- EBAZPENA, 2008KO MAIATZAREN 14KOA, INGURUMEN SAILBURUORDETZARENA, EUSKO JAURLARITZAREN GARRAIO ZUZENDARITZAK SUSTATUTAKO EAEKO GARRAIOAREN SARE INTERMODAL ETA LOGISTIKOAREN LURRALDEAREN ARLOKO PLANA IZENEKO PLANAK INGURUMENARAREN GAINEAN IZANGO DUEN ERAGINARI BURUZKO ERREFERENTZIA-DOKUMENTUA EGITEN DUENA - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2008KO MAIATZAREN 14KOA, INGURUMEN SAILBURUORDETZARENA, EUSKO JAURLARITZAREN GARRAIO ZUZENDARITZAK SUSTATUTAKO EAEKO GARRAIOAREN SARE INTERMODAL ETA LOGISTIKOAREN LURRALDEAREN ARLOKO PLANA IZENEKO PLANAK INGURUMENARAREN GAINEAN IZANGO DUEN ERAGINARI BURUZKO ERREFERENTZIA-DOKUMENTUA EGITEN DUENA
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 217
- Hurrenkera-zk.: 6310
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/05/14
- Argitaratze-data: 2008/11/12
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago «EAEko garraioaren sare intermodal eta logistikoaren Lurraldearen Arloko Plana». Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Eusko Jaurlaritzaren Garraio Zuzendaritzak 2008ko urtarrilaren 21ean hasi ditu izapideak «EAEko garraioaren sare intermodal eta logistikoaren Lurraldearen Arloko Plana» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentuari erantzuteko.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
Ingurumen ondorioetarako soilik, Eusko Jaurlaritzaren Garraio Zuzendaritzak sustatutako «EAEko garraioaren sare intermodal eta logistikoaren Lurraldearen Arloko Plana» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.
Txostena honakoa da:
Aurrekariak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Plan honek Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako 1.1.4 ekintza-lerroari erantzuten dio (2). Xedetzat du Euskal Autonomia Erkidegoko merkantzien eta bidaiarien garraiorako azpiegitura logistikoak eta intermodalak antolatzea, eta, hortik abiatuta, planaren ondoriozko jarduketa guztiak integratzea eta koordinatzea. Xede horri erantzunez, plan honen barruan planteatzen diren garraio-azpiegitura berriak EAEko lurraldearen antolaketarako politikaren barruan txertatzen dira. Horretarako, horiek gauzatu ahal izateko ezinbestekoa den lurzoru-erreserba egin da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planaren Aurrerapen dokumentua 2003ko uztailan amaitu zen. Ondoren, hiru hilabetez egon zen lurraldeetako herri administrazio interesdunen audientzia-izapidean eta informazio publikoko izapidean. Sortutako interesa eta gaiaren konplexutasuna aintzat izanik, epe hori hilabetez luzatu zen. Aldi berean, Aurrerapena gizarte- eta ekonomia-sektorearen aurrean nahiz erakundeen aurrean aurkeztu zen. Aipatu izapideen epea amaitu ondoren, aurkeztutako alegazioak, ekarpenak eta iradokizunak aztertzeari ekin zitzaion. Horrela, Aurrerapen dokumentua berrikusi egin zen, eta aurkezpen berriak egin ziren bai gizarte- eta ekonomia-sektorearen aurrean eta baita erakundeen aurrean ere. Une horretatik aurrera, dokumentua lantzen jardun dira, hasierako onespena eman ahal izateko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planaren hasierako onespenerako dokumentu hau (2007ko uztaileko zirriborroa) Sailburuordetza honi igorri zitzaion, ingurumeneko iraunkortasun-txostenaren edo Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazio Azterlanaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztapen-maila xedatzeko eskaerarekin batera.
Aurretiazko oharrak.
9/2006 Legearen Zioen Azalpenean xedatzen da planen eta programen ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozesuak ez duela izan behar planen justifikazio hutsa, ingurumena politika sektorialetan txertatzeko tresna bat baizik, garapen iraunkor bidezkoagoa, osasungarriagoa eta iraunkorragoa bermatzeko, iraunkortasunaren erronka handiei aurre egitea ahalbidetuz, hala nola natur baliabideen erabilera arrazionalari, kutsaduraren prebentzioari eta murrizketari, berrikuntza teknologikoari eta kohesio sozialari. Era berean, euskal ingurumen politika zuzentzen duten printzipioen dekalogoan (3) xedatzen da tresna hori funtsezkoa dela ingurumen-alderdiak euskal administrazio publikoaren maila eta arlo guztietako politiken, planen eta programen idazketan eta burutzapenean txertatzerakoan.
Ebaluazio prozesua ezin da ingurumen eraginaren baterako ebaluazio azterlanaren xede diren egitekoetara mugatu, hots, planteatutako alternatibek ingurumenaren gainean izan ditzaketen eragin kaltegarriek identifikaziora, deskribapenera eta ebaluaziora. Aintzat izan behar da ingurumen-alderdiak politiken, planen eta programen idazketan eta burutzapenean benetan txertatu ahal izateko, ezinbestekoa dela bermatzea horiek ingurumenean izan ditzaketen ondorioak kontuan hartzen direla planak onetsi aurretik eta horiek prestatzen ari diren bitartean, prozesu jarraitu batean, zirriborroaren aurretiazko fasetik proposamenaren azken fasera arte. Horregatik, ingurumen eraginaren baterako ebaluazio azterlana prestatzeko prozesuak lehenbailehen hasi beharko luke eta, ahal bada behintzat, plana prestatzen hasten den unean bertan.
Hala ere, Sailburuordetza honi hasierako onespenerako aurkeztu zaion agiriaren «Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planaren xedea eta justifikazioa» atalean ondoko hau adierazten da:
Lurraldearen Antolamendurako Artezpideak garatzeko eta betetzeko, Lurraldearen Arloko Plan honek ondorengo hauek aztertu ditu: potentzial logistiko handien duten guneak, indarrean dagoen udal planeamenduan jasotako lurzoruaren erabilerak, garapen-joerak, aztertzen ari den planeamendua, beste erabilerekiko izan ditzaketen interferentziak eta, oro har, behin aztertu eta kontrastatu ondoren, lurraldean Lurraldearen Arloko Plan honen bidez integratzen den plataforma logistikoen eta azpiegitura intermodalen sarearen proposamen zehatza ekarri duten azpiegituren alderdi horiek.
Ingurumen fisikoarekin zerikusia duten alderdiak indarrean dagoen legedian xedatutako prozeduraren bidez garatzen dira, Ingurumen Eraginaren Ebaluazioaren bidez.
Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazio Azterlana ez da idatzi oraindik. Hortaz, Sailburuordetza honek ulertzen du ingurumen fisikoarekin zerikusia duten alderdiak ez direla kontuan hartu zirriborro hau idazterakoan eta, bereziki, planteatzen diren alternatiba logistikoak proposatzerakoan eta aukeratzerakoan.
Aurreko guztia aintzat izanik, eta 9/2006 Legean eta 183/2003 Dekretuan (4) xedatutakoaren arabera, Ingurumeneko Sailburuordetza honen aburuz, berriro egin beharko da alternatiben proposamena eta hautaketa. Hori egiterakoan, kontuan hartuko dira ingurumen fisikoarekin zerikusia duten alderdiak eta, berariaz, Erreferentziazko Dokumentu honen 2.4 atalean zehaztutako ingurumeneko irizpide estrategikoak, ingurumeneko helburuak eta iraunkortasun-printzipioak.
Egin diren kontsultak.
Ingurumeneko Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:
Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritza.
Uraren Euskal Agentzia.
Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saila.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Saila.
Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Arkitektura Zuzendaritza.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.
Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia.
Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketako Zuzendaritza Nagusia.
Abadiñoko Udala.
Adunako Udala.
Aizarnazabalgo Udala.
Amorebieta-Etxanoko Udala.
Anoetako Udala.
Arrasateko Udala.
Arrazua-Ubarrundiako Udala.
Asparrenako Udala.
Bergarako Udala.
Berrizko Udala.
Derioko Udala.
Donostia-San Sebastiángo Udala.
Erribera Beitiako Udala.
Ezkio-Itsasoko Udala.
Güeñesko Udala.
Irungo Udala.
Irurako Udala.
Iurretako Elizateko Udala.
Legutioko Udala.
Lezamako Udala.
Lezoko Udala.
Mungiako Udala.
Donemiliagako Udala.
Urkabustaizko Udala.
Usurbilgo Udala.
Villabonako Udala.
Vitoria-Gasteizko Udala.
Zalduondoko Udala.
Zestoako Udala.
Zuiako Udala.
Arauzko epea amaituta, ondorengo hauen erantzunak jaso dira:
Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritza.
Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saila.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.
Zestoako Udala.
Lezoko Udala.
Adunako Udala.
Anoetako Udala.
Donostia-San Sebastiángo Udala.
Iurretako Elizateko Udala.
Villabonako Udala.
Halaber, 2008ko urtarrilaren 27an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren web orrian ere.
Interesdun gisa akreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko otsailaren 29an amaitu zen. Izapide horren ondorioz, Arabako Natur Institutuak idatzi bat igorri zuen, eta interesdun gisa akreditatua izan da.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren prozeduran kontuan hartu behar diren lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen inguruko hainbat oharpen egin ditu.
Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak adierazi du planak Kultur Ondasun Kalifikatu, Kultur Ondasun Inbentariatu edo Balizko Arkeologia Gune izendatutako gune arkeologikoren batekin identifikatutako oruberen bat ukituko balu, horien gaineko jarduketek kontuan hartu beharko luketela Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatutakoa eta lege horri buruz Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako agindu eta ebazpenetan xedatutakoa.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak adierazi du Planak ez duela eragin garrantzitsurik osasun publikoarengan, ingurumen eraginaren baterako ebaluazio azterlana egiterakoan kontuan hartu beharko liratekeen funtsezko alderdiengan behintzat.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila kezkatuta dago, batetik Planak lurzoru asko kontsumitzen duelako, batez ere nekazaritzarako lurzorua; bestetik, nekazaritzako ustiapenen eta horietan garatzen diren jardueren gainean izan dezakeen eraginarengatik; eta, azkenik, proposatzen diren kokagune batzuk landa edo nekazal izaerako inguruneetan edo gutxi artifizializatutako inguruneetan daudelako. Sail honek zalantzan jartzen du benetan beharrezkoa eta komenigarria ote den Planaren garapena, dokumentuan proposatzen den bezala, EAEkoa bezalako lurralde batean, lurzoru oso gutxi duen eta dagoen lurzorua oso artifizializatuta dagoen lurralde batean. Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazioari dagokionez, Sailak adierazi du nekazaritza sektorearen gaineko eragina ebaluatu beharko litzatekeela; horretarako, erreferentziatzat Nekazaritzaren eta Basogintzaren Lurraldeko Arloko Planaren V. Kapitulua hartzea iradokitzen du. Neurri zuzentzaileek konpentsazio soiletik haratago joan beharko lukete, ukitutako ustiapenen nekazal jarduerak aurrera jarraitzea eta ondo funtzionatzea bermatuz.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak bere iritziz, eta Bizkaiko Lurralde Historikoari dagokionez, Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazio Azterlana idazterakoan kontuan hartu beharko liratekeen alderdiak azpimarratu ditu.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak biodibertsitatearen gainean izan dezaketen eragina dela-eta Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazio Azterlanean xehetasunez jaso beharko liratekeen alderdiak azpimarratu ditu. Hasierako onespenerako aurkeztu zen dokumentua aztertu ondoren, adierazi du planteatzen diren zenbait jarduketek eragin nabarmena izan dezaketela Natura 2000 Sareko lekuen gainean.
Zestoako Udalaren iritziz, Urola ibaiak Iraetan egiten duen ibarra edo meandroa ingurumenari dagokionez balio handia duen espazio fisikoa da; bertan bat egiten dute ikuspegi sektorial ezberdinek, ezaugarri komun batekin: esparru horrek duen balio estrategikoaren aitormena eta berau aipatu politika sektorialetatik eratorritako erabilera zehatzetarako erabiltzeko aldarrikapena. Udalaren iritziz, alternatiben azterlan batean aipatu ibarrak izan ditzakeen erabilera desberdinen inguruan sakondu beharko litzateke: egoitzazkoak, nekazaritzakoak, ekipamenduzkoak edo hornidurazkoak, jarduera ekonomikoak, espazio horri balio erantsia emanez, jadanik baduen balio naturalaz edo agrologikoaz gain. Era berean, Udalaren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planak egiten duen planteamendua, Gipuzkoako esparru honetan, A-8 autobidearen korridorearen ondoan, merkantzien garraiorako zentro bat jartzekoa, kokaleku-alternatiben azterlan batean oinarritu beharko litzateke, ingurumenari dagokionez Iraetako ibarra bezain sentikorra ez den kokaleku bat hautatzeko. Izan ere, Udalak uste du kokaleku hori lehen aipatu den planifikazio orokorreko alternatiben azterketatik ondorioztatutako planteamendu mistoetarako gorde beharko litzatekeela.
Lezoko Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planaren dokumentua izapidetzetik atzera botatzea eskatu du.
Adunako Udalak eskatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Sare Intermodal eta Logistikoaren Lurraldearen Arloko Planak Adunari buruz proposatutakoa berriro azter dadin eta egin beharreko zuzenketak egin daitezen, betiere Adunako udalerrirako behin betiko onartutako Plangintza Orokorrean aurreikusitakoa aintzat hartuta.
Anoetako Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planaren dokumentua izapidetzetik atzera botatzea eskatu du.
Donostia-San Sebastiángo Udalaren iritziz, komenigarria izango litzateke plan honek mugikortasun iraunkorraren arloan izan dezakeen eragina aztertzea, Donostiako udal mugarteko bide-azpiegitura guztiei dagokienez.
Iurretako Elizateko Udalak ebazpen bat igorri du. Ebazpen horren bidez, Udalbatzak aho batez erabaki du baztertzea udalerriko Fauste-Bakixa aldean 1. motako merkantzien garraiorako zentro bat jartzea, horrek sortuko lituzkeen kalte larriak direla-eta, eta argudiotzat hartuz ebazpenaren azalpen-zatian adierazitakoak.
Villabonako Udalaren erantzuna Villabonako ibarrean proposatzen den jarduerari buruzkoa da. Ondorio gisa irizten du jarduketa horrek Lurraldearen Zatiko Planaren aurrerapenak Tolosaldeko eremu funtzionalerako planteatzen duen ereduaren aldaketa nabarmena suposatuko lukeela, eta bateraezina izango litzatekeela, LZP horrekiko koherentzian, Villabonako HAPOk eremu horretarako planteatzen duen xedearekin.
Arabako Natur Institutuaren iritziz, Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Plana ezinbestean koordinatu beharko da jarduera ekonomikoetarako lurzorua eta merkataritza-ekipamenduak sortzeko LAPekin, azken honen gaineko eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Jakinarazi du, halaber, erabat baztertzen duela N-1 errepidearen inguruan, A-68 korridorean eta Gasteiz-Ferroutage geltokia inguruan jarduerak garatzea. Izan ere, jarduera horien ondorioz habitat naturalak deuseztatuko dira, konektibitatea galduk da, espezie babestuak ukituko dira eta paisaia kaltetuko da. Eragin horiek guztiak, Institutuaren aburuz, onartezinak dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planari aplikagarri zaizkion ingurumeneko irizpide estrategikoak, ingurumeneko helburuak eta iraunkortasun printzipioak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Plana egiterakoan oinarritzat hartuko dira Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020), Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (IEP) (2007-2010), EAEko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasota dauden ingurumen-irizpide estrategikoak, ingurumeneko helburuak eta iraunkortasun printzipioak. Arreta berezia jarriko zaie ondoko hauei:
Lurraldearen artifizializazioa garrantzi biziko gaia da Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumenaren diagnosia egiterakoan; izan ere, lurraldearen orografia oso menditsua da eta, hortaz, bailaren hondoak masiboki okupatuta daude. Horrenbestez, intentsitate txikiagoarekin erabili behar da lurzoru naturala. Lehendik urbanizatutako lurzoruen berrerabilpena lehenetsi behar dute hirigintza-planek, azpiegitura ekonomiko berriek, garraio-azpiegiturek, ekipamenduek eta abarrek, lurzoru natural gehiago erabiltzearen ordez. Xede horri begira, Eusko Jaurlaritzak konpromiso kuantitatibo bat hartu du 2010. urterako: urtetik urtera hektarea gutxiago artifizializatuko dira azpiegitura berriak eraikitzeko (5).
2006tik 2007ra (urtebeteko aldian), EAEn eraiki ziren azpiegitura berriekin, 58 hektarea artifizializatu ziren (6). Hektarea-kopuru hori erreferentziatzat hartuta, Plan honek egiten dituen proposamenak Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisora doitu beharko dira, kontuan izanik Planaren proposamenei gainerako azpiegiturek artifizializatu dezaketen lurzorua erantsi behar diegula. Azken buruan, horrekin esan nahi dena da Planean planteatzen diren proposamenek koherenteak izan behar dutela hartutako konpromisoarekiko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planak abiapuntutzat hartu behar ditu, beste batzuen artean, ondoko printzipio hauek:
Lurzoruaren erregulazioari, antolaketari, okupazioari, eraldaketari eta erabilerari buruzko politika publikoek baliabide naturalen erabilera arrazionala bultza behar dute eta, bereziki, ondoko hauek bilatuko dituzte (7):
1) Natura, flora eta fauna kontserbatzeko eta hobetzeko nahiz ondare kulturala eta paisaia babesteko neurrien eraginkortasuna.
2) Landa-ingurunea babestea, bere izaerari egokitua, eta hirigintzako eraldaketa-beharretarako behar ez den edo egokia ez den lurzoruaren balioak zaintzea.
Administrazio publikoak, lurzorua babesteko xedez, ondorengo printzipio hauen arabera jardungo dira (8):
1) Lurzoruaren erabilerak lurralde- eta hirigintza-antolaketako tresnen bidez esleituko dira, beren funtzioak bermatzeko xedez, eta lehentasuna emanez nekazaritzako erabilera produktiboari eta, kasu orotan, lurzoruaren berrerabilerari.
2) Ahalik eta funtzio natural gehien mantenduko dira lurzoruaren erabilera-funtzioak gauzatzerakoan.
Ingurumeneko irizpide estrategiko eta ingurumeneko helburu hauek txertatu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Plana egiterakoan eta, gainera, behar bezain beste justifikatuko da horiek txertatu izana:
Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna ematea. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (9).
Lehentasuna emango zaio kutsatuta dauden lurzoruak garbitzeari, lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik (10).
Ahal den neurrian, gaur egun garatu gabe dauden eta 100 urteko itzulera epeko uholdeak jasateko arriskua duten eremuen artifizializazioa saihestea (11). Kasu honetan, proposamenak Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzak lurzorua bere uholde-arrisku mailaren arabera erabiltzeko landu dituen irizpideetara doitu beharko dira irizpideetara (12).
Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita (13).
Gizon-emakumeen mugikortasun-eskaera kudeatzea, herritarrak oinez ibiltzera eta, bizikleta eta garraio publikoa erabiltzera bultzatuz (14).
Energia aurreztea, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea (15).
Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie (16).
Eskualdearen eta lurraldearen garapena eta biodibertsitatearen kontserbazioa bateragarri izatea indartzea, azpiegitura handiak Natura 2000rekin, korridoreekin eta paisaiarekin bateragarri eginez (17).
Lur azpiko nahiz azaleko ur kontinentaletan, ur azpietan, ibilguetan, ur-bazter edo -ertzetan, tarteko uretan eta itsasertzeko uretan eragina duten edo izan dezaketen plan, programa eta jardueretan, edonolakoak direlarik ere, lehentasuna eman behar zaio ura eta haren ingurunea babestu, begiratu eta lehengoratzeari. Lurraldea eta hirigintza antolatzeko planetan eta tresnetan, bereziki, ura eta uraren ingurua kontserbatzeko beharrezko neurri egokiak jaso beharko dira; orobat, bihar-etziko eskariak aurreikusi beharko dira, bai eta eskari horiek ingurumenari kalte handirik egin gabe asetzeko baliabide teknikoak eta diru-iturriak ere (18).
Alternatibak proposatzerakoan eta hautatzerakoan kontuan hartuko dira ingurumen-alderdiak eta, berariaz, atal honetan zehaztutako ingurumen-irizpide eta -helburuak.
Iraunkortasun-txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.
Beraz, EAEko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. eranskina.
Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:
Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.
Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Laburpen-agiria.
Dokumentazio grafikoa.
Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik ateratako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin.
1. Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.
Atal honetan LAParen helburuak jasoko dira, ingurumen-helburuak azpimarratuz. Esplizituki adieraziko da nola txertatu diren Erreferentziazko Dokumentu honetako 2.4 atalean adierazitako ingurumeneko irizpide estrategikoak eta ingurumeneko helburuak.
Aldaketaren idazketan ingurumeneko irizpide estrategiko eta helburu horiek txertatzearekin prebentzioaren printzipioa azpimarratu nahi da, ondorioen zuzenketa printzipioaren gainetik. Horrela, neurri zuzentzailea edota konpentsatorioak ezarri beharra murriztea ahalbidetzen duen garapen iraunkorra bultzatzen da. Horrela, alternatiben proposamena ingurumeneko helburuak garatzeari dago lotuta nagusiki, ez neurri zuzentzaileak bilatzera. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren edo txertatu ez izanaren adierazle garbitzat ulertuko da.
Horregatik, planean aurreikusitako helburuak modu desberdin batetara garatzea bilatzen duten alternatibak proposatu behar dira, eta, bereziki, lehen aipatu diren ingurumeneko irizpideak.
2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Funtsezkoa da LAP honetan proposatzen diren jardueren eta aplikagarri diren gainerako planen eta programen arteko koordinazioa. Plana aplikazio-esparru bera duten beste planekiko bateragarria dela zuritu beharko da. Besteak beste, Planak ondoren aipatzen diren plan eta programekin daukan bateragarritasuna aztertuko da:
EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.
Behin betiko izaeraz onetsita dauden eta prestatzen ari diren lurraldearen zatiko planak.
Behin betiko izaeraz onetsita dauden eta prestatzen ari diren lurraldearen arloko planak.
Indarrean dauden udal planeamenduak.
EAEko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).
Natur baliabideak antolatzeko planak eta espazio natural babestuak erabiltzeko eta kudeatzeko plan zuzendariak.
Txingudiko Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan Berezia.
Egun indarrean dauden espezie mehatxatuak kudeatzeko planak.
Klima-aldaketaren aurkako Euskal Plana 2008-2012.
Aztertutako plan eta programekiko ingurumen arloko bateraezintasunen bat egongo balitz, ezinbestekoa izango litzateke xedapen egokiak ezeztatzea edo ordeztea. Inolaz ere ezin dira onetsi maila handiagoko lurraldearen antolaketarako tresnekiko bateraezinak diren jarduerak.
3. Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Gaur egungo ingurumen egoeraren alderdi garrantzitsuenak aipatuko dira (lurzoruak LAPen aurreikusitako erabilerak hartzeko izango duen ahalmena xedatuko duten alderdiak) eta baita LAP gauzatu ezean horiek izan dezaketen bilakaera ere; gainera, beharbada nabarmen kaltetuko diren eremuen ezaugarriak azpimarratuko dira.
Ahalik eta zehatzen identifikatuko dira alternatiba bakoitzaren honako alderdiok:
Eragin handia jasan dezaketen guneetako ingurumen-ezaugarriak (19) (landaredia, fauna, paisaia, hidrologia, geologia, hidrogeologia, kultura ondarea,).
Aldaketarako garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako, eraldatutako edo higadura handiko lurzoruak, kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferikoa eta abar). Honako hau kontuan hartuko da:
Kutsadura atmosferikoari dagokionez, eremuko airearen kalitatea (20) kontuan izan beharko da, Aldaketan aurreikusitako erabilerekin bateragarria den egiaztatzeko.
Antolaketaren xede den esparruko arrisku naturalen mapa (21) bat aurkeztu beharko da.
Jarduerak, kalitate akustikoari dagokionez, esparruko area akustikoekin, zortasun akustikoko zonaldeekin eta izaera naturaleko soinu-erreserbekin bateragarri diren aztertu beharko da (22). Udal mugarte bakoitzaren zonifikazio akustikoa ezarri bitartean, area akustikoak zonaldearen ohiko erabilerak mugatuko ditu (23).
Ingurumen mailan garrantzi berezia duten aldeak:
Garrantzi Komunitarioko Lekuak (GKL), Babes Bereziko Eremu (BBE) aitortuak eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE).
Urdaibaiko Biosferaren Erreserba.
Txingudiko Plan Bereziaren esparrua.
EAEko Espazio Natural Babestuen Sarean sartutako lekuak.
EAEko korridore ekologikoen sarea.
Euskal Ondare Kulturala osatzen duten ondasunak.
Interes Naturalistikoa duten Eremuen Zerrenda Irekia.
EAEko Espazio Natural Garrantzitsuen Katalogo Irekian sartutako espazioak.
EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Irekiaren Aurreproiektuan sartutako espazioak.
Itsas-lehorreko jabari publikoa eta haren babes-zorpeko aldea.
Jabari publiko hidraulikoa eta bere zortasun eta polizia aldea.
Interes geologikoko aldeak.
Mehatxatutako flora eta fauna espezieen banaketa aldeak. Mehatxupeko espezieak kudeaketa-planen bat izango balu, plan horretan xedatutakoa bete beharko da.
Ingurumen aldetik sentikorrak diren eremuak (24).
Balio agrologiko handiko lurzoruak.
Hostozabaleko zuhaiztiak.
Akuiferoak betetzeko lekuak, baita akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duten eremuak.
Herri onurako mendi gisa katalogatutakoak eta mendi babesleak.
Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.
Kartografian jaso beharko dira ingurumenari dagokionez interes berezia duten baliabideak eta espazioak, eta planaren esparruan dauden eta planaren jarduerentzat garrantzia izan dezaketen ingurumen-arazoak, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko.
4. Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, planaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira. Helburu horien artean ezinbestean egongo dira ingurumen helburuak, eta, batez ere, ingurumenaren aldetik planarentzako estrategikoak izan daitezkeen irizpideak, 2.4 atalean zehaztutakoak. Gainera, azkenean aukeratutako proposamena arrazoitu egin behar da, behar besteko xehetasunez, plana sustatze aldera, nahita, ingurumenean askoz ere kalte handiagoak sor ditzakeen beste proposamen bat ez dela aukeratu argitzeko.
Planaren helburuak garatzeko proposamen alternatiborik ez izatea ez da onartuko, alegia, kokatzeko, plana bera garatzeko edo jarduerak garatzeko proposamen alternatiborik ez izatea, baldin eta behar bezala justifikatzen ez bada teknikoki ezinezkoa dela.
Planean proposatutako aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen ondorio esanguratsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, eta ez da alderik egongo ondorio batzuk eta besteak ebaluatzeko kontuan izango diren eskakizunetan. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.
Beraz, aukeratutako irtenbidea justifikatu beharko da, teknikoki eta ingurumen aldetik bidezkoak diren beste alternatibak kontuan hartuta, baita 0 alternatiba edo ez esku-hartzea ere (25).
5. Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.
Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).
Planak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen saiatu beharko da. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.
Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:
Natura 2000 Sareko lekuen gaineko eragina. Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak adierazi bezala, aurkeztu den dokumentuan planteatzen diren hainbat jarduketek eragin nabarmena izan dezakete Natura 2000 Sareko lekuetan. Beraz, alternatiben proposamen eta hautapen berriaren ondoren jarduera horiek bere horretan jarraitzen badute, horiek ukitutako lekuetan izango dituzten eraginak behar bezala ebaluatu beharko dira, dagozkien kontserbazio-helburuak kontuan izanik. Lekuan lekuko eraginen ebaluazioaren ondorioak ikusirik, planak, programak edo proiektuak onesteko edo baimentzeko eskumena duten organoek, beren onespena emateko, dagokion lekuaren osotasuna ez dela kaltetuko bermatu beharko dute lehendabizi.
Onetsitako kudeaketa-plana duten mehatxupeko fauna eta floraren gaineko eragina. Onetsitako kudeaketa-planak dituzten mehatxupeko espezieen Interes Bereziko Aldeetan dagokion Lurralde Historikoko Nekazaritza Sailak igorri beharko duen derrigorrezko txostenean (26) zehaztutakoa bete beharko da. Planaren esparruak Interes Bereziko Aldeak ukituko ez balitu, baina bat etorriko balitz Kudeaketa-planaren esparruarekin, lurraldearen antolamendurako tresnek espeziearen habitatak zaintzen, mantentzen edo berreskuratzen direla bermatu beharko dute, horiek mugatzea behar beharrezkoa denean behar bezala arrazoituz. Horrela, habitatak eta espeziea, egun dauden lekuetan, beharrezkoak diren baldintzatan mantentzera zuzendutako neurri prebentiboak adierazi beharko dira, eta baita habitata lehengoratzea zuzendutako neurri zuzentzaileak ere, habitatak espeziearen eskakizunak betetzen ez dituen kasuetan.
Kudeaketa-planik ez duten mehatxupeko fauna eta floraren gaineko eragina.
Bertan dauden hostozabalen zuhaiztien gaineko eragina.
Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.
Nekazaritzako ekoizpen-erabilerari eusteak eta, edonola ere, lurzoruak berriro erabiltzeak lehentasuna izan beharko du (27); hortaz, arreta berezia eskainiko zaio planak nekazaritzarako lurzoruan izan dezakeen eraginari eta lurzorua ahalik eta gutxien okupatzea ahalbidetzen duten aukeren alde egingo da. Planteatuko diren proposamenek gune horretara atxikitako nekazaritza ustiategietan izango duten eragina ebaluatuko da, gaur egun hasierako onespena daukan Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzaren Lurraldearen Arloko Planean dagokion atalean, hots, nekazaritzaren sektorean izango duen eraginaren ebaluazioari buruzkoan, definitu diren nekazaritzako aldagaietan oinarrituta. Ebaluaziorako kontuan hartu behar diren nekazaritzako aldagaiak honako hauek dira:
Antolamendu-kategoria bakoitzean eragindako azalera.
Eragindako nekazaritzako ustiategien kopurua eta horien orientazio tekniko eta ekonomikoa.
Ustiategi bakoitzean izango duen eragina: partzelen zatiketa, azalera osoaren neurriak, forma, irisgarritasuna eta balio agrologikoa.
Etorkizunean nekazaritzako unitate iraunkor gisa hartuta, zona horrek izango duen eragin orokorra.
Paisaiaren gaineko eragina.
Akuiferoen gaineko eragina.
Lurzoru artifizializatua gehitzea.
Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.
Hondakin gehiago sortzea.
Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.
6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Aldaketa egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da.
Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Beraz, azkenean gauzatu diren jarduerek kapital naturala galtzea eragiten badute, galtze hori konpentsatu egin beharko da kapital naturala handitzearen edota hobetzearen bitartez (II Ingurumeneko Esparru Programa 2007-2010. Bigarren lehentasuna).
Plana egiterakoan bezala, bera garatzeko dokumentuetan ere ingurumen gidalerroak ezarriko dira, prebentzioari eraginen zuzenketari baino lehentasun handiagoa emateko, dokumentu honetan zehar jasotzen den bezala. Gidalerro horiek aurreikusitako jarduerak kokatzean eta garatzean txertatzen badira, bere eragin negatibo esanguratsuak mugatuko dira eta neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak geroago ezartzeko beharra mugatuko da. Gidalerro horiek, hain zuzen ere, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa behar duten plan eta proiektuetara zuzenduko dira (28); izan ere, azken hauek bakarrik izan dezakete ingurumenaren gaineko eragin esanguratsua.
Hortaz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, planean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez, planak, neurri handiagoan edo txikiagoan, ondoren datozen helburuak gara ditzan:
Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.
Energia-eraginkortasuna sustatzea.
Hondakinen sorrera murriztea.
Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.
Mugikortasun iraunkorra sustatzea.
2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.
Dibertsitate biologikoa mantentzea.
7. Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Gainbegiratzea egitean ingurumenaren gainean izan daitezkeen eragin garrantzitsuenei, bai positiboei bai negatiboei, aurreikusitakoei eta aurreikusi gabekoei (29), horrela identifikatu badira (30), erreparatuko zaie (31). Horretarako, beharrezkoa da, aldez aurretik, bakoitzari adierazle bat ezartzea (kualitatiboa edota kuantitatiboa) edota galdera-sorta. Hori gertatzen da, adibidez, plan bakoitzaren aplikaziotik ondorioztatzen diren ingurumeneko helburu estrategikoekin. Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:
Oinarrizko adierazleak (32) (eredu kausalean oinarrituta (33)).
Goiburuko ingurumen-adierazleak (34).
EAEko iraunkortasunaren adierazleak (35).
Europako egiturako adierazleak.
Adierazle horiei jarraipen zuzena egin ahal zaie, hau da, ingurumenean gerta daitezkeen aldaketen jarraipenaren bitartez (kausa-ondorioaren arteko harremana zehazteko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-faktoreen edo leuntzeko neurrien jarraipenaren bitartez (36).
Planak eta honen jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin garrantzitsuenetarako adierazleak (37) zehaztu ondoren, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeaz arduratuko den agintaritza zehaztuko da (38). Gainbegiratze hau ohiko planifikazio-sisteman integratu ahal izango da baina, ziurtatu beharko da edozein unetan jakin ahal izango dela zein den planak adierazle horri (39) egin dion ekarpena edo, horrela izan ezean, zehaztuko da gainbegiratzeak zenbat iraungo duen eta zenbateko aldizkakotasunaz egingo den.
8. Laburpen-agiria.
Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.
9 Dokumentazio grafikoa.
Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.
Informazio eta kontsultarako moduak.
Zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoa betetzeko, atal honetan informazioa eskatu eta kontsultak egiteko modua definitzen da, eta eragindako administrazio publikoak nahiz herritar interesatua identifikatzen dira.
Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:
Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.3. atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta.
«EAEko Garraioaren Sare Intermodal eta Logistikorako Lurraldearen Arloko Planaren» lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana jendaurrean jarriko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 14a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(2) Garraio Iraunkorraren Gidaplana. 1. helburua. Ekonomiaren hazkundearen eta garraio-eskariaren hazkundearen arteko erlazioa etetea. 1.1. Estrategia. Iraunkortasunaren aldeko kultura bultzatu, garraioaren plangintza eta antolamendua, ukituriko administrazioen, garraio-sektorearen, ekoizpen-sektorearen eta, oro har, gizartearen parte hartzearekin era koordinatu batean eginez. 1.1.4. ekintza-lerroa. Garraioko Sare Intermodalaren eta Logistikaren lurraldearen antolamendurako arloko plana prestatuko da. Ez du indarraldi mugatua izango; programa hamabi urterako egingo da, eta sei urtetik behin berrikusi egingo da.
(3) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010).
(4) Uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua, ingurumen eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duena.
(5) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 9. helburu estrategikoaren (Lurraldea modu orekatuan erabiltzea lortzea) M4.4. jarduera ildoa.
(6) Ingurumen-adierazleen urteko txostena 2007.
(7) Maiatzaren 28ko lurzoruari buruzko 8/2007 Legearen 2. artikulua.
(8) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 28.artikulua.
(9) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 9. helburu estrategikoaren (Lurraldea modu orekatuan erabiltzea lortzea) 3. jarduera ildoa.
(10) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 3. helburu estrategikoaren (Lurraren kutsadura aurreikustea eta zuzentzea) 5. jarduera ildoa.
(11) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 2010. urterako helburu estrategikoa:11. Helburu Estrategikoaren M5.3: klima-aldaketara egokitzea.
(12) Irizpide horiek Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak 2007ko abenduaren 10eko Aginduaren bidez hasierako izaeraz onetsitako Kantauriko isurialdeko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketan sartu dira.
(13) Ekainaren 30eko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 3. artikulua.
(14) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 8. helburu estrategikoa: beste mugikortasun kudeaketa eredu baterantz.
(15) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 3. helburu estrategikoa: Lurraren kutsadura aurreikustea eta zuzentzea.
(16) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 7. helburu estrategikoa: gure aniztasun biologikoari eustea.
(17) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru Programa (2007-2010). 7. helburu estrategikoko 11. ildoa: gure aniztasun biologikoari eustea..
(18) Ekainaren 23ko urari buruzko 1/2006 Legearen 29.2 artikulua.
(19) Kontuan izan beharreko ingurumen mailako eraginak, arrazoizko probabilitate-maila aurreikus dakiekeenak izan daitezke. Arretaren printzipioa aplikatzea: ez da ziurtasun-kontua, kalte handiak eragin daitezkeelako probabilitatea baizik.
(20) Sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, nitrogeno oxidoa, partikulak, beruna, bentzenoa eta karbono monoxidoari dagokionez, inguruneko airearen kalitatea ebaluatu eta kudeatzeko urriaren 18ko 1073/2002 Errege Dekretua.
(21) Maiatzaren 28ko lurzoruari buruzko 8/2007 Legearen 15.2 artikulua.
(22) 37/2003 Legearen eta 1367/2007 Errege Dekretuaren aurreikuspenen arabera ezarrita.
(23) Zonifikazio akustikoari, kalitatearen helburuei eta igorle akustikoei dagokienez, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 5.5 artikulua.
(24) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 51. artikulua eta hirugarren xedapen iragankorra.
(25) Azterlanak zehaztu behar du zer gerta daitekeen plana aplikatu ezean.
(26) «Interes bereziko eremuetan espeziea zaintzeari eta berreskuratzeari dagokionez eragin nabarmena (zuzenekoa edo zeharkakoa) duen edozein plan edo proiektuk (bakarrik edo beste plan edo proiektuekin batera) dagokion Nekazaritza Departamentuaren nahitaezko txostena izan beharko du; hori, hain zuzen, kudeaketa-planaren helburuetan izango dituen ondorioen ebaluazio egokia egiteaz arduratuko da.»
(27) Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 28.a) artikulua.
(28) Azpimarratu behar da 1/2008 LEDen I. eta II. eranskinetan proiektu bat aipatzea nahikoa dela IEEB bete behar izateko, 2001/42/EE zuzentaraua aplikatzeko gidaren 3.22 atalaren arabera (3. artikuluaren 2. atalaren interpretazioa).
(29) Logikoa da interpretatzea aurreikusi gabeko balizko eragin nabarmen horiek ingurumen txostenean egindako iragarpenetan egon diren gabezien ondorio direla (adib. eragin batek aurreikusi gabeko intentsitatea izatea) edo baldintzak aldatu izanaren ondorio direla, eta horiek zenbait iragarpen erabat edo partzialki baliogabetzera eramaten dutela (zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001/42/EE zuzentaraua aplikatzeko gidaren 8.12 atala).
(30) Honako dokumentuetan agertzen diren irizpideen arabera: zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskina; zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001/42/EE zuzentarauaren II. eranskina; 2001/42/EE zuzentaraua aplikatzeko gidaren 3.48 eta 3.61 bitarteko atalak; proiektuek Ingurumenaren gainean izan dezaketen eraginari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskina.
(31) Ez dira gainbegiratuko dauden ingurumen-arazoak, ingurumena babesteko ezarritako helburuak eta edozein eragin negatibo garrantzitsu prebenitu, murriztu eta, ahal den neurrian, konpentsatzeko aurreikusitako neurriak (Zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001/42/EE zuzentarauaren 10. artikulua aplikatzeko gidaren 8.7 atala).
(32) EAEko ingurumenaren egoera lantzeko oinarri dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko Lege Orokorrean ezarrita dagoen bezala, hiru urtean behin landu beharko da.
(33) Kate kausalaren eredu bat gaur egun DPSIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses/Mugimen-indarra, Presioa, Egoera, Inpaktua eta Erantzuna).
(34) Oinarrizko adierazleetatik adierazle gutxi batzuk aukeratzen dira eta horiek emango dituzte ezarri diren ingurumen-helburu nagusien joera orokorrak. Adierazle horiek, gainera, hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko hartu-emanak lotzen dituzte. Horiekin urteko txosten bat prestatzen da, Euskal Herriko ingurumenaren bilakaera modu erraz eta azkarrean adierazten duena. Adib.: PMA adierazleak.
(35) Euskal gizartearen bilakaera islatzen du bere osotasunean, hau da, ekonomia, gizarte eta ingurumen dimentsioetan. Europako egiturako adierazleetatik abiatuta ezartzen dira.
(36) Zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001/42/EE zuzentaraua aplikatzeko gidaren 8.8. atala.
(37) Atzeman diren eta izan daitezkeen eraginetatik garrantzitsuenetan sakontzea komeni da, plan-motaren arabera, eta batez ere, plana aplikatzeko fasearen arabera (I. eranskina 2001/42/EE zuzentaraua aplikatzeaGainbegiraketaren norabide praktikoa).
(38) Bildu, prozesatu eta ebaluatzeaz arduratuko dena (zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001/42/EE zuzentaraua aplikatzeko gida).
(39) Gainbegiratze programa batek hainbat plan har ditzake; ez da beharrezkoa plan bakoitzeko gainbegiratze bat proposatzea. Zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001/42/EE zuzentaraua aplikatzeko gidaren 8.10 atala.


