Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2008ko maiatzaren 28koa, Ingurumen sailburuordearena, Hernanin, S.T Hernani - S.T. Papelera Guipuzcoana de Zikuñaga artean 132 kV-ko lurpeko linea elektrikoa igarotzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren Adierazpena egiten duena - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko maiatzaren 28koa, Ingurumen sailburuordearena, Hernanin, S.T Hernani - S.T. Papelera Guipuzcoana de Zikuñaga artean 132 kV-ko lurpeko linea elektrikoa igarotzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren Adierazpena egiten duena

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 214
  • Hurrenkera-zk.: 6220
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/05/28
  • Argitaratze-data: 2008/11/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren arabera, bere I. eranskineko B) idatz-zatian jasotzen diren proiektuak ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanaren menpe jarri beharko dira banan-banan, proiektuok egiteko edo, hala behar izanez gero, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik. Azterlan horren amaiera ingurumenaren gaineko eraginaren Adierazpena da.

Hernanin, S.T Hernani - S.T. Papelera Guipuzcoana de Zikuñaga artean 132 kV-ko lurpeko linea elektrikoa igarotzeko proiektua onartzeko jardunbidea hasi da, eta aplikatzekoak diren arauak kontuan hartu dira, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, eta Ingurumenaren gaineko eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta berau garatzeko den irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua. Ondorioz, honako izapideak burutu dira:

Kontsulten izapidea. Proiektuaren sustatzaileak eskatuta, Ingurumen Sailburuordetzak 2007ko maia­tzaren 7an ekin zion kontsulten izapideari, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua gauzatzeko araudia onartzen duenaren 13. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoa betez. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2007ko uztailaren 9an aurretiazko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.

Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zuen proiektua eta proiektuak ingurumenean duen eraginaren gaineko azterlana (2007ko azaroaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 227. zk.; eta 2008ko urtarrilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1. zk.).

Espedientea bidaltzea. Energia eta Meategien Zuzendaritzak 2008ko otsailaren 25ean eta apirilaren 30ean bidali zuen espedientea Ingurumen Sailburuordetzara, aipatutako irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 16. artikuluan aurreikusitakoa betez.

Aipatutako proiektuaren espedientean jasotzen diren agiri tekniko eta txostenak aztertu dira eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana zuzena da indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera; beraz, Ingurumen Sailburuordetzak, bera baita organo aginpideduna Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorrean eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuan ezarritakoaren arabera, honako hau

  1. Hernanin, S.T Hernani - S.T. Papelera Guipuzcoana de Zikuñaga artean 132 kV-ko lurpeko linea elektrikoa igarotzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren aldeko adierazpena egitea.

  2. Proiektua burutzeko ondoren adierazitako baldintzak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.2 artikuluaren arabera lotesleak izango direnak:

    A. Proiektuaren Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da proiektua.

    B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 1.3 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Beraren bidez onartu zen proiektuen ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina.

    Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean, lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan sartuko dira.

    C. Neurri babesle eta zuzentzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren aitorpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatuko dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dituzte.

    c.1. Jarduketa-eremua mugatzea.

    Lurzorua erabiltzea eragiten duten obrak, eta bai obron eragiketa osagarri guztiak ere, proiektua burutzeko ezinbestean behar den eremu txikienean egingo dira. Ahal dena murriztuko da eremuak obrako materialez betetzea, bai eta makineriak eta ibilgailuek horientzako gaitutako eremuetatik kanpo zirkulatzea ere.

    Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko dira.

    c.2. Lurzorua eta ura babesteko neurriak.

    c.2.1. Makinak gordetzeko guneak, obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpidea izango da kontuan. Eremu horiek Urumea ibaiaren ibilguan kalterik ez eragiteko behar bezain urrun jarriko dira.

    Eremu horiek egokitu egin beharko ditu kontratistak ebazpen honetako 2.c.9 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzaren txostena ikusita, garatu nahi diren jarduera desberdinen ondoriozko kalteak ahal dela gutxitzeko.

    c.2.2. Erabat debekatuta dago makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Lanak gauzatzen ari diren gunearen inguruan horrelako lanetarako azpiegitura egokirik egongo ez baliz, berariazko eremu bat gaituko da, itxitura eta lurzoru iragazkaitzarekin, eta efluentea biltzeko sistema bat ere jarriko da, lurzorua eta ura ez kutsatzeko.

    c.3. Hauts-isurtzeak murrizteko neurriak.

    Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak igarotzean hautsa barreiatzea saihestuko da, bai proiektuak eragin zuzenena duen tokian, bai sarbideetan. Beharrezkoa izanez gero, obren eragina jasaten duten azalerak ureztatzeko sistema bat egongo da.

    c.4. Zaraten ondorio diren efektuak gutxitzeko neurriak.

    Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekre­tuaren 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoa, kalitate helburuak eta ateratako zaratari dagokionez, lanetan erabiliko diren makinek, aire librean erabiltzeko makinen zaratari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete beharko dute. Batez ere otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko dute, hau da, aire librean erabiltzeko zenbait makinek atera dezaketen zarata arautzen duena, eta gainerako arau osagarriak.

    c.5. Kultura-ondarearen babeserako neurriak.

    Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoa kaltetu gabe, lur-erauzketako lanetan edo lurzorua harrotzerakoan arkeologia aztarnaren bat aurkituz gero, zuzenean jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari. Horrek adieraziko ditu hartu beharreko neurriak.

    c.6. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    c.6.1. Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: indusketa hondakinak, obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa lanetako soberakinak.

    Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.

    Hondakinak deuseztatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.

    c.6.2. Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/CE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/CEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.

    Lur-beteketa eta egokitzetara bideratu behar diren hondakinei dagokienez, horiek hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

    Lur-betetze eta lurzoru egokitzeetan, kutsatzaile edukiari dagokionez, A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik dauden materialak baimenduko dira bakarrik. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinak jasotzen ditu.

    c.6.3. Proiektua gauzatzean zangak egingo dira otsailaren 4ko 1/2005 Legearen (lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoa) II. eranskinean-Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak eta instalazioak- zehaztutako jarduerak kokatzen diren lursailetan.

    Lurzoru horretan kutsadura-zantzuak egon daitezkeen jakiteko, bai eta han egindako indusketatik ateratako soberakinak eramateko leku egokiena zehazteko ere, sustatzaileak indusketaren xede diren materialen karakterizazioa egin beharko du. Karakterizazio horren emaitza, indusketa-materialak kudeatzeko proposamenarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko da, Sailburuordetza horrek onar dezan, azken helburura bideratu aurretik.

    c.6.4. Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua aplikatuko da.

    Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean, begiesten diren aurreikuspenak bete beharko dira.

    Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da, estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

    c.6.5. Araudi hau betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz.

    Aurrekoaren haritik, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko eremu jakin bat egokituko da; olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak eta abar) eta hondakin horiek euren izaeraren arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbian aldi baterako pilatu aurretik.

    c.7. Lanek eragindako eremua babestu eta leheneratzeko neurriak.

    Lanek erasandako alde guztiak leheneratuko dira; baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean, proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere.

    c.8. Garbiketa eta obra bukatzea.

    Obrak amaitzen direnean, garbiketa-kanpaina zorrotza burutuko da eta proiektuak eragindako area guztiz garbi geratuko da obra-hondakinetatik.

    c.9. Ingurumen aholkularitza.

    Lanak amaitu eta lan horien berme-epean, Obraren Zuzendaritzak ingurumen arloan eta neurri babesle eta zuzentzaileen arloan aholkularitza gaitua izango du. Izan ere, Obraren Zuzendaritzak, betekizunen pleguan ematen zaizkion egitekoak direla-eta, aipatutako gaiei buruz edozein erabaki hartu aurretik, aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko du gogoan.

    c.10. Eremu elektromagnetikoen eraginpean egotea mugatzeko.

    Linea jardunean dagoen garaian, eremu elektriko eta magnetikoek ez dituzte gaindituko Europako Batasunaren Kontseiluaren 1999ko uztailaren 12ko Gomendioan jendea oro har eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteko ezarritako erreferentziako neurriak eta oinarrizko murrizketak (0tik 300 GHz bitartean).

    D. Ingurumena Zaintzeko Programa.

    Ingurumena zaintzeko programa, sustatzaileak aurkeztu dituen agirietan ezarritakoaren arabera egin beharko da. Horri, beste kontrol hauek erantsiko zaizkio: Programa hau Lanak kontratatzeko Baldintza-pleguetan txertatuko da eta dagokion aurrekontua izango du.

    d.1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari bidali beharko zaio.

    Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik justifikatuta.

    d.2. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak obrak amaitu ondoren eta urtean behin, ingurumena zaintzeko programa amaitu arte, bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

    Kasuak kasu aplikatzekoa den araudian ezarritakoez gain, sustatzaileak datu horiek euskarri egokian gorde beharko ditu gutxienez bi urtez, herri-administrazioetako ikuskaritza-zerbitzuek eskuragarri izateko moduan.

    E. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta Ingurumena zaintzeko Programa aldarazi ahal izango dira. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta Ingurumena zaintzeko Programa jarduketaren sustatzaileak edo ofiziozkoak hala eskatuta aldaraz daitezke, Ingurumena zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

    F. Sustatzaileak honako dokumentu hauek bidali beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari. Hori guztia, hala ere, ez da eragozpena izango ebazpen honen aurreko ataletan ezarritakoa betetzeko.

    f.1. Amaierako helburura bidali aurretik, indusketako materialen karakterizazioa eta material horiek kudeatzeko proposamena egingo dira, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak onar ditzan.

    f.2. Obrak amaitzean, obra horiek garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 atalean aurreikusitakoaren arabera, espedientean bildu dadin.

  3. Bi urteko epea finkatzea proiektuaren egikaritzari hasiera emateko, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluari jarraituz. Epe hori bukatu ondoren egikaritzari hasiera eman ez bazaio, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko eraginaren Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo aginpidedunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

  4. Proiektuek ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

  5. Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 28a.

    Ingurumen sailburuordea,

    IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik