Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 7koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Basauriko Udalak sustatutako «San Fausto-Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien HAPOren aldaketa zehatza» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 7koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Basauriko Udalak sustatutako «San Fausto-Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien HAPOren aldaketa zehatza» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 31
  • Hurrenkera-zk.: 781
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/01/07
  • Argitaratze-data: 2009/02/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) idatz-zatian azaltzen diren planek (eta plan horien barne dago «San Fausto-Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien HAPOren aldaketa zehatza» delakoa) ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, hain zuzen ere plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, kasuan kasuko jardueren ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Era berean, «San Fausto-Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien HAPOren aldaketa zehatza» izeneko plana hainbat planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Basauriko Udalak 2008ko apirilaren 4an hasi zituen izapideak «San Fausto-Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien HAPOren aldaketa zehatza» delakoak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

  1. Ingurumen ondorioetarako soilik, Basauriko udalak sustatutako «San Fausto-Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien HAPOren aldaketa zehatza» delakoaren erreferentzia-dokumentua egitea.

  2. Txostena honakoa da:

  1. Aurrekariak.

    Erreferentzia-dokumentu hau Basauriko Udalak emandako «San Fausto, Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien HAPOren aldaketa zehatza» deritzon planaren hasierako onespenarekin lotutako informazioa oinarritzat hartuta egin da. Hori 2007ko apirilekoa da eta aipatutako dokumentuaren izapideari hasiera emateko eskabidearekin batera aurkeztu zen. Memoria-dokumentuak eta planoek osatzen dute hori.

    Aldaketarekin bilatzen den oinarrizko helburua hirigunearen erdian ezarritako zabalera metrikoko bideen trenbide-instalazioak optimizatzea da, eta baita proposatutako lekualdaketen ondorioz libre geratzen diren lursailak balioztatzea ere, horrekin Basauriko hirigunea zatitzen duten hesi gehienak ezabatzen baitira. Aldaketaren esparrua hiru gunetan zatitzen da:

    Udalerriaren nukleo nagusian kokatzen den San Fausto-Pozokoetxeko gunean PERIren esparrua handitzen da, Pozokoetxeko trenbide-zabaltza eta Bidebietako Geltokia barne hartzen dituela. Era berean, hiri-eraikigarritasunaren handitzea proposatu da. Horrela bada, HAPOn jasotakoa baino 212 etxebizitza gehiago izango direla aurreikusi da.

    Bigarren esparrua Lapatzan dago, eta ADIFeko trenbide-zabaltzaren kokalekua izango den eremuari dagokio.

    Nerbioi Erribera. Bertan, egungo Eremu Libreen Sistema Orokorra handitzea aztertu da, San Fauston egingo den ekintzatik eratorritako Eremu Libreen azalera gehitzearen ondorioz.

  2. Egindako kontsultak.

    2008ko apirilaren 20an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.

    Interesatu gisa kreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko maiatzaren 28an amaitu zen. Izapide horretan inor ez da publiko interesatu gisa kreditatu.

    Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:

    Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

    IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.

    Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.

    Uraren Euskal Agentzia.

    Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusia.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia.

    Ekologistak Martxan.

    Arauzko epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusitik, Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzatik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza Nagusitik, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzatik, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzatik eta IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikotik proposamenak jaso dira.

    Lehenengo lau sailen erantzunetan ez da oharrik edo iradokizunik egin.

    Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak aldaketa eremu libreetara zuzendutako eremuak sustatzeko aukera bat dela adierazi du, baita ingurumena berreskuratzeko edo berriztatzeko ekintzak egiteko ere, espezie autoktonoak oinarritzat hartuta birlandaketaren gauzatzeko. Erriberako parkean garatu beharreko ekintzek haltzadi-masa errespeta dezatela gomendatu du. Espezie autoktonoak oinarritzat hartuta estaldura begetalik ez duten eremuetan birlandaketa egitea proposatu du.

    IHOBE Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoak adierazi du aldaketa-esparruaren barruan bi lursailek lurzorurako kutsagarriak izan daitezkeen hainbat jarduera jasan dituztela eta horiek Basauriko udalerriari dagokion «Lurzorurako kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak jasaten dituzten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa (2)» dokumentuaren barruan daudela, 48015-00022 eta 48015-00073 kodeekin.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzak 10, 100 eta 500 urteko aldian uholdeak berriro gertatzeko uholde-eremuak zeintzuk diren adierazi du eta lurzoruaren erabilera irizpideak aipatu ditu, uholdeak jasateko duten arrisku-mailaren arabera sailkatu dituela. Gainera, salgai arriskutsuen garraiorako A-8 errepidea arrisku oso handikoa bezala, N-634 baxukoa bezala eta Bilbo-Miranda de Ebro trenbidea arrisku handikoa bezala sailkatuta daudela adierazi du. Planoak erantsi dira.

  3. Aldaketari aplika daitezkeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.

    San Fausto, Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien Basauriko HAPOren aldaketa zehatza egiteko, nagusiki Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010); Euskal Autonomia Erkidego­ko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean; ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuan. Dekretu horren bidez, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira. Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, aldaketak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:

  1. Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (3). (Proposatutako ekintzetarako gai den artifizial bihurtutako lurrik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da):

    1. Herriaren jatorrizko nukleoetan eraikitako eta urbanizatutako ondarearen biziberritzea eta etxebizitza hutsen erabilera hazkunde berriaren aurretik lehenetsi behar dira (4).

    2. Lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik lur kutsatuen berreskuratzea lehenetsi behar da. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak berreskuratu behar dira, hiri-plangintzak erabilera edo jarduera berri bat aurreikusten duenean edo, modu subsidiario batean, aurreikusten ez duenean (5).

  2. Hiri-egitura irmoak, konpaktuak eta konplexuak sustatzea, planteatutako beharrei erantzuteko. Nahiko altuak diren eraikuntza-dentsitateak sortzea (6).

  3. Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita (7).

  4. Ahal den neurrian, gaur egun garatu gabe dauden eta 100 urteko itzulera epeko uholdeak jasateko arriskua duten eremuen artifizializazioa saihestea (8) (Proposamenak Uraren Euskal Agentziaren «Uholdeak jasateko arrisku-mailaren araberako lurzoruaren erabilera-irizpideetara» egokitu beharko dira).

  5. Lurzoruaren zigilatzea murriztea (9).

  6. Berdeguneak sustatzea eta handitzea (10), eta aireztatze naturalari eta biodibertsitateari laguntzea.

    1. Eraztun Berdeak (herri inguruetako parkeak) sortzea udalerrian. Eraztun Berdeak inguruetako natura herri-ingurunean integratu behar du biodibertsitateari lagunduz, berdeguneak gehituko ditu, eta herri-sareari kalitate handiagoa eman behar dio.

    2. Berdeguneetako eta herri barruko ibai tarteetako ingurumen-kalitatea hobetzea, herri-inguruneetako biodibertsitatea hobeto kontserbatzeko.

  7. Energia-aurrezpena, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea.

  8. Bidaiarien banaketa modala berriro bideratzea, motorrik gabeko garraioa (oinez eta bizikletan) eta garraio publikoa (trena, tranbia eta autobusa) sustatuta.

    1. Eskaintzaren arloan, berriz, garraio kolektiboa sustatuko da, trafikoa arintzeko neurriak hartuko dira, oinezkoentzako espazioak berreskuratuko dira, disuasio-aparkalekuak sortuko dira, merkantzien herri logistika landuko da...

    2. Ibilgailu pribatuentzat aparkalekuak murriztea.

  9. 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak mugak betetzea (11) zarata maila handia jasaten duten herritar kopurua murrizten.

  10. Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie (12).

    Aldaketak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.

  1. Iraunkortasun- txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

    Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

    Beraz, «San Fausto, Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien Basauriko HAPOren aldaketa zehatzak» ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta 9/2006 Legearen I. eranskina.

    Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko azterlaneko atal bakoitzean jasotzen diren alderdien edukia eta norainokoa, aldaketak sustatzen dituen esparruari eta jarduera zehatzei berariaz dagozkienak izango dira.

    Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

  1. Aldaketaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribapena.

  2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

  3. Aldaketak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

  4. Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

  5. Aldaketak izan ditzakeen eraginak identifikazioa eta balorazioa.

  6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

  7. Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.

  8. Laburpen-dokumentua.

  9. Dokumentazio grafikoa.

    Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:

    1. Aldaketaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.

    Atal honetan Aldaketa zehatzaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoetan nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.

    Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek aldaketa zehatza lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira aldaketa zehatzean aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.

    Aldaketaren proposamenak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

    2. Beste plan eta programekin dituen elkarrekintzen analisia.

    Aldaketa zehatzak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazioa izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Aldaketa zehatzak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.

    Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:

    1. EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

    2. Bilbo Metropolitarreko Lurraldearen Zatiko Plana.

    3. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde kantauriarra) eta bere 1. aldaketa.

    4. EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana.

    5. EAEko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

    6. EAEko Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.

    7. EAEko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).

    8. Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana.

    9. Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.

      Goragoko maila bateko plan eta programak egon eta horiekin bateratu ezin bada jarduerak bertan behera utzi edo beste batzuez ordezkotan beharko da.

      3. Aldaketa zehatzak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

      Lurralde-eremu horretako ingurumenaren egoerari buruzko alderdi garrantzitsuenak aipatu behar dira, aurreikusitako erabileretarako duen harrera-ahalmena eta aldaketa zehatza aplikatu ezean egoera horrek izango duen bilakaera; eraginik handiena jasango duten aldeetako ezaugarriak azpimarratuko dira.

      Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da. Kasu honetan, eremuak aldaketa zehatza jasan behar duten sektoreez gain, jarraian jasotzen diren ingurumen-intereseko eremuak ere hartu beharko ditu barne, beharrezko xehetasun mailarekin, hurrengo baliabideen eta ingurumen-interes bereziko eremuen analisiaren bidez, beren espazio-mugak, bere babes-helburuak eta erabilera-eremua, egonez gero, identifikatuz:

      1. Akuiferoen birkarga-eremuak, eta baita kutsadura izateko arrisku handia (13) duten eremuak ere.

      2. Uren Legearen Testu Bateginak, uztailak 20ko 1/2001 EDak eta bere garapeneko Araudiak erregulatzen duten Jabari Publiko Hidraulikoa. Uraren Agentziak Uraren Marko-Zuzentarauaren arloan definitutako Ibaiko eta lurpeko uren masak, eta baita poliziaren eremuari dagozkion guneak eta ertzetako zortasun-gunea ere bai.

      3. Dauden landare-komunitateak, eta zehazki kontserbazioaren ikuspuntutik, balio erlatiborik handiena (lekukoa, lurraldekoa, eskualdekoa edo bestekoa) duten landare-komunitateak, esate baterako Nerbioaren erriberako Eremu Libreen Sistema Orokorrera zuzendutako gunean dagoen haltzadiaren kontserbazioa, izan ere, interes komunitarioko habitaten artean lehentasuneko habitata bezala sailkatuta dago (14).

        Dauden landare-komunitateen ezaugarriak eta tamaina zehaztasun gehiagorekin deskribatu beharko dira, aldaketak eragindako landare-mota bakoitzaren azalera, bere ezaugarriak, aleen heldutasuna, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna zehaztuz eta baita sailkatutako edo babestutako espezieen presentzia eta horien balio ekologikoa adieraziz ere. Baliotsuenak diren osagaiak nabarmendu beharko dira. Horien kartografia egingo da, eskala egokian, dauden landare-komunitateen kontserbaziorako balio erlatibo handienaren arabera.

      4. Balio agrologiko handiko lurzoruak: nekazaritza-erabilera aztertzeko, Eustaten eta Nekazaritzako Lursailen Identifikazio Geografiko Sistemaren (Sigpac) informazioa jasoko da. Nolanahi ere, ondoko aspektuak identifikatuko dira:

        Antolamenduko kategoria bakoitzaren azalera.

        Nekazaritza-ustiapenen kopurua eta horien orientazio tekniko ekonomikoa.

        Ustiapen bakoitzaren lursailen dimentsioa, forma eta irisgarritasuna eta azalera osoaren balio agrologikoa.

        Etorkizunerako jasangarritasuna, nekazaritza-unitate bezala.

      5. Kudeaketa-planik ez duten mehatxatutako fauna eta flora duten eremuen kasuan, arreta berezia eskainiko zaie honako hauei: Lehentasuneko Banaketa Guneei (15), Interes bereziko eremuei (16) edo mehatxatutako espezieentzako Puntu Sentikorrei (17). Aldaketaren esparrua, hain zuzen ere, interes komunitarioa duten bi espezieentzako Lehentasuneko Banaketa Zonetan kokatuta dago. Espezie horiek Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoaren barruan adierazita daude; Shreiber muskerra (Lacerta schereiberi) eta baso-igel iberiarra (Rana iberica).

      6. Aipatu egiturek eta hornidura-baliabideek aldaketan aurreikusitako ekintzen eskariari (18) aurre egiteko nahiko ahalmena dutela aztertu eta kuantifikatuko da, baliabide hidrikoen gainean inpaktu negatibo nabarmenak ez sortzeko helburuarekin.

      7. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.l artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren aurretik plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udalerriaren plangintzaren arteko harremanari buruzkoa izango da esklusiboki. Basauriko Udaletxeak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

      8. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.k artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren ondoren plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori udalerriaren plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoa izango esklusiboki. Basauriko Udaletxeak Aldaketa zehatzaren hasierako onespenaren ostean Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

        Horrez gain, esparruaren urrakortasuna identifikatu behar da, bertan dauden ingurumen arazoak adieraziko direla, bereziki Aldaketaren ekintzetan eragina izan ditzaketenak, hala nola:

      1. Arrisku naturalak:

        Arrisku naturalen mapa bat (19) eranstea ezinbestekoa da:

        Higadura (20).

        Uholdeak jasateko arriskua.

        Arrisku Sismikoa.

        Suteak.

        Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzak aurretiazko kontsulten fasean emandako arrisku-mapak betekizun horrekin bat dator. Salbuespen bakarra higadura-arriskuaren mapa da, beraz, hutsune hori osatu egin beharko da.

      2. Kutsatutako lurzoruak. Lurzoruaren kutsaduraren prebentzio eta zuzenketarako otsailak 4ko 1/2005 Legea aintzat hartuz, lurzoru kutsatu edo hondatu bat egoteak lurzoru horretarako erabilera baten esleipena baldintzatu dezake edota izan behar duen erabilera beraren funtzioak aurrera eramateko ahalmena horri itzultzera zuzendutako neurri zuzentzaileen beharra, edo baita, lurzoruaren baldintzak bere aurreko egoerara zuzendutako neurrien beharra ere.

        Kutsadura sortu izan dezakeen jarduera edo instalazio (21) bat jasaten edo jasan duen lurzoru baten kalifikazio-aldaketa eginez gero, lurzoruaren kalitatearen aitorpen-prozedurari hasiera eman beharko zaio, 1/2005 Legearen 17.1.d) atalean ezartzen den bezala.

        Beste alde batetik, lurzoru batean hondeaketa-eragiketak edo lur-mugimenduak aurrera eramaterakoan kutsadura-zantzuak hautematen badira, ekintza horren arduradun zuzenak derrigorrez dagokion Udaletxeari eta Autonomia Erkidegoko Ingurumen Organo eskudunari jakinarazi beharko dio. Kontsiderazio hori Aldaketa zehatzaren determinazioen barruan sartuko da eta horren garapeneko dokumentuetan eta proiektuetan aplikatu ahalko da.

      3. Kalitate akustikoa. Zarata:

        37/2003 (22) Legeak eta 1367/2007 (23) Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Aldaketa zehatzak, modu esplizituan, eremuaren zonakatze akustikoari dagokion mugaketa barne hartuko du. Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du.

        Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira. Kalitate akustikoko helburu horiek betetzen direla egiaztatu beharko da, 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz.

        Bide-azpiegitura horien zortasun akustikoak Aldaketa-eremuan eragina izanez gero, azpiegituraren eskumena duen organo independenteari igorri beharko zaio aginduzko txostena egin dezan.

        Era berean, 37/2003 Legeak, bere arrazoien azalpenean, hiri-plangintzak eremu akustiko bakoitzaren kalitate akustikoko helburuak beti kontuan izan behar dituela ezartzen du, lurzoruaren edozein sailkapen, plangintza-onarpen edo antzerako neurriak aurrera eramaterako orduan. Kalitate akustikoko helburu horiek kontuan hartu beharko dira eta eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan eta alternatibak sortzerakoan eta aukeratzerakoan irizpide gisa erabili beharko dira.

        Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

        Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta aldaketaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

        4. Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

        9/2006 Legearen 8.1 artikuluan arrazoizko alternatibak (24), teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

        Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, Aldaketa zehatzaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira, aldaketa eta bere baitako jarduerak burutzeko beste une eta toki batzuk proposatuz. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Gainera, alternatiba horren aukeraketa sustatu behar da, modu labur baina behar beste, aldaketa zehatzak eta bere ekintzek irizpide horiek nola eta zein neurritan garatu nahi dituzten espresuki adieraziz. Zentzu horretan, arrazoizko alternatibak sortzeko eta ondoren horien ebaluaziorako eta aintzat hartzeko erabili behar diren teknika- eta ingurumen-bideragarritasuneko irizpideen aurretiazko identifikazioak alternatiba horiek oinarri diren irizpideekin koherentzia dutela justifikatzeko aukera ematen du.

        Aldaketa zehatzean proposatutako aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen ondorio esanguratsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, eta ez da alderik egongo ondorio batzuk eta besteak ebaluatzeko kontuan izango diren eskakizunetan. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.

        Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.

        5. Aldaketaren eta bere ekintza ezberdinen inpaktuen identifikazioa eta balorazioa.

        Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).

        Ahaleginak egin beharko dira aldaketak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.

        Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:

      1. Mehatxatutako faunaren eta floraren gaineko eragina.

      2. Bertan dauden hostozabalen zuhaiztien gaineko eragina.

      3. Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.

      4. Paisaiaren gaineko eragina.

      5. Akuiferoen gaineko eragina.

      6. Eragina ur-ibilguetan.

      7. Uholde arriskua.

      8. Lurzoru artifizializatua gehitzea.

      9. Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.

      10. Hondakin gehiago sortzea.

      11. Arrisku geoteknikoak handitzea.

      12. Eragina atmosferan, zarata handitzea.

        Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

        Aldaketak eta berrikuspen partzialeko jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

        6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

        Aldaketa zehatza egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.

        Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.

        Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.

        Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira (25).

        Aldaketaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira berrikuspena garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko.

        Aldaketaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek erreferentzia egingo diete gutxienez hurrengo aspektuei:

      1. Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.

      2. Energia-eraginkortasuna sustatzea.

      3. Hondakinen sorrera murriztea.

      4. Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.

      5. Mugikortasun iraunkorra sustatzea.

      6. 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.

      7. Dibertsitate biologikoa mantentzea.

        7. Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.

        Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:

        Goiburuko ingurumen-adierazleak (26).

        Oinarrizko adierazleak (27) (eredu kausalaren oinarrituta) (28).

        EAEko iraunkortasunaren adierazleak (29).

        Europako egitura-adierazleak.

        Bizkaiko Iraunkortasunaren adierazleak.

        Tokiko Agenda 21en adierazleak.

        Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausaefektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.

        Aldaketak eta bere ekintzek ingurumenean izan ditzaketen ondorio garrantzitsuenetarako adierazleak finkatutakoan, horietako bakoitza berrikusteaz arduratuko den agintaritza adierazi beharko da. Berrikuspen hori ohiko plangintza-sistemaren barruan sartu ahalko da, planak adierazleari egiten dion banakako ekarpena beti identifika daitekeela bermatu beharko dela. Horrela egin ezean, horren momentua eta maiztasuna ezarri beharko dira.

        8. Laburpen-agiria.

        Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

        9. Dokumentazio grafikoa.

        Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa izango du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.

      1. Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.

        Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

        1. Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei (ebazpen honen 2.2 puntuan zehaztu dira) kontsulta egiteko, Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, 45 eguneko epea izango dute agiriok aztertu eta oharrak egiteko.

        2. Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana jendaurrean jarriko dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

      2. Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.

        183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, San Fausto-Pozokoetxe eta Lapatza eremuei dagokien Basauriko HAPOren aldaketa zehatzaren hasierako onespenaren aurretik, Aldaketaren behin-betiko onespena egin behar duen organo eskudunak, kasu honetan Basauriko Udalak, ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidearekin batera, Aldaketaren Aurrerakina edo lehenengo dokumentua eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketa bidaliko dira, Erreferentzia-dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.

      1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

        Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 7a.

        Ingurumen sailburuordea,

        IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

        OHARRAK

        (1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

        (2) 165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa.

        (3) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatu bat lortzea.

        (4) Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 3.b) artikulua.

        (5) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. Helburu Estrategikoa: Lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta zuzenketa.

        (6) Hiri-plangintza jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda idazteko eskuliburua. IHOBE, Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa. Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saila. 2005.

        (7) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainak 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.

        (8) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 11. Helburu Estrategikoa: Klima aldaketaren egokitzapena.

        (9) 2/2006 LEGEA, ekainaren 30ekoa, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa.

        (10) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010.

        (11) Zarataren azaroak 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriak 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.

        (12) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 7. Helburu Estrategikoa: Gure biologia-dibertsitatea mantentzea.

        (13) Lurpeko uren «Urrakortasun zonak» ezartzeko erreferentziako esparrua Eusko Jaurlaritzako 1:25.000 Kartografian jasotako «Kutsaduraren aurreko Akuiferoen Urrakortasun Mapa» izango da.

        (14) Habitak (92/43/CEE) zuzentarauaren I. eranskinean sailkatua eta 42/2007 Legenaren I. eranskinean sailkatua abenduaren 13koa eta horren transposiziokoa.

        (15) Espezierako habitat egokienen ordezkaritza nahikoa dutenak eta kontserbazio-egoera onenean daudenak, horren eskakizunak modu zabal batean betetzen direlarik. Eremu horiek mugarritzeko oinarrizko lana sailkatutako espezieen kudeaketa-planen proposamenetatik eratortzen da.

        (16) Txiki samarrak eta ondo mugatutako enklabeak, espeziaren populazioaren kontserbaziorako garrantzi handia dutenak edota perturbazio posibleen aurrean hauskortasun nabarmena aurkezten dutenak. Interes bereziko area horien definizioa, gehien bat, mehatxatutako espezieen kudeaketa-planen proposamenetan emandako informazioan oinarrituz egin da, 2001. eta 2002. urteetan zehar, adituen talde ezberdinek egindakoetan, alegia.

        (17) Gutxieneko zabalerako eta kokapen zehatzeko puntuak edo enklabeak biltzen dituzte, muturreko sentsibilitateko lekuak direnak, espeziearen iraunkortasunerako intereseko elementuak dituztelako. Habiak, kume-koloniak, lurraldeetako eremu nuklearrak, ugalketa-urmaelak edo babeslekuak dira, beren galera edo narriadurak populaziorako gertakari negatibo eta larri bat suposatuko lukeelako. Puntu horien kokapena Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak enkargatutako argitaragabeko hainbat txostenetatik edo ornitologia-elkarteek motu propio eginikoetatik hartu dira.

        (18) Lurzoruari buruzko maiatzak 28ko 8/2007 Legearen 15.3.a) artikulua.

        (19) Maiatzaren 28ko Lurzoruari buruzko 8/2007 Legearen 15.2. artikulua.

        (20) EAEko Lurzoruen Higadura mapako RUSLE errealeko ereduarekin eginiko kartografia. 2005. Eusko Jaurlaritza, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila.

        (21) 165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa.

        (22) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea.

        (23) Zarataren azaroak 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriak 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.

        (24) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa 8.1 Art.

        (25) EAEko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010.

        (26) EAEn dagoen Ingurumen Egoera egiteko oinarri bezala erabiltzen dira. Hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorrak adierazten duenez, 3 urtean behin egin behar da.

        (27) Oinarrizko adierazleetatik gutxi batzuk aukeratzen dira, eta horiek eskaintzen dituzte ezarritako lehentasunezko ingurumen-helburuen mundu mailako joerak. Gainera, adierazle horiek hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren artean dauden elkarren arteko harremanak modu globalean erlazionatzen dituzte. Horiekin urtero txosten bat egiten da eta horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumen-eboluzioa modu errazean eta azkarrean adierazten du.

        (28) Kate kausalaren eredu bat gaur egun DPSIR da (Driving forces, Pressures, State, Impacts, Responses/Mugimen-indarra, Presioak, Egoera, Inpaktua, agente anitzen Erantzuna).

        (29) Euskal gizarteak nola egiten duen aurrera islatzen dute modu integralean; hau da, dimentsio ekonomiko, sozial eta ingurumenekotik. Europako egitura-adierazleak oinarri hartuz ezartzen dira.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik