- EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 14koa, Ingurumen sailburuordearena, Ortuellako Udalak sustatutako «Hiri Antolakuntzari buruzko Udal Plangintza orokorraren berrikustapenak» ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 14koa, Ingurumen sailburuordearena, Ortuellako Udalak sustatutako «Hiri Antolakuntzari buruzko Udal Plangintza orokorraren berrikustapenak» ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 74
- Hurrenkera-zk.: 2127
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/01/14
- Argitaratze-data: 2009/04/21
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak
Testu legala
Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) idatz-zatian azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Era berean, «Ortuellako Hiri Antolakuntzari buruzko Udal Plangintza orokorraren berrikustapena» izeneko plana hainbat planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Ortuellako Udalak 2008ko maiatzaren 8an hasi ditu izapideak «Hiri Antolakuntzari buruzko Udal Plangintza orokorraren berrikustapena» delakoak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen (1) 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
Ingurumen ondorioetarako soilik, Ortuellako Udalak sustatutako «Antolakuntzari buruzko Udal Plangintza orokorraren berrikustapena» delakoaren erreferentzia-dokumentua egitea.
Txostena honakoa da:
1. AURREKARIAK.
Ortuellako Udalak Hiri-antolamendurako Udalerriko Plan Orokorra oso-osorik berrikusteko asmoa du, Plan Orokorra azkeneko aldiz onartu zenetik hona izan diren egoera berriak bideratzeko. Ortuellako Hiri-antolamendurako Plan Orokorraren Berrikuspena egokitu egin beharko da, indarrean dagoen araudiaren arabera, eta azken hamarkadan egon diren eskaeretako aldaketen arabera.
Planaren Berrikuspenaren helburua lurzoru-erabilerak ordenatzea da, eta hiriaren ehundura egituratzea, udalerriko bizitza-kalitatea hobetzea lortzeko. Proposamenean honako hauek iradokitzen dira: udalerriko eremuak eta horien loturak garatu edo berritzea, trenbide-sarea estaltzea, Granada errekastoa oneratzea eta, oro har, udalerriko natura-balioak babestu eta indartzea, hiria hedatzea mugatuz. Egingo diren etxebizitzen kopurua laukoiztea proposatzen du udalak.
2. ZENBAIT GOGOETA.
9/2006 Legean ezarrita dagoen bezala, plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura ez da izango planen justifikazio soila; aitzitik, arlokako politiketan ingurumenaren gaia sartzeko tresna izango da, garapen jasangarri iraunkorragoa, bidezkoagoa eta osasungarriagoa bermatzeko. Jasangarritasunaren erronka handiei aurre egiteko aukera eman beharko du prozedura horrek: natura-baliabideen erabilera zentzuduna, kutsaduraren prebentzioa eta murrizketa, teknologia-berrikuntza eta jendartearen kohesioa. Horrela dago jasota ingurumenaren arloko euskal politikaren printzipio gidarien dekalogoan ere. 2007-2010 aldirako IEPa. «Euskal administrazio publikoko maila eta eremu guztietako politika, plan eta programak landu eta gauzatzean ingurumenaren arloko gogoetak sartzeko funtsezko tresna da».
Aurrera egiteko egungo jarrera, planek beren beregi ingurumenaren aldetik jasangarria izango den garapen iraunkorra zuzenean eta berariaz lortze aldera, aurrera egiteko beste urrats bat gehiago da, dagoen legerian jasota dauden planteamenduei dagokienez. Planteamendu horiek, nagusiki, plan eta programa jakin batzuek ingurumenean sor zitezkeen kalte larriak ezartzea saihestu nahi zuten.
Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumeneko irizpide estrategikoen bateria guztia ezarrita, aipatutako printzipio gidarien dekalogoan aipatzen diren lehentasunezko zabaltze gisa, zentzugabekeria da planaren formulazioak, ingurumeneko irizpide prebentibo horiek integratu beharrean, zenbait kokapen-proposamenen edo planaren garapenaren edo beren jardueren bidez laburbideak bilatzea. Horrela, ingurumena neurri zuzentzaile edota konpentsazio neurrietan oinarrituta osatu nahi da, aukeren ezintasun teknikoa justifikatu gabe. Neurri zuzentzaileen proposamena baino lehen, gertaera hori, gainera, arrazoizkoak diren alternatibak kontuan hartu izanaren beharrarekin alderatu da, ingurumen eragin esanguratsuak saihesteko.
Bestalde, ebaluazio-prozesua ezin da ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanaren xede diren egitekoetara mugatu, hots, arrazoizkoak diren alternatibek ingurumenaren gainean izan ditzaketen ondorio nabarmenen identifikaziora, deskribapenera eta ebaluaziora. Aintzat izan behar da ingurumen-alderdiak politiken, planen eta programen idazketan eta burutzapenean benetan txertatu ahal izateko, ezinbestekoa dela bermatzea horiek ingurumenean izan ditzaketen ondorioak kontuan hartzen direla planak onetsi aurretik eta horiek prestatzen ari diren bitartean, prozesu jarraitu batean, zirriborroaren aurretiazko fasetik proposamenaren azken fasera arte. Horregatik, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana prestatzeko prozesuak lehenbailehen hasi beharko luke eta, ahal bada behintzat, plana prestatzen hasten den unean bertan.
3. EGINDAKO GALDERAK.
2008ko maiatzaren 18an, prentsan iragarkia argitaratu zen interesdun publikoaren identifikaziorako eta kontsultarako. Horrela, interesdunak eskura izango zituen espedientearen agiriak Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren web orrian.
Interesdun publiko gisa izendatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko ekainaren 23an amaitu zen. Inor ez da interesdun gisa izendatu.
Era berean, Ingurumen Sailburuordetzak kontsultak honako erakundeei egin zizkien:
Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako Zuzendaritzari.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzari.
Uraren Euskal Agentziari.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari.
Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendurako Zuzendaritzari.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzari.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzari.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari.
Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi eta Natur Guneen Zuzendaritza Nagusiari.
Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintzako Zuzendaritza Nagusiari.
Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiari.
IHOBE, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari.
Ekologistak Martxan erakundeari.
Arauzko epea amaitu ondoren, erakunde hauen erantzunak jaso ditugu:
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako Zuzendaritzak uste du Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlanak EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LAPean ezarritakoa kontuan hartu behar duela.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzak Ortuellako udalerriko Hiri-antolamendurako Udalerriko Plan Orokorraren Berrikuspenean aurkeztutako arriskuen analisia egin du, autonomia-erkidegoko Babes Zibileko Planaren arabera. Azpimarratu du Ortuellako Udalak berea den udal babes zibileko plana duela.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kultura-ondasunen zerrenda erantsi du. Horiek babes araudiaren menpe daude, bai arkitekturaren bai arkeologiaren ikuspuntutik.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zerbitzuak Ortuellako HAPNren Berrikuspeneko kultura-interesaren ondasun arkitektonikoen inguruan egon daitezkeen kalteen berri eman du. Horien artean, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian izena emanda duen Cía Franco Belga deituriko Horno Apold-Fleisnera azpimarratu behar da.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzako Zuzendaritzak, haren ustez, Hiri-antolamendurako Udalerriko Plan Orokorraren Berrikuspena eta Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlana egiterakoan kontuan hartu behar diren gaiak aipatu ditu eta, horretarako, gainera, biodibertsitateari buruzko dokumentazioa eta kartografia eguneratuak gehitu ditu.
IHOBE, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak aipatu du beharrezkoa izango dela lurzoruaren kalitatearen aitorpenaren izapidetzea, 1/2005 Legeko 17. artikuluan jasotzen diren egoeretakoren bat gertatzen bada, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko.
Aipatutako erantzunak kontuan hartu beharko dira Ortuellako Udalak sustatutako Hiri-antolamendurako Udalerriko Plan Orokorraren Berrikuspena eta Ingurumen Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana egitean.
4. INGURUMENEKO IRIZPIDE ESTRATEGIKOAK ETA BERRIKUSPENARI APLIKATU AHAL ZAIZKION INGURUMENEKO HELBURUAK.
Ortuellako Udalak sustatutako Hiri-antolamendurako Udalerriko Plan Orokorraren Berrikuspena egiteko, funtsezko oinarri gisa, honako hauek hartuko dira: Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumenaren Estrategian (2002-2020), Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programan (2007-2010) eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasota dauden ingurumeneko irizpideak eta ingurumeneko helburuak. Hain zuzen ere, ingurumenaren gaineko planak izan ditzakeen ondorio esanguratsuekin zerikusia duten ingurumeneko irizpideak, ingurumeneko irizpide estrategiko gisa hartzen dira. Irizpide horiek ingurumen-ebaluazioaren merezidun egin dute. Horrez gain, iraunkortasun-irizpideekin hirigintzako plangintza idazteko, eskuliburuko zuzentarauak jarraitu beharko dira (Eusko Jaurlaritza, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila. 2005eko martxoa). Horrek hiri eta herri konpaktuei eta anitzei lehentasuna ematen die. Bereziki, honako irizpide estrategikoak eta ingurumeneko helburuak hartu beharko dira kontuan:
Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea (2):
Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna ematea. Era berean, ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (3):
1. Herriaren jatorrizko guneetan eraikita eta urbanizatuta dagoen ondarearen berroneratzea eta hutsik dauden etxebizitzen erabilera, hazkunde berriaren gainean, nagusitzea (4):
2. Lurzoru urbanizaezina berriz kalifikatu aurretik, kutsatutako lurzoruen berreskurapenari lehentasuna ematea. Potentzialki kutsatuta dauden eta hirigintzako plangintzak beste erabileraren bat ematea edota jardueraren bat gauzatzea aurreikusita duen lurzorua garbitzea eta subsidiarioki, plangintzak aurreikusita ez duena ere garbitzea (5).
3. Hirigunea barreiatu eta sakabanatzeko joera baztertzea (6), jendea ahalik eta gutxien mugiarazita eta ingurumenaren aldetik baliotsuak diren baliabideak babestuta.
4. Hiri-egitura dentsoak, trinkoak eta konplexuak sustatzea planteatutako beharrei erantzuteko. Nahiko altuak diren eraikigarritasun dentsitateak sortzea (7).
Saihestu, ahal dela, arriskua dagoen aldeetan artifizializazioa atzera egiteko 100 urteetako etorrien aurrean. Alde horiek, gainera, egun ez dute garapenik aurkezten (8) (proposamenak Uraren Euskal Agentziako «Uholde arrisku graduaren araberako lurzoruaren erabilerarako irizpideetara» egokitu beharko dira) (9).
Lurzoruaren zigilatzea murriztea (10), hirigintzarako lurzoruaren erabileraren oinarrizko intentsitatea bermatuz (11).
Ur masak babestea, hobetzea eta berritzea. Ur garbia bermatzea (12):
Azaleko eta lurpeko ur masak babestea eta hobetzea.
Hondakin-uren araztegiko tratamenduak isurietara eta ingurune hartzailera egokitzea.
Bainatzeko uren kalitatea hobetzea sustatzea.
Hornidurako uraren kalitatea hobetzea.
Energia aurreztea, energia berriztagarrien erabilera eta kogenerazioa sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programan (2007-2010) horren inguruan ezarritako jardun-ildoekin bat etorriz. Gomendagarria da, dagozkien hirigintzarako eta eraikuntzarako udal ordenantzen bidez, hiri-instalazio kolektiboak edo zentralak antolatzeko eta ezartzeko neurrien araudia aurreikustea, betiere, horien eragingarritasun orokorraren maila beste aukerena baino handiagoa baldin bada. Irismen materiala (klimatizazioaren instalazioak, ur bero sanitarioaren hornikuntza, hiri-hondakinen bilketa, euri-urak eta grisak eta abar berriro erabiltzeko arazketa eta biltegiratzea) eta irismen espaziala (eremua, atala, auzo zehatz batzuen zati zehatzak eta abar) zehaztu beharko dira.
Hondakinen ekoizpena murrizteko joeran oinarritutako hondakinen kudeaketa eta berrerabileraren eta birziklatzearen sustapena bermatu beharko dira.
Bidaiarien banaketa modala berriro bideratu beharko da, motorrik gabeko garraioa (oinez eta bizikletaz) eta garraio publikoa (trena, tranbia eta autobusa) sustatuta.
Aire garbia bermatzea (13):
Aire kalitate maila orokorrak hobetzea, partikulen kontzentrazioak murriztea eta NOx, SO2, eta COV isurpenak murriztea, eta PM2,5en urteko muga-balioa ez gainditzea lortzea.
1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak betetzea (14).
Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz. Horretarako, EAEko Espazio Natural Babestuetatik (15) kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie.
Berdeguneak sustatzea eta handitzea (16), aireztatze naturalari eta biodibertsitateari laguntzeko. Berdeguneetako eta hiri barruko ibai tarteetako ingurumen-kalitatea hobetzea, hiri-inguruneetako biodibertsitatea hobeto kontserbatzeko.
Eraztun Berdeak (herri-inguruetako parkeak) (16) sortzea, berdeguneak ugaritzeko asmoz, inguruko natura hirian integratzea, biodibertsitateari lagunduz, eta hiri-sarea handitzea, horri kalitate gehiago emanez.
Udaleko plangintzan paisaiaren faktorea integratzea (16), Paisaiaren Europako Hitzarmenean ezartzen den moduan, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz.
Planak esplizituki ingurumeneko irizpide estrategiko guztiak nola eta zer neurritan garatzen diren identifikatu behar du.
5. IRAUNKORTASUNARI BURUZKO TXOSTENAREN ZABALTASUNA, XEHETASUN MAILA ETA ZEHAZTASUN GRADUA.
Zenbait planek eta programek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.
Beraz, Ortuellako Hiri-antolamendurako Udalerriko Plan Orokorraren Berrikuspenean, plan horren ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa sartu behar da, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukien eta egituraren arabera eginda.
Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:
Planaren irizpide estrategikoak eta irizpide horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.
Beste plan eta programa batzuekiko elkarrekintza.
Planak eragindako esparruan, ingurumen alderdiaren analisia, diagnosia eta balioespena egitea.
Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Egindako aukera arrazoitzea.
Planak eta haren baitako jarduerek eragin ditzaketen kalteak identifikatu eta balioestea.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Planaren eragina gainbegiratzeko programa.
Laburpen-agiria.
Dokumentazio grafikoa.
Ebaluatzen ari den agiriaren ezaugarriak kontuan hartuta, eta egindako kontsulten emaitzak ikusita, Ingurumen Sailburuordetzak uste du ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar dituela, jarraian azalduko diren zabaltasunarekin eta xehetasun mailarekin.
1. Berrikuspenaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea
Atal honetan planaren helburuak jaso behar dira, abiapuntutzat hartuta gertaera horien izatea eta ezaugarriak diren bezala identifikatu behar direla. Gainera, aipatutako helburuek labur, baina aski, planaren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, helburuekin bat etorriz. Bereziki ingurumeneko helburuak azpimarratu behar dira, esplizituki aipatuz nola gehitu diren Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia (2020) eta Ingurumen Esparruko Programa 2007-2010. Horiek biak erreferentziazko dokumentu honetako 2.4. atalean aipatzen dira.
Proposatutako plana egiterakoan ingurumeneko irizpide estrategiko horiek sartzearen bidez arazoei aurre hartu nahi zaie eta ez ondorioak zuzendu eta, beraz, aldi berean, neurri zuzentzaileak edota konpentsaziozkoak hartzeko beharra mugatzea ahalbidetuko duen garapen iraunkorra sustatu nahi da. Horregatik, planean ezarri diren helburuak beste modu batetara garatzea bilatuko duten aukerak (kokapen-proposamenak edota planaren edo bere jardueren edo behin-behineko lekuen garapena) eta, bereziki, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak proposatu behar dira.
Berrikuspenaren proposamenak, gutxienez, proposatu diren jardueren lurzoruaren eta kokapenaren antolamenduko aukera posibleak jaso behar ditu, horien irrazionaltasunaren inguruan berariaz beste ezer arrazoitu ezean, horiek aldez aurretik ezarritako bideragarritasun teknikoko irizpideekin bete ezin daitezkeelakoan oinarrituta.
2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarrekintza.
Berrikuspeneko ingurumen-bateragarritasuna beste planekin justifikatu behar da eta aipatutako beste planek bat etorri behar dute aplikatzeko esparruarekin. Besteak beste, berrikuspenaren bateragarritasuna honako plan eta programekin aztertuko da:
Lurraldearen Antolamendurako zuzentarauak. Urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruarentzako, Lurralde Antolamendurako zuzentarauetan (LAZ) ezarritako antolamendu kategorien izendapenak eta irizpideak erabiliko dituen kalifikazioa ezarriko da.
Bilbo Metropolitarreko Lurraldearen Zatiko Plana.
Bizkaiko Errepideen Lurraldearen Arloko Plana.
Behin betiko izaeraz onetsita dauden eta prestatzen ari diren lurraldearen arloko planak.
Uholdeen Prebentziorako EAEko Plan Integrala eta EAEko hiriguneen urperagarritasunari buruzko Azterlana 2001-2005.
Egun indarrean dauden espezie mehatxatuak kudeatzeko planak.
Klima-aldaketaren aurkako Euskal Plana 2008-2012.
Mendiei eta Espazio Natural Babestuen Administrazioari buruzko 3/1994 Foru Araua eta Aldaketari buruzko 3/2007 Araua.
Bertako zenbait baso-espezieen araubide espezifikoari buruzko 11/1997 Araua.
Hierarkian gorago dauden planekin eta programekin ingurumen aldetik bateraezina izanez gero, jarduerak bertan behera utzi edo beste batzuez ordezkatu beharko dira.
3. Planak eragindako esparruan, ingurumen alderdiaren analisia, diagnosia eta balioespena egitea.
Esparruko egungo ingurumen-egoeraren alderdi garrantzitsuak, planean ezarritako erabilerentzako hartzeko ahalmena zehazten dutenak, eta hori ez aplikatzeko gerta daitekeen eboluzioa aipatu behar dira. Horretarako, gainera, segur aski nabarmen eragingo diren aldeen ezaugarriak azpimarratuko dira.
Horretarako, esparruaren balioa identifikatu behar da. Kasu honetan, esparruak, udalerriaz gain, udalerria gainditzen duten eta jarraian jasotzen diren ingurumen-intereseko eremuak hartu behar ditu barne, xehetasun gradu nahikoarekin, ingurumen-interes berezia duten honako baliabide eta espazio hauen analisiaren bidez. Modu horretan, beren muga espazialak, babesteko helburuak eta erabilera araubidea, egongo balitz, identifikatzen dira. Horiek honako hauek dira beraz:
Jabari hidrauliko publikoa, ertzen zortasun aldea eta bere polizia aldea.
Akuiferoak betetzeko eremuak, baita akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duten aldeak.
Euskal Kultura Ondarea osatzen duten ondasunak. Cía Franco Belga deituriko Horno Apold-Fleisneraren enklabea Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatuta dago, baita ondare historiko-arkitektoniko eta arkeologikoaren zati direlako katalogatuta eremuak ere.
Alde Hezeetako LAPren III. taldeak (17) barne hartzen dituen hezeguneez gain, gutxienez, Alde Hezeetako Inbentarioaren aldaketa-proposamenak barne hartzen dituen III. taldeko hezeguneak kartografiatu beharko dira. III. taldea (18).
Udalerriaren zati handi bat kiropteroentzat (19) interes bereziko eremua da.
Balio agrologiko handiko lurzoruak.
Udalerriko esparruaren zati batek, EAEko Korridore Ekologikoen Sareko Armańón-Ganekogorta loturaren korridoreko moteltze eremuarekin bat egiten du.
Gainera, tokiko esparruan, lotura-interes berezia duten paisaiaren elementuak identifikatzea iradokitzen da. Horrela, korridore ekologikoen eskala anitzeko sarea garatu daiteke. Tokiko korridore horien helburuak honako hauek izango lirateke: lotura-intereseko paisaiaren elementuak kontserbatzea, horien gaineko eraginak prebenitzea eta horien arteko konektibitatea hobetzea.
Bestalde, esparruko zaurgarritasuna identifikatu behar da, proposatu diren jardueretarako garrantzitsuak diren ingurumen-arazo izatedunak adieraziz. Bereziki, honako hau hartuko da kontuan:
Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legeko 15.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, berrikuspenak natura-arriskuen mapa hartu behar du barne. Kasu honetan, oinarri gisa, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzak egindako aldez aurretiko kontsultei emandako erantzuna erabil daiteke.
Udaleko sare hidrografikoa Bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola) (20) esparrua da. Beraz, Bizkaiko Lurralde Historikoan, Bisoi europarraren (Mustela lutreola) Kudeaketa Planean ezarritako babeserako helburuak aplikatuko dira. Lurralde- eta hirigintza-plangintzaren tresnek espeziearen habitatak zaintzen, mantentzen edo berreskuratzen direla bermatu beharko dute, horiek mugatzea beharrezkoa denean behar bezala arrazoituz.
Kutsatutako lurzoruak: Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen artikuluak kontuan hartuta, kutsatuta edo eraldatuta dagoen lurzorua izateak lurzoru horrentzako erabileraren esleipena edota lurzoruari bere gaitasuna, helburu duen erabileraren eginkizunak betetzeko, itzultzera bideratutako neurri zuzentzaileei edo lurzorua leheneratzeko baldintzak berrezartzera bideratutako neurri zuzentzaileei ekiteko beharra baldintzatu ditzake.
Kutsatzailea izan daitekeen jarduera edo instalazioren bat jasan edo jasan duen lurzoruaren kalifikazioa aldatzen bada, lurzoruaren kalitatearen aitorpenaren prozedura hasi beharko da, 1/2005 Legearen 17.1. artikuluan ezartzen den moduan.
Bestalde, indusketa edo lurra mugitzeko jarduerak gauzatzen direnean kutsadura aztarnak antzematearen ondorioz, jarduera horien arduradunak horren berri eman beharko dio dagokion udalari eta autonomia-erkidegoko ingurumen organo eskudunari.
Ur hornikuntzarako baliabideek, aldaketan aurreikusitako jardueren eskariari erantzuteko, nahikoa gaitasun dutela aztertu eta kuantifikatuko da, baliabide hidrikoen gainean eragin kuantitatibo negatiboak gertatu ez daitezen.
Ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legeko 7.1 artikuluak ezartzen du Uraren Euskal Agentziaren betekizunen artean plan orokorren, arau subsidiarioen, zatiko planen eta plan berezien inguruan informatzeko betebeharra dagoela, horiek hasieran onartu baino lehen. Aipatutako horiek lotesleak dira. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udaleko plangintzaren arteko harremanari buruzkoa bakarrik izango da. Basauriko Udalak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzeko eskatu beharko dio.
Ekainaren 23ko Uraren 1/2006 Legeko 7.k artikuluak ezartzen du Uraren Euskal Agentziaren betekizunen artean plan orokorren, arau subsidiarioen, zatiko planen eta plan berezien inguruan informatzeko betebeharra dagoela, horiek hasieran onartu ondoren. Aipatutako horiek lotesleak dira. Txosten hori udaleko plangintzaren eta jabari hidrauliko publikoaren babesaren eta erabileraren harremanari buruzkoa bakarrik izango da. Basauriko Udalak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzeko eskatu beharko dio, plan bereziaren hasierako onarpenaren ostean.
37/2003 Legeak (21) eta 1367/2007 Errege Dekretuak (22) ezartzen duten moduan, berrikuspenak udalerriko zonakatze akustikoa hartuko du barne, une honetan dauden bideetako azpiegituren zortasun akustikoa kontuan hartuta. Zonakatze horrek aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuko 5. artikuluan azaltzen den metodologiari erantzun beharko dio.
Aipatutako zonakatzea eginda, aplikatu daitezkeen kalitate akustikoaren helburuak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan azaltzen direnak izango dira. Kalitate akustikoko helburu horien betetzea egiaztatu beharko da, 1367/2007 Errege Dekretuko IV. eranskinean ezarritakorekin bat etorriz.
Udalerriari A-8 autopistaren zortasun akustikoak eragiten diola kontuan hartuta, berrikuspena azpiegiturako dagokion organo eskudunari igorri beharko zaio, nahitaezko txostena igor dezan.
Era berean, 37/2003 Legeak zioen azalpenean aipatzen du hirigintzako plangintzak beti hartu behar dituela kontuan eremu akustiko bakoitzeko kalitate akustikoaren helburuak, lurzoruaren sailkapena, plangintzaren onarpena edo antzeko neurriak burutzerakoan. Kalitate akustikoaren helburu horiek kontuan hartu beharko dira esparruaren hartzeko ahalmena zehaztean eta aukerak sortzean eta aukeratzean irizpide gisa erabiltzean.
Airearen kalitatea / usainak: Inguruneko airearen kalitatea (23) zaindu behar da planean aurreikusitako erabilerekin bateragarritasuna egiaztatze aldera.
Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.
Kartografian jaso beharko dira ingurumenari dagokionez, interes berezia duten baliabideak eta espazioak, eta planaren esparruan dauden eta planaren jarduerentzat garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak, aipatutako informazioa azkar eta erraz eskuragarri izateko.
4. Teknikoki eta ingurumen aldetik bideragarriak diren ingurumeneko aukerak aztertzea. Egindako aukera arrazoitzea.
9/2006 Legeko 8.1. artikuluak arrazoizkoak diren aukerak identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko betebeharra ezartzen du (24). Beraz, bere ez-izatea bidegabekoa da, horien irrazionaltasunaren inguruan berariaz beste ezer arrazoitu ezean, horiek aldez aurretik ezarritako bideragarritasun teknikoko irizpideekin bete ezin daitezkeelakoan oinarrituta.
Jaso diren aukerek, sustatzailearen eskumen juridikoan eta geografikoan sartzen direnek, planean aurreikusitako helburuak modu ezberdinean garatzea bilatu behar dute, zenbait kokapen-proposamenen edota planaren edo bere jardueren edota behin-behineko lekuen garapenaren bidez. Helburu horien artean nahitaez ingurumeneko helburuak egon behar dute eta, zehazki, planarentzako ingurumeneko irizpide estrategikoak. Gainera, aukera horien hautaketa, labur baina aski, arrazoitu behar da, espresuki aipatuz planak eta planak bere baitan dituen jarduerak nola eta zer neurritan garatuko dituzten irizpide horiek. Ildo horretan, bideragarritasun teknikoko eta ingurumeneko irizpideen aldez aurretiko identifikazioak (horiekin arrazoizkoak diren aukerak sortuko dira eta horiek ondoren ebaluatzeko eta kontuan hartzeko balioko dute) aukera horien koherentzia horiek oinarritzen dituzten irizpideekin justifikatzeko bidea ematen du.
Beharrezkoa da konparatiboki planeko aukera guztiek izan ditzaketen ondorio nabarmenak identifikatzea, deskribatzea eta ebaluatzea, batzuen eta besteen artean ondorio horien ebaluazioaren baldintzetan bereizketarik izan gabe. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen arrazoizko aukera guztien irudi zehatza azaldu beharko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiena.
5. Planak eta haren baitako jarduerek eragin ditzaketen kalteak identifikatu eta balioestea.
Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen Ingurumen Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).
Esfortzua, ingurumenean eta haren baitako erlazioan, planak eta horren jarduerek izan ditzaketen ondorio nabarmenak identifikatzera dago zuzenduta. Ingurumenaren gaineko ondorioen esangura posiblea zehazteko erabili beharreko irizpideak ingurumeneko zenbait plan eta programen ondorioen ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean ezarritakoak izango dira eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoak. Dekretu horren bidez, proiektuen Ingurumen Eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen da.
Gainera, beharrezkoa da konparatiboki aukerek izan ditzaketen ondorio nabarmenak identifikatzea, deskribatzea eta ebaluatzea, horien ebaluazioaren baldintzetan bereizketarik izan gabe. Horretarako, gauzatu daitezkeen arrazoizko aukera guztien irudi zehatza azaldu beharko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiena.
Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:
Faunaren eta landarediaren gaineko eragina. Esparruan katalogatuta eta arriskuan dauden fauna-espezieen eta bere populazio dinamikaren gainean izan ditzaketen ondorioen eta eraginen gainean aurreikusitako jarduerak aztertu, diagnostikatu eta baloratuko dira. Berrikuspen horrek espezie horien habitatak zaintzen, mantentzen eta berreskuratzen direla bermatu beharko du (25).
Jabari publiko hidraulikoaren, hezeguneen eta ibaien ertzen gaineko eragin posiblea.
Planaren eta bere baitako jardueren eragina zenbait eremu akustikoko kalitate akustikoaren helburuen gainean ebaluatu beharko da.
Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.
Ingurumenean eta haren erlazioan planak eta horren baitako jarduerek izan ditzaketen ondorio nabarmenak kartografikoki jaso beharko dira, aipatutako informazioa berehala eta erraztasunez eskura izateko helburuarekin.
6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Plana egiterakoan ingurumeneko irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean ez izatearen edo gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertu ahal izango litzateke. Horregatik, behar bezala justifikatu behar da, txosten honetan dagokion atalean aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak ondo txertatu arren, neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak gertatzen direla.
Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren aukeren garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ezin da ahaztu neurri horiek ingurumenean eragin nabariak izan ditzaketela. Beraz, identifikatu egin beharko dira eta, hala badagokio, ebaluatu.
Azken aukeran, konpentsaziozko neurriak hartuko dira, onargarria den muga gainditzen ez duen eragin negatibo nabarmena, alegia, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak baino txikiagoa, saihestu ezin daitekeenean edo behar bezala arindu ezin daitekeenean. Kasu horietan, bere eragina bidezkoak diren ingurumeneko neurriekin konpentsatu beharko da. Horiek aurkako keinukoak eta esangura berekoak izango dira. Zehazki, egingo diren jarduerak eta kapital naturala galtzea eragiten dutenak konpentsatu egin beharko dira kapital hori handitzearen edota hobetzearen bitartez.
Kasu honetan, proposatutako neurrien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da eta horien behin-behineko burutzapena planifikatu.
Planaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jasotako ondorioen zuzenketaren aurrean prebentzioaren printzipioa jarraituz, ingurumeneko zuzentarauak ezarri behar dira, planaren garapenezko agirientzat, aurreikusitako jardueren kokapenean eta garapenean horien integrazioaren bidez, beren eragin nabarmen negatiboak mugatze aldera eta, horrela, ondoren, neurri zuzentzaileak edota konpentsaziozkoak ezartzeko beharra urritze aldera.
7. Planaren eragina gainbegiratzeko programa.
Ingurumenean gerta daitezkeen ondorio nabarmenek, bai positiboek bai negatiboek, horrela identifikatutakoek bakarrik, jarraipena beharko dute. Horretarako, beharrezkoa da, aldez aurretik, ondorio nabarmen bakoitzari dagokion adierazlea (kualitatiboa edota kuantitatiboa) esleitzea. Horiek ezartzeko, gutxienez, honako adierazle hauek berrikusiko dira:
Oinarrizko adierazleak (26) [kausa-ereduaren oinarriari buruzkoak (27)].
Goiburuko ingurumeneko adierazleak (28).
EAEko iraunkortasun-adierazleak (29).
Europako egiturako adierazleak.
Bizkaiko iraunkortasun-adierazleak (Ortuella, XII. taldea).
Ondorio nabarmenek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausa-efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.
Behin planak eta horren jarduerek ingurumenean izan ditzaketen ondorio nabarmenentzako adierazleak ezarri direnean, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeaz arduratuko den agintaritza zehaztu beharko da. Gainbegiratze hau ohiko planifikazio-sisteman integratu ahal izango da baina, ziurtatu beharko da edozein unetan jakin ahal izango dela zein den planak adierazle horri egin dion ekarpena edo, horrela izan ezean, zehaztuko da gainbegiratzeak zenbat iraungo duen eta zenbateko aldizkakotasunaz egingo den.
8. Laburpen-agiria.
Laburpen-agiria idatzi beharko da, uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinaren 8. artikuluan finkatzen diren ezaugarriekin. Dekretu horren bidez ingurumen eraginaren baterako ebaluazio-prozedura arautzen da. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.
9. Dokumentazio grafikoa.
Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori taula, grafiko, irudi, argazki, eskala egokiko plano eta abar bezala aurkeztuko da.
6. INFORMAZIO ETA KONTSULTA MODALITATEAK.
Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:
Kontsulta eragindako administrazio publikoei eta interesdun publikoari, ebazpen honetako 2.3. atalean identifikatutakoei, planeko lehenengo agiria eta ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlaneko agiria igorriz, eta, 45 egun izango dituzte agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
Planaren lehenengo agiria eta ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanekoa jendaurrean jarriko dira, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko den iragarki bidez, eta 45 egun utziko dira agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
7. INGURUMEN ERAGINARI BURUZKO AURRETIAZKO TXOSTENAREN ESKAERA.
artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Ortuellako Hiri-antolamendurako Udalerriko Orokorraren Berrikuspena» hasieran onetsi aurretik, plana behin betiko onesteko dagokion organoak, kasu honetan Ortuellako Udalak, ingurumeneko organoari ingurumen eraginari buruzko aldez aurretiko txostena igortzeko eskatuko dio eta, txosten horrekin batera, planeko berrikuspenaren aurrerapen eskaera edo lehenengo agiria aurkeztu beharko dira, erreferentziazko agiri honetan zehaztutako gutxieneko edukiarekin.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 14a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
OHARRAK
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa
(2) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 LEGEA
(3) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programa (2007-2010). 9. helburu estrategikoaren 3. jardun-ildoa: lurraldearen erabilera orekatua lortzea.
(4) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 3.3.c) artikulua.
(5) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programa (2007-2010). 3. helburu estrategikoa: lurzoruaren kutsadura saihestea eta zuzentzea.
(6) Ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 3. artikulua.
(7) Hirigintzako plangintza iraunkortasun-irizpideekin idazteko eskuliburua. IHOBE, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila. 2005.
(8) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programa (2007-2010). 11. helburu estrategikoa: egokitzapena klima-aldaketara.
(9) Irizpide horiek Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak 2007ko abenduaren 10eko Aginduaren bidez hasierako izaeraz onetsitako Kantauriko isurialdeko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketan sartu dira.
(10) 2006ko COM(2005) 718 final izeneko agiria, hiriko ingurumenarentzako gaikako estrategiari buruzkoa.
(11) Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 LEGEA
(12) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programa (2007-2010). 2. helburu estrategikoa: uraren kalitate ona
(13) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programa (2007-2010). 1. helburu estrategikoa: aire garbia.
(14) Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua. Horren bidez, azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen da, Zaratari buruzkoa, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta zarata-igorpenei dagokiona.
(15) 16/1994 Legea, ekainaren 30ekoa, EAEko Natura Babestekoa.
(16) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Esparruko Programa (2007-2010). 7. helburu estrategikoa: gure aniztasun biologikoa mantentzea.
(17) 160/2004 Dekretua, uztailaren 27koa. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Alde Hezeetako Lurraldearen Arloko Plana behin betiko onartzen da.
(18) http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-3074/es/contenidos/inventario/humedales/es_humedal/modificacion_grupo3.html.
(19) Nahiko txikiak diren eta ondo mugatuta dauden enklabeak dira. Horiek oso garrantzitsuak dira espezie honen guneak gorde ahal izateko edota espezie oso hauskorra dela erakusten dute. Interes bereziko eremuen definizioa arriskuan dauden espezieen kudeaketa-planen proposamenetan eman den informazioaren ondorioz egin da. Proposamen horiek zenbait aditu-taldek egin zituzten 2001. eta 2002. urteetan.
(20) Foru aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua. Horren bidez, Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik.
(21) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea.
(22) Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua. Horren bidez, azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen da, Zaratari buruzkoa, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta zarata-igorpenei dagokiona.
(23) Sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, nitrogeno oxidoa, partikulak, beruna, bentzenoa eta karbono monoxidoari dagokionez, inguruneko airearen kalitatea ebaluatu eta kudeatzeko urriaren 18ko 1073/2002 Errege Dekretua.
(24) Apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 8.1. artikulua, ingurumenean zenbait plan eta programek duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(25) Euskal Herriko natura Kontserbatzeko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 54. artikulua.
(26) EAEko Ingurumenaren Egoera lantzeko oinarri gisa balio dute eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko Lege Orokorrean ezarrita dagoen moduan, hiru urtean behin egin behar da.
(27) Oinarrizko adierazleetatik adierazle gutxi batzuk aukeratzen dira eta horiek emango dituzte ezarri diren ingurumeneko helburu nagusien joera orokorrak. Adierazle horiek, gainera, hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko hartu-emanak lotzen dituzte. Horiekin urtero txostena idazten da; txosten horrek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenaren garapena argi eta labur azaltzen du.
(28) Oinarrizko adierazleetatik adierazle gutxi batzuk aukeratzen dira eta horiek emango dituzte ezarri diren ingurumeneko helburu nagusien joera orokorrak. Adierazle horiek, gainera, hazkunde ekonomikoaren eta ingurumenaren arteko hartu-emanak lotzen dituzte. Horiekin urteko txostena prestatzen da, Euskal Herriko ingurumenaren bilakaera modu erraz eta azkarrean adierazten duena. Adib.: IEP adierazleak.
(29) Euskal gizarteak aurrera nola egiten duen islatzen dute, alegia, ekonomia-, gizarte eta ingurumen dimentsioetatik. Europako egiturako adierazleetatik abiatuta ezartzen dira.


