- AGINDUA, 2014ko ekainaren 24koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-entitate batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2014ko ekainaren 24koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-entitate batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 122
- Hurrenkera-zk.: 2910
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/06/24
- Argitaratze-data: 2014/06/30
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuko 11.1.a) artikuluaren arabera, Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologia arloko Estatuaren oinarrizko legeria lege bidez garatzeko eta bere lurraldean betearazteko.
Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatzen du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatutakoak, 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Euskal Autonomia Erkidegoaren III. Ingurumen Esparru Programak bere ikuspegia ematen du gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruz, eta, besteak beste, lehentasunezko jardun hauek ezartzen ditu:
Negutegi-efektuko gasen isurpena eta klima-aldaketak EAEn dituen ondorioak murriztea.
Dibertsitate biologikoaren galera geldiaraztea, ekosistemak leheneratzea eta zoruaren artifizialtzeari mugak jartzea.
Baliabideen erabilera eraginkorra eta kontsumo arduratsua sustatzea.
Ingurune garbi eta osasungarria bermatzea.
Hori guztia bideratzeko, sail eta erakunde arteko koordinazioa eta kooperazioa sustatuko da, ingurumen-arloko gaiak politika guztietan integratze aldera, eta, gainera, gizarte- eta ekonomia-eragileei ingurumena hobetzeko ardurak hartzeko eskatuko zaie.
Aldi berean, Ingurumen Sailburuordetzaren 2013-2016ko X. legegintzaldian, hainbat lehentasun ezarri dira, eta helburu hauek oinarri hartuta daude egituratuta horien jarduerak:
Ekosistemak zaintzea.
Ingurumenaren kalitatea hobetzea.
Baliabideen eta hondakinen kudeaketa jasangarria.
Erantzukidetasun publiko-pribatua eta herritarrena.
Ingurumen-administrazioa bizkortzea eta sinplifikatzea.
Toki-erakundeentzako laguntza-agindu honen helburua da udal-jarduna egokitzea 2011-2014 aldiko III. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-lehentasunetara.
Lehentasun horien tamaina aintzat hartuta, ezinbestekoak dira tarteko diren administrazio guztien, herritarren, gizarte-erakundeen eta enpresen arteko ekintza koordinatua, elkarrizketa eta adostasuna. Testuinguru horretan, toki-administrazioek funtsezko papera dute, aipatutako erronkei aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzeko.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, bere Berdintasun Politikako Dokumentu Programatikoarekin bat etorriz 2013an onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen VI. Berdintasun Planaren esparruan, aintzat hartuko ditu euren garapenerako genero-ikuspegia bereganatzen duten jardunak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, 17. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz. Era berean, sail horrek euskararen erabilera normalizatzeko duen planarekin bat etorriz, deialdiak exijitzen du diruz laguntzen diren proiektuetan hizkuntza-irizpideak txerta daitezela.
Administrazioaren are sinplifikazio handiagoa lortze aldera, laguntzen oraingo deialdian, lehen aldiz, prozeduraren izapidetze elektronikoa sartu da; hau da, diru-laguntza eskatzeko zein ondoren hura justifikatzeko bitarteko telematikoak baino ez dira erabiliko, eta hori herritarrek zerbitzu publikoak sarbide elektronikoaren bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren babespean.
Deialdia bitarteko telematikoen bidez bakarrik kudeatzeak hainbat aldaketa dakartza; eskabidearen inprimakia, esate baterako, ez da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko, baizik eta eskuragarri egongo dela Euskal Autonomia Erkidegoaren Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan, eta ez dira agiri jakin batzuk aurkeztu beharko.
Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2002 Dekretuak, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatuak, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen lehendakariaren apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak ematen didaten eskumena baliatuz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenekin bat etorriz, honako hau
Agindu honen xedea honako laguntza-deialdi hau arautzea da: garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, beste toki-entitate batzuek, toki-erakunde autonomoek, tokiko garapen-agentziek eta tokiko merkataritza-sozietateek eska ditzaketen diru-laguntzen deialdia, alegia. Betiere, honako lerro hauekin bat etorriz:
Lurzoru kutsatuak. Tokiko titulartasun publikoko lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko lanak sustatzen dituzten ekintzak.
Atmosfera. Inguruneko airearen kalitatea hobetzea sustatzen duten ekintzak, zarataren inguruko ekintzak, eta EAEn negutegi-efektuko gasen isurpena eta klima-aldaketaren ondorioak murrizten dituzten ekintzak.
Biodibertsitatea. EAEko dibertsitate biologikoari eusteko eta berau leheneratzeko edo hobetzeko ekintzak.
Eskolako 21 Agenda. Eskolako 21 Agendaren eta Tokiko 21 Agendaren arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak.
Hasteko epea.
2014ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete diru-laguntza.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, ekintzek baldintza hauek bete behar dituzte:
Lurzoru kutsatuen lerroan.
Diruz lagunduko dira kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak jasan dituzten lurzoruak ikertzeko ekintzak eta kutsatutako lurrak ikertzeko eta leheneratzeko ekintzak, bai industria-jarduerak eduki dituzten lurzoruetan egiten direnak, bai eta 1994ko abenduaren 20a baino lehenago bertan behera utzi zituzten kontrolatu gabeko antzinako hondakinen biltegietan egiten direnak ere. Izan ere 1994ko abenduaren 20an indarrean jarri zen Hondakin geldo edo geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretua. Betiere, leheneratze-ekintzak aurretiazko ikerketa-fasea bukatu ondoren hasten badira eta lurzorua leheneratzearen helburua bada lurzoruaren kalitatea kokalekuak izango duen erabilerarekin bateragarri izatea. Diruz lagunduko dira, halaber, Ingurumen Sailburuordetzak zabortegia zigilatu eta gehienez 5 urteko epean sustatutako proiektuen barruko ingurumenaren jarraipenerako ekintzak.
Zabortegiak leheneratzeko ekintzetan ingurunearen biodibertsitatea aintzat hartzen dituzten irizpideak aplikatu beharko dira, berau areagotzeko xedez betiere, eta landare-estaldura hobetzen duten materia organikoak gehitu behar izatekotan, materia bioegonkortua edo konposta lehenetsiko da, eta kokapenerako aurreikusitako erabilera aintzat hartuta materia egokia dela egiaztatuta.
Aurretik aipatutako ekintzek baldintza hauek bete beharko dituzte diru-laguntza jasotzeko:
Tokiko titulartasuneko lurretan egitea. Betiere, besteren bat behartuta ez badago diruz lagunduko den jarduera egitera, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legediaren arabera, edo behartuak ezin badu jarduera bete konkurtso-egoeran dagoelako. Titulartasun elkarbanatua duten lurretan egiteko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, udal edo erakunde eskatzailearen titulartasunaren ehunekoa hartuko da kontuan.
Entitate eskatzaileak otsailaren 4ko 1/2005 Legea indarrean sartu aurretik, hau da, 2005eko maiatzaren 16a baino lehenago, izan behar du formalizatuta kasuan kasuko lurzoruaren eskuraketa (1/2005 Legea, otsailaren 4koa, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa); udalak lurzoruen titulartasuna bere aldeko kreditu baten ordainez eta nahitaezko betearazpen bidez jaso badu, betekizun hau ez da ezinbestekoa izango.
Aurretik aipatutako baldintzak ez dituzte nahitaez bete beharko, baldin eta lurzorua ikertzeko edo leheneratzeko neurriak hartzera behartuta dagoena udala bada, edota horretara behartuta dagoena ekintza hori egitetik salbuetsita badago lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko araudiaren arabera.
Lurzoruak leheneratzeko ekintzak etxebizitzak eraikitzeko edo lurzoru industrial bihurtzeko egiten badira, ezin izango da diru-laguntzarik jaso.
Atmosferaren lerroan.
Honako ekintza hauek jasoko dituzte diru-laguntzak:
Inguruneko airearen kalitatea hobetzea, partikulei dagokienez (PM10, PM2.5) eta nitrogeno dioxidoari dagokionez (NO2).
Inguruneko airearen kalitatea hobetzea animalienak ez diren errausketa-labeetan iragazketa-ekipoak ipiniz.
Zarata-mapak egitea, 100.000 biztanletik beherako udalerrietan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta zarata murrizteko proiektuak prestatzea.
Berotegi-efektuko gas-isuriak arintzea.
Klima-aldaketaren ondorioak gutxiagotzea (egokitzea) eta ekosistemen erresilientzia hobetzea, «Udalsarea 21 Lan-koadernoa 12. zenbakia: Klima Aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gidaliburua» eta «Euskadiko hirigintzaren plangintzari buruzko eskuliburua klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko» argitalpenetan bildutakoen tankerako ekintzen bitartez, hala nola:
Bero-uharteen fenomenoak murriztea.
Gaur egun guztiz artifizializaturik dauden ibaiertzak leheneratzea, helburutzat ibaiertzeko landaredia leheneratzea eta ibaiaren inguruko lurzoruaren egoera eta iragazkortasuna hobetzea edukita, epe luzeko uholdeak prebenitzeko, betiere ekintza horiek aldez aurretik adostu badira Uraren Euskal Agentziarekin dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuz.
Klima-aldaketara egokitzeko ekintza-planak egitea; plan horien emaitzetan udalerrian epe luzeko agertoki batean (gutxienez 20 urtera) urrakortasun-egoerak murrizteko ezarri beharreko egokitze-ekintza zehatzak xehe-xehe definitu beharko dira.
Entitate eskatzaileak 5 urte baino gutxiagoko epean azpiegitura edo hirigintza-plan berriak gauzatzea aurreikusten badu, diruz lagundu ahal izango da klima-aldaketarekin lotuta urrakortasuna murrizteko neurri zuzentzaileak ezartzeko egin beharreko afekzio-azterketa.
Udal-eraikinen etorkizuneko birgaikuntzan gauzatu beharreko ekintzen azterlan zehatzak egitea, 8/2013 Legearen, birgaitzeari eta hiri-berroneratzeari eta berritzeari buruzkoaren, zuzentarauak betetzeko. Aurretiazko planek honako atalase hauek bete beharko dituzte:
Gutxienez orokorrean 57 puntu eta energiaren kapituluan zehazki 57 puntu lortzea, eraikinaren eraikuntza-tipologiara gehien egokitzen den eraikuntza eta birgaitze jasangarriko gidaren arabera.
Inguratzailearen osaerak eraikinaren itxituren transmisio-faktorea hobetu beharko du araudiak eskatutakoaren aldean (C1:0,73Wm2/K, D1: 0,66Wm2/k) % 20tik % 50era).
Inguratzailearen osaerak bermatu beharko du eraikinaren berokuntzaren energia-eskaera % 10etik % 20ra hobetzen dela araudiak eskatutakoarekiko.
Kontuan hartutako neurri/jarduera bakoitzari lotutako kronogramak eta irizpide teknikoak, ingurumenekoak, ekonomikoak eta prestakuntzakoak zehaztuko dira planak egiteko orduan. Horrez gain, gauzapenean parte hartzeko gehien komeni den erakundeen arteko eta/edo arlo publiko-pribatuaren lankidetza- eta koordinazio-formularen planteamendu justifikatua jaso beharko dute.
Honako ekintza hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:
Klima-aldaketan eta aire-kalitatean eragin txikia duten ekintzak, adibidez: bizikleten aparkalekuak, bidegorriak jartzea (bizitegi-eremuak ikastetxeekin eta/edo industrialdeekin eta/edo udal kirol-instalazioekin lotzea lehenesten badute izan ezik) edo bideak oinezkoentzat jartzeko ekintzak eta energia-eraginkortasuneko proiektuak (hala nola argiak ordeztea, ikuskaritza energetikoak eta argiztapena eguneratzea).
Galdarak ezartzea edo ordeztea, lehen zeudenak baino isurpen gutxiago eragin arren.
Hondakinak kudeatzeko ekintzak.
Azterlanak edo diagnostikoak (mugikortasun-planak adibidez), agindu honetan berariaz aipatutakoak izan ezik.
Eta zehazki ez dute diru-laguntzarik jasoko azpiegitura eraikitzea dakarten ekintzek, baldin eta horretan ez badira kontuan hartu irizpide ekologikoak eta hiriko ingurumena hobetzeko irizpideak, paisaian txertatzea eta ingurune naturalaren gaineko eragina txikiagotzea bilatuta.
Biodibertsitatearen lerroan.
Diruz lagunduko dira biodibertsitateari eustea eta berau leheneratzea edo hobetzea zuzenean sustatzen duten honako ekintza hauek:
Komunitatearentzat eta eskualdearentzat interesekoak diren habitat naturalak kontserbatzeko egiten diren leheneratze-, hobetze- edo kudeatze-ekintzak. Kontserbatzeko interes handiagoa duten edo kontserbazio-egoera hobea duten habitaten gainean egindako ekintzak lehenetsiko dira, hala nola erriberako basoak, bertako basoak, padurak, eta abar. Alderdi hori egoki justifikatu beharko da proiektuaren memorian.
Maila komunitarioan edo eskualdekoan babestutako basa flora eta fauna espezieak babesteko eta kontserbatzeko proiektuak. Horrez gain lurraldeko lotura ekologikoa hobetzen laguntzen duten proiektuak lehenetsiko dira.
Flora exotiko inbaditzaileko espezieak desagerrarazteko proiektuak, narriatuta dauden habitat naturalak leheneratzea ere jasotzen badute.
Faunarentzako urmaelak eta hezeguneak sortu eta leheneratzea.
Lurraldearen lotura ekologikoari laguntzen dioten jardunak.
Zehazki, lehentasunezkoak izango dira aurreko ataletan dauden eta, gainera, Natura 2000 eremuen kontserbazio-neurrien agirietan (edo kudeatzeko planetan) ere jasota dauden ekintzak (hemen eskuragarri: www.euskadi.net/natura2000).
Diruz lagunduko dira, halaber, aurreko ataletan jasota dauden eta administrazio-baimena behar duten ekintzak gauzatzeko behar diren lizentziak eta baimenak lortzeko idatzitako proiektuak.
Diruz lagundu ahal izango dira, orobat, erribera eta ibilguetako hondakinak garbitzeko jardunak, betiere udal eskatzailearen eta Uraren Euskal Agentziaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenen esparruan egiten badira. Horrelako hitzarmenek nahitaez bete beharreko baldintza batzuk bilduko dituzte biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko.
Ez dira diruz lagunduko, berriz, ezagupenak eskuratzeko azterlanak edo argitalpenak idaztea edo sentsibilizatze-ekintzak egitea beste helbururik ez daukaten eskaerak.
Ezta edozer obraren edo proiekturen administrazio-baimenean ezarritako zuzenketa- edo konpentsazio-neurrien ondorioz gauzatutako ekintzak ere.
Eskolako 21 Agendaren lerroan.
Diruz lagunduko dira Tokiko 21 Agendaren eta Eskolako 21 Agendaren arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak, betiere 2014ko uztailaren 1etik 2015eko uztailaren 15era bitartean egiten badira. Ekintzen artean, ikasturte bakoitzean, gutxienez eskola arteko foro bat antolatu beharko da, bai eta udal-foro bat ere. Foro horietan, aurreko foroetan hartutako konpromisoen jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko da, besteak beste, bai eta beste toki-erakunde batzuetara eraman daitezkeen jardunbide egokiak zehaztu ere.
Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.
Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa Platea onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.
Eskabideak, erantzukizun-adierazpenak eta gainerako ereduak nola izapidetu zehaztuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan (URL) https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/herrijasangarriak/eu/
Eskabidearen ondorengo izapideak Nire kudeaketak izeneko atalaren bidez egiten dira: https://euskadi.net/nirekudeaketak
Lehenengo artikuluan adierazitako ekintza espezifikoetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, milioi bat zortziehun eta hamar mila eurokoa (1.810.000) izango da, hargatik eragotzi gabe agindu honetako xedapen gehigarrian xedatutakoa betetzea. Kopuru hori honela banakatzen da:
Lurzoru kutsatuen lerrorako: Gehienez bostehun eta berrogeita hamar mila (550.000) euro.
Atmosferaren lerrorako: Gehienez bostehun eta berrogeita hamar mila (550.000) euro.
Biodibertsitatearen lerrorako: Gehienez bostehun eta berrogeita hamar mila (550.000) euro.
Eskolako 21 Agendaren lerrorako: Gehienez ehun eta hirurogei mila (160.000) euro.
Eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez direlako aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio, Eskolako Agenda 21 lerroari izan ezik, agindu honetako 15. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenari jarraikiz. Inguruabar hori Ingurumeneko sailburuordeak diru-laguntzak emateko egiten duen ebazpenean aipatuko da.
Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak, beste toki-entitate batzuk, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak.
Tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte: beraien kapital soziala titulartasun publikokoa izatea eta bazkide gehienak udalak izatea. Kide horiek, gainera, udaletako alkateek izendatuta beharko dute izan, diruz lagundu nahi den jarduera burutzeko.
Artikulu honetako lehenengo paragrafoan aipatzen diren erakundeek partaidetza pribatua baldin badute, ezingo dira onuradun izan.
Diru-laguntza hauek ematea eta, hala badagokio, ordaintzea honexek baldintzatuko du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko ezein espedientek bukaturik egon beharko du.
Ezin izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak eskuratu diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, edo legezko debekuren bat dutenek, tartean dela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa.
Organo kudeatzaileak automatikoki, eta beharrezkoa den guztietan, egiaztatuko du laguntzen erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, haien oniritzia jaso beharrik gabe, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena aplikatuz.
Eskariek aukera bat izango dute, diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek beren-beregi adieraz dezaten baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar eta baldintza hauek betetzen direla frogatu beharko da eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:
Onuradunak konpromisoa hartzen du administrazio zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako eskatzen eta haietatik lortzen dituen laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabide guztien inguruko informazio guztia jakinarazteko, bai eta eskaera aurkeztu dueneko diru-laguntza programetan BEZa ere lagun daitekeen ala ez berariaz adieraztekoa ere.
Erakunde eskatzaileak ez du zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikorik ez jaso ahal izateko zigorrik, eta ez dago diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren kasuan.
Erakunde eskatzaileak badu diruz lagundu gabeko gastua estaltzeko adinako gaitasun finantzarioa.
Baldin eta eskatzailea Tokiko Merkataritza Sozietate bat bada, kapital publikokoa da, sozio nagusiak udalak ditu eta udalerri partaideek berek erabaki dute diru-laguntza eskatzea eragin duen jarduera egitea.
Kutsatutako lurzoruen alorrari dagokionez, erakunde onuradunak, baldin eta kokapena berrerabiltzean plusbaliorik sortzen bada, diru-laguntza itzultzeko konpromisoa hartzen du, otsailaren 4ko 1/2005 Legeari jarraikiz (Lurzorua Ez Poluitzeko eta Poluitutakoa Garbitzeko Legea).
Erakunde onuradunak betiere errespetatzen ditu gizon-emakumeen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3. artikuluak xedatutako printzipioak eta gainerako obligazioak. Bereziki 16., 18.4 eta 23. artikuluetan xedatutakoak.
Eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla adieraztea, eta diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak betetzen dituela.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira lehenengo artikuluan ezarritako ekintzak egitetik eratortzen direnak.
Alderantziz, gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
Diruz laguntzen diren ekintzen Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagozkionak.
Komunikazio-, parte-hartze-, informazio- edo sentsibilizazio-kanpainei dagozkienak, salbu eta biodibertsitateari dagozkion ekintzak eta Eskolako 21 Agendaren lerroari dagozkionak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.
Lur-sailak eskuratzeari dagozkionak.
Udaleko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako pertsonaleko gastuak eta diruz lagundu ezin diren gainontzeko gastuak, diru-laguntzei buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz. Nolanahi ere, diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko egiten diren kontratazio berrien lan-kostuen % 50ek jaso ahal izango dute diru-laguntza, betiere kontratu horiek sei hilabete baino gehiagoko iraupena badute, kontratatutakoak 45 urtetik gorakoak badira eta langabezian duela urtebetetik badaude edota, lanik gabe daramatena alde batera utzita, 30 urtetik beherakoak badira.
Beharrezkoak ez diren edo behar bezala justifikatu ez diren gastuak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek, nolanahi ere, agindu honetan ezarritako organo ebaluatzaileak zehaztuko ditu.
Udal ibilgailu-flotak berritzean, bai eta beste edozer ekipamendu eskuratzean eta/edo ordeztean ere, hautatutako teknologiaren eta ohiko teknologiaren arteko aldea baino ez da diruz lagunduko, eta ekintza horiek, abian jarri ondoren, dirua aurreztea eragiten badute, zehazteko lehen bost urteetan eragindako aurrezki garbiak kenduz zehaztuko da diruz lagun daitekeen kostua. Hau da, 5 urte baino lehenago beren burua finantzatzen duten ekintzak ez dira diruz lagunduko.
Eskolako Agenda 21en lerroan, agenda horren koordinazio-proiektuak gauzatzeko kanpoko enpresak kontratatzeak eragindako kostuak bakarrik lagunduko dira diruz koordinazio-proiektu horiek agindu honen 2. artikuluan deskribatuta daude.
Lurzoru kutsatuen lerroan, gehienez bi ekintza diruz lagundu ahal izango dira. Edozelan ere, deialdi berean kokapen bera aztertzeko eta leheneratzeko eskabideak aurkezterik ez da egongo, salbu eta lanak oso aurreratuta badaude eta lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidea hasteko beharrezko dokumentazioa aurkeztu badute diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu aurretik.
Atmosferaren eta biodibertsitatearen lerroetan, gehienez bi ekintzari emango zaie diru-laguntza.
Eskolako Agenda 21en lerroan diru-laguntza jasotzeko eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du erakunde bakoitzak. Erakundeek ezin izango du eskabiderik banaka aurkeztu beren lurralde-eremuan zerbitzu hori ematen duen udalaz gaindiko beste erakunde batek jarduten badu, hark eskabiderik aurkezten ez badu izan ezik.
Udalerri bera ordezkatzen duten entitate onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskabiderik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.
Lerro berean erakunde onuradun bakoitzeko ekintza batek baino gehiagok jaso badezake diru-laguntza, 17.1 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioaren baldintza gaindituta puntuaziorik onena lortu duten ekintzei emango zaie diru-laguntza.
Gorago ezarritako mugak kontuan hartzen ez badira, eskaera egin duen erakundeari eskaeran egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, egindako laguntza-eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.
Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-laguntza batzuekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Egoitza Elektronikoaren bitartez bide telematikoz eskuratu ahal izango den inprimakia betez aurkeztuko dira eskabideak: (URL) https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/herrijasangarriak/eu/
Erakunde eskatzaileak erakundearen txartela eduki beharko du eskabidea elektronikoki sinatzeko edo, bestela, legezko ordezkariak alta eman beharko du Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien erregistroan (Agindua, 2012ko abenduaren 14koa, Segurtasun, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena), esteka honetan: https://euskadi.net/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/eu_egoitza/egoitza_representantes.html
Eskabidea bete eta agindu honen 11. artikuluan zehaztutako dokumentuak aplikazioan jaso ondoren, eskabidea elektronikoki sinatu beharko du erakundeak edo legezko ordezkariak 1. atalean adierazitakoaren arabera; orduan baino ez da eskabidea erregistratuta geldituko.
Nolanahi ere, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jaso beharko da (2011rako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 5/2010 Legeak sartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatuta), zeinak 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea egiaztatu ez ezik, hauxe ere jasoko duen:
Erakunde eskatzaileak administrazio zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabide guztiak eskatu eta lortu dituen, bai eta diru-laguntza programetan BEZa ere lagun daitekeen ala ez berariaz adierazita ere.
Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean nahasita egon den edo horrelako baten xede izan den.
Erakunde eskatzailea zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikorik ez jaso ahal izateko zigortu duten, edo diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren kasuan dagoen.
Laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eskabidea egiten duten entitateei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak laguntza-lerro hauek kudeatzeko fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horiek honako arau honek zuzenduko ditu: 2005eko martxoaren 23ko Agindua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko sailburuarena, Saileko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena. Era berean, jakinarazten da deialdi honetan parte hartzeak berekin dakarrela eragindako pertsonek onartzea beren datu pertsonalak erabiltzea, 20.10 artikuluan azaldutako helburuarekin, betiere. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, hona jo behar da: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila; Zerbitzu Zuzendaritza; Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Eskaera egiten duen entitatearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontutan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien eta memorien ereduak:
Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion «aurrekontu»-inprimakia behar bezala beteta.
Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion jarduna azaltzen duen memoria.
Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, diru-laguntzaren xede den jarduna egitea onartzen duen erabakia jasotzen duena.
Eskualdeko erakundeei dagokionez, jarduna garatu beharreko udalek berau onartzeko hartutako erabakia ere aurkeztu beharko dute.
Lurzoru kutsatuen lerroaren kasuan, entitate eskatzaileak kokalekua titulartasun publikokoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du. Halaber, titulartasun publiko hori noiz eskuratu zen argitu beharko du, bai eta kokalekuaren zer ehuneko den udalaren titulartasuna argitu ere. Betekizun horiek egiaztatzeko, besteak beste jabetza erregistroaren idatzi-ohar soil bat aurkeztu daiteke; bestela, entitatearen idazkariak emandako ziurtagiri bat, alderdi horiek egiaztatzen dituena.
Udal-eraikinen etorkizuneko birgaikuntzan gauzatu beharreko ekintzen azterlan xehatuei buruzko atmosferaren gaineko ekintzei dagokienez, diru-laguntza eskatzen duten jarduna garatuko den eraikinaren ziurtagiri energetikoaren kopia ere erantsi beharko dute, bai eta udalaren idazkariak egindako ziurtagiri bat ere, eraikin horretan 2013ko ekitaldian guztira zenbat energia eta erregai kontsumitu diren jasotzen duena.
Eskatzaileek, borondatez eta puntuazio handiagoa lortze aldera, eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:
Proiektua, aurreproiektua eta/edo eskaintza teknikoa, jardunen xehetasuna eta faseen arabera banakatutako aurrekontu bat jasota.
Atmosferaren gaineko ekintzen kasuan, entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, Airearen Kalitatearen Ekintza Plana edota klima-aldaketarekin zerikusia duen beste edozer plan, programa edo ordenantza ezartzeko prozesua hasteko udalaren osoko bilkuran hartutako erabakia jasotzen duena.
Biodibertsitaterako ekintzen kasuan, erakunde eskudunek proiektua gauzatzeko emandako baimenak (baldin eta jardunak jabari publiko hidraulikoan, Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan, parke naturaletan, eta abarretan egitekoak badira) eta ekintzak egitekoak diren lursailen eskuragarritasunaren edo jabetzaren gaineko ziurtagiria.
17. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpide guzti-guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak.
Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriek ez balituzte beteko deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa izango ez balitz, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango zaio gabeziak zuzentzeko edota beharrezko dokumentuak aurkezteko, hala egiten ez badu eskaera ez zaiola onartuko adieraziz. Ebazpena Ingurumeneko sailburuordeak egingo du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluak aurreikusitako moduan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, Ihobe, S.A. sozietate publikoa entitate laguntzaile izendatzen da, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako eran (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena).
Ihobe, S.A.k, entitate laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:
Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak eskatzea.
Eskabidea egiten duten entitateek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.
15. artikuluan adierazitako ebaluazio organoari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, 17. artikuluko irizpideen arabera.
Jarduera egin den eta diru-laguntzaren helburua bete dela egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea diru-laguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.
Entitate onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez baloratzea.
Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duen agiriak egiaztatzea.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, entitate onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.
Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko organo ebaluatzaile bat eratuko da. Hauek izango dira organo horretako kideak: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria, Ingurumen Administrazioaren zuzendaria eta Ihobe Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.
Organo ebaluatzaileak ebazpen-proposamena egingo dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen hori 17. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituko zaie, eta honako hauek bilduko ditu: diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak; diru-laguntzen zenbatekoa; diru-laguntza jasoko ez duten proiektuak; ezeztatutako eskaerak, ezeztapenaren arrazoiekin batera; eta ebatzi beharreko beste edozein inguruabar.
Diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango ditu ondokoak gainditu:
Lurzoru kutsatuen lerroan:
(Ikus .PDF)
Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 60.000 eurokoa da ikerkuntza-proiektu bakoitzeko, eta 200.000 eurokoa, leheneratze-proiektu bakoitzeko.
Zabortegietan egiten diren ingurumen-jarraipeneko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.
Atmosferaren lerroan:
(Ikus .PDF)
Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 80.000 euro da proiektu bakoitzeko, salbuespen hauekin:
Zarataren gaineko planak eta mapak egiteko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 15.000 euro izango da.
Ibilgailuei buruzko proiektuen kasu zehatzean, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 euro izango da 10 plazako baino gutxiagoko ibilgailu bakoitzeko, eta 20.000 euro ibilgailu handiagoentzat.
Birgaitzeko proiektuen aurretiko xehetasun-azterlanen kasuan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da.
Biodibertsitatearen lerroan:
(Ikus .PDF)
Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 100.000 euro da proiektu bakoitzeko; hala ere, lizentziak eta baimenak lortzeko proiektuak idazteko, gehieneko zenbatekoa 10.000 euro da.
Erriberetan eta ibilguetan hondakinak garbitzeko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.
Eskolako Agenda 21en lerroan.
Laguntzak ezin dira izan diruz lagundu ahal diren gastuen % 50etik gorakoak, ezta 15.000 eurotik gorakoak, entitate onuradun bakoitzeko.
Agindu honetan jasotako laguntzak 1. artikuluan aipatzen diren multzo eta azpimultzoetako bakoitzean emango dira Eskolako 21 Agendaren lerroan izan ezik, lehiaketa bidez, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan ezarritakoarekin bat. Diru-laguntza jaso ahal izateko, dena delako jarduerak, organo eskatzaileak egindako balorazioan, eta artikulu honetako 2. paragrafoan zehazten diren irizpideekin bat, 100etik 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.
50 puntu baino gehiago jasotzen duten proiektuen lehentasun ordena ez dago lotuta proiektu bakoitzak jaso beharreko kopuru ekonomikoarekin. Irizpide hori bakarrik hartuko da kontutan; 50 puntu baino gehiago lortutako proiektu guztiak ordaintzeko adina dirurik ez badago. Kasu horretan, puntuazio altuena lortutako proiektuak lagunduko dira diruz, jardun bakoitzeko lerroan aurrekontu-kreditua agortu arte.
Eskolako Agenda 21en lerroko laguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia bidez esleituko dira, eta artikulu honetako 5. paragrafoan ezarritako irizpideen arabera kuantifikatuko dira.
Proiektu bakoitzari egokitutako diru-laguntza agindu honetako 7. eta 16. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zehaztuko da.
Diru-laguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:
Lurzoru kutsatuen lerroan:
Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz. Izaera hori aitortuko zaio lurzoruaren tratamendua tokian bertan egiteari, indusketak eta isurketak egin gabe. Gehienez 15 puntukoa.
Kokalekuan eta inguruko lurretan, gizakien osasunaren edota ingurumenaren gainean izan daitezkeen eraginak. Gehienez 60 puntukoa.
Jardunaren kalitatea, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eraginkortasuna, eta izaera estrapolagarria. Gehienez 25 puntukoa.
Atmosferaren lerrorako:
Airearen kalitatea, errausketa-labeak hobetzeko, zarata arintzeko neurrietarako zein klima-aldaketaren ondorioak arintzeko edo egokitzeko neurrietarako inbertsioetan:
Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz. Gehienez 25 puntukoa.
Ekintzaren emaitzak (kutsatzaileak murriztea, pertsona onuradunak, beste zenbait ingurumen-inpaktu murriztea eta beste ingurumen arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 40 puntu.
Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa (eskaintza tekniko-ekonomiko xehatu bat egotea eta haren kalitatea, ekintzaren kostu-onura erlazioa, barneko koherentzia, proposatutako lan-metodologia, kalkuluaren metodologia barne, aurretiko diagnostikoa egotea, jarraipen-proposamena...): gehienez 35 puntu.
Zarata-mapak egiteko:
Udalerriko biztanle-kopurua, eta trantsizio akustikoko eremuak egotea edo ez: gehienez, 50 puntu.
Proposamenaren kalitate teknikoa (eskaintza ekonomiko xehatu bat egotea, barne-koherentzia, proposatutako metodologia, aurretiazko diagnostikoa eginda izatea...), eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 25 puntu.
Udalerriek zonakatze akustikoa izatea: gehienez, 10 puntu.
Udalerriek aurretik zarata-mapak, azterlanak edo diagnostikoak eginda izatea; udalaren osoko bilkuran Tokiko 21 Agendaren Ekintza Plana onetsita izatea, edo Tokiko 21 Agendaren prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena; edo Airearen Kalitatearen Ekintza Plana ezartzeko prozesua hasita izatea: gehienez, 10 puntu.
Zaratak herritarrei sortzen dizkien eragozpenei buruzko ebaluazioa sartuta izatea zarata-maparen barruan: gehienez, 5 puntu.
Klima-aldaketara egokitzeko azterlan, programa, proiektu eta bestelako jardunetarako:
Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz.
Estrategikotzat hartuko dira klima-aldaketaren aurrean urrakorrak direla justifikatuta dauden kokaguneetan zein energia-kontsumo handiko eta eraginkortasun energetiko txikiko eraikinetan gauzatutako jardunak, bai eta klima-aldaketaren plan bat, egokitzeko plan bat edo klima-aldaketaren ordenantza bat zehaztu dituzten udalerrietan garatutako ekintzak ere. Gehienez 25 puntukoa.
Ekintzaren emaitzak (kutsatzaileak murriztea, pertsona onuradunak, beste zenbait ingurumen-inpaktu murriztea eta beste ingurumen arlo batzuen gaineko eragina, positiboa edo negatiboa): gehienez, 35 puntu.
Proiektuaren kalitate teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa (eskaintza tekniko-ekonomiko xehatu bat egotea eta haren kalitatea, ekintzaren kostu/onura erlazioa, barneko koherentzia, proposatutako lan-metodologia, kalkuluaren metodologia barne, aurretiko diagnostikoa egotea, jarraipen-proposamena...): gehienez 40 puntu.
Biodibertsitatearen lerrorako:
Jarduna non gauzatuko den, 35 puntu, gehienez:
a.Naturagune babestuen barruko lurrak, EAEko Natura Zaintzeko Legean xedatutakoaren arabera (Natura 2000 Sarea, Natura Parkeak edo Biotopo Babestuak), gehienez 35 puntu.
b. EAEko hezeguneetarako LAP Lurraldearen Arloko Planaren II. eta III. taldeen hezeguneetan sartuta dauden lur-sailak: 30 puntu, gehienez.
c. Aurreko epigrafeetan sartuta ez dauden lur-sailak, komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesa duten basa flora eta fauna espezieak barne hartzen dituztenak espezie horiek sartuta egon behar dute hegaztiei eta habitatari buruzko zuzentarauen eranskinetan, edo basa fauna eta flora espezie mehatxatuen EAEko katalogoan, gehienez 25 puntu.
d. Konektibitate ekologikorako, garrantzizkoak diren eremuak, gehienez 20 puntu.
Jardun-eremu baten gainean hainbat kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena balioetsiko da.
Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasuna, betiere biodibertsitateari eusteko eta berau leheneratzeko eta hobetzeko egiten dituen ekarpenei dagokienez: 15 puntu, gehienez.
BZG Bereziki Zaindu beharreko Guneei buruzko agirietan jasotako neurriak izan izendatutako BZGak, izan izapidetze-aldian daudenak: 20 puntu, gehienez.
Jarraipen-planaren kalitate teknikoa eta proiekzioa: 10 puntu, gehienez.
Komunikazio- eta difusio-jardunek gizartean izan dezaketen eragina: 5 puntu, gehienez.
Jardunaren kalitatea, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa: 15 puntu, gehienez.
Eskolako Agenda 21en lerroko diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak honako hauek izango dira:
Zenbateko finko bat esleituko da, honako irizpide hauei jarraikiz:
Ikastetxea duten bost udalerri edo gutxiago biltzen dituzten mankomunitateak, bestelako toki-erakundeak, toki-erakunde autonomoak edo tokiko merkataritza-sozietateak: 1.500 euro.
Ikastetxea duten bost udalerri baino gehiago biltzen dituzten mankomunitateak, bestelako toki-erakundeak, toki-erakunde autonomoak edo tokiko merkataritza-sozietateak: 2.000 euro.
Diru-laguntzak bakarka eskatzen dituzten udalerriak: 500 euro.
Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoak esleitu ondoren, gainerako zenbatekoak honela banatuko dira:
% 60, entitate eskatzailearen eragin-eremuan Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duen ikastetxe-kopuruaren arabera, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan.
% 40, entitate eskatzailearen eragin-eremuan Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duen ikasle-kopuruaren arabera, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan.
Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duen ikastetxe- eta ikasle-kopuruaren datuak ofizioz egiaztatuko dira.
Ingurumeneko sailburuordeak, organo ebaluatzaileak egindako proposamena kontuan izanda, ebazpena emango du, eta horren berri interesdunei jakinaraziko zaie, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, gehienez sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.
Ebazpenak erabakiko du eskatutako diru-laguntzak nori esleituko zaizkion, eta, hala badagokio, nori ukatu zaizkion. Esleitutakoen kasuan, adieraziko da, halaber, zein den erakunde onuraduna eta diruz lagundutako egitasmoa eta zenbatekoa den emandako diru-laguntza. Ukatutakoen kasuan, ordea, ukapenaren arrazoiak adieraziko dira. Era berean, erakunde onuradunen batek uko egiten badio jasotako diru-laguntzari, ebazpenak zehaztuko du zein den lehentasun-hurrenkera, hasiera batean aurrekontu-zuzkidura faltagatik diru-laguntzarik gabe geratu diren proiektuak diruz laguntzeko.
Aurreko paragrafoetan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Proiektu bakoitzaren ezaugarri zehatzak aintzat hartuta, diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko nahitaez bete beharreko baldintza tekniko eta ekonomikoak ezarriko dira. Baldintza horiek baldintza-agiri batean bilduko dira, Eskolako Agenda 21eko proiektuen kasuan izan ezik, eta agiri horren berri erakunde onuradun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan.
Agindu honetan eta 19. artikuluan adierazitako baldintzen agirian aipatzen diren baldintzak eta arauak onartzea.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez, eskatzen dieten informazio oro ematea, eta Ihobe SA erakunde laguntzaileak zein organo emaileak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.
Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari bide telematikoz eta lehenbailehen jakinaraztea proiektuan edozein arrazoi dela medio egin diren aldaketak, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.
Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetako 21. artikuluan ezarritako epean.
Diru-laguntza onartu den jarduerarako erabiltzea, baldintzak aldatzeari buruzko 23. artikuluan zehaztutakoa aplikagarri denean salbu, eta proiektuak lizentziak, baimenak eta gainerako nahitaezko sektore-betekizunak beteta gauzatzea, behar bezala exekutatzeko.
Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo 10 egun balioduneko epean, horren berri jakinaraziko zaio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, eta adieraziko zaio, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo diru-laguntzaren zenbatekoa zein diren.
Jardunari zabalkundea emateko kartel eta materialetan, eta egiten den publizitatean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren logotipoak jarriko dira, Eusko Jaurlaritzako Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera (http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-contsepr/eu/contenidos/informacion/v2_simbolos/eu_simboide/simbolos_identidad.html), eta, halaber, sail horren babesa aipatuko da.
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren babesa aipatuko da, orobat, egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, bai eta publizitatean ere.
Diru-laguntza jasotzen duen tokiko entitatea Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarean (Udalsarea 21) baldin badago, sare horren logotipoa ere agerrarazi beharko da.
Aurkeztutako proiektuan dagoen informazio tekniko, pedagogiko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uztea, doan eta esklusibotasunik gabe, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren informazio-sistemetan erabili eta sartzeko, bai eta honako hauetan argitaratu eta hedatzeko ere: edozein hedabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko eta informatikotan zein teknikak ahalbidetzen duen orotan. Jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira beti.
Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Jardunak herritarrekiko harremana edo arreta eskatzen badu, bermatuta egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubideak.
Argitalpenik egiten bada, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, gutxienez, argitalpenaren 10 ale (paperezko formatuan edo euskarri digitalean) eta eskuliburuen 25 ale eman beharko zaizkio.
Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.
Lurzoru kutsatuen kasuan aurreikusitako xederako, berariaz:
Kokapenaren berrerabilerak gainbaliorik sortzen badu, erakunde onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legedian ezarritakoa betez.
Eskabidea egin duen entitateak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ikertzeko laguntzak jaso ahal izateko, konpromisoa hartzen du diru-laguntzaren xede den kokalekua lurzoruaren kalitatea adierazteko prozeduraren mende jartzeko, betiere Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearekin bat etorriz. Lurzoruaren kalitatea leheneratzeko laguntzen kasuan, nahitaezkoa izango da saneamendu proiektuaren onespena izatea, Ingurumen Sailburuordetzak emanda. Nolanahi ere, eskabidea egiten duen entitateak prozeduraren fase guztietan agintzen zaizkion neurriak ezartzeko konpromisoa hartzen du.
Diruz laguntzen diren ekintzak egiterakoan, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan (lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena) exijitutakoa bete behar da.
Lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedurak exijitzen duen dokumentazioa aurkezteaz gain, diru-laguntza kontrolatzeko prozesuaren esparruan, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzak ikerkuntza-estrategiak onestea, gauzatu aurretik, eta organo horri jakinaraztea zein den kronograma eta zehazki noiz hasiko den lurzoruaren kalitatearen ikerkuntza eta/edo leheneratzea.
Entitate onuradunek jasotako diru-laguntza betearazi eta justifikatu beharko dute, 2016ko abenduaren 31 baino lehenago, salbu eta Eskolako Agenda 21eko proiektuen kasuan. Azken horiei dagokienez, proiektuaren amaierako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 2015eko irailaren 15a baino lehen.
Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte bitarteko elektronikoz https://euskadi.net/nirekudeaketak webgunean:
Tokiko erakundearen idazkariak egindako ziurtagiria, diru-laguntzaren xedea eta helburua bete direla adierazten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagozkion ekintzak azaltzen dituen memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ingurumen arloko helburuen betetze-maila azalduta. Ingurumen-onurei dagokienez, a priori jarritako helburuak kontuan hartuta ingurumenaren gaineko eraginak eta presioak benetan zenbateraino gutxitu diren zehaztuko da, betiere 19. artikuluan aipatzen den baldintza-pleguan adierazitakoaren arabera.
Lurzoruen gaineko proiektuen kasuan, diruz lagundutako jarduna garatzen den kokapenari dagokion lurzoruaren kalitatea deklaratzeko espedientea hasteko eskabidearen kopia.
Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten ordainagiriak edo fakturak.
Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, xede berarako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarik jaso diren zehaztuta, hala badagokio, eta, beharrezkoa bada, eskabidea aurkeztu den diru-laguntza programetan BEZa diruz lagun daitekeen ala ez adierazita.
Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskriptiboa.
Proiektuan sortutako materialen kopia.
Eskolako Agenda 21en proiektuak aurkeztu dituzten entitate onuradunek diru-laguntza justifikatu beharko dute, honako agiri hauek aurkeztuz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen Eskolako Agenda 21en lerroari dagozkion ekintzak azaltzen dituen memoria, haien ezaugarri nagusiak eta ezarritako helburuen betetze-maila azalduta. Memoria horretan, lauki batean bilduko dira ikastetxeek udalei egindako proposamenak, udalek hartutako konpromisoak, eta aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen betetze-mailaren jarraipena. Udalerri bakoitzak, halaber, Eskolako Agenda 21en lerroaren jarduna azaltzeko memorian bildutako koordinazio-gakoei buruzko informazioa eman beharko du.
Diruz lagundutako proiektuari dagozkion fakturak.
Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, xede berarako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarik jaso diren zehaztuta, hala badagokio, eta, beharrezkoa bada, eskabidea aurkeztu den diru-laguntza programetan BEZa diruz lagun daitekeen ala ez adierazita.
Proiektuan sortutako materialen kopia, formatu digitalean; horrekin batera, zerrenda batean, identifikatu egingo da horietatik zein izan daitezkeen material edo baliabide didaktiko erabilgarriak gainerako hezkuntza-komunitatearentzat.
Lurzoru kutsatuen, Atmosferaren eta Biodibertsitatearen lerroen kasuan, honela ordainduko da onartutako diru-laguntza:
Ordainketaren lehen aurrerakina, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20koa, diru-laguntza onartu ostean, 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Ordainketaren bigarren aurrerakina, diru-laguntzaren % 20koa, 2015eko urriaren 31 baino lehen.
Bigarren ordainketa egin aurretik erakunde onuradunak diru-laguntzaren bigarren ordainketa agintzeko inprimakia behar bezala beteta igorri beharko du; aipatutako inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri. Diruz lagundutako jardunaren betetze-maila jasoko du aipatutako agiriak, eta egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalaren bidez igorriko da Ingurumen Sailburuordetzara: https://euskadi.net
Hirugarren ordainketa 2016ko ekitaldian, diru-laguntzaren % 60koa, 21.2 artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren.
Eskolako Agendaren lerroan, honela ordainduko da diru-laguntza: diru-laguntzaren % 50, laguntza onartutakoan, eta gainerako zatia, proiektuaren amaierako dokumentazioa aurkeztu ondoren eta, betiere, 2015eko irailaren 15a baino lehen.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero, betiere diru-laguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta erakunde publiko edo pribatu batek bestelako laguntzarik eman badio, diru-laguntza eman zuen ebazpena aldatu egin ahal izango da, Agindu honek onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Ingurumeneko sailburuordeak kitapen ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatzeko edota gainditutako zenbatekoa itzultzea eskatzeko.
Diru-laguntza jaso duen jarduera egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez Eskolako Agenda 21en lerroaren kasuan izan ezik, salbuespen gisa, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak daudenean, eta behar bezala justifikatuta dagoenean, erakunde horrek, jarduera amaitzeko epea baino gutxienez hilabete lehenago, diru-laguntza jaso duen jarduera amaitzeko aldez aurretik zehaztutako epeak handitzeko eskatu ahal izango du. Epea handitzeko eskaera hori Ingurumeneko sailburuordeak onartu beharko du ebazpen bidez.
Erakunde onuradunak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza eskatutako eta emandako xede espezifikoa betetzeko erabiltzen ez badu, diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera egiten ez badu, diru-laguntza zertarako eman zen, helburu horrexetarako erabili dela egiaztatzen ez badu, edo, oro har, onuradunak ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hala ezarritako baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.
Era berean, diru-laguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainetik jasotako diru-kopurua itzuli beharko du, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 9. artikuluan adierazitakoarekin bat etorrita; horretaz gain, zehapenak eta kalte-ordainak jarri ahal izango dira sortutako kalteengatik, eta hala badagokio, zigor-erantzukizuna eskatu ahal izango da. Aipatutako kantitateak diru-sarrera publiko gisa hartuko dira.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hirugarren artikuluan ezarritako zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekontu-baliabiderik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Hori, Ingurumeneko sailburuak jakinaraziko du, ebazpen bidez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, bi arau hauek aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko ekainaren 24a.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: EBAZPENA, 2014ko abenduaren 30ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2014ko ekainaren 24ko Aginduaren deialdia ebazten duena. Agindu horrek garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak gauzatzen dituzten udale
- Ikus: EBAZPENA, 2016ko abenduaren 27koa, Ingurumeneko sailburuordearena. Ebazpen honen bidez, aldatu egiten da 2014ko abenduaren 30eko Ebazpena, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bitartez ebazten baita Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2014k


