- AGINDUA, 2015eko uztailaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta egokitzeko laguntzetara dei egiten duena (EIMA 4). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2015eko uztailaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta egokitzeko laguntzetara dei egiten duena (EIMA 4).
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 164
- Hurrenkera-zk.: 3674
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2015/07/22
- Argitaratze-data: 2015/08/31
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Hezkuntzaren etengabeko zaharberritzea sustatzeko eta irakas-sistema hobetzeko ardurari eutsiz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila hainbat ekimen sustatzen ari da. Horietako bat EIMA programa da, euskarazko ikasmaterialen lanketari, edizioari eta zabalkundeari lotutako programa hain zuzen ere.
Egindakoak asko eta ugari badira ere, bada, gaur eta hemen, gordin-gordin nabarmentzen den hainbat beharrizan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bertatik bertara erantzun nahi dionik. Horien artekoa litzateke, inolako dudarik gabe, indarrean diren irakasmailetako curriculum-planteamendu berritzaileek euskarazko klase-emankizunean dakartzaten diseinu- eta aplikazio-lanen beharrizana.
Hori lortzeko asmotan, honako laguntza-deialdi honek, euskarazko ikasmaterialen sorkuntza eta egokitzapena sustatu nahi du, landu ostean pasa beharreko egokitasun-azterketa pasa eta gero, ikasmaterial horiek argitara eman, merkaturako bidea hartu eta ikasmaterial-ondarea aberats dezaten.
Hori guztia gogoan izanik, honako hau
Ikasmaterialek euskaraz idatzita egon beharko dute. Hala ere, beren ezaugarriak eta, era berean, ikasmateriala erabiltzekoa den jakintzagaia gogoan izanik, partez euskaraz eta partez erdaraz egon dauden ikasmaterialak ere bildu ahal izango dute (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak...).
Egokitze-lanei dagozkien ezaugarriak finkatu ahal izateko, honako muga hauek gogoan hartuko dira:
Euskara batutik euskalki literario batera zein alderantziz egindako testu-egokitzapenik ez da onartuko.
Aurretiaz sortu eta, aldi berean, argitara emandako ikasmaterial baten egokitzapenari curriculum-planteamendu berritzaileen argitan ekin nahi izanez gero, gutxienez bost (5) urte igaro behar izango dira esandako ikasmateriala argitaratu zen urtetik kontatzen hasita.
Landu eta gero, beti ere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egokitasun-aitormenari dagokionean, ikasmateriala aurkezteko aurre ikusitako azken eguna 2016ko apirilaren 29a izango da.
Argitaratzeari eta zabalkundeari dagokienez, aurre ikusitako data, beti ere, beranduenez 2016ko abuztuaren 31 izango da.
Eskatzailea enpresa, elkarte edo fundazioa denean, argitaratze-konpromiso hori inplizitutzat joko da.
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako prestakuntza zikloetako edota Batxilergoko jakintzagai bati (derrigorrezkoa nahiz aukerakoa) loturiko ikasmaterialaren edo jakintzagai desberdinei buruzko produktu globalizatu edo diziplinarteko baten sorkuntzari edo egokitzapenari dagokion proiektuak.
Zehar-lerro bati buruzko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.
Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektuak. Ikasmaterialak ez ezik, ikasleen ezaugarri psikologikoen neurketa eta diagnosirako balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.
A ereduko ikasleentzat eta haien irakasleentzat euskara i(ra)kasteko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.
Helduen Hezkuntzan erabiltzekoak diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.
Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.
Musika-irakaskuntzan erabiltzeko diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.
Hezkuntza Berezian erabiltzekoak diren ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.
Curriculumaren euskal dimentsioa lantzera datozen ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.
Berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei zuzendutako ikasmaterialak sortzeko edo egokitzeko proiektuak.
Euskarazko ikasmaterial bat sortu edo egokitu nahi duten entitateak (enpresa, elkarte edo fundazio). Hots, legearen argitan eratuta egon eta dagokion agiri akademikoen jabe diren pertsonez osatutako lan-talde baten ordezkaritza duten entitateak.
Dagokion agiri akademikoaren jabe izanik, lan-taldea osatu eta euskarazko ikasmaterial bat sortu edo egokitu nahi duten pertsona fisikoak.
Halaber, zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.
Lan-talde bakoitzak bi (2) kide izango ditu gutxienez, eta gehienez hamar (10).
Lan-taldearen osaerari dagokionez, lan-taldeko kideetako batek gutxienez klase-emankizunean ibili beharra du irakasle modura.
Lan-talde bakoitza osatzen duten pertsonak zehazte aldera, zera ulertuko da lan-taldeko kidetzat: ikasmaterialaren sorkuntzan edo egokitzapenean zuzen-zuzenean ari den pertsona, beti ere 5. artikuluan finkatutako mugen baitan.
Lan-talde bakoitzeko kideek arduradun bat izendatuko dute, beren artetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin izan beharreko harremanetan solaskide gisa aritzeko. Nolanahi ere, lan-talde bateko kideak argitaletxe, elkargo edo fundazio batentzat ari direnean, delako argitaletxe, elkargo edo fundazio horretako ordezkari bat izan daiteke lan-taldearen arduradun.
Lan-taldea osatzen duten pertsonetatik inork ere ez du deialdi honetara bildutako ikasmaterialaren garapenean aurre ikusitako denbora eta langintzaren ehuneko (% 70) hirurogeita hamar baino gehiago bereganatzerik.
Ikasmateriala sortu edo egokitu nahi duen lan-taldeko kideek EGA agiriaren, irakasleen bigarren hizkuntza eskakizunaren (HE2) edo baliokideren baten jabe izan beharko dute, euskarazko ikasmateriala behar den garantiaz sortu edo eta egokitu ahal izateko.
Laguntza-deialdi honetara biltzen den enpresa, elkarte edo fundazio orok legearen argitan eratuta egon beharra dauka.
Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan zehaztutako betebeharrak gordeko dituzte.
Tramitazio elektronikoa honako lege-arau hauetan araututa dago: 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoa arautzen duena, eta e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -PLATEA- ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.
Aurkeztu daitekeen eskabide kopurua diru-laguntza eskatzailearen izaeraren araberakoa izango da:
Pertsona fisikoz osatutako lan-taldea denean, gehienez hiru (3) eskabide egin ahal izango dira.
Entitatea (legez eratutako enpresa, elkarte edo fundazioa) denean, gehienez hamabi (12) eskabide egin ahal izango dira.
Ikasmateriala berria dela eta euskaraz sortuko dela.
Administrazio Publiko edo entitate pribaturen batetik xede eta helburu berari zuzenduriko diru-laguntzarik jaso ez izana eta jasotzen ari ez direla.
Administrazio Publiko edo entitate pribaturen bati xede eta helburu berari zuzenduriko diru-laguntzarik eskatu ez izana.
Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez izatea, ezta laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean egotea ere, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.
Lan-taldearen ordezkaria lan-taldea osatzen duten pertsona fisiko guztiek izendatu dutela, guztien izenean honako diru-laguntza honen kudeaketa-organoaren aurrean eskabidea aukez dezan eta solaskidea izan dadin.
Entitateen kasuan, diru-laguntza eskatzen duen entitatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion erregistroan izena emanda dagoela adieraztea.
Nortasuna, datu akademikoak eta hizkuntza-gaitasuna.
Diru-laguntza eskatzaileek ikasmateriala sortu ala egokituko duten pertsonen nortasun-datuak, datu akademikoak eta hizkuntza-gaitasunari buruzko datuak ziurtatzeko nahikoa izango dute Ikasmaterialaren txostena formularioan, dagokion atalean, berariazko baimena ematea kudeaketa-organoari, honek datuak egiaztatzeko, baieztatzeko edo ziurtatzeko. Baimena eman ezean, administrazio-ziurtagiriak aurkeztuko beharko dituzte aipatutako baldintzak ziurtatzeko.
Bi salbuespen daude:
Euskal Autononia Erkidegotik kanpoko Hezkuntza-administrazio bati lotutako irakasleen kasuan ez dago datuak ziurtatzeko baimena ematerik, irakasle-izaera ziurtatzeko ezinbestean aurkeztu beharko dute administrazio-ziurtagiria.
Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) bost (5) urtez irakasten ibili arren euskara-agiririk ez duten irakasleek aipaturiko Unibertsitateak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Entitatearen legezko eraketa.
Diru-laguntza eskatzailea entitatea denean, eskabidea egiteko entitatetaren txartela erabiltzen ez badu, honako agiriak aurkeztu beharko ditu eskabideraekin batera: eraketa-eskritura edo aktaren kopia, beti ere bere izaera juridikoaren arabera, ordezkari legalaren izendapena, eta IFZren (Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren) kopia.
Zergen betebeharrak eta eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
Betebeharren egiaztatzeaz deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da, diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoei eta entitateei baimena eskatu gabe. Aurreko hori, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina ezarriz egingo da.
Salbuespena Zergak Nafarroan ordaintzen dituzten entitate eta persona fisikoak dira. Horien kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.
Aurkeztu beharreko agiriak, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost (5) urte baino gehiago igaro ez bada honen esku daudela, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Eskatzaileak baimena eman beharko du eskabide-orrian, «Erantzukizunpeko adierazpenak» atalean, eta dokumentu horiek noiz eta zein deialditarako (Saila, Zuzendaritza, programa) aurkeztu zituen argi adierazi, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan.
Eskabidearekin batera honakoak aurkeztu beharko ditu diru-laguntza eskatzaileak:
Diru-laguntza eske aurkezten diren ikasmaterial bakoitzeko formulario bat, behar den bezala beteta. Ikasmaterialaren txostena deritzon formulario horretan diruz laguntzea nahi den ikasmaterialari buruzko datu teknikoak jasoko dira. Formulario hori Euskadi.eus atariko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/eima-4/y22-izapide/eu/
Sortu edo eta egokitu nahi den ikasmaterialaren beraren eredu edo erakusgarri bat, ahalik eta era zehatzenean aurkeztua.
Diruz lagundu nahi den ikasmateriala argitaratzeko eta merkaturatzeko idatzizko konpromisoa. Konpromiso hori, formatu libreko agiri batean idatzia, honako honek sinatuta etorriko da: landutako ikasmaterial eskuratu eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartu ostean edizioak eta komertzializazioaz arduratze aldera lan-taldeko pertsona fisikoak harremanetan jarri diren enpresaren, elkartearen edo fundazioaren legezko ordezkariak hain zuzen ere. Diru-laguntza eskatzen duena enpresa, elkartea edo fundazioa denean, argitaratze-konpromiso hori inplizitutzat joko da.
Laguntza-eskabideak jaso eta diru-laguntzen ordainketa egin artean gerta litezkeen gorabeherak bideratzeko jarraipen-batzordea eratuko da. Honako pertsona hauek osatuko dute aipaturiko batzordea:
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.
Euskara Zerbitzuaren burua.
EIMA 4 programako teknikaria, batzordearen idazkari.
Ebaluazio-batzordea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak berariaz izendatuko duena, ebaluatu behar diren proiektuek garatzen dituzten ezagutza-esparru beste kidez osatuta egongo da. Batzorde horrek EIMA 4 teknikariaren laguntza izango du; hau idazkari gisa arituko da.
Batzordea Berritzegune Nagusiko aholkulariez osatuta egongo da.
Irizpide nagusien balioespena (gehienez ere 25 puntu):
Proiektuaren zehaztasuna (0tik 5 puntura).
Helburua garbi adieraztea (0tik 5 puntura).
Norainoko sortze-lana (0tik 5 puntura).
Lan-taldearen balioespena (0tik 10 puntura).
Curriculumaren araberako balioespena (gehienez ere 30 puntu):
Indarrean dagoen curriculum-diseinurako egokia (0tik 5 puntura).
Helburuak (0tik 5 puntura).
Edukiak eta kontzeptuak (0tik 5 puntura).
Ebaluazioa (0tik 5 puntura).
Zehar-lerroen trataera (0tik 5 puntura).
Aniztasunaren trataera (0tik 5 puntura).
Erakusgarriaren balioespena (gehienez ere 45 puntu):
Azalpenaren zehaztasuna (informazio zehatza) (0tik 5 puntura).
Metodologia (garbia, motibagarria, ondo eratua...) (0tik 10 puntura).
Edukiak eta kontzeptuak (0tik 10 puntura).
Ebaluazio-irizpideak eta tresnak (0tik 5 puntura).
Ikaslearen inguruarekiko hurbiltasuna (0tik 5 puntura).
Hizkuntzazko kalitatea eta egokitasuna (0tik 10 puntura).
Puntu horiek denak behar bezala egiaztatu ahal izateko, Ebaluazio-batzordeak aurrez aurreko azalpen-bilera egin ahal izango du mintegien edo lan-taldeen arduradunekin.
Proiektuen balioespena egiteko, Ebaluazio-batzordeak berariazko ebaluazio-fitxa beteko du.
Prozeduran aurrera egin ahal izateko, proiektuek, gutxienez, berrogeita hamar (50) puntu lortu beharko dituzte. Hori dela eta, gutxieneko puntuazio hori lortzen ez duten egitasmoek, ez dute diru-laguntzen banaketa-prozesuan parte hartuko eta, ondorioz, ez dute inongo diru-laguntzarik jasoko.
Ebazpen-batzordea honako kide hauek osatuko dute:
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, batzordearen buru delarik.
Euskara Zerbitzuaren buruak.
Euskara Zerbitzuko EIMA 4 programaren teknikariak, batzordearen idazkari delarik.
Oinarri moduan, proiektu bakoitzari dagokionez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak begiz jotako kostua (BJK) hartuko da. Kostu hori finkatzeko honako datuok hartuko dira kontuan:
Lan-taldeak begiz jotako testu-orrialde estandarren kopurua. Kopuru hori zehazte aldera, pertsona fisikoz osatutako lan-taldeak edo entitateak honako erreferentzia hauek izango ditu gogoan: Times New Roman 12-ko 2.342 karaktere, tarte zuriak barne; DIN A4 formatua eta 1,5eko lerro-artea.
Berrogeita hamar (50) euro, testu-orrialde estandar bakoitzeko.
Aurreko puntuan lortutako oinarriari Ebaluazio-batzordeak (EBP) 30.1 artikuluaren argitan emandako puntuak aplikatuko zaizkio. Puntuazioak 50etik 100era arteko oszilazioa izango du. Puntuazio horren eragin-indarra 0,5ekoa izango da.
Jarraian, sortuko edo eta egokituko duen ikasmaterialaren ezarpen-eremua eta izaera hartuko dira kontuan. Horiek, hurrenez hurren 0,25eko eragin-indarra dutelarik, honako bi adierazgarri hauekin definituko dira:
Irakasmaila (A1):
Batxilergoa 2 = 1
Heziketa Zikloak = 1
Helduen Hezkuntza = 1
DBH 4 = 0,75
Batxilergoa 2 = 0,75
DBH 1, 2 eta 3 = 0,6
Bestelakoak = 0,4
Ikasmaterial mota (A2):
Oinarrizko ikasmateriala = 1
Ikasmaterial osagarria = 0,5
Inprimatutako ikasmaterialen kasuan, ikasmaterialen tipologia EIMA 1 programan finkatutako sailkapenaren arabera zehaztuko da.
Horren ondorioz, proiektu bakoitzari legokiokeen laguntzaren kopuru zatia (KZ) i honela kalkulatuko da:
(KZ)i = (BJK)i x [(EBP/100) x 0,5 + (A1 x 0,25 + A2 x 0,25)]i
Eskabide-orria pertsona fisikoz osatutako lan-talde batek sinatutakoa denean, pertsona bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da. Pertsona bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoaren finkapena lan-taldeak berak eskabide-orrian zehaztutako ehunekoen arabera burutuko da.
Diru-laguntza gisa proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoa (KZ) i ez da, inolaz ere, hemezortzi mila (18.000) euro baino gehiago izango. Hori dela eta, 4. puntuan zehaztutako formularen aplikazioz ondorioztatutako kopurua hemezortzi mila (18.000) euro baino handiagoa bada, kopuru hori txikitu egingo da eta finkatutako gehienezko mugara ekarriko.
Baldin eta kopuru zati (KZ)i guztien batuketa Hezkuntza Sailburuordetzak langintza honetarako duen laguntza-partida baino handiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki banatuko da.
Ebazpen horrek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko ditu:
Diruz lagundutako proiektuen zerrenda eta proiektu horietako bakoitzari esleitutako diru-laguntza.
Diruz lagundu izan ez diren proiektuen zerrenda, ukatzearen zioa azalduz.
Ebazpen hori diru-laguntza eskatu duten lan-taldeen ordezkari diren pertsona fisiko eta entitate guztiei modu ofizialean jakinaraziko zaie, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasi eta sei (6) hilabeteko epean, beranduenik. Horrez gain, EHAAn ere argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
Sei (6) hilabeteko epea amaitu eta diru-laguntza eskatu duen pertsona fisikoak edo entitateak inongo jakinarazpenik hartu ez badu, egindako eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren arabera.
Esandako epean Ebazpenik hartu ezean, isiltasuna ezezko erantzuntzat hartuko da.
Gainerako ehuneko laurogeia (% 80), berriz, dagokion ikasmateriala argitaratu eta 41. artikuluan ezarritako baldintza guztiak bete direla konprobatu ondoren ordainduko da.
Laguntza gai den proiektuaren sorkuntza- edo egokitzapen-lana bukatu eta, beranduenez, 2016ko apirilaren 29an ikasmateriala argitaratuko duen argitaletxearen eskutik Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari aurkeztea, Sail horretan dagokion atalak, sortutako edo egokitutako ikasmaterialaren egokitasunaren azterketari ekin diezaion.
Ikasmateriala, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako egokitasunaren aitorpenaren jabe denean, ez lehenago:
Ikasmaterialaren argitaratzeari eta merkaturatzeari ekingo zaio. Argitaratze-lanak gauzatzeko azken eguna 2016ko abuztuaren 31 izango da. Argitalpen-data moduan honako hau hartuko da: Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpearen M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako data.
Argitara emandako ikasmaterialak argi eta garbi adieraziko ditu materialaren sortze- edo egokitze-lanetan ibilitako kide guztien izen-abizenak. Eskabide-orrian adierazitako kideak, ez beste inor, izango dira ikasmaterialaren sortzaile edo eta egokitzaile.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onetsitakoa denez, ikasmaterialak honako esaldi hau eramango du, ongi ikus daitekeen tokian eta ale guztietan: «Ikasmaterial honek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren onespena du», onespena jaso duen datarekin.
Argitaratu eta berehala, betiere 9. artikuluan finkaturiko egutegiaren baitan, talde-arduradunak, beranduenez, 2016ko irailaren 15ean, honako hauek aurkeztuko ditu, zehaztutako bidea erabiliz:
Euskarri fisikoan sortutako ala egokitutako ikasmaterialaren kasuan (digitalak ala inprimatuak), materialaren bi (2) ale. Gainontzeko materialen kasuan, ikasmateriala ikusteko beharrezko URL eta pasahitzak jasotzen dituen agiria.
Ikasmaterialari buruz beharrezkoak diren azalpenak eta argibideak emanaz lan-taldea osatzen duten pertsona guztiek kide guztiek izenpeturiko oroitidazkia.
eta b) puntuetan adierazitakoa aurrez aurre aurkeztuko da; ahal delarik Herritarrentzako zerbitzuan -Zuzenean- edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko da, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzetan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 4 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.
Sortutako edo egokitutako ikasmaterialak bat etorri beharko du Ikasmaterialaren txostena dokumentuan adierazitako proiektuko alderdi curricularrekin.
Behin betiko edizio-modua zein argitaletxea bat etorriko dira hasiera-hasieran begiz jotakoekin.
a) Behar den bezala inprimatu edo editatutako ikasmaterialaren testu-orrialde estandarren kopurua txostenean adierazi eta ikasmaterialari dagokion diru-laguntza finkatzeko orduan erabilitako datu operatiboren berdina edo antzerakoa izango da. Hartarako zera ulertuko da antzerakotasunaz: bere aldakuntza aldeak, goitik edo behetik, hasieran begiz jotako bolumena ehuneko hogeian (% 20) gainditzen ez duena.
Aitzitik, baldin eta testu-orrialde estandarren kopurua txostenean adierazitakoa baino txikiagoa bada ehuneko hogeitik (% 20) gorako portzentajean, proportzio horren araberako kenketa egingo zaio ordaintzeke dagoen diru-laguntzatik eta, dagokionean, aurretiaz hartutako diru-kopurutik, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena eman ondoren.
a) Ikasmaterialak, ezinbestean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emaniko egokitasun-aitorpenaren jabe izan behar du.
Aitzitik, baldin eta ikasmaterial hori beharrezkoa den egokitasun-aitorpenik gabe inprimatu edo editatu bada, kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.
a) Honako laguntza-deialdi honen bidez sortutako edo egokitutako ikasmaterialei dagozkien euskarazko testuen egiletasuna bat etorriko da txostenean adierazitakoarekin. Egiletasun hori, ikasmateriala sortzen edo egokitzen ibili diren pertsona guztien izenen zerrenda batean jasota egongo dena, aipaturiko ikasmaterialean egongo da behar den moduan ikusgai.
Hasieran begiz jotako lan-taldeari pertsona berri baten edo gehiagoren gehitzeak ez dakar pertsona horri edo horiei dagokionez inongo diru-laguntza gehigarriren esleipenenik.
Hasieran begiz jotako lan-taldeko pertsona baten edo gehiagoren baja, borondatezkoa edo derrigorrezkoa, kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.
Hasieran begiz jotako lan-taldeko pertsona baten edo gehiagoren bajak, borondatezkoa edo derrigorrezkoak, eta pertsona horren edo horien ordezkapenak ez dakar pertsona berri horri edo horiei dagokienez inongo diru-laguntza gehigarriren esleipenik.
Halaber, 39. artikuluaren arabera ikasmaterialek bete beharreko datei dagokienez (egokitasun-azterketara aurkeztea, argitaratzea eta kudeaketa-organoan aurkeztea), lan-talde edo entitateak idatziz eta modu arrazoituan luzapena eskatu ahal izango dio dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari; betiere luzatzea eskatu nahi duen epea amaitu aurretik. Zuzendaritza horrek, hartarako duen Jarraipen-batzordearen bitartez, eskaera aztertu eta dagokion erantzuna emango du. Hilabeteko epean erantzunik ez balego, erantzuna baiezkoa dela ulertuko da.
Diru-laguntza esleitzea oinarri duen jarduera burutzea, aurreikusitako exekuzio-epeak betez.
Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari diru-laguntza emateak eta disfrutatzeak dakartzaten betebeharrak eta baldintzak betetzea, eta, aldi berean, jardueraren gauzatzea justifikatzea.
Egiaztatze- jarduerei men egitea eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzei emandako erabileraren fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari xede berberaz bestelako herri administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatutik jasotako diru-laguntzen edo laguntzen, diru kopuruen edo bitartekoen berri ematea.
Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari diru-laguntza esleitzeko orduan kontuan izandako edozein egoeraren, bai objektiboa bai subjektiboa, aldaketa jakinaraztea.
Sortutako edo eta egokitutako ikasmaterial bakoitzeko, unean uneko ordu-balioztapena emango zaio mintegian edo lan-taldean aritutako irakasle bakoitzari. Hala ere, lan-bolumen txikiko ikasmaterialen balioztapena egiterakoan sail bat osatzen badute, ikasmaterial bakartzat hartuko dira.
Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Agindua esandako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 22a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.


