- RESOLUCIÓN 18/2008, de 10 de octubre, del Director de la Secretaría del Gobierno y de Relaciones con el Parlamento, por la que se dispone la publicación de los Convenios celebrados por el Gobierno Vasco, que se indican.@@@ - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuRESOLUCIÓN 18/2008, de 10 de octubre, del Director de la Secretaría del Gobierno y de Relaciones con el Parlamento, por la que se dispone la publicación de los Convenios celebrados por el Gobierno Vasco, que se indican.@@@
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 205
- Hurrenkera-zk.: 5910
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/10/10
- Argitaratze-data: 2008/10/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Sailak; Instituzional
Testu legala
Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau,
Lankidetza-hitzarmena, Euskal Estatistika Erakundearen eta Andaluziako Estatistika Erakundearen artekoa, erregistroak bat egiteko asmoz elkarlanean aritzekoa. I. eranskina.
Lankidetza-hitzarmena, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Zarauzko udalaren artekoa. Helburua: Zarauzko udalerriko 12.3 OD Kortazar eta 10.2 OR Salberdin eremuetan etxebizitza babestuak sustatzeko programa ezartzea. II. eranskina.
Lankidetza-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren artekoa. Helburua: Nerbioiko parke linealaren plan bereziko bidegorriaren Gardea-Luiaondo zatia eraikitzeko proiektuaren lanen kostua elkarrekin finantzatzekoa. III. eranskina.
«Sustraia» Programa telebistan emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru-Aldundiek eta Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vascak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren luzapena 2008. urterako. IV. eranskina.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 10a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako
eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.
Batetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jaunak, Euskal Estatistika Erakundearen (aurrerantzean Eustat) zuzendari nagusiak, parte hartu du; Iradi jaunak erakunde horren izenean eta bere ordezkari gisa jardun du, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak eta Euskal Estatistika Erakundearen egitura organikoa ezarri duen urtarrilaren 25eko 12/2000 Dekretuak eman dizkioten eskumenak erabilita eta Gobernu Kontseiluak 2008ko maiatzaren 13an egindako bilkuran emandako baimenaren arabera.
Eta bestetik, Patricia Eguilior Arranz andrea, Andaluziako Estatistika Erakundeko zuzendaria dena Andaluziako Juntaren Gobernu Kontseiluak 2008ko apirilaren 29an emandako 135/2008 Dekretuaren bidez izendatu ostean (AJAO, 87. zk., 2008ko maiatzaren 2koa) eta abenduaren 12ko 4/1989 Legeko III. tituluko I kapituluaren 31.3 artikuluak Andaluziako Estatistika Erakundearen izenean eta haren ordezkari gisa aritzeko ematen dizkion eskumenak erabilita.
AZALDU DUTE:
Euskal Estatistika Erakundeak eta Andaluziako Estatistika Erakundeak, estatistika ofizialen ekoizleak diren heinean, datu ugari bildu, erabili, ustiatu eta aztertzen dute. Ondorioz, estatistika erakunde biek dute helburu bera: erregistroak bat egiteko azterlanean sakontzea, hau da, artxibo bi edo gehiagotan dauden erakunde bateko erregistroak identifikatzea identifikatzaile bakarrak ez daudenean.
Euskal Autonomia Elkarteko Autonomia Estatutuko 10.37 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak bere xede eta eskumenetarako eskumen esklusiboa du estatistika gaietan; halaber, Andaluziako Autonomia Estatutuko 76.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, Andaluziako Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du erkidego horren xederako estatistikak egiteko, estatistikaren gainean plangintzak egiteko eta bere sistema estatistikoa sortu, kudeatu eta antolatzeko.
Bi alderdiek planteamendu, xede eta interes batzuetan bat datozela kontuan hartuta, lankidetza hitzarmen honen bidez erregistroak bat egiteko zereginean elkarlanean aritu nahi dute. Horrela, egungo fitxategietan biltzen den informazioa ahalik eta modu egokienean aprobetxatuko da eta informatzaileen zama murriztu egingo da.
Hori guztia dela bide, lankidetza hitzarmen hau sinatzea erabaki dute hurrengo klausulen arabera
KLAUSULAK:
Lehenengoa. Lankidetza hitzarmenaren helburua.
Hitzarmen honen helburua Euskal Estatistika Erakundearen eta Andaluziako Estatistika Erakundearen arteko lankidetza formalizatzea da bien artean erregistroak bat egin ditzaten.
Bigarrena. Alderdiek egin beharreko jardunak.
Euskal Estatistika Erakundeak SAS hizkuntzan garatutako makro batzuk lagako dizkio Andaluziako Estatistika Erakundeari, makro horiei esker modu automatikoan bat egin daitezkeelako norbanakoei buruzko erregistroak dituzten bi fitxategi. Era berean, erregistroen probabilitatearen esparruko bat egitean azterketa sakonagoa egiteko egokitzat jotzen duen itzulpena, egokitzapena, konponketa edo bestelako aldaketa edo garapena egiteko baimena emango dio.
Bestalde, Andaluziako Estatistika Erakundeak modu berean lagako dio Euskal Estatistika Erakundeari arlo horretan egiten dituen lan berrien, egokitzapenen edo garapenen erabilera.
Hirugarrena. Beste konpromiso batzuk.
Behean sinatzen duten alderdiek konpromisotzat hartu dute erregistroen bat egiteari buruzko gai metodologikoen emaitza eta agiri guztiak arin eta modu eraginkorrean trukatzea.
Horrez gain, eragiketa estatistikoetan erregistroak bat egiteko metodoak aplikatzeari buruz dituzten esperientziak trukatzeko konpromisoa ere hartu dute.
Laugarrena. Emaitzen hedapena.
Alderdiek nahitaez aipatu beharko dute beste alderdiak egin duen ekarpena, hitzarmen honetan jasotako konpromisoen ondoriozko lanak eta emaitzak oinarritzat hartuta egiten diren argitalpenetan edo hedapenerako beste edozein produktutan.
Bosgarrena. Jarraipen Batzordea.
Osaketa.
Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat sortu da. Hona hemen batzordea osatzen duten ordezkariak:
Euskal Estatistika Erakundearen ordezko gisa:
Cristina Prado Valle
Marina Ayestaran Arregi
Javier San Vicente Alfambra
Andaluziako Estatistika Erakundearen ordezko gisa:
José María Alba Bautista
Elena Manzaneda Díaz
Fernando Martínez Escriche
Eginkizunak.
Bi alderdiek garapen informatikoen trukean bidezkotzat jotzen dituzten jarduketak aztertzea eta elkarlanean aritzea erregistroak bat egiteko gai metodologikoetan.
Lankidetza hitzarmen hau betetze aldera gerta daitezkeen auzipeko gaiak interpretatzea.
Lankidetza hitzarmen hau zein mailatan bete den eta eraginkortasunez bete den ebaluatzea.
Seigarrena. Indarraldia.
Lankidetza hitzarmen honek sinatzen den egunetik hiru urtera arteko indarraldia izango du; nolanahi ere, epe bereko luzapena egin ahal izango da.
Zazpigarrena. Izaera eta aplika daitezkeen araubide juridikoa eta jurisdikzioa.
Lankidetza hitzarmen hau administratiboa da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 6 eta 8. artikuluetan dago araututa.
Bestalde, zortzigarren klausulan ezarritakoa aintzat hartuta eta aipatu 30/1992 Legeko 8.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, hitzarmena indarrean dagoen bitartean sor daitezkeen auzi eztabaidagarriak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren pean jarriko dira, bera arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
Eta horrekin guztiarekin ados daudela agertzeko, alderdiek lankidetza hitzarmenaren lau ale sinatu dituzte 2008ko uztailaren 11n.
Euskal Estatistika Erakundeko zuzendari nagusia,
JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.
Andaluziako Estatistika Erakundeko zuzendaria,
PATRICIA EGUILIOR ARRANZ.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 24a.
BILDUTA
Alde batetik, Javier Madrazo Lavín jauna, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua.
Eta bestetik, Jon Urien Crespo jauna, Zarauzko alkate-udalburua.
BERTARATU DIRA
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu gisa eta Sailaren legezko ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak horretarako gaitasuna eman diolako 2008ko irailaren 9an hartutako akordioaren bidez, baita Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. (Visesa) sozietatean presidente gisa ere.
Eta bigarrena, Zarauzko alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalak 2007ko abenduaren 26an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua, baita Zarautz-Lur, S.A. udalaren hirigintza-sozietatearen presidente gisa ere.
Bi bertaratuek elkarri onartu diote Lankidetza Hitzarmen hau egiteko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa, eta horretarako, honako hau
ADIERAZI DUTE
Lehenengoa. Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Ildo horretan, 2005-2009 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko izenpetutako Koalizio Akordioaren helburu programatikoen artean, etxebizitza babestuen eskaintza handitzea bilduta dago, alokatuta lagatzeko gizarte-etxebizitzena nagusiki.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Hori dela-eta, botere publikoek (Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Zarauzko Udalak, kasu honetan) batera esku hartu behar dute (eta horretara behartuta daude) beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko, eta bizilekutarako beharrezkoa den eta espekulazioa eragotziko duen lurzoruondare publikoa eratzeko.
Helburu berarekin bi Administrazio Publikoek honako jardun hauek gauzatu dituzte batera:
1996ko azaroaren 22ko Lankidetza Hitzarmena babes ofizialeko 32 etxebizitza eta 32 etxebizitza sozial sustatzeko Aritzbatalde 30. Sektoreko H-1 eta H-2 lurzatietan.
1999ko maiatzaren 28ko trukea Salbide 29 Sektoreko C-2 eta D-2 lurzatietan 16 eta 40 babes ofizialeko etxebizitza sustatzeko.
Era berean, Zarauzko Udaleko 2007-2011 legealdirako Jaurlaritzaren erabakiak honako helburu hau biltzen du: Kortazar izeneko lursail osoa alokairu sozialeko etxebizitzak egitera bideratzea haien titulartasun publikoa bermatuz eta gutxi gorabehera 150 etxebizitza edo zuzkidura-alojamendu eskainiz.
Bigarrena. Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.
Hirugarrena. Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren dokumentuak 2008ko otsailaren 13ko Tokiko Udalbatzaren Osoko Bilkurak behin betiko onartu duenak hainbat gauza ahalbidetzen ditu, beste batzuen artean etxebizitza babestuak egitea hainbat eremutan, eta Lankidetza Hitzarmen honentzat interesgarriak dira jarraian identifikatu eta deskribatuko direnak:
3 OD KORTAZAR EREMUA
Hiri-lurzoru finkatugabean eginiko jarduna da. Bertan gehienez 150 etxebizitza sustatzea ahalbidetuko da eta honako zehaztapenak adierazi dira:
Eraikigarritasuna:
Sotoa: 4.000 m2e oin bakoitzeko, garaje eta eranskin erabileretarako.
Behe Oina: 2.500 m2e, hirugarren sektorerako erabilera.
Goi-solairuak (Hegada + Teilatupea): 13.000 m2e bizilekutarako erabilera babestua.
Egikaritza publikoko erregimena.
Antolamendu zuzena: Egikaritza eta hirigintza proiektu osagarria.
Zarauzko Udala eremu honetan bilduriko lursail guztien jabe da eta ondorioz, baita hari egotzitako eraikigarritasun urbanistiko guztiarena ere.
Zarauzko Udalak, Zarautz Lur udal-sozietatearen bitartez eta etxebizitza babestuen egikaritzea arintzeko helburuarekin, Debor, S.L. enpresarekin kontratatu du eraikitzeko oinarrizko proiektuaren idazkuntza, eta bere ardura eta interesa erakutsi du fatxaden tratamenduagatik eta eraikinaren azken itxuragatik, eraikin horren kokapena dela-eta. Proiektu horren ordainsariak 266.400,00 euro dira (BEZ gabe).
Halaber, eta helburu berarekin, adierazitako Udalak berariazko azterlan geoteknikoa enkargatu eta idatzi du; azterlan hori idazteko ordainsariaren zenbatekoa 18.000,00 euro da (BEZ gabe).
Zentzu horretan, adierazitako Udalak eraikin horretan aurreikusita dauden behe-solairuko lokal guztiak ekipamendu-publikoko helburuetarako bideratzeko nahia aitortu du, eta horregatik ez da aintzat hartuko lokal horien errentagarritasun ekonomikoa baina bai, ordea, haien eraikuntza-kostua. Era berean, baldintza geoteknikoak eta eraikitzeko baldintzak egokiak badira, lurzatian egin litezkeen lotu gabeko garajeak erosteko interesa adierazi du Udalak, inguru horretan aparkatzeko dagoen arazoa konpontzeko.
Era berean, Zarauzko Udalak interesa erakutsi du udal-jardun urbanistiko batetik eratorritako berriz kokatzeko jarduna lursail horretan sustatuko diren etxebizitza babestuetan egiteko eta interesa erakutsi du, halaber, etxebizitza horietako batzuk erosteko aukeran haiek helburu sozialetara bideratzeko.
Berriz kokatu behar den bizikidetza-unitatea honako hauek osatzen dute: Francisco María Arteche Egurza jaunak, Dulce Nombre de María Nogales García andreak eta 7 eta 9 urteko 2 seme-alabek.
2 OR SALBERDIN EREMUA
Hiri-lurzoru finkatugabean eginiko jarduna da. Bertan, beste gai batzuen artean, gehienez 955 etxebizitza sustatzea ahalbidetuko da honako zehaztapen hauen arabera:
Bi fase ezarri dira:
Lehenengoa:
Gehieneko eraikigarritasuna: 101.500 m2e.
Egoitzako kolektiboa: 90.000 m2e (% 47 etxebizitza babestua, eta horietatik gutxi gorabehera % 50 BOE, PTE eta erregimen bereziko UBEra bideratuko da eta beste % 50a erregimen orokor eta bereziko UBEra).
Gehieneko etxebizitza kopurua: 905 (% 53 etxebizitza babestu).
Bigarrena: Euskotrenen trazatua lurperatu ondoren.
Gehieneko eraikigarritasuna: 5.500 m2e.
Egoitzako kolektiboa: 5.000 m2e (Etxebizitza babestua bakarrik).
Gehieneko etxebizitza kopurua: 50 (etxebizitza babestua bakarrik).
Esparru horrek garapena behar du Plan Berezi baten eta Jardun Urbanizatzaileari buruzko Programa baten bitartez. Era berean, mozkinen eta kargen berdinbanaketarako dagokion dokumentua idatzi eta izapidetu beharko da.
Zarauzko Udalari, eremuaren hirigintza-kudeaketan zehar, hirigintza-jardunetik eratorritako gainbalioetan komunitatearen partaidetza dagokio legez.
Halaber, Zarauzko Udalak eremu horretan bildutako lurzatien % 10a du, eta gainerakoak hirigintza-kudeaketaren menpe dauden hainbat jabe partikularri dagozkie.
Eremu horren birpartzelazioaren ondorioz, Zarauzko Udalak etxebizitza babestua sustatzera bideraturiko hainbat lurzati urbanizatu eskuratuko ditu.
Bi alderdiek aintzat hartzen dute, Birpartzelazio Proiektua behin betiko onartu ondoren, zenbait elkarrizketa egin behar direla Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eremu horretako etxebizitza babestuaren sutapenean nola parte hartuko duen zehazteko, eta bereziki, Sail horrek eskuratzeko egokiagoak diren lurzatiak identifikatzeko, haien prezioa ezartzeko eta ondare-eragiketarekin eta haren sustapenarekin zerikusia duten baldintza guztiak erabakitzeko.
Azkenik, adierazi beharra dago Zarauzko udalerriaren plangintza orokorrak arlo horretan zuzkidura-alojamenduak egiteko lurzati bat edo gehiago nahitaez eta doan lagatzea biltzen duela, gutxienez 1.500 m2-ko azalerarekin.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (eta, horien artean, Zarautzen), errentaahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.
Zentzu horretan, bi Administrazio Publikoek egokitzat jotzen dute lankidetza-politika egonkor bat ezartzea etxebizitza babestuaren sustapen-programa baten formulazioaren bitartez. Programa horretan epe motzeko, ertaineko eta luzeko jardunak biltzen dira.
Bi Administrazio Publikoek egokitzat jo dute lurzoru horietan aurreikusi diren etxebizitza babestuen sustapenetako batzuk gauzatzearen arduraduna Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila izatea.
Bosgarrena. Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren, azaroaren 6koa, 43. artikuluak agintzen duenez, ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea lehiaketa publikoa da. Baina artikulu bereko 1. zenbakian, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda, kasu honetan bezalaxe, erosteko premia eta higiezinen merkatuko eskaintza urria nabarmenak direnean.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren, azaroaren 6koa, 38. artikuluak agintzen duenez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena behar da ondasun higiezinak doan eskuratzeko, betiere Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta.
Proposaturiko eragiketa honetan datza: Zarauzko Udalak udal-titulartasuneko eraikinak erostea, baita haien hirigintza-eraikigarritasunak ere, babes ofizialeko etxebizitzak egitera bideratuak, eta doako lagapenaren bitartez, etxebizitza sozialak egitera bideraturiko eraikinak eta eraikigarritasunak eskuratzea, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko duelarik, eskualdatze horren arabera, dagokion eraikinak eraikitzen direla bermatzeko betebeharra.
Azkenean zehazten den eskuratze-prezioak ezin izango du babes ofizialeko indarreko legediak eragin-kostu gisa gehienez onar dezakeen zenbatekoa gainditu.
Prezio hori osorik edo zati batean ordaindu ahal izango da alderdien arteko akordioaren aurretik, lurzati horretan eraikiko den lokalaren edota horiei lotuta ez dauden garajeen azalera baliokidea emanez.
Seigarrena. Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 17. eta 81. artikuluek adierazten dutenez, plangintzak komunitate-ekipamendu gisa sailkatu ahal izango ditu lurrak, bereziki bizitegi-erabilera duten eremuetan zuzkidura-alojamenduak ezartzeko, aldi baterako alojamenduak eta premia larria duten kolektiboentzako alojamendu sozialak barne. Gainera, hiri-lurzoru finkatuan une honetan eskuragarri dauden lursailak ere xede horretara bideratzeko aukera izango da, betiere bestelako gizarte-beharrei erantzuteko behar adinako ekipamendu-lursailak eskuragarri daudela egiaztatzen bada.
Bi Herri Administrazioen ustez, etxebizitza babestua sustatzeko orain artean elkarrekin garatu duten politika osatu behar da, zuzkidura-alojamendu horiek gauzatuz.
Zazpigarrena. Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera.
KLAUSULAK
Lehenengoa. Lankidetza Hitzarmen honen helburua Zarauzko udalerrian etxebizitza babestua sustatzeko programa bat ezartzea da, hain zuzen 12.3 OD Kortazar eta 10.2 OR Salberdin Eremuetan.
Bigarrena. Zarauzko Udalak arlo horiek garatzeko behar diren hirigintza-dokumentuak izapidetzeko konpromisoa hartu du. Dokumentu horien artean biltzen dira antolamendu xehatuko planak, urbanizatzeko jarduketa-programak, birpartzelazio-proiektuak, hirigintza proiektuak, xehapen-azterlanak eta oinarrizko eraikuntza- eta egikaritze-proiektuak.
Hirugarrena. 12.3 OD Kortazar Eremuari dagokionez, bi alderdiek honako hau adostu dute:
Zarauzko Udalak honako konpromiso hau hartu du: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioari doan lagatzea bere jabetzakoa den lurzatia, bertan antolamenduaren arabera gehienez 150 etxebizitza babestu susta daitezkeelarik.
Doako lagapen hori honako baldintza suntsiarazle honen menpe egongo da: eraikitako etxebizitza horien helburuari eustea, horrela, higiezinaren eskriturazioaren ondoren dagokion etxebizitza sozialen erregimen juridikoan aldaketarik gertatzen bada, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak higiezina Zarauzko Udalari itzuli beharko dio, eta hark une horretan dagoen eraikinaren balioa konpentsatu beharko du.
Ondare-eragiketa horretatik eratorritako gastu guztiak, Hiri Lurren Balio Gehitzearen gaineko Zerga izan ezik, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak hartuko ditu bere gain.
Laugarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du, dagozkion aurrekontuko diru-izendapenak gauzatu ondoren, aipaturiko etxebizitzen inguruko urbanizazioa egiteko eta eraikitzeko obra guztiak kontratatzeko ahalik eta azkarren.
Konpromiso horrek bere gain hartzen du Debor, S.L. enpresak idatzitako oinarrizko eraikitze-proiektua onartzea; nolanahi ere, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak aldaketak egiteko eskubidea izango du, bai antolamendu-proposamenean baita proiektuan ere, alokatzeko etxebizitza babestuaren sustapenera ahalik eta hobekien egokitzeko.
Halaber, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu du adierazitako proiektua idazteak eragindako gastua, baita Zarauzko Udalak eta Zarautz-Lur, S.A. udalaren hirigintza-sozietateak egindako azterlan geoteknikoaren gastua ere.
Ildo beretik, izenpetzen duten alderdiek aldez aurretik adostu beharko dute inguruko urbanizazioaren proiektuari eta eraikuntza-proiektuari dagozkion dokumentuen eduki zehatza. Hain zuzen, adierazitako sustapenari dagozkion proiektuen idazpenean zehar egingo dira beharrezko topaketak Zarauzko Udaleko teknikariekin eta/edo ordezkariekin diseinuari loturiko oinarrizko zehaztapenak adosteko hirigintza-izapideak egin baino lehen.
Eraikitzeko obrak hiru hilabeteko epean hasi beharko dira sustapenari buruzko behin-behineko kalifikazioa lortzen denetik zenbatzen hasita.
Bosgarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak erosteko aukera aitortu dio Zarauzko Udalari edota Zarautz-Lur, S.A. udalaren hirigintza-sozietateari sustapen horretan beheko solairuan eraikitako lokalen azalera guztiari dagokionez, eta haiek erosteko prezioa ezarri du 750.000,00 eurotan, BEZ gabe, hau da, 300,00 euro/m2e-ko.
Adierazitako lokalen azalerari buruzko esleipenaren ondorioz falta diren edo soberan dauden metroak dagokion Administrazioak konpentsatuko ditu dirutan, eta aldi berean arestian adierazitako eskritura publikoa emanez. Lokalaren azaleraren metro koadro eraiki bakoitzeko 300 euro ordainduko dira.
Era berean, onartzen da Zarauzko Udalak edota Zarautz-Lur udalaren hirigintza-sozietateak aukera duela sustapen horretan egin litezkeen lotu gabeko garajeak erosteko; nolanahi ere, erosteko salneurria 360,00 euro izango da eraikitako m2 bakoitzeko.
Ateratzen den zenbatekoari proiektua idazteak eta azterlan geoteknikoak eragindako gastua kenduko zaio.
Bestela, Zarauzko Udalak ordaindu ahal izango du eskuratze horren prezioa, truke bidez edo ordainetan azalera-eskubidepeko etxebizitza babestua sustatzera bideraturiko urbanizaturiko lurzatiak emanez, bereziki OR Salberdin Eremuan.
Seigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du udal hirigintza-jardun bat gauzatzerakoan eraitsi behar diren etxebizitzetako legezko okupatzaileek berriz kokatzeko duten eskubidea bermatzeko etxebizitza bat esleipen-prozedura arruntetik kanpo uzteko.
Hirugarren puntuan aipatu den bizikidetza-unitatea berriz kokatu behar da.
Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Zarauzko udalerria 12.3 OD Kortazar Eremuan egingo diren etxebizitzen sustapenetan interesa duen udalerri bakarra izendatzeko. Nolanahi ere, esleipen-prozesuaren ondoren etxebizitzak soberan badaude, horiek Eskualde Egitura bereko udalerrietako etxebizitza-eskaerak asetzera bideratuko dira.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Zarauzko Udalari sustapen horretan gehienez 5 etxebizitza erosteko 12.3 OD Kortazar Eremuan, gizarte-premia larrienei erantzuteko, araudian ezarritakoari jarraiki.
Zazpigarrena. Zarauzko Udalak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, 10.2 OR Salberdin Eremuari dagokionez eta haren garrantzi estrategikoa aintzat hartuz, Konpromiso Akordio hau garatuko duen Lankidetza Hitzarmenaren negoziazioari buruzko elkarrizketak edukitzeko konpromisoa hartu dute. Hitzarmen horretan hainbat gai zehaztuko dira, beste batzuen artean, egingo diren sustapenak eta udal-eraikinak eskualdatuz gero haien titulua eta prezioa, baita ordaintzeko modua ere, edo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren beste parte-hartze bat, eta administrazio bakoitzak norbere jarduketak egiteko epe-konpromisoak.
2 OR Salberdin Eremuko etxebizitzak sustatuko direneko erregimen juridiko eta ekonomiko zehatza, hau da, azalera-eskubidea izango duten erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitza gisa edo babespeko errentan jartzeko etxebizitza sozial gisa, eta hori ados jarrita zehaztuko da sutapena egiterako unean eta Etxebizitza Euskal Zerbitzuan izen eman duten udalerriko eskatzaileen ezaugarriak aztertu ondoren.
Garatuko den Hitzarmena honako printzipio gidari hauei egokituko zaie:
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak Salberdin Eremuan gutxienez lurzati urbanizatuak eskuratuko ditu 13.000 m2e-ko hirigintza-eraikigarritasunarekin, babes ofizialeko etxeak eraikitzera bideratuak.
Errentamendu babesturako bideraturiko etxebizitza sozialen lursailak doako lagapenaren bidez eskuratuko dira.
Azalera-eskubidea duten babes ofizialeko etxebizitzak egitera bideraturiko lurzatiak salerosketaren bitartez eskuratuko dira.
Eskuratzeko prezioa arlo horretako indarreko araudian ezarritakoaren arabera jarriko da eta ezin izango du babes-araudian ezarritako gehienekoa gainditu.
Sustapenaren zati bat erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen alokairura bideratzeko aukera aztertuko da. Kasu horretan, eskuratzeko prezioak ezin izango du babes-araudian ezarritako gehieneko prezioaren erdia gainditu.
Prezio hori osorik edo zati batean lokaletan edota etxebizitza babestuetan eraikitako azalera emanez ordaindu ahal izango da.
Zarautz izendatuko da etxebizitza babestu guztiak sustatzeko udalerri interesdun bakarra, eta horregatik, esleipen-prozesuan udalerri horretan erroldaturiko pertsonek bakarrik parte hartu ahal izango dute.
Etxebizitzak soberan badaude Eskualde Egitura bereko udalerrietan erroldaturiko pertsonen eskaerak asetzera bideratuko dira.
Deskribatutako ondare-eragiketak eta etxebizitza babestuen ondoriozko eragiketak Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Zarauzko Udalak zuzenean egin ahal izango dituzte, edota Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A. sozietate publikoak edota Zarautz-Lur, S.A. udalaren hirigintza-sozietateak.
Eraikitzeko obrak sei hilabeteko epean hasi beharko dira, deskontaminazio- eta urbanizazio-prozesua amaitu ondoren lurzatiak entregatzen direnetik aurrera zenbatuta.
Zortzigarrena. Zarauzko Udalak 10.2 OR Salberdin Eremuaren hirigintza-kudeaketaren ondorioz lortzen den ekipamendurako bideraturiko udal-lursailean aldi baterako zuzkidura-alojamenduak sustatzeko aukera eta komenigarritasuna ikusita, ahal duen heinean hura ahalik eta azkarren lortzeko konpromisoa hartu du.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak lursail hori aztertzeko konpromisoa hartu du, baita alojamendu horiek diseinatzeko, eraikitzeko eta kudeatzeko proposamena egitekoa ere.
Azkenean bi Administrazioek alojamendu horiek egin daitezkeela eta alojamenduok egitea komenigarria dela irizten badiote, Zarauzko Udalak honako hau egiteko konpromisoa hartu du: adierazitako lurzatia ematea, horretarako egingo den doako lagapenakordioaren bitartez. Era berean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak akordio hori betearazteko konpromisoa hartu du.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Zarauzko Udal Osoko Bilkuraren erabakia izapidetzeko Jaurlaritzaren Kontseiluak onar dezan.
Bederatzigarrena. Zarauzko Udalak konpromisoa hartu du Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Udal Zergaren kuotari Gipuzkoako Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari buruzko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauak toki-erakundeen zerga-sistema aldatzeko martxoaren 19ko 4/2003 Foru Arauak aldatuak bere 5. artikuluaren a), d) eta e) idatz-zatietan ezarritako hobariak aplikatzeko, eta hobari horiek batera aplikatzeko.
Toki Ogasunak Aldatzeko uztailaren 5eko 15/1989 Foru Arauaren arabera, Ordenantza Fiskalek Zerga-kuotaren gaineko honako hobari hauek arautu ahal izango dituzte:
% 95era bitarteko hobaria interes berezikotzat edo udal-onuratzat hartutako eraikuntza, instalazio edo obretarako, betiere halakotzat hartzea justifikatzeko moduko gizarte-zirkunstantziarik izanez gero.
% 50era bitarteko hobaria babes ofizialeko etxebizitzei lotutako eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Letra honetan aurreikusitako hobaria aurreko letretan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
% 90era bitarteko hobaria minusbaliatuen sarbide-baldintzak eta bizigarritasun-baldintzak hobetzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako.
Letra honetan aurreikusitako hobaria aurreko letretan aipatutako hobariak aplikatzearen emaitzazko kuotari aplikatuko zaio.
Hobari horien aplikazioa ahalbidetu aldera, Zarauzko Udalak konpromisoa hartu du beharrezkoak diren jardunak egiteko, bere Udal Ordenantzak legez ezarritako prozedurari jarraiki egokitzea barne hartuta.
Hamargarrena. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak, Konpromisoen Akordio honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak, aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.
Hamaikagarrena. Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Akordioaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta honako eginkizun hauek izango ditu: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea; horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea; aipaturiko etxebizitza babestuen sustapenak egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea; sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitzapremietara egokitzea eta/edo mailakatzea; eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
Zarauzko Udaleko alkate-udalburua,
JON URIEN CRESPO.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko ekainaren 11n.
BILDU DIRA
Batetik, Esther Larrañaga Galdos andrea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua.
Bestetik, Mikel Mintegi Areitiouartena jauna, Arabako Foru Aldundiko Ingurumeneko foru diputatua.
ESKU HARTU DUTE:
Lehenengoak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua denez, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Jaurlaritzaren Kontseiluak horretarako baimena eman baitzion 2008ko apirilaren 29an izandako bilkuran.
Eta bigarrenak, Arabako Foru Aldundiko Ingurumeneko foru diputatua denez eta Administrazio horren izenean.
Bi aldeek bata besteari beharrezko legezko gaitasuna onartzen diote lankidetza-hitzarmen honetarako eta
AZALDU DUTE:
Laudioko Eremu Funtzionaleko Lurraldearen Arloko Planak, urtarrilaren 25eko 19/2005 Dekretuaren bidez behin betiko onartu zenak, Nerbioiko Parke Lineala sortzea aurreikusten zuen; Nerbioi ibaiaren ibilbidean zehar 33 kilometroko parkea hain zuzen.
Aurreikuspen hori betetzeko, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak 2006ko urriaren 30ean emandako Agindu bidez behin betiko onartu zen Nerbioiko Parke Linealerako Plan Berezia.
Plan Berezi honetan ekintzak beteratzeko hainbat proiektu estrategiko daude begietsita, alde batetik ibaiaren ingurunea zaindu eta bere ibilbideko ekologia-paisaia berreskuratzera bideratuta; horiez gain inguru horretan kokatutako azpiegituren ondorioz oso zatituta dagoen eremu geografikoaren konektibitate ekologikoa berrezarri nahi da; bestalde, Eskualdean oso garrantzitsua den ibai-eremuari balioa eman nahi zaio herritarrek erabili dezaten eta olgetako jardueretarako.
Aurreikusitako proiektu estrategiko horien artean aipatzekoa da Eremu Funtzional osoan zehar Orduñatik Arakaldora doan bidegorria egitea. Lehenengo zatia Laudioko Gardea auzoa-Aiarako Luiandora bitarteko tartea da, eta oso garrantzitsua izango da daukan zailtasunarengatik eta gainerako jarduera osoan duen eraginarengatik. Tarte horrek batez ere Laudion eragingo du, eta baita Aiarako zenbait puntutan ere.
«Nerbioiko Parke Linealeko bidegorria, Gardea-Luiaondo tartea, egiteko proiektua» 2006ko abenduan idatzi zuen Laudioko Udalak kontratatu zuen LKS Ingeniaritza enpresak. Horretarako, Udal horri diru-laguntza zuzena eman zitzaion, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko abenduaren 13an hartutako Erabaki bidez.
Proiektu horri dagozkion lanak 2008 eta 2009 urteetarako aurreikusten dira; Laudioko eta Aiarako Udalek proiektua gauzatzeko behar diren lurrak prest dituzte dagoeneko; Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko azaroaren 7an hartutako Erabaki bidez, bi udalei diru-laguntza zuzena eman zitzaien aipatutako proiekturako behar ziren lurzoruak nahitaez desjabetzeak zekartzan gastuei aurre egiteko.
Bi Sailek aipatutako proiektuan begietsitako lanak, Nerbioiko Parke Linealaren Plan Berezian aurreikusitako bidegorria eraikitzeko lehenengo jarduera izango dena, bultzatu nahi dituzte, lan horiek finantzatzeko behar adinako diru-dotazioa ere egina dute euren aurrekontuetan.
Bakoitzaren ekarpenak eta betebeharrak behar bezala artikulatzeko Lankidetzarako Hitzarmen hau izenpetzea komeni da, ondorengo klausulekin.
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmen honen helburua da «Nerbioiko Parke Linealeko bidegorria, Gardea-Luiaondo tartea, egiteko proiektua» gauzatzeko lanak finantzatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren arteko lankidetzarako oinarrizko baldintzak ezartzea.
Bigarrena. Arabako Foru Aldundiari dagokio proiektua gauzatzeko lanak kontratatu, zuzendu eta ikuskaritza teknikoa egitea, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak horretarako baimena eman ondoren. Azken honek gastuak ikuskatu, kontrolatu eta fiskalizatu ahal izango ditu, egoki irizten badio.
Era berean Arabako Foru Aldundiari dagokio:
Jarduerak hasten direnetik, lanei buruzko kartel adierazgarri, iragarki eta gainerako seinaleetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak parte hartu duela jarriko da. Ondorio horietarako kontuan izango da abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretua, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duena.
Lanak Arabako Foru Aldundiak ordainduko dizkio esleipendunari, esleipendunak behar diren ziurtagiriak eta fakturak aurkeztu ondoren.
Lanak gainbegiratzeko Jarraipen-batzorde bat eratuko da, lankidetza hau izenpetzen duten administrazio bakoitzeko kide batez osatuko dena.
Hirugarrena. Aipatutako proiektuaren kostua 1.977.533,01 eurokoa da (BEZ barne) eta bi Administrazioek erdi bana finantzatuko dute ondoren zehazten den moduan:
766,51 euro Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak, 2008ko ekitaldiaren kargura, ondorengo aurrekontu partidaren barruan: 08.0.1.11.21.0100.1.721.00.43130.001/N.
Diru-zenbateko hori honela banatuko da:
50 (494.383,26 euro) lanen kontratua esleitzen diren egunean, Arabako Foru Aldundiak kontratua Sailari aurkeztu ondoren.
Gainerako % 50a (494.383,25 euro) Arabako Foru Aldundiak burututako lanen ziurtagiriak aurkeztu ondoren.
Arabako Foru Aldundiak 2008ko abenduaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dizkio adierazitako agiriak Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari.
Hala eta guztiz ere, ezarritako epea luza daiteke bosgarren klausulan aurreikusitako moduan, baldin eta agiriak berandu aurkezten badira eta atzerapena behar bezala arrazoitzen bada.
766,50 euro Arabako Foru Aldundiak; horietatik 90.000 2008ko ekitaldiaren kargura, eta gainerakoa, 898.766,50 euro, 2009. ekitaldiaren kargura.
Lanak 2008. urtean asteko asmoa dago, Laudioko eta Aiarako Udalek proiekturako behar diren lurzoruak prest baitituzte, eta 2009an amaituko direla aurreikusten da.
Laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak hirugarren klausulan adierazitako lanak finantzatzeko urteko kapitala transferituko dio Arabako Foru Aldundiari, klausula horretan adierazitako urtez urteko banaketarekin, eta bertan eskatzen diren agiriak aurkeztu ondoren.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Lurraldearen Antolamendurako zuzendariaren ebazpen bidez egingo ditu ordainketak, adierazitako agiriak Sailean jaso eta gehienez ere hilabeteko epean.
Bosgarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionez, baimena ematen zaio Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari hitzarmen honetako hirugarren klausulan lanak amaitzeko ezarritako epea luzatzeko, baldin eta aipatutako agiriak garaiz aurkezten ez badira (atzerapenak behar bezala arrazoitu beharko dituzte), eta bigarren klausulan aurreikusitako baimenak emateko.
Seigarrena. Hitzarmenak administrazioa duenez, herri administrazioen arteko lankidetzarako sinatzen diren hitzarmenei aplikatu beharreko araudiaren arabera ulertu eta garatu beharko da.
Zazpigarrena. Hitzarmena sinatzen denetik hasiko da eragina izaten, une horretatik behartuko ditu parte-hartzaileak, eta lanak entregatu, likidatu eta ordaindu artean iraungo du.
Eta hitzarmen honetako klausuletan ezarritako zehaztapenenik ados daudela adierazteko, bi aldeek hitzarmena sinatu dute goiburuan adierazitako egunean eta tokian, hiru aletan.
Ingurumen eta
Lurralde Antolamendu sailburua,
ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.
Arabako Foru Aldundiako
Ingurumen Saileko foru diputatua,
MIKEL MINTEGI AREITIOUARTENA.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 28an.
PARTE-HARTZAILEAK:
Gonzalo Sáenz de Samaniego Berganzo jauna, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta bertako ordezkari gisa.
Estefanía Beltrán de Heredia Arroniz andrea, Nekazaritzako foru-diputatua, Arabako Foru Aldundiaren izenean eta bertako ordezkari gisa.
Irene Pardo Portillo andrea, Nekazaritza foru-diputatua, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta bertako ordezkari gisa.
Rafael Uribarren Axpe jauna, Landa Ingurunearen Garapeneko foru-diputatua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean eta bertako ordezkari gisa.
Andoni Ortúzar Arruabarrena jauna, Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca Erakunde Publikoko zuzendari nagusia, Euskal Telebista S.A.ren izenean.
Hitzarmenkideek protokolo hau izenpetzeko gaitasun nahikoa aitortu diote elkarri eta hortaz honako hau
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa. 2004ko maiatzaren 21ean lankidetza-hitzarmena sinatuta zutela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak (Nekazaritza eta Arrantza Saila), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vascak, «Sustraia» programa telebistan emateko. Hitzarmen horren indarraldia 2004ko abenduaren 31 artekoa zen.
Bigarrena. Hori horrela izanik ere, hitzarmeneko 7. klausulak aurreikusten duela hitzarmena urtero luza daitekeela luzapen-protokolo baten bidez. Ekitaldi bakoitzean egin beharreko jardueren zerrenda erantsi behar zaio protokolo horri, eta, hala badagokio, jarduerak gauzatzeko kostua eguneratu behar da. Kreditu egokia eta nahikoa dagoen bitartean luza daiteke hitzarmena.
Aurreko guztiaren ondorioz, hitzarmenkideek honakoa
Lehenengoa. 1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak (Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vascak, «Sustraia» programa telebistan emateko sinatutako lankidetza-hitzarmena urtebetez luzatzea, hau da, 2008ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak (Nekazaritza eta Arrantza Saila), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vascak, «Sustraia» programa telebistan emateko 2004ko maiatzaren 21ean sinatutako lankidetza-hitzarmeneko bigarren klausulan azaltzen direnak izango dira gauzatu beharreko jarduerak. Jarduera horien kostua ondorengo taulan ezarritakoaren arabera ordainduko da:
Nekazaritza, Arrantza ETA Elikadura Saila 111.547,85 euro
Arabako Foru Aldundia 22.309,57 euro
Bizkaiko Foru Aldundia 44.619,14 euro
Gipuzkoako Foru Aldundia 44.619,14 euro
GUZTIRA 223.095,7 euro
Ordainketa modu honetara egitea erabaki dute sinatzaileek: alderdi bakoitzak egin beharreko ekarpenaren % 50 ordainduko du 2008ko apirilaren 30 baino lehen. Gainontzeko % 50a 2008ko ekainaren 30 baino lehen ordainduko du alderdi bakoitzak. Ordaintzeko, banku-transferentzia egin beharko zaio Eitb, S.A.ri, Bilbao Bizkaia Kutxako (BBK) kontu-zenbaki honetara: 2095 0631 54 2036016665. Horretarako, Eitb, S.A.k dagozkion fakturak bidali beharko dizkio alderdi bakoitzari.
Bigarrena. Luzapena, bertako jarduerak eta proiektuak finantzatzeko kreditu egoki eta nahikoa egotearen baldintzapean dago.
Alderdiak bat datozela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, hitzarmen honen bost ale sinatu dituzte, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza,
Arrantza eta Elikadura sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.
Arabako Foru Aldundiko
Nekazaritzako foru-diputatua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.
Bizkaiko Foru Aldundiko
Nekazaritzako foru-diputatua,
IRENE PARDO PORTILLO.
Gipuzkoako Foru Aldundiko
Landa Ingurunearen Garapeneko
foru-diputatua,
RAFAEL URIBARREN AXPE.
Euskal Irrati Telebista-Radio Televisión Vasca
Erakunde Publikoko zuzendari nagusia,
ANDONI ORTUZAR ARRUABARRENA.


