Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2008ko ekainaren 13koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Oñatiko Zubillaga auzoan Arantzazu ibaia uholdeetatik babestu eta ubideratzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren Adierazpena egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko ekainaren 13koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Oñatiko Zubillaga auzoan Arantzazu ibaia uholdeetatik babestu eta ubideratzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren Adierazpena egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 202
  • Hurrenkera-zk.: 5643
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/06/13
  • Argitaratze-data: 2009/10/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko 3/1998 Lege Orokorraren arabera,

  1. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuek ingurumenean duten eragina banaka ebaluatzeko jardunbide baten menpe egongo dira eta jardunbide horri amaiera emateko Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio ebazpenaren aurretik.

    Oñatiko Zubillaga auzoan Arantzazu ibaia uholdeetatik babestu eta ubideratzeko proiektua onartzeko prozedura hasita, eta ondorengo araudian xedatutakoa aplikatuz: otsailaren 27ko Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko 3/1998 Legea; Ingurumenaren Gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua eta hori garatzeko Erregelamendua onartzeko den irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua, besteak beste, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzen diren izapideak gauzatu dira:

    Kontsultei buruzko izapidea. Proiektuaren sustatzaileak eskatuta, Ingurumen Sailburuordetzak proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeari buruzko kontsulten izapideari ekin zion. Izapidetze hori jasota dago, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua gauzatzeko erregelamendua onartzen duenaren, 13. artikuluan eta ondorengoetan. Behin Ingurumen Sailburuordetzak 2007ko martxoaren 13an aurretiazko txostena bidali eta gero, izapidetzea bukatu zen.

    Jendaurrean jartzeko izapidea. Uraren Euskal Agentziak jendaurrean jarri zituen proiektua eta proiektu horrek ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako azterlana (2008ko martxoaren 14ko 53 zenbakiko Gipuzkoako Aldizkari ofiziala).

    Espedientea bidaltzea. 2008ko maiatzaren 13an Uraren Euskal Agentziak espedientea Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen, aipatutako irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa betez.

    Erreferentziazko proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa zuzena dela, eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdiei egokitzen zaiela aintzat hartuta, Ingurumen Sailburuordetzak, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpena emateko eskumena duen organoa izanik eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, ondokoa

  1. Oñatiko Zubillaga auzoan Arantzazu ibaia uholdeetatik babestu eta ubideratzeko proiektuak Ingurumenean duen Eraginari buruzko aldeko Adierazpena egitea.

  2. Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko; baldintzok lotesleak dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

    A. Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera gauzatu beharko da proiektua.

    B. Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuek ingurumenean duten eragina Ebaluatzeko Legearen Testu bategina, adierazitako arauaren II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat.

    Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak aurreko idatz-zatian adierazitako garrantzirik ez dutenean edo lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

    C. Babes neurriak eta neurri zuzentzaileak.

    Neurri babesle eta zuzentzaileak egitasmoaren sustatzaileak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko aurkeztu zituen agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako pertsonalak, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatu ahal izango dituzte. Ondorengo idatz-zatietan adierazitako neurriak gehitu beharko dituzte.

    Neurri hauek guztiak, obra kontratatzeko baldintzetan sartu beharko dira eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua izan beharko dute.

    c.1. Ibaien ekosisteman ondorio kaltegarririk ez eragiteko neurriak.

    c.1.1. Proiektua gauzatuko den eremuko ibaiko ekosistemaren balio handia eta ingurumen ahalmena kontuan izanda, ibaiaren bi ertzetarako proiektatutako harri-lubetaren neurriak eta diseinua berraztertu beharko dira, gainean zuhaitzak landa daitezen ibai ibilguan itzala egiteko eta uda-garaian uraren tenperatura gehiegi igo ez dadin. Horretarako harri-lubeta baxuagoa egingo da eta lur-ezponda bat sortuko da harri lubetaren eta lursail naturalaren sestraren artean. Harri-lubeta horren neurriak zuhaitzak egoki hazteko modukoak izango dira. Ezpondan erriberako bertako zuhaitzak landatuko dira.

    Aurrekoarekiko hartuko den konponbideak ingurumen gaietan aditua den aholkularitzaren aldeko txostena beharko du, eraikuntza-lanekin hasi aurretik ingurumen sailburuordetza honetara helaraziko dena.

    c.1.2. Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko sustatzaileak aurkeztutako agirietan lanak burutzeko aurreikusitako metodo eta programen arabera garatuko dira lanak. Ibaian eragina izan dezaketen lanak programatu eta sinkronizatu egingo dira ahal den denbora laburrenean egiteko.

    c.1.3. Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Dekretua eta urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora espezie batzuk babestekoa aplikatzeaz gain, zuzenean hartuko ez diren eremuetako zuhaitz-landaredi naturala moztea saihestuko da. Ondorio horietarako, zaindu eta mantendu beharreko landaredi eremuak zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira, Ingurumenaren gaineko eraginaren Azterlaneko «Neurri zuzentzaileak eta Ingurumena zaintzeko neurriak» 10. planoan identifikatutakoak, hain zuzen. Lanetan enbarazurik egiten ez duten zuhaitzak eta zaindu beharrekoak, behar bezala babestuko dira kolpeak saihestu eta sustrai-sistemak ez erasateko.

    c.1.4. Makinak ibai-ibilgutik igarotzea saihestuko da. Ezinbestean igaro behar badute, berariaz diseinatutako sistemetan zehar ibiliko dira (pasabideak edo antzekoak). Ibai ibilguan ez da makinarik pasatuko aipatutako sistema horietatik kanpo.

    c.1.5. Ibai-ibilguaren dragatzea proiektuan aurreikusitako eremuetan bakarrik egingo da, proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioa egiteko sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera. Jalkin horiek ateratzeko, jakin finenak berriro esekitzeko metodoak erabiliz egingo da.

    c.1.6. Ibaian proiektuak zuzenean hartuko ez dituen zorbide eremuak aldi baterako edo modu iraunkorrean okupatzea saihestuko da; zorbidea ahalik eta baldintza naturalenetan utziko da, betegarririk, itxiturarik edota bere funtzioa eragotziko duten bestelako okupaziorik gabe.

    c.1.7. Zubillaga presan Arantzazu ibaiaren lotura ekologikoa ahalbidetuko duen arrain eskala jarriko da proiektuak eragindako eremuan. Eskala horrek arrainentzako eta beste espezie batzuentzako behar besteko igarazkortasuna duela bermatu beharko da, bai ibaian gora bai ibaian behera. Alde horretatik, eskala diseinatzeko garaian ziprinidoen pasaerarako iragazkorra izatea erreferentzia gisa hartuko da.

    Aurrekoarekiko hartuko den konponbideak ingurumen gaietan aditua den aholkularitzaren aldeko txostena beharko du, eremu horretan lanekin hasi aurretik ingurumen sailburuordetza honetara helaraziko dena.

    c.1.8. Ibai-ibilguan eragina izan dezaketen lanekin hasi aurretik, lan horiek noiz hasiko diren jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natur Ingurunearen Zuzendaritza Nagusiari, jardueraren eremuko arrainak atera eta lanen eremutik ibaian gora eramatea komeni den erabaki dezan.

    c.2. Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

    c.2.1. Lurzorua erabiltzea eragiten duten obrak, eta bai obron eragiketa osagarri guztiak ere, proiektua burutzeko ezinbestean behar den eremu txikienean egingo dira. Ahal dena murriztuko da eremuak obrako materialez betetzea, bai eta makineriak eta ibilgailuek horientzako gaitutako eremuetatik kanpo zirkulatzea ere.

    Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuko balitz, zuzentzeko eta leheneratzeko neurri egokiak aplikatuko lirateke, ebazpen honetako 2.c.9 idatz-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

    c.2.2. Zuhaitzak moztu, obrarako sarbideak ireki, makinak gordetzeko guneak zabaldu, obrako etxolak jarri, edo obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpidea izango da kontuan. Obrak hasi aurretik, aurreko alderdiak xehetasunez adierazten dituen mugaketa egingo da kartografian. Mugaketa hori obraren zuzendaritzak onartuko du, 2.c.9 atalean aipatutako Ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

    c.2.3. Obrako makinentzako eta horien mantentze-lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze-naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, lurzorua eta ura olio eta erregaien eraginaren ondorioz kutsa daitezen saihesteko. Erregaien zamalanak, olio aldaketak eta tailerreko jarduerak ez dira baimenduko adierazitako guneetatik kanpo.

    c.2.4. Kontratistaren instalazio-guneak egokitu egingo dira, bertan gauzatuko diren jarduera desberdinen ondorioz ingurumenean sor daitezkeen kalteak ahal dela gutxitzeko.

    Obraren Zuzendaritzak onartu behar ditu kontratistak instalazioak jarriko dituen guneen ezaugarriak eta mugak, 2.c.9 aipatutako ingurumen aholkularitzak txostena egin ondoren.

    c.3. Airearen kutsadura saihesteko neurriak.

    c.3.1. Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

    c.3.2. Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta.

    Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak Ebazpen honen 2.c.10 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko da.

    c.3.3. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreiatu ez daitezen.

    c.4. Soinuek eta bibrazioek eragindako efektuak gutxitzeko neurriak.

    Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoa, kalitate helburuak eta ateratako zaratari dagokionez, lanetan erabiliko diren makinek, aire librean erabiltzeko makinen zaratari buruz indarrean dagoen legerian ezarritakoa bete beharko dute. Batez ere otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko dute, hau da, aire librean erabiltzeko zenbait makinek atera dezaketen zarata arautzen duena, eta gainerako arau osagarriak.

    c.5. Hondakinak kudeatzeko neurriak.

    c.5.1. Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira, honelako hondakinak barne direla: indusketa hondakinak, obra-arloak prestatzeko eragiketetatik sortzen direnak, enbalajeak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa lanetako soberakinak.

    Hondakinak teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak badira, baimendutako hondakinen balioztatzaile batengana eraman behar dira.

    Hondakinak ezabatzera bidali ahal izango dira baldin eta aldez aurretik horiek balioztatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik bideraezina dela frogatzen bada soilik.

    c.5.2. Hondakindegira eraman behar diren hondakinak, hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira. Hondakin horiek Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz karakterizatu beharko dira. Erabaki horren bidez hondakinak zabortegietan hartzeko irizpide eta prozedurak ezartzen dira, 1999/31/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluarekin eta II. eranskinarekin bat.

    Lur-beteketa eta egokitzetara bideratu behar diren hondakinei dagokienez, horiek hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

    Kutsatzaile edukiari dagokionez, lur-beteketetan eta lurzoru egokitzeko lanetan, A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik dauden materialak baimenduko dira bakarrik. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.

    Indusketako soberakinak pilatzea aurreikusten bada, azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoa betez, soberakinen biltegiak instalatzeko proiektua idatzi beharko da. Horren edukia bat etorriko da Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumeneko sailburuak 1995eko otsailaren 15ean eman zuen Aginduan ezarritakoarekin (agindu horren bidez ezartzen da hondakin geldoak eta geldotuak, betelaneko materialak eta lurra egokitzeko materialak biltzeko instalazioei buruzko proiektuen eta deskripzio-memorien edukia). Horrez gain, kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua ere aurkeztu beharko dira. Proiektu horiek guztiak Ingurumen Sailburuordetzak baimendu behar ditu.

    Edonola ere, lanak amaitzen direnean, sustatzaileak lur mugimenduen gaineko balioespen xehatua eta indusketako soberakinak proiektuaren eremutik kanpo kudeatu izanaren egiaztagiria bidali beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, material horien karakterizazioaren arabera. Dagokionean, balantzean adieraziko da proiektuarekin zerikusi zuzenik ez duten eraikuntzako beste jarduera batzuetara bideratu den material kantitatea guztira. Balantze hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da lanak amaitu eta 2 hilabeteko epea baino lehen.

    c.5.3. Eraikuntzako proiektuan eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko azterlana ere jasoko da, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duenaren, 4.1.a) artikuluan ezarritako edukiarekin.

    Proiektuan aurreikusitako deuseztatu eta eraisteko jarduerak gauzatzeko, gogoan izango dira «Euskal Autonomia Erkidegoan gaikako eraispen-proiektuak lantzeko 2005eko metodologia-gida»n aurreikusitako prozedurak.

    Eraispeneko hondakinetan amiantoa atzemanez gero, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egitean segurtasun eta osasun arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

    c.5.4. Hondakin arriskutsuentzako ontzietan uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko erregelamendua onartzen du Dekretu horrek); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

    Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziak etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.

    c.5.5. Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua aplikatuko dira.

    Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuak, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenak, aurreikusten duen baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenak, begiesten dituen aurreikuspenak bete beharko dira.

    Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

    c.5.6. Sustatzaileak bidalitako agiriak aintzat hartuz proiektuaren eraginpeko eremuan EAEko lurzorua kutsa dezaketen jardueren kokalekuen Inbentarioan jasota dagoen gune bat atzeman dute.

    Sustatzaileak aurkeztu zuen ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean jasotako lurzoru horren erabileren historikoaren analisia kontuan izanik, ez dirudi industu nahi den eta inbentarioan agertzen den gunean industria asko egon denik; batez ere baratze bezala eta fruta-arbolak landatzeko erabili izan da.

    Hala eta guztiz ere, lur horiek indarrean dagoen araudiaren arabera kudeatzen direla bermatzeko, ondorengo alderdiak bete beharko dira:

    Inbentarioan jasotako eremuan industutako materialen karakterizazioa egin beharko da, hartara, lurzorua kutsa dezaketen jardueren ondorioz benetan kutsatu ote diren egiaztatu ahal izateko eta, ezaugarri horien emaitzak ikusita, material horiek kudeatzeko biderik egokiena zein den zehazteko.

    Material horiek kudeatu aurretik aurreko paragrafoan adierazitakoa betez egingo den karakterizazioan lortutako emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira baloratzeko. Ingurumen organoak, ebazpen arrazoitu bidez, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastea eskatu ahal izango du kutsadura-zantzurik antzemanez gero, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean xedatutakoari jarraiki.

    c.5.7. Aurreko guztiaz gain, indusketa eta lur-mugimendu garaian beste kokagune batzuetan ere lurzoruaren kutsaduraren aztarnaren bat atzemanez gero, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak bere 10.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da.

    c.5.8. Ibai-oheko sedimentuen karakterizazio fisiko-kimikoak ere ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean daude jasota; horiek hondakin geldoen baimendutako zabortegira eramanez kudeatuko dira.

    Aipatutako sedimentu horiek lehortzeko gune bat gaituko da, baimendutako zabortegiak eskatzen duen hezetasun balioa lortu arte uzteko.

    c.5.9. Aurrekoa betetzea errazte aldera, zeregin desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatuko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte eta beraiek arduratuko dira langileei behar bezala betearazteaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

    Aurrekoa kontuan izanik, ebazpen honetako 2.c.2.4. atalean aipatzen diren espazioetan alde berezi bat egokituko da, instalazio estaliekin. Horietan, hondakin arriskutsuak bilduko dira aldi baterako: olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, e.a. Gainera, horietatik bereiztuta egon behar diren edukiontziak jarriko dira hondakin inerteentzat. Halaber, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak, e.a.). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiztuko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

    c.5.10. Lanetan sortutako hondakinen jarraipenari buruzko txostena egingo da, eta hondakin horien kontrolerako, jarraipenerako eta egokitzapenerako agiriak erantsiko dituzte gainera, indarrean dagoen legeriari jarraituz.

    c.6. Kultura ondarea babesteko neurriak.

    Euskal Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoa kaltetu gabe, ondorengo neurri zuzentzaileak eta babesleak hartuko dira:

    c.6.1. Eusko Jaurlaritzako Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzak espediente honen gainean 2006ko abuztuaren 4an egindako txostenenean ezartzen duenez, Zubillaga errotako presan edozein jarduera burutu aurretik bere balio arkeologikoari buruzko azterlana aurkeztu beharko da; izan ere eremu hori Balizko Arkeologia Gune izendatu zuen Kultura Ondarearen zuzendariak 1996ko azaroaren 11n emandako ebazpenaren bidez (1997ko otsailaren 21eko EHAA, 36. zk.) Azterlan hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zuzendaritzara bidaliko da; hura izango da, behar izanez gero, jarduerak hasi aurretik arkeologi proiektua egin eta burutu beharreko jarduera mota ezarriko duena.

    c.6.2. Obran zehar aztarna arkeologikoren bat dakarren aurkikuntzarik eginez gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari horren berri emango zaio berehala, eta hark adieraziko du zein neurri hartu behar den.

    c.7. Obrak lehengoratu eta integratzeko neurri zuzentzaileak.

    Proiektuak Ingurumenean duen Eragina Ebaluatzeko sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitako neurriez gain, honako beste neurri zuzentzaile hauek hartuko dira:

    c.7.1. Lanek erasandako alde guztiak leheneratuko dira; baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean agertzen ez zirenak baina azkenean, proiektuaren ondorioz kaltetu direnak ere.

    c.7.2. Lur mugimenduen garaian, lur begetala modu desberdinean kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzea errazteko. Lanak amaitu ostean erabiltzeko kenduko den lur begetala modu egokian biltegiratuko da, lurra ez trinkotzeko, modu desegokian ez pilatzeko eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko.

    c.7.3. Landareztaketa-proiektuan aurreikusi bezala, landare-berritzeko lanetan obra inguruko sahats aldaxkak erabiliko dira; Salix alba, S. atrocinerea eta Salix caprea bezalako espezienak.

    c.7.4. Ibai-ibilguaren hurbileko eremuetan egingo diren landareztaketa lanetan ahalik eta gehien errespetatuko da lehendik dagoen landaredia, eta landaredi hori garbitu edo moztea saihestuko da.

    c.7.5. Fallopia japonica edo antzeko beste landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

    c.7.6. Ingurua leheneratu ondorengo bi urtetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsuneak landare-berritu. Herbizidak eta pestizidak ahal den gutxien erabiliko dira erein eta landatzeko garaian; prozedura mekanikoak lehenetsiko dira. Ezinbestekoa bada, iraupen eta toxikotasun gutxien duten produktuak erabiliko dira.

    c.8. Garbiketa eta obra bukatzea.

    Lanak amaitu ondoren garbiketa kanpaina zorrotza egingo da, proiektuaren eremutik obra-hondar guztiak garbitzeko. Eraispenetatik, enkofratuak kentzetik, eta oro har, garbitze-lanetan sortutako hondakinak lanen eremutik kendu eta Ebazpen honen 2.c.5 atalean xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

    c.9. Ingurumenari buruzko aholkularitza.

    Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak, ingurumenaren eraginari buruzko azterlaneko erabakien arabera. Betekizunen agirian Obraren Zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta, aipatutako gaiei buruz Obraren Zuzendaritzak ebazpenak eman aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

    c.10. Lan-programaren diseinua.

    Lanak hasi aurretik kontratistak jarraian datozen idatz-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du. Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, Ebazpen honetako 2.c.9 idatz-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Honakoak dira agiriok:

    Lanek gehien eragingo duten aldea kartografia xehatu bidez seinaleztatzea.

    Zuzenean erabiliko ez diren eremuetan dagoen intereseko landaredia balizatzeko plana, Ebazpen honen 2.c.1.3 atalean aurreikusitakoaren arabera.

    Obrarako sarbideen kokapena eta xehetasunak eta kontratistaren instalazioen kokagunearen ezaugarriak, Ebazpen honen 2.c.2.2. eta 2.c.2.4 ataletan aurreikusi bezala.

    c.3.2 idatz-zatian aurreikusitako kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.

    c.5.8 atalean aurreikusitako lehortzeko gunearen kokapena eta ezaugarriak, ezarri beharreko neurri zuzentzaileen xehetasunekin.

    D. Ingurumena zaintzeko programa.

    Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna). Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

    Programa hau, obra kontratatzeko baldintza-orrietan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

    d.1. Gorabeheren erregistroa.

    Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak eta babesleak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, ingurumenean eragin dezaketen kaltearen ikuspegitik justifikatu behar dira.

    d.2. Lanek hartzen duten eremuaren mugak kontrolatzea.

    Lanetarako hartzen den eremua proiektuan adierazitakoarekin bat datorrela egiaztatuko da, aurreikusitakoa baino lur-azalera handiagoan eragin ez dezan.

    d.3. Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

    Proiektuaren bermealdian, burutu diren landareztatze-lanen aldizkako jarraipena egingo da lan horien bilakaera zaintzeko.

    d.4. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

    Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira ingurumenean aditua den erakundeak egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, epe horretan emandako gertakari nagusiak, gertakarien arrazoiak eta konponbideak bereziki aipatuta.

    Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta Herri Administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskueran egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

    E. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jarduketaren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

    F. Ebazpen honetako aurreko ataletan xedatutakoa kaltetu gabe, eta amaierako hartzaileari helarazi aurretik, proiektuaren sustatzaileak Ebazpen honetako 2.c.5.6. atalean aipatu bezala, industutako materialen karakterizazioa eta material horiek kudeatzeko proposamena bidali beharko dizkio ingurumen organo honi, honek onar ditzan.

    G. Halaber, proiekturen sustatzaileak jarraian aipatutako agiriak helaraziko dizkio ingurumen-organo honi espedientean txertatzeko.

    g.1. Harri-lubetak eraikitzen hasi aurretik, lubeta horien azkeneko diseinua, Ebazpen honen 2.c.1.1. atalean aurreikusi bezala.

    g.2. Zubillagako presan lanak egiten hasi aurretik, arrainen eskala, Ebazpen honen 2.c.1.7. atalean aurreikusi bezala.

    g.3. Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, lur-mugimenduen balantze xehatua eta indusketako soberakinak jarduera-eremutik kanpo kudeatzeko arrazoiak, Ebazpen honen 2.c.5.2. atalean aurreikusi bezala.

    g.4. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean baino lehen, hondakinen jarraipenaren txostena, 2.c.5.10 idatz-zatian adierazitakoaren arabera.

    g.5. Obrak amaitu eta bi hilabeteko epean baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

    g.6. Urtero, obrak hasten denetik, ebazpen honen 2.d.4 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua exekutatzen hasteko, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik balego.

  4. Proiektuek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluari jarraituz, proiektuaren sustatzaileak ingurumen organoari jakinarazi beharko dio aurretiaz, lanak zein egunetan hasiko diren.

  5. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2008ko ekainaren 13a

    Ingurumeneko sailburuordea,

    IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik