Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 27koa, Ingurumen sailburuordearena; honen bidez erabaki da, Canteras y Hormigones Zalloventa SA enpresak Mañariako udalerrian sustatzen duen «NBAPn finkatutako Urkiolako parkearen mugan Zallobenta harrobia ustiatzeko proiektuak» ingurumenean duen eraginaren ebaluazioaren prozedura bete behar duela, eta aldiz, Mañariako Zallobenta harrobiko hormigoi-planta egokitzeko proiektuak ez duela prozedura hori bete behar, ez delako funtsezko aldaketa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 27koa, Ingurumen sailburuordearena; honen bidez erabaki da, Canteras y Hormigones Zalloventa SA enpresak Mañariako udalerrian sustatzen duen «NBAPn finkatutako Urkiolako parkearen mugan Zallobenta harrobia ustiatzeko proiektuak» ingurumenean duen eraginaren ebaluazioaren prozedura bete behar duela, eta aldiz, Mañariako Zallobenta harrobiko hormigoi-planta egokitzeko proiektuak ez duela prozedura hori bete behar, ez delako funtsezko aldaketa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 93
  • Hurrenkera-zk.: 2746
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/01/27
  • Argitaratze-data: 2009/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria

Testu legala

Ingurumen sailburuordearen 1998ko otsailaren 17ko Ebazpen bidez, Mañariako Zallobentako harrobia ustiatzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren adierazpena egin zen.

Ustiapen proiektu horren barruan Zallobenta harrobian hormigoi-planta bat jartzea ere bazegoen, eta beraz, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin zitzaion.

Canteras y Hormigones Zalloventa SA enpresak Zallobenta harrobiko hormigoi-planta aldatzeko proiektu bat burutu nahi duela adierazi du. Horrela bada, Mañariako Udalak Zallobenta harrobiko hormigoia fabrikatzeko jardueraren lizentzia egokitzeko espedientea bidali zuen Ingurumen Sailburuordetza honetara 2007ko maiatzaren 30ean.

Canteras y Hormigones Zalloventa SA enpresak, baimendu zitzaion ustiapen-proiektua aldatzeko nahia ere adierazi du. 2007ko abenduaren 11n Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Arabako Lurralde Bulegoak Ingurumen Sailburuordetzara bidali zuen Canteras y Hormigones Zalloventa SA enpresak egindako Zallobenta harrobia ustiatzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren agiria. Agiri horretan ustiapenerako baimendutako proiektuaren aldaketa begiesten zen.

2008ko ekainaren 23an Ingurumen Sailburuordetzak kontsulta egin zien ustiapen-proiektuaren aldaketak eta hormigoi-plantaren egokitzapenak eragingo zien administrazio eta erakunde guztiei, ea jarduera horiek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioa behar ote zuten ala ez, eta behar izanez gero, ebaluazio horren gutxieneko edukia eta norainokoa zein izan beharko lukeen adieraz zezaten, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17.2 artikuluari jarraituz. Arau horren bidez onartu zen proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina.

Aipatutako izapide hori hasi ondoren, proiektuaren sustatzaileak bi egokitzapenak epe eta erritmo desberdinean gauzatzeko asmoa adierazi du, eta une honetan hormigoi-planta egokitzeko lanekin hasi nahi du.

Proiektuaren sustatzaileak Zallobenta harrobiko hormigoi-planta egokitzeko proiektuari buruzko agiri osagarriak helarazi zizkion Ingurumen Sailburuordetzari 2008ko azaroaren 7an.

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren I. eranskinean jasotako plan edo proiektu bat, dagoeneko baimenduta edo burututa dagoena nahiz burutzen ari dena, aldatu edo handitu nahi bada, proiektu horrek ingurumenean izan dezakeen eragina ebaluatzeko prozedura bete behar du, baldin eta ingurumenean kalteak eragin baditzake.

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 3. artikulua aplikatuz (beraren bidez onartu zen proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina) eta II. eranskineko 9.k) atalarekin bat etorriz, I. eta II. eranskinetan jasotako eta dagoeneko onartuta, gauzatuta edota gauzatzen ari diren proiektuetan edozein aldaketa egin edo handitzeko ingurumenaren gainean izango duten eraginaren ebaluazioa beharko dute, kasu bakoitzean dagokion ingurumen organoak hala erabakitzen badu.

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretu horren 16. artikuluak ezartzen duen bezala, II. eranskinean dauden proiektuetakoren bat gauzatu nahi duen pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatuk, autonomia-erkidego bakoitzak zehazten duen organoan, proiektuak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa bete behar duen edo ez galdetuko du, III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Arau horren 17. artikuluan ezartzen denez, goiko artikuluan aipatu den eskaera jasotzen duen organoak adieraziko du ea, autonomia erkidego bakoitzak ezarritako epean, proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioa aurkeztu behar den ala ez. Alabaina, aldez aurretik, proiektuak eragiten dien administrazio, pertsona eta erakundeei egingo zaie kontsulta, eta proiektuaren ingurumen-agiria bidaliko zaie.

Ingurumen organoak aurretiazko kontsultak izapidetu ditu harrobia ustiatzeko proiektuak eta hormigoi-planta egokitzeko proiektuak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioa behar ote duten erabakitzeko; izapide horretan ondorengo erakundeen erantzunak jaso dira: Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailarena; Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzarena, eta Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzarena.

Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Saila Urkiolako Parkearen kudeatzailea izanik (Urkiolako Parke Natural izendatzeko abenduaren 29ko 275/1989 Dekretuan dago ezarrita) euren erantzunean proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioa behar duela adierazten dute, Urkiolako Parke Naturaleko lursailetan kalteak eragin ditzakeelako.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak ere, Natura 2000 Sarearen Behatoki iraunkorra denak, hala izendatu baitzen Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko ekainaren 10eko Erabakiaren bidez, bere erantzunean komenigarritzat jotzen du proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioa egitea, kalteak eragin ditzakeelako Natura 2000 Sareko ES2130009 «Urkiola» Garrantzi Komunitarioko Lekuan (GKL).

Zallobenta harrobia ustiatzeko proiektu berriak nabarmen gainditzen eta aldatzen ditu 1998ko otsailaren 17an Ingurumen Sailburuordetzaren ebazpen bidez egindako Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean ezarritako denbora eta espazio mailako mugak.

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuz (beraren bidez onartu zen proiektuek ingurumenean duten eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina) Zallobenta harrobia ustiatzeko proiektu berriak ingurumenean duen eraginaren ebaluazioa behar duela erabaki da, Urkiolako Parke Naturalean eta «Urkiola» ES2130009 Garrantzi Komunitarioko Lekuan (GKL) dauden espazio naturaletan eragin ditzakeen kalteak eta kalte horien iraupena zaintzeko.

Ustiapen proiektuak eta hormigoi-planta egokitzeko proiektuak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioaren prozedura bete behar duten ala ez erabakitzeko egin diren aurretiazko kontsultetan ez da inolako aipamenik egin hormigoi-plantan egin nahi diren aldaketak eragin ditzakeen ingurumen arazoen gainean.

Proposatutako aldaketa gaur egun instalazioa dagoen eremu berean egingo da eta ez da hormigoi-ekoizpenaren gaitasuna gehituko ez bertan sortuko diren hondakinak ugarituko ere.

Ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileekin gaur egun sortzen den hautsa eta zarata murriztu egingo da, zementu-siloetan mahuka-iragazkiak sartuko direlako eta instalazioa karenatu egingo delako. Era berean, hormigoi-makinak garbitzen erabilitako hondakin-uraren kudeaketa hobetzea proiektatu da; ur horiek dekantazio-sistema berri batean jasoko dira eta ondoren instalazioan berrerabiliko dira.

Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuz (beraren bidez onartu zen proiektuek ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina) ikusi da hormigoi-plantan aldaketak egiteko proiektuak ez duela kalte esanguratsurik eragingo ingurumenean, baldin eta sustatzaileak adierazi dituen neurri zuzentzaile guztiak eta ebazpen honetan jasotako baldintza guztiak betetzen badira.

Ingurumen Sailburuordetza da ebazpen hau emateko eskuduna, urriaren 25eko 340/2005 Dekretuan xedatutakoa betez. Dekretu horren bidez ezarri zen Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa.

Ondorengo araudia aztertu da: Euskal Herriko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; urriaren 25eko 340/2005 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren Egitura Organikoa ezartzen duena, eta hauxe

Aipatutako urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta 8.3 artikuluari jarraituz, ingurumen organoak sustatzaileari jakinaraziko dio ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanak izan behar duen zabalera eta xehetasun maila, proiektuaren izapidetzearekin aurrera egiteko arauan ezarritakoa betez.

Proiektua, sustatzaileak aurkeztutako agirietan proposatu dituen neurri babesle eta zuzentzaileak jarrita gauzatuko da.

Obretan eta jardunean sortutako hondakinak Hondakinei eta arautegi zehatzei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legeak aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

Teknikoki eta ekonomikoki bideragarritzat jotzen diren hondakinen baliotze guztiak balioztagune baimendu batean egin behar dira.

Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada.

Gainera, hondakindegira eraman behar diren hondakinak, xedapen hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak hondakindegian utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua eta hondakin geldoen eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretua.

Lur-beteketak egin edo lurzoruak egokitzeko erabiliko diren hondakinak azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuaren arabera kudeatuko dira: hondakin inerteak eta inertizazioaren gai izan direnak kudeatzeko arauak finkatzen dituena.

Erabilitako olioa kudeatzeko, xedapen hau bete beharko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan ezarritako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan begiesten diren xedapenak bete beharko dira.

Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon beharko dute, eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki. Zola iragazgaitz gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz.

Proiektuaren sustatzaileak otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duenean ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

Jarduera garatzerakoan ez dira gaindituko inguruneko airearen kalitatea ebaluatu eta kudeatzeko urriaren 18ko 1073/2002 Errege Dekretuan partikulentzako ezarritako muga-balioak: Sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa, nitrogeno oxidoa, partikulak, beruna, bentzenoa eta karbono monoxidoari dagokionez. Sustatzaileak bidalitako agirien arabera hormigoi-planta erabat karenatuta dago, batez ere honako zati hauek: Kanaleta birakaria, Kanaleta birakariko igogailuaren plataforma; eta kamioiak zamatzeko eremuen egitura eta plataformak. Era berean zementu-siloak mahuka-iragazkiak izango dituzte.

Materiala pilatzen den eremuak eta kamioien pasabideak ureztatzeko neurriak hartuko dira, ahalik eta hauts gutxien harrotzeko. Garbiketa eta mantentze lanak ere egin beharko dira aldizka, hautsik ez harrotzeko.

Kamioiak ustiategitik irteteko garaian ez da lokatzarik eta hautsik errepidera arrastatuko. Horretarako hormigoia garraiatuko duten kamioiak ustiategian bertan gurpilak garbitzeko dagoen gailutik igaroko dira.

Uraren arloko legerian ezarritakoa kaltetu gabe, eta arroen erakunde eskudunak ezar ditzakeen baldintzak betez, hondakin-ura isurtzeko ondoko neurriak aplikatuko dira:

Instalazioa egokitzeko lanak burutzean ahalik eta fin gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako neurri babesleak eta zuzentzaileak hartuko dira obretako solido esekiz beteriko isurketako ura instalazioan dauden dekantazio-sistemetara bideratzeko.

Neurriak hartuko dira, aurkeztutako agirietan ura tratatzeko aurreikusitako sistemak etekinik egokiena lortu eta etekin hori denboran zehar mantendu dezan, isurketak modu lokalizatuan eta uraren arloan indarrean dagoen araudian ezarritako parametro fisiko-kimikoak betez egiten direla bermatzeko. Horretarako, sistema horren elementuak aldian-aldian garbitu eta mantendu egin beharko dira.

Sustatzaileak aztertu egin beharko du dekantazio-putzuetako ura ondoko indusketa-jardueran berrerabiltzeko aukerarik dagoen, ura behar duten lanetan; esaterako birrinketa, sailkapen, garraio eta zamatze-instalazioetako hautsa murrizteko sistemetan, edota kamioien pasabideko pistak eta eremuak ureztatzeko.

Isurtzen den ura kontrolatzeko analisiak egingo dira hilero, ura isuri aurretik. Horretarako, laginak hartzeko kutxetak jarriko dira uraren tratamenduko sistemaren edo sistemen irteeran. Ondorengo parametroak analizatuko dira:

Ph.

Eroankortasuna.

Solido esekiak.

Olioak eta koipeak.

Urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzeko dena 24. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, zonakatze akustikoari, kalitate helburuei eta sortuko den zaratari dagokionez, behar diren neurri guztiak hartuko ditu bere inguruan III. eranskineko B1 taulan ezarritako muga-balioak gainditu ez ditzaten, betiere IV. eranskineko prozeduraren arabera ebaluatuta.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik