Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2015eko abuztuaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko abuztuaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, ingurumen-boluntariotzako proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena eta deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 154
  • Hurrenkera-zk.: 3529
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/08/06
  • Argitaratze-data: 2015/08/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Ingurumena; Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen du ingurumenaren eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.

Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatzen du, betiere lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko 13. artikuluan xedatutakoarekin bat; izan ere, dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dira.

Euskal Herriko Ingurugiroa babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 98. artikuluaren arabera, herri-administrazioek dute ingurumen-hezkuntza gizarte-sektore guztietan sustatzeko eginkizuna, hain justu ere ingurumena babestera bideratutako informazioa, jarrerak, balioak eta jokabideak herritarrengan hedatzeko eta zabaltzeko ekimenen bitartez.

Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeak, batetik, boluntarioek gure erkidegoan egiten duten jarduerarako berariazko lege-esparrua ezartzen du, eta, bestetik, adierazten du euskal administrazioak boluntariotza sustatzeko eta herritarrek gizartea eraikitzen parte hartzeko duten eskubidean sakontzeko konpromisoa.

Bestalde, 2002ko ekainaren 4an, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako 2002-2020 Garapen Jasangarrirako EAEko Ingurumen Estrategian honako kontsiderazio hau egiten da: ingurumen-politiken arloan, herritarren eta eragile sozialen lankidetza aktiboa baldintza behinenetarikoa da jasangarritasunean aurrera egiteko bidean.

Ildo berean, aipatutako EAEko estrategia horren arabera, gobernuz kanpoko erakundeen, elkarte ekologisten, kontsumitzaileen eta beste erakunde batzuen partaidetza aktiboa ere funtsezkoa izango da, zertarako-eta, batetik, ardura eta interes kolektiboen gaineko sentsibilizazioa eta zabalkundea egiteko, eta, bestetik, pertsona oro motibatu eta inplikatzeko.

Ildo beretik egin du apustua EAEko 2020ko Ingurumeneko Esparru Programaren bosgarren ekimenak, hau da, ingurumena zaintzeko ardura sektore publikoaren eta pribatuaren artean banatuko duen gobernantza publiko baten alde, herritarrak gero eta gehiago sentsibilizatzen saiatuko den gobernantza baten alde. Azken finean lortu nahi da ingurumenarekiko konpromisoa pertsonengan sakon errotzea, herritarren balio-eskeman sar dadin.

Ingurumen-boluntariotza da herritarrek parte hartzeko era libre, altruista eta zuzena; eta era berean honako emaitza hauek eragiten ditu: ingurunea hobetzea; eta, ingurumena hobetu eta kontserbatzeko motibazioari eta inplikazioari dagokienez, eraldaketa pertsonal eta sozial sakona. Eta ikusten denez, aipatutako helburuak lortzeko tresna eragingarrieteako bat da.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak sostengua ematen die irabazi-asmorik gabe egiten diren ingurumenaren inguruko boluntario-proiektu guztiei, diru-laguntza hauen bidea irekiz, hezkuntzarentzat, gizarte-kontzientziarentzat eta ingurumenarentzat hain onuragarriak diren jarduera horiek sustatzeko.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatuak, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak, lehendakariarenak, ematen didaten eskumenaz baliatuta, eta bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin, Diru-laguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

Norgehiagoka prozeduraren bitartez, diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzeko helburua du agindu honek; irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek jaso ditzakete laguntza horiek, 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko maiatzaren 31ra arte, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badituzte ingurumen-boluntariotzako proiektuak.

  1. Ondoren zehazten direnak bezalako proiektuek jaso dezakete diru-laguntza: ingurune fisikoaren gaineko ekintza zuzenak egiten dituztenak, hain justu ingurumen-boluntarioek era libre, altruista eta irabazi-asmorik gabe egindakoak badira ekintzok, eta horretaz gain, erakunde sozialek koordinatzen badituzte, zertarako-eta, ondoren aipatutako eremuetakoren baten, ingurunea hobetu eta babesteko:

    1. Ingurune naturala: ekosistemak kontserbatzea (ibaiak, basoak, kobak, gailurrak, itsasertzea, hezeguneak, eta beste habitat batzuk); paisaia mantentzea eta leheneratzea; flora eta faunako espezieak ikertzeko atazetan laguntzea, eta ingurune naturalaren erabilera publikoa. Ez dute diru-laguntzarik jasoko honako proiektu hauek: espezie inbaditzaileak kentzeko direnak, salbu eta boluntariotza bidez gauzatzeko ekintzak direla jasota egon berariaz, betiere erakunde eskudunek onartutako kontrol-egitasmo baten barruan.

    2. Naturagune babestuak: goragoko idatzi-zatian jasotakoez gain, baliabideak mantentzen laguntzea (bidezidorrak, ekipamenduak, etab.)

    3. Hiri-ingurumena: hiriko giroaren kalitatea hobetzea, hiriko eta hiri inguruko berdeguneetan ekintzak egitea, hiriaren jasangarritasuna sustatzea (mugikortasuna, hondakinak, energia, kontsumoa, eta beste edozein esparru), herri eta hirietako flora eta fauna ezagutzeko ikerlanetan kolaboratzea.

    4. Mintegien edo hazi-bankuen bidez bertoko landare-espezie eta barietateak kontserbatzea.

    5. Flora eta faunako espezie babestuak eta mehatxatuak eta haien habitata kontserbatzeko ikerlanetan kolaboratzea.

  2. Ikerketa-atazetan laguntzearen arloan, lankidetza hau gauzatu behar da ibilbide zientifiko eta ikertzailea aitortua duten pertsona eta erakundeekin.

  3. Honako hauek ez dira jotzen boluntariotzako jardueratzat: informazio- edo zabalkunde-materialen edizio hutsa, edo prestakuntza-jardueren burutze hutsa.

  4. Eskabidea egiten duten erakundeek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatu beharko dute, zeina proiektua diseinatu, exekutatu eta ebaluatzeaz arduratuko baita. 18 urtetik gorako gutxienez 10 partaide boluntario izan behako ditu proiektu bakoitzak.

  5. Aurreko idatzi-zatietan azaltzen diren proiektuak; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldearen barruan gauzatu beharko dira, eta 2015ean hasita egon beharko dute.

  1. Agindu honen helburua betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

  2. Horretarako, 112.000 euro jarriko dira gehienez, honako aurrekontu-zuzkidura honetan: 15.0.1.09.22.0100.4.454.99.44210.014/U

  1. Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

  2. Izapidetze elektronikoa honelaxe arautzen da: Administrazio Elektronikoaren 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta Administrazio Elektronikorako Plataforma Teknologikoa PLATEA onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez.

  3. Eskaerak, erantzukizunpeko aitorpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

    https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/volamb/y22-izapide/eu

  4. Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egingo dira, «nire kudeaketak» bitarteko elektronikoaren bidez: https://euskadi.eus/nirekudeaketak

  1. Agindu honetan araututako diru-laguntzak honako hauek jaso ahal izango dituzte: irabazi-asmorik gabeko erakunde edo elkarte pribatuak, legez eratuak eta administrazio publikoaren partaidetzarik ez dutenak.

  2. Halaber, ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. Artikuluko 2. paragrafoan jasotako gorabeheraren batean aurkitzen diren erakundeak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. paragrafotik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzarentzat ezarritako mugarekin.

  1. Eskaera egiten duten entitateek EAEko Elkarteen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute agindu hau argitaratu baino urtebete lehenago gutxienez, eta Eusko Jaurlaritzaren Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

  2. Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legeaz eraenduko dira erakunde onuradunak.

  3. Erakunde onuradunek eguneraturik izan beharko dituzte zergekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak.

  4. Diru-laguntza hauek ematea eta, hala badagokio, ordaintzea honako honek baldintzatuko du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko ezein espedientek bukaturik egon beharko du.

  5. Honako hauek ezin izango dira sartu deialdi honetan: lagun edo diru-laguntza publikoak aukera galdua izanik zigor penal edo administratiboren bat dutenak; edo legezko galarazpen edo kausaren baten izatea, eta horrek halakorik eskuratzeko ezgaitzea, barne delarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenean ezarritakoa.

  1. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du erakunde eskatzaileak EAEko Elkarteen Erregistroan eta Eusko Jaurlaritzaren Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorrean inskribatuta daudela.

  2. Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-obligazioak eta gizarte-segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta ez da beharko haien berariazko baimenik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluko bigarren paragrafoari jarraiki (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 5/2010 Legeko azken xedapenetarik hirugarrenaz gehitu zen artikulu hori). Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

  3. Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: diru-laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolatu edo ikuskatzeko ahalmenak bazter utzi gabe.

  4. Eskabidearekin batera doan erantzukizunpeko deklarazioaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

    1. Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu eta, kasua bada, eskuratuz gero, horren berri ematea.

    2. Ez dela helburu bererako diru-laguntzarik jasotzen ari Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kargura.

    3. Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea egoera hauetan: administrazio- edo zigor-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, edo diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, bereziki kontuan izanik sexu-diskriminazioaren ondoriozkoetan.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edo bukatuta dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez dagoela.

    5. Halaber, erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

  1. Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira funts publiko zein pribatuen kontura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntza batzuekin, ondorengo paragrafoan xedatutakoa salbuespena izango da.

  2. Honako agindu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kontura helburu bererako lor litezkeen beste diru-laguntza batzuekin.

  3. Nolanahi ere, laguntzen zenbateko osoak ezin izango du proiektuaren edo jardueraren kostuaren ehuneko ehuna gainditu.

  1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluak ezarritakoarekin bat, honako gastu hauek lagun daitezke diruz:

    1. Boluntarioen erantzukizun zibileko eta istriputako asegurua.

    2. Jarduera gauzatzeko materialak, memoria teknikoan behar bezala justifikatu beharko dira.

    3. Boluntarioak prestatzeko eta egindako jardueren zabalkundea egiteko behar diren materialen edizio-gastuak. Gehienez, 500 euro.

    4. Garraio- (kilometroak) eta mantenu-gastuak edo pertsonak edo salgaiak garraiatzeko ibilgailuak alokatzeko direnak, betiere jarduerak burutzeko beharrezkoak badira eta memoria teknikoan egoki justifikatzen badira. Ahal delarik, ibilgailuen plaza guztiak aprobetxatuko dira.

  2. Goragoko gastu horiez gain, honako hauek ere lagunduko dira diruz:

    1. Gastu orokorrak. Honako hauek hartuko dira halakotzat: jarduera burutzeko, erakundearen egiturak eragindakoak (telefonoa, elektrizitatea, posta, fotokopiak, paper-gauzak, material suntsikorra, etab.). Gehienez ere, aurreko paragrafoan zehaztutako kanpo-gastu diruz lagungarrien % 10 izango dira. Gastu horiek justifikatzea ez da beharrezkoa.

    2. Langileen gastuak. Erakunde onuraduneko langileek sortutakoak jotzen dira halakotzat; langileak plantillakoak izanik nahiz proiektua kudeatzeko edota koordinatzeko berariaz kontratutakoak izan; gastuok, betiere, nomina bidez justifikatu beharko dira. Gehienez ere, kanpo-gastu diruz lagungarrien % 20 izango dira.

  3. Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

    1. Diru-laguntza jaso duen proiektuari zuzenean lotuta ez daudenak; batez ere, erakunde onuradunaren ohiko funtzionamendukoak edo egiturazkoak.

    2. Produktu ikus-entzunezkoak edo elektronikoak (bideo, CD-ROM, DVD edo antzekoak) diseinatu, muntatu, kopiatu edo banatzea.

    3. Web-orriak argitaratzeari lotutako gastuak.

    4. Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratu edo konpentsatu badaitezke.

    5. Beharrezkoak ez direnak edo behar bezala justifikatu gabeak, edota bidegabetzat edo neurrigabekotzat hartzen direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioak kontuan izanda.

  4. Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuta artikulu honetan diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuak biltzen badira, ebaluazio-organoak ezabatu edo kendu egingo ditu, gastu diruz lagungarrien aurrekontua zehazteko, hori izango baita diru-laguntzaren munta erabakitzeko oinarria. Gastu diruz lagungarriak zein diren eta zein ez diren erabakitzea, 15. artikuluan ezarritako ebaluazio-organoari dagokio, aurreko paragrafoetan xedatutakoari jarraiki.

  1. Norgehiagoka bidezko diru-laguntzatzat hartuko dira laguntzak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Diru-laguntzaren zenbatekoa, 9. artikuluan ezarritakoarekin bat, onartutako gastu-sailen % 100 izan daiteke, gehienez ere, eta proiektu bakoitzerako, ezingo du gainditu 10.000 euroko kopurua.

  3. Irabazi-asmorik gabeko erakunde bakoitzari, gehienez ere, proiektu baterako diru-laguntza eman ahalko zaio. Eskabide bat baino gehiago aurkezten bada, puntuaziorik handiena lortu duen proiekturako baino ez da emango diru-laguntza.

  1. Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  2. Eskaerak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan:

    https://euskadi.eus/diru_laguntza/2015/VOLAMB/eu/

  3. Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

  4. Datu pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, eskatzaileei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak fitxategi batean bilduko direla. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta gaiarekin lotutako beste edozein administrazio-espediente ere kudeatzea. Fitxategiaren arduraduna Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza da. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkatzeko eskubideaz sail bereko Zerbitzuen Zuzendaritzan baliatu ahal izango da. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea, 1 -01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

Erakunde eskatzaileek eskabideaz batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

  1. «Memoria teknikoa» inprimaki normalizatua. 16. artikuluan jasotako balioespen-irizpideei buruzko informazio garrantzitsua ere memoria horretan zehaztu beharko da (aukera egongo da memoria osagarri bat entregatzeko).

  2. «Aurrekontua» inprimaki normalizatua. Behar bezala xehatua eta prezio unitarioak banakatuta, ahal den xehetasun handienaz.

  3. Dagokion Ogasunaren egiaztagiri eguneratua, Balio Erantsiaren Gaineko Zergaren erroldatuta dagoenekoaren erregimena egiaztatzen duena.

Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza aurkeztutako eskaeran akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta hamar eguneko epea emango dio horiek zuzentzeko; eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, aldez aurretik dagokion ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraiki emango da.

Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Sailburuordetzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea.

  1. Aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko, kide anitzeko ebaluazio-organo bat eratuko da, honela osatuta:

    1. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria. Bera izango da lehendakaria.

    2. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzako bi teknikari, zuzendariak izendatuak. Bietatik zerbitzuan zaharrenak jardungo du idazkari-lanetan.

  2. Ebaluazio-organoak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen horretan zehaztuko da zein jarduerek jaso dezaketen diru-laguntza eta horien zenbatekoak, agindu honen 16. artikuluan aipatutako esleipenerako irizpideen eta aurrekontu-mugen arabera. Era berean, adieraziko du zein proiektu baztertzea proposatzen duen, eta zergatik.

  1. Diru-laguntzak emateko, jarraian adierazten diren baldintzak betetzen diren baloratuko da eskaeran. Gehienez ere ehun (100) puntu lor daitezke, honako irizpide hauen arabera banatuta:

    1. Proposatutako jarduerek ingurumenari buruz duten interesa eta proiektua zenbateraino egokitzen zaion deialdiaren xedeari (gehienez, 20 puntu).

    2. Memoria teknikoan aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa. Balioesteko, honako hauek hartuko dira kontuan: helburuen zehaztasuna, jardueren azalpen zehatza, metodologiaren garapena, giza baliabideak egokiak izatea, bideragarritasuna eta ebaluazioa (gehienez, 16 puntu).

    3. Proiektuan parte hartuko duten boluntarioen kopuru aurreikusia (gehienez, 20 puntu). Memoria teknikoan, zenbatespen zehatzik aurkeztu ezean, atal horri 0 puntu esleituko zaizkio.

    4. Gizarte-errentagarritasuna, hau da, kostuen eta jardueren onuren edo onuradunen arteko oreka (gehienez, 12 puntu).

    5. Erakundearen esperientzia, antzeko jarduerak gauzatzen (gehienez, 9 puntu). Irabazi-asmorik gabeko beste elkarte eta erakunde batzuk honako agindu honen 2. artikuluan azaldutakoen antzeko proiektuetan izan duten ibilbidea egiaztatzeko, memoria teknikoaren atal bat, honako hauei dagokiena, bete beharko da: erakundeak garatutako edo garatzen ari den ingurumen- edo boluntariotza-ekintzen laburpena; dena dela, Sailak, egoki iritziz gero, agiri osagarriak eskatu ahal izango ditu.

    6. Proiektua beste erakunde batzuekin batera gauzatzea (gehienez, 9 puntu). Memoria teknikoan zehaztuko da zein entitate, elkarte eta erakunderekin lan egingo den, eta elkarrekin egitekoak diren jarduerak. Honako hau ez da lankidetza kontsideratuko: erakundeek diruzko kontraprestazio baten truke egindakoa.

    7. Euskaraz egindako proiektuak (gehienez, 6 puntu).

    8. Genero-ikuspegia sartzea proiektuaren diseinuan eta exekuzioan (gehienez, 4 puntu).

    9. Desgaitasuna dutenekin lan egitea eta haien parte-hartzea sartzea proiektuan (gehienez, 4 puntu).

  2. Laguntzak lortu ahal izateko, nahitaezkoa izango da aurreko paragrafoko a) letran zehaztutako alderdietan gutxienez 10 puntu lortzea eta b) letrakoetan 8, eta, gainera, paragrafo horretan jasotako irizpideen arabera egiten den balioespen orokorrean gutxienez 51 puntu lortzea.

  3. Behin galdatutako eskakizun subjektibo eta objektiboak dauzkatenek aurkeztutako proiektuen balioespena egin denean, galdatutako gutxieneko puntuazioa lortu dutenak ordenatzeari ekingo zaio, beheranzko noranzkoan, lortu duten puntuazioaren arabera, eta laguntzak ordenazio horren arabera esleituko dira, agindu honen 10.2 artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko kopuruagatik, harik eta, hala gertatzen bada, deialdiaren zuzkidura agortzen den arte.

  1. Aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeari dagokio, betiere ebaluazio-organoaren proposamenez.

  2. Hartzen den ebazpenean, eskatutako diru-laguntzak eman diren edo ez adieraziko da. Diru-laguntza ematen denean, honako hau zehaztuko da: onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua, partida diruz lagungarrietan onartutako aurrekontua, baztertutako gastuak eta eman den diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskaera ukatzen denean, zergatik ukatu den azaldu beharko da.

  3. Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, ebazpen horren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  4. Ebazpena telematikoki jakinaraziko zaie erakunde interesdunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta finantzatutako inbertsio-proiektua adierazita.

  5. Prozedura ebazteko eta ebazpenak erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei (6) hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igaro eta ebazpenik ez bada jakinarazi, euren diru-laguntza eskabidea ezetsitzat hartu ahalko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  1. Laguntza onartu ondoren ordainduko da emandako diru-laguntzaren % 50, 20.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Diru-laguntzaren gainerako % 50, berriz, erakunde onuradunak 19. artikuluan adierazten diren epeetan diru-laguntzaren justifikazioa aurkeztearen pentzutan geratuko da.

  1. Justifikazio-agiriak bide elektronikotik aurkeztu beharko dira, helbide honetan: https://euskadi.eus/nirekudeaketak

  2. Erakunde onuradunek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. «Exekuzioari buruzko memoria» inprimakia, zeinetan honako hauek jaso beharko baitira: eskabideko memorian jasotako alderdi guztiei dagokienez proiektuaren exekuzioa; hasierako aurreikuspenei dagokienez jazotako aldaketak, eta horien justifikazioa, barne direla jardueraren argazkiak; gauzatutako jardueraren planoak edo krokisak; jarduera zenbat pertsonak egin zuten (sexuaren arabera sailkatuta); boluntarioen zerrenda (izen-abizenak barne), eta proiektuaren exekuzioari buruzko ebaluazioa (aukera izango da memoria osagarri bat entregatzeko).

    2. «Balantze ekonomikoa eta gastuen justifikazioa» inprimakia, zeinetan jasotzen baitira proiektuko gastu eta sarrera guztiak, nahiz eta emandako diru-laguntzak zehaztu ez gastuko kontu-sail guztiak.

    3. Diruz lagundutako kontu-sailetan egindako gastuei dagozkien fakturak. Fakturetan adierazten bada ezen ordainketa transferentzia bidez egiten dela, hura egin dela justifikatzeko agiri bat helaraziko da.

      Zerrenda bateko zenbakiak dituztela aurkeztu beharko dira dokumentuak. Zerrenda horretako dokumentuak ordenatuta agertuko dira, aurrekontuko atalen arabera.

    4. Erakundera sartzeko erabakien kopia, boluntarioek eta antolakundeak sinatua, betiere Boluntarioei buruzko 17/1998 Legeko 8.3 artikuluko zehaztapenekin bat.

    5. Erakunde aseguratzaileak aseguru-polizei buruz emandako egiaztagiria. Bertan, gutxienez, zehaztu beharko dira organizazioak boluntarioen alde kontratatutako istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibilekoaren estaldura, eta, gainera, aseguratuak zenbat diren eta polizaren munta osoa zenbatekoa den. Bai istripu-aseguruak eta bai erantzukizun zibilekoak, biek egon beharko dute indarrean jarduerak egiteko denbora guztian.

    6. Proiektuan edo jardueran sortutako materialen kopia.

    7. Proiektua egiteko behar diren baimenak, jarduerak egin aurretiko data izan behar dutenak.

  3. Aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, jardueraren amaiera-datatik zenbatzen hasita, eta betiere, 2016ko abuztuaren 1a baino lehen.

  4. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako emaitzetan eta egiaztapenetan eta dokumentazioan oinarrituta, diru-laguntzaren likidazioa egingo du, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak emandako ebazpenaren bidez.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2. artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza eta, horrekin batera, agindu honetan aipatutako baldintza eta arau guztiak onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza esleitu izana jakinarazten duen komunikazioa jaso eta 10 eguneko epearen barruan, diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz hari uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.

  2. Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabili beharko da.

  3. Diruz lagundutako jarduerak 2016ko maiatzaren 31rako amaitu beharko dira.

  4. Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legearen ondoriozkoak, bestek beste:

    1. Istriputako eta erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea boluntarioentzat, baldin eta proiektuan boluntarioek parte hartzen badute. Entitateek aseguru-poliza bat kontratatu beharko dute boluntarioen alde, boluntario-lanen ari direla izandako istripuen ondoriozko asistentzia sanitarioaren, heriotzaren eta baliaezintasunaren estaldura bermatzeko, eta boluntario horiek boluntario-lanean hirugarrenei egin liezazkieketen kalteak eta galerak estaltzeko. Erantzukizun zibileko aseguruak gutxienez 300.506,05 euroko kapital izan behar du aseguratuta, istripu eta aseguru-urte bakoitzeko, polizari atxikitako boluntario bakoitzarentzat.

    2. Boluntariotzaren barneko estatutu bat izatea.

    3. Boluntarioei informazioa ematea honako hauetaz: helburuak, antolaketa-egitura eta antolakundearen funtzionamendua.

    4. Boluntarioekin akordioak sinatzea, zeintzuetan jasoko baitira boluntarioek erakundearekin duten erlazioari buruzko zehaztapenak, eta, halaber, parteek hartzen dituzten konpromisoak.

    5. Jarduerak burutzeko gaitu eta identifikatzen dituen akreditazio bat ematea boluntarioei, eta, halaber, parte hartzea justifikatzeko agiri bat.

    6. Boluntarioen alta eta bajen erregistroa abiaraztea eta mantentzea.

  5. Organo eskudunak aldez aurretik emandako baimenak aurkeztu beharko dira, baldin eta proiektuko jarduerek eremu hauek ukitzen badituzte: natura-ondarea, naturagune babestuak, ibai-ibilguak, Batasunaren garrantzizko lekuak, ondare historikoa osatzen duten ondasunak, eta babestutako flora eta faunako espezieak. Proiektua egiteko unean, erakundeak behar diren baimen guztiak ez baditu, diru-laguntza osorik kentzea ekarriko du.

  6. Jarduerak sorrarazten duen argitalpen, liburuxka eta, oro har, publizitate orotan, berariaz adierazi behar da hura Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagundu duela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunari buruzko araudian xedatutakoaren arabera (Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua; EHAAn argitaratua, 205. zk.).

  7. Diruz lagundutako ekintzak sustatzeko sortutako kartelak, testuak eta agiriak euskaraz, edo euskaraz eta gaztelaniaz, idatziko dira.

  8. Azterlanek, egitarauek, argitalpenek eta abarrek generoaren eta berdintasunaren ikuspegiak jasoko dituzte, eta ez dute elementu diskriminatzailerik jasoko ez hizkuntzan ezta irudietan ere.

  9. Aurkeztutako dokumentazioan dagoen informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uztea, doan eta esklusibotasunik gabe, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren informazio-sistemetan erabili eta sartzeko, eta bai honako hauetan argitaratu eta hedatzeko ere: edozein hedabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko edo informatikotan zein teknikak ahalbidetzen duen orotan. Erakundeak material horiek bere web-orri baten argitaratzen baditu, artxibo digitala entregatu ordez, nahikoa izango da adieraztea zein url helbidetan dagoen artxiboa, bertatik eskuratu ahal izateko. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

    Erakundearen ustez, emandako informazioaren zati bat loturik badago ingurumenaren gaian informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako salbuespenei, alde batetik, dokumentazioan bertsio osoa entregatuko da, eta bertan adieraziko da zein zati egon daitezkeen salbuespenei loturik, eta, bestetik, bertsio laburtua, zeinak kendurik dituen zati horiek. Bertsio hori izango da jendaurrean jarriko dena.

  10. Emaitzak aurkezteko eta proiektuen zabalkundea egiteko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jardunaldietakoren baterako deialdia egiten badu, hark parte hartzea eskatuko da.

  11. Diruz lagundutako jardueren zabalkunde publikoa haien exekuzioko edozein unetan egingo da, albistea prentsara bidaliaz; hartarako, onuradunak organo kudeatzailearen laguntza eskatu ahal izango du.

  12. Diru-laguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritakoak; batez ere, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko dituzten funtzioetan jardunez, eskatzen dien edozein informazio eman beharko dute.

  13. Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari jakinaraztea diru-laguntza emateko baldintza izan den edozein inguruabar aldatzen bada, dela objektiboa edo subjektiboa, aldaketa gertatu dela jakin orduko eta, edonola ere, proiektua exekutatzeko epea amaitu aurretik.

  1. Esleitutako aurrekontua aldatzeko, arrazoitu egin beharko da, eta aldaketak ezingo du emendatu proiektuari esleitutako diru-laguntza osoaren munta.

  2. Baldin eta azkenean jardunaren behin betiko kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa proportzioan murriztuko da, eta, orduan, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arauetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Ondorio horietarako, Ingurumeneko sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, zeinarekin doitu eginen baita emandako diru-laguntzaren kopurua, edo, egoki bada, neurriz kanpo lortutako diru-kopuruak itzuli beharra aginduko baita.

Erakunde onuradunak diru-laguntza eskatu eta eman zen helbururako erabiltzen ez badu, diru-laguntza emateko zergatia izan zen jarduera burutzen ez badu, diru-laguntza finkaturiko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, orokorrean, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako betebeharrak edo, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan ezarritakoak, edo agindu honetan eta diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutakoak, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko dio EAEko Diruzaintza Nagusiari, sortutako legezko interesekin batera, aplikatu beharrekoa den araudian aurreikusitakoaren arabera.

Halaber, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasun-maila gaindituz gero, onuradunak itzuli egin beharko du diru-laguntza honen helburu den jardueraren kostutik gora jasotako dirua, agindu honetako zortzigarren artikuluan adierazitakoaren arabera. Hala ere, hori guztia ez da eragozpen izango zehapenak ezartzeko, ez eta kalte eta galerengatiko kalte-ordainak edota, kasua bada, erantzukizun penala eskatzeko ere.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.3. artikuluan ezarritakoa izango da.

Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, honako bi arau hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, hain zuzen ere.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abuztuaren 6a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.