Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2008ko uztailaren 17koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Furesa S. Koop. enpresari ingurumen-baimen bateratua ematen diona, Iurretako (Bizkaia) udalerrian burdinurtze-jarduera egin dezan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko uztailaren 17koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Furesa S. Koop. enpresari ingurumen-baimen bateratua ematen diona, Iurretako (Bizkaia) udalerrian burdinurtze-jarduera egin dezan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 7
  • Hurrenkera-zk.: 164
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/07/17
  • Argitaratze-data: 2012/01/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2006ko abenduaren 26an, Jose Miguel Basterra jaunak Furesa S. Koop. enpresaren izenean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailean ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zuen, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Iurretako (Bizkaia) udalerrian burdin nodularrean moldekatutako piezak ekoizteko jarduerarako. Ondorengo dokumentu teknikoak erantsi zitzaizkion eskaerari:

Oinarrizko Proiektua (2006ko abendua): memoria, eranskinak eta planoak.

Laburpen ez-teknikoa (2006ko abendua).

Erreferentziako baimena eskatzeko orduan Furesa S. Koop. enpresak besteak beste pieza moldekatuak ekoizteko jarduerarako baimena zuen, 2000ko urriaren 11koa, eta ondoren 2004ko ekainaren 16an baimen hori hedatu zen, lehengaiak biltegiratu eta tailer mekaniko txiki bat egin ahal izateko. Modu berean, enpresa sustatzaileak hondakin arriskutsuen ekoizle izateko baimena zuen, 2001eko maiatzaren 15ekoa, hondakin geldoen ekoizleen erregistroan izena eman zuen 2004ko maiatzaren 27an eta atmosfera kutsatu dezakeen instalazio ziurtagiria lortu zuen 2000ko abenduaren 26an, hondakinei eta atmosferarako isurketei buruz indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

2007ko urtarrilaren 25ean, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkien, Ingurumen Organoaren bidez proiektua jendaurrean jartzeko izapidetzea adosteari dagokionez (Iurretako Udala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa).

Beranduago, 2007ko maiatzaren 15ean, xede dugun proiektuaren eta Iurretako hirigintza-plangintzaren arteko bateragarritasunari buruzko udal-txostena jaso zen.

2007ko martxoaren 27an eta 2007ko urriaren 19an, Ingurumen Organoak agiri osagarriak eskatu zizkion sustatzaileari; espedientea 2007ko azaroaren 8an osatu zen.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2008ko urtarrilaren 24an emandako Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Furesa S. Koop. enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2008ko otsailaren 11n. Era berean, ondoko auzokide guztiei jakinarazpena bidali zitzaien.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, erreferentziazko proiektuari buruzko alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko martxoaren 25ean Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Iurretako Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bizkaiko Ur Partzuergoari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2008ko ekainaren 23an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Furesa, S. Ccop. enpresaren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako ebazpen-proposamena gehituta.

Furesa, S. Coop enpresak aurkeztutako ebazpen Proposamen honen aurkako alegazio-idazkia jaso zuen organo honek 2008ko uztailaren 4an.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Furesa S. Koop. enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuak sortzekoa, saneamenduko osoko sistemara isurtzeko baimena, eta ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.

16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak jarduera sailkatuetarako udal-lizentziaren prozedura ordezkatzen du, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuan aurreikusten zena; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita aipatu arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Furesa S. Koop. enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak, eta Iurretako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak gehitu dira, espedientean agertzen den bezala.

Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, Ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri egokienen erabilera eta aplika dakiokeen alorreko legerian ezarritako neurriak eta baldintzak. Zehazki, Europako Batzordearen agiri hauen edukiak hartu dituzte kontuan: 2005eko maiatzeko Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry BREF agiria, 2001eko abenduko Reference Document on the application of Best Available Techniques to Industrial Cooling Systems agiria eta 2006ko uztaileko Reference Document on Best Available Techniques for Emissions from Storage.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu eta Furesa S. Koop. enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da. Zentzu horretan, kontuan hartu behar da organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek sustatzaileak izapidetze honetan egindako oharrak aztertu dituztela.

Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak 2006ko ekainaren 2an emandako ebazpen-proposamena; Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 29/1998 Lege Orokorra; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatu zuena; Legea burutzeko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzeko den gainerako araudia,

Lehenengoa. Helbide soziala Iurretako (Bizkaiko Lurralde Historikoa) udalerriko Arandiagoitia kalean duen eta IFK: F 48565261 zenbakia duen Furesa S. Koop. enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, Iurretako udalerrian metal ferrosoen galdaketa jarduera garatzeko, eta Ebazpen honen Bigarren atalean ezarritako baldintzekin.

Jarduera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean jasota dago. Hain zuzen ere, 2.4 kategorian, «Eguneko 20 tona baino gehiago produzitzeko ahalmena duten burdin-metalen galdaketak».

Furesa S. Koop. enpresa Iurretako udalerrian kokatuta dago, Arandiagoitia kalean, UAI-2 Industrialdean. Lurzoru industrial moduan sailkatutako kokapenean ezarrita dago enpresa.

Burdinurtu nodularreko piezak ekoizten dira enpresa honetan, eta urtean 10.000 tona ekoizten dira guztira.

Enpresan garatzen den jarduera ondorengo etapetan gauzatzen da: moldekatzea eraiki eta prestatu, burdinurtzea, nodulizazio-tratamendua, moldekatzearen bitartez moldeak fabrikatzea, burdin likidoa moldeetan isurtzea, piezak desmoldekatzea eta piezak garbitu eta akabera ematea.

Moldekatzea eta burdinurtzea fabrikatzen diren pieza guztietarako berdinak dira, eta puntu horretatik aurrera prozesua bi produktu-ildotan banatzen da: harea berdez moldekatzea eta moldekatze kimikoa (azken hori ezaugarri bereziak dituzten pieza handiak fabrikatzeko).

Txatarra eta lingoteak (beste hainbat material laguntzailerekin batera: ferrosilizioa, magnesioa eta grafitoa) galdatzeko, altzairuaren estaldurarako eta nukleo magnetikorik gabeko indukziozko bi urtzeko labetan egiten da, eta bakoitzaren edukiera 6.000 kg-koa da.

Burdinurtua zalietara pasatzen da eta horietatik moldeetara isurtzen da, moldekatzeko karrusel automatikoan. Prozesua burutzeko kutxak hoztu eta desmoldekatzeko parrillara eramaten dira.

Moldeak harea berdez moldekatzeko erabilitako harea hareategi instalaziotik dator. Instalazio hori automatikoa da eta 100 t/h harea prestatzeko gaitasuna du. nahasteko errota, bahea, hozkailua eta biltegiratzeko hiru zulo ditu.

Moldekatze kimikoan, harearen aglomeratzaile moduan erretxina bat erabiltzen da; katalizatzaile baten eraginez polimerizatzen da eta burdinurtua isurtzea eta solidotzea ahalbidetzen duen molde zurruna eratzen da. Moldekatze kimikoa egiteko instalazioak honakoak ditu: nahasgailu bat, biltegiratzeko bi kalapatxa, bulkada pneumatikodun ohantze jariakorreko hozkailua, eta desmoldekatze-parrilla.

Arrak fabrikatzeko, harea ereduaren kontra trinkotzen da automatikoki, bi etapa dituen prozesuaren barruan. Lehenengo etapan 6 kp-eko presioko aire-fluxuaren bitartez harea-partikulak moldera arrastaka eramaten dira. Bigarren etapan pistoi anitzez osatutako prentsak eragiten du kutxaren gainean. Prentsa horrek presio berbera aplikatzen du puntu guztietan. Gero arrak kokatzen dira eta itxitura hidraulikoaren bitartez kutxak ixten dira. kutxa hotzaren prozedura erabiltzen da, hau da, giro-tenperaturan forjatzen da, ondokoak erabilita: erretxina fenolikoa eta amina-katalizatzailea duen diisozianatoa. Arrentzako hareak biltzeko zuloa du instalazioak. Zulo horrek bost ar-desarragailu elikatzen ditu. Instalazio honetan moldekatze kimikoa nahiz harea berdez moldekatzea lantzen dira.

Desmoldekatzea, berriz, parrilla bibratzailearen bitartez egiten da: bibrazioaren eraginez moldea puskatu eta pieza galdatua akabera-gunera eramaten duen zintara erortzen da. Moldeetako harea bildu eta berriz ere hareategiko zirkuituan sartzen da.

Akabera-guneak granailatzeko bi makina ditu, eta bertan burutzen da piezen fabrikazioa. Moldekatze kimikotik nahiz harea berdez moldekatzetik iristen diren piezak bereizita lantzen dira arlo honetan.

Instalazioan honako energiak erabiltzen dira: energia elektrikoa plantako instalazioak oro har funtzionatzeko, gas naturala airea eta zaliak berotzeko, eta gasolioa orgatilak funtzionatzeko.

Hauek dira atmosferara isurketak egiten dituzten instalazio nagusiak: urtzeko labeak, granailatzeko makinak, hareategia, desmoldekatzeko instalazioa, argintzakoa, moldekatze eta desmoldekatzekoa, eta hari bidezko tratamendurako instalazioa. Atmosferara isurketak egiten dituzten foku guztiek arazketa-sistemak (mahuka-iragazkiak) dituzte.

Bestalde, instalazioan sortzen diren hondakin-uren artean daude ur sanitarioak eta hozte-urak. Ur horiek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sare orokorrera bideratuko dira, sare horretara konektatzeko lanak amaitu bezain laster.

Euri-urak sare bereiziaren bidez bilduko dira, eta Ibaizabal ibaira isuri aurretik tratatuko dira, «Furesaren saneamendurako barne-proiektua»-ren arabera.

Proiektuak 2005eko maiatzeko prozesuari buruzko Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry BREF agirian jasotako teknika erabilgarri egokienak (TEE) izan daitezkeen ondorengo neurriak hartzen ditu barne: txatarra estalkipean biltzea, txatarra garbiak indukzio-labeetan kargatzea, nodulizazio-isurketak araztea, desmoldekatzeen eta harea-lanen xurgapena, hareak % 95ean leheneratzea, moldekatze kimikoan aglomeratzaileen, erretxinen eta hareen kontsumoa murrizteko kontrol-neurriak, desmoldatzean eta harea hoztean xurgapena eta arazketa, harea mekanikoki leheneratzea, xurgapena argintza-prozesuan, xurgapena eta arazketa granailaketarako instalazioan, isurtze barreiatuak murrizteko neurriak, kudeaketa-sistema bat (ISO 14.001) ezarri eta ziurtatzea.

Hona hemen erabiltzeko beste hainbat agiri: Europako Batzordearen 2001eko abenduko Reference Document on the application of Best Available Techniques to Industrial Cooling Systems agiria eta 2006ko uztaileko Reference Document on Best Available Techniques for Emissions from Storage agiria.

Bigarrena. Furesa S. Koop. enpresak Iurretako udalerrian sustatutako metal ferrosoen galdaketa jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea.

  1. Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Furesa S. Koop. enpresak aldaketa horien berri emango du.

  2. Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

    1. Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

    1.1. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

    1.1.1. Baldintza orokorrak.

    Burdinurtzeko instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurketek ez dituzte Ebazpen honetan ezarritako muga-balioak gaindituko.

    Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

    Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango gai kutsatzaileak mugarik gabe isuri eta horiek biltzea teknikoki edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

    Neurriak hartuko dira ustekabean gai kutsatzailerik ez botatzeko, eta botatzen direnak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

    1.1.2. Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

    Burdinurtze instalazioak ondorengo fokuak ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:

    (Ikus .PDF)

    Horietaz gain, isurtze-prozesuan isurtze barreiatuak eragiten dira.

    1.1.3. Isurtzeko muga-balioak.

    Atmosferara isurtzen diren gai poluitzaileek ondorengo balioak ez gainditzeko moduan ustiatuko da instalazioa:

    (Ikus .PDF)

    Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-eko presioa eta gas lehorra.

  1. Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko, arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa, gutxienez) zortzi ordutan zehar neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, % 40 gainditzen ez duen zenbatekoa baldin bada. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi honetako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da, % 25 gainditzen ez duen zenbatekoa denean. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eraginpeko zonaldean ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.

    KOHei dagokienez (KOG gisa neurtutakoak), ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), baldin eta neurketa guztien batez bestekoak isurtzeko muga-balioak gainditzen ez baditu eta ordubeteko neurketetako batek ere isurtzeko muga-balioak 1,5 faktorea baino kopuru handiagoan gainditzen ez badu.

  2. Ezarritako IMBak lortzen ez badira, beharrezko neurri zuzentzaileak hartuko dira (arazteko sistemak instalatzea, eta abar.) atmosferara egiten diren isurtzen balio horiek betetzea ziurtatzeko.

    1.1.4. Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

    Fokuetako gas-hondarrak kanporatzeko tximiniek ez dute B.1.1.2 atalean jasota dagoen goreneko kota baino baxuagoa izango. Tximinietan behar beste neurri hartuko dira, Industria Ministerioak industriak atmosferan eragiten duen kutsadurari aurrea hartu eta hori zuzentzeari buruz 1976ko urriaren 18an emandako Agindua bete dezaten; besteak beste, laginak hartzeko puntuetara iristeko sarbide seguru eta errazak izango dituzte.

    Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein perturbazio izan dezakeen gunera bitarteko distantziek (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute. L1 8D eta L2 2D distantziak betetzen ez diren fokuetarako inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliozkotasuna justifikatzea eskatuko da.

    Isurtze barreiatuak murrizteko, isurtzeak biltzeko, husteko eta arazteko sistema guztien mantentze-lan zuzenak egingo dira, eta gainera, beste jarduera hauek: instalazioak egunero eta astero garbitzea, kanpoko ateak ixtea, pabiloia orokorrean ixtea, etab., isurtze horiek minimizatzea bermatzeko. Aipatutako informazio guztia agiri honen D.3 ataleko prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan jaso eta erregistratuko da.

    1.2. Isurketak egiteko baldintzak.

    1.2.1. Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

    Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Burdinurtzea.

    Jarduera-taldea: metalak.

    Mota-taldea-EJSN: 1-2-27.51.

    (Ikus .PDF)

    1.2.2. Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

    1. fluxua: hozteko urak.

      (Ikus .PDF)

    2. fluxua: ur sanitarioak.

      (Ikus .PDF)

      1.2.3. Isurtzeko muga-balioak.

      Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko kolektorera doazen isurketei buruzko araudian agertzen diren mugak eta baldintzak bete behar ditu saneamendu-sarera egindako azken isurketak, erakunde horrek aintzat har ditzakeen zehaztapen, aldaketa edo salbuespenekin.

      Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

      1.2.4. Araztu eta husteko instalazioak.

      Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek honako jarduera hauek barne hartuko dituzte funtsean:

      Burutzeko dauden jarduketak:

      hondakin-urak bereizteko sarea egin beharko da, eta beronek alde batetik instalazioko puntu ezberdinetan sortutako ur sanitarioak bilduko ditu hozte-urekin batera, eta biak batera Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendurako sare orokorrera isuriko dira, eta bestetik, kutsadura arrastean eraman dezaketen eurien jariatze-urak bilduko dira. Horrela dator zehaztuta «Furesaren saneamendurako barne-proiektua» proiektuan.

      Ur sanitarioak eta hozte-urak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren saneamendu-sarera lotzen diren unean, idatziz jakinaraziko zaio Uraren Euskal Agentziari, arestian aipatutako ur guztiak sarera konektatu direla ziurtatzen duen dokumentuarekin batera.

      Zerbitzuko aire-konpresoreek galdarak purgatzetik sortutako olioak ezabatzeko ekipamendu berezia izan behar dute nahitaez.

      Furesaren saneamendurako barne-proiektua proiektuan zehaztutako moldaketak egin ostean instalazio berriak abian jarri direla ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira, sare berrien, arazketa-instalazio berrien eta abarren planoekin batera. Modu berean, euri-urak tratatzeko hautatu diren sistemak egokiak direla ziurtatu beharko da, ur horien analitika eguneratuak eta urteko emariak nahiz espero diren muturreko emariak aurkeztuz.

      Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Furesa S. Koop. enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazteko instalazioetan isurketak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko. Aldaketak aurrez Administrazioari jakinaraziko dizkio, eta behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

      Aurkeztutako agirien arabera, isurketak kontrolatzeko kutxeta bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako; kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio.

      B.1.3. Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

      Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.

      Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketa saihesteko.

      Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira baliotzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.

      Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

      Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.

      Hondakinak biltzeko eremuek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.

      Hondakinak desagertu, galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Iurretako Udalean.

      B.1.3.1. Hondakin arriskutsuak.

      Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak honako hauek dira:

      1. Prozesua: Galdaketa.

      Prozesu honetan sortzen diren hondakin arriskutsuak beste prozesuetako izen bereko beste batzuekin kudeatzen dira; batera kodifikatuta agertzen dira zerbitzu orokorrak eta/edo hondakinak elkartzea prozesuetan.

    1. Prozesua: «Moldekatzea».

      Prozesu honetan sortzen diren hondakin arriskutsuak beste prozesuetako izen bereko beste batzuekin kudeatzen dira; batera kodifikatuta agertzen dira zerbitzu orokorrak eta/edo hondakinak elkartzea prozesuetan.

    2. Prozesua: «Gas efluenteak araztea».

    1. hondakina: «Xurgaketako xehekiak».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/3/1.

      Hondakinaren kodea: Q9//R4//S25//C7//H14//A230//B0011.

      EHZ: 10 09 09.

      Urtean sortutako kantitatea: 84.000 kg.

      Urtzeko labeetako gasak iragazten direlako sortzen da; konposizioaren zatirik handiena zinkak hartzen duten hautsak izaten dira.

      Hondakina big-bagetan jaso eta edukiontzi metalikoan biltzen dira kudeatzaile baimenduak jasotzen duen arte.

    2. hondakina: «Mahuka iragazkiak».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/3/2.

      Hondakinaren kodea: Q9//D15//S35//C7//H14// A230//B0011.

      EHZ: 15 02 02.

      Urtean sortutako kantitatea: 400 kg.

      Gasak arazteko sistemako mahuka-iragazkiak aldatzean sortzen da; zink-hautsa duten mahukak dira.

      Big-bagetan jaso eta hondakinen biltegira eramaten da.

    1. Prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

    1. hondakina: «Erabilitako olioa».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/4/1.

      Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51//H5/6// A230//B0019.

      EHZ: 13 02 05.

      Urtean sortutako kantitatea: 2.000 kg.

      Makinetan olioa berrezartzeko lanetan sortzen da; olio hidrauliko eta mekaniko erabiliak dira.

      Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

    2. hondakina: «Disolbatzaile organiko ez halogenatua».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/4/2.

      Hondakinaren kodea: Q7//R13//L5//C41//H5/3b// A230//B0019.

      EHZ: 14 06 03.

      Urtean sortutako kantitatea: 220 kg.

      Erremintak eta makinak garbitzean sortzen da; ezpurutasunak dituen disolbatzailea da.

      Zuzenean erabilera-puntutik erretiratzen da, kudeatzaile baimenduari bidaltzeko.

    3. hondakina: «Fluoreszenteak eta UV Lanparak».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/4/3.

      Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H14//A230//B0019.

      EHZ: 20 01 21.

      Urtean sortutako kantitatea: 15 kg.

      Lanparak birjartzeko eragiketetan sortzen da Mantentze-lan Orokorra azpiprozesuan; merkurioa duten lanpara erabiliak dira.

      Hondakin hori identifikatzeko kutxan biltzen da sortzen den lekuetan; hortik zuzenean ateratzen da kudeatzaile baimenduari entregatzeko.

    4. hondakina: «Botoi pilak ez direnak».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/4/4.

      Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C6/7//H14//A230//B0019.

      EHZ: 20 01 33.

      Urtean sortutako kantitatea: 25 kg.

      Pila agortuak birjartzeko eragiketetan sortzen da, eta eraginkorragoa denez, taldeka biltzen dira; kobrea, zinka eta beste metal-oxido batzuk dituzten pilak dira.

      Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian biltzen dira berariaz adierazitako zona batean.

    5. hondakina: «Oliotan bustitako tenkagailuak eta gomak».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/4/5.

      Hondakinaren kodea: Q6//D15//S40//C51//H14//A230//B0019.

      EHZ: 16 01 21.

      Urtean sortutako kantitatea: hondakin puntuala.

      Instalazioetako eta makinetako mantentze-lanetan soberan gelditzen diren tenkagailuak biltzean sortzen da; olioz bustitako tenkagailuak dira.

      Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

    6. hondakina: «Laborategiko hondakinak».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/4/6.

      Hondakinaren kodea: Q3//D15//L-S14//C23/24/41//H8-3b//A230//B0019.

      EHZ: 16 05 06.

      Urtean sortutako kantitatea: 100 kg.

      Laborategiko kalitate-analisietan erreaktibo batzuk erabiltzearen ondorioz sortzen da; produktu kimiko organiko/inorganikoak dira.

      Poteetan jasotzen da, hondakin bakoitzarentzat identifikatu den kutxa batean eta sortzen den postua(k) zehaztu behar d(ir)a. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

    7. hondakina:«Metalezko ontziak (gai arriskutsuez kutsatuak)».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/4/7.

      Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C23/24/41//H4//A230//B0019.

      EHZ: 15 01 10.

      Urtean sortutako kantitatea: 100 kg.

      Ontzi hutsak jasotzerakoan sortzen da; gai azidoak, basikoak eta organikoak jaso dituzten metalezko ontziak dira.

      Hondakin horrentzat identifikatutako edukiontzian biltzen da sortzen den lekuetan, eta bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

    8. hondakina: «Plastikozko ontziak (gai arriskutsuez kutsatuak)».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/4/8.

      Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C23/24/41//H5//A230//B0019.

      EHZ: 15 01 10.

      Urtean sortutako kantitatea: 1.000 kg.

      Ontzi hutsak jasotzerakoan sortzen da; gai azidoak, basikoak eta organikoak jaso dituzten plastikozko ontziak dira.

      Hondakin horrentzat identifikatutako edukiontzian biltzen da sortzen den lekuetan, eta bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

    1. Prozesua: «Hondakinak taldekatzea».

    1. hondakina: «Aerosol hutsak».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/5/1.

      Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41//H5// A230//B9711.

      EHZ: 16 05 04.

      Urtean sortutako kantitatea: 10 kg.

      Erabilitako ontziak bildu eta taldekatzeko azpiprozesuan sortzen da; pinturak eta disolbatzaileak dituzten aerosolak dira.

      Hondakin hori identifikatzeko bidoian biltzen da sortzen den lekuetan; hortik zuzenean ateratzen da kudeatzaile baimenduari entregatzeko.

    2. hondakina: «Hidrokarburoz bustitako zapi eta paperak».

      Identifikazioa: F48565261/4800021249/5/2

      Hondakinaren kodea: Q5//D13//S34//C41/51//H5// A230//B9711

      EHZ: 15 02 02.

      Urtean sortutako kantitatea: 200 kg.

      Xurgatzaileak eta ehunak bildu eta taldekatzeko azpiprozesuan sortzen dira: olioz eta disolbatzailez bustitako zapi eta paperak dira.

      Hondakin hori identifikatzeko bidoian biltzen da sortzen den lekuan; hortik zuzenean ateratzen da kudeatzaile baimenduari entregatzeko.

      1. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

      2. Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      3. Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

      4. Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiago gorde.

      5. Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakin-kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

      6. Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Furesa S. Koop. enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

      7. Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

      8. Furesa S. Koop. enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

      9. Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean, begiesten diren aurreikuspenak bete beharko ditu Furesa S. Koop. enpresak.

      10. Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      11. Furesa S. Koop. enpresak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

      12. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Furesa S. Koop. enpresak era horretako substantzia erabilirik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen-ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparatuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu edo suntsitu baino lehen.

      1. Furesa S. Koop. enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.

      2. Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.

      1. Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarriak bete daitezen, hau da, hondakin horiek ahal den gutxiena sortzeko, Furesa S. Koop. enpresak neurri babesleak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetzan, gutxienez lau urtean behin.

      2. Aurreko e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m) eta n) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

      3. Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Furesa S. Koop. enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

        1.3.2. Hondakin ez-arriskutsuak.

        Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

        (Ikus .PDF)

      1. «Moldekatze-hondar kimikoen» kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen hondakinen Europako zerrendan. Bada, horiek hondakin ez-arriskutsutzat hartuko dira, baldin eta hondakin horiek lehenengo aldiz erretiratu baino lehen karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Baldin eta hondakin hori arriskutsua dela ezartzen bada, Ebazpen honetako B.1.3.1 atalean jasotako xedapenak aplikatuko dira.

      2. Ebazpen honen B.1.3 atalak hondakinen kudeaketarako printzipio hierarkikoei buruz dioenaren arabera, harea berdez moldekatzeko prozesuan sortutako hareak eta hareategiko jalkin xeheak kudeatzeko, baliotu egingo dira eta ez dira hondakindegian utziko. Balioztapena ez beste modu batera egiten bada kudeaketa, Sailburuordetza honen aurrean aurkeztu beharko da proposamena.

      3. Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu bati.

      4. Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

      5. Oro har, hondakinak hustu aurretik, kudeatzaile baimendu batek onartzen dituelako agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta Ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Furesa S. Koop. enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, aginduzkoak direnean, bost urtean gutxienez.

      6. Halaber, hondakin geldo eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

      7. Erregistro bat egingo da, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

      8. Aurreko e), f) (kudeatzaileak EAEn daudenean) eta g) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

        1.4. Lurzorua babesteko baldintzak.

        Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako agindua betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztu duten aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Furesa S. Koop. enpresak hau guztia bete beharko du:

        Erabilitako olioen biltegia egokitzea, biltegiratze-eremua estaliko duten eta gerta daitezkeen isuriak bilduko dituzten atxikipen-kubetak dituztela.

        Hautsezko materialak arrastatzea murriztuko da, honelako sistema orokorrak ezarriz:

      1. Hautsezko gaiak siloetan, pabiloi barruan, edo horrelakorik ezean, haizetik hobekien babestutako guneetan biltegiratu.

      2. Haize gogorra dabilenean hautsezko solidoak manipulatzea saihestu.

      3. Materialak deskargatzeko altuera mugatu.

        Isurketek, jarioek edo ihesek kaltetu ditzaketen lursaileko gainazal guztiak zolatuak eta irazgaiztuak egongo dira.

        Isurketak, jarioak edo ihesak eragozteko moduan gordeko dira lehengaiak, erregaiak eta produktuak.

        Era horretan, ontzi mugikorretan zein finkotan gordetako produktu kimiko likido guztiek (batez ere substantzia eta prestakin arriskutsuak) eta gordetako erregai likidoek jarioak biltzeko sistema izango dute.

        Produktu kimikoak gordetzeari buruz indarrean dagoen araudiak eragindako biltegiratzeek araudi horretan ezarritako babes-neurriak beteko dituzte. Petrolio-instalazioei buruz indarrean dagoen araudiak eragindako biltegiratzeek araudi horretan ezarritako babes-neurriak beteko dituzte. Egiaztapen horiek egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

        Hondakinak goiko ataletan aipatu diren jarraibideen arabera gordeko dira.

        Hondakin metalikoak barruan edo, hala ezin bada, estalkipean biltegiratuko dira, lixibiatuak lurzorura eta uretara ahalik eta gutxien heltzeko.

        1.5. Zaratari buruzko baldintzak.

        Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak hartu eta instalatuko dira:

      1. Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

      2. Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

      3. Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

      4. Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

      1. Ingurumena Zaintzeko Programa.

        Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

        1. Atmosferara botatzen diren poluitzaileak kontrolatzea

      1. Furesa S. Koop. enpresak isurien kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:

        (Ikus .PDF)

      2. Aurreko atalean aipatutako aldizkako neurketa guztiak kontrol-erakunde baimendu batek (KEB) egin beharko ditu (ordubeteko hiru neurketa, gutxienez, zortzi orduan zehar neurtuta; eta dioxinak eta furanoak ere neurtzen direnean, 6-8 orduko neurketa bat), eta aldizkako kontrol horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek prestatutako «Kontrol-erakunde baimenduen gutxieneko txostenean» ezarritakora egokitu beharko du. Nolanahi ere, isurtzeen kontrolek eta neurketa-baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

      3. Arestian eskatutako parametro guztien neurketen KEB txostenak bidaliko dira. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak Ebazpen honetan kontrol-maiztasuna ezarri aurretik egindakoak badira. Atmosferara egiten diren isurtzeen ondorengo kontrolak, egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

      4. Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean. Dokumentazio gaurkotua erabilita gauzatuko da erregistroa, eta industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduak 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motako gorabeherak, eta abar. Dokumentazio hori eguneratuta egongo da, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskuragarri izango dute.

        2. Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

      1. Analisi hauek egingo dira:

        (Ikus .PDF)

      2. Azkenik isuritako euri-uren kontrola tratamendu-sistemak ezarri direnean egingo da, hala dagokionean Uraren Euskal Agentziak ezarritako aldizkakotasun eta parametroen arabera.

        Aipatu kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «erakunde laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goian aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

        Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabeteko epean.

      3. Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

      4. Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, B.2.1.3 ataleko parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen badituzte.

        3. Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

        Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

        (Ikus .PDF)

        4. Zarataren kontrola.

        Jarduera garatzen den lursaileko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

        Sustatzaileak neurketen proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamena Ebazpen honen C.6 atalak aipatzen duen ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginari gehituko zaio.

        5. Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

        Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

        Isuritako uraren kalitatearen kontrolari buruzko emaitzak, gainera, hiru hilean behin bidaliko dira Uraren Euskal Agentziara (Bizkaiko Ordezkaritza).

        6. Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

        Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta Ebazpen honetan proposatutako betekizunak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak edo analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

        Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

  3. Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

    1. Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

    Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, botako diren kutsagarriak eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere.

    2. Jarduera uztea.

    Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (27.510 epigrafea «Burdinurtzea»), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Furesa S. Koop. enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

    3. Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduerak.

    Aurkeztutako dokumentazioan egindako proposamenean ez-ohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

  1. Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko isuri edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

  2. Goian aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, atmosferaren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko (arazketa, minimizazioa, eta abar) sistemen egoera ona bermatuko duten neurriak gehitu behar dira.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskaritza eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskaritzak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, zorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

  4. Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

  5. Erabilitako olioak, erregaiak, gehigarriak, zepak eta efluenteen arazketako hondakinak, eta orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa dezake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

  6. Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

  7. Hauts-produktuak gordetzeko, iragazkiak dituzten silo itxiak egongo dira.

  8. Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

  9. Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunea isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

  10. Kubeten hustuketa-lanetarako kontrol gisa jardungo duen protokolo edo prozedura dokumentatua igorri beharko da Ingurumen Sailburuordetza honetara.

  11. Instalazioen barruan zola-garbiketetarako erabilitako urak behar bezala kudeatuko dira.

  12. Hidrokarburoen bereizgailuak aldian-aldian ikuskatuko dira, hondakinak pilatu ez daitezen; dekantagailuetan eta bereizgailuetan metatutako lohiak eta flotatzaileak aldian-aldian kendu behar dira. Hondakin horiek baimendutako kudeatzaile bati emango zaizkio.

  1. Bereizgailuan metatutako lohiak, olioak eta koipeak aldian-aldian kendu behar ditu baimendutako kudeatzaile batek. Isuriaren kantitateari eragiteko moduko mailetan metatzea saihestuko du.

  2. Hidrokarburo-bereizgailuaren mantentze-lanei dagokienez, ondo garbituko dira eta aldiro bertan metatutako lohiak eta flotagarriak kenduko dira, Baimendutako Kudeatzaileak jasotzeko.

  1. Andel edo putzuen hondoan pilatzen diren solidoak ez dira ibilgura hustuko aldizkako garbitze-lanetan zehar; behar bezala kudeatuko dira edo zabortegi baimendura eramango dira.

  2. Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

  3. Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak abian izateko. Kasu horretan, honako baldintza hauek azpimarratu behar dira:

    Estazioan erroilu erako edo gai pikortatuzko, edo antzeko berariazko gai xurgatzailea egongo da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala aplikatu ahal izateko.

    Ebazpen honetan deskribatutako jarduerez gain, gasolioa biltegiratzeko eta manipulatzeko instalazioak behar den bezala isolatuko dira, ustekabeko hausturak edo jarioak, eta abar, gertatzen direnean horiei eusteko.

  4. Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ez-ohiko gertaeraren baten aurrean (beste hainbaten artean, ihesak, jarioak, lurzorua edo urak kutsa ditzaketen hondakinak, erregaiak edo substantzien isurketa garrantzitsuak; suteak), gorabehera edo ez-ohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari.

  5. Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS Deiak eta Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:

    Gertakari-mota.

    Gertakaria non, zergatik eta zein ordutan gertatu den.

    Iraupena.

    Ustekabeko isuria izanez gero, emaria eta isuritako gaiak.

    Mailak gainditu badira, isurtzeei buruzko datuak.

    Eragindako kalteen balioespena.

    Hartutako neurri zuzentzaileak.

    Berriro gerta ez dadin aurreikusitako neurriak.

    Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

  6. Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

  1. Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

  2. Urtean behin Furesa S. Koop. enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara eta uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.

    Informazio hori ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko da. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-L03 Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web orrian eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

    Halaber, Ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

    Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

  3. Ingurumeneko baimen bateratu honen eraginpeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

    Hirugarrena. Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio Ebazpen honetako bigarren ataleko puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: B.1.1.4 (Isurketen bilketa- hustuketa- eta arazketa-sistemen mantentze-lanetarako plana: haizagailuak, bilketa-kanpaiak, eta hodiak oro har); B.1.3.1 (Sortutako hondakin guztiak onartzeko dokumentuak, «R» azpikodea kontuan hartuta edo, halakorik ezean, hondakinak baliotzea ezinezkoa denaren azalpenak (arrazoi teknikoak, ekonomikoak edo ingurumenekoak), hondakin-mota honentzat: aerosol hutsak); B.1.3.1.n) eta B.1.3.2.g) (Hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak erregistratzeko ereduak, honako datuak biltzen dituena: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak, tratamendu-lekuak, sortu eta laga direneko datak, biltzeko maiztasuna eta hondakinen garraioa); B.1.3.2.a) (Eskuz moldekatzeko harea, moldekatze-harea mekanikoa eta galdaketako zepak hondakinen karakterizazioa, EHZ zerrendan ispilu-sarrera izateagatik hondakin ez-arriskutsutzat jotzen direla kontuan hartuta); B.1.4 (Lurzoruaren babesari buruzko baldintzak); C.1 hala behar denean (KEB bidezko atmosferako neurketen txostena); C.1.1 (Atmosferara egindako isurketen erregistro-eredua); C.3 (Jardueraren adierazleak kontrolatzea); C.4 (Zaratak neurtzeko proposamen zehatza, neurketa-metodo xehatuak bertan adierazita); C.6 (Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina); D.1 (mantentze-lanetan botako diren kutsagarrien eta sortuko diren hondakinen balioespena); D.3.a) (Prebentziozko mantentze-lanetarako eskuliburua); D.3.d) (Mantentze-lanen erregistroa); D.3.h) (Produktu kimikoak biltegiratzeko zerbitzua abian jarri izanaren ziurtapenak); D.3.j) (Kubetak husteko prozedura); D.3.t) (Suteen kontrako araudia betetzearen ziurtapenak).

    Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

    Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskaritza-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta Ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskaritza-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.

    Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.

    Laugarrena. Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

    Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

    Bosgarrena. Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

    Seigarrena. Furesa S. Koop. enpresak Ebazpen honen xede den burdina nodularrean moldeatutako piezen fabrikazioan titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan.

    Zazpigarrena. Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

    Epearen barruan ez egiaztatzea Ebazpen honetako hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen ez badu.

    Furesa S. Koop. enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

    Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.

    Zortzigarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Furesa S. Koop. enpresari, Iurretako Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

    Bederatzigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

    Hamargarrena. Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari, hilabeteko epean, Ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

    Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 17a.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik