- EBAZPENA, 2008KO UZTAILAREN 18KOA, INGURUMEN SAILBURUORDETZARENA, EUSKO JAURLRITZAREN LURRALDE ANTOLAMENDURAKO ZUZENDARITZAK ETA ARABAKO FORU ALDUNDIKO TOKIKO ADMINISTRAZIONAREN ETA LURRALDE OREKAREN SAILAK, BIEK BATERA, SUSTATUTAKO EREMU FUNTZIONALEAN NEKAZARITZAKO ERAIKUNTZAK ETA UPELTEGIAK ARAUTZEARI DAGOKION ARABAKO ERRIOXAKO LZPREN ALDAKETA IZENEKO PLANAK INGURUMENAREN GAINEAN IZANGO DUEN ERAGINARI BURUZKO ERREFERENTZIA-DOKUMENTUA EGITEN DUENA - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2008KO UZTAILAREN 18KOA, INGURUMEN SAILBURUORDETZARENA, EUSKO JAURLRITZAREN LURRALDE ANTOLAMENDURAKO ZUZENDARITZAK ETA ARABAKO FORU ALDUNDIKO TOKIKO ADMINISTRAZIONAREN ETA LURRALDE OREKAREN SAILAK, BIEK BATERA, SUSTATUTAKO EREMU FUNTZIONALEAN NEKAZARITZAKO ERAIKUNTZAK ETA UPELTEGIAK ARAUTZEARI DAGOKION ARABAKO ERRIOXAKO LZPREN ALDAKETA IZENEKO PLANAK INGURUMENAREN GAINEAN IZANGO DUEN ERAGINARI BURUZKO ERREFERENTZIA-DOKUMENTUA EGITEN DUENA
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 229
- Hurrenkera-zk.: 6639
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/07/18
- Argitaratze-data: 2008/11/28
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak
Testu legala
Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Era berean, zenbait planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago «Eremu Funtzionalean nekazaritzako eraikuntzak eta upeltegiak arautzeari dagokion Arabako Errioxako LZPren Aldaketa» izeneko plana. Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Zuzendaritzak 2008ko maiatzaren 22an hasi ditu izapideak «Eremu Funtzionalean nekazaritzako eraikuntzak eta upeltegiak arautzeari dagokion Arabako Errioxako LZPren Aldaketa» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentuari erantzuteko.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzak du planek eta programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006(1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
Ingurumen ondorioetarako soilik, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolamendurako Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Tokiko Administrazioaren eta Lurralde Orekaren Sailak, biek batera, sustatutako «Eremu Funtzionalean nekazaritzako eraikuntzak eta upeltegiak arautzeari dagokion Arabako Errioxako LZPren Aldaketa» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.
Txostena honakoa da:
Aurrekariak.
Laguardiako (Arabako Errioxa) LPPren Aldaketak Memoriaren zenbait atal eta Araudiaren 34. artikulua berriro idaztea proposatzen du, eta 34 bis artikulu berri bat du. Hona hemen proposatutako aldaketen laburpena:
Bi instalazio-mota bereizten dira, ardo-produkzioaren arabera: eraldatze-instalazio txikiak eta upategi handiak.
Udal-plangintzak lurzorua kalifikatu behar du, bai jarduera ekonomiko orokorrerako, bai upategietako espezifikorako.
EKT betetzeko obligazioa, energia-kontsumoari dagokionez.
Irizpide estetiko eta paisajistikoak aintzat hartzea upategiak egitean.
Atxikitako mahastien gutxieneko azalera 8 hektareakoa izan behar dute instalazio txikiek, eta 12 hektareakoa upategi handiek eta erabilera osagarriak dituzten eraldatze-instalazio txikiek. Partzela hartzailearen azalera, berriz, murriztu egin da kasu bietan (2 hektareatik 0,5era eta hektarea 1era, hurrenez hurren).
Jabetza-, errentamendu- edo usufruktu-titulupean egin behar da azalera horien ekarpena, gutxienez 15 urteko lotura izan behar dute, eta Jabetza Erregistroan inskribatuta egon.
Eraikigarritasuna, berriz, igo egin da, 0,2 m2c/m2-tik 0,3 m2c/m2-ra.
Aparkalekuei dagokienez, EKTren irizpideak bete behar dituzte.
LPPa indarrean sartu aurretik zeuden upategietako jarduera baimenduak arautu egiten dira, babes bereziko lurretan dauden edo ez irizpide dela.
Beste eginkizun batzuetarako erabiltzen diren eta babes bereziko lurretan ez dauden zenbait pabiloi upategi bihurtzeko aukerarik badagoen aztertzen ari da.
34 bis artikuluak proposatzen du beste era batera arautzea upategi ez diren nekazaritzako eraikinak lurzoru urbanizaezinean egiteko prozedura.
Egindako kontsultak.
Ingurumen Sailburuordetza honek organismo hauek kontsultatu zituen:
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Landa eta Kosta Garapeneko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun eta Ingurumen Parte-hartzeko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitateko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.
Uraren Euskal Agentzia.
Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritza.
Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza.
Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza.
Arabako Foru Aldundiko Hirigintza eta Arkitektura Zuzendaritza.
IHOBE, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.
Ekologistak Martxan elkartea.
Mañuetako Udala.
Kripango Udala.
Elciegoko Udala.
Bilarko Udala.
Bastidako Udala.
Laguardiako Udala.
Lantziegoko Udala.
Lapuebla de Labarcako Udala.
Lezako Udala.
Moreda de Álavako Udala.
Navaridasko Udala.
Oyón-Oiongo Udala.
Samaniegoko Udala.
Eskuernagako Udala.
Iekorako Udala.
Arauzko epea amaiturik, erantzunak bidali dizkigute Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak, IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak.
Halaber, iragarki bat plazaratu genuen prentsan, 2008ko ekainaren 1ean, interesdun hartzaileak identifikatu eta kontsultatzeko, eta haien esku jarri genuen espedientearen dokumentazioa, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan, bai Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren web orrian.
Interesdun-egiaztagiria jasotzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko uztailaren 7an amaitu zen. Inork ez du eskatu interesdun-egiaztagiria.
Ingurumen-irizpide estrategikoak, ingurumen-helburuak eta aplikatu beharreko iraunkortasun-printzipioak.
Laguardiako (Arabako Errioxa) Gune Funtzionalean nekazaritzako eraikinen eta upategien LPPa aldatzeko, funtsezko oinarritzat hartu behar dira Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategiako (2002-2020), Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparru Programako (2007-2010), EAEko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko, maiatzaren 28ko 8/2007 Lurzoruaren Legeko eta ekainaren 30eko 2/2006 Lurzoru eta Hirigintza Legeko ingurumen-irizpide estrategikoak. Bereziki, aintzat hartu behar da:
Jada artifizializatutako lurzoruen erabilera lehenestea, eta nekazaritzako lurzorua eta naturala bereziki zaintzea(2). Hiri-lur eta lur urbanizagarri hutsen poltsa eratzeko aplikatu beharreko irizpideen artean sartu behar da hori ere.
Poluitutako lurzoruen leheneratzea lehenestea, lurzoru ez-urbanizagarria(3) birkalifikatu aurretik. Aurreko kasuan bezala, hiri-lur eta lur urbanizagarri hutsen poltsa eratzeko aplikatu beharreko irizpideen artean sartu behar da hau ere.
Ahal dela, saihestu egin behar da artifizializazioa ehun urtean behingo uholde-arriskua dagoen eta gaur egun inongo garapenik ez dagoen inguruetan(4).
Hirigunearen bereiztea eta sakabanatzea saihestea, mugikortasunik ez eragiteko behar bezalako integrazioa eta kohesioa izan dezaten jarduera eta erabilerek(5).
Pertsonen mugikortasun-eskaria oinez, bizikletaz edo garraio kolektiboz ibiltzera bideratzea(6).
Energia-aurrezpena, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea(7).
Aniztasun biologikoaren galera geldiaraztea, habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra berreskuratuz eta babestuz, Naturagune Babestuetatik kanpoko inguruen askitasuna, koherentzia eta konektibitatea batik bat(8).
Bestalde, argitu behar da nola eman lehentasuna hiri-lurzoruen edo urbanizagarrien erabilerari, harik eta udal bakoitzeko hiri-lurzoruen eta urbanizagarrien poltsa osatu arte.
Berez, hiri-lur eta lur urbanizagarri hutsen poltsa sortuta, konponduta behar luke upategietarako lurzoru-premiak. Beraz, lurzoru ez-urbanizagarrian upategiak eraikitzeko aukera egoera honetan bakarrik onartu behar litzateke: upategi berriak (lehendik dauden guneei itsatsiak edo haien ondokoak, noski) egiteak hiri-egitura edo haren itxura aldatzea badakar. Hau da, irizpide estetiko bati esker gaindi daiteke hiri-lurzoruei edo urbanizagarriei lehentasuna emateko irizpidea. Argitu egin behar da alderdi hori.
Iraunkortasun-txostenaren tamaina eta xehetasun- eta espezifikazio-maila.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko apirilaren 28ko 9/2006 Legeak (zenbait planek eta programak ingurumenean duten eraginari buruzkoa) aipatzen duen iraunkortasun-txostena Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Prozedura Bateratua arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuak aipatzen duen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren azterketan sartzen da.
Beraz, Laguardiako (Arabako Errioxa) Gune Funtzionalean nekazaritzako eraikinen eta upategien LPPa aldatzeko, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio bateratuko azterketa bat behar da, betiere uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren Gehigarriak eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. Gehigarriak diotenari doitua, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokienez.
Horren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio bateratuko azterketaren atalak eskema metodologiko honen arabera egin behar dira:
Planaren helburu estrategikoen eta horiek lortzeko aukeren deskribapena.
Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen azterketa.
Planaren eraginpeko eremuaren ingurumen-azterketa, -diagnostikoa eta -balorazioa.
Teknikoki zentzuzkoak diren aukeren ingurumen-azterketa. Aukeratutako irtenbidearen justifikazioa.
Planaren eta haren jardueren inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak proposatzea.
Planaren ondorioak gainbegiratzeko programa.
Sintesi-dokumentua.
Dokumentazio grafikoa.
Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egindako kontsulten emaitzak ikusirik, Ingurumen Sailburuordetzak uste du hemen aipatuko ditugun zabalera eta xehetasun-mailarekin garatu behar dituela aipatutako atalak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuak.
1. Planaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko aztertutako aukeren deskribapena.
Atal honetan sartu behar dira Aldaketaren helburuak, ingurumen-helburuak azpimarratuz betiere. Esplizituki adierazi behar da nola sartu diren Erreferentzia Dokumentu honetako 2.3 ataleko ingurumen-irizpide estrategikoak.
Ingurumen-irizpide estrategiko ingurumen-helburu hauek Aldaketan sartzearen xedea da lehentasuna ematea prebentzio-printzipioari kalte-konponketaren gainetik, zuzentzeko eta/edo konpentsatzeko neurriak hartzeko premia mugatzen duen garapen iraunkorra bultzatuz. Hortaz, ingurumen-helburuak lortzea izan behar du helburu nagusi aukera-proposamenak, eta ez zuzentze-neurriak proposatzea.
Horregatik, planeko helburuak zenbait eratara garatzeko alternatibak proposatu behar dira, batez ere lehen aipatutako ingurumen-irizpide estrategikoak.
2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen azterketa.
Aplikazio-eremu bera duten beste plan batzuekin justifikatu behar da Aldaketaren ingurumen-bateragarritasuna. Besteak beste, plan eta programa hauekin aztertu behar da Aldaketaren bateragarritasuna:
Lurralde Antolamenduko Gidalerroak.
Behin betikoz onartutako eta prestatze-fasean dauden Lurralde Plan Sektorialak.
Indarrean den udal-plangintza.
EAEko Uholdeak Prebenitzeko Plan Integrala eta EAEko Hiriguneetako Uholde-arriskuei buruzko Azterketa (2001-2005).
Baliabide Naturalak Antolatzeko Planak eta Naturagune Babestuak Erabiltzeko eta Kudeatzeko Plan Gidaria.
Kantauriko Mendilerroko EELGa kudeatzeko plana (ES2110018) (behin-behineko onespena du).
Arriskupean dauden espezieak kudeatzeko planak, indarrean daudenak.
Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana (2008-2012).
Ingurumen-alorreko bateraezintasunik baldin badago aztertutako plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.
3. Planaren eraginpeko eremuaren ingurumen-azterketa, -diagnostikoa eta -balorazioa.
Egungo ingurumen-egoeraren alderdi aipagarrienak adierazi behar dira, baita Plana ez gauzatzekotan izan dezaketen bilakaera ere. Azpimarratu behar dira, bestalde, seguruenik eragin nabarmena jasango duten inguruen ezaugarriak.
Behar hainbateko xehetasun-mailarekin zehaztu behar dira alderdi hauek:
Seguruenik eragin nabarmena jasango duten inguruen ingurumen-ezaugarriak(9) (landaredia, fauna, paisaia, hidrologia, geologia, hidrogeologia, ondare kulturala...).
Lehendik dauden eta planerako garrantzizkoak diren ingurumen-arazoak (uholde-arriskuak, lurzoru poluituak, lurzoru aldatuak edo higadura handia jasandakoak, erauzketa-lanak, poluzio akustikoa, poluzio atmosferikoa...), betiere kontuan izanik:
Ingurumen-garrantzi bereziko eremuak:
Europako Erkidegoko Leku Garrantzitsuak (EELG), Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) eta Hegaztien Babes Bereziko Eremuak (HBBE).
EAEko Naturagune Babestuen Sarean dauden lekuak.
EAEko Korridore Ekologikoen sarea.
Euskal Ondare Kulturaleko ondasunak.
LAAen Interes Naturalistikoko Eremuen zerrenda irekiak.
EAEko Naturagune Garrantzitsuen Katalogoan ageri diren lekuak.
EAEko Pasaia Berezien eta Aparten Katalogo Irekiaren Aurreproiektuan ageri diren lekuak.
Jabari Publiko Hidraulikoa eta haren zortasun- eta polizia-eremuak.
Interes geologikoko eremuak.
Arriskupean dagoen flora- eta fauna-espezieen banaketa-eremuak. Arriskupeko espezie batek kudeaketa-plana baldin badu, horren arabera jardun behar da.
Ingurumenaren aldetik sentikorrak diren guneak(10).
Balio agrologiko handiko lurzoruak.
Hostozabalen basotxoak.
Akuiferoak kargatzeko eremuak eta haien poluzioarekiko kalteberatasun handia dutenak.
Erabilera publikoko mendiak, eta babes-mendiak.
Behar izanez gero, zehaztu behar dira arazo teknikoak, jakintzakoak eta/edo esperientziari dagozkionak, behar den informazioa jaso eta arazoak nola gainditu diren jakiteko.
Kartografian jaso behar dira Aldaketarako garrantzizkoak diren ingurumen-interes bereziko baliabideak eta eremuak, baita planaren baitako ingurumen-arazoak ere, azkar eta aise iristeko informazio horretara.
4. Teknika eta ingurumen aldetik zentzuzkoak diren aukeren ingurumen-azterketa. Aukeratutako irtenbidearen justifikazioa.
Planeko helburuak zenbait eratara garatzeko moduak proposatu behar dituzte aztertzen diren aukerek, betiere sustatzailearen eskumen juridiko eta geografikopekoak badira. Hor sartu behar dira, nahitaez, ingurumen-helburuak, 2.3 ataleko ingurumen-helburu estrategikoak, zehazki. Behar bezala justifikatu behar da aukera-hautaketa, eta ez dira nahita hautatu behar ondorio askoz kaltegarriak eragin ditzaketenak gogoko ditugunak sustatzearren.
Nolanahi dela ere, bidegabetzat joko da planeko helburuak garatzeko ordezko proposamenik ez egotea, baldin eta ez badago aski justifikatutako ezintasun teknikorik.
Identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, elkarrekin alderatuz aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen eragin nabarmenak, bakarrik batzuen ebaluazioa egin gabe, edo beste batzuk a priori bazterrera utzi gabe. Aztertutako zentzuzko aukeren irudi zehatza behar da, eta argi adierazi zergatik ez diren jotzen aukera hoberentzat.
Azken batean, justifikatu egin behar da hautatzen den konponbidea, teknika eta ingurumen aldetik bideragarri diren gainerako aukerekin alderatuz, ez esku hartzeko 0 alternatiba ere barne dela(11).
5. Planaren eta haren jardueren inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.
Proposamenaren eraginpeko inguruneko aldagaien gaineko inpaktuak zehaztu egin behar dira, inpaktu kritikoak batik bat, hau da, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua gauzatzeko araudia onartu zuen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuaren kontzeptu teknikoen arabera oro har onartzen diren arau edo azterketa teknikoek finkatutako muga- edo gida-balioak gainditzen dituztenak, baretzeko modurik ez dela.
Planak eragin litzakeen ondorio kaltegarriak eta ingurumenean egin beharreko jarduerak zehaztu behar dira, baita horien arteko lotura ere. Planak ingurumenean eragin ditzakeen kalteen zenbaterainokoa zehazteko, irizpide hauek erabili behar dira: ingurumenean zenbait planek eta programak dituzten eraginen ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 2. gehigarriak eta Proiektuen Ingurumen Inpaktua Ebaluatzeko Legearen testu bateratua onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Errege Dekretu Legegilearen III. eranskinak diotena.
Alderdi hauek, bereziki, hartu behar dira kontuan:
Arriskupean eta kudeaketa-planik gabe dagoen flora- eta fauna-espezieen gaineko eragina.
Bertako landaredia duten basotxoen gaineko eragina.
Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritzako produktibitate-galera.
Paisaian duen eragina.
Akuiferoetan duen eragina.
Lurzoru artifizializatua hedatzea.
Baliabideen kontsumoa areagotzea (ura, energia...).
Hondakin gehiago sortzea.
Esplizituki adierazi behar da ebaluazio-metodologia, eta, hala badagokio, aurkitzen diren zailtasunak (teknikoak, jakintza eta/edo esperientzia alorrekoak) azaldu, inpaktuak baloratu eta gorabeherak nola gainditu diren ikusteko.
6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak proposatzea.
Planaren prestakuntzara ingurumen-alderdi estrategikoak biltzeak aukera eman behar luke, besteak beste, zuzentze- edo konpentsatze-neurriak hartzeko premia murrizteko. Inpaktu negatibo esanguratsuengatik zuzentze-neurriak hartu beharra, beraz, Aldaketan ingurumen-irizpide estrategikoak behar bezala ez sartzearen ondorio garbitzat joko da, beraz, inpaktu negatibo esanguratsuengatik zuzentze-neurriak hartu beharra.
Efektuak zuzendu beharrean haien prebentzioa bultzatzearen printzipioari jarraiki, ingurumen-irizpideak ezarri behar dira plana garatzeko dokumentuetarako. Ingurumen-ebaluazioko prozeduretakoren bat(12) aplikatzen zaien plan eta ekimenetarako erabili behar dira, batez ere, irizpide horiek, haiek bakarrik eragiten baitute, antza, ingurumen-efektu esanguratsurik.
Hortaz, aldez aurretik zehaztu behar da, ahal dela, zer jarduerari dagokien ingurumen-ebaluazioa eta zeini ez, planak helburu hauek bultzatzeko:
Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.
Energia-eraginkortasuna sustatzea.
Hondakin gutxiago sortzea.
Baliabide naturalak aurreztea hiri-sistemetan.
Mugikortasun iraunkorra sustatzea.
Kyotoko Protokoloak araututako berotegi-efektuko gasen emisio totalak mugatzea 2010erako.
Aniztasun biologikoa zaintzea.
7. Planaren ondorioak gainbegiratzeko programa.
Gainbegiratzea egitean ingurumenaren gainean izan daitezkeen eragin garrantzitsuenei, bai positiboei bai negatiboei, aurreikusitakoei eta aurreikusi gabekoei(13), horrela identifikatu badira(14), erreparatuko zaie(15). Horretarako, aldez aurretik, adierazle bana esleitu behar zaie efektu esanguratsu guztiei (kualitatibo eta/ edo kuantitatiboak), eta/edo dagokien galdera-sorta. Hala egin behar da plan bakoitzeko aplikazioari dagozkion ingurumen-helburu estrategikoekin, adibidez. Horretarako, adierazle hauek gutxienik gainbegiratu behar dira:
Oinarrizko adierazleak(16) (eredu kausala oinarri hartuta) (17).
Goiburuko ingurumen-adierazleak(18).
EAEko iraunkortasun-adierazleak(19).
Europako egiturazko adierazleak.
Zuzeneko segimendua egin ahal zaie atzematen diren ingurumenaren aurkako efektu esanguratsuek, hots, ingurumenean izan diren aldaketen segimendua (kausa-efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-faktoreen segimenduaren edo leuntze-neurrien bidez(20).
Planak eragin ditzakeen ondorio esanguratsuenen(21) eta ingurumenean egin beharreko jardueren adierazleak finkatu eta gero, haietako bakoitza ikuskatu behar duen agintaritza esleitu behar da(22). Ohiko planifikazio-sisteman sartu ahal da gainbegiratze hori, betiere ziurtatuz planak adierazleari egin dion ekarpen indibiduala(23), edo, bestela, hura noiz eta zer maiztasunekin egin finkatu behar da.
8. Sintesi-dokumentua.
Sintesi-dokumentu bat idatzi behar da, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren Gehigarriko 8. atalean finkatutako ezaugarrien arabera, hark arautzen baitu ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratua egiteko prozedura. Programaren nolakotasunari eta hark ingurumenari eragiten dion moduari buruzko informazio laburra eman behar du, herritar orok ulertzeko modukoa. Gomendatzen dugu, halaber, dokumentazio grafikoa sartzea informazio publikoan.
9. Dokumentazio grafikoa.
Informazioa erraz eta aise eskuratzeko, behar adina dokumentazio grafiko izan behar du Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketak. Taula, grafiko, irudi, argazki, dagokien eskalan egindako planoen eta abarren bidez aurkeztu behar da dokumentazio grafikoa.
Informazio-eta kontsulta-moduak.
Ingurumenean zenbait planek eta programak dituzten eraginen ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9. eta 10. artikuluek agintzen dutena betez, informazio- eta kontsulta-modua zehaztuko ditugu atal honetan, eta dagozkien administrazio publikoak eta biztanleria interesatua azalduko.
Informazio- eta kontsulta-moduari dagokionez, eginkizun hauek ditu erakunde sustatzaileak:
Dagokien administrazio publikoei eta biztanleria interesatuari kontsultatzea, Planaren lehen dokumentua eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketa bidalita. Erreferentzia Dokumentu honetako 2.2 atalean aipatzen eta zehazten diren administrazio publikoak eta biztanleria, gutxienik, kontsultatu behar dira.
«Laguardiako (Arabako Errioxa) Gune Funtzionalean nekazaritzako eraikinen eta upategien LPPa aldatzea» izeneko lehen dokumentuari eta Ingurumen Inpaktuari buruzko Ebaluazio Bateratuaren azterketari buruzko informazio publikoa, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarkia jarriz eta gutxienez 45 eguneko epea emanez hura aztertu eta oharrak azaltzeko.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 18a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
Oharrak
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(2) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru programa (2007-2010). 9. Helburu Estrategikoko 3. jarduera-lerroa: Lurraldearen erabilera orekatua.
(3) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru programa (2007-2010). 3. Helburu Estrategikoko 5. jarduera-lerroa: Lurzoruaren poluzioa prebenitzea eta zuzentzea.
(4) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru programa (2007-2010). 11. Helburu Estrategikoko 3. jarduera-lerroa: Klima-aldaketara egokitzea.
(5) Ekainaren 30eko Lurzoru eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 3. artikulua.
(6) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru programa (2007-2010). 8. Helburu Estrategikoa: Mugikortasuna kudeatzeko eredu-berri baterantz.
(7) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru programa (2007-2010). 3. Helburu Estrategikoa: Lurzoruaren poluzioa prebenitzea eta zuzentzea.
(8) Euskal Autonomia Erkidegoko II. Ingurumen Esparru programa (2007-2010). 7. Helburu Estrategikoa: Gure aniztasun biologikoari eustea.
(9) Kontuan izan beharreko ingurumen mailako eraginak, arrazoizko probabilitate-maila aurreikus dakiekeenak izan daitezke. Arretaren printzipioa aplikatzea: ez da ziurtasun-kontua, kalte handiak eragin daitezkeelako probabilitatea baizik.
(10) Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskadiko ingurumena babesteari buruzkoa: 51. artikulua eta hirugarren xedapen iragankorra.
(11) Plana ez aplikatzeak lekartzakeen ondorioak ere zehaztu behar ditu ebaluazio-azterketak.
(12) Azpimarratzekoa da aski dela 1/2008 EDLko I. eta II. gehigarrietan proiektu bat agertze hutsa IIEB aplikatzeko, 2001/42/EE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburuaren 3.22 atalaren arabera (3. artikuluko 2. atalaren interpretazioa).
(13) Logikoa da interpretatzea aurreikusi gabeko balizko eragin nabarmen horiek ingurumen txostenean egindako iragarpenetan egon diren gabezien ondorio direla (adibidez, eragin batek aurreikusi gabeko intentsitatea izatea) edo baldintzak aldatu izanaren ondorio direla, eta horiek zenbait iragarpen erabat edo partzialki baliogabetzera eramaten dutela (zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001/42/EE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburuaren 8.12 atala).
(14) Honako dokumentuetan agertzen diren irizpideen arabera: zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskina; zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001eko ekainaren 27ko 2001/42/EE zuzentarauaren II. eranskina; 2001/42/EE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburuaren 3.48 eta 3.61 bitarteko atalak; proiektuek Ingurumenaren gainean izan dezaketen eraginari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskina.
(15) Ez dira gainbegiratuko dauden ingurumen-arazoak, ingurumena babesteko ezarritako helburuak eta edozein eragin negatibo garrantzitsu prebenitu, murriztu eta, ahal den neurrian, konpentsatzeko aurreikusitako neurriak (Zenbait planek eta programak ingurumenaren gainean izan dezaketen eragina aztertzeko den 2001/42/EE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburuaren 8.7 atala).
(16) Adierazle horiek EAEko Ingurumeneko Egoeraren txostena egiteko oinarri dira; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorrak xedatzen duenaren arabera, hiru urtetik behin egin behar da.
(17) Kausa-katearen egungo eredu bat DPSIR/PFEIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses: indar eragileak, presioa, egoera, inpaktua, eragileen erantzunak).
(18) Oinarrizko adierazleetatik abiatuz, lehentasunez ezarritako ingurumeneko helburuen joera orokorrak ematen dituen adierazle-kopuru txikia hautatzen da. Bestalde, adierazle horiek ekonomiaren hazkundearen eta ingurumenaren artean dauden loturak modu erantsian erlaziona ditzakete. Horiekin egiten da urteko txostena, zeinak erraz eta aise erakusten duen EAEren ingurumen-bilakaera. Adib.: IEPren adierazleak.
(19) Euskal gizartearen ibileraren erretratu osoa eskaintzen digute, hots, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-alderdietatik begiratuta. Europako egiturazko adierazleen arabera finkatzen dira.
(20) Zenbait planek eta programak ingurumenean dituzten eraginak aztertzeko 2001/42/EE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburuaren 8.8 atala.
(21) Atzemandako efektu esanguratsuetatik, komeni da, agian, bereizleenei ekitea, planaren eta, zehazki, aplikazio-fasearen arabera (2001/42/EE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburua ikuskatzeko orientabide praktikoak. I. eranskina).
(22) Bildu, prozesatu eta ebaluatzea dagokion agintaritza (zenbait planek eta programak ingurumenean dituzten eraginak aztertzeko 2001/42/EE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburua).
(23) Ikuskapen-programa batek hainbat plan har ditzake; ez da behar ikuskaritza bat plan indibidual bakoitzeko. Zenbait planek eta programak ingurumenean dituzten eraginak aztertzeko 2001/42/EE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburuaren 8.10 atala.


