- 4/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programaren barruan 2008an egin beharreko hainbat lan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan emateko Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakia argitaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu4/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programaren barruan 2008an egin beharreko hainbat lan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan emateko Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakia argitaratzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 33
- Hurrenkera-zk.: 831
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/01/23
- Argitaratze-data: 2009/02/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Sailak
Testu legala
Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 30ean egindako bileran Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programaren barruan 2008an egin beharreko hainbat lan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematea erabaki duenez, zabalkunde egokia izan dezan, honakoa,
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 23a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako
eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.
JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 23KO 4/2009 EBAZPENAREN ERANSKINA
Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programaren barruan 2008an egin beharreko hainbat lan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan emateko erabakia.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 16. artikuluak Garraio eta Herri Lan Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 10.1.f) artikuluaren arabera, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzari dagokio lurreko eta aireko garraioaren azpiegituretako obrak zuzendu, ikuskatu eta kontrolatzea.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, entearen helburuetan sartzen da, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia dutenak.
Bestetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluak esaten duenez, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».
Arau horren arabera, kudeatzeko gomendioa administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarritakoari begiratuz formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartuko duten erabaki baten bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programako proiektuak egiteko, eta proiektuen eta obren jarraipena egin eta kontrolatzeko burutu beharreko jarduera material, tekniko eta zerbitzuzkoei dagokienean, arrazoi tekniko eta materialengatik, jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematea da zentzuzkoena, baldin eta interes publikoak lortzeko eraginkorrago izan nahi bada.
Ondorioz, Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez, eta dagokion azterketa egin ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honakoa erabaki du:
ERABAKIA
«Lehenengoa. 2008an Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programa burutu, jarraipena egin eta kontrolatzeko Garraio eta Herri Lan Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko, juridiko eta zerbitzuzkoak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematea. Kudeatzeko gomendio horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak, lagatzen direnik.
Bigarrena. Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak Akordio honen eranskinean datoz jasota.
Hirugarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.»
ERABAKIAREN ERANSKINA
Gomendioaren xedea.
Kudeatzeko gomendio honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programa burutu, eta haren jarraipena egin eta kontrolatzeko 2008ko lanak egiteko arauak zehaztea.
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.
Harreman horiek zehazte aldera, zenbait figura juridiko definitzea komeni da:
Administrazioa: Eusko Jaurlaritza. Garraio eta Herri Lan Saila. Garraio Azpiegituraren Zuzendaritza.
Enkarguaren zuzendaria: Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzaren esanetara lan egingo du. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea, SA (aurrerantzean, ETS): Garraio eta Herri Lan Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko ente publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.
ETSren ordezkaria: goi mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa burutzeko, eta Administrazioaren aurrean ETSren izenean jarduteko. ETSko talde guztiak ordezkari horren esanetara lan egingo du. Ordezkariak, enkarguaren zuzendariak eskatzen dion guztietan zuzenean emango dizkio azalpenak.
Lana egiteko era.
Hilean behin, gutxienez, ETSk idatziz emango dio enkarguaren zuzendariari ordura arte egindako lan guztien berri, eta aurrera egiteko behar diren aginduak eskatuko dizkio.
ETSk agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, bere ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.
Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen, ETSren bulegoetan.
Ikuskapenaren ondorio diren ohar edo aginduak enkarguaren zuzendariak jakinaraziko dizkio esleipendunari.
Aurrekariak, erreferentziazko agiriak eta planteamendu orokorra.
Kudeaketa-gomendio honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tranbia-programa burutu, eta haren jarraipena egin eta kontrolatzeko behar diren lan guztiak hartuko ditu bere baitan, eta bereziki honako proiektu hauen ingurukoak:
Vitoria-Gasteizko tranbia
Bilboko tranbiaren Basurtu-Errekalde tartea
Bilboko tranbiaren Autonomia-Pio Baroja tartea
Debarroko tranbia.
Urbinaga-Leioa-Unibertsitatea tranbia
ETSk egin beharreko lanak.
ETSk egin beharreko lanak honela sailka daitezke:
Tranbia-programaren plangintza eta kontrol orokorra.
Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programako proiektu eta obren jarraipena eta koordinazioa sartzen da hemen; bai proiektuak idazteko, bai eraikuntza-obren inguruko laguntza teknikoena, kontratu horien ondorio diren aurrera egiteko plan partzialena barne.
Kontua da aldizka-aldizka, gomendio bakoitzaren arduradunekin batera, gomendioen programen jarraipena egitea eta eguneratzea, eskura dagoen informazioa bateratzea, eta, aurretik finkatutako helburuak kontuan izanik, aurkezpen xume eta koherente bat atontzea, ulertzeko eta kontrolatzeko erraza gerta dadin, hartara, erabaki zuzentzaileak unerik egokienean hartzeko modua eskaini ahal izango baita.
Lan hori guztia egoera-txosten orokor batean jasoko da.
Azterlanak eta txostenak.
ETSk Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak, agintzen dizkion txosten eta azterlan guztiak idatziko ditu; eskatutako agiriak gomendiotan emandako gaiarekin zuzenean nahiz zeharka erlazionaturikoak izan daitezke.
Hainbat faseren barruan, proiektuak idazterakoan, jendaurrera ateratzerakoan eta obrak eraikitzerakoan, Garraio eta Herri Lan Sailak herritar eta kolektiboek aurkezten dituzten galdera eta alegazioei erantzuteko txostenak idatzi beharra izaten du.
ETSk erreklamazio horiek aztertzen lagunduko dio Sailari, eta horrek eskatzen dizkion txostenak idatzi, eta bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatuko ditu.
Era berean, Garraio eta Herri Lan Sailak txosten teknikoak ere eskatu ahal izango dizkio, baldin eta gaiarengatik berarengatik ingeniaritzako arlo jakin bateko adituen parte-hartzea beharrezko bada.
Alde horretatik, ETSren egitekoa izango da arazoa ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen baldintzak identifikatzea, eta arazoaren analisia kalitatezkoa izango dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek duen ikertzea, betiere kontsultore-lan horiek koordinatuz eta gainbegiratuz, proiektuaren koherentzia orokorrari eusteko.
Proiektuak zuzentzea eta proiektuak eta informazio-azterlanak egitea.
Euskal Trenbide Sareak Garraio eta Herri Lan Sailak Euskal Autonomia Erkidegorako eskatzen dizkion tranbia-proiektuak idatziko ditu, eta Sailak hirugarrenei esleitutakoak zuzenduko ditu.
Gomendioa indarrean dagoen artean, gutxienez proiektu hauek landuko dira:
Bilboko tranbia handitu eta Basurtu-Errekalde tartea eraikitzeko proiektua.
Bilboko tranbiaren Autonomia-Pío Baroja tarteko informazio-azterlana.
Debarroko tranbiaren 1. fasea eraikitzeko proiektua.
Leioa-Unibertsitatea tranbiaren eraikuntza-proiektua.
Tranbiaren informazio-azterlana Leioa-Urbinaga tarterako.
Eraikuntzaren kudeaketa.
Euskal Trenbide Sarearen ardura izango da Vitoria-Gasteizko tranbia eraikitzeko obrak eta Bilboko tranbiaren Basurtu-Errekalde zatikoak zuzentzea.
Zerrenda itxi bat osatzeko inolako asmorik gabe, lan hauek egingo dira besteak beste:
1. Obra zibilen eta ekipamenduen zuzendaritza.
Behin obrak eraikitzeko kontratua esleitutakoan, Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak obra-zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du eta kontratu hori bete dadin zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienean, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.
Obra-zuzendaria ETSren langilea izango da, eta, behar izanez gero, zuzendari-alboko baten eta aholkularitzarako talde tekniko baten laguntza izango du.
Egitekoen artean, eraikuntza bera akuilatzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Lan hori guztia obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da.
Obra-zuzendariak Garraio eta Herri Lan Sailaren izenean jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketatan; besteak beste, zuinketa-agiria sinatzekoan eta esleipendunak prezioak edo bestelako alderdi garrantzitsu batzuk aldatzeko aurkezten dituen iradokizunei buruzko lehenengo eztabaidetan.
Halaber, obra-zuzendaria izango da jabearen ordezko teknikoa obrek ukitzen dituzten zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.
Obrak zuzentzen laguntzeko talde tekniko bat izango du obra-zuzendariak, eta talde horren ardura izango da egunero-egunero obrak kontrolatu, kalitatea bermatu, geometriak eta zuinketa egin, saiakuntzak burutu eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egin, lan-oharrak idatzi, eta ziurtagiriak idatzi aurreko oharrak prestatzeko lana.
2. Kontsultoretza.
Atal honetan eraikuntza-lanetan edo, are proiektuak idazterakoan, ingeniaritzaren arlo jakin batzuetako adituek parte hartzea eskatzen duten lan bereziak sartzen dira.
ETSren lana izango da, arazoa zer-nolakoa den ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen ezaugarriak finkatzea, eta eskatutako analisia behar bezalako kalitatearekin egingo dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek daukaten ikertzea.
Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa zehaztu eta behar diren adituak hautatzeaz, eta aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatu egingo ditu, proiektuaren koherentziari eutsi ahal izateko eta hasierako helburu nagusiarekiko kongruentea dela bermatzeko.
3. Obrek erasandakoen kudeaketa.
Herri barruan obrak egiteak berekin dakar trafikoa, zerbitzuak eta bestelakoak ukitzea.
ETSk bere gain hartuko du erasandako horiek kudeatzeko ardura, hiritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiteko.
Egiteko horien artean sartuko dira:
Trafikoaren kudeaketa.
ETS plangintzarik onena egiten saiatuko da, obren eragina ahalik eta txikiena izan dadin, eta, zenbaitetan nahitaez sortuko diren ibilgailu-ilarak arintze aldera, trafikoarentzat alternatiba egokienak proposatzeko.
Trafikoaren kudeaketarako eskema horren barruan, arlo horretan ardura duten udal-agintariekin harremanak izan beharko dira, arazo gehien non sor daitezkeen jakiteko, trafikoari dagokionean arazoak leku jakin batean pilatzea eragingo luketen aldi bereko obrarik ez egiteko, eta, zuzenean trafikorako alternatibak ez izan arren, trafiko hori oro har hobetzen lagun dezaketen alternatibak proposatzeko.
Zerbitzuen kudeaketa.
Obra zibileko proiektu bakoitzean behar bezala zehaztuta daude obrek erasandako zerbitzuak desbideratu eta lehengoratzeari buruzko xehetasunak. Horretarako kontuan izan dira kasuan kasuko zerbitzuak hornitu edo kudeatzen dituzten konpainiek emandako datuak, eta zerbitzu horiek non dauden ikusteko inoiz egin diren katak.
ETSk, erasandako zerbitzuen zuinketaren, desbiderapenaren eta lehengoratzeko lanen jarraipen zorrotza egingo du, eta kasuan kasuko enpresarekin batera koordinatuko du zein diren desbideratu eta lehengoratzeko konponbiderik egokienak, teknika eta ekonomiaren aldetik, betiere obra-kontratua bere osotasunean hartuta.
Era berean, obra-kontratuetako lanen ondorioz, aurrez ezagutzen ez zen beste zerbitzuren bat agertuz gero, ETSk, beharrezkoa bada, zerbitzu hori desbideratzeko eta lehengoratzeko konponbidea adostuko du hornidura-konpainiarekin eta kontratistarekin.
4. Laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketa.
Atal honetan, obretako istripuak ahalik eta gehien murrizteko modua eskaintzen duten laneko segurtasun eta osasun mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira.
Proiektu bakoitzaren pleguan lanak hasi aurretik zer prozedura idatzi behar den adierazten denez, ETSk prozedura horiek idazten direla zaintzeaz aparte, hobekuntzak proposatuko ditu, formari nahiz edukiari dagokionean, eraginkorragoak izan daitezen, eta segurtasun-maila altuagoak erdiesten lagun dezaten.
ETSren lan hori segurtasun eta osasun planen kudeaketari buruzko ikuskapen-txostenetan jasoko da.
Gainera, ETSk prestakuntza egokia izango duen teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu, obrak egiten diren bitartean edo-eta obra-proiektua idazten den bitartean, segurtasun eta osasun arloak koordinatzeko. Teknikari horiek, ETSren ordezkariak proposatu eta Garraio Azpiegituraren zuzendariak izendatuko ditu.
5. Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa.
Atal honetan egitura, osagai eta instalazio guztiak, kontratu, kode, arau eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen direla egiaztatzeko behar diren ekintzen jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira.
ETSk kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako Kalitatea Bermatzeko Planen auditore gisa jardungo du, eta kontratuen zuzendariei ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango dizkie.
Lan hori, obrek dirauten artean edo obren fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere burutu beharko da.
Aldi berean, kalitate-plan bakoitzean jasotako ekintzak nola burutzen diren kontrolatuko du, eta lanen garapenaren arabera, jarduketa horiek egokitzeko proposatu ahal izango du, plan horiek eraginkorrak eta praktikoak izan daitezen, eta obrak kalitate hobekoak izaten lagun dezaten.
Bestetik, ETSk arreta berezia jarriko du kontratuko lanak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraituz egin daitezen, eta arlo honetan indarrean dagoen legeria betetzen dela zainduko du.
Honako alderdi hauek zainduko ditu bereziki:
Aginpidea duen organoak kasuan kasuko obrarako onartu duen ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean jasotako kontrol eta zainketarako neurri guztiak eta jarduteko erak betetzen direla.
Obra bakoitzerako kontratistak proposatu duen Kalitatea Bermatzeko Planean jasotako ingurumena kudeatzeko neurriak betetzen direla, eta indarrean dagoen legeriarekin eta araudiarekin bat datozela.
Kontratu honetan aurreikusitako gainontzeko jarduera guztietan, ETSk arreta berezia jarriko du, baliabide natural gutxiago erabiltzeko, zabor gutxiago sortzeko, zabor horiek hobeto kudeatzeko eta horrelakoak ahal den neurrian birziklatzeko.
Kontratazioaren arloko laguntza.
ETSk lehiaketa eta lizitazioetarako baldintzen pleguak prestatu eta egokitzen lagunduko dio Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzari; laguntza administrazio arlokoa, nahiz teknikoa izango da, eta laguntza tekniko horrek alderdi orokorrak, nahiz zehatzak hartuko ditu bere baitan.
Atal honetan honako egiteko hauek sartzen dira: enkargu bakoitzerako klausula bereziak idatzi, antzekoak diren enkarguetan ohikoak izan arren kasu bakoitzean argibideak eskatzen dituzten alderdiak zuzendu, eta proiektu batzuetako eta besteetako baldintzen pleguak homogeneizatu, hortik aurrera aplikatzeko irizpideak bateratzeko.
Behin pleguen zirriborroa prestatutakoan, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailari dagokio ofizial egitea, edo beharrezkoak badira, zuzenketak egitea, eta lizitaziorako agirien artean sartu ahal izateko, onartzea.
ETSren lana ordea, ez da kontratazioaren une horretan amaitzen, plegu horiek prestatzen aritu den talde teknikoak lehiaketan parte hartu nahi duten kontratisten zerbitzura jarraituko baitu, eta haien iruzkinak jasoko ditu, aurrerantzean idatzi beharrekoetan argibide edo zuzenketa gisa baliagarriak gerta baitaitezke.
Kontratistek eskaintzak prestatzeko duten epean, ETSk talde tekniko bat izango du lehiatzaileek aurkezten dizkioten kontsultei erantzuteko prest, betiere eskatzaile guztien aukera berdintasuna bermatuko duen Garraio eta Herri Lan Sailarekiko lankidetza-eskemaren barruan.
Lehiaketan parte hartu dutenen gutun-azalak irekitakoan, ETSko teknikariek lehiaketan parte hartzeko aurkeztu diren eskaintzak eta proposamenak aztertu, analizatu eta homogeneizatzeari ekingo diote.
Egitekoen sorta honetan honako hauek sartzen dira: konparazio-taulak prestatzea; pleguetan finkatutako lehentasunei jarraituz baremoak aplikatzea; eta, beharrezkoa den neurrian, Garraio eta Herri Lan Sailari, enpresa lizitatzaileekin izan nahi dituen elkarrizketetarako, eta kontsulta eta argibideetarako laguntza teknikoa eskaintzea. Eskuarki, lantegi horren amaieran esleipen-proposamena jasotzen duen txosten bat idatzi ohi da, Sailari erabaki bat hartzen lagunduko dioten irizpen-elementu adierazgarrienekin.
Beste erakundeetako gestioak eta haiekiko koordinazioa.
Tranbiako obrak egiteko espazio publikoak okupatu beharra dago, batzuetan aldi baterako, beste batzuetan behin betiko. Espazio publiko horiek, berriz, udalarenak, edo-eta beste erakunde eta administrazio batzuenak izan daitezke, eta, hortaz, proiektuak eta beste interes orokor batzuk uztartzeko koordinazio-neurriak hartu eta gestioak egin beharko dira.
Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza.
Garraio eta Herri Lan Saileko lege-aholkularitzako zerbitzuekin elkarlan estuan, obrek erasandako ondasun eta zerbitzuak aldi baterako okupatu edo desjabetzeko behar diren espedienteen inguruko lanak sartzen dira hemen.
Lehenengo eta behin proiektuetan bildutako datuak egiaztatu, eta, behar izanez gero, osatu egingo dira, desjabetzeko jardunbidean aurrerago egin beharreko izapideak erraztu eta arintze aldera, eta horrek identifikaziorako ikerketa lan sakona egitea eskatzen du.
Ahalik eta datu gehien egiaztatutakoan, ETSk zerrenda ofizialak osatuko ditu, legeak eskatutako datu guztiekin, Garraio eta Herri Lan Sailak argitara dezan.
Atal honen barruan, ETSk bilerak izango ditu azalpenak eskatzen dituzten edo-eta desjabetzearekin ados ez dauden interesdunekin, aurkeztutako alegazioak jaso eta aztertu egingo ditu, alegazio horiei erantzuteko aldeko eta kontrako argudioak emango ditu, eta jardunbidean aurreikusitako jarduketetarako laguntza juridikoa eta teknikoa eskainiko du.
Eskatutakoari jarraituz, ETSk, ondasun eta eskubideen balioespenak egiten parte hartuko du, eta interesdunek azaltzen dituzten argudioak entzungo ditu, eta ondoren Garraio eta Herri Lan Sailari horren aurrean zer-nolako jarrerak har ditzakeen adieraziko dio. Ondasun eta eskubideak desjabetzeko jardunbidearen arabera, ondasunak okupatu aurretik egin beharreko aktetan, Garraio eta Herri Lan Sailaren izenean jardungo du.
Lan horren emaitza bukaeran idazten diren adostasun-aktetan islatuko da.
Jendearentzako etengabeko arreta eta informazio zerbitzua.
Euskal Trenbide Sareak tranbia-programaren barruan Eusko Jaurlaritzak abiarazten dituen proiektuen eta obren berri ematen lagunduko dio Garraio eta Herri Lan Sailari.
Vitoria-Gasteizko tranbiari dagokionean, ETSk Herritarrentzako Arreta Bulegoa mantenduko du, tranbia egiteko obren gainean eta, oro har, proiektuaren gainean herritarrek aurkeztu nahi dituzten kexak, kontsultak, iradokizunak, eta antzekoak zentralizatzeko behar diren baliabide guztiekin. Bulegoetan proiektua ondo ezagutzen duen jendea arituko da lanean, eta egiteko hori burutzeko behar diren agiriak izango dituzte.
Pentsatzekoa da kontratu honek irauten duen epean zehar, obren hasiera edo-eta proiektu berrien aurkezpena dela-eta, etengabe informazioa eskaintzeko eta komunikazioa mantentzeko era hori sendotu beharra izatea jarduketa jakin indartsuagoekin, hau da, argitalpenekin, erakusketekin, jarduketa zehatzen berri emateko kanpaina bereziekin.
Egindako lanen balioespena eta ordainketa.
Gomendiotan emandako lanek, BEZa barne, bi milioi zazpiehun eta laurogei mila (2.780.000,00) euro egingo dutela jotzen da; hona hemen kontzeptuei buruzko xehetasunak:
Kontzeptua Oroharreko zenb. Neurketa Zenbatekoa
Tranbia programaren plangintza eta kontrol orokorra 71.325,00 % 100 71.325,00
Azterlanak eta txostenak egitea 472.789,00 % 100 472.789,00
Proiektuak egin eta zuzentzea 613.263,00 % 100 613.263,00
Eraikuntzaren kudeaketa 869.895,00 % 100 869.895,00
Kontratazioaren arloko laguntza 68.435,00 % 100 68.435,00
Beste erakunde batzuetako kudeaketa-lanak eta koordinazioa 95.540,00 % 100 95.540,00
Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza 34.217,00 % 100 34.217,00
Jendearentzako arreta eta informazio zerbitzua 171.087,72 % 100 171.087,72
Aurrekontu garbia 2.396.551,72
BEZa (% 16) 383.448,28
Kontratua, guztira 2.780.000,00
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak egiaztatutakoan. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.
Kudeaketa-gomendio honen xedea lortzeko 2008an ETSk burutako jarduketak onartu egin dira.


