- EBAZPENA, 2008ko apirilaren 25ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Cabarri SA enpresari ingurumen-baimen bateratua ematen diona, Arrigorriagako (Bizkaia) udalerrian berotan galbanizatzeko jarduera egin dezan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2008ko apirilaren 25ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Cabarri SA enpresari ingurumen-baimen bateratua ematen diona, Arrigorriagako (Bizkaia) udalerrian berotan galbanizatzeko jarduera egin dezan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 241
- Hurrenkera-zk.: 6214
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/04/25
- Argitaratze-data: 2010/12/17
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Testu legala
2006ko ekainaren 30ean, Cabarri SA enpresak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Arrigorriagako (Bizkaia) udalerrian berotan galbanizatzeko jarduerarako. Eskaerarekin batera proiektuak Arrigorriagako hirigintza-plangintzarekin duen bateragarritasunari buruzko 2006ko martxoaren 28ko udal-txostena bidali zuen, baita agiri tekniko hauek ere:
Proiektu teknikoa (2006ko ekaina).
Laburpen ez-teknikoa (2006ko ekaina).
Erreferentziako baimena eskatzeko unean, Cabarri SA enpresak, besteak beste, jarduerarako 1995eko uztailaren 5eko baimena zuen. Baimen hori berotan galbanizatzeko jarduerarako eman zen. Halaber, enpresa sustatzaileak jarduera-lizentzian barne hartzen den kolektorera isurketak egiteko baimena, hondakin arriskutsuak ekoizteko 2004ko abenduaren 17ko baimena, industria-hondakin geldoen ekoizleen 2002ko maiatzaren 6ko baimena, eta ondorengo handitze eta berritzeak zituen.
2006ko uztailaren 11n, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, ingurumen organoaren bidez proiektuaren gaineko eraginaren azterlana jendaurrean jartzeko izapidetzea adosteari dagokionez. Zehazki Arrigorriagako Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari kontsultatu zien.
2006ko irailaren 16an, eta 2007ko martxoaren 23an eta maiatzaren 25ean, ingurumen organoak agiri osagarriak eskatu zizkion sustatzaileari; espedientea 2007ko abuztuaren 9an osatu zen.
Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen sailburuordeak 2007ko azaroaren 14an emandako Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Cabarri SA enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2007ko abenduaren 3an. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan argitaratu zen 2007ko abenduaren 2an, eta proiektuak hartuko duen eremuaren ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.
Jendaurrean jartzeko izapidetze-epea bete ondoren, alegazio-idazkirik aurkeztu ez dela egiaztatu da.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko urtarrilaren 14an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Arrigorriagako Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, espedientean ageri den emaitza jasoz.
2008ko martxoaren 5ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Cabarri SA enpresaren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako ebazpenaren proposamena gehituz.
2008ko martxoaren 27an sustatzailearen jakinarazpena jaso zen. Jakinarazpen hartan hainbat ohar egiten ziren Ingurumeneko Baimen Bateratuaren ebazpen proposamenari lotuta.
Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuko sistema bat ezartzea.
Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoa betez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen dira eta jarduera horrekin zerikusia dute.
16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Cabarri SA enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen sortzaileak behar dituen baimenak; kolektorera isurketak egiteko baimena; eta ingurumen izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta hari aurre hartzeari dagozkionak. Era berean, eskumeneko beste administrazio eta organismo batzuk kasuan kasu txostenak luzatuz egindako parte-hartzea egiaztatuko da espedientean.
16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak ordezten du jarduera sailkatuetarako udal-lizentziaren prozedura, azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuan, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzkoan aurreikusten zena; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita aipatu arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Cabarri SA enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak, eta Arrigorriagako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak eskatu dira, espedientean agertzen den bezala.
Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, Ebazpen hau egiterakoan kontuan izan da teknika erabilgarri onenen erabilera. Zehazki, Europako Batzordearen 2001eko abenduko burdina-metalen prozesuei buruzko BREF («Reference Document on Best Available Techniques in the Ferrous Metals Processing Industry») txostenaren edukia, 2007ko uztaileko energia-eraginkortasunari buruzko BREF («Reference Document on Energy Efficeincy in industrial installation») txostenaren edukia, eta 2005eko urtarrileko biltegiratzeko teknologia onenei buruzko BREF («Reference Document on Best Available Techniques on Emissions from Storage») txostenaren edukia kontuan hartu dira.
Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen proposamena sinatu eta Cabarri SA enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.
Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta 2002ko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoaren, 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da. Alde horretatik, kontuan hartu behar da organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek aztertu egin dituztela sustatzaileak izapidetze honetan egindako oharrak, eta guztiak kontuan hartu direla ebazpen hau lantzeko.
Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duenaren 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak 2008ko martxoaren 5ean emandako ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzkoa; 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatu zuena; irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua, Legea burutzeko araudia onartzen duena; urriaren 25eko 340/2005 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzeko den gainerako araudia,
Lehenengoa. Helbide soziala Arrigorriagako (Bizkaia) udalerriko Martiartu poligonoko 17. lursailean duen eta IFK: A-48501191 zenbakia duen Cabarri SA enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, berotan galbanizatzeko instalaziorako Arrigorriagako udalerrian, eta Ebazpen honen Bigarren. atalean zehaztutako baldintzak jarraituz.
Jarduera uztailaren 1eko 16/2002 Legearen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa, 1. eranskinean jasota dago. Hain zuzen ere, 2.3.c kategorian «Burdinazko metalak galdatzeko instalazioak. Metal urtuzko babes-geruzak aplikatzea, orduko 2 tona baino gehiagoko altzari gordina tratatzeko ahalmena dutenak» izenekoan.
Cabarri SA enpresak garatutako jardueran, aurretik geruza kendu eta mordentatutako (berotan galbanizatzea) burdinazko piezak zink garbiarekin estaltzen dira. Galbanizatze-prozesuaren oinarrizko etapak honako hauek dira: koipegabetze azidoa, desugertzea, mordentatzea, aurretiko berotzea, galbanizatzea, hoztea, pasibatzea.
Instalazioak material galbanizatuko 8t/ordu ekoizteko ahalmena du.
Koipegabetze azidoa da tentsoaktibo ez ionikodun azido fosforikoaren % 5 arteko soluzio azido batean piezak sartzea. Tentsoaktiboen bidez gainazaleko koipe solidoa tinaren hondoan dekantatzen da, era horretan desugertze-tinetara arrastatzea saihestuta. Koipegabetze azidoa denez koipegabetze eta desugertze artean ez dago garbiketa egin beharrik.
Desugertzean piezak inibitzaile komertzialak dituen azido klorhidriko diluituko bainutan sartzen dira, desugertu beharreko piezen gainean azidoak zuzenean ez erasotzeko.
Piezak desugertu ondoren, mordentatze-bainuan sartzen dira. Bainu hori 40-60ş C bitarteko zink kloruro eta amonioko soluzioa da. Bertan sartzen dira desugertzearen eta galbanizatzearen artean piezaren metalezko azaleran edozein motatako oxidazioa saihesteko. Amonio eta zink kloruroko gatzek azido- eta burdina-hondakinak ezabatzen dituzte desugertze-upeletatik datozen piezetatik.
Mordentatzearen irteeran pieza labe batean sartzen da galbanizatu aurretik hezetasuna lehortzeko, gatzak kristaltzeko eta aurretik berotzeko; era horretan, zink zipriztintzeak ekidingo dira, zink errautsak murriztuko dira eta materialak galbanizatze-arragoan denbora gutxiago egongo dira.
Lehortu ondoren piezak galbanizatuko dira zink galdatua duen arragoa batean sartuko dira 450 ± 10ş C tenperatura ingurura. Piezak galbanizatu ondoren, ur-upel estankotan murgilduta hozten dira. Lan hori piezen % 70ekin baino ez da egiten.
Hoztu ondoren hainbat piezari pasibatze-tratamendua egingo zaie, ur- eta pasibatzaile-bainu batean giroko tenperaturan jarrita.
Deskribatutako prozesuaz gain enpresak honako instalazio osagarri hauek ditu: 600 thermia/h-ko lehortze-labea, 1.200 thermia/h-ko galbanizatze-labea, eta mordentatze-soluzioaren birsortze jarraikiko instalazioa. Azken honetan zink errautsen (galbanizatze-fasean lortzen den azpiproduktua) eta amoniako bidez neutralizatu egiten da; burdina hidroxido ferrikora erreduzitzen da hidrogeno peroxidoa gehituta, dekantatzen da eta lohiak prentsa-iragazkian iragazten dira.
Plantak honako energia-baliabide hauek kontsumitzen ditu: energia elektrikoa (46,785 MWh) instalazioaren hornidurarako (garabiak, argiak) eta gas naturala (592.078 th) galbanizatze- eta lehortze-labeen kontsumorako.
Instalazioak hornidura-sareko ura baino ez du erabiltzen, gizakiek kontsumitzeko, hozte-upelean lurruntzeagatik ur-galerak berrezartzeko, koipegabetze-soluzioa sortzeko eta desugertzerako azidoa diluitzeko.
Industria-prozesuan desugertze eta koipegabetze-urak sortzen dira. Hauek hondakin arriskutsu gisa kudeatzen dira. Horren haritik, udal-kolektorera doazen ur sanitarioak baino ez dira isurtzen. Era berean, Cabarri SA enpresan dauden egurats zabaleko biltegiratzeak kanpoko eguraldi-baldintzetan erabiltzen diren produktu galbanizatuak direnez (farolak, errepidetako barandak, eta abar) euri-urek ez dute kutsatzeko arriskurik, eta poligonoko euri-uren kolektorera isurtzen dira dekantagailu batetik igaro ondoren.
Instalazioak atmosferara isurtzeko bi foku sistematiko ditu. Foku horiek galbanizatze-labeko erregailuei eta galbanizatze-upelari dagozkie. Horien artean galbanizatze-upelaren fokuak baino ez du isurketak arazteko sistema, hots, mahuka-iragazki bat du.
Instalazioan sortutako hondakin arriskutsuak galbanizatze-prozesutik, hondakin-uren tratamendutik eta zerbitzu orokorretatik datoz.
Instalazioan sortutako hondakin ez-arriskutsuak galbanizatze-prozesutik eta zerbitzu orokorretatik datoz batez ere.
Prozesu ekoizleak teknika erabilgarri egokienak erabiltzen ditu, Burdin Metalen Prozesuaren inguruko Europako BREF agirietan (2001eko abenduko «Reference Document on Best Available Techniques in the Ferrous Metal Processing Industry») jasotzen direnak. Zehazki plantak, beste hainbaten artean, dokumentu horretan Teknika Erabilgarri Egokienak gisa hartzen diren honako jarduera hauek ditu: bainuaren kontzentrazioa astero kontrolatuta eta tenperatura egunero kontrolatuta, eraginkortasuna hobetzeko jarduneko baldintza optimizatuekin koipegabetze-etapa bat dute; koipegabetu ondoren ez da garbiketarik egiten koipegabetze azidoa delako; azido klorhidrikoaren (HCl) lurruntzea zaintzen dute bainuko kontzentrazioa astero kontrolatuta, giroko tenperaturarekin jardunez eta bainuan propilenoko estalkiak ezarrita; tenperatura egunero kontrolatzen dute eta mordentatze-bainuko burdina eta gatzak hilero; mordentatze-bainuan isurkiak ekiditeko propilenoko estalkiak dituzte; eta kamera itxi eta mahuka-iragazki bidez galbanizatze-emisioak jaso eta arazten dituzte.
Bigarrena. Cabarri SA enpresak Arrigorriagako udalerrian sustatutako berotan galbanizatzeko jarduera ustiatzeko honako baldintza eta betebeharrak ezartzea.
Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Cabarri SA enpresak aldaketa horien berri emango du.
Neurri babesle eta zuzentzaileak sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:
1. Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.
1.1. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
1.1.1. Baldintza orokorrak.
Galbanizatze-instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurketek ez dituzte Ebazpen honetan ezarritako balioak gaindituko.
Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.
Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango gai kutsatzaileak mugarik gabe isuri eta horiek biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.
Neurriak hartuko dira ustekabean gai kutsatzailerik ez botatzeko, eta botatzen direnak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.
1.1.2. Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Berotan galbanizatze instalazioak ondorengo fokuak ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:
Foku zk. Foku-kodea Fokuaren izena Garaiera (m) Diametroa (m) Katalogazioa UTM koordenatuak
Taldea Epigrafea X Y
1 48001899-01 Galbanizatze-upela 8 0,7 B 2.5.2. 508322 7882993
2 48001899-02 Galbanizatze-upeleko labearen erregailuak 12 0,64 C 3.1.1. 508322 7882993
Bestalde, isurtze barreiatuak sortzen dira lehortze, koipegabetze, mordentatze eta pasibatzeko eragiketetan. Lehortze-labeko isurtze barreiatuen kasuan honako kantitate hauek isurtzen dituzte urtean gutxi gorabehera: NOx 1,705 t/urte , CO 0,437 t/urte, SOx 0,018 t/urte eta COv 0,011 t/urte.
1.1.3. Isurtzeko muga-balioak.
Instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurketek ez dituzte isurtzeko muga-balio hauek gaindituko:
Fokua(k) Substantziak Isurketarako muga-balioak
1 Guztizko partikulak 10 mg/Nm3
Azido klorhidrikoa (HCl) 20 mg/Nm3
2 Karbono monoxidoa (CO) 200 mg/Nm3
Nitrogeno oxidoak (NOx) 400 mg/Nm3
Isurtzeko muga-balioak baldintza hauei buruzkoak dira: 273 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.
Gehienez onar daitezkeen balioek ez dituzte isurketarako muga-balioak gaindituko, arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez) zortzi ordutan zehar neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, % 40a gainditzen duen zenbatekoa baldin bada. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi honetako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da, % 25a gainditzen ez duen zenbatekoa denean. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eraginpeko zonaldean ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.
1.1.4. Gasak biltzeko eta husteko sistemak.
Fokuetako gas-hondarrak kanporatzeko tximiniek ez dute B.1.1.2 atalean jasota dagoen goreneko kota baino baxuagoa izango. Tximinietan behar beste neurri hartuko dira Industria Ministerioak 1976ko urriaren 18an emandako Agindua (Industriak atmosferan eragiten duen kutsadurari aurre hartu eta hori zuzentzeari buruzkoa) bete dezaten; besteak beste, laginak hartzeko puntuetara iristeko sarbide seguru eta errazak izango dituzte.
Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein perturbazio izan dezakeen gunera bitarteko distantziak (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute. L1 8D eta L2 2D distantziak betetzen ezi diren fokuetarako inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliozkotasuna justifikatzea eskatuko da.
Isurtze barreiatuak murrizteko, Cabarri SA enpresak koipegabetze, desugertze eta mordentatzeko bainuetan propileno-tapak mantenduko ditu. Tapa horiek piezak kargatu eta deskargatzean bakarrik zabalduko dira. HCl % 16,5en diluituta desugertuko du giroko tenperaturan bainuaren lurruntzea kontrolatzeko.
1.2. Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplika dakiekeen berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketa saihesteko.
Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balioztatu egin behar da eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek balioztatzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira balioztatzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.
Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.
Hondakinak biltzeko eremuek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.
Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Arrigorriagako Udalean.
1.2.1. Hondakin arriskutsuak.
Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak honako hauek dira:
Prozesua: «Galbanizatzea».
hondakina: «Koipegabetze azidoa».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/1/1.
Hondakinaren kodea: Q7//D9//L27//C23/H8//A243//
B3301.
HEZ: 11 01 13.
Urtean sortutako kantitatea: 49 t.
Koipegabetze-soluzioa berrezartzean sortzen da eta erabilera-puntutik bertatik jasotzen da zuzenean baimendutako kudeatzaile bati bidaltzeko.
hondakina: «Kloruro ferrosoa».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/1/2.
Hondakinaren kodea: Q8//D9//L27//C23/H8//A243//
B3301.
HEZ: 11 01 05.
Urtean sortutako kantitatea: 729 t.
Desugertze-soluzioa berrezartzean sortzen da eta erabilera-puntutik bertatik jasotzen da zuzenean baimendutako kudeatzaile bati bidaltzeko.
hondakina: «Koipegabetze azidoko lohiak».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/1/3.
Hondakinaren kodea: Q7//D9//P27//C23/51//H8//
A243//B3301.
HEZ: 11 01 13.
Urtean sortutako kantitatea: 6 t.
Koipegabetze-upeleko lohiak biltzean sortzen da eta hondakin horrentzako identifikatutako big-bagen biltzen da. Koipegabetze-upelera lixibiatuak itzulita desugertzeko eremuan 2 hilabete eman ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileari bidali arte.
hondakina: «Mahuka-iragazkien hautsa».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/1/4.
Hondakinaren kodea: Q9//R7//S28//C7//H14//A243//
B3305.
HEZ: 11 05 03.
Urtean sortutako kantitatea: 6 t.
Koipegabetze-upeleko lohiak biltzean sortzen da eta hondakin horrentzako identifikatutako big-bagen biltzen da. Koipegabetze-upelera lixibiatuak itzulita desugertzeko eremuan 2 hilabete eman ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileari bidali arte.
Prozesua: «Hondakin uren tratamendua».
hondakina: «Araztegiko lohiak».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/2/1.
Hondakinaren kodea: Q8//D9//S27//C7/24//H5/14//A243//B0006.
HEZ: 19 02 05.
Urtean sortutako kantitatea: 28 t.
Prentsa-iragazki instalazioan sortzen da eta hondakin horrentzako identifikatutako big-bagean gordetzen da, baimendutako kudeatzaileari bidali arte.
Prozesua: «Zerbitzu orokorrak».
hondakina: «Erabilitako olioa».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/3/1.
Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51//H5/6//A243//B0019.
HEZ: 13 02 05.
Urtean sortutako kantitatea: noizean behin.
Makinen mantentze-lanetan sortzen da. Baimendutako kudeatzaile batek biltzen du.
hondakina: «Hodi fluoreszenteak eta merkuriodun lanparak».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/3/2.
Hondakinaren kodea: Q14//R13//S40//C16//H6/
14//A243//B0019.
HEZ: 20 01 21.
Urtean sortutako kantitatea: 40 t.
Lanpara berriak jartzean sortzen da eta hondakin horrentzako identifikatutako kutxan gordetzen da horretarako zehaztutako eremuan, baimendutako kudeatzaileari bidali arte.
hondakina: «Ekipo elektriko eta/edo elektronikoak».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/3/3.
Hondakinaren kodea: Q14//R4//S40//C6/11//H6/
14//A243//B0019.
HEZ: 16 02 13.
Urtean sortutako kantitatea: noizean behin.
Ekipo elektriko eta elektroniko berriak jartzeko lanean sortzen da, eta hondakin horrentzako identifikatutako eremuan gordetzen da baimendutako kudeatzaileari bidali arte.
hondakina: «Mahuka-iragazkiak».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/3/4.
Hondakinaren kodea: Q5//R13//S28//C7//H5/
14//A243//B0019.
HEZ: 15 02 02.
Urtean sortutako kantitatea: 378 mahuka 2 urtean behin.
Iragazkien mahuka berriak jartzeko lanetan sortzen da eta hondakin horrentzako identifikatutako big-bagean gordetzen da baimendutako kudeatzaileari bidali arte.
hondakina: «Aerosolak».
Identifikazioa: A48501191/4800019026/3/5.
Hondakinaren kodea: Q14//R13//S39//C40/11//H3A/5//A243//B0019.
HEZ: 16 05 04.
Urtean sortutako kantitatea: noizean behin.
Hondakin horrentzako identifikatutako big-bagean gordetzen da baimendutako kudeatzaileari bidali arte.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.
Koipegabetze azido eta kloruro ferrosoko hondakina sortzen den instalazioko gordailutik jaso beharko da zuzenean, aurretik ontziratu eta biltegiratu gabe, eta baimendutako kudeatzaileari eman behar zaio.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen du dekretu horrek) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.
Hondakin arriskutsuak gordetzeko denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan.
Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko.
Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Cabarri SA enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.
Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak baimendutako kudeatzailearen instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.
Cabarri SA enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.
Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean, begiesten diren aurreikuspenak bete beharko ditu Cabarri SA enpresak.
Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Cabarri SA enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.
Cabarri SA enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.
Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.
Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarrietako bete dadin, hau da, hondakin horiek ahal den gutxiena sortzeko, Cabarri SA enpresak neurri zuzentzaileak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetzan, gutxienez lau urtean behin.
Aurreko f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m) eta n) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.
Enpresak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.
1.2.2. Hondakin ez-arriskutsuak.
Sustatzaileak aitortu duenez, honakoak dira sortutako hondakin ez-arriskutsuak:
Hondakinaren izena HEZ kodea Zein prozesuri lotuta Zenbatetsitako
ekoizpena
Errautsak 110502 Galbanizatzea 81,48 t/urte
Laharrak 110501 Galbanizatzea 107,46 t/urte
Txatarra 160117 Galbanizatzea 91 t/urte
Hiriko hondakinekin bateratu daitezkeen hondakinak 200301 Zerbitzu orokorrak 160 t/urte
B.1.2. atalean bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, «hiriko hondakinekin bateratu daitezkeen hondakinak» izeneko hondakinak ezingo du balioztatu daitekeen hondakin-frakziorik izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkideagoan balioztatu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, zura, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.
Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu batera.
Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balioztatzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.
Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile batek onartzen dituelako agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta Ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Cabarri SA enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.
Halaber, hondakin geldo eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.
Erregistro bat egingo da, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.
Aurreko d) eta e) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta f) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.
1.3. Lurzorua babesteko baldintzak.
Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako agindua betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztu duten aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Cabarri SA enpresak industria-produkzioko lanetan jardunbide egokiak ezartzen jarraitu beharko du (lehengaiak biltegiratzeko atxikipen-kubetak instalatzea, tratamendu-upeletan lehengai arriskutsuak kargatzeko eta deskargatzeko lanak zaintzea, okupatutako azalera osoa garbitu eta mantentzeko lanak, eta abar), pasibatze-upelaren ingurua azidoen kontrako lauzarekin estali beharko du, tantak bildu eta mordentatzeko birsortze jarraikiko plantara eramango dituen kanalen sistema ezarri beharko du, eta pasibatze-upela ezustean pitzatu edo hautsita kutsadura larria gertatzea ekiditeko neurri egokia bilatu beharko du.
Era berean, bere baitan dituen prebentzio- eta defentsa-neurriak mantendu beharko ditu instalazioak. Ondorengoak dira:
Prozesuko upeletako azidoen kontrako materialez estalitako ingurune estankoan eta mordentatze-instalazioan atxikipen-kubetaren barruan lehengai arriskutsuak biltegiratzea.
Koipegabetze azido eta kloruro ferrosoko hondakin eta desugertzerako azido klorhidrikoa deskargatzea propileno-azpil gainean eta mordentatze-upelean jasotzea. Upela azidoen kontrako materialez estalitako inguruan kokatua dago kutxeta itsu baterantz okertua.
Azidoen kontrako materialez estalitako lurzoruan eta kutxeta itsu baterantz okertua, koipegabetze azidoa eta kloruro ferrosoko hondakin arriskutsu diferente, amoniako eta hidrogeno-peroxidoa deskargatzea.
Pabilioiaren barruan eta hormigoizko zola gainean hondakin arriskutsuak biltegiratzea.
25 m x 15 m-ko putzu estankoan laneko tinak, azido kontrako erretxina isoftalikodun soto irazgaiztuarekin eta mordentatzeko birsortze jarraikiko plantako tanten zulora % 2ko aldaparekin, pasibatzekoa eta hoztekoa izan ezik.
Atxikipen-kubetaren barruan eta zola iragazgaitz gainean, mordentatzeko birsortze jarraikiko planta.
Cabarri SA enpresak jarduera garatzen duen lur zatian lur-mugimenduak sustatzen baditu, enpresak hondeatu behar dituen materialen karakterizazioa egin beharko du, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan diren egiaztatzearren eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.
Karakterizazio horretan lortutako emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, baloratzeko, eta material horiek kudeatu aurretik. ingurumen-organoak, ebazpen arrazoitu bidez, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastea eskatu ahal izango du kutsadura-zantzurik detektatuz gero, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
1.4. Zaratari buruzko baldintzak.
Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak hartu eta instalatuko dira:
Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.
Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 8:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.
Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.
Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.
Ingurumena Zaintzeko Programa.
Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:
1. Atmosferako isuriak kontrolatzea.
Cabarri SA enpresak isurien kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:
Fokua Foku-kodea Fokuaren izena Neurtu beharreko parametroak Kontrolen maiztasuna
1 48001899-01 Galbanizatze-upela Guztizko partikulak, HCl, Zink Urtero KEB
2 48001899-02 Galbanizatze-upeleko labearen erregailuak CO eta NOx 5 urtero KEB bidez kontrolatzea
Goiko atalean adierazitako neurketa guztiak Kontrol Erakunde Baimendu (KEB) batek egin behar ditu (gutxienez, ordubeteko hiru neurketa, zortzi ordutan barrena neurtutakoak) eta aldizkako neurketa horiei dagozkien txostena, Ingurumen Sailburuordetzaren «KEBen gutxieneko txostenean» ezarritakoari egokitu behar zaio. Dena dela, emisioaren kontrolek eta baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren argibide teknikoek eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.
Arestian eskatutako parametro guztien neurketen KEB txostenak bidaliko dira. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak Ebazpen honetan kontrol-maiztasuna ezarri aurretik egindakoak badira. Atmosferara egiten diren isurketen ondorengo kontrolak, egindako azken neurketan adierazitako maiztasunarekin egingo dira.
1.1. Lortutako emaitzak erregistratzea.
Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean. Dokumentazio gaurkotua erabilita gauzatuko da erregistroa, eta 1976ko urriaren 18ko Aginduak, industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzekoak, 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motako intzidentziak, eta abar. Dokumentazio horrek eguneratuta egon beharko du, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskatuko balute, eskuragarri izango dute.
2. Jardueraren adierazleak.
Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:
Adierazlea Unitatea
Gas naturaleko kontsumoa / produktu galbanizatuko kantitatea m3/t galbanizatua
Azido klorhidrikoko kontsumoa / produktu galbanizatuko kantitatea l/t galbanizatua
Koipegabetze-kontsumoa / produktu galbanizatuko kantitatea kg/t galbanizatua
Zink-kontsumoa / produktu galbanizatuko kantitatea kg/t galbanizatua
Mahuka-iragazkietako hautsa sortzea / produktu galbanizatuko kantitatea kg/t galbanizatua
Araztegiko lohiak sortzea / produktu galbanizatuko kantitatea kg/t galbanizatua
Laharrak eta errautsak sortzea / produktu galbanizatuko kantitatea kg/t galbanizatua
Txatarra sortzea / produktu galbanizatuko kantitatea kg/t galbanizatua
3. Zarataren kontrola.
Jarduera garatzen den lursaileko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.
Sustatzaileak neurketen proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamen hori Ebazpen honetako C.5 atalean aipatzen den Ingurumena Zaintzeko Programako testu bateginarekin batera aurkeztuko da.
4. Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenaren gaian aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.
Isuritako uraren kalitatearen kontrolari buruzko emaitzak, gainera, hiru hilean behin bidaliko dira Uraren Euskal Agentziara (Bizkaiko Ordezkaritza).
5. Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta Ebazpen honetan proposatutako betekizunak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak edo analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.
Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
Ezohiko egoeretan, kutsadurari aurre hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.
1. Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, botako diren kutsagarriak eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere.
2. Jarduera uztea.
Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (28510 epigrafea «Metalen tratamendua eta estaldura»), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Cabarri, SA enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3. Ezohiko jardunean aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduketak.
Sustatzaileak aurkeztutako oinarrizko proiektuan eta dokumentazio osagarrian egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei dagokienez. Isuri-ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaiztzea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen isuri-ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskaritza eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, zorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurre hartzeko.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburu horretan kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gertaerena ere.
Amoniako disoluzioa, azido klorhidrikoa, azido ortofosforikoa, inibitzaileak eta hidrogeno peroxidoa, besteak beste, maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen azalera guztiak irazgaiztuko dira.
Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.
Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.
Mordentatzeko birsortze-instalazioan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak aldizka atera beharko dira instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, gordailu iragazgaitzetan eta hondoan hustubiderik ez dutenetan gordeko dira.
Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoko ura kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.
Arazteko instalazioek lohien tratamendua badute, xukatutako ura instalazioaren sarrerara birzirkulatuko da, hori tratatzeko.
Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.
Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean (besteak beste, ustekabeko isuri bat egitea), sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio berehala Ingurumen Sailburuordetzari.
Gertakari edo arazo larriren bat edo atmosferara ustekabeko isuriren bat eginez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazteaz gain, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:
Gertakari mota.
Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
Iraupena.
Ustekabeko isuria bada, emaria eta isuritako gaiak.
Mugak gaindituz gero, isurtzeei buruzko datuak.
Eragindako kalteen balioespena.
Hartutako neurri zuzentzaileak.
Berriro gerta ez dadin aurreikusitako neurriak.
Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.
Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.
Baldin eta arautegi berria indarrean sartzean, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
Urtean behin Cabarri SA enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara botatako kutsagarriei, uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuaren, E-E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duenari jarraituz.
Informazio hori ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko da. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-L03 Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web orrian eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.
Halaber, Ebazpen honetan aurreikusitako gainontzeko informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.
Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.
Apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atalari jarraituz, lehendik dauden instalazioen titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek, 1907/2006 EE araudian erregistratu eta ebaluatzeko aurreikusitako prozesuan identifikatu direnak, giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.
Ingurumeneko baimen bateratu honen eraginpeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 2002ko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.
Hirugarrena. Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio Ebazpen honetako Bigarren ataleko honako puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: B.1.2.1.f eta B.1.2.2.d (Hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuak onartzeko agiria); B.1.2.1.n eta B.1.2.2.f (Hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kontrolaren erregistroa egiteko eredua), B.1.3 (lurzorua babesteko baldintzak); C.1 (Atmosferara egiten diren isurien kontrola), C.1.1 (Atmosferara egiten diren isuriak erregistratzeko eredua), C.3 (Zaratak neurtzeko proposamena), C.5 (Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina), D.1 (Aurreikusitako geldialdietan sortutako isurketen eta hondakinen balioespena), D.3.a (Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua), D.3.g (Larrialdi-egoeretarako eskuragarri dauden materialen zerrenda), D.3.o (suteen aurkako babes-ziurtagiriak).
Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskaritza-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta Ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki direla. Horretarako, aipatutako ikuskaritza-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.
Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.
Laugarrena. Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.
Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Edozein modutan ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.
Seigarrena. Cabarri SA enpresak Ebazpen honen xede den berotan galbanizatzeko plantaren inguruan titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzan jakinarazi beharko du, hark onar dezan.
Zazpigarrena. Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:
Epearen barruan ez egiaztatzea Ebazpen honetako Hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen ez badu.
Cabarri SA enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.
Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen Ebazpenean xedatutakoak.
Zortzigarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Cabarri SA enpresari, Arrigorriagako Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.
Bederatzigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Hamargarrena. Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari, hilabeteko epean, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 25a.
Ingurumeneko sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


