- EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 15ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Legazpiko Udalak sustatutako «Kamioiak aparkatzeko eremu logistikoa antolatzeko Legazpiko HAPOren Aldaketa» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 15ekoa, Ingurumen sailburuordearena, Legazpiko Udalak sustatutako «Kamioiak aparkatzeko eremu logistikoa antolatzeko Legazpiko HAPOren Aldaketa» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 30
- Hurrenkera-zk.: 739
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/01/15
- Argitaratze-data: 2009/02/12
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) idatz-zatian azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago «Kamioiak aparkatzeko eremu logistikoa antolatzeko Legazpiko HAPOren Aldaketa». Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Legazpiko Udalak 2008ko urriaren 10ean hasi ditu izapideak «Kamioiak aparkatzeko eremu logistikoa antolatzeko Legazpiko HAPOren Aldaketa» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
Ingurumen ondorioetarako soilik, Legazpiko Udalak sustatutako «Kamioiak aparkatzeko eremu logistikoa antolatzeko Legazpiko HAPOren Aldaketa» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.
Txostena honakoa da:
Aurrekariak.
Aldaketaren helburua Urola Garaiko eskualdearen zerbitzura egongo den kamioi-aparkaleku bat Legazpin antolatzea da. Urretxu-Legazpi korridorea sustapeneko ekonomia-jarduerak finkatzeko erabiliko dela baieztatuta, ondoriozko lur-soberakinei erantzuna emateko, betetzeak egin behar direla egiaztatu da. Kasu horretan, Legazpiko Udalak aipatutako betetzeen lurzoruari erabilgarritasuna emateko aukera mahaigaineratu du. Horrela bada, Urola Garaiko eskualdearen zerbitzura egongo litzatekeen kamioi-aparkalekuetarako plataforma bat egiteko aukera bideragarritzat jo du. Kontsideratu beharreko bi aukera mahaigaineratu dira:
Intxurretako ibarbidea. Eremu hori Legazpiko udalerriaren iparraldean, Mendiaraseko errekastoaren ibilbidetik gertu (Zumarraga-Azkoitia ibarbidean) kokatuta dago. Horrek gutxi gorabehera 75.000 m²-ko lurzoru urbanizaezineko lurralde bat barne hartzen du.
Mendiaraz-Goikoa ibarbidea, Elbarrena hiri-eremutik oso gertu dagoena. Horrek 25.000 m²-ko azalera du eta Elbarrenako hiri-eremuaren mendebaldean kokatuta dago, horren ondo-ondoan. Batez ere lur urbanizaezinez osatua dago, Elbarrenatik gertuen dagoen zatia izan ezik, hori lurzoru urbanizagarria baita.
Bi aukeretan, sarbidea Elbarrenan aurreikusitako garapena kontuan hartuta proposatu da.
Egindako kontsultak.
2008ko urriaren 19an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.
Interesatu gisa kreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko azaroaren 25ean amaitu zen. Izapide horretan inor ez da publiko interesatu gisa kreditatu.
Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:
Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia.
Uraren Euskal Agentzia.
IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.
Ekologistak Martxan elkartea.
Arauzko epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzatik, Osasun Publikoko Zuzendaritzatik, Kultur Ondarearen Zuzendaritzatik, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzatik eta IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikotik proposamenak jaso dira.
Aldaketari aplika daitezkeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.
Legazpiko HAPOren Aldaketa egiteko, nagusiki Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean; ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuan. Dekretu horren bidez, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira.
Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, aldaketak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:
Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (2) (proposatutako ekintzetarako gai den artifizial bihurtutako lurrik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da).
Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita (3).
Pertsonen mugikortasun-eskaerari erantzuteko, oinez ibiltzea, bizikleta hartzea eta garraio kolektiboa erabiltzea sustatzea (4). Motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa sustatzea (5).
Ahal den neurrian, gaur egun garatu gabe dauden eta 100 urteko itzulera epeko uholdeak jasateko arriskua duten eremuen artifizializazioa saihestea (6) (Proposamenak Uraren Euskal Agentziaren «Uholdeak jasateko arrisku-mailaren araberako lurzoruaren erabilera-irizpideetara» egokitu beharko dira») (7).
Energia-aurrezpena, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea (8).
Lurpeko zein gainazaleko ur kontinentalei, beren oheei, ibilguei, ur-bazterrei eta ertzei, trantsizio-urei eta kosta-urei eragin diezaieketen edozein izaerako planek, programek edo jarduerek, lehenik eta behin, baliabidearen eta ingurunearen babesa, zaintza eta berriztapena zaindu beharko dute. Bereziki, lurralde eta hirigintza antolamenduko planek eta tresnek beren eta inguruaren kontserbaziorako beharrezko neurriak ezarri beharko dituzte. Gainera, sor daitezkeen eskaerak aurreikusi behar dituzte, eta baita behar horiek ingurumenari dagokionez modu onargarrian asetzea bermatzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta finantzarioak ere (9).
Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea.
Landaredia kontserbatzen dela zaintzea, bereziki, basoak, landare-multzoak, hesiak, eta ertzetako landaredia (10). Gipuzkoako baso-masak beren azalera eta dibertsitate guztiarekin kontserbatu behar dira, basoen babes, ekoizpen eta giza funtzioak direla eta (11).
Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie (12).
Paisaia-faktorea udal-plangintzaren barruan sartzea, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz, Paisaiaren Europako Hitzarmenak ezartzen duen bezala (13).
1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzea (14).
HAPOren aldaketak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.
Iraunkortasun- txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.
Beraz, «Kamioiak aparkatzeko eremu logistikoa antolatzeko Legazpiko HAPOren Aldaketa» izeneko planak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egitura jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta 9/2006 Legearen I. eranskina.
Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:
Aldaketaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribapena.
Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Aldaketak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
Aldaketak izan ditzakeen eraginak identifikazioa eta balorazioa.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Laburpen-dokumentua.
Dokumentazio grafikoa.
Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:
1. Aldaketaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.
Atal honetan Legazpiko HAPOren Aldaketaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoetan nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.
Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek aldaketa lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira aldaketan aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.
Aldaketak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.
2. Beste plan eta programekin dituen elkarrekintzen analisia.
Aldaketak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazioa izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Berrikuspen Partzialak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.
Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:
EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.
Goierriko Lurraldearen Zatiko Plana.
Onartu diren edo izapideak egiten ari diren Lurraldearen Arloko Planak.
Arriskuan dauden Espezieak Kudeatzeko Planak.
Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.
EAE-ko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).
Ingurumen-alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.
3. Aldaketak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.
Gaur egungo ingurumen egoeraren alderdi garrantzitsuenak aipatuko dira (lurzoruak aurreikusitako erabilerak hartzeko izango duen ahalmena) eta baita horiek izan dezaketen bilakaera ere; gainera, beharbada nabarmen kaltetuko diren eremuen ezaugarriak azpimarratuko dira.
Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da beharrezko xehetasun mailarekin, honako aspektuen analisiaren bitartez:
Eragin handia jasan dezaketen (15) guneetako ingurumen-ezaugarriak (landaredia, fauna, hidrologia, geologia, hidrogeologia, kultura-ondarea,&). Kokapen bakoitzean eragina jasango lukeen baso autoktonoaren azalera zehaztasunez aztertu behar da. Era berean, Intxaurretako kokapenean interes komunitarioko 6510 habitatarekiko (altitude baxuko sega-belardi elkorrekiko) dagoen eragina arreta bereziarekin aztertuko da.
Plan Berezirako garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako, eraldatutako edo higadura handiko lurzoruak, kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferikoa eta abar). Honako hau kontuan hartuko da:
a. Lurzoruaren legearen testu bategina onartzen duen ekainak 20eko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Plan Bereziak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du. Intxaurretako kokapenean maldek % 50eko desnibela izatera iristen direla kontuan izanik, higadura-faktorea aipatutako arrisku naturalen mapan jaso beharko da.
b. Kutsadura atmosferikoari dagokionez, inguruaren aire-kalitatea (16) kontuan izan behar da, Plan Berezian aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin.
c. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.1 artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren aurretik plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udalerriaren plangintzaren arteko harremanari buruzkoa izango da esklusiboki. Legazpiko Udaletxeak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.
d. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.k) artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren ondoren plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori udalerriaren plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoa izango esklusiboki. Legazpiko Udaletxeak Aldaketaren hasierako onespenaren ostean Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.
e. 37/2003 (17) Legeak eta 1367/2007 Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Arau Subsidiarioen berrikuspenak, modu esplizituan, eremuen zonakatze akustikoari dagokion mugaketa barne hartuko du. Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du. Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira. Horiek eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan kontuan hartu beharko dira eta alternatiben sormenean eta hautaketan irizpide gisa erabili beharko dira, kalitate akustikoari dagokionez, eremu akustiko ezberdinen arteko eta horiek eta zortasun akustikoko eremuen eta jatorri naturala duten soinu-erreserben arteko bateragarritasuna mantenduz. Beharrezkoa bada, aipatutako bateragarritasuna lortzeko beharrezko ekintzak aurrera eramango dira.
Ingurumen mailan garrantzi berezia duten aldeak:
a. Balio agrologiko handiko lurzoruak.
b. Hostozabaleko zuhaiztiak.
c. Akuiferoak betetzeko lekuak, baita akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duten eremuak.
d. Herri onurako mendi gisa katalogatutakoak eta mendi babesleak.
e. Jabari Publiko Hidraulikoa eta baita poliziarenak diren zonak eta afektatutako ibaietako ertzen zortasun-zona ere. Bi ibarbideetan ur-ibilguak daudenez, IEEBko azterlanak kokapeneko eremutik kanpo dagoen inguruko esparru zabalagoan inpaktuak egon daitezkeen baloratu beharko du, eragin posiblearen esparrua justifikatuko duela eta esparru hori ebaluazio-esparru gisa definituko duela.
Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.
4. Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.
9/2006 Legearen 8.1 artikuluan arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horrenbestez, modu egokian justifikatutako ezintasun teknikoren bat egon ezean, aldaketaren helburuen garapenerako bestelako proposamenik ez egotea bidegabekoa izango da.
Begietsitako alternatibek, sustatzailearen eskumen juridikoan eta geografikoan sartzen direnak, planean aurreikusitako helburuak modu ezberdinean garatzea bilatu behar dute. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Egindako alternatiben hautaketa behar den mailan motibatu behar da, eragin posible askoz ere negatiboagoak izango lituzketen alternatibak nahita aukeratzearen bidez nahi den alternatiba sustatzea saihestuz. Aipatutako alternatiben identifikaziorako, deskribapenerako eta ebaluaziorako erabilitako ingurumen-irizpideak eta bideragarritasun teknikoari dagozkion irizpideak espresuki adierazi beharko dira.
Beharrezkoa da alternatiba guztien eta bakoitzaren eragin esanguratsu posiblea konparaziozko moduan identifikatzea, deskribatzea eta balioztatzea. Ebaluazioa ez da alternatiba bakar batean oinarritu behar, beste guztiak aurretik baztertuz. Aztertutako arrazoizko alternatiben irudi zehatz bat eskaini behar da, eta baita aukerarik onena izatearen arrazoiak ere adierazi behar dira.
Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.
5. Aldaketak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.
Aldaketak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).
Ahaleginak egin beharko dira aldaketak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.
Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:
Bertan dauden hostozabalen zuhaiztien gaineko eragina.
Mehatxatutako faunaren gaineko eragina.
Paisaiaren gaineko eragina.
Akuiferoen gaineko eragina.
Lurzoru artifizializatua gehitzea.
Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.
Hondakin gehiago sortzea.
Ibilgailuen trafikoa areagotzea eta sarbide berri posibleen ingurumen-afekzioa.
Zarata arazoak.
Uholde arriskua.
Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.
Aldaketak eta berrikuspen partzialeko jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.
6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
HAPOren Aldaketa egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.
Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.
Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.
Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira (18).
HAPOren Aldaketaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira aldaketa garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, berrikuspenean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.
Aldaketaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek erreferentzia egingo diete gutxienez hurrengo aspektuei:
Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.
Energia-eraginkortasuna sustatzea.
Hondakinen sorrera murriztea.
Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.
Mugikortasun iraunkorra sustatzea.
2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.
Dibertsitate biologikoa mantentzea.
7. Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:
Oinarrizko adierazleak (eredu kausalaren oinarrituta).
Goiburuko ingurumen-adierazleak.
EAEko iraunkortasunaren adierazleak.
Europako egitura-adierazleak.
Gipuzkoako Iraunkortasunaren adierazleak.
Tokiko Agenda 21en adierazleak.
Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausa efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.
Aldaketak eta bere jarduerek ingurumenaren gainean izan ditzaketen eragin garrantzizkoenen adierazleak finkatu ondoren, planean adieraziko da nor arduratuko den adierazle bakoitza gainbegiratzeaz. Gainbegiratze hau ohiko planifikazio-sisteman integratu ahal izango da baina, ziurtatu beharko da edozein unetan jakin ahal izango dela zein den planak adierazle horri egin dion ekarpena edo, horrela izan ezean, zehaztuko da gainbegiratzeak zenbat iraungo duen eta zenbateko aldizkakotasunaz egingo den.
8. Laburpen-agiria.
Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.
9. Dokumentazio grafikoa.
Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.
Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.
Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:
Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.2. atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta eta, gutxienez, 45 eguneko epea edukiko dute agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
Legazpiko HAPOren Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana jendaurrean jarriko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.
Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.
183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Kamioiak aparkatzeko eremu logistikoa antolatzeko Legazpiko HAPOren Aldaketa» planaren hasierako onespenaren aurretik, Aldaketaren behin-betiko onespena eman behar duen organo eskudunak, kasu honetan Legazpiko Udalak, ingurumen-organo honi ingurumenaren gaineko inpaktuari buruzko Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea Legazpiko HAPOren Aldaketaren Aurrerakinarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 15a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
OHARRAK:
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(2) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatu bat lortzea.
(3) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainak 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.
(4) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 8. Helburu Estrategikoa: Beste mugikortasun kudeaketa eredu baterantz.
(5) Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Euskal Plana 2008-2012. 1.Programa: Karbono gutxiago. «Karbono gutxiago eta energia garbiagoak erabiliz produzitzea eta kontsumitzea, eta karbono-hustulekuak kudeatzea». Garraio-Sektorea, Lerroa: «Aurrezpena eta eraginkortasuna garraiobideetan eta horien erabileran». 16. Ekintza.
(6) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 11. Helburu Estrategikoa: Klima aldaketara egokitzea.
(7) Irizpide horiek Isurialde Kantauriarreko Ibai eta Erreken antolamenduko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketaren barne sartu dira, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Sailburuaren Aginduz 2007ko abenduaren 10ean onartutakoa.
(8) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. Helburu Estrategikoa:Energia kontsumo eta ekoizpen iraunkorrak sustatzea.
(9) Urei buruzko ekainak 23ko 1/2006 Legearen 29.2 artikulua.
(10) Euskal Herriko Izadiaren Kontserbazioari buruzko ekainak 30eko 16/1994 Legearen 2.e artikulua.
(11) Gipuzkoako Mendiei buruzko urriak 20ko 7/2006 Foru Arauaren 66.1 artikulua.
(12) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 7. Helburu Estrategikoa: Gure biologia-dibertsitatea mantentzea.
(13) Aipatu Hitzarmena 2008ko martxoaren 1ean indarrean sartu zen, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren Berrespenaren Instrumentuari jarriki (Europako Kontseiluaren 176. zenbakia), 2000ko urriaren 20an Florentzian egina (2008ko otsailaren 5eko BOE, 31. zenbakia).
(14) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.
(15) Kontuan izan beharreko ingurumen-eraginak arrazoizko probabilitate-maila batekin aurreikusi daitezkeenak izatea iradokitzen du. Arreta-printzipioa aplikatzea: ez da eragin esanguratsuak sortu behar direla ziurtasunarekin jakin behar, aldiz, horiek emateko dauden probabilitateak hartu behar dira kontuan.
(16) 1073/2002 Errege Dekretua, urriaren 18koa, ingurumenaren aire-kalitatearen ebaluazioari eta kudeaketari buruzkoa, sufre-dioxidoari, nitrogeno dioxidoari, nitrogeno-oxidoei, partikulei, berunari, bentzenoari eta karbono monoxidoari dagokienez.
(17) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea.
(18) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 2. lehentasuna.


