Euskadi.eus
  • 6/2008 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakia argitaratzeko dena. Gaia: Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere sektore publikoaren kontratazioan gizarte irizpideak, ingurumenekoak eta beste politika publikoak barne hartzea. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

6/2008 EBAZPENA, ekainaren 2koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakia argitaratzeko dena. Gaia: Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere sektore publikoaren kontratazioan gizarte irizpideak, ingurumenekoak eta beste politika publikoak barne hartzea.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 116
  • Hurrenkera-zk.: 3741
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2008/06/02
  • Argitaratze-data: 2008/06/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2008ko apirilaren 29an egindako bilkuran, Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere sektore publikoaren kontratazioan gizarte irizpideak, ingurumenekoak eta beste politika publikoak barne hartzea erabaki zuen. Orain, beharrezko zabalkundea emateko xedez, honako hau,

Eusko Legebiltzarrak 2007ko ekainaren 8an egindako bilkuran, kontratazio-prozeduretan klausula sozialak gehitzeari buruzko legekoa ez den proposamena onetsi zuen; proposamen horren testu osoa 2007-06-15eko 107 zenbakiko Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Legekoa ez den proposamen horrek Eusko Jaurlaritzari ordenamendu juridikoak ahalbidetutako neurrian kontratazio publikoa erabiltzeko eskatzen dio gizarte bazterkeriari aurka egiteko, pertsona ezinduak edo lana lortzeko zailtasunak dituzten pertsona bereziak lan-mundura sartzeko bitarteko eraginkor bezala, baztertuta geratzeko arriskua gutxitzen lagun dezan.

Horretarako, Batzorde Tekniko batek, lana, gizarte-gaiak, kontratazioa eta ogasuneko zerbitzu juridikoek osatutakoak, kontratazio-prozeduran eta kontratua betetzean klausula sozialak barne hartzeko aukera analizatzeko eskatzen dio; baita ingurunea, laneko segurtasuna eta osasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta laneko kalitatea eta baldintzak bezalako beste politika publiko batzuekin batera egotea. Ondorioz, batzorde horrek politika publiko horietan Administrazioko zerbitzu eskudunen parte-hartzea barne hartu du.

Aipatu Batzorde Teknikoa osatu eta dagokion proposamena egin ondoren, jarraibide edo zerbitzu-agindu bezala, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 21.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Administrazio Kontratazioko Aholku Batzordearen txostenaren ondoren, eta lehendakariak, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak, Justizia Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak (2008ko apirilaren 29an egindako saioan), aurretiaz eztabaidatu ondoren, honakoa:

«Lehenengoa.– Helburua.

Erabaki honen helburua eranskinean datorren Jarraibidea onestea da; horren bidez gizarte irizpideak, ingurumenekoak eta beste politika publiko batzuetatik eratorritakoak Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere sektore publikoa osatzen duten erakundeen kontratazioan barne hartzen da.

Kontratazio-organoei kasuan kasuko espedienteak prestatu eta onesteko eta kontratuak behar bezala betetzeko esleitutako ahalmenen kaltetan izan gabe, lana, gizarteratzea, gizarte gaiak eta ingurumenaren arloan eskumena duten Sailek Jarraibide hau betetzen dela aldizka ebaluatuko dute bakoitzaren eskumen-esparruarekin loturiko alderdiei dagokienez. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea erakunde autonomoak ebaluazio berbera egingo du emakumeen eta gizonen berdintasunari eta genero-ikuspegia barne hartzeari dagokionez.

Ebaluazioak kontratuen baldintzen agirien aurreikuspenak zein agiri horiek esleipen-prozeduran eta kontratua betetzean aplikatzea hartuko ditu barne.

Helburu horrekin, aipatu erakunde eta sailek kontratazio-organoetatik beren betebeharra behar den bezala betetzeko dokumentazioa eta informazio guztia lortu ahal izango dute, baita Administrazio orokorrak, bere erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sektore publikoko gainontzeko erakundeek egindako kontratazioei buruz Ogasun eta Herri Administrazio Sailak dituen datu estatistikoak eskuratu ere.

Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikokoa den sail, erakunde autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta erakunde bakoitzak, urtero, aurrekontu-ekitaldiaren amaieran kontratuen erreserbari buruzko txostena aurkeztuko du, Jarraibidearen IV. epigrafean agertzen dena eta esleitutako zenbatekoa, kontratu-mota eta jarduera-alorra adierazten dituena. Lortutako datuak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailera bidaliko dira zenbaketa orokorra egin eta hurrengo ekitaldirako gordetako zenbatekoa proposatzeko.

Beren eskumenen arloan, aurreko atalean aipatutako sailek eta erakundeek kontratazio-organoei Erabaki hau betetzeko behar den aholkularitza eta laguntza teknikoa emango dizkie. Ahal den neurrian, laguntza hori eskuliburuak edo dokumentu normalizatuak eginda ere emango da.

Halaber, ebaluatzeko eta jarraipena egiteko betebeharrak betetzea erraztu eta Jarraibidea, batez ere, II., IV. (1. atala), V.4 (3. atala), V.5 (2. atala), VI.3 eta IX.2 (4. atala) izenpeetan aipatutakoak modu eraginkorrean aplikatzeko behar den laguntza emate aldera, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak bere eskumenen arloan egokiak diren neurriak sustatuko ditu aurrekontuko, prestakuntzako eta giza baliabideetako beharrak ikusiz gero eta, hala denean, planteatu daitezkeenak.

  1. – Kontratu-motaren arabera kontratuaren edozein helburutara aplika daitekeen Jarraibidearen edukia 2007ko maiatzaren 22ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak onetsitako administrazio-klausula berezien baldintzen agiri-moten ereduetara gehituko da (EHAA, 246. zk., 2007ko abenduaren 24koa). Horretarako, Ondare eta Kontratazio zuzendariaren Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena, eredu horietan gehituko diren eduki zehatzak mugatuko dira.

  2. – Halaber, aipatu Ebazpenak eredu horiek Sektore Publikoko Kontratuen Lege berrira egokituko ditu eta, hala denean, Lege horren aurkako bihurtu diren edukiak kenduko ditu.

Jarraibidea gastu publikoaren betearazpena bideratzen duten eragimen‑ eta eraginkortasun-printzipioen kaltetan izan gabe aplikatu behar izango da; halaber, gizarte-irizpideak, ingurumenekoak edo beste politika batzuei buruzkoak barne hartzeak ez du inolaz ere kontratazio-organoei eskaintza aukeratzeko edo Administrazioaren kontratu-jarduerara aplika daitezkeen printzipio orokorrak hausteko baldintzarik gabeko askatasuna ematea ekarriko, batez ere lehiaren, berdintasunaren eta diskriminazio-ezaren printzipioak eta zerbitzuak emateko eta ondasunak zirkulatzeko askatasunak.

Kontratazio-organoek gizarte-irizpideak, ingurumenekoak, eta ahal den neurrian politika publikoen gainerako irizpideak gehituko dituzte, ahal dela esleitzeko prozedura bideratzen duten baldintzen agirietan agertzen den kontratuaren xedearen zehaztapen eta deskripzio teknikoan.

Jarraibidea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitarazten den egunaren biharamunetik aurrera aplikatuko da onetsitako baldintzen agirietan.”

  1. – Jarraibide hau Administrazio orokorreko, instituzionaleko kontratazio-organoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikoko gainerako erakundeei dago zuzenduta.

  2. – Aipatu kontratazio-organoek Jarraibide honetan ezartzen dena errespetatuko dute administrazio-klausulen eta kontratuen legerian araupetutako kontratuen preskripzio tekniko berezien baldintzen agiriak egiteko orduan. Jarraibide honen ondorioetarako, “productos y servicios” eta “productos o servicios” adierazpenek aipatutako edozein kontratu-mota barne hartzen dute.

    Kontratu txikietan eta administrazio-klausulen edo preskripzio tekniko berezien baldintzen agiriak egitea eta onestea beharrezkoa ez den gainerako kontratuetan, Jarraibide honetan ezarritako irizpideak kontratuko agirietan eta kasu bakoitzean egiten diren kontratuak prestatzeko agirietan gehituko dira.

  3. – Jarraibide honetako ondorengo epigrafeak edozein kontratu-motari aplika daitezke baldin eta bere edukia kontratuaren xedearen ezaugarrietarako egokia bada: II, III, IV, V.2 (1., 3. eta 5. atalak), V.3, V.4, V.5, V.6, VI.1, VI.2, VI.3 (1., 2. eta 4. atalak), VI.4, VI.6, VI.7, VII, VIII, IX.1, IX.2, IX.3, IX.4, IX.6, X, XI eta XII.

    Ondoren aipatzen diren epigrafeek eta atalek honako kontratu-mota edo helburuetan eragiten dute:

    1. Obra-kontratuak: V.1, VI.3 (3. atala).

    2. Obra-kontratuak, proiektuak idaztea, hondakinak kudeatzea: VI.4 (2. eta 3. atalak).

    3. Azterketa egiteko kontratua edo laneko segurtasunaren eta osasunaren oinarrizko azterketa: VI.7 (3. atala).

    4. Laneko segurtasuneko eta osasuneko koordinatzailearen eginkizunak betetzeko kontratuak: VI.1, VI.7 (4. atala).

    5. Ingurumenean kalteak eragin ditzaketen hornidura-kontratuak ez bezalakoak: V.7 eta VI.5.

    6. Hornidura-kontratuak: V.2 (2. atala), V.6 (4. atala).

    7. Prestakuntza-kontratuak: V.2 (4. atala).

    8. Egurra erabiltzea dakarten kontratuak: V.6 (1. eta 4. atalak).

    9. Azterlanen eta estatistiken kontratuak: VII.1 (3. atala).

      Honako epigrafe eta atalek ingurumeneko irizpideetan eragiten dute bereziki: III.1 V.2 (2. atala), V.3, V.4, V.5, V.6, V.7, VI.4 (3. atala), VI.4 (5. atala), VI.5, VII.2, IX.6

      Laneko segurtasun eta osasunean eragiten dute bereziki: III.3, V.1, V.6 (1., 3. eta 4. atalak), VI.3 (3. y 4. atalak), VI.4 (3., 4., 5. eta 6. atalak), VI.7 (2., 3. eta 4. atalak), IX.5, X.

      Laneratzean eragiten dute bereziki: IV, IX.2.

      Emakumeen eta gizonen berdintasunean eta genero-ikuspegia barne hartzean eragiten dute bereziki: III.2, V.2 (3. eta 4. atalak), VI.4 (1. atala), VII.1 (3. atala), IX.3

      Enpleguaren kalitatean eta bestelako gizarte-irizpideetan eragiten dute: V.3, VII.1 (1. eta 2. atalak), VIII, IX.1 (1. eta 4. atalak)

(Administrazio-klausula berezien baldintzen agiriaren karatula)

Kontratazio-organoek administrazio-klausula berezien baldintzen agiriaren karatulan adieraziko dituzte hautagaiei edo lizitatzaileei informazio garrantzitsua eman diezaieketen erakundeak. Informazioa honakoen ingurukoa izango da: ingurumena babesteari eta enplegua babesteko indarrean diren xedapenei buruzko betebeharrak, lan-baldintzak, lan-arriskuen prebentzioa eta emakume eta gizonen berdintasuna; horiek kontratua betetzen den bitartean kontratatutako lanetan aplikatzekoak izango dira.

Aipamen hori “Proiektua eta intereseko gainerako agiriak non azter daitezkeen” azaltzen duen karatularen atalaren azken zatian egin daiteke, honakoa dio:

«Hautagaiak edo lizitatzaileak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzan honako informazioa lortu ahal izango du: enplegua babesteari buruzko indarreko xedapenak, lan-baldintzak eta lan-arriskuen prebentzioa, kontratua betetzean aplika daitezkeenak, eta kontratuaren baldintzen agirietan hala denean aurreikusitako klausula gehigarriak.

Hautagaiak edo lizitatzaileak Ingurumen eta Lurralde Antolakuntza Sailaren Ingurumen Sailburuordetzan, IHOBE sozietate publikoaren bidez, ingurumenaren arloan indarrean diren xedapenei buruzko informazioa lortu ahal izango du, kontratua betetzean aplika daitezkeenak eta baita kontratuaren baldintzen agirietan hala denean aurreikusitako klausula gehigarriak.

Halaber, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunde autonomoan emakume eta gizonen berdintasunaren arloan indarrean diren xedapenei buruzko informazioa lortu ahal izango du; xedapen horiek kontratua betetzean aplika daitezke, eta baita kontratuaren baldintzen agirietan hala denean aurreikusitako klausula gehigarriak ere.”

(Administrazio-klausula berezien baldintzen agiriaren karatula)

III.1.– INGURUMENA ETA ALDAERA EKOLOGIKOAK ERRESPETATZEN DITUEN KONTRATUAREN HELBURUA ZEHAZTEA.

  1. – Kontratuaren helburua zehazteko orduan kontratazio-organoek kontuan izango dituzte kontratatu behar dituzten produktu eta zerbitzuen ingurumen-balioa eta, kalitatea-prezioa erlazioak hala aholkatzen duenean, ingurumeneko ezaugarri positiboak dituztenak aukeratuko dituzte, adibidez:

    • CO2 eta partikulen igorpen txikiak dituzten ibilgailuak.

    • Iraunkortasun-irizpideak gehituta diseinatu, eraiki eta birgaitutako eraikinak.

    • Energiari dagokionez eraginkorrak, birziklagarritasun-maila handia eta substantzia arriskutsu gutxi dituzten ordenagailuak.

    • Basoen kudeaketa iraunkorretik datorren egurrarekin egindako bulegoko altzariak.

    • Nekazaritza ekologikotik datozen elikagaiak jantoki eta catering-zerbitzuetan,

    • Ingurumena gehien errespetatzen duten metodo, praktika eta produktuekin garbitzea.

    • Fibra birziklatua duen papera.

      Kasu horietan, lizitatzaileari eskatzen den ingurunearekiko jokabidea ulertzea errazteko, kontratuaren helburuaren tituluak ingurumenarekiko jokabide hori aipatzen ahaleginduko da, adibidez, “garbiketa-zerbitzuen kontratua ingurumena errespetatzen duena”, “nekazaritza ekologikotik datozen elikagaien zerbitzuen kontratua” edo “energiari dagokionez eraikin eraginkorra”.

  2. – Kontratazio-organoa, ingurumena errespetatzen duten alternatibak aurkitzeko merkatua aztertu ondoren, ziur ez baldin badago ingurumenean eragin txikiena duten produktu eta zerbitzuak egoteaz eta horien prezio edo kalitateaz, baldintzen agirian lizitatzaileek alderdi ekologikoa duten aldaerak aurkeztea ahalbidetuko du, baldin eta baloratzeko irizpide objektiboak badaude.

    III.2.– KONTRATUAREN HELBURUA ZEHAZTEAN GENERO IKUSPEGIA SARTZEA.

  1. – Genero-ikuspegia kontratuaren helburuaren ezaugarri teknikoa denean, berariaz helburua zehaztean barne hartuko da, adibidez, “Kontratuaren helburua da genero-ikuspegia duen herri barruko mugikortasun-plan baten diseinua kontratatzea”.

  2. – Halaber, kontratuaren helburuak ahalbidetzen duenean, genero-ikuspegiari buruzko aldaerak onartuko dira helburuaren zehaztapenean.

    III.3.– GIZARTEKO ETA LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA ERRESPETATZEN DITUEN KONTRATUAREN HELBURUA ZEHAZTEA.

  1. – Kontratuaren helburua zehazteko orduan kontratazio-organoek kontuan izango dituzte kontratatu behar dituzten produktu eta zerbitzuen gizarte-balioa eta segurtasuna eta, kalitatea-prezioa erlazioak hala aholkatzen duenean, arrisku gutxien eta/edo gizarteko ezaugarri positiboak eta osasungarrienak dituztenak aukeratuko dituzte, adibidez: eraikinaren hartzaileen artean “eraikin gaixoaren sindromea” saihesteko berariaz diseinatu eta eraikitako eraikin eta instalazioak, poluitzaile biologikoak, adibidez legionella, agertzea eta barreiatzea zailtzen duten klimatizazio-instalazioak, irizpide ergonomikoekin diseinatutako ekipo informatikoak eta bulegoko altzariak, inguruko karga elektrostatikoa gutxitzeko sistemak, zarata- eta ozono-igorpen txikiak dituzten inprimatzaileak, segurtasun handiko ibilgailuak, elikagaien menu orekatuak eta nutrizionistek egindakoak, gizarteko eta laneko segurtasuna eta osasuna errespetatzen duten metodo, praktika eta produktuekin egindako garbiketa-lanak.

    Halako kasuetan, organo lizitatzaileari kontratuaren helburuan eskatzen den jokaera seguru eta osasungarriaren adostasuna errazte aldera, helburuaren izenburua jokabide seguru eta osasungarri hori honako adierazpenen bidez aipatzen ahaleginduko da: “ingurumena eta gizarteko eta laneko segurtasuna eta osasuna errespetatzen dituen garbiketa-zerbitzuen kontratua”, “elikadurari dagokionez orekatua den jateko zerbitzuen kontratua”, “altzari ergonomikoen hornidura-kontratua” edo antzekoak.

  2. – Kontratazio-organoa, gizarteko eta laneko segurtasuna eta osasuna gehien errespetatzen duten alternatibak aurkitzeko merkatua aztertu ondoren, ziur ez baldin badago laneko osasunean eragin txikiena duten produktu eta zerbitzuak egoteaz eta horien prezio edo kalitateaz, baldintzen agirian prebentziorako alderdia duten aldaerak aurkeztea ahalbidetuko du, baldin eta baloratzeko irizpide objektiboak badaude.

(Administrazio-baldintza berezien agiriaren azala)

  1. – Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sektore publikokoak diren sailek, erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko ente publikoek eta entitateek zenbait kontratu gorde behar dituzte urtero erregistraturiko gizarteratze-enpresentzat, ezgaitasunen bat duten pertsonen lanerako zentroentzat edo babestutako lan-programen esparruan gauzatu behar direnentzat.

    Erreserba horren kopuru ekonomiko orokorra eta sektoriala urtero ezarriko du Ogasun eta Herri Administrazio Sailak. Horretarako, erreserbaren onuradun izango diren taldeen laneratzearen gaian eskudun diren sailek, sektore horien ordezkari diren enpresa-elkarteei kontsulta egin ondoren, aurreko urteari dagokion eta erreserbaren onuradun diren enpresa-sektore ezberdinetako negozio-kopurua aurkeztuko diote Ogasun eta Herri Administrazio Sailari.

  2. – Kontratu txikien edo kopuruaren arabera negoziaturiko prozeduren bitartez bakarrik aplikatuko da erregistraturiko gizarteratze-enpresentzako utzitako erreserba. Horretarako, ezingo da kontratua zatitu kontratuen legediak zatitzeari buruz ezarritako aurreikuspenak urratuz.

    Eragindako langileriaren 100eko 70a gutxienez ezgaitasunen bat duten pertsonak badira eta haien gabezien garrantziagatik edo larritasunagatik jarduera profesional bat baldintza normaletan garatzea ezinezkoa badute, edozein kopuruko kontratuak aplikatu ahalko zaizkie Lanerako Zentro Berezientzako utzitako erreserbei edota babestutako lan-programen esparruan gauzatu beharrekoei.

  3. – 2007ko maiatzaren 22ko Gobernu Kontseiluaren Akordio bitartez onartutako administrazio-baldintza berezien agiri-ereduen azalaren 5. atalak aukera ematen du erreserba aplikatzeko, kopuruagatik publizitaterik gabe negoziatzen diren prozeduretan.

  4. – Erreserbaren onuradun diren enpresek aplikatu beharreko legedian ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, eta haien helburuak edo jardunak (arau erregulatzaileekin, estatutuekin edo sorrerako arauekin bat etorriz) zerikusia izan beharko du zuzenean kontratuaren xedearekin.

    Aipatutako erreserba betez kontratatuak izan nahi duten entitateak Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 1998ko otsailaren 4ko Aginduak araututako Kontratisten Erregistroan izena emanda egon beharko dira eta, hala badagokio, baita abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuan zehaztutako Lanerako Zentro Berezien Erregistroan edota abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuak araututako Laneratzeko Enpresen Erregistroan ere.

  1. – Erreserbarako adierazitako portzentajea ez aplikatzea justifikatzeko arrazoi bakarrak honakoak izango dira: kontratu txikiaren irudia edo adierazitako kontratazio-bolumeneko kopuruaren araberako prozedura negoziatua aplikatzea legez ezinezkoa izatea, eskaerak aurkeztu ziren espedienteetan eskaintza onargarriak ez aurkeztea, edo Kontratisten Erregistroan erreserba daitezkeen kontratuen xedearen betekizunak eta egokitzapena betetzen duten enpresak izena ez ematea.

(Betebehar tekniko berezien agiria)

V.1.– SEGURTASUNAREN ETA OSASUNAREN ALORREKO KOORDINAZIOA, OBRAK GAUZATU BITARTEAN.

  1. – Obra gauzatu bitartean segurtasunaren eta osasunaren alorreko koordinazio-funtzioak egitea xedetzat duten kontratuetako betebehar tekniko berezien agiriak ezarri egingo du derrigorrezkoa dela obran koordinazio horren ardura duen pertsona egotea. Bertan izan beharko den gutxieneko ordu-kopurua agiri bakoitzean zehaztuko da, obra bakoitzaren ezaugarriak gorabehera.

    Obrak, ezaugarriak direla-eta, Segurtasunari Buruzko Azterlana idaztea beharrezkoa badu, obra gauzatzearen segurtasunaren koordinatzaileak obran egin beharko duen denbora aipatutako azterlanean segurtasunaren koordinatzaile horrek proiektu-fasean adierazitakoa izango da (horretarako, proiektua lantzeko betebehar teknikoek eskakizun hori jaso beharko dute).

    Halaber, obra gauzatu bitartean segurtasunaren eta osasunaren alorreko koordinatzailea izango dena kontratatzeko egiten den betebehar teknikoen agiriak hurrengo betebeharrak jasoko ditu koordinatzailearentzat: Eraikuntza-lanetako Segurtasunaren eta Osasunaren Alorreko Gutxieneko Xedapenei buruzko urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa betetzea; Enpresa-jarduerak Koordinatzearen Alorreko urtarrilaren 30eko 171/2004 Errege Dekretuaren 14. artikuluan aurreikusitako funtzioak egitea; obran gertatzen diren lan-istripu guztiak ikertzea, enpresa bakoitzak hori egiteko duen betebeharraren kaltetan izan gabe; kontratazio-organoari jazotako istripuen nahiz egindako ikerketaren berri ematea, eta obran jazotako lan-istripuen kontrol estatistikoa egitea.

  2. – Agiriak ezarri egingo du koordinatzaileak goian aipatutako gutxienekoarekin obran agertu beharko duela nabarmenki. Halaber, enpresa nagusiko segurtasunaren eta osasunaren alorreko koordinatzaileak eta arduradunak beren jarduerak planifikatuko dituzte, bietako bat beti bertan egongo dela bermatze aldera.

    V.2.– BESTE BETEBEHAR TEKNIKO BATZUK.

  1. – Kontratazio-organoek kontratu guztien betebehar teknikoen agirian sartuko dituzte enpresa kontratistari, bai eskaintza lantzerakoan, bai kontratua gauzatzerakoan, derrigorrez eskatu behar zaizkiola uste den produktuaren edo zerbitzuaren ezaugarri teknikoak. Ezaugarri tekniko horien artean, adierazitako baldintzetan, eskatzen den produktuaren edo zerbitzuaren alderdi teknikoak jasoko dira, V. epigrafe honen hurrengo ataletan aipaturikoak horiek. Hala eta guztiz ere, kontratazio-prozedura hasten bada eta ezerezean geratzen bada jarraibide honetan jasotako betebehar teknikoak betetzen dituzten eskaintzak aurkeztu ez izanagatik, eta horiek legeak edo erregelamenduak jarritako arautik eratorritakoak baino jarraibide honen aplikaziotik sortutako agiritik eratorritakoak badira, aukera dago prozedura berriro iragartzeko prozedura zehatz horretan kontratua esleitzea galarazi duten eta jarraibide honetatik eratorritakoak diren betebehar teknikoak kanpo utziz.

    Betebehar teknikoak kontratuen legediak betebehar horietarako jarritako mugak zorrozki aintzat hartuz landuko dira, eta, batez ere, diskriminazio ezeko eta kontratuaren xedeari edo gauzatzeko moduari egokitzearen printzipioei jarraiki.

  2. – Edonola ere, horniduretan eta kasuan kasuko elementuak behar dituzten gainerako kontratuetan, hurrengo betebehar teknikoak betetzea eskatuko da:

    1. Turismo motako ibilgailuak, kontsumo baxukoak eta CO 2 isurketa gutxikoak (energia-eraginkortasuna eta isurketak gr CO 2/km modura adierazita; gutxieneko ibilbide baliokidea: B). Salbuespena ibilgailu bereziena litzateke, salbuespen hori justifikatzea posible bada.

    2. Autobusen eta bideak garbitzeko ibilgailuen kasuan, beharrezkoa izango da partikula-iragazkia instalatzea.

    3. Eraikinen diseinua, eraikuntza edo birgaitzea kontratatzen den kasu zehatzean, derrigorrezkoa izango da iraunkortasun-irizpideak eta irizpide bioklimatikoak aintzat hartzea.

    4. Paperaren % 100a klorotik kanpo egongo da, eta % 80a gutxienez birziklatutako papera izango da. Gainera, birziklatutakoa ez den paperaren zuntzak baso-ustiategi iraunkorretatik eratorritakoak izango dira.

    5. Altzarien kasuan, beharrezkoa izango da baso-ustiategi iraunkorretik etorritakoa delako ziurtagiria duen egur naturala erabiltzea, formaldehido-isurketa baxuko partikula-taulak erabiltzea bezalaxe (gutxienez P2, NTP 466 arauaren pean (Prebentzioko Ohar Teknikoa): Airearen kalitatea).

  3. – Zerbitzuaren ezaugarriek horretarako aukera ematen dutenean, kontratuetako betebehar teknikoetan hurrengoak bilduko dira:

    • Kontratua gauzatu bitarte erabiltzen diren euskarri guztietan, kontratistek eta azpikontratistek sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabili beharko dituzte.

    • Enpresa esleipendunak azterketa bereizia egin beharko du kontratuaren eremuan emakumeek eta gizonek bizi duten egoeraren gainean, eta, desberdintasunak sumatuko balira, desberdintasun horiek zuzentzera bideratutako neurri-proposamenak egin beharko lituzke.

    • Esleipendunak ebaluaziorako adierazleak eta mekanismoak landu beharko ditu. Horrela, behin kontratua amaituta, emakumeengan eta gizonengan benetan izandako inpaktua aztertu ahalko da, berdintasuneranzko bidean benetan aurrera egite aldera.

    • Kontratua gauzatzez amaitzean, sexuaren arabera zehaztutako adierazle eta datuen txostena aurkeztu beharko da, kontrataturiko zerbitzuen erabiltzaileak edo onuradunak eta kontratua gauzatu duen lantaldeko pertsonak zenbat izan diren nahiz berdintasunerako hartutako neurrien edukia eta horien inpaktua edo eragina zein izan den argituz.

  4. – Gauzatzeak prestakuntza-ikastaroak edo -jarduerak egitea ekartzen dituen kontratuetan, kontratuaren betebehar teknikoek genero-ikuspegia eranstea kontuan izango dute, bai diseinuan, bai gauzatzerakoan, eta, hala badagokio, baita prestakuntza-ikastaroaren edo –jardueraren barreiapenean ere. Horretarako, zera joko da prestakuntzan genero-ikuspegia eranstea bezala:

    • Prestakuntza-beharren diagnostikoan eta prestakuntza-ekintzak hedatzeko bideak zehazterakoan, kontuan izango dira emakumeen eta gizonen behar eta interes ezberdinak.

    • Neurriak hartuko dira, irakasleen nahiz ikasleen artean bi sexuetako pertsonen ordezkaritza orekatua egon dadin, edo, gutxienez, prestakuntza-jarduerak heldutako eremuan duten ordezkaritzarekiko proportzioa gorde dadin.

    • Ekintza positiboko neurriak hartuko dira, emakumeei parte-hartzea errazteko ordezkaritza eskasa duten eremuei buruzko prestakuntza-jarduera horietan nahiz sustapen profesionalari zuzenean zuzendutako horietan.

    • Hala badagokio, prestakuntza-jarduerak heldutako eremuan emakumeek eta gizonek bizi duten egoeraren alderdi bereizleak sartuko dira prestakuntzaren edukietan.

    • Prestakuntza-ekintzarako lantzen diren materialetan, sexismorik gabe erabiliko dira hizkuntza eta irudiak.

    • Neurriak hartuko dira prestakuntza-ekintzan parte hartzen dutenek aukera izan dezaten bertaratzea eta erantzukizun pertsonalak eta familiarrak bateratzeko, adibidez prestakuntza lanorduetan ematea edo mendeko pertsonak zaintzeko zerbitzua jartzea prestakuntza ematen den bitartean.

    • Kasu bakoitzean prestakuntza-ekintza ebaluatzeko ezartzen den sistematik eratorritako emaitzak sexuaren arabera aztertuko dira, neurri zuzentzaileak hartzea justifika dezaketen aldeak topatze aldera.

  5. – Halaber, edozein kontratutan betebehar teknikoak lantzeko, prestazioaren eskatzaile den zerbitzuak V. epigrafe honetako hurrengo ataletan aipatzen diren alderdiak kontratuaren xedean daudela eta hari egokitzen zaizkiola aztertuko du. Emaitza baiezkoa bada, betebehar tekniko berezien agirian zehaztapen tekniko zehatza jasoko da; bestela, emaitza ezezkoa bada, alderdi horiek ez sartzea justifikatu beharko da espedientean.

    V.3.– IRISGARRITASUN UNIBERTSALA ETA DISEINUA PERTSONA GUZTIENTZAKO.

    Betebehar teknikoak pertsona guztientzako irisgarritasun unibertsaleko eta diseinuko irizpideak ahal den neurrian kontuan hartuz definituko dira, Pertsona Ezgaituen Aukera-berdintasunari, Diskriminazio Ezari eta Irisgarritasun Unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legeak horiek zehazten dituen moduari jarraiki. Eta, kontratuaren xedeak ingurumena kaltetzen edo kalte dezakeen guztietan, irisgarritasun-irizpideak eta ingurumena babestekoak aplikatuko dira, Kutsadura Prebenitzeari eta Kontrol Integratua Egiteari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 3. eta 4. artikuluetan hurrenez hurren araututako definizio eta printzipioekin bat etorriz.

    V. 4.– ETIKETA EKOLOGIKOAK.

  1. – Erositako produktu edo zerbitzuak etiketa ekologikoren batekin ziurtaturik egotea ezin eska badaiteke ere, ISO 14024 arauaren araberako I motako etiketa ekologikoa sortua duten produktu edo zerbitzuen betebehar teknikoak zehazterakoan, kontratazio-organoek etiketa horiek emateko kontuan hartutako teknika nagusien ezaugarriak sartuko dituzte betebehar tekniko horietan, betiere, ezaugarri horiek zerikusirik badute kontratuaren xedearekin.

    Etiketa ekologikoek alderdi bat baino gehiagori edo irizpide anitzei heltzen badiete, ez da etiketa ekologiko jakin bateko ezaugarri edo irizpide guztiak betetzea eskatuko, ezta kontratuaren xede ez diren enpresaren praktika orokorrarekin edo alderdi etikoekin edo antzekoekin zerikusia duten ezaugarriak betetzea edota kontratuen araudiak ezarritako betebehar teknikoekin bat ez datozenak betetzea eskatuko ere.

    Adibide modura, ordenagailuak erosterakoan hurrengoa kontuan har daiteke: “Energia-kontsumoa, Energy Star Label edo antzekoren baten estandarren arabera”.

    Etiketa ekologikoa sortua duten produktu eta zerbitzuetako batzuk hurrengoak dira: garbiketa-produktuak, ordenagailuak, etxetresna elektrikoak, bonbillak, bero-bonbak, papera, zeramikak, ehungintzako produktuak, lubrifikatzaile mota batzuk, turismoko ostatu-zerbitzuak eta kanpinekoak.

  2. – Kasu horietan, betebehar teknikoak betetzen direla etiketa ekologikoaren beraren bitartez egiazta daiteke, beste hainbat bideren artean. Hala eta guztiz ere, betetzea egiaztatzeko beste froga batzuk ere onartuko dira, adibidez onarturiko erakunde baten entsegu-txostenak edo enpresa fabrikatzailearen txosten teknikoa.

  3. – Etiketa ekologikoen gainean informazio gehiago eskuratzeko, jarraibide honen aplikazio-eremuaren barruan kokatzen diren sailek, erakundeek eta entitateek laguntza eskatu ahalko diote Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen Sailburuordetzari, IHOBE sozietate publikoaren bitartez.

    V.5.– INGURUMEN-EZAUGARRIAK HARTUKO DITUZTEN KLAUSULAK ERANTSIKO DITUZTEN ARAUAK, EGOKITASUN-DOKUMENTUAK, ZEHAZTAPEN TEKNIKO KOMUNA ETA ERREFERENTZIA TEKNIKOKO SISTEMAK.

  1. – Betebehar teknikoen definizioa arauei, egokitasun-dokumentuei, zehaztapen tekniko komunei edo erreferentzia teknikoko sistemei aipamen eginez burutzen denean, kontratatu nahi diren produktu edo zerbitzuen ingurumen-ezaugarriak hartuko dituzten klausulak eranstearen alde egingo da ahal den heinean.

    Adibide modura, inprimagailuei dagokienez, honakoa kontuan har daiteke: “Funtzionamendu-bermea birziklatutako paperarekin DIN 19309 edo antzekoren baten arabera”.

  2. – Ingurumen-ezaugarriak harrapatzen dituzten klausulak eransten dituzten arauen, egokitasun-dokumentuen, betebehar tekniko komunen edo erreferentzia teknikoko sistemen gainean informazio gehiago eskuratzeko, jarraibide honen aplikazio-eremuaren barruan kokatzen diren sailek, erakundeek eta entitateek laguntza eskatu ahalko diote Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen Sailburuordetzari, IHOBE sozietate publikoaren bitartez.

    V.6.– PRODUKTUAK EKOIZTEKO PROZEDURAK ETA METODOAK.

  1. – Kontratuaren xedeak horrelakorik ahalbidetzen duenean, kontrataturiko zerbitzua edo obra ematerakoan hornitutako edo erabilitako produktuaren fabrikazioarekin zerikusia duten edo proiektaturiko diseinuan erantsi behar den ingurumeneko eta/edo gizarte- eta lan-osasuneko betebehar teknikoak erantsiko dira, betiere, ikusi ez arren betebehar horiek produktuaren tekniken ezaugarrietan laguntzen badute.

    Horrela, produktua berariazko material batean egitea sartu ahalko da (adibidez: kudeaketa iraunkorreko baso-ustiategietatik etorritako egurra) edo, bestela, edukian birziklatutako gutxieneko material-portzentajea izatea. Halaber, erabilitako materialak edo substantzia kimikoak gizarteko eta laneko segurtasun eta osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak ez izatea adierazi ahalko da, ahal den neurrian gizarteko eta laneko segurtasun eta osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak diren eta kasuan kasuko produktuak izan beharko ez dituen substantzien zerrenda eginez.

  2. – Horrelako kasuetan, betebehar tekniko horiek betetzen direla hurrengo moduen bitartez egiaztatu ahalko da: ISO 14024 arauaren araberako I motako etiketa ekologikoa izatea; autodeklarazioa aurkeztuz (14024 ISO arauaren II motako etiketa); UNE 150301:2003 Araua edukita diseinu- eta garapen-prozesuaren ingurumen-kudeaketan (Ekodiseinua) edo produktuaren ingurumen-aitorpena izanda (ISO 14024 arauaren III motako etiketa). Horretarako, beharrezkoa izango da irizpide horiek ekoetiketen betebehar izatea edo II eta III motako etiketetan eta Ekodiseinuko edo antzeko UNE 150301 delakoan berariaz bilduta egotea. Halaber, betebehar teknikoak betetzen direla egiaztatzeko onartzen den beste edozein bide erabil daiteke (enpresa lizitatzailearekin zerikusirik ez duen pertsonaren txosten teknikoaren bitartez, adibidez).

    Gizarteko eta laneko segurtasunerako eta osasunerako arriskutsuak diren substantziak ez egotea onartzen den beste edozein bide erabilita egiaztatu ahalko da. Eragin horietarako, besteak beste, onartzen diren bideak honakoak dira: etiketaren edukia, ontziarena, eta/edo substantzia eta/edo prestakin arriskutsuen segurtasun-fitxa, aplikatu beharreko araudiaren arabera. Araudi horren barruan sartuko lirateke honakoak, besteak beste: Zenbait Substantziaren eta Prestakin Arriskutsuen Merkaturatze- eta Erabilera-mugei buruzko azaroaren 10eko 1406/1989 EDa (1989-11-20ko 278 zenbakiko BOE eta haren aldarazpenak); Substantzia Berrien Jakinarazpenaren, Sailkapenaren, Ontziratzearen eta Etiketen Erregelamenduaren martxoaren 10eko 363/1995 EDa; eta Prestakin Arriskutsuen Sailkapenari, Ontziratzeari eta Etiketei buruzko Erregelamenduaren otsailaren 28ko 255/2003 EDa.

  3. – Jangela- edo garbiketa-zerbitzuak bezalakoak kontratatu behar direnean, kontratuaren xedearen definizioan ez bada produktu osoa definitzea erabaki ekologiaren ezaugarriarekin, aukera egongo da betebehar teknikoen artean produktu baten portzentaje ekologiko jakina eskatzeko edo zerbitzuan erabili beharreko produktu batzuk ingurumenarekiko errespetuzkoa den eran egin direla eskatzeko.

    Adibide gisa, elikagaiei dagokienez honakoa kontuan har daiteke: “Ekoizpen ekologikoko elikagaiak (pestizida kimikoak eta ongarriak erabili gabe) 1991ko ekainaren 24ko 2092/91 EEC Regulation delakoaren eta 1804/99/ECaren arabera”.

  4. – Altzariak hornitzeko, obrako edo ekipamenduko kontratu baten kasuan, egurra erabiltzen bada, ezin da eskatu baso-ziurtagiri zehatz baten sisteman erregistraturik egotea, baina betebehar teknikoen artean sartu egingo da fabrikazio-prozesuan egur-mozketek ez gainditzea modu iraunkorrean eutsi daitezkeen mailak. Halaber, izurriteak kontrolatzeko metodoak erabiltzerakoan, produktu kimikoak ez erabiltzea eta gizarteko eta laneko segurtasunarekin eta osasunarekin eta ingurumenarekin errespetuzkoak diren sistemak erabiltzea eskatu ahalko da. Betebehar tekniko horiek betetzen direla frogatzeko edo egiaztatzeko bide gisa, betebehar horiek egiaztatzen dituen baso-ziurtagiriko sistema onartu ahalko da, FSC (Basoen Administrazio-kontseilua) edo PEFC (Europako Basoen ziurtagiria) adibidez. Hala eta guztiz ere, frogatzeko beste bide baliokideren bat ere onartu beharko da.

    V.7.– INGURUMEN-KUDEAKETAKO NEURRIAK.

    Hornidurazkoak ez diren eta ingurumena kalte dezaketen kontratuetarako, betebehar teknikoen agiriak ingurumen-kudeaketako neurri zehatzak jasoko ditu kontratua gauzatzerakoan aplikatzeko. Kontuan hartuko da aurrerago, VI.5 epigrafean, ezarritakoa.

VI.1.– GIZARTEKO EDO INGURUMENEKO ARRAZOIAK DIRELA-ETA, KONTRATAZIO-DEBEKUETAN SARTZEN DIRENAK KANPO UZTEA.

Kontratazio-prozeduratik kanpo utziko dira legeak kontratazioan ezarritako debekuetan sartzen diren pertsona eta enpresak. Horien artean sartuko lirateke langileen eskubideen aurkako delituak egin dituztenak, ingurumenaren alorreko delituak egin dituztenak, laneratzearen eta aukera berdintasunaren eta ezgaitasunen bat duten pertsonen diskriminazio ezaren alorrean arau-hauste larria egiteagatik epai irmoa dutenak, edo gizartearen alorrean arau-hauste oso larria egin dutenak. Azken horren barruan sartzen dira laneko arriskuen prebentzioan egindako arau-hausteak, ingurumenaren alorrekoak edo emakume eta gizonen berdintasunerakoak.

VI.2.– KONTRATATZEKO DEBEKUAK EGOTEA, LANEKO ETA GIZARTEKO BETEBEHARRAK URRATZEAREKIN ZERIKUSIA IZATEAGATIK.

Kontratazio-organoek zuzenean aztertuko dute laneko betebeharrekin eta gizartekoekin zerikusia duten kontratatzeko debekuak badauden edo ez, kontratuen legediak horixe zehazten duen kasuetan. Kontratuen legedian adierazitakoarekin bat etorriz eta debekuaren berri izateko aldez aurretik aitorpena behar den kasuetan, kontratazio-organoek eta, orokorrean, gertaeraren berri duen edozein administrazio-organok horren berri emango dio organo eskudunari, hark, hala badagokio, aitorpen hori jaso dezan.

VI.3.– LANEKO ETA GIZARTEKO BETEBEHARRAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEA.

  1. – Lanaren alorrean eskudun den Sailak beharrezko baliabideak jarriko ditu kontratazio publikoarekin lotura duten enpresek laneko eta gizarteko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko, batez ere ezgaitasunen bat duten pertsonak kontratatzearen, laneko arriskuen prebentzioaren eta lanpostu finkoen portzentajea mantentzearen gaietan.

  2. – Gizartearen alorreko betebeharrak betetzen direla egiaztatzearen lanek, besteak beste, honakoa bete behar dute: plantillan 50 langile edo gehiago dituen enpresa kontratista edo azpikontratista orok betebeharra du ehuneko 2ko kopurua ezgaitasunen bat duten pertsonek beterikoa dela ziurtatzeko. Bestela, neurri alternatiboak hartzeko betebeharra dute, Ezgaituen Gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 38.1 artikuluarekin eta urtarrilaren 14ko 27/2000 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Zenbaketa enpresaren plantilla osoaren gainean egiten da, lantoki-kopurua eta langileak enpresarekin uztartzeko lan-kontratazio mota edozein izanda ere. Aurreko eraginetarako kontuan hartzen den ezgaitasuna ehuneko 33an edo gainetik onarturikoa da.

  3. – Obren kasuan, laneko arriskuen prebentzioaren eremuko betebeharrak betetzeari buruzko egiaztapenak, besteak beste, zera egiaztatuko du: enpresa kontratistak nahiz, horrelakorik badago, enpresa azpikontratistak urriaren 18ko 32/2006 Legeak eta abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuak gutxieneko langile finkoen inguruan ezarritako betekizunak betetzen dituztela.

  4. – Halaber, egiaztapen horrek arreta berezia emango dio enpresa esleipendunaren nahiz, horrelakorik badago, enpresa azpikontratistaren betebeharra betetzen dela egiaztatzeari; laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa orokorraren sisteman sartzeari, bai jarduera-multzoan, bai hierarkia-maila guztietan (horretarako Prebentzio-plana ezarri eta aplikatuz); laneko arriskuen prebentzioan indarrean dagoen legediak segurtasunaren eta osasunaren alorrean enpresei ezarritako gainerako betebeharrak betetzeari (azaroaren 8ko 31/1995 Legea; urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretua; urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretua, eta abenduaren 12ko 54/2003 Legea eta maiatzaren 19ko 604/2006 Errege Dekretua, besteak beste). Betebehar horien artean Laneko Arriskuen Prebentziorako Plana izatea (31/1995 Legearen 16. art.), eta lanpostuarekin bat datorren prestakuntza ematea (31/1995 Legearen 19. art.) egongo lirateke, Azpikontratazioaren 32/2006 Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoarekin batera.

    4.– ESPERIENTZIA, EZAGUTZAK ETA BALIABIDE TEKNIKOAK (Administrazio-baldintza berezien agiriaren azala).

  1. – Kontratuaren xedeak berariazko gaitasunak eskatzen baditu gizartearen alorrean, emakume eta gizonen berdintasunarenean edota beste herri-politika batzuetan, administrazio-baldintza berezien agiriaren azalean betekizun gisa eskatuko da eskarmentu zehatza izatea gaitasun tekniko edo profesional bezala. Ezagutza eta baliabide teknikoak eskatuko dira hori betetzea eskatzen duten gaietan, Herri-administrazioen Kontratuen Legearen 17.etik 19.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

  2. – Gauzatzeko ingurumenaren alorreko gaitasun tekniko berezia behar duten kontratuetan, adibidez hondakinak kudeatzeko kontratuetan, ingurumen-etekin altuko obren eraikuntza-proiektuaren idazketan, edo ingurumenaren ikuspegitik sentikorra den zonaldean edo eraispenekoetan eta, orokorrean, betebehar teknikoetan ingurumenaren alorreko gaitasun tekniko berezia behar dela ezartzen den guztietan, gaitasun tekniko edo profesional gisa eskatuko da administrazio-baldintza berezien agiriaren azalean kontratua gauzatzeko behar den eskarmentua eta ezagutza teknikoak izan behar direla. Halaber, xede horretarako behar izan daitezkeen material guztiak izan beharko dira, besteak beste, hondakin-sorrera minimizatzeko, produktu kutsatzaileak isurtzea saihesteko eta habitat naturaletan sartzea gutxitzeko. Hori guztia Herri-administrazioen Kontratuen Legearen 17.etik 19.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz egingo litzateke.

  3. – Kontratuak gauzatzeko laneko arriskuen prebentzioaren gaian gaitasun tekniko berezia izatea garrantzitsua bada, adibidez eraikuntzak edo instalazioak amiantoz garbitzeko kontratuak direnean, laneko arrisku altuko obren proiektua idatzi edo obra horiek eraikitzen direnean (adibidez tunelak edo eraispenak) edo bereziki sentikorrak diren langileak hartzea aurreikusten denean (Laneko Arriskuen Prebentziorako 31/1995 Legearen 25., 26. eta 27. artikuluek aurreikusitako zentzuan) eta, orokorrean, betebehar teknikoen agiriak kontratu horretarako laneko arriskuen prebentzioan gaitasun tekniko bereziaren beharra azpimarratzen duen kasu guztietan, gaitasun tekniko edo profesional zehatz gisa ezarriko dira administrazio-baldintza berezien agiriaren azalean kontratua gauzatzeko behar diren eskarmentua eta ezagutza tekniko guztiak. Halaber, xede horretarako behar izan daitezkeen materialak eta taldeko eta banako babeserako ekipoak ezarriko dira. Horien xedea, besteak beste, arriskuak jatorrian saihestea, aldez aurretik prebenitzea ezinezkoa izandako arriskuak gutxitzea, pertsonaren lana egokitzea, arriskutsua dena arrisku gutxikoa edo arriskurik gabekoa denarengatik ordezkatzea eta taldeko babeserako neurriak banakakoen aurrean hobestea izango litzateke.

  4. – Kontraturen batean, gaitasuna egiaztatzeko bide gisa, lanak burutzeko eskura izango den makineria eta ekipamendu teknikoa adierazten duen aitorpena eskatzen bada, hura erantsi egingo zaio baliabideak aplikatzen zaien segurtasunaren alorreko araudiari egokitzen zaizkiola egiaztatzen duen dokumentazio-aitorpenari. Besteak beste, 1435/1992 Errege Dekretua eta makinen Zuzentarau europarretik eratorritako gainerakoak eta Laneko Ekipoen Erabilerari buruzko 1215/1997 Errege Dekretua egongo lirateke.

  5. – Kontratua gauzatzeko beharrezkoa bada enpresa jarduleak administrazio-baimena edo –inskripzioa izatea hondakin arriskutsuen ekoizle gisa, administrazio-baldintza berezien agiriaren azalean (enpresa kontratista aukeratzeko fasean) eskatu egingo zaio lizitatzaileari administrazio-gaitasun hori izatea. Hala eta guztiz ere, eskakizun hori ordezkatu egin ahalko da gaitasun hori beharrezko duen kontratuaren zatia gauzatzeko gaitasuna baduen enpresa azpikontratatzearen konpromisoa hartuta.

  6. – Kontratua gauzatzeko beharrezkoa bada enpresa jarduleak administrazio-baimena edo –inskripzioa izatea amiantoarekin lanean aritu ahal izateko, administrazio-baldintza berezien agiriaren azalean (enpresa kontratista aukeratzeko fasean) eskatu egingo zaio lizitatzaileari administrazio-gaitasun hori izatea. Hala eta guztiz ere, eskakizun hori ordezkatu egin ahalko da gaitasun hori beharrezko duen kontratuaren zatia gauzatzeko gaitasuna baduen enpresa azpikontratatzearen konpromisoa hartuta.

    5.– INGURUMEN-KUDEAKETAKO NEURRIAK, HORNIDURAKOAK EZ DIREN KONTRATUETAN ETA GAUZATZERAKOAN INGURUMENA KALTE DEZAKETEN HORIETAN (Administrazio-baldintza berezien agiriaren azala)

  1. – Hornidurakoak izan ez eta ingurumena kalte dezaketen, eta, ondorioz, kontratua gauzatzearekin zerikusi zuzena duten ingurumen-kudeaketako neurriak behar dituzten kontratu horietan, ingurumen-kudeaketako neurri horiek esplizituki eta argi adierazita egongo dira betebehar teknikoen agirian. Horiek betetzeko gaitasuna badutela erakusteko ziurtapena administrazio-baldintza berezien agiriaren azalean eskatuko da, gaitasun tekniko edo profesionaleko eskakizun gisa.

  2. – Neurri horiek betetzeko gaitasuna badutela erakusteko ziurtapena ingurumen-kudeaketako sistema nahiz 2001eko martxoaren 19ko 761/2001 CE EMAS erregelamendua garatuz ingurumen-kudeaketako sistema ezarrita edukitzearen bitartez egin ahalko da. Bestela, EN ISO 14001 nazioarteko arauaren araberako ziurtagiria izatea, Ekoscan araua betetzea edo antzeko besteren bat izatea ere onartuko da, betiere, sistema horrek eskatzen diren neurriak betetzen direla ebaluatzen eta egiaztatzen badu. Edonola ere, adierazitako neurriak betetzeko gaitasuna badela beste ziurtagiri edo froga-bide egokia erabilita egiaztatu ahalko da, eta administrazio-baldintza berezien agirian gaitasun-irizpide gisa eskatuko da.

    6.– GIZARTEAREN ETA INGURUMENAREN ALORREKO GAITASUN TEKNIKOA EDO PROFESIONALA ZIURTATZEA, SAILKAPEN-ESKAKIZUNA DUTEN KONTRATUETAN (administrazio-baldintza berezien agiria).

    Kontratuen legediaren arabera kontratazio-gaitasuna enpresa kontratistaren sailkapen-ziurtagiriaren bitartez egiaztatu behar den kasuan edo betebehar teknikoen agirian gizartearen edo ingurumenaren alorreko berariazko gaitasuna behar dela ezartzen den kasuan, berariazko gaitasun hori eskatu eta egiaztatzea esleipenaren prozedura mugatu bitartez egin ahalko da.

    7.– BALIABIDE PERTSONALAK ETA MATERIALAK LANAK GAUZATZEARI ATXIKITZEA (administrazio-baldintza berezien agiriari dagokion azala eta eranskina).

  1. – Kontratazio-organoek lizitatzailearen konpromisoa eskatu ahalko dute administrazio-baldintza berezien agirian, hark kontratua gauzatzeari kontratuaren gizarte- eta ingurumen-alderdiak gauzatzeko beharrezkotzat jotzen diren baliabide pertsonal eta material zehatzak atxiki diezazkion. Agiriak kontratuaren betebeharraren izaera emango dio konpromiso honi, funtsezkoa kontratua ebaztearen eraginetarako.

  2. – Xedetzat laneko segurtasunari eta osasunari arrisku berezia ekartzen dion zerbitzua ematea duten kontratuetan, kontratua gauzatzearen ardura laneko arriskuen prebentzioan prestakuntza duen pertsonari atxikitzearen konpromisoa eskatuko da. Hark kontratua gauzatzeari aplikaturiko Prebentzio-plana gauzatzeko ardura izango du, kontratuak irauten duen bitartean.

  3. – Kontratuaren xedetzat laneko segurtasunaren eta osasunaren alorreko azterlana edo oinarrizko azterlana egitea duten kontratuetan, konpromiso horrek laneko arriskuen prebentzioan goi-mailako titulazio teknikoa duen pertsonaren atxikipena erantsiko du.

  4. – Kontratuaren xede gisa laneko segurtasunaren eta osasunaren alorreko koordinazio funtzioak dituzten kontratuetan, konpromiso horrek laneko arriskuen prebentzioan aditu den pertsona baten atxikipena erantsiko du koordinazio funtzioak betetzeko. Gutxienez, erdi-mailako prestakuntza izan beharko du (39/1997 Errege Dekretuaren 36. artikulua eta 171/2004 Errege Dekretuaren 14. artikulua). Larritasun nabarmeneko arriskua duten obra eta zerbitzuen kasuan, goi-mailako prestakuntza da eskatuko dena.

(Administrazio-baldintza berezien agiriaren azala)

VII.1.– GIZARTE-IZAERAKOAK.

  1. – Esleipenerako irizpide bat baino gehiago eransten duten kontratuetako administrazio-baldintza berezien agiriaren azalean zera erantsiko da: eskainitako produktuak eta zerbitzuak ezgaitasunen bat duten pertsonen erabilerari egokitzea, betiere, egokitzapen hori aplikatu beharreko legedian derrigorrez eskatzen dena, betebehar teknikoen agirian ezarritakoa edo, bestela, onarturiko obra-proiektuan jarritakoa baino altuagoa izanda.

  2. – Kontratuaren xede diren prestazioen onuradun edo erabiltzaileak bereziki kalteturiko biztanle-kategoriak badira, esleipenerako irizpide gisa hartuko dira biztanle-kategoria horiek berezkoak dituzten behar horiei erantzuten dieten gizarte-eskakizunak betetzearekin uztarturiko ezaugarriak.

  3. – Aurkezten den eskaintzan genero-ikuspegia sartzea esleipenerako irizpide gisa baloratuko da, kasuan kasuko prestazioaren izaera eta ezaugarriak ikusita sartze horrek eskaintzak jasotako alderatutako abantailak areagotzea esan nahi badu kontratuaren xedea hobeki betetzeko emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunari dagokionez. Betiere, kontuan izango da baloratu beharreko alderdiak betebehar teknikoen agirian zehazturik ez egotea prestazioaren derrigorrezko ezaugarri gisa. Zentzu horretan, hurrengoak bezalako alderdiak baloratu ahalko dira: azterlan eta estatistiken emaitzak eta ondorioak sexuen arabera xehatzea; aurkeztutako eskaintzan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko aurreikusi diren ekintzen edukia argitu eta horiek zehaztea; zerbitzu baten edo ondasun baten ezaugarri teknikoak eratzerakoan emakumeen gizarte-, psikologia- edo fisiologia-berezitasunei arreta ematea bezalako alderdiak edo administrazio-baldintza berezien agirian zehazturiko eta behar bezala argitutako antzeko beste irizpide objektibo batzuk.

    VII.2.– INGURUMEN-IZAERAKOAK.

  1. – Halaber, esleipenerako irizpide bat baino gehiago jasotzen dituen adierazitako administrazio-baldintza berezien agiriaren azalak erantsi egingo ditu esleipen-irizpide horien artean eskainitako produktu edo zerbitzuaren ingurumen-alderdiak betebehar tekniko berezien agirian eta onartutako proiektuan edo aplika daitezkeen sektoreko arauetan ezarritako gutxienekoak baino altuagoak izan daitezela, betiere, kontratuaren xedearekin zerikusi zuzena izanda kontratazio-organoak egoki irizten baditu eta behar bezala eskatzen baditu.

  2. – Produktuaren edo zerbitzuaren ingurumen-alderdi horiek agirian kasu bakoitzerako jasotako haztapenaren bitartez baloratuko dira; objektiboak, berariazkoak eta objektiboki zenbatzeko modukoak izango dira. Horrela, enpresa lizitatzaile guztiek baloratuko diren alderdiak ezagutuko dituzte eta modu berean interpretatuko dituzte, eta kontratazio-organoak alderatutako balorazioa egin ahalko du eskaintza ezberdinen gainean.

  3. – Orientazio modura eta beti goian adierazitako mugen barruan, eskainitako azken produktuaren edo zerbitzuaren nahiz produktua lantzeko prozesuan edo kontratua gauzatzekoan erabilitakoaren gaineko ingurumen-izaerako esleipen-irizpideak hurrengoei buruzkoak izango ahalko dira adibidez:

    1. Berotegi efektua eragiten duten gas-isurketak gutxitzea (GEI’s), adibidez: CO2, HFC, PFC eta SF6 isurketak.

    2. Isurketa kutsatzaileak gutxitzea, adibidez partikulena (PM10, PM 2,5), disolbatzaileena (COV) eta nitrogeno-oxidoena.

    3. Energia-eraginkortasuna eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzea.

    4. Uraren Esparru-zuzentarauak (2000/60/CE) lehenetsitako substantziak uretara isurtzea gutxitzea.

    5. Minbizia eta mutazioak sor ditzaketen produktu edo substantzia arriskutsuak eta ugalketarako (CMR) produktu edo substantzia toxikoak erabiltzea saihestea edo gutxitzea. Bereziki saihestuko dira R 50/53 arriskua duten substantziak.

    6. Lehengaiak, erregaiak eta ura bezalako baliabide naturalen kontsumoa gutxitzea.

    7. Hondakin arriskutsuak eta arriskutsuak ez direnak ahalik eta gutxien sortzea eta horiek berrerabili eta birziklatzea.

    8. Material birziklatuak amaierako produktuari eranstea.

    9. Zenbait etiketa ekologiko betetzea, ekodiseinuko UNE 150301 araua eta produktuaren edo zerbitzuaren kalitatearen beste bereizgarri batzuk.

  4. – Eskaintza aukeratzerakoan ez dira kontuan izango esleipenerako beste irizpide batean baloratutako irizpide baten alderdiak. Horrela, produktuaren bizi-zikloaren kostuan ez da kontuan izango prezioaren irizpidean edota beste irizpide batzuetan sartutako eta baloratutako garraio- eta entrega-kostua bezalako alderdiak. Aitzitik, kontratazio-organoaren kontura produktuaren bizi-zikloan zehar izandako gastuak baloratu egingo dira.

  5. – Inolaz ere ez dira “ingurumenarekiko errespetuzkoa” edo antzeko adierazpen orokorrak erabiliko. Aldiz, helburu hori irizpide zehatzetan xehatuko da, kontratuaren xedearekin zerikusia izanda eta zenbatzeko moduan. Lizitatzaile guztiek irizpidea eta balorazio-modua modu homogeneoan interpretatzeko moduan ezarriko dira horiek.

(Administrazio-klausula berezien agiria)

Jarraibide hauen aplikazio-eremuan barne hartutako kontratazio guztietan aplikatuko dira plantillan % 2tik gorako ezgaitasuna duten langileak dituzten enpresek, berariaz gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak sustatu eta laneratzen dituzten enpresek, Bidezko Merkataritzako Erakunde gisa aitortutako erakundeek eta, prestazio sozial edo asistentzialen inguruko kontratuen kasuan, irabazteko asmorik gabeko erakundeek aurkeztutako proposamenen alde kontratuen legerian aukerakotzat ezarritako esleipeneko lehentasunak.

Lehentasunak aplikatzeko, enpresa edo erakunde horiek eta beren proposamenek legeria horretan lehentasuna aplikatzeko ezarritako baldintzak bete behar izango dituzte; besteak beste, proposamen horiek esleipenerako oinarri gisa balio duten irizpideen ikuspegitik onuragarrienak direnen parekoak izatea.

(Administrazio-klausula berezien baldintzen agiriaren karatula)

IX.1.– GIZARTEAREN, INGURUMENAREN ETA BESTE POLITIKA PUBLIKO BATZUEN BETETZE BALDINTZA BEREZIEN AURREIKUSPENA.

  1. – Kontratuen agiri bereziek ingurumeneko, gizarteko zein beste politika publiko batzuei loturiko betetze-baldintza bereziak jasoko dituzte, eta bereziki, ingurumena eta laneko osasuna babesteko, lan-merkatuan txertatzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzeko eta merkatu horretan emakume eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko, genero-ikuspegia sartuz eta autonomia-erkidegoko administrazioak egiten dituen proiektu, plan, programa, azterlan eta publizitateak hizkuntzaren eta irudiaren erabileran diskriminazio-elementurik ez dutela bermatzeko, langabeziari aurre egiteko, lantokiko prestakuntza errazteko, edo kontratazio-organoak egoki iritzitako beste helburu batzuetarako, Europako Erkidegoa eratzeko Itunaren 125. artikuluan zehazturiko enplegurako estrategia koordinatuari dagokionez, edo ekoizpen-katean zehar oinarrizko lan-eskubideen errespetua bermatzeko, Lanaren Nazioarteko Erakundearen funtsezko hitzarmenak betearaziz.

  2. – Betetze-baldintza berezi horiek ez dira zehaztapen teknikoak, kaudimen-irizpideak edo esleitzeko irizpideak izango, eta kontratuaren xede den prestazioaren izaerari egokitu beharko zaizkio.

  3. – Agiriek zigor ekonomikoak jarri ahal izango dituzte betetze-baldintza bereziak betetzen ez badira, edo funtsezko kontratuzko betebehar izaera eman ahal izango die kontratua suntsiarazteko.

  4. – Betetze-baldintza berezi horien artean jasoko dira, adierazi bezala, ondorengo ataletan aipatutakoak.

    IX.2.– LANA LORTZEKO ZAILTASUN BEREZIA DUTEN PERTSONAK LANERATZEA.

  1. – Administrazio-klausula berezien agiriak, “Ingurumeneko edo gizarteko betetze baldintza bereziei” buruzko ataleko “Gizarteari buruzkoak” azpi-atalean, kontratatutako prestazioa betetzeko lana lortzeko zailtasun berezia duten langabeak (% 20 gutxienez) sartzeko konpromisoa hartzeko aginduko dio enpresa esleipendunari. Laneratze-ehunekoa enpresa kontratistak eta, hala badagokio, azpikontratistek kontratua betetzeko behar duten guztizko langile-kopuruari dagokionez zenbatuko da.

  2. – Lana lortzeko zailtasun berezia dute pertsona hauek:

    1. Oinarrizko errenta jasotzen duten (dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuaren ziurtagiriarekin, aipaturiko programaren onuraduna dela egiaztatzen duenarekin, egiaztatuta) eta txertatze-hitzarmen bat sinatu duten pertsonak.

    2. Hau lehenengo lan-esperientzia duten 30 urtetik gorako emakumeak eta bost urtez jarduerarik egin gabe egon ondoren kontratatutakoak (lan-bizitzaren txostenarekin egiaztatuta).

    3. Ezgaitasunen bat duten eta % 33ko edo gehiagoko elbarritasuna aitortzen zaien pertsonak (erakunde ofizial eskudunak emandako elbarritasun-ziurtagiriarekin egiaztatuta).

    4. Etxeko indarkeriaren biktimak. Bere ezkontidearen aldetik edo afektibitate-harreman berberaz modu egonkorrean berari lotuta egon den pertsonaren aldetik edo beren arbasoen, ondorengoen edo anai-arreben aldetik indarkeria fisikoa edo psikikoa jasan duena egoera horretan dagoela ulertuko da, baldin eta gertaera horiek zigor-epaiaren bidez edo biktimaren aldeko babes-aginduaren bidez edo, salbuespen gisa, babes-agindua izapidetu bitartean, salatzailea aipaturiko indarkeriaren biktima izateko zantzuak badaudela adieraziz Fiskaltzak eginiko txostenaren bidez behar bezala egiaztatu badira.

    5. Gaixotasun mentalen bat duten pertsonak (medikuaren txostenarekin egiaztatuta).

    6. Guraso bakarreko familia bateko aita edo ama, baldin eta gutxienez hiru hilabeteko antzinatasunaz langabe gisa inskribatuta badago. Ordaindutako jarduerarik egiten ez duen ondorengo ahaide bat edo gehiago bere kargura dituen pertsona egoera horretan dagoela ulertuko da (bizikidetza-ziurtagiriarekin, Familia Liburuaren kopiarekin, ordaindutako jarduerarik egiten ez duen ondorengo ahaide bat edo gehiago bere kargura dituela adierazten duen zinpeko aitorpenarekin eta langabe gisa eginiko inskripzio-aldien inguruan dagokion autonomiako edo estatuko Lan Zerbitzu Publikoak eginiko ziurtagiriarekin egiaztatuta).

    7. Gutxienez 6 hilabetez jarraian langabe gisa inskribatuta dauden Europar Batasunetik kanpoko etorkinak (langabe gisa eginiko inskripzio-aldien inguruan dagokion autonomiako edo estatuko Lan Zerbitzu Publikoak eginiko ziurtagiriarekin egiaztatuta).

    8. Denbora luzez jarraian langabezian dauden pertsonak, dagokion zerbitzu publikoan gutxienez 12 hilabetez lan-eskatzaile gisa inskribatuta daudenak (langabe gisa eginiko inskripzio-aldien inguruan dagokion autonomiako edo estatuko Lan Zerbitzu Publikoak eginiko ziurtagiriarekin egiaztatuta).

    9. Gutxienez 3 hilabetez jarraian langabe gisa inskribatuta dauden 45 urtez gorako pertsonak (langabe gisa eginiko inskripzio-aldien inguruan dagokion autonomiako edo estatuko Lan Zerbitzu Publikoak eginiko ziurtagiriarekin egiaztatuta).

    10. 16 eta 30 urte arteko gazteak, 5-12 hilabetez jarraian langabe gisa inskribatuta daudenak (langabe gisa eginiko inskripzio-aldien inguruan dagokion autonomiako edo estatuko Lan Zerbitzu Publikoak eginiko ziurtagiriarekin egiaztatuta).

    11. Adingabeak babesteko erakundeetatik datozen pertsonak, baldin eta laneratze-prozesua erakundetik atera eta hamabi hilabeteko epean hasten bada (dagokion ziurtagiri instituzionalarekin egiaztatuta).

    12. Toxikomano ohiak (alkoholiko ohiak eta drogadikto ohiak). Halakotzat hartuko dira dagokion talde terapeutikoaren iritziz desintoxikatzeko eta mendekotasuna gainditzeko faseak gainditu eta 6 hilabetetik gorako tratamendu jarraia daramatenak (dagokion Osasun Zentroaren ziurtagiriarekin egiaztatuta).

    1. Espetxean dauden, lan-kontraturik ez duten eta beren zigor-araubidea dela-eta lanpostu bat lortu ezin duten pertsonak, eta langabe gisa inskribatuta dauden preso ohiak, baldin eta kontratazioa haiek espetxetik atera eta 12 hilabeteko epean egiten bada (dagokion ziurtagiri instituzionalarekin egiaztatuta).

    2. Hala eskatzen duen eta, oinarrizko gizarte-zerbitzuen iritziz, laneratzeko esku-hartzeko edo jarduketa espezifikoren bat behar duen edozein pertsona.

    1. Ekintza terrorista jasaten duten edo jasan duten pertsonak edo hiriko bakea eta segurtasuna nabarmen kaltetzeko xedez jardun duten eta talde armatuetako kide direnen ekintza jasan dutenak. Talde horretan sartuko dira formalki helburu horrekin eratutako taldeetako kide ez izan arren xede berbera duten pertsonak ere.

  3. – Laneratzeko betebeharra modulatu egin ahal izango da kontratuaren esleipenak aurreko plantilla subrogatzea baldin badakar edota kontratu berriak enpresa esleipendunari kontratazio berriak egiteko premiarik ez badakarkio. Salbuespenezko aurreko kasuak behar bezala arrazoitu eta egiaztatu egin behar izango dira.

  4. – Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan izan ezik, lana lortzeko zailtasun bereziak dituzten langabeen % 20 kontratu-prestazioaren betetzean sartzeko ezintasuna enplegu-zerbitzu publikoek eta oinarrizko gizarte-zerbitzuek aurkeztutako lan-eskaintzari erantzuteko gaitasunik eza dela-eta edo ekoizpen‑ zein antolaketa-alderdiengatik, alderdi teknikoengatik edo ekonomikoengatik behar bezala arrazoituta baldin badago bakarrik onartuko da. Kasu horietan, kontratuaren xede diren prestazioen tipologiari egokitzen bazaio, enpresa esleipendunak kontratuaren zenbatekoaren % 5 gutxienez 2273/1985 Errege Dekretuan jasotako Lan Zentro Berezien Erregistroan edo abenduaren 26ko 305/2000 Dekretuak araututako Laneratzeko Enpresen Erregistroan inskribatutako enpresekin azpikontratatu beharko du. Horretarako, aipaturiko erregistroetan inskribatutako enpresen zerrenda eskatu beharko dute Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailean.

    IX.3.– EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNA.

    Administrazio-klausula berezien orriak, “Ingurumeneko eta gizarteko betetze baldintza bereziei” buruzko ataleko “Gizarteari buruzkoak” azpi-atalean, barne hartuko ditu kontratua betetzerakoan emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko betetze-baldintza berezi hauek:

    1. Kontratua betetzerakoan, enpresa kontratistak edo azpikontratistak emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko du tratuan, enplegua lortzeko aukeran, sailkapen profesionalean, sustapenean, iraunkortasunean, prestakuntzan, iraungitzean, ordainsarietan, lan-kalitatean eta -egonkortasunean, lanaldiaren iraupenean eta antolaketan. Halaber, kontratua betetzerakoan, enpresa kontratatistak edo azpikontratistak betetzeari loturiko pertsonen bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateratu ahal izateko neurriak hartuko ditu.

    2. Halaber, 10 langile baino gehiagoko enpresa kontratistek edo azpikontratistek sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena saihesteko neurriak hartzea bermatuko dute kontratua betetzeari loturiko emakumezko langileei dagokienez, baita jardunbide egokien kodeak prestatu eta zabaltzea, informazio-kanpainak eta prestakuntza-ekintzak egitea eta prozedura zehatzak ezartzea ere, halakoak saihesteko eta jazarpena jasan dutenek aurkeztutako salaketa edo erreklamazioak bideratzeko.

    3. Kontratua gauzatzeko, langile gehiago behar izanez gero, eta enpresa kontratistak edo azpikontratistak emakumeen ordezkaritza desorekatua badu plantillan, kontratua gauzatzerakoan, epe osoan, gutxienez, emakume-kontratazio bat egin beharko du, edo emakume-kontratazio behin-behineko bat behin betiko bihurtu beharko du. Plantilla desorekatutzat hartuko da emakumeen ordezkaritza edo presentzia plantillaren guztizkoaren % 40 baino txikiagoa duena.

      IX.4.– ENPLEGUAREN KALITATEA ETA OINARRIZKO LAN ESKUBIDEAK.

      1. – Administrazio-klausula berezien orriak, “Ingurumeneko eta gizarteko betetze baldintza bereziei” buruzko ataleko “Gizarteari buruzkoak” azpi-atalean, barne hartuko du kontratua betetzeari loturiko plantillaren % 30 gutxienez mugagabea izateko enpresa esleipendunaren kontratuzko betebeharra. Ez da betebehar hori izango enpresaren kontratazio mugagabeko ehunekoa plantilla osoaren % 80tik gorakoa denean.

        Kontratua betetzeko beharrezkoak diren langileen guztizko kopuruari dagokionez zenbatuko da ehunekoa, eta zenbatespen horretan barne hartuko da kontratua bete behar duten enpresa azpikontratisten ehunekoa.

      2. – Kontratua betetzeari loturiko langileen inguruan aurrez aipaturiko betebeharra gorabehera, eraikuntza-sektoreko azpikontratazioak arautzen dituen urriaren 18ko 32/2006 Legearen menpeko kontratuetan, enpresen langile mugagabeen kopurua 32/2006 lege horrek nahitaez ezarritako ehuneko berberekoa izango da gutxienez.

      3. – Administrazio-klausula berezien orriak, “Ingurumeneko eta gizarteko betetze baldintza bereziei” buruzko ataleko “Gizarteari buruzkoak” azpi-atalean, barne hartuko du kontratua betetzerakoan enpresa esleipendunak ekoizpen-katean zehar oinarrizko lan-eskubideak errespeta daitezen bermatzeko kontratuzko betebeharra, Lanaren Nazioarteko Erakundearen funtsezko Hitzarmenak betetzea exijituz; besteak beste, askatasun sindikalari eta negoziazio kolektiboari buruzkoak, ezinbesteko edo nahitaezko lana kentzeari buruzkoak, arrazagatiko, koloreagatiko, sexuagatiko, erlijioagatiko, iritzi politikoagatiko, jatorri nazionalagatiko edo jatorri sozialagatiko enplegu- eta okupazio-arloko diskriminazioa kentzeari buruzkoak eta haurren lana abolitzeari buruzkoak.

        IX.5.– OBRAK ETA ZERBITZUAK BETETZEKO LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA.

      1. – Obra edo zerbitzu bat egitea xede duen kontratu orok administrazio-klausula berezien orrian, “Ingurumeneko edo gizarteko betetze baldintza bereziei” buruzko atalean, “Laneko segurtasunari eta osasunari buruzkoak” azpi-atalean, honako betetze-baldintza berezi hauek jasoko ditu enpresa kontratistaren eta azpikontratisten kontura:

        1. Prebentzio-planarekin bat etorriz, zuzendaritza-lanetan diharduten eta beren jarduera eta erabakietan laneko arriskuen prebentzioa integratzeko beharrezko prestakuntza jaso duten pertsonak izatea.

        2. Prebentzio Planeko egiaztatze-prozedura espezifikoan ezarritako jarraibideei jarraituz, prebentzio-antolaketaren bidez, obra edota zerbitzu-prestazioan aldizkako ikuskapen-prozedura izatea, obra edo zerbitzuhori gauzatzeak laneko segurtasunerako eta osasunerako arrisku berezia ekar badezake. Prozedura horretan barne hartu beharko dira Arriskuen Ebaluazioa/ Laneko Segurtasuna eta Osasuna atalean aurreikusitako babes-neurri kolektiboen aldizkako egiaztapena eta Norbera Babesteko Ekipamenduen erabilera eraginkorra.

        3. Obren kasuan, enpresa kontratistak, obra bakoitzeko, prebentzioan prestakuntza espezializatua duen eta laneko arriskuak saihesteko plana kudeatzen duen enpresako pertsona bat izendatuko du segurtasunaren eta osasunaren arduradun.

        4. Obren kasuan, koordinazioa sustatzea segurtasun-koordinatzailearen (eta halakorik izendatu ez bada, zuzendari fakultatiboa), enpresak izendatutako segurtasun‑ eta osasun-arduradunaren eta langileek aukeratutako prebentzio-ordezkariaren arteko bileren bidez.

        5. Kontratua betetzerakoan langile etorkizunak sartzen direnean, komunikazio eraginkorra ahalbidetzen duten prozedurak ematea prebentzio-sistema egokia bermatzeko.

      2. – Kontratazio-organoek, obra-kontratuak betetzen hasi aurretik, aurretiko jakinarazpena aurkeztuko diote Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari. Jakinarazpen horrek adieraziko ditu eraikuntza-lanetako gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituen urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretuaren III. eranskinean eta 18. artikuluan jasotako datuak, eta telematikoki egin ahal izango da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2007ko ekainaren 12ko Aginduan ezarritakoaren arabera (EHAA, 129. zk., uztailaren 5ekoa).

        IX.6.– INGURUMENA BABESTEA.

        Administrazio-klausula berezien agiriak, “Ingurumeneko eta gizarteko betetze baldintza bereziei” buruzko atalean, “Ingurumenari buruzkoak” azpi-atalean, bidezkoa bada eta kontratuaren xedearekin lotura badute, barne hartuko ditu, zehaztapen teknikoa edo esleitzeko irizpidea ez bada, esleipendun eta azpikontratista orok bete beharreko betetze-baldintza berezi hauek:

        1. Erabilitako ontzi eta produktuak berrerabili edota birziklatzea eta baimendutako kudeatzailearen bidez behar bezala ezabatzea.

        2. Hondakinak osagaien arabera biltzea, zati desberdinak bereizita, behar bezala kudeatzeko.

        3. Kontratua betetzera bideratutako langileen kontratuaren hasieran ingurumen-arloko prestakuntza ematea, energia- eta ur-kontsumoa murriztea eta kontratuan ezarritako ingurumen-baldintzetatik eratorritako beste alderdi batzuk.

        4. Laneko jarraibideak prestatzea; batez ere ingurumenari, laneko osasunari eta segurtasunari buruzko informazioa jasoko dute, eta lanpostuetan eskuragarri egongo dira.

          Horrez gain, kontratuaren jarraipen-txostenak egingo dira aldizka, eta kontratua betetzearen ondoriozko inpaktu nagusiak eta ingurumen-adierazleak zehaztuko dira bertan (adibidez, hondakinen sorrera eta kudeaketa, produktuen kontsumoa, erregaien edo beste energia-iturri batzuen kontsumoa eta CO2 emisioak eta baliokideak, etab.). Txosten horiek egiazkoak direla egiaztatu beharko da, adibidez, hirugarrenen balioztatzeen bidez; kudeaketa-sistema desberdinak, enpresaren zuzendaritzaren zinpeko adierazpena edo hondakinak kontrolatzeko eta haien kudeaketaren jarraipena egiteko agiriak.

(Administrazio-klausula berezien agiria)

  1. – Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, betetzeko baldintza berezi gisa jasotako betebeharrez gain, eta, hala badagokio, preskripzio teknikoetan aurreikusitakoen kaltetan izan gabe, kontratuen administrazio-klausula berezien agiriek ondorengo 2. atalean adierazten diren betebeharrak jasoko dituzte.

    Betebehar horiek barne hartuko dira Gobernu Kontseiluak 2007ko maiatzaren 22an onartutako administrazio-klausula berezien agirien eredu-moten 16.1, 18.1 edo 20.1 klausuletan (EHAA, 246 zk., 2007ko abenduaren 24koa), aztertutako gaiaren arabera.

  2. – Hona hemen aipaturiko klausulek izango duten edukia:

    «Lanari, gizarte-segurantzari eta laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez.– Enpresa kontratistak lanari, gizarte-segurantzari eta laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez indarrean dauden xedapenak bete behar ditu, eta bereziki:

  1. – Eman beharreko prestazioak lan-ordenantzari edo hitzarmen kolektiboari lotuta daudenean, dagokion hitzarmen kolektiboaren eta lan-ordenantzaren xedapenak bete behar izango dituzte.

  2. – Enpresak langileen bizitzari, osotasunari eta osasunari eragin diezaieketen arriskuak ahal bezainbeste saihesteko beharrezkoak edo bete beharrekoak diren laneko segurtasun‑ eta higiene-neurri guztiak hartuko ditu. Halaber, indarreko araudiak laneko arriskuak saihesteko ezarritako betebeharrak beteko ditu eta, kontratatutako jarduera hasi aurretik, betebehar hauek bete dituela egiaztatu behar izango du:

    1. Indarreko legeriaren araberako prebentziozko antolaketa-mota bat hartzea.

    2. Laneko arriskuen prebentzioa enpresaren kudeaketa-sistema orokorrean integratzea urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak onartutako Prebentzio Zerbitzuen Araudiaren 2. artikuluaren araberako laneko arriskuen prebentzio-plan bat ezarri eta aplikatuz. OHSAS 18001 Arauan, LANEren Segurtasun‑ eta Osasun-sistemei buruzko Jarraibideetan edo beste arau baliokide batean oinarritutako laneko arriskuen prebentzioa kudeatzeko sistema bat ezarrita edukitzearekin baldintza hori egiaztatutzat hartuko da, baldin eta sistema horrek eskatzen diren neurriak betetzea ebaluatzen eta egiaztatzen badu. Frogatzeko beste edozein baliabide egokiren bidez ere egiaztatu ahal izango da betebehar hori bete dela.

    3. Kontratatutako jarduerari dagokion prebentzio-jardueraren arriskuak eta plangintza ebaluatzea.

    4. Laneko arriskuen prebentzioari buruzko 31/1995 Legearen V. kapituluan aurreikusitako Kontsulta eta Parte-hartzea gauzatzeko modua arautzen duen idatzizko prozedura edo, hala badagokio, Segurtasun eta Osasun Batzordearen bileren aktak izatea.

    5. Ezarritako segurtasun-neurriak betetzearen kontrola arautzen duen prozedura izatea eta, hala badagokio, Langileen Estatutuan, Hitzarmen Kolektiboan eta abarretan langile guztien segurtasuna bermatzeko ezarritako diziplinazko neurriak hartzea.

    6. Obren kasuan, enpresa azpikontratistei Segurtasun eta Osasun Plana ematea eta horren betetzea egiaztatzea, eta abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuaren III. eranskinean aurreikusitako Azpikontratazio Liburuaren inguruko betebehar guztiak betetzea, abuztuaren 24ko 1109/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoarekin bat etorriz.

    7. Arriskuen ebaluazioari loturiko prebentzio-baliabideak bertan izateko beharra duten lanpostuen edota jardueren zerrenda izatea.

    8. Kontratua betetzeko esku hartzen duten langile guztiek, bertakoek zein kanpokoek, sartzerakoan arrisku espezifikoei, babes-neurriei eta larrialdi-neurriei buruzko informazioa jasotzea, eta bere jarduerari eragiten dioten arriskuei buruzko beharrezko prestakuntza jasotzea (31/1995 Legearen 18. eta 19. artikuluak, 32/2006 Legea eta 1109/2007 Errege Dekretua), Planaren prozeduraren arabera. Bereziki, norbera babesteko ekipamenduen erabilerari buruzko beharrezko prestakuntza ematea. Horretarako, eraikuntza-sektorerako, enpresa esleipendunak, besteak beste, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak abiarazitako Gela Iraunkorraren zerbitzuak erabili ahal izango ditu.

    9. Kasuan kasu, beharrezkoak diren banakako babes-ekipamenduak eman izanaren egiaztagiria izatea.

    10. Jangela- eta atseden-zerbitzu egokiak, higiene-zerbitzuak eta jantziak ematea, langile-kopurua eta lan-eremuen kokapena kontuan hartuta.

    11. Lanen garapena eta langileen kontratazioa planifikatzea, langileen atseden-egunak errespetatuz eta aparteko orduak salbuespenezko kasuetan bakarrik eginez.

    12. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzan obran parte hartuko duten enpresa azpikontratisten eta langile autonomoen zerrenda aurkeztea, jardueraren hasiera- eta amaiera-datak, azpikontratatutako jarduera eta lanak egingo dituzten langileak adierazita.

      Enpresak bete beharreko kontratuaren zati bat azpikontratatzen badu, azpikontratei aurreko betebeharren egiaztagiriak eskatu beharko dizkie eta administrazio kontratugileari eman beharko dizkio. Obren kasuan, enpresek lanak hasi aurretik egindako azpikontratazioen berri eman behar izango diote obraren segurtasuna eta osasuna koordinatzeaz arduratzen den pertsonari.”

Kontratuen administrazio-klausula berezien agiriaren karatulak ondorengo taula hau jasoko du, ingurumeneko, gizarteko eta prozeduran eta kontratuan sartutako beste politika publiko batzuen inguruko alderdiak errazago irudikatzeko eta haien jarraipena errazteko. Taula horretan, “BAI” batez adieraziko da, dagokion laukitxoan, aipaturiko zein alderdi sartu diren.

Irizpideak

Lanean txertatzea

Emakumeen eta gizonen

berdintasuna

Laneko arriskuen prebentzioa

Ingurumenari dagozkionak

Kontratuaren xedea

Kaudimen tekniko eta

profesionaleko irizpideak

Zehaztapen teknikoak

Esleitzeko irizpideak

Betetze ‑ baldintza bereziak

Jarraibide hauek bateragarriak dira aurrez hizkuntza-baldintzak sartzeari dagokionez Gobernu Kontseiluaren 2006ko otsailaren 28ko Erabakiaren bidez onartutakoekin, eta horiek ere kontuan hartu behar izango dituzte kontratazio-organoek.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.