Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 23koa, Ingurumen sailburuordearena; honen bidez, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez dela bete behar eta aldaketa-proiektua ez dela funtsezkoa erabaki zen. Abanto-Zierbenako udalerrian HD3 Gasolioen Hidrodesulfurazio Unitatea eta S3 Aminen Unitatea aldatzeko Petroleos del Norte, S.A. enpresak sustatzen du proiektua da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 23koa, Ingurumen sailburuordearena; honen bidez, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa ez dela bete behar eta aldaketa-proiektua ez dela funtsezkoa erabaki zen. Abanto-Zierbenako udalerrian HD3 Gasolioen Hidrodesulfurazio Unitatea eta S3 Aminen Unitatea aldatzeko Petroleos del Norte, S.A. enpresak sustatzen du proiektua da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 62
  • Hurrenkera-zk.: 1798
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/01/23
  • Argitaratze-data: 2009/03/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria

Testu legala

Ingurumen sailburuordearen 2008ko maiatzaren 6ko Ebazpenez, ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Petroleos del Norte, S.A. (Petronor) enpresari, petrolioa fintzeko jarduera gauzatzeko; jarduera hori Bizkaiko Muskiz, Zierbena eta Abanto-Zierbenako udalerrietan sustatzen du.

2008ko uztailaren 15ean, baimendutako instalazioa aldatzeko asmoa zuela jakinarazi zion Petroleos del Norte, S.A. enpresak Ingurumen Sailburuordetza honi: HD3 Gasolioen Hidrodesulfurazio Unitatea eta S3 Aminen Unitatea aldatuko dira. Ez da funtsezko aldaketa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legean ezarritakoaren arabera. Hori egiaztatzeko agiriak aurkeztu ditu enpresak.

2008ko abenduaren 10ean, egingo den aldaketak eragiten dien hainbat erakunderi galdetu zien ingurumen-organoak, proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioaren prozedura bete behar den jakiteko, eta hala badagokio, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak izan behar duen gutxieneko edukia eta hedadura finkatzeko.

Izapide horretan, erakunde hauen erantzunak sartu dira dosierrean: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Muskizko Udala eta Abanto-Zierbenako Udala.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 9. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, ingurumen-baimen bateratua eskatzen da 1. eranskineko jardueraren bat gauzatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu nahiz lekualdatzeko edo instalazioak funtsean aldatzeko; eta 1.2.a atalean aipatzen dira «Petrolioa edo petrolio gordina fintzeko instalazioak».

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 10. artikuluan ezartzen denez, ingurumen-baimen bateratua behar duen instalazio-aldaketa funtsezkoa izan daiteke edo ez. Aldaketa funtsezkoa den edo ez erabakitzeko, aldaketak segurtasunean, pertsonen osasunean eta ingurumenean duen eragina izango da kontuan, artikulu horren 2. paragrafoan aipatzen diren alderdiak aintzat hartuta.

Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorreko 50. artikuluaren arabera, plan edo proiektu baten edozein aldaketa edo hedatzek, lege horren I. eranskinean jasota badago eta dagoeneko baimenduta, egikarituta edo egikaritzeko prozesuan, bertan aurreikusten diren ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio-prozeduretakoren bat bete beharko du, ingurumenean eragin negatibo esanguratsuak izan baditzake. Hala, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio banakatuaren prozedura bete behar duten proiektu edo instalazioen inguruko I.B eranskineko 7.1 paragrafoan, petrolio gordinaren findegiak aipatzen dira (petrolio gordinarekin labaingarriak bakarrik ekoizten dituzten enpresak salbu), eta egunean gutxienez 500 tona eskisto bituminosoren ikatza gas eta likido bilakatzeko instalazioak ere bai.

Proiektuek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazioaren Legearen Testu Bateratua onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 3. artikulua betez, eta II. Eranskineko 9.k) idatz-zatiari loturik, I. eta II. Eranskinetan ageri diren proiektuak aldatu edo handitzean, dagoeneko baimenduta daudenean, gauzatuta daudenean edo gauzatzeko prozesuan daudenean, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren prozedura bete behar da. Petrolio-findegiak I. Eranskineko 3. Taldeko a idatz-zatian daude: «Petrolio gordinaren findegiak (petrolio gordinarekin labaingarriak bakarrik ekoizten dituzten enpresak salbu) eta egunean gutxienez 500 tona eskisto bituminosoren (edo arbel bituminosoren) ikatza gas eta likido bilakatzeko instalazioak».

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretu horren 16. artikuluak ezartzen duen bezala, II. Eranskinean dauden proiektuetakoren bat gauzatu nahi duen pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatuak, autonomia-erkidego bakoitzak zehazten duen organoan, proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa bete behar duen edo ez galdetuko du, II. Eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Arau horretako 17. artikuluan ezartzen denez, aurreko artikuluan aipatzen den eskaera jasotzen duen organoak adierazi beharko du proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa bete behar duen edo ez, autonomia-erkidegoak ezartzen duen epean. Dena dela, aldez aurretik, proiektuak eragiten dien administrazio, pertsona eta erakundeei galdetuko zaie, eta beren esku jarriko da proiektuaren ingurumen-agiria.

HD3 Gasolioen Hidrodesulfurazio Unitatean eta S3 Aminen Unitatean Petroleos del Norte, S.A.k sustatzen duen aldaketarekin, HD3 unitatea eta hari loturiko S3 unitatea egokitu egin nahi dira, erregaiek eduki behar duten sufrearen zehaztapenak betetzen jarraitzeko.

Petroleos del Norte, S.A.k HD3 Gasolioen Hidrodesulfurazio Unitatean eta S3 Aminen Unitatean sustatzen duen aldaketa, aurkeztutako agirien arabera, honako hau izango da: HD3 Unitatean, HD3-R-2 erreaktore berria jarriko da, seriean jardungo du lehendik dagoen HD3-R-1 erreaktorearekin, eta lehendik dagoenak betetzen dituen antzeko funtzioak beteko ditu. Era berean, ekipo txikiagoak ere jarriko dira: konpresorea, biltegia, hozteko gailua, ponpak eta aminen unitatea.

HD3 Gasolioen Hidrodesulfurazio Unitatea eta S3 Aminen Unitatea aldatzeko proiektuak % 0,8 handituko du ur-kontsumoa guztira, % 4,7 energia elektrikoaren kontsumoa eta % 0,7 plantan ekoizten diren hondakin arriskutsuen sorkuntza guztira. Egin nahi diren aldaketekin ez da handituko ez plantaren neurria eta ez ekoizpena, eta sortzen den kutsadura-maila ere ez; gai arriskutsu gehiago ere ez da sartu edo erabiliko.

Ekipoak egun dauden eremu berean egingo da aldaketa: Petroleos del Norte, S.A.ren lursailaren mugen barruan eta gune zolatuan. Eremu horretako 135 m² gehiago hartuko ditu bakarrik.

Aldaketaren inguruan aipatutako alderdiak aztertuta, aldaketa hori ez dela funtsezkoa uste da, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateratuaren 16/2002 Legean ezarritakoaren arabera. Gainera, aldaketa horrek ingurumenean ez duela ondorio negatibo esanguratsurik erabaki da, Proiektuek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazioaren Legearen Testu Bateratua onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Organo honi dagokio Ebazpen hau emateko eskumena, aipatutako arau horietan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Xedapen hauek ikusi dira: Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Proiektuek Ingurumenean duten Eraginaren Ebaluazioaren Legearen Testu Bateratua onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua; eta oro har nahiz bereziki ezartzekoa den gainerako araudia.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik