- AGINDUA, 2014ko uztailaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, 2014-2015 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatu dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2014ko uztailaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, 2014-2015 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatu dira, bai eta horien salbuespen eta murrizketez baliatzeko baldintzak ezarri ere.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 131
- Hurrenkera-zk.: 3173
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/07/03
- Argitaratze-data: 2014/07/11
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
- Azpigaia: Sailak; Ekonomia
Testu legala
Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak bere 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoengatiko eta gainerako eskubideengatiko prezio publikoak, eta gaineratzen du prezio horiek prezio publikoen izaera izango dutela, eta, horren ondorioz, tasa eta prezio publikoei buruzko lege-ordenamenduan ezarritakoaren araberakoak izango direla.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko 1/2007 Legegintzako Dekretuak, irailaren 11koak, 30. artikulutik 35.erakoetan arautzen ditu prezio publiko horiek finkatzean kontuan hartu beharreko irizpide orokorrak.
Irailaren 28ko 249/2010 Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen prezio publikoen bidez ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak ezartzen ditu. Zehazki, 2. artikuluan xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Sailek eta horien erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahalko dituztela Dekretu horren eranskinean zerrendatutako zerbitzuen truke; aldi berean, 3. artikuluan ezartzen du Ogasunean eskumena duen Sailak txosten loteslea egin ondoren finkatu edo aldatuko direla prezio publikoen zenbatekoak, dagokion Saileko sailburuaren edo eskuratu behar dituen erakunde autonomo hari atxikita dagoen Saileko sailburuaren agindu bidez.
Hain zuzen ere, irailaren 28ko 249/2010 Dekretuaren eranskineko 3. atalean aipatuta daude, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak prezio publikoak kobra ditzakeen zerbitzu eta jardueren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoak, izaera ofizialeko tituluak lortzera daramatenak.
Goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoen truke ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzeaz gainera, eta inor ere arrazoi ekonomikoengatik unibertsitate-ikasketetatik baztertuta gera ez dadin, Gobernuak eta autonomia-erkidegoek, bai eta unibertsitateek ere, ikasleentzako beka, laguntza eta kreditu-politika bat egituratuko dute eta modalitateak ezarriko dituzte, halaber, zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoak ordaintzea guztiz edo hein batean salbuesteko. Halaxe dago ezarrita abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 45.4 artikuluan (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege hori). Kasu guztietan, arreta berezia eskainiko zaie menpekotasun eta ezgaitasunen bat dutenei, bermatu egin behar baitzaie unibertsitate-ikasketetara sartzea eta bertan ikasi ahal izatea.
Arau hori betetze aldera, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39. artikuluan biltzen ditu unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioen salbuespenak eta murrizketak, baita legez ezarritako gainerako eskubideak ere, araudi-aurreikuspenen esparruan Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek baliatuko dituztenak. Era berean, artikulu horretan arautzen da prezio publikoak onartzeko agindu edo akordioak salbuespen-baldintzak zehaztu ahalko dituela, baita bestelako salbuespen oso edo partzial batzuk finkatu ere, inolako bereizkeria arbitrariorik ez dakartenean, betiere.
Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak 2013ko martxoaren 22ko bileran adostutako akordioaren arabera, eta Memorian jasotako proposamenarekin bat etorrita; Agindu honen bidez, batetik, Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntza-zerbitzu publikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dira (2014-2015 ikasturtea), eta, bestetik, horietan aplikatu beharreko salbuespen eta murrizketez baliatu ahal izateko baldintzak zehazten dira.
Hori guztia dela eta, hau
Euskal Herriko Unibertsitateko goi-mailako hezkuntza-zerbitzu publikoen truke 2014-2015 ikasturtean ordaindu beharreko prezioak (izaera ofizialeko tituluak lortzeko) eranskinean jasotako tarifetan adierazitakoak dira.
Gizarte Kontseiluak finkatutako ditu Euskal Herriko Unibertsitateko berezko tituluak lortzera daramaten unibertsitate-ikasketen prezioak.
Unibertsitateko gradu- eta master- irakaskuntzak.
Ikasgaien prezioen zenbatekoa lortuko da kreditu bakoitzaren prezioa gaiaren kreditu-kopuruarekin biderkatuz. Kreditu bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, kontuan izango da, batetik, esperimentaltasun-maila, eta, bestetik, dagokion ikasgaian lehen, bigarren edo hirugarren aldiz matrikulatzen den (I. eta II. eranskinak).
Prezio berezituko unibertsitate-masterrei III. eranskineko tarifak aplikatuko zaizkie.
Ikasleak matrikulatu ahal izango dira komenigarritzat jotzen dituzten ECTS kredituetan, betiere Euskal Herriko Unibertsitatearen iraunkortasun-arauek matrikula-modalitate bakoitzerako (jardun osoa zein partziala) eta ikasturte bakoitzerako ezartzen dituzten maximo eta minimoen barruan baldin badaude.
Doktorego-irakaskuntzak.
Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak ezartzen duenez, egiaztatutako eta baimendutako Doktorego Programaren batean onartutako ikasleek, V. eranskinean ezarritako trebakuntza eta jarraipenerako tarifen araberako urteko matrikula egingo dute, eta urteko tutoretza-matrikula VI. eranskinean ezarritako zenbatekoaren arabera. 185/1985, 778/1998 eta 1393/2007 Errege Dekretuetan araututako Doktorego Programetan matrikulatutako ikasleek, berriz, VI. eranskinean ezarritako tarifen araberako urteko matrikula egingo dute.
Tutoretza partekatua arautzen duen hitzarmen bati lotutako ikasleen kasuan, hitzarmenean bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Doktoretza-programa batean matrikulatutako ikasleak prestakuntza osagarri moduan krediturik egiten badu, kreditu horiei aplikatuko zaizkien tarifak izango dira prestakuntza osagarri horri dagokion unibertsitate-masterrarenak.
Ikasgaien prezioen zenbatekoa (aukera askeko ikasgaienak salbu) honela lortuko da: kreditu bakoitzaren prezioa gaiaren kreditu-kopuruarekin biderkatuz. Kreditu bakoitzaren prezioa kalkulatzeko, kontuan izango da, batetik, esperimentaltasun-maila, eta, bestetik, dagokion ikasgaian lehen, bigarren edo hirugarren aldiz edo gehiagotan matrikulatzen den (IV. eranskina).
Oro har, ikasgai solteetan matrikulatu ahalko dira, horiek zer ikasturtekoak diren axola gabe.
Aukera askeko ikasgaiei dagozkien kredituak ordaintzean hautatutako ikasgaiak zer titulaziokoak diren hartu beharko da aintzat, azken horrentzat ezarritako tarifak aplikatuko baitira.
Libreki aukeratzeko Unibertsitateak eskainitako arloen, horretarako espezifikoki sortuak, kasuan, lortu nahi den titulazioaren prezioak aplikatuko dira.
Unibertsitateko ikasketa-planekin bat ez datozen baina unibertsitateak aukera askeko kredituak amortizatzeko onartzen dituen jardueretarako, % 25 aplikatuko zaio lortu nahi den titulazioaren arabera dagokion zenbatekoari.
Campus Birtualean emandako kredituei 1. mailako esperimentaltasunari dagozkion prezioak aplikatuko zaizkie, lortu nahi den titulua gorabehera.
Ebaluazio, proba, azterketa, titulu, egiaztagiri eta idazkaritza-eskubideen truke ordaindu beharreko prezio publikoak VI. eranskinean zehaztutakoak dira.
V. eranskinean jasotako titulu ofizialen agiriak egiteko prezio publikoetan inplizituki sartuta dago 1044/2003 eta 1002/2010 Errege Dekretuek araututako Tituluaren Europar Gehigarriaren agiria egitea.
Desagerrarazi beharreko planen barruan irakaskuntzarik ematen ez den ikasgaietan edo ikasketa-zentroetatik kanpo zaindutako praktiketan, kreditu edo ikasgai bakoitzari dagokion prezioaren % 25 ordaindu beharko da.
Unibertsitateak, bere baliabideekin, beste ikasketa-sistemaren bat eskaintzen badio ikasleari, kreditu edo ikasgai bakoitzari dagokion zenbateko osoa ordaindu beharko da.
Gradu-ikasketei dagokienez, bai eta Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitu gabeko Lehen eta Bigarren Zikloko irakaskuntzei dagokienez ere, eta araututako lanbideetan jarduteko gaitzen duten unibertsitate masterren kasuan, matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialdirako eskubidea emango du matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, ikasturte beraren barruan, betiere. Hori, irakasgaiaren ezaugarri bereziengatik eta ikastetxeak ezarritako planifikazioarengatik, besterik erabakitzen ez bada.
Master ofizialei dagokienez, matrikularen prezioa ordaintzeak eskubidea emango du ikasturte bakoitzeko azterketa-deialdi bakarra erabiltzeko matrikulan zehaztutako ikasgai bakoitzeko, eta ez da egongo horretarako salbuespenik.
Ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoek mugatuko dituzte matrikulan jasotako ikasgai edo, hala badagokio, kredituetarako azterketa- eta ebaluazio-eskubideak.
Xedapen honetan jasotako matrikula-eskubidea gauzatzeak ez du aldaraziko ikastetxe bakoitzean horko ikasketa-planetako ikasketa-beharrizanen arabera zehaztutako ordutegi orokorren araubidea.
Kredituetan egituratutako irakaskuntzetan, ohorezko matrikulengatik egiten diren dedukzioak ikasketa berberen hurrengo matrikulan aplikatuko dira. Master ofizialen kasuan, graduko azken urtean ohorezko matrikularen kalifikazioa lortzen duten irakasgaien kredituek masterreko matrikularengatik gutxiago ordaintzea, graduko prezioan, ekarriko dute, betiere master hori gradua bukatu eta hurrengo ikasturtean egiten bada.
Plan zaharra plan berrira egokitzen bada, ohorezko matrikulaz gainditutako ikasgaiari esleitutako kreditu-kopuruaren araberako murrizketa aplikatuko da.
Dedukzio horiek Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen kolektiboari besterik ez zaizkio aplikatuko, ez beste unibertsitate publiko eta pribatu batzuetatik datozenei.
Batxilergoko ikasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketa-eskubiderik emango. Soilik kalifikazio globala ohorezko matrikula bada izango dute salbuespen-eskubidea, unibertsitatea hasten duten lehen aldian, matrikula ordaintzeari dagokionez.
Ezarritako prezioak aldi bakarrean ordaindu ahalko dira, matrikula egiteko orduan, edo bi epe berdinetan, lehena matrikula egitean eta bigarrena abenduan.
Lau hilabeteka egituratutako irakaskuntzetan, unibertsitateak baimena eman ahalko du bigarren lau hilabetekoari dagokion matrikula horren hasieran egiteko. Kasu horretan ez dira aplikatuko aurreko atalean aipatutako ordainketa-epeak.
Orobat ez dira aplikagarriak izango 1. atalean aurreikusitako ordainketa-epeak baldin eta ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 150 eurotik beherakoa bada.
Beka orokor bat eskatu eta, ebazpenaren bidez, eman ez izanagatik matrikula formalizatzean prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek prezio horiek ordaindu beharko dituzte, beka ematen ez dien ebazpenaren kontra gorako errekurtsoa jartzen duten edo ez alde batera utzita.
Matrikularen prezioa, osorik edo zati batean, ordaindu ez izanak espedientea gelditzea eragingo du. Matrikula ordaindu ez izanagatik espediente akademikoa geldiarazi zaion ikasleak unibertsitatearen aldeko zorra sortuko du, ordaindu gabeko kopuruaren hainbestean. Berori ebazpen bidez ezarriko da eta interesdunari jakinarazi. Unibertsitatearekin zorrak dituenak ezingo du haren zerbitzuez baliatu eta, bereziki, ez zaie beste ikasketarik egiten utziko, ez zaie titulu-agiririk egingo, ez ziurtagiririk, ez beren ikasketa-espedienteari buruzko informazio-oharrik, ez eta beste matrikularik egiteko aukera emango ere.
Dagozkion atxikitze-hitzarmenetan adostutakoari eragin gabe, atxikitako unibertsitate-ikastetxe edo -institutuetan ikasten duten pertsonek unibertsitateari ordainduko diote I., II., III., eta IV. eranskinetako tarifetan ikasketen arabera ezarritako prezioen % 25. Gainerako prezioak aurreikusitako zenbatekoan eta osoki ordainduko dira.
Espainiako titulu eta graduetarako homologazioa eskatu, eta, horretarako, gaitasun-proba edo proba orokor bat egin behar dutenek V eranskinean jasotako tarifa ordainduko dute. Prestakuntza-baldintza osagarri gisa zaintzapeko ikastaroren batera joan behar badute, dagozkion prezioak ordaindu beharko dituzte, ikastaro horien esperimentaltasun-mailaren arabera.
Atzerriko goi-mailako hezkuntza-tituluak Espainiako master- eta doktorego-tituluekin homologatzea eskatzen dutenek VI. eranskinean jasotako tarifa ordainduko dute.
Titulartasun pribatuko zentroetan edo atzerrian egindako ikasketengatik ikasgaiak baliozkotzea lortzen dutenek unibertsitateari ordaindu beharko diote dagozkien eranskinetan jasotako tarifetan ezarritako prezioen % 25.
Unibertsitate publikoetan egindako ikasketak baliokidetzeak edo ezagutzeak ez du tasak ordaintzea eragingo, atzerriko unibertsitate publikoak ez badira.
Desagertzen ari den plan bat ezartzen ari den plan berrira moldatzeak ez die inolako gasturik ekarriko ikasleei.
Graduko edo Unibertsitate Masterreko ikasketetan kredituak ezagutzen zaizkien ikasleek I., II. eta III. eranskinetan ezarritako prezioen % 25 ordainduko dute.
Ikasleek, baldin eta familia ugari bateko kideak badira, agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute. «Familia ugaria» kontzeptua Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 2. artikuluan jasota dago, baita Gizarte Segurantzaren alorreko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legean ere, familia ugariaren kontzeptu berriari buruzko hamahirugarren xedapen gehigarrian, hain zuzen ere.
Tratamendua:
Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena, maila bereziko familia ugarietakoak badira. Maila bereziko familia ugaritzat joko dira bost seme-alaba edo gehiago dituztenak, eta lau seme-alabakoak, horietatik hiru, gutxienez, jaiotza, adopzio, harrera iraunkor edo adopzio-aurreko harrera anizkunetik eratorriak badira.
Unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen 100eko 50eko murrizketa, maila orokorreko familia ugarietakoak badira. Maila orokorreko familia ugaritzat joko da goiko paragrafoko definizioan sartzen ez den familia ugari oro.
Eman beharreko agiriak: dagokion Foru Aldundiak emandako titulua; familia ugarikoa dela aitortzen duena. Kategoria ere adierazi behar da.
Terrorismoaren biktima batek eta horren senideek agindu honetan araututako salbuespen eta murrizketetarako eskubidea izango dute, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuari jarraiki.
Salbuespena jasotzeko, biktimaren senidetzat joko dira senar edo emaztea, edo antzeko atxikitasunezko harreman baten bidez iraunkorki bizikidetzat izan duena, eta biktimaren seme alabak, edo legez familia-harrerako egoeran daudenak.
Soilik terrorismoaren biktima izateari lotutako inguruabarren zioz Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizitzea joan behar izan duten pertsonek ere jaso ahalko dituzte agindu honetan araututako murrizketa eta salbuespenak.
Tratamendua: Guztizko salbuespena, aipatutako azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 26. artikuluan arautua.
Eman beharreko agiriak: Terrorismoaren Biktimentzako Laguntza Programara atxikita daudela adierazten duen ebazpena eta administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria.
Ezgaitasunen bat duen kideren bat duen familia batek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izan dezan, honako bi egoera hauetakoren batean egon beharko da: % 33ko edo gehiagoko ezgaitasun-maila izatea, edo horren zuzeneko senideek % 65eko edo gehiagoko ezgaitasun-maila izatea. Zuzeneko senidetzat jotzen dira aita, ama, neba-arrebak eta otsailaren 18ko 3/2005 Legearen esparruan harrerakoak direnak, baldin eta helbide berean erroldatuta badaude (3/2005 Legea, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa).
Tratamendua: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan.
Eman beharreko agiriak: dagokion foru aldundiaren ebazpena, ezgaitasun-maila zehazten duena; eta administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean duela edo erroldatuta dagoela adierazten duen ziurtagiria.
Genero-indarkeriaren biktima batek (Indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzko 29/2011 Dekretuari, martxoaren 1ekoa, jarraiki) eta egoitza berean bizi diren haren mendeko 25 urtetik beherako seme-alabek agindu honetan araututako salbuespenak eta murrizketak aplikatzeko eskubidea izango dute.
Tratamendua: unibertsitateko hezkuntza-zerbitzuengatiko prezio publikoen guztizko salbuespena goiko paragrafoan zerrendatutako egoeretan.
Eman beharreko agiriak: administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako batean duela edo erroldatuta daudela adierazten duen ziurtagiria, eta behean zerrendatutako agirietako bat:
Genero-indarkeriaren biktima dela edo izan dela adierazten duen ebazpen judiziala.
Biktimaren aldeko babes-agindua, indarrean dagoena.
Fiskaltzaren txostena, interesduna genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena, babes-agindua egiten den artean.
Agindu honetan araututako unibertsitate-zerbitzu akademikoengatiko prezio publikoen salbuespen eta murrizketen onuradun izateko, interesdunek egoera jakin horretan egon beharko dute ikasturtearen hasieran, eta kasu bakoitzean beharrezkoak diren agiriak eman beharko dituzte. Data horretan egoeraren aitorpena izapidetzen ari bada, aitorpen- edo berrikuspen-eskaeraren kopia konpultsatua emanez egiaztatuko da.
Horrez gainera, interesdunek administrazio-egoitzaren ziurtagiria edo errolda-ziurtagiria eman beharko dute, 2014ko urtarrilaren 1ean etxebizitza berean bizi diren pertsona guztien zerrenda jasotzen duena.
Nolanahi ere, 2014ko abenduaren 31 baino lehen eman beharko dituzte dagozkion agiriak.
Ezarritako epean agiri horiek eman ezean, automatikoki baliogabetuko dira emandako onurak, eta salbuespena edo murrizketa aplikatu zaien unibertsitate-zerbitzuengatiko prezio publikoak ordaindu beharko dituzte.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ordainduko dizkio Euskal Herriko Unibertsitateari prezio publikoen salbuespen eta murrizketa horien onuradunei EAEn erroldatutakoei dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioak, 12.2.b) artikuluan jasotako salbuespena izan ezik, hots, maila orokorrean sailkatutako familia ugariei buruzkoa (kasu horretan, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ordainduko du).
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean. Data horretatik aurrera eranskinetako tarifak aplikatuko zaizkie 2014-2015 ikasturtean emango diren zerbitzu akademikoei.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 3a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


