Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2008ko urriaren 29koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Ortuellako Udalak sustatutako «R-4 San Anton eremuari dagokion Ortuellako HAPOren Aldaketa, ura garraiatzeko Sistema Orokorra sartzeko eta dentsitate txikiko hiri-lurzorua berriro mugatzeko» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko urriaren 29koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Ortuellako Udalak sustatutako «R-4 San Anton eremuari dagokion Ortuellako HAPOren Aldaketa, ura garraiatzeko Sistema Orokorra sartzeko eta dentsitate txikiko hiri-lurzorua berriro mugatzeko» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 38
  • Hurrenkera-zk.: 1010
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/10/29
  • Argitaratze-data: 2009/02/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago «R-4 San Anton eremuari dagokion Ortuellako HAPOren Aldaketa, ura garraiatzeko Sistema Orokorra sartzeko eta dentsitate txikiko hiri-lurzorua berriro mugatzeko» izeneko plana. Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Ortuellako Udalak 2008ko uztailaren 30ean hasi ditu izapideak «R-4 San Anton eremuari dagokion Ortuellako HAPOren Aldaketa, ura garraiatzeko Sistema Orokorra sartzeko eta dentsitate txikiko hiri-lurzorua berriro mugatzeko» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentuari erantzuteko.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

  1. Ingurumen ondorioetarako soilik, Ortuellako Udalak sustatutako «R-4 San Anton eremuari dagokion Ortuellako HAPOren Aldaketa, ura garraiatzeko Sistema Orokorra sartzeko eta dentsitate txikiko hiri-lurzorua berriro mugatzeko» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.

  2. Txostena honakoa da:

  1. Aurrekariak.

    Planteatutako Aldaketak proposatzen du, lehenik eta behin, dokumentuetan sartzea Edateko ura garraiatzeko Sistema Orokorraren Plan Nagusia -Ugarteko (Trapagaran) andela eta La Floridakoa (Portugalete) komunikatzen dituen Bilbo-Bizkaiko Uren Patzuergoaren hodiari lotutakoa-, bai eta planari dagokion azalera-okupazioa ere. Horrenbestez, R-4.San Anton gunean, eraikitzeko egoki den lurzorua (11.480 m2) 1.171,66 m2 murriztuko da, eta, beraz, 10.308,34 m2 baino ez dira izango eraikitzeko egoki.

    Kasu honetan Aldaketak R-4 gunea handitzea proposatzen du, hiri-lurzoru gisa sailkatuz orain urbanizaezin gisa sailkatuta dagoen lurzoruaren 1.209,81 m2. Eremu horri ondoan duen hiri-lurzoruaren 149,32 m2-ko azalera gehituta (proposatutako Edateko ura garraiatzeko Sistema Orokorraren mendebaldera), guztira hiri-lurzoruaren azalera 1.315,13 m2 da. Horietatik, 187,47 m2 Bideen Sistema Orokorraren zerrenda berri bati dagozkio, eta, beraz, lurzoru eraikigarria 1.171,66 m2ko azalerak osatzen du.

  2. Egindako kontsultak.

    2008ko abuztuaren 24an, iragarkia egunkarietan argitaratu zen, jendeak bere burua herritar interesdun modura identifikatzeko eta agiriak kontsultatzeko. Espedientearen dokumentazioa Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Sailaren web orrian eskuragarri egon zen interesdun horientzat.

    Interesdun izendatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko irailaren 29an amaitu zen. Epe horretan, inor ez zen interesdun izendatu.

    Era berean, Ingurumen Sailburuordetzak kontsultak egin zizkien honako erakunde hauei:

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzako Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitateko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.

    Uraren Euskal Agentzia.

    Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritza.

    Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza.

    Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza.

    Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia.

    Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusia.

    Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusia.

    IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.

    Ekologistak Martxan elkartea.

    Arauzko epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoko Zuzendaritzaren erantzunak, Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiaren erantzuna eta IHOBE Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoaren erantzuna jaso dira.

  3. Aplikatu beharreko ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.

    «Ortuellako hiri-antolamendurako plan nagusiaren aldaketa zehatza, R-4 San Anton dentsitate baxuko hiri-lurzoruaren esparrua berriz mugatzeko, ura garraiatzeko sistema orokorra sartu dela eta» aurrera eramateko, kontuan hartu beharko dira honako hauetan ezarritako ingurumen-irizpide estrategikoak: Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programa (2007-2010); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua (Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena), eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea.

    Jarraian datozen ingurumen-arloko irizpideak lotuta daude planak izan ditzakeen ingurumen-ondorio nabarmenekin, eta, horregatik, ingurumen-ebaluazioa egin behar zaio planari. Horrenbestez, ingurumen-irizpide estrategikotzat hartuko dira ondorengoak:

  1. Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna ematea, bereziki nekazaritzako lurzorua eta lurzoru naturala zainduz (2).

  2. Kutsatutako lurzoruak garbitzeari lehentasuna ematea lurzoru urbanizaezin gisa birkalifikatu baino lehen (3).

  3. Hiri-egitura dentsoak, trinkoak eta konplexuak sustatzea, planteatutako beharrei erantzuteko. Eraikin-dentsitate altu xamarrak sortzea (4).

  4. Hiriko segregazioa eta sakabanatzea saihestea, zenbait erabilera edo jardueraren integrazio egokia eta kohesio espaziala ahalbidetzeko, eta, hartara, jendea ahalik eta gutxien mugiarazteko (5).

  5. Gizon-emakumeen mugikortasun-eskaera kudeatzea, herritarrak oinez ibiltzera eta bizikleta eta garraio publikoa erabiltzera bultzatuz (6). Motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa sustatuko dira (7).

  6. Energia aurreztea, energia berriztagarrien eraginkortasun energetikoa eta erabilera sustatzea (8).

  7. Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea, habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra babestuz eta berreskuratuz; horretarako, bereziki babestuko da Natura-gune Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasuna, koherentzia eta konektibitatea (9).

  8. 1367/2007 Errege Dekretuan kalitate akustikoari buruz ezarritako helburuak betetzea (10).

    Alternatibak proposatzerakoan eta hautatzerakoan kontuan hartuko dira ingurumen-alderdiak eta, berariaz, atal honetan zehaztutako ingurumen-irizpide eta -helburuak.

  1. Iraunkortasun-txostenaren zabaltasuna, xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua.

    Apirilaren 28ko 9/2006 Legean (zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoan) aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena, hain zuzen, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan (ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratua arautzen duenari buruzkoan) jasotako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren azterketaren barruan sartzen da.

    Beraz, «Ortuellako hiri-antolamendurako plan nagusiaren aldaketa zehatza, R-4 San Anton dentsitate baxuko hiri-lurzoruaren esparrua berriz mugatzeko, ura garraiatzeko sistema orokorra sartu dela eta» izeneko txostenean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren azterketa erantsi behar da, eta, azterketa horrek, gutxieneko edukiei eta egiturari dagokionez, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. eranskinean xedatutakoa bete beharko du.

    Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren azterketan garatzen diren atalek honako eskema metodologikoari jarraitu behar diote:

  1. Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko aztertutako alternatiben deskribapena.

  2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginaren analisia.

  3. Planak ukitzen duen eremuko ingurumenaren analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

  4. Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterketa. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

  5. Planak eta haren baitako jarduketek eragin ditzaketen kalteak identifikatu eta balioestea.

  6. Babes-neurri, konpentsazio-neurri eta neurri zuzentzaileen proposamena.

  7. Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

  8. Laburpen-agiria.

  9. Dokumentazio grafikoa.

    Ebaluatzen ari garen agiriaren ezaugarriak eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, Ingurumen Sailburuordetzak uste du ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren azterketak aipatutako atalak garatu behar dituela jarraian aipatuko diren zabaltasunarekin eta xehetasun-mailarekin.

    1. Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko aztertutako alternatiben deskribapena.

    Atal honetan aldaketaren helburuak jasoko dira, ingurumen-helburuak azpimarratuz. Esplizituki adierazi beharko da nola txertatu diren Erreferentziazko Dokumentu honetako 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak.

    Plana egiterakoan ingurumen-irizpide estrategiko horiek sartuta, arazoei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu, eta, ondorioz, neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Horregatik, planean aurreikusitako helburuak beste modu batera garatzea xede duten alternatibak proposatu behar dira, eta, bereziki, lehen aipatu diren ingurumen-irizpideak.

    2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

    Ingurumenari dagokionez, Aldaketa hau aplikazio-esparru bera duten beste planekin bateragarri dela justifikatu beharko da. Hierarkian goragokoak diren eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratua egin zaien planak identifikatuko dira, eta, hala badagokio, Aldaketa ebaluazio horietan ezarritako jarraibideekin bateragarri den aztertuko da.

    Besteak beste, aztertuko da ea Aldaketa bateragarri den ondorengo plan eta programekin eta, hala badagokio, plan horien ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuarekin:

    1. Lurralde Antolamenduko Zuzentarauak.

    2. Bilbo Metropoliko Lurraldearen Zati Plana.

    3. Behin betiko onetsita dauden eta prestatzen ari diren lurraldearen arloko planak.

    4. EAEko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).

    5. Arriskuan dauden espezieei buruz indarrean dauden kudeaketa-planak.

    6. Klima-aldaketaren aurkako Euskal Plana 2008-2012.

      Hierarkian gorago dauden plan eta programekin ingurumen aldetik bateraezina izanez gero, jarduerak bertan behera utzi edo beste batzuez ordezkatu beharko dira.

      Azkenik, aztertuko da ea lurzorua hiri-lurzoru birsailkatzea bateragarri den Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 11. artikuluan ezarritakoarekin.

      3. Planak ukitzen duen eremuko ingurumenaren analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

      Egungo ingurumen-egoeraren alderdirik garrantzitsuenak adierazi beharko dira (alderdi horiek zehaztuko dute lurzoruak zer onartze-ahalmen duen aurreikusitako erabilerarako), bai eta plana egin ezean izan dezaketen bilakaera ere; horrez gain, eragin nabarmenak jasan ditzaketen aldeen ezaugarriak azpimarratuko dira.

      Horretarako, esparruaren balioa identifikatuko da, behar bezalako xehetasun-graduarekin, esparru horretan diren ingurumen-baliabideak aztertuta.

      Gainera, esparruaren urrakortasuna identifikatu behar da, eta Aldaketarentzat garrantzitsuak diren ingurumen-arazoak adierazi. Adibidez:

      1. Airearen kutsadura. Inguruneko airearen kalitatea zaindu behar da (11), Aldaketan aurreikusitako erabilerekin bateragarri dela egiaztatzeko.

      2. Arrisku naturalak. Antolatu beharreko esparruko arrisku naturalen mapa gehitu beharko da (12).

      3. Kutsatutako lurzoruak.

      4. 37/2003 Legeak (13) eta 1367/2007 Errege Dekretuak ezartzen duten bezala, Aldaketak esparruaren zonakatze akustikoa jasoko du, dauden bide-azpiegituretako zortasun akustikoak kontuan izanda. Zonakatze hori aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologiaren arabera egin beharko da.

        Behin zonakatzea eginda, aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan jasotako helburuak ezarriko dira. Kalitate akustikoari buruzko helburu horiek betetzen direla egiaztatu beharko da, 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinak ezarritakoari jarraiki.

        Dauden bide-azpiegituretako zortasun akustikoak Aldaketaren eremuan eraginik badu, Aldaketa organo eskudunari igorri beharko zaio, aginduzko txostena egin dezan.

        Era berean, 37/2003 Legeak, Zioen azalpenean dioenez, hirigintza-plangintzak kontuan izan behar ditu beti eremu akustiko bakoitzeko kalitate akustikoari buruzko helburuak, bai lurzoruaren edozein sailkapen egiterakoan, bai plangintza edo antzeko neurriak onartzerakoan. Kalitate akustikoari buruzko helburu horiek kontuan izan beharko dira, halaber, eremuaren onarpen-ahalmena zehazteko orduan, eta irizpide gisa erabili beharko dira alternatibak sortu eta hautatzeko.

        Azkenik, gogorarazi behar da, 37/2003 Legearen 20. artikuluak ezartzen duenez, ezingo dela etxebizitzak, ospitaleak eta hezkuntza- zein kultura-erabilerarako eraikinak egiteko lizentzia berririk eman, baldin eta neurtutako edo kalkulatutako inmisio-indizeek ez badituzte betetzen eremu akustiko bakoitzari aplikatu beharreko kalitate akustikoari buruzko xedeak. Salbuespen izango dira babes akustiko bereziko guneak eta egoera akustiko bereziko guneak: gune horietan aplikatu beharreko kalitate akustikoari buruzko helburuak barne-espazioan bakarrik bete beharko dira.

        Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak eta/edo esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

        Planaren esparruan dauden eta planarentzako garrantzitsuak diren ingurumen-baliabideak eta -arazoak kartografikoki jaso beharko dira, informazio hori berehala eta erraztasunez eskura izateko helburuarekin.

        4. Teknika eta ingurumen aldetik bideragarriak diren alternatiben ingurumen-azterketa. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

        Identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira planean aurreikusitako helburuak beste modu batean lortu nahi dituzten alternatibak (14), betiere alternatiba arrazoizkoak eta teknika eta ingurumen aldetik bideragarriak direnak. Aldaketak, gutxienez, alternatiba posibleak aurkeztu beharko dizkio lurzoru urbanizaezina hiri-lurzoru birkalifikatzeari.

        Aztertutako alternatibek sustatzailearen eskumen juridiko eta geografikoaren barruan sartu behar dute, eta planean aurreikusitako helburuak beste modu batean garatzea izan behar dute xede. Helburu horien artean nahitaez ingurumen-helburuak egon behar dute eta, zehazki, 2.3 paragrafoan aipatutako ingurumen-helburu estrategikoak. Egindako alternatiba-hautaketa behar bezala justifikatu behar da, eta saihestu egin behar da, sustatu nahi den alternatiba defenditzeagatik, askoz ondorio okerragoak izan ditzaketen alternatibak aukeratzea nahita.

        Ondorioz, aldez aurretik identifikatu behar dira, gutxienez, alternatibek alternatiba izateko bete behar dituzten ingurumen-irizpide estrategikoak eta bideragarritasun teknikoko irizpideak, arrazionaltasuna frogatze aldera. Irizpide horiek oinarritzat hartu behar dira ingurumen-balioespena egiteko, eta justifikaziotzat, aukeratutako alternatibak hautatzeko.

        Azken batean, justifikatu egin beharko da, labur baina nahikoa, aukeratzen diren eta bazter uzten diren alternatibak bat datozela planaren helburuekin eta, bereziki, ingurumen-helburu estrategikoekin, eta zehaztu egin beharko da zein neurritan diren lagungarri, helburuok lortzeko.

        Planaren helburuak garatzeko proposamen alternatiborik ez izatea bidegabea da, behar besteko ezintasun teknikorik ez dagoenean salbu.

        Halaber, beharrezkoa da konparatiboki alternatiba guztien eta bakoitzaren ondorio nabarmen posibleak identifikatzea, deskribatzea eta ebaluatzea, ebaluazioa horietako batzuetan zentratu gabe eta aldez aurretik beste alternatiba batzuk alde batera utzi gabe. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.

        Beraz, aukeratutako irtenbidea justifikatu beharko da, teknikoki eta ingurumen aldetik bidezkoak diren beste alternatibak kontuan hartuta, baita 0 alternatiba edo ez esku-hartzea kontuan hartuta ere.

        5. Planak eta haren baitako jarduketek eragin ditzaketen kalteak identifikatu eta balioestea.

        Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatu beharko dira; batez ere, eragin kritikoak, hau da, onarpen orokorreko azterlan teknikoetan edo arauetan ezarrita dauden muga- edo gida-balioak gainditzen dituzten planeko jarduketak, balio horiek leuntzeko inolako aukerarik ez dutenak. Hori guztia, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko Araudia, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruzkoa).

        Ahaleginak egin beharko dira planak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak identifikatzeko, bai eta kalte horien arteko erlazioak ezartzeko ere. Ingurumenaren gaineko ondorioen esangura posiblea zehazteko erabili beharreko irizpideak ingurumeneko zenbait plan eta programen ondorioen ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean ezarritakoak izango dira eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoak. Dekretu horren bidez, proiektuen Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen da.

        Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da, eta, horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edo/eta esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

        Planak eta haren jarduketek ingurumenean eta haren elkarreraginetan dituzten ondorio nabarmen gertagarriak kartografikoki jaso beharko dira, aipatutako informazioa berehala eta erraztasunez eskura izateko helburuarekin.

        6. Babes-neurri, konpentsazio-neurri eta neurri zuzentzaileen proposamena.

        Plana egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, bide eman beharko luke konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileen beharra mugatzeko. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumen-irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren edo txertatu ez izanaren adierazletzat ulertu ahal izango da. Horregatik, behar den bezala justifikatu beharko da nola, ingurumen-irizpide estrategikoen txertatze egokia gorabehera (txosten honetako dagokien atalean aipatzen dira irizpide horiek), gertatzen diren neurri zuzentzaileak edo konpentsazio-neurriak eskatzen dituzten eragin negatibo aipagarri batzuk.

        Ingurumenaren gaineko inpaktu negatibo posibleak minimizatzea bilatzen duten planeko kokapen- edo garapen-alternatiben ezintasun teknikoa behar bezala justifikatuta dagoenean bakarrik, dagozkion konpentsazio-neurriak edota neurri zuzentzaileak ezarri ahal izango dira. Ez da begi-bistatik galdu behar neurri horiek, beren kabuz, eragin negatibo aipagarri batzuk izan ditzaketela ingurumenean; hori dela eta, neurri horiek identifikatu eta, behar izanez gero, ebaluatu egin beharko dira.

        Azken batean, konpentsazio-neurriak hartuko dira, noiz eta atalase onargarria gainditzen ez duen eragin negatibo aipagarri bat, hau da, onarpen orokorreko arau edo azterlan teknikoetan finkatutako muga- edo gida-balioen azpitikoa, ezin daitekeen ekidin edo ezin daitekeen nahikoa arindu. Kasu horietan, neurrion eragina bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako eta esanahi berdineko neurriekin, konpentsatu beharko da. Zehazki, azkenean gauzatu diren eta kapital naturalaren galera dakarten jarduerak kapital naturala areagotuz eta/edo hobetuz konpentsatu beharko dira (15).

        Planaren formulazioan bezalaxe, eta dokumentu honetan zehar jaso dugun zuzenketaren aurreko prebentzio-printzipioari jarraituz, planaren garapeneko dokumentuetarako ere ingurumen-gidalerroak ezarri behar dira, zer eta, gidalerrook aurreikusten diren jardueren lokalizazioan eta garapenean integratzearen bidez, dokumentu horien inpaktu negatibo aipagarriak mugatu daitezen eta, era horretan, ondoren, neurri zuzentzaileak eta/edo konpentsazio-neurriak ezartzeko beharra beheratu dadin. Hortaz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da zein jarduerari egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez, planak, maila batean edo bestean, ondoren datozen helburuak gara ditzan:

      1. Energia berriztagarrien erabilera eta ustiapena sustatzea.

      2. Energia-eraginkortasuna sustatzea.

      3. Hondakinen ekoizpena minimizatzea.

      4. Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.

      5. Mugikortasun iraunkorra sustatzea.

      6. 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.

      7. Dibertsitate biologikoa mantentzea.

        7. Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

        Ingurumenean eragin daitezkeen ondorio garrantzitsuenei bakarrik egin beharko zaie jarraipena, positiboei zein negatiboei, aurreikusitakoei eta aurreikusi gabekoei, horrela identifikatu badira. Horretarako, beharrezkoa da, aldez aurretik, ondorio nabarmen bakoitzari adierazle bat (kualitatiboa edota kuantitatiboa) edota dagokion galdera-sorta esleitzea. Hala egin behar da, adibidez, plan bakoitzaren aplikaziotik ondorioztatzen diren ingurumeneko helburu estrategikoekin. Adierazle horiek ezartzeko, gutxienez, honako hauek aztertuko dira:

        1. Oinarrizko adierazleak (eredu kausalean oinarrituta).

        2. Goiburuko ingurumen-adierazleak.

        3. EAEko iraunkortasunaren adierazleak.

        4. Europako egitura-adierazleak.

        5. Bizkaiko iraunkortasunaren adierazleak (Ortuella, XII. Taldea).

          Adierazle horiei jarraipen zuzena egin ahal zaie, hau da, ingurumenean gerta daitezkeen aldaketen jarraipenaren bitartez (kausa-ondorioaren arteko harremana zehazteko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-faktoreen edo leuntzeko neurrien jarraipenaren bitartez.

          Planak eta honen jarduketek ingurumenean izan ditzaketen eragin garrantzitsuenetarako adierazleak zehaztu ondoren, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeaz arduratuko den agintaritza zehaztuko da. Gainbegiratze hori ohiko planifikazio-sisteman integratu ahal izango da, baina ziurtatu beharko da edozein unetan jakin ahal izango dela zein den planak adierazle horri egin dion ekarpena edo, horrela izan ezean, zehaztuko da gainbegiratzeak zenbat iraungo duen eta zein maiztasunez egingo den.

          8. Laburpen-agiria.

          Laburpen-agiria idatzi beharko da uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuko 8. paragrafoan ezartzen diren ezaugarriekin. Dekretu horren bidez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen da. Programari buruzko informazioa eta programak ingurumenean duen eraginari buruzko informazioa eduki behar du. Informazioak zehatza eta jendeak oro har ulertzeko modukoa izan behar du. Era berean, dokumentazio grafikoa sartzea gomendatzen da, jendaurreko informazioan baliatzeko.

          9. Dokumentazio grafikoa.

          Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioko Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori tauletan, grafikoetan, irudietan, argazkietan, eskala egokiko planoetan eta abarretan aurkeztuko da.

          1. Informazio- eta kontsulta-modalitateak.

            Plan eta programa jakin batzuek ingurumenean daukaten eragina ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legeko 9. eta 10 artikuluetan ezarritakoa betez, atal honetan informazio- eta kontsulta-modalitatea definitzen da, eta eragindako administrazio publikoak eta herritar interesdunak identifikatzen dira.

            Informazio- eta kontsulta-modalitateari dagokionez, entitate sustatzaileak honako jarduera hauek burutuko ditu:

            1. Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Planaren lehen agiria eta Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketa bidaliko zaizkie. Eragindako administrazio publikoak eta herritar interesdunak, gutxienez, erreferentziazko dokumentu honetako 2.2 atalean aipatzen direnak izango dira.

            2. «Ortuellako hiri-antolamendurako plan nagusiaren aldaketa zehatza, R-4 San Anton dentsitate baxuko hiri-lurzoruaren esparrua berriz mugatzeko, ura garraiatzeko sistema orokorra sartu dela eta» izeneko lehenengo dokumentua eta bere Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren Azterketa jendaurrean jartzea, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarkia jarrita, eta gutxienez 45 egun uztea dokumentuok aztertu eta oharrak egiteko.

              1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

                Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 29a.

                Ingurumen sailburuordea,

                IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

                (1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

                (2) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko II. Programa (2007-2010). 3. helburu estrategikoaren 9. jardun-ildoa: lurraldearen erabilera orekatua lortzea.

                (3) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko II. Programa (2007-2010). 5. helburu estrategikoaren 3. jardun-ildoa: lurzoruaren kutsadura saihestea eta zuzentzea.

                (4) Hirigintza-plangintza iraunkortasun-irizpideen arabera idazteko eskuliburua. IHOBE, Ingurumen Jarduerarako Sozietate Publikoa. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila. 2005.

                (5) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.

                (6) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 8. helburu estrategikoa: beste mugikortasun kudeaketa eredu baterantz.

                (7) Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Euskadiko Plana (2008-2012). 1. programa: Karbono gutxiago. «Karbono gutxiago eta energia garbiagoak erabilita produzitzea eta kontsumitzea, eta estolda-zuloak kudeatzea». Garraio-sektorea. Esku-hartze ildoa: «Aurreztea eta eraginkortasuna garraiobideetan eta garraio-erabileretan». 16. ekintza.

                (8) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko II. Programa (2007-2010). 3. helburu estrategikoa: lurzoruaren kutsadura saihestea eta ezabatzea.

                (9) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko II. Programa (2007-2010). 7. helburu estrategikoa: gure aniztasun biologikoa mantentzea.

                (10) Zonifikazio akustikoari, kalitatearen helburuei eta igorle akustikoei dagokienez, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua.

                (11) Airearen Kalitatea Ebaluatzeari eta Kudeatzeari buruzko urriaren 18ko 1073/2002 Errege Dekretuak sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, nitrogeno oxidoak, partikulak, beruna, bentzenoa eta karbono monoxidoa hartzen ditu kontuan.

                (12) Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legearen 15.2 artikulua.

                (13) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea.

                (14) Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 8.1 artikulua.

                (15) Ingurumenari buruzko II. Esparru Programa (2007-2010). Bigarren lehentasuna.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik