- EBAZPENA, 2008ko abenduaren 1ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Usurbilgo Udalak sustatutako «Arratzaingo konpostagunearen Plan Berezia» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2008ko abenduaren 1ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Usurbilgo Udalak sustatutako «Arratzaingo konpostagunearen Plan Berezia» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 12
- Hurrenkera-zk.: 230
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2008/12/01
- Argitaratze-data: 2009/01/19
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Ingurumena; Industria
Testu legala
Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago «Arratzaingo konpostagunearen Plan Berezia». Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Usurbilgo Udalak 2008ko irailaren 23an hasi ditu izapideak «Arratzaingo konpostagunearen Plan Berezia» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzak du Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006(1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
Ingurumen ondorioetarako soilik, Usurbilgo Udalak sustatutako «Arratzaingo konpostagunearen Plan Berezia» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.
Txostena honakoa da:
Aurrekariak.
Erreferentziazko dokumentu hau Usurbilgo Udaletxeak erraztutako informazioa oinarri hartuz egin da, aipatu dokumentua igortzeko izapidea hasteko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentuko informazioa oinarriz hartuz hain zuzen ere.
Plan Bereziaren helburua Usurbilgo 01-068 eta 05-001 katastro-lursailetan hondakin organikoak eta inausketa-hondarrak tratatzeko konpostagune bat jartzea da.
Antzina esparru horretan, egun lurzoru urbanizaezin bezala sailkatuta dagoen horretan, zati batean babes berezia bezala eta beste zati batean nekazaritzakoa eta abeltzaintzakoa eta landazabala bezala kalifikatua dagoen horretan, harrobi bat zegoen. Orain dela gutxi, A-8-aren lanekin lotuta, material erauzketak egin dira eta ondoren berriz bete da.
Aurreikusten diren instalazio nagusiak hurrengoak dira:
1.800 m˛-ko konpostagunea.
Egitura-materialaren egokitzapen-eremua: 200 m˛.
Kamioiak garbitzeko eta hondakin-uren tratamendurako eremua (espezifikatu gabeko azalera).
Ingurumen-gela: 100 m˛.
Egindako kontsultak.
2008ko martxoaren 9an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.
Interesatu gisa akreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko azaroaren 11n amaitu zen. Izapide horretan inor ez da publiko interesatu gisa akreditatu.
Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:
Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.
Uraren Euskal Agentzia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.
IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.
Ekologistak Martxan elkartea.
Arauzko epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzatik eta Osasun Publikoko Zuzendaritzatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzatik eta IHOBE Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikotik proposamenak jaso dira.
Eusko Jaurlaritzaren Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak proposatutako kokapena nekazaritza- eta landa-izaera handia duen inguru batean kokatzen dela idatziz adierazi du eta egokia irizten zaio ingurumen inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuaren ikerketaren «Analisia, diagnostikoa eta ingurumen-balorazioa» puntuan nekazaritza-ustiapenen eta nekazaritza-lurzoruaren presentzia kontuan hartzea, eta baita eremuko lurzoruaren erabilera nagusiak ere. Era berean, alternatiben analisian nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorean eragin txikiena duena hautatzea adierazten du.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak, bere aldetik, emandako informazioa ez dela nahikoa adierazten du.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak konpostagunea kokatzeko aukeratu den eremua Hyla meridionalis espeziearentzako interes berezia duen eremuaren barruan dagoela adierazten du eta espezie hori Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoaren barruan dagoela, galzoriko kategoriaren barruan zehazki. Horren ondorioz, Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren ikerketak espezie horri buruzko atal espezifiko bat izatea eskatzen du, eta horrek hurrengo azpiatalak izatea: proposatutako planaren garapenetik sor daitezkeen espezie eta bere populazio-dinamikaren gaineko ondorioen eta inpaktuen analisi bat, diagnostiko bat eta balorazio bat; Planaren eragin-eremuetan espezie horretarako habitataren beharrezko baldintzak mantentzera zuzendutako prebentzio-neurriak: habitat berriztatzera zuzendutako zuzentzaile eta konpentsaziozkoen neurriak.
IHOBE Ingurumen Kudeaketa Sozietate Publikoak Plan Berezian jasotzen diren orubeak 20073-0014 kodearekin Usurbilgo udalerriaren «Lurzoruaren jarduera edo instalazio kutsagarriak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioaren»(2) barruan daudela adierazten du.
Plan Bereziari aplika dakizkiokeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.
Arratzaingo konpostagunearen Plan Berezia egiteko, nagusiki Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen-Estrategian 2002-2020, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru-Programan 2007-2010 eta Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira. Bereziki jarraian agertzen diren irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak kontuan hartu beharko dira:
Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko(3).
Lehentasuna emango zaio kutsatuta dauden lurzoruak garbitzeari, lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik(4).
Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita(5).
Lurpeko zein gainazaleko ur kontinentalei, beren oheei, ibilguei, ur-bazterrei eta ertzei, trantsizio-urei eta kosta-urei eragin diezaieketen edozein izaerako planek, programek edo jarduerek, lehenik eta behin, baliabidearen eta ingurunearen babesa, zaintza eta berriztapena zaindu beharko dute. Bereziki, lurralde eta hirigintza antolamenduko planek eta tresnek beren eta inguruaren kontserbaziorako beharrezko neurriak ezarri beharko dituzte. Gainera, sor daitezkeen eskaerak aurreikusi behar dituzte, eta baita behar horiek ingurumenari dagokionez modu onargarrian asetzea bermatzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta finantzarioak ere(6).
Energia aurreztea, eraginkortasuna energetikoa eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea(7).
Landaredia kontserbatzen dela zaintzea, bereziki, basoak, landare-multzoak, hesiak, eta ertzetako landaredia(8). Gipuzkoako baso-masak beren azalera eta dibertsitate guztiarekin kontserbatu behar dira, basoen babes, ekoizpen eta giza funtzioak direla eta(9).
Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie(10).
Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea.
Ur garbia(11) bermatzea, hondakin-uren tratamenduak isuriari eta inguru hartzaileari egokituz.
Aire garbia bermatzea(12). Inguruaren aire-kalitatea kontuan izan behar da, planean aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin.
1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak eta inmisio mugak betetzea(13).
Iraunkortasun-txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.
Beraz, Arratzaingo konpostagunearen Plan Bereziak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egitura jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. eranskina.
Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:
Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.
Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
Planak izan ditzakeen eraginak identifikazioa eta balorazioa.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Laburpen-dokumentua.
Dokumentazio grafikoa.
Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:
1. Plan Bereziaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.
Atal honetan Plan Bereziaren helburuak jasoko dira, ingurumen-helburuak azpimarratuz. Esplizituki adieraziko da nola txertatu diren Erreferentziazko Dokumentu honetako 2.3 atalean adierazitako ingurumeneko irizpide estrategikoak.
Plan Bereziaren idazketan ingurumeneko irizpide estrategiko horiek sartuz prebentzioaren printzipioa azpimarratu nahi da, ondorioen zuzenketa printzipioaren gainetik. Horrela, neurri zuzentzailea edota konpentsatorioak ezarri beharra murriztea ahalbidetzen duen garapen iraunkorra bultzatzen da. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren edo txertatu ez izanaren adierazle garbitzat ulertuko da.
Horregatik, planean aurreikusitako helburuak modu desberdin batera garatzea bilatzen duten alternatibak proposatu behar dira, eta bereziki, lehen aipatu diren ingurumeneko helburu estrategikoak. Plan Bereziaren proposamenak, gutxienez, proposatutako jarduketen balizko kokapen- alternatibak jaso beharko ditu.
Ez da onartuko Plan Bereziak eta bere jarduketek proposamen alternatiborik ez izatea, kokapen alternatiboak teknikoki ezinezkoak direla edo planaren helburuek garapen alternatiborik ezin dutela izan behar bezala justifikatuta dagoenean salbu.
2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Plan Bereziak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Beste batzuen artean, Plan Bereziak ondoren aipatzen diren plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da:
EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.
Donostiako Lurraldearen Zatiko Plana.
Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala.
Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralaren Aurrerapenaren Dokumentua.
Gipuzkoako Hiri Hondakinen Azpiegituretako Lurraldearen Arloko Plana.
EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde kantauriarra).
EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana.
EAEko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.
EAEko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).
Usurbilgo udalerriko plangintzako arau subsidiarioak.
Ingurumen alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.
3. Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Gaur egungo ingurumen egoeraren alderdi garrantzitsuenak aipatuko dira (lurzoruak aurreikusitako erabilerak hartzeko izango duen ahalmena) eta baita horiek izan dezaketen bilakaera ere; gainera, beharbada nabarmen kaltetuko diren eremuen ezaugarriak azpimarratuko dira.
Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da beharrezko xehetasun mailarekin, honako aspektuen analisiaren bitartez:
Eragin handia jasan dezaketen(14) guneetako ingurumen-ezaugarriak (landaredia, fauna, hidrologia, geologia, hidrogeologia, kultura-ondarea,).
Plan Berezirako garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako, eraldatutako edo higadura handiko lurzoruak, kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferikoa eta abar). Honako hau kontuan hartuko da:
a. Lurzoruaren legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege
Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Plan Bereziak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du.
b. Kutsadura atmosferikoari dagokionez, inguruaren aire-kalitatea(15) kontuan izan behar da, Plan Berezian aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin.
c. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.l artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren aurretik plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udalerriaren plangintzaren arteko harremanari buruzkoa izango da esklusiboki. Usurbilgo Udaletxeak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.
d. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.k) artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren ondoren plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori udalerriaren plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoa izango esklusiboki. Usurbilgo Udaletxeak Plan Bereziaren hasierako onespenaren ostean Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.
e. Plan Bereziak hurrengoa hartu beharko du kontuan; lurzoruaren prebentzio eta zuzenketarako otsailak 4ko 1/2005 Legearen 17.1.a) eta b) artikuluen arabera, prozeduraren hasieran lurzoruaren kalitate aitorpenaren prozedurari hasiera eman beharko zaio, jarduera edo instalazio kutsagarri bat jasaten duen edo jasan izan duen lurzoru batean jarduera bat instalatu behar bada, eta baita lurzoruaren jarduera edo instalazio kutsagarri bat jasan izan duten eta egun ez-aktiboak dauden lurren mugimenduko proiektuak aurrera eraman behar badira ere. Gainera, aipatutako artikuluaren 2. atalaren arabera, bi suposamenduetan lizentzien, baimenen eta jarduera baten instalazioa eta hedatzea edo lurren mugimendu bat aurrera eramatea ahalbidetzen duten beste xedapenak eman aurretik, ingurumen organoak lurzoruaren kalitate aitorpena egin behar du.
f. 37/2003(16) Legeak eta 1367/2007 Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Plan Bereziak eremuaren zonakatze akustiko bat jasoko du, bertan dauden azpiegitura anitzen zortasun akustikoa kontuan hartuz(17). Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du.
Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira. Kalitate akustikoko helburu horiek betetzen direla egiaztatu beharko da, 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz.
Bide-azpiegitura horien zortasun akustikoak Aldaketa-eremuan eragina izanez gero, azpiegituraren eskumena duen organo independenteari igorri beharko zaio, aginduzko txostena egin dezan.
Era berean, 37/2003 Legeak, bere arrazoien azalpenean, hiri-plangintzak eremu akustiko bakoitzaren kalitate akustikoko helburuak beti kontuan izan behar dituela ezartzen du, lurzoruaren edozein sailkapen, plangintza-onarpen edo antzeko neurriak aurrera eramateko orduan. Kalitate akustikoko helburu horiek kontuan hartu beharko dira eta eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan eta alternatibak sortzerakoan eta aukeratzerakoan irizpide gisa erabili beharko dira.
Ingurumen mailan garrantzi berezia duten aldeak:
a. Ingurumen aldetik sentikorrak diren eremuak. Horien artean Hyla meridionalis espeziearen Kudeaketa Plana kontuan hartu behar da.
b. Balio agrologiko handiko lurzoruak.
c. Hostozabaleko zuhaiztiak.
d. Akuiferoak betetzeko lekuak, baita akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duten eremuak ere.
e. Herri onurako mendi gisa katalogatutakoak eta mendi babesleak.
Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.
4. Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
Begietsitako alternatibek, sustatzailearen eskumen juridikoan eta geografikoan sartzen direnak, planean aurreikusitako helburuak modu ezberdinean garatzea bilatu behar dute. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Egindako alternatiben hautaketa behar den mailan motibatu behar da, eragin posible askoz ere negatiboagoak izango lituzketen alternatibak nahita aukeratzearen bidez nahi den alternatiba sustatzea saihestuz.
Edozein kasutan, planaren helburuen garapenaren aurrean alternatibak proposatzen ez badira, bai kokapenekoak izan, bai plan beraren edo bere ekintzen garapenekoak izan, plana bidegabea izango da, modu egokian justifikatutako ezintasun teknikoren bat egon ezik.
Beharrezkoa da alternatiba guztien eta bakoitzaren eragin esanguratsu posiblea konparaziozko moduan identifikatzea, deskribatzea eta balioztatzea. Ebaluazioa ez da alternatiba bakar batean oinarritu behar, beste guztiak aurretik baztertuz. Aztertutako arrazoizko alternatiben irudi zehatz bat eskaini behar da, eta baita aukerarik onena izatearen arrazoiak ere adierazi behar dira.
Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne(18).
5. Planak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.
Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).
Ahaleginak egin beharko dira planak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.
Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:
Mehatxatutako fauna eta floraren gaineko eragina.
Bertan dauden hostozabalen zuhaiztien gaineko eragina.
Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.
Nekazaritzako ekoizpen-erabilerari eusteak eta, edonola ere, lurzoruak berriro erabiltzeak lehentasuna izan beharko dira(19). hortaz, arreta berezia eskainiko zaio planak nekazaritzarako lurzoruan izan dezakeen eraginari, eta lurzorua ahalik eta gutxien okupatzea ahalbidetzen duten aukeren alde egingo da. Planteatuko diren proposamenek gune horretara atxikitako nekazaritza ustiategietan izango duten eragina ebaluatuko da, gaur egun hasierako onespena daukan Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzaren Lurraldearen Arloko Planean dagokion atalean, hots, nekazaritzaren sektorean izango duen eraginaren ebaluazioari buruzkoan, definitu diren nekazaritzako aldagaietan oinarrituta. Ebaluaziorako kontuan hartu behar diren nekazaritzako aldagaiak honako hauek dira:
a. Antolamendu-kategoria bakoitzean eragindako azalera.
b. Eragindako nekazaritzako ustiategien kopurua eta horien orientazio tekniko eta ekonomikoa.
c. Ustiategi bakoitzean izango duen eragina: partzelen zatiketa, azalera osoaren neurriak, forma, irisgarritasuna eta balio agrologikoa.
d. Etorkizunean nekazaritzako unitate iraunkor gisa hartuta, zona horrek izango duen eragin orokorra.
Paisaiaren gaineko eragina.
Akuiferoen gaineko eragina.
Lurzoru artifizializatua gehitzea.
Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.
Hondakin gehiago sortzea.
Ibilgailuen trafikoa areagotzea.
Atmosferaren gaineko eragina, zarata eta usainak handitzea.
Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.
6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Plana egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da.
Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Beraz, azkenean gauzatu diren jarduerek kapital naturala galtzea eragiten badute, galtze hori konpentsatu egin beharko da kapital naturala handitzearen edota hobetzearen bitartez (II Ingurumeneko Esparru Programa 2007-2010. Bigarren lehentasuna).
Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.
Planaren formulazioan bezala, eta dokumentu honetan guztian zehar jasotako eraginen zuzenketaren aurrean defendatu den prebentzio irizpidea oinarri hartuz, planaren garapeneko dokumentuetarako ingurumen gidalerroak ezarri behar dira. Horiek aurreikusitako ekintzen kokapenean eta garapenean sartzearen bidez, bere inpaktu negatibo esanguratsuak mugatuko dira eta horrela, ondorengo zuzenketako edota osabidezko neurriak ezartzeko beharra murriztu egingo da.
Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, planean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez, planak, neurri handiagoan edo txikiagoan, ondoren datozen helburuak gara ditzan:
Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.
Energia-eraginkortasuna sustatzea.
Hondakinen sorrera murriztea.
Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.
Mugikortasun iraunkorra sustatzea.
2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.
Dibertsitate biologikoa mantentzea.
7. Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Gainbegiratzea egitean ingurumenaren gainean izan daitezkeen eragin garrantzitsuenei, bai positiboei bai negatiboei, aurreikusitakoak zein aurreikusi ez direnak, horrela identifikatu badira, erreparatuko zaie. Horretarako, beharrezkoa da, aldez aurretik, bakoitzari adierazle bat ezartzea (kualitatiboa edota kuantitatiboa) edota galdera-sorta. Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:
Oinarrizko adierazleak(20) [eredu kausalaren oinarrituta(21)].
Goiburuko ingurumen-adierazleak(22).
EAEko iraunkortasunaren adierazleak(23).
Europako egitura-adierazleak.
Gipuzkoako Iraunkortasunaren adierazleak.
Adierazle horiei jarraipen zuzena egin ahal zaie, hau da, ingurumenean gerta daitezkeen aldaketen jarraipenaren bitartez (kausa-ondorioaren arteko harremana zehazteko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-faktoreen edo leuntzeko neurrien jarraipenaren bitartez.
Planak eta bere jarduerek ingurumenaren gainean izan ditzaketen eragin garrantzizkoenen adierazleak finkatu ondoren, planean adieraziko da nor arduratuko den adierazle bakoitza gainbegiratzeaz(24). Gainbegiratze hau ohiko planifikazio-sisteman integratu ahal izango da, baina ziurtatu beharko da edozein unetan jakin ahal izango dela zein den planak adierazle horri egin dion ekarpena edo, horrela izan ezean, zehaztuko da gainbegiratzeak zenbat iraungo duen eta zenbateko aldizkakotasunaz egingo den.
8. Laburpen-agiria.
Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinaren 8. atalean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.
9. Dokumentazio grafikoa.
Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.
Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.
Zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoa betetzeko, atal honetan informazioa eskatu eta kontsultak egiteko modua definitzen da, eta eragindako administrazio publikoak nahiz herritar interesatua identifikatzen dira.
Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduera hauek burutuko ditu:
Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, ebazpen honen 2.3 atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta. Gutxienez 45 egun izango dituzte agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
«Arratzaingo konpostagunearen Plan Berezia» izenekoaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana jendaurrean jarriko dira Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.
183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Arratzaingo konpostagunearen Plan Bereziaren» hasierako onespenaren aurretik, Planaren behin-betiko onespenerako duen organo eskudunak, kasu honetan Usurbilgo Udalak, ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea Planaren Aurrerakinarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 1a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
OHARRAK:
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(2) 165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, lurzoruaren jarduera edo instalazio kutsagarriak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa.
(3) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatu bat lortzea.
(4) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. ekintza-lerroa, 3. Helburu Estrategikoarena: Lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta zuzenketa.
(5) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainak 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.
(6) Urei buruzko ekainak 23ko 1/2006 Legearen 29.2 artikulua.
(7) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. Helburu Estrategikoa: Lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta zuzenketa.
(8) Euskal Herriko Izadiaren Kontserbazioari buruzko ekainak 30eko 16/1994 Legearen 2.e artikulua.
(9) Gipuzkoako Mendiei buruzko urriak 20ko 7/2006 Foru Arauaren 66.1 artikulua.
(10) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 7. Helburu Estrategikoa: Gure biologia-dibertsitatea mantentzea.
(11) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru-Programa 2007-2010. 2. Helburu Estrategikoa: Uraren kalitate ona.
(12) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 1. Helburu Estrategikoa: Aire garbia.
(13) Zarataren azaroak 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriak 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.
(14) Kontuan izan beharreko ingurumen-eraginak arrazoizko probabilitate-maila batekin aurreikusi daitezkeenak izatea iradokitzen du. Arreta-printzipioa aplikatzea: ez da eragin esanguratsuak sortu behar direla ziurtasunarekin jakin behar, aldiz, horiek emateko dauden probabilitateak hartu behar dira kontuan.
(15) 1073/2002 Errege Dekretua, urriaren 18koa, ingurumenaren aire-kalitatearen ebaluazioari eta kudeaketari buruzkoa, sufre-dioxidoari, nitrogeno dioxidoari, nitrogeno-oxidoei, partikulei, berunari, bentzenoari eta karbono monoxidoari dagokienez.
(16) Zarataren azaroak 17ko 37/2003 Legea.
(17) 362-C/2008 Foru Agindua, 2008ko azaroaren 3koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko bide-ardatz handien Zarataren Mapa Estrategikoak onartzen dituena.
(18) Ebaluazio-txostenak plana ez aplikatuz gero egongo litzatekeen eboluzio posiblea espezifikatu behar du.
(19) Otsailak 27ko 3/1998 Euskal Herriko Ingurumenaren Babeseko Lege Orokorraren 28.a). artikulua.
(20) EAEn dagoen Ingurumen Egoera egiteko oinarri bezala erabiltzen dira. Hori, Euskal Herriko Babesaren gaineko Lege Orokorrak adierazten duen bezala 3 urtetan behin egin behar da.
(21) Oinarrizko adierazleetatik ezarritako lehentasunezko ingurumen-helburuen mundu mailako joerak eskaintzen dituzten adierazle gutxi batzuk aukeratzen dira. Gainera, adierazle horiek hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren artean dauden elkarren arteko harremanak modu globalean erlazionatzen dituzte. Horiekin urtero txosten bat egiten da eta horrek Euskal Herriaren ingurumen-eboluzioa modu errazean eta azkarrean adierazten du.
(22) Kate kausalaren eredu bat gaur egun DPSIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses/Mugimen-indarra, Presioa, Egoera, Inpaktua, agente anitzen Erantzuna).
(23) Euskal gizarteak nola egiten duen aurrera islatzen dute modu integralean; hau da, dimentsio ekonomiko, sozial eta ingurumenekotik. Europako egitura-adierazleak oinarri hartuz ezartzen dira.
(24) Biltzeaz, prozesatzeaz eta ebaluatzeaz arduratzen den agintaritza (2001/42/CE Zuzentaraua Aplikatzeko Eskuliburua, ingurumenaren gainean hainbat plan eta programek dituzten eraginen ebaluazioari buruzkoa).


