Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2015eko uztailaren 16koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, dei egiten zaie itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei, parte har dezaten baliabide digitalekin irakasteko eta ikasteko Sare_Hezkuntza Gelan izeneko berrikuntzako proiektuan, 2015-2016 ikasturtean. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko uztailaren 16koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, dei egiten zaie itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei, parte har dezaten baliabide digitalekin irakasteko eta ikasteko Sare_Hezkuntza Gelan izeneko berrikuntzako proiektuan, 2015-2016 ikasturtean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 147
  • Hurrenkera-zk.: 3442
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/07/16
  • Argitaratze-data: 2015/08/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartu duen «Heziberri 2020» Planak hauxe du helburu: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu Pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak biltzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigmaren aldaketa nabarmena dakar, abiapuntua konpetentzietan oinarritzen den hezkuntza delako. Konpetentzien araberako pedagogian, ikasitako jakintzak transferitu, artikulatu eta konbinatu egiten dira, egoera funtzional konplexuak konpontzeko.

Horrezkero, ikasleen irteera-profil orokorra, Oinarrizko Hezkuntzaren helburua, oinarrizko konpetentziak lortuz iristen da. Oinarrizko konpetentzien artean batzuk orokorrak edo zeharkakoak dira, arazoak ebazteko edo bizitzako hainbat egoerari aurre egiteko baliagarriak direnak. Beste konpetentzia batzuk espezifikoak dira, diziplina bati edo batzuei dagozkienak. Komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala) oinarrizko zehar-konpetentzia da.

Aipaturiko komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala) lortze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, bai deialdi espezifikoen bidez, bai zuzenean, proiektuak eta esperientziak bultzatzen ari da unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan. Proiektu eta esperientzia horiek aldaketak ezarriko dituzte, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetzeko, eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko.

Gizartean izan diren aldaketa eta aurrerapenen ondorioz eta baliabide digitalen ondorioz, hezkuntzan ere sartu dira gizarteak berak jarduera guztietan baliatzen dituen tresna berriak. Hainbat programaren bidez, Eskola 2.0 esaterako, pixkanaka IKTak sartuz joan dira gure ikastetxeetan eta uneotan aldaketa pedagogiko eta metodologikoa sustatu nahi da; hain zuzen, sare eta gailu digitalen sarrera ekarri behar du aldaketa horrek. Baliabide teknologikoen erabilerak lagundu egiten du ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzea, bultzatu egiten du berdinen arteko ikasketa, indartu egiten du ikasten ikasteko gaitasuna eta zabaldu egiten du gelaren espazio fisiko eta denborazkoa ikasketarako ingurune birtual eta nonahikora. Era berean, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da eta ikasleek eta haien familiek aukera dute edozein unetan baliabide gehiago eskura izateko, soilik eduki analogikoen mende egon beharrik gabe. Horri guztiari bide emateko, beharrezkoa da irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan baliabide digitalen (baliabide metodologikoak eta tresnak) erabilera eta ezaguera pixkanaka hartzen joatea.

Ikastetxeei bultzada eman nahi zaie zenbait proposamen pedagogiko esplora ditzaten eta garatzen jarrai dezaten, eta, alde horretatik, 174/2012 Dekretua da proposamen horien oinarrietako bat. Ikastetxeetako teknologia-heldutasuneko eredua zehazten du dekretu horrek eta titulartasun publiko nahiz pribatuko zentroetan du aplikazioa.

Gaitasun digitalen esparrua oso dinamikoa da; beraz, berrikuntzaren ildoan ikastetxe aitzindariak bultzatzeko, laguntzeko eta ezagutzera emateko unea da orain, eta Sare_Hezkuntza izeneko lehendabiziko ikastetxe-sarea sortzeko, eta, horrela, sare horren bilakaera eredu bihurtzeko eta beste ikastetxe batzuei hobetzeko bideak erakutsi ahal izateko.

Ikasketarako eta jakintzarako teknologiak erabiltzeko beharrezkoa da hezkuntza-baliabide digitalak bilatzea, hautatzea eta erabiltzea; dagokion ikasturteko programazio didaktikoa osatzen duten ikasketa-jarduerak aurrera eramatea erraztuko duten baliabide digitalak, hain zuzen. Proiektu honek eskatzen du ikasleekin egiten diren hezkuntza-prozesuak aldatzea. Horretarako, Ikasketarako eta Jakintzarako teknologiak jarriko dira ikastetxeen eskura, baliabide horiek erabil ditzaten. Eta horren osagarri, irakasleak prestatzeko zenbait jarduera egingo dira, banaka zein taldean, teknologia horiek erabiltzeko eta curriculumean ezartzeko beharrezkoak diren ezaguerak eta trebetasunak eskura ditzaten.

Hautatutako ikastetxe horietako ikasleek laguntzak izan ahalko dituzte gailu digitalak lortzeko. Deialdiak laster egingo dira, eta, laguntzak eskatzeko, onuradun izan beharko da unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako azken deialdi ebatzian, ikasmaterialaren osagaian.

Horiek horrela, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoan xedatutakoarekin bat etorriz, eta, halaber, 2015eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legeak baimendutako kredituen arabera nahikoa aurrekontu-zuzkidura dagoenez, eta aplikatu beharreko gainerako xedapenek ezarritakoaren arabera, hau

  1. Hau du xede agindu honek: «Sare_Hezkuntza Gelan» izeneko hezkuntza-berrikuntzako proiektuan parte hartzeko, itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei dei egitea. Proiektu horren helburua da irakasteko eta ikasteko prozesurako material zein baliabide digitalak sor daitezen sustatzea, horiek ikasgelan erabil daitezen sustatzea eta hori gauzatu ahal izateko beharrezko prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa bultzatzea.

  2. Helburu hori lortzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura, guztira 305.000 euroko zenbatekoa bideratuko da, 2015-2016 ikasturterako.

  3. Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da.

  1. «Sare_Hezkuntza Gelan» izeneko hezkuntza-berrikuntzako proiektuan parte hartu ahal izango dute, bai itunpeko sareko ikastetxeek, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa ematen dutenek, bakarka, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikastetxeekin (unibertsitatez kanpoko aipatutako hezkuntza maila ematen dutenak) estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeek eta federazioek ere.

  2. Aurreko paragrafoan aipatutako erakundeen eta federazioen kide diren ikastetxeek ezin izango dute bakarka «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan parte hartu, baldin eta erakundeak edo federazioak bere proiektua aurkezten badu.

  3. Gehienez ere, 35 ikastetxe aukeratuko dira.

  1. Deialdi honen diru-laguntzak bideratuko dira abian jarriko den proiektua egitera, ikastetxe eskatzailean edo erakundeen eta federazioen kide diren ikastetxeetan. Proiektu horrek honako ildo bati edo gehiagori heldu beharko dio:

    1. Teknologia berriak eta material eta baliabide digitalak erabiltzea ikasgelako irakaskuntza-ikaskuntza prozesurako.

    2. Irakasleak teknologia eta pedagogia aldetik prestatzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan material eta baliabide digitalak erabil eta landu ditzaten.

    3. Material digitalak sortzea edo egokitzea ikasgelan erabiltzeko. Hitzartu daiteke material hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren esku jartzea, hezkuntza-sisteman erabiltzeko.

  2. Diruz lagundu daitezkeen proiektuaren garapenari loturiko gastuak honako hauek dira:

    1. Proiektua, zein prestakuntza-jarduerak eta material digitalen sormena zuzentzeko, koordinatzeko, jarraitzeko eta ebaluatzeko gertatutako kostuak. Zuzendaritza, koordinazioa, jarraipena eta ebaluazioa dela eta, ordu bakoitzeko 25 euroko kostua egotziko zaio proiektuari, gehienez.

    2. Prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera (gehienez ere, 90 euro emandako ordu bakoitzeko); eta, bestetik, irakaslearen lekualdatze-dietak edo ostatu- edo jan-edanetarako gastuak, prestakuntza-erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jarduerari egotzitako kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak.

    3. Tresna digitalak erabiltzeko beharrezkoak diren lizentzien eta material kurrikulararen kostua.

  1. «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuak bi ikasturteko iraupena du; hortaz, epealdi horretan parte hartuko dutelako konpromisoa hartu behar dute beren gain parte-hartzaileek.

  2. Laguntza eskatzen duten ikastetxe guztiek parte hartuko dute Heldutasun Teknologikoko Ereduaren urteroko ebaluazioan, eta konpromisoa hartuko dute ikasturte batean oinarrizko maila lortzeko, edo eredu horretako mailan gora egiteko ikasturte bitan. Abiapuntu modura maila aurreratua duten ikastetxeek, berriz, maila hori mantendu beharko dute urteko ebaluazioan, edo urte birik baten egiten zaienean. Hautatutako ikastetxeetan proiektuan diharduten irakasleek, bestalde, parte hartu beharko dute dagokien zonaldeko berritzeguneak antolatzen duen Sare_Hezkuntza izeneko prestakuntzan eta/edo koordinazioan.

  3. Eskaera egiten dutenek egiaztatu behar dute badituztela beharrezko azpiegiturak, ekipamendua eta irakasleak proiektua beren gain hartzeko; horrez gain, ziurtatu behar dute azpiegitura berria jarri gabe bi ikasturtez ohiko jarduerari eutsiko diotela.

  4. Eskatzaileek egiaztatu behar dute ikastetxeko zein erakundeko zuzendaritza-organoek badutela proiektuaren berri eta onartu egin dutela.

  5. Eskaera egiten duten ikastetxeek zein erakundeek zehaztu egin behar dute «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan nolakoa izango den haien parte-hartzea. Honako hauek izango dira proiektu horren atalak.

    1. Parte-hartze proiekturako zer baliabide eta antolaketa prestatu den.

    2. Zer hezkuntza-taldek edo -arlok eta irakaslek parte hartuko duten «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan, irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan material zein baliabide digitalak erabiliz edo sortuz.

    3. Zer neurri hartuko diren proiektua hezkuntza-komunitateari jakinarazteko eta familien parte-hartzea sustatzeko.

    4. Zer material eta baliabide pedagogiko digital sortzea aurreikusten den, irakaskuntza digitala sustatzeko irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan.

    5. Teknologiaren eta pedagogiaren alorrean trebatzeko irakasleek dituzten premien diagnostikoa, programatutako proiektua eta prestakuntza-jarduerak gauzatzeari dagokionez.

    6. Parte-hartze proiektuaren edukiei dagokienez, zer aurreikuspen dituen gerora begira, edo eduki horiek beste talde batzuei eta irakasleei jakinarazteko zer aurreikuspen dituen.

    7. «Sare_Hezkuntza Gelan» esperientzian parte hartzearen ondorioz ikasitakoa hedatzeko zer aurreikuspen dituen, bai eta hezkuntza-alorreko beste eragile batzuk edo ikastetxe batzuk trebatzeko zer aurreikuspen dituen ere.

    8. Proiektua koordinatzeko eta haren jarraipena egiteko zer antolaketa duen, bai eta emaitzak ebaluatzeko zer metodologia erabiliko duen ere.

    9. Proiektuaren kronograma.

    10. Aurkeztutako aurrekontuaren justifikazioa eta banakapena.

  1. Eskaera egiten duen erakundeak ez du eduki behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik).

  2. Eskaera egin duen erakundeak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.

  3. Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko, eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

  1. Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez da zertan eskatzaileen baimenik behar izango, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

  2. Eskarietan, laguntza eskatzen duten erakundeek aukera izango dute berariaz adierazteko baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

  3. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira.

    1. Badituela beharrezko azpiegiturak, ekipamendua eta irakasleak proiektua beren gain hartzeko, eta, horrez gain, ziurtatu egiten duela azpiegitura berria jarri gabe bi ikasturtez ohiko jarduerari eutsiko diola.

    2. Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk eskatu dituela, eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak.

    3. Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenak arautzen duen ildotik).

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen barruko itzultze- edo zigor-prozedura amaituta duela.

    5. Eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adieraztea, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

    6. Eskaera egin duen erakundeko zuzendaritza-organoek badutela proiektuaren berri eta onartu egin dutela.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz: https://www.euskadi.net

  2. Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2015/sare-hezkuntza-gelan/y22-izapide/eus

  3. Eskaera egiten duten erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, eskaera egin duen pertsonak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

    Eskaera egin ondorengo tramiteak, eman edo ukatu egin den ebatzi arte, bai eta justifikatzeko tramitea ere, helbide honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.net/misgestiones.

  4. Eskaerarekin batera aurkeztu behar da «Sare_Hezkuntza Gelan» parte-hartzeko proiektua eta II. edo III. eranskineko dagokion laburpen-fitxa, eskatzailea ikastetxea bakarka edo erakundea edo federazioa denaren arabera.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko du agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko prozedura.

  1. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria buru den edo hark izendatzen duen pertsona buru den batzorde batek aztertuko eta ebaluatuko ditu aurkeztutako proposamenak; batzorde horretan, gainera, honako hauek hartuko dute parte.

    Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako zerbitzuburu batek, zuzendariak izendatutakoa.

    Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako hiru lurralde-buruek.

    Berritzegune Nagusiko aholkulari batek. Berritzeguneko zuzendariak izendatuko du.

    Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako bi teknikarik, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutakoak. Horietako batek idazkari lanak egingo ditu.

  2. Batzorde horrek beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu, proiektuak behar bezala ebaluatu ahal izateko.

  3. Batzordeak proposamenak Hezkuntzako sailburuordeari helaraziko dizkio.

«Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan parte hartuko duten egitasmoak hautatzeko, I. eranskinean jasotako baremoa hartuko da aintzat. Aukeraketa-prozeduran baztertuta geratuko dira I. eranskinean jasotako baremoa aplikatuz 15 puntuko gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak.

  1. Deialdi honen diru-laguntzak hautatutako parte-hartze proiektuen artean banatuko da, lortutako puntuazioaren arabera.

  2. Ikastetxe bakoitzeko, gehienez ere, 10.000 euro emango da (bai eskaera ikastetxe batek aurkezten badu, bai erakundeak edo federazioak bere proiektua aurkezten badu zenbait ikastetxetan ezartzeko). Parte-hartzaile onuradunen kopurua dela eta, aurreikusitako diru-kopurua ez bada agortzen, esleitu gabe geratu den kopurua onuradun guztien artean banatu ahal izango da, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera eta baldin eta proiektua egiteko kostua gainditzen ez bada.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira 1. artikuluan xedatutako helburu berbererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

  1. Hezkuntzako sailburuordeak emango du ebazpena, balorazio-batzordeak egindako proposamenak kontuan hartuta, eta bertan zehaztuko da aurkeztutako parte-hartze proiektuetatik zein hautatu den eta zein ez, bai eta hautatutako proiektuetarako diru-laguntzen zenbatekoa ere.

  2. Hartutako erabakia bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie eskaera egin duten erakundeei, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita sei hileko epean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, herritar guztiei jakinarazteko.

  3. Aipatutako epea igaro ondoren ebazpenaren berri eman ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute eskaera ez dela onartu, azaroaren 22ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  4. Deialdiko diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Agindu honetan araututako diru-laguntzaren onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

  2. Proiektua Ikastetxeko Urteko Planean sartzea.

  3. Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

  4. Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatu beste informazio ematea.

  5. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak betetzeko eskatutako informazioa ematea.

  6. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu badira ere.

  1. Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

    1. Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 60; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi, eta, gehienez, bi hileko epean ordainduko da.

    2. Bigarrenean, gainerako % 40a, hurrengo paragrafoan adierazitako justifikazio-dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren.

  2. Erakunde onuradunek, 2016ko uztailaren 1a baino lehen, proiektuaren garapenari eta haren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuaren gastuak frogatzeko kontu ekonomiko sinplifikatua aurkeztu behar dute webgune honetan: http://www.euskadi.net/misgestiones

    1. Proiektuaren garapenari eta ebaluazioari buruzko txostenean eragin-adierazle hauek sartuko dira: sortutako material digitalen kopurua eta edukia; zenbat ikasle-taldeetan ezartzen da baliabide digitalen bidezko ikaskuntza; egin diren prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia, horietan parte hartzen duten irakasleen kopurua eta ehunekoa eta prestakuntzaren barnean ikasgelan abian jartzeko praktikaren bat egin den.

    2. Kontu ekonomiko sinplifikatuan zehaztu beharko dira, sailkaturik, jardueren gastu eta inbertsioak, hartzekoduna, dokumentua, zenbatekoa, eta igorpen- eta ordainketa-data. Diru-laguntzak ematen badira ustezko aurrekontua oinarri hartuta, adierazi beharko dira gertatutako desbideratzeak.

  3. Diru-laguntza eman den xederako erabili dela egiaztatze aldera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak ausaz begiratuko ditu bere ustez beharrezkoak diren gastu-ziurtagiriak, bai eta onuradunei eskatu ere.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatuz gero, jakinarazi egin behar da eta diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gainditzen, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

  1. Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere, baldin eta honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:

    1. Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.

    2. Ez gauzatzea diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera.

    3. Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

    4. Ez betetzea, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo emakida-ebazpenean ezarritakoak.

  2. Diru-laguntzak itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako propio xedatutako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezarri da, eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, arauak eta betebeharrak xedatu dira. Gainera, egokitzat jotako beste jarduera batzuk ere gauzatu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako prestakuntza- eta berrikuntza-proiektuak izeneko fitxategi batean sartuko dira, 19. zenbakiaz, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren beste erakunde publiko batzuetan frogatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Prozedura-gaietan Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da; hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 16a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)