzuek aldi berean emandako beste laguntza batzuekin egokitzen badira programa honetakoak, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, betiere, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradun izateko bertan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak behar den likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza hauek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Beraz, pertsona eta erakunde onuradunek sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 31. artikuluan araututako itzultze-espedientea hasiko da.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio ikertzaile doktoreek egindako lanaren jarraipen zientifiko-teknologikoa egitea; horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntza zertan eta nola erabili den jakiteko beharrezkoak diren jarraipen- eta egiaztatze-lanak egiteko, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria jasotzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen diren jarduerez gainera.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezko diren ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

Beka itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legeko 53.1 artikuluan adierazitako egoeraren batean sartzen bada edo urratu egiten baditu agindu honetako 22., 24., 26. eta 27. artikuluetan, betetzekoak diren gainerako arauetan eta beka emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak.

  1. Prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan arautzen diren ez-betetzen kasuetan:

    1. Prozedura abiatu eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearena izango da.

    2. Zientzia Politikarako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta egutegiko 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

    3. Alegazioak jaso ondoren, edo alegaziorik jaso gabe epea igaro ondoren, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.

      Itzultze-prozedura ebazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da.

      Ebazpenak baiesten badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du, eta, behar izanez gero, bekadunari adieraziko dio EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola jasotako kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako legezko interesak, eta itzultzeko epea bi hilabetekoa izango dela, ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

    4. Borondatezko epean laguntza itzuli ez bada, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari emango zaio horren berri, aplikagarri den legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraiki, deialdian parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduko «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. fitxategian, hain zuzen. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.

Datuetan sartzeko, datuok zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Zientzia Politikara Zuzendaritzara jo behar dute interesdunek (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LENENENGOA. Arautegi aplikagarria.

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, honakoak hartuko dira kontuan: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 10.7 artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 10a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Oinarrizko Zientziak

  1. arloa. Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Honako hauek hartzen ditu barnean: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.

  2. arloa. Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-alorrekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Alor hauek barne hartzen ditu: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.

  3. arloa. Matematikak. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek barne hartzen ditu: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.

  4. arloa. Kimika. Honako alor hauek ikertzea du xede, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko tresneria eta ikertzeko beharrezko metodologia esperimentala eta/edo teorikoa. Alor hauek barne hartzen ditu: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.

    Bizitza- eta osasun-zientziak

  5. arloa. Funtsezko Biologia eta Sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, honako salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea eta/edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.

  6. arloa. Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek barne hartzen ditu: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.

  7. arloa. Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.

  8. arloa. Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio- eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.

  9. arloa. Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Honako hauek hartzen ditu barnean: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat honako alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.

    Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.

  10. arloa. Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

    Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.

  11. arloa. Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

    Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat barne hartzen dute. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipoen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoaren barruan honako alor hauek daude: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.

  12. arloa. Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.

    Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak

  13. arloa. Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Barruan Psikologian egiten diren ikerketa guztiak sartzen dira, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Alor hauek barne hartzen ditu: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Psikologia Soziala, Portaera Zientzien Metodologia.

  14. arloa. Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.

  15. arloa. Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zuzenbide Penala, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.

  16. arloa. Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek honako alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.

  17. arloa. Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Alor hauek barne hartzen ditu: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.

  18. arloa. Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.

    (Ikus .PDF)

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.