Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 5ekoa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Oiartzungo Udalak sustatutako «ARR-1, ARR-5, UGA-1A, UGA-1C, UGA-1D, UGA-2, UGA-4, UGA-5A, UGA-11, UGA-12, UGA-14, ELI-4, ELI-6 eta LAN-3 eremuei dagokien Oiartzungo Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 5ekoa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Oiartzungo Udalak sustatutako «ARR-1, ARR-5, UGA-1A, UGA-1C, UGA-1D, UGA-2, UGA-4, UGA-5A, UGA-11, UGA-12, UGA-14, ELI-4, ELI-6 eta LAN-3 eremuei dagokien Oiartzungo Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 23
  • Hurrenkera-zk.: 557
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/01/05
  • Argitaratze-data: 2009/02/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek (eta plan horien barne dago «ARR-1, ARR-5, UGA-1A, UGA-1C, UGA-1D, UGA-2, UGA-4, UGA-5A, UGA-11, UGA-12, UGA-14, ELI-4, ELI-6 eta LAN-3 eremuei dagokien Oiartzungo Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala» delakoa) ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Era berean, «ARR-1, ARR-5, UGA-1A, UGA-1C, UGA-1D, UGA-2, UGA-4, UGA-5A, UGA-11, UGA-12, UGA-14, ELI-4, ELI-6 eta LAN-3 eremuei dagokien Oiartzungo Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala» izeneko plana hainbat planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Oiartzungo Udalak ekainaren 10ean hasi ditu izapideak, «ARR-1, ARR-5, UGA-1A, UGA-1C, UGA-1D, UGA-2, UGA-4, UGA-5A, UGA-11, UGA-12, UGA-14, ELI-4, ELI-6 eta LAN-3 eremuei dagokien Oiartzungo Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala» delakoak ingurumenean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Planek eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006(1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

  1. Ingurumen ondorioetarako soilik, Oiartzungo Udalak sustatutako «ARR-1, ARR-5, UGA-1A, UGA-1C, UGA-1D, UGA-2, UGA-4, UGA-5A, UGA-11, UGA-12, UGA-14, ELI-4, ELI-6 eta LAN-3 eremuei dagokien Oiartzungo Planeamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala» delakoaren erreferentzia-dokumentua egitea.

  2. Txostena honakoa da:

  1. Aurrekariak.

    Oiartzungo Udalak 2008ko otsailaren 18ko Osoko Bilkuran Arau Subsidiarioen behin betiko onarpen partzialaren akordioa hartu zuen, eta, 2007ko apirilean Ikaur, S.A.k idatzitako dokumentuaren arabera, hurrengo eremuak etenda gelditu ziren:

    1. ARR-1, UGA-1A eta ELI-4, horien hiri-lur sailkapena ez dagoelako justifikatua, eskatutako urbanizazioko edo eraikuntzaren finkapeneko parametroak betetzen ez dituztelako.

    2. UGA-4, eremu horretan egoitza-garapen berri bat egokia ez dela irizten delako, udalerriaren etxebizitza-eskariaren eskakizunetan oinarrituz justifikatzen ez delako eta bide-sarbidea zuzen ebatzi ez delako.

    3. UGA-5, etenda ere dagoen UGA-12 eremuaren baserriak berriz kokatzeko mugarritzen delako.

    4. UGA-1C eta UGA-1D, Ugaldetxoko bide-irtenbidea ez baldintzatzeko.

    5. UGA-11 eta UGA-12, beren diseinuak egungo Zerradi industria-eremu zaharraren birmoldaketa-helburuak betetzeko aukerarik eskaintzen ez duelako. Eta baita paisaia- eta ingurumen-inpaktuengatik ere.

    6. LAN-3, horren sailkapena ia mugakidea den LAN-4-arekiko bateratzearekin oso lotuta egon behar delako, modu horretan bakarrik A-8 beretik bide-sarbide egoki bat bermatuko litzatekeelako.

    7. ARR-5, bere formulazioa egokia ez dela uste delako, oso zehaztugabea delako eta udalerriaren hirigintza-intereserako itxaropen kaltegarriak sortzen dituelako.

    8. UGA-2 eta UGA-14, UGA-1 eta UGA-4 eremuetan justifikatuta dauden bide-zeharbide berriak direlako.

      Berrikuspen partzial honekin etenda gelditu ziren sektore horietako batzuen garapena ahalbidetu nahi da, eta baita Elizalden sektore berri baten (ELI-6) garapena ere.

      Aztertzen den dokumentua Sabai Arkitektoak S.L eta Ekain S.A enpresek 2008ko apirilean idatzitako Oiartzungo Plangintzako Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren Aurrerakina da. Aurreikusten diren ekintza nagusiak hurrengoak dira:

      1. Aragua.

        ARR-1 sektorea, Arau Subsidiarioetan 87.100 m2 dituen hiri-lurra bezala sailkatutakoa, horrela banatzen da: jada finkatutako hiri-lurreko 9.709 m2, 100 etxebizitza garatzeko, lur urbanizagarriko 22.503 m2 eta lur urbanizaezineko 44.064 m2, hiri-inguruko parke bat egiteko.

        Araguako Hornidura-Parkea deituriko ARR-5 sektorea, 461.200 m2 dituena, lur urbanizagarri izatetik lur urbanizaezin izatera igarotzen da, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako eta landazabala kategoriarekin.

      2. Ugaldetxo.

        Arau Subsidiarioetan UGA-1 sektorean aurreikusitako hiri-lurreko 59.600 m2-ak 64.744 m2-ra arte handitzen dira eta berriz sailkatzen dira lur urbanizaezin bezala, dentsitate baxuko 250 etxebizitzetarako, bide-sarean hainbat egokitzapen eginez.

        300 m2 dituen UGA-4 sektorea lur urbanizagarria izatetik lur urbanizaezin izatera igarotzen da, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako eta landazabala kategoriarekin.

        000 m2 dituen hiri-lurreko UGA-5 sektorea 29.500 m2-ra murrizten da, UGA-5. eremuaren sailkapena aldatzen delako eta Nekazaritza eta Abeltzaintza eta Landazabaleko lur urbanizaezin izatera igarotzen delako.

        UGA-11 hiri-lur industrialeko eremua 23.800 m2 -tik 25.710 m2-ra handitzen da, dagoen erabilera finkatuz eta barne-bidea UGA-12rako loturarekin egituratuz.

        UGA 12 lur urbanizagarri industrialeko eremua 74.700 m2 -tik 48.210 m2-ra murrizten da, Foru Aldundiak diseinatutako UGA-13-ren biribilgunea gauzatzea baldintzatuz.

        UGA-14 hego saihesbidea lur urbanizaezin bezala mantentzen da.

      3. Elizalde.

        Hego eremuan sektore berri bat (ELI-6) mugarritzen da eta horrek hilerriaren eta ikastolaren arteko eremua berrantolatzen du. Lur urbanizaezineko 66.246 m2 (Nekazaritzakoa eta Abeltzaintzakoa eta Landazabalekoa) berriz sailkatzen dira eta lur urbanizagarri bihurtzen dira, 300 bat etxebizitzaren garapenerako.

        ELI-4 sektorea hiri-lurreko 95.200 m2-etatik lur urbanizagarriko 80.832 m2 izatera murrizten da. Egungo eraikuntzak finkatzen dira eta Learreko eremua berrantolatzen da, Elizaldeko saihesbidearekin batera, beheko zatian, etxebizitza-garapen bat sortzeko, sektorearen beste guztia eremu askeetara zuzenduz.

      4. Landabarren.

        Hiri urbanizagarri industrialeko 83.300 m2 dituen LAN-3 sektorearen muga mantentzen da, Landabarreneko poligonoarekiko jarraipena sortuz.

  2. Egindako kontsultak.

    2008ko ekainaren 22an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan, eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.

    Interesatu gisa akreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko uztailaren 29an amaitu zen. Izapide horretan inor ez da publiko interesatu gisa akreditatu.

    Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:

    Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.

    Uraren Euskal Agentzia.

    Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusia.

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

    Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.

    IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.

    Ekologistak Martxan elkartea.

    Arauzko epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzatik, Osasun Publikoko Zuzendaritzatik, Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzatik, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzatik eta Kultur Ondarearen Zuzendaritzatik proposamenak jaso dira.

    Eusko Jaurlaritzaren Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak inpaktuaren gaineko ikerketak berrikuspen-proposamenak Balio Estrategiko Altuko nekazaritza-lurzoruan duen eragina aztertu behar duela idatziz adierazi du eta sortutako nekazaritza-sektorearen afektazioa baloratzea beharrezkoa dela adierazten du, EAEko Nekazaritzaren eta Basozaintzako Lurraldearen Arloko Planaren V. Kapituluan ezarritakoaren arabera, eta beharrezko neurri zuzentzaileak proposatu behar direla, bereziki ELI-4 eta ELI-6 sektoreetan.

    Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak osasun publikorako garrantzizko inpakturik ez dagoela adierazten du.

    Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak berrikuspen partzialari dagokion memorian Ondarearen Zentroan jasotako elementu batzuk aipatu ez direla adierazten du. Horrela bada, zerrendak atxikitzen den informazioarekin osatu behar dira.

    Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak inpaktuaren gaineko ikerketak berrikusitako sektore horiek baino eremu zabalago batean egon daitekeen afektazio posiblea aztertu behar duela adierazten du, kontuan hartu beharko diren konektibitaterako elementu batzuetan eragiten baitu (ibaiak, errekak eta basoak). Gainera, intereseko landaredian izango duen eragina aztertu eta justifikatu behar da eta hori kontserbatzeko neurriak proposatu behar dira (txostenak Zuzendaritzaren ustez kontsideratu beharrekoak jasotzen ditu). Modu berean, intereseko fauna-espezien (suge berde-horia, kolaka eta Mediterraneoko saguzar ferraduna). Horretarako, bertan dauden espezieen zerrenda atxikitzen da.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak 10, 100 eta 500 urteetako birgertatze-aldietako uholde-eremuak daudela adierazten du eta lurzoruaren erabilera irizpideak aipatzen ditu, uholdeak jasateko duten arrisku-mailaren arabera. Era berean, A-8 eta N-1 azpiegiturak eta Irun-Altsasua-Miranda de Ebro trenbidea salgai arriskutsuen garraiorako arrisku handikoa (lehenengoa) eta ertainekoak (azkeneko biak) bezala sailkatuta daudela adierazten du. Planoak atxikitzen dira.

  3. Berrikuspenari aplika daitezkeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.

    Oiartzungo Plangintzaren Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala egiteko, nagusiki Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean; ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuan. Dekretu horren bidez, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira.

    Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, planak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:

  1. Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko(2). (Proposatutako ekintzetarako gai den artifizial bihurtutako lurrik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da):

    1. Herriaren jatorrizko nukleoetan eraikitako eta urbanizatutako ondarearen biziberritzea eta etxebizitza hutsen erabilera hazkunde berriaren aurretik lehenetsi behar dira(3) (proposatutako ekintzarako gai den ondare eraikirik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da).

    2. Lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik lur kutsatuen berreskuratzea lehenetsi behar da. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak berreskuratu behar dira, hiri-plangintzak erabilera edo jarduera berri bat aurreikusten duenean edo, modu subsidiario batean, aurreikusten ez duenean(4) (proposatutako jarduerarako gai den kutsatuta egon daitezkeen lurzorurik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da).

  2. Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita(5).

  3. Pertsonen mugikortasunaren eskaria kudeatzea, modalitate-banaketa ibiltzera, bizikletara eta garraio kolektibora bideratuz(6). Mugikortasun ez motorizatua eta garraio publikoa(7) sustatuko dira.

  4. Hiri-egitura irmoak, konpaktuak eta konplexuak sustatzea, planteatutako beharrei erantzuteko. Nahiko altuak diren eraikuntza-dentsitateak sortzea(8).

  5. Ahal den neurrian, gaur egun garatu gabe dauden eta 100 urteko itzulera epeko uholdeak jasateko arriskua duten eremuen artifizializazioa saihestea(9) (proposamenak Uraren Euskal Agentziaren «Uholdeak jasateko arrisku-mailaren araberako lurzoruaren erabilera-irizpideetara» egokitu beharko dira)(10).

  6. Hiri-nukleoen ingurumen-kalitatea hobetzea, berdeguneak sustatuz eta handituz(11).

  7. Udalerriaren eremuan Eraztun Berdeak sortzea(12).

  8. Energia-aurrezpena, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea(13).

  9. Lurpeko zein gainazaleko ur kontinentalei, beren oheei, ibilguei, ur-bazterrei eta ertzei, trantsizio-urei eta kosta-urei eragin diezaieketen edozein izaerako planek, programek edo jarduerek, lehenik eta behin, baliabidearen eta ingurunearen babesa, zaintza eta berriztapena zaindu beharko dute. Bereziki, lurralde eta hirigintza antolamenduko planek eta tresnek beren eta inguruaren kontserbaziorako beharrezko neurriak ezarri beharko dituzte. Gainera, sor daitezkeen eskaerak aurreikusi behar dituzte, eta baita behar horiek ingurumenari dagokionez modu onargarrian asetzea bermatzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta finantzarioak ere(14).

  10. Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea.

  11. Landaredia kontserbatzen dela zaintzea, bereziki, basoak, landare-multzoak, hesiak, eta ertzetako landaredia(15). Gipuzkoako baso-masak beren azalera eta dibertsitate guztiarekin kontserbatu behar dira, basoen babes, ekoizpen eta giza funtzioak direla eta(16).

  12. Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie(17).

  13. Paisaia-faktorea udal-plangintzaren barruan sartzea, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz, Paisaiaren Europako Hitzarmenak ezartzen duen bezala(18).

  14. 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzea(19).

    Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.

  1. Iraunkortasun-txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

    Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

    Beraz, Oiartzungo Plangintzaren Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta 9/2006 Legearen I. eranskina.

    Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko azterlaneko atal bakoitzean jasotzen diren alderdien edukia eta norainokoa, berrikuspenak sustatzen dituen esparruari eta jarduera zehatzei berariaz dagozkienak izango dira.

    Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

  1. Berrikuspenaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.

  2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

  3. Berrikuspenak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

  4. Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

  5. Berrikuspenak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

  6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

  7. Berrikuspenaren eraginak gainbegiratzeko programa.

  8. Laburpen-dokumentua.

  9. Dokumentazio grafikoa.

    Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:

    1. Berrikuspenaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.

    Atal honetan, Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoetan nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.

    Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek berrikuspen partziala lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira berrikuspenean aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.

    Berrikuspen Partzialeko proposamenak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

    2. Beste plan eta programekin dituen elkarrekintzen analisia.

    Berrikuspen Partzialak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazioa izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Berrikuspen Partzialak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.

    Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:

    1. EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

    2. Donostiako Lurraldearen Zatiko Plana.

    3. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde kantauriarra) eta bere 1. aldaketa.

    4. EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana.

    5. EAEko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

    6. EAEko Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.

    7. EAEko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).

    8. Arriskuan dauden Espezieak Kudeatzeko Planak (Bisoi europarra eta Pirinioetako Desmana).

    9. Klima Aldaketaren aurkako 2008-2012 Euskal Plana.

      Ingurumen-alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.

      3. Berrikuspen partzialak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

      Lurralde-eremu horretako ingurumenaren egoerari buruzko alderdi garrantzitsuenak aipatu behar dira, aurreikusitako erabileretarako duen harrera-ahalmena eta berrikuspena aplikatu ezean egoera horrek izango duen bilakaera; eraginik handiena jasango duten aldeetako ezaugarriak azpimarratuko dira.

      Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da. Kasu honetan, eremuak berrikuspena jasan behar duten sektoreez gain, jarraian jasotzen diren ingurumen-intereseko eremuak ere hartu beharko ditu barne, beharrezko xehetasun mailarekin, hurrengo baliabideen eta ingurumen-interes bereziko eremuen analisiaren bidez, beren espazio-mugak, bere babes-helburuak eta erabilera-eremua, egonez gero, identifikatuz:

      1. Mehatxatutako flora eta faunako espezieen banaketa-eremuak.

        1. Mehatxatutako espezieen Kudeaketa Planak, bereziki Bisoi Europarrarena eta Muturluze Piriniarrarena. Esparruak interes bereziko eremuetan eraginik ez badu, baina Kudeaketa Planaren esparruaren barruan baldin badago, Arau Subsidiarioen berrikuspen partzialak espeziearen habitaten babesa, mantenua edo berreskurapena bermatu behar du, horiek nahitaez mugatu behar direnean, kasuak justifikatuz (Euskal Herriko Naturaren Kontserbazioko 16/1994 Legearen 54. artikulua). Horrela, dauden egungo zonetako habitataren eta espezieen beharrezko baldintzen mantenura zuzendutako prebentzio-neurriak adierazi beharko dira, eta baita, habitata espeziaren eskakizunak ez dituenean, horren berriztapenera zuzendutako neurri zuzentzaileak ere, espeziak erabilitako zonek izan beharreko ezaugarriak bereziki nabarmenduz.

        2. Indarrean dagoen kudeaketa-planik ez duten mehatxatutako espezieen kasuan, arreta Lehentasuneko Banaketa Zonetan(20), Interes bereziko eremuetan(21) edo Puntu Sentikorretan(22) jarriko da. Zehazki, Oiartzun ibaiak kolakarako interes bereziko eremuen barne dago eta udalerriaren zati handi bat Mediterraneoko saguzar ferradunaren larreratze-arearen barruan sartzen da. Espezie horien gaineko eragin posibleen irismena aztertu beharko da.

      2. Akuiferoen birkarga-eremuak, eta baita kutsadura izateko arrisku handia(23) duten eremuak ere.

      3. Jabari Publiko Hidraulikoa eta baita poliziarenak diren zonak eta afektatutako ibaietako (Oiartzun eta Txalakaerreka) ertzen zortasun-zona ere.

      4. Ondare historiko-arkitektonikoaren eta arkeologikoaren zati direlako sailkatutako edo inbentarioan sartutako areak edo enklabeak.

      5. Dauden landare-komunitateak ere bai, eta zehazki, dauden interes komunitarioko habitatak (UGA-1, UGA-11 eta UGA-12-k eragin ditzaketen Oiartzun eta Txalakaerreka ibaien alubioi-basoak eta LAN-3, ARR-1 eta UGA-11 sektoreetako harizti-txatalak ere bai). Dauden landare-komunitateen ezaugarriak eta tamaina zehaztasun gehiagorekin deskribatu beharko dira, planak eragindako landare-mota bakoitzaren azalera, bere ezaugarriak, aleen heldutasuna, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna zehaztuz eta baita sailkatutako edo babestutako espezieen presentzia eta horien balio ekologikoa adieraziz ere. Baliotsuenak diren osagaiak nabarmendu beharko dira. Horien kartografia egingo da, eskala egokian, dauden landare-komunitateen kontserbaziorako balio erlatibo handienaren arabera.

      6. EAEko Korridore Ekologietako Sarea, lotzen dituen eremu nukleoak barne hartuz. LAN-3 sektorea Jaizkibel-Aiako Harria lotura-korridoreko indargetze-arean sartzen da.

      7. Edateko uraren hornidura-sistemez gain, eta ibai eta erreken ertzetako LAP-ren C.3 atalarekin bat etorriz, akuiferoak eta ur-bilketa nabarmenenak identifikatu eta kartografia egingo da, bereziki giza kontsumora zuzendutakoak. Era berean, horien funtzionamendu hidrogeologikoa (birkarga-eremuak eta abar) eta urrakortasun-arriskua aztertuko da, dagozkion babes-neurriak ezartzeko helburuarekin. Aurrekoa kontuan hartuta, aipatu egiturek eta hornidura-baliabideek berrikuspenean aurreikusitako sektoreen eskariari aurre egiteko nahiko ahalmena dutela aztertu eta kuantifikatuko da, baliabide hidrikoen gainean inpaktu negatibo nabarmenak ez sortzeko helburuarekin.

      8. Ekainaren 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.l artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren aurretik plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udalerriaren plangintzaren arteko harremanari buruzkoa izango da esklusiboki. Oiartzungo Udaletxeak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

      9. Ekainaren 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.k artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren ondoren plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori udalerriaren plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoa izango esklusiboki. Oiartzungo Udaletxeak Plangintzaren Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren hasierako onespenaren ostean Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

      10. Erabilera publikokotzat katalogatutako mendiak eta mendi babesleak.

      11. Balio agrologiko handiko lurzoruak. Eustat eta Nekazaritzako Lursailen Identifikazio Geografiko Sistemaren (Sigpac) informazioa jasoz hurrengo aspektuak identifikatuko dira:

        1. Antolamenduko kategoria bakoitzaren azalera.

        2. Nekazaritza-ustiapenen kopurua eta horien orientazio tekniko ekonomikoa.

        3. Ustiapen bakoitzaren lursailen dimentsioa, forma eta irisgarritasuna eta azalera osoaren balio agrologikoa.

        4. Etorkizunerako jasangarritasuna, nekazaritza-unitate bezala.

      12. Geologia Intereseko Eremuak.

        Berrikuspen partzialaren esparruen urrakortasun-arriskua identifikatu behar da eta horretan aurreikusitako ekintzetarako garrantzitsuak diren eta bertan dauden ingurumen-arazoak adierazi behar dira, hurrengoa kontuan izanik:

      1. 2/2008(24) Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du. ARR-1, UGA-11 eta UGA-12 sektoreek uholde-zonen eragina dutela. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzaren txostenean jasotzen den informazioa kontuan izango da.

      2. Kutsatutako lurzoruen presentzia identifikatu behar da. Lurzoruaren kutsaduraren prebentzio eta zuzenketarako otsailaren 4ko 1/2005 Legea aintzat hartuz, lurzoru kutsatu edo hondatu bat egoteak lurzoru horretarako erabilera baten esleipena baldintzatu dezake edota izan behar duen erabilera beraren funtzioak aurrera eramateko ahalmena horri itzultzera zuzendutako neurri zuzentzaileen beharra, edo baita, lurzoruaren baldintzak bere aurreko egoerara zuzendutako neurrien beharra ere. Kutsadura sortu izan dezakeen jarduera edo instalazio(25) bat jasaten edo jasan duen lurzoru baten kalifikazio-aldaketa eginez gero, lurzoruaren kalitatearen aitorpen-prozedurari hasiera eman beharko zaio, 1/2005 Legearen 17.1.d) artikuluan ezartzen den bezala.

        Beste alde batetik, lurzoru batean hondeaketa-eragiketak edo lur-mugimenduak aurrera eramaterakoan kutsadura-zantzuak hautematen badira, ekintza horren arduradun zuzenak derrigorrez dagokion Udaletxeari eta Autonomia Erkidegoko Ingurumen Organo eskudunari jakinarazi beharko dio. Kontsiderazio hori Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren determinazioen barruan sartuko da eta horren garapeneko dokumentuetan eta proiektuetan aplikatu ahalko da.

      3. 37/2003(26) Legeak eta 1367/2007(27) Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Arau Subsidiarioen berrikuspenak, modu esplizituan, eremuen zonakatze akustikoari dagokion mugaketa barne hartuko du. Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du. Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira. Horiek eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan kontuan hartu beharko dira eta alternatiben sormenean eta hautaketan irizpide gisa erabili beharko dira, kalitate akustikoari dagokionez, eremu akustiko ezberdinen arteko eta horiek eta zortasun akustikoko eremuen eta jatorri naturala duten soinu-erreserben arteko bateragarritasuna mantenduz. Beharrezkoa bada, aipatutako bateragarritasuna lortzeko beharrezko ekintzak aurrera eramango dira.

        Kasu honetan, aurreikusitako ARR-1 eremuak AP-8 eta N-1 errepideen zortasun akustikoaren eragina du. Horrenbestez, Berrikuspena azpiegituraren organo substantibo eskudunari igorri beharko zaio, nahitaezko txostena egin dezan.

        Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

        Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta planaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

        4. Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

        9/2006 Legearen 8.1 artikuluan ezartzen denez, arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

        Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira, berrikuspena eta bere baitako jarduerak burutzeko beste une eta toki batzuk proposatuz. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Gainera, alternatiba horren aukeraketa sustatu behar da, modu labur baina behar beste, berrikuspenak eta bere ekintzek irizpide horiek nola eta zein neurritan garatu nahi dituzten espresuki adieraziz. Zentzu horretan, arrazoizko alternatibak sortzeko eta ondoren horien ebaluaziorako eta aintzat hartzeko erabili behar diren teknika- eta ingurumen-bideragarritasuneko irizpideen aurretiazko identifikazioak alternatiba horiek oinarri diren irizpideekin koherentzia dutela justifikatzeko aukera ematen du.

        Berrikuspenean proposatutako aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen ondorio esanguratsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, eta ez da alderik egongo ondorio batzuk eta besteak ebaluatzeko kontuan izango diren eskakizunetan. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.

        Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.

        5. Berrikuspenak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

        Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).

        Ahaleginak egin beharko dira berrikuspenak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.

        Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:

      1. Bertan dauden hostozabalen zuhaiztien gaineko eragina (harizti eta ibaiertzeko basoak).

      2. Faunaren gaineko eragina.

      3. Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.

        Nekazaritzako ekoizpen-erabilerari eusteak eta, edonola ere, lurzoruak berriro erabiltzeak lehentasuna izan beharko dira(28), hortaz, arreta berezia eskainiko zaio planak nekazaritzarako lurzoruan izan dezakeen eraginari eta lurzorua ahalik eta gutxien okupatzea ahalbidetzen duten aukeren alde egingo da. Planteatuko diren proposamenek gune horretara atxikitako nekazaritza ustiategietan izango duten eragina ebaluatuko da, gaur egun hasierako onespena daukan Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzaren Lurraldearen Arloko Planean dagokion atalean, hots, nekazaritzaren sektorean izango duen eraginaren ebaluazioari buruzkoan, definitu diren nekazaritzako aldagaietan oinarrituta. Ebaluaziorako kontuan hartu behar diren nekazaritzako aldagaiak honako hauek dira:

        1. Antolamendu-kategoria bakoitzean eragindako azalera.

        2. Eragindako nekazaritzako ustiategien kopurua eta horien orientazio tekniko eta ekonomikoa.

        3. Ustiategi bakoitzean izango duen eragina: partzelen zatiketa, azalera osoaren neurriak, forma, irisgarritasuna eta balio agrologikoa.

        4. Etorkizunean nekazaritzako unitate iraunkor gisa hartuta, zona horrek izango duen eragin orokorra.

      4. Paisaiaren gaineko eragina.

      5. Akuiferoen gaineko eragina.

      6. Lurzoru artifizializatua gehitzea.

      7. Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.

      8. Hondakin gehiago sortzea.

      9. Ibilgailuen trafikoa areagotzea eta sarbide berrien ingurumen-eragina.

      10. Zarata arazoak.

      11. Uholde arriskua.

        Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

        Berrikuspen Partzialak eta berrikuspen partzialeko jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

        6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

        Plangintzako Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.

        Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.

        Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.

        Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira(29).

        Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira berrikuspena garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, berrikuspenean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.

        Berrikuspenaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek erreferentzia egingo diete gutxienez hurrengo aspektuei:

      1. Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.

      2. Energia-eraginkortasuna sustatzea.

      3. Hondakinen sorrera murriztea.

      4. Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.

      5. Mugikortasun iraunkorra sustatzea.

      6. 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.

      7. Dibertsitate biologikoa mantentzea.

        7. Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

        Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:

        1. Oinarrizko adierazleak (eredu kausalean oinarrituta).

        2. Goiburuko ingurumen-adierazleak.

        3. EAEko iraunkortasunaren adierazleak.

        4. Europako egitura-adierazleak.

        5. Gipuzkoako Iraunkortasunaren adierazleak.

        6. Tokiko Agenda 21en adierazleak.

          Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausa-efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.

          Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eraginik esanguratsuenak neurtzeko adierazleak ezarri ondoren, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeko arduraduna izendatuko da. Adierazle bakoitzak arduradun desberdina izan dezake, gainbegiraketa plangintza- sistemaren zein fasetan txertatzen den kontuan izanda, horrela beti identifikatu ahalko da berrikuspenak adierazleari egiten dion ekarpen indibiduala.

          8. Laburpen-agiria.

          Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinaren 8. artikuluan ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak oro har ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

          9. Dokumentazio grafikoa.

          Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.

          1. Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.

            Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

            1. Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Plangintzako Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren lehen agiria eta ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana bidaliko zaizkie. Ebazpen honen 2.3 atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

            2. «Oiartzungo Plangintzako Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partziala» izenekoaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana jendaurrean jarriko dira Gipuzkoako Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

          2. Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.

            183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Oiartzungo Plangintzako Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren» hasierako onespenaren aurretik, Plana behin betiko onesteko eskumena duen organoak, kasu honetan Oiartzungo Udalak, ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea Plangintzako Arau Subsidiarioen Berrikuspen Partzialaren Aurrerakinarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.

          1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

            Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 5a.

            Ingurumen sailburuordea,

            IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

            OHARRAK

            (1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

            (2) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatu bat lortzea.

            (3) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 3.b) artikulua.

            (4) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. Helburu Estrategikoa: Lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta zuzenketa.

            (5) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.

            (6) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 8. Helburu Estrategikoa: Beste mugikortasun kudeaketa eredu baterantz.

            (7) Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana 2008-2012. 1. programa: Karbono gutxiago. «Karbono gutxiago eta energia garbiagoak erabiliz ekoiztea eta kontsumitzea, eta hustubideak kudeatzea». Garraioen Sektorea. Ekintza Lerroa «Garraiobideetan eta garraio-erabileretan aurreztea eta efizientzia bilatzea». 16. ekintza.

            (8) Hiri-plangintza jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda idazteko eskuliburua. IHOBE, Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa. Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saila. 2005.

            (9) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 11. Helburu Estrategikoa: Klima aldaketara egokitzea.

            (10) Irizpide horiek Isurialde Kantauriarreko Ibai eta Erreken antolamenduko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketaren barne sartu dira, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren Aginduz 2007ko abenduaren 10ean onartutakoa.

            (11) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatua lortzea.

            (12) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 4. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatua lortzea.

            (13) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. Helburu Estrategikoa: Lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta zuzenketa.

            (14) Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 29.2 artikulua.

            (15) Euskal Herriko Izadiaren Kontserbazioari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 2.e artikulua.

            (16) Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauaren 66.1 artikulua.

            (17) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 7. Helburu Estrategikoa: Gure biologia-dibertsitatea mantentzea.

            (18) Aipatu Hitzarmena 2008ko martxoaren 1ean indarrean sartu zen, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren Berrespenaren Instrumentuari jarriki (Europako Kontseiluaren 176. zenbakia), 2000ko urriaren 20an Florentzian egina (2008ko otsailaren 5eko BOE, 31. zk.).

            (19) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.

            (20) Espezierako habitat egokienen ordezkaritza nahikoa dutenak eta kontserbazio-egoera onenean daudenak, horren eskakizunak modu zabal batean betetzen direlarik. Eremu horiek mugarritzeko oinarrizko lana sailkatutako espezieen kudeaketa-planen proposamenetatik eratortzen da.

            (21) Txiki samarrak eta ondo mugatutako enklabeak, espeziaren populazioaren kontserbaziorako garrantzi handia dutenak edota perturbazio posibleen aurrean hauskortasun nabarmena aurkezten dutenak. Interes bereziko area horien definizioa, gehien bat, mehatxatutako espezieen kudeaketa-planen proposamenetan emandako informazioan oinarrituz egin da, 2001. eta 2002. urteetan zehar, adituen talde ezberdinek egindakoetan, alegia.

            (22) Gutxieneko zabalerako eta kokapen zehatzeko puntuak edo enklabeak biltzen dituzte, muturreko sentsibilitateko lekuak direnak, espeziearen iraunkortasunerako intereseko elementuak dituztelako. Habiak, kume-koloniak, lurraldeetako eremu nuklearrak, ugalketa-urmaelak edo babeslekuak dira, beren galera edo narriadurak populaziorako gertakari negatibo eta larri bat suposatuko lukeelako. Puntu horien kokapena Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak enkargatutako argitaragabeko hainbat txostenetatik edo ornitologia-elkarteek motu propio eginikoetatik hartu dira.

            (23) Lurpeko uren «Urrakortasun zonak» ezartzeko erreferentziako esparrua Eusko Jaurlaritzako 1:25.000 Kartografian jasotako «Kutsaduraren aurreko Akuiferoen Urrakortasun Mapa» izango da.

            (24) 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 20koa, lurzoruari buruzko legearen testu bategina onartzen dena.

            (25) 165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa.

            (26) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea.

            (27) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.

            (28) Otsailaren 27ko 3/1998 Euskal Herriko Ingurumenaren Babeseko Lege Orokorraren 28.a) artikulua.

            (29) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 2. Lehentasuna.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik