- EBAZPENA, 2009ko otsailaren 4koa, Ingurumen sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako «Vitoria-Gasteizko HAPOren Berrikuspen Partziala: Lakuako Latinoamerika plazaren inguruan etorkizuneko tren eta autobusen geltoki intermodala egin eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria kokatzekoa» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2009ko otsailaren 4koa, Ingurumen sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako «Vitoria-Gasteizko HAPOren Berrikuspen Partziala: Lakuako Latinoamerika plazaren inguruan etorkizuneko tren eta autobusen geltoki intermodala egin eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria kokatzekoa» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 60
- Hurrenkera-zk.: 1726
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/02/04
- Argitaratze-data: 2009/03/27
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak
Testu legala
Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek (eta plan horien barne dago «Vitoria-Gasteizko HAPOren Berrikuspen Partziala: Lakuako Latinoamerika plazaren inguruan etorkizuneko tren eta autobusen geltoki intermodala egin eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria kokatzekoa» delakoa) ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.
Era berean, «Vitoria-Gasteizko HAPOren Berrikuspen Partziala: Lakuako Latinoamerika plazaren inguruan etorkizuneko tren eta autobusen geltoki intermodala egin eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria kokatzekoa» izeneko plana hainbat planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.
Vitoria-Gasteizko Udalak 2008ko azaroaren 6an hasi ditu izapideak «Vitoria-Gasteizko HAPOren Berrikuspen Partziala: Lakuako Latinoamerika plazaren inguruan etorkizuneko tren eta autobusen geltoki intermodala egin eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria kokatzekoa» delakoak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.
Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.
Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa
Ingurumen ondorioetarako soilik, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako «Vitoria-Gasteizko HAPOren Berrikuspen Partziala: Lakuako Latinoamerika plazaren inguruan etorkizuneko tren eta autobusen geltoki intermodala egin eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria kokatzekoa» delakoaren erreferentzia-dokumentua egitea.
Txostena honakoa da:
Aurrekariak.
Berrikuspen Partzialaren helburua Lakuako Latinoamerika plazaren inguruan dagoen garraioko eta ekipamenduko hiri-azpiegituretako sistema orokorren egitura-antolamendua berrikustea da, egingo den trenbide eta autobusen geltoki intermodala garatzeko eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria kokatzeko.
Berrikuspen Partzialaren aurreikuspenak honakoak dira:
Lurzorua kalifikatzea autobus-geltoki bat eraikitzeko, guztiz edo partzialki lurperatua egongo dena, Foronda Ataria kalearen hasieran. Azalera zehazteke dago baina gutxi gorabehera 15.000 m2 lurzorua izango du, eta horren zatirik handiena zorupean egongo da, ziur aski.
Lurzorua kalifikatzea Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria eraikitzeko, Euskaltzaindiako plazan. Azalera zehazteke dago, baina 25.000 m2 inguruko lurzorua izango du.
Lurzorua kalifikatzea aurrekoen ekipamendu osagarriak eraikitzeko, hau da, mila aparkaleku inguru, ziur aski lurpekoak; gutxienez 150 logela izango dituen hotela, hots, gutxi gorabehera, lurzoruko 2.500 m2 azalera batean eraikitako 10.000 m2, eta antzeko azalera eraikia izango duen bulego-eraikuntza, lurzoruko 1.500 m2 inguruko lursail baten gainean eraikitako 10.000 m2 inguru, egin beharreko ikerketen arabera egokienak irizten diren kokapenetan.
Egindako kontsultak.
2008ko azaroaren 16an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.
Interesatu gisa akreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko abenduaren 23an amaitu zen. Epe horretan inor ez da publiko interesatu gisa akreditatu.
Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:
Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.
Uraren Euskal Agentzia.
Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.
Arabako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.
Arabako Foru Aldundiaren Euskera, Kultura eta Kirol Saila.
Arabako Foru Aldundiaren Hirigintzako Zuzendaritza.
IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.
Ekologistak Martxan elkartea.
Arauzko epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzaren Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzatik, Eusko Jaurlaritzaren Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzatik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzatik eta IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikotik proposamenak jaso dira.
Berrikuspenari aplika dakizkiokeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.
Vitoria-Gasteizko HAPOren Berrikuspen Partziala egiteko, nagusiki Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean; ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuan. Dekretu horren bidez, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira.
Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, berrikuspenak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:
Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (2).
Lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik lur kutsatuen berreskuratzea lehenetsi behar da (3).
Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita (4).
Pertsonen mugikortasun-eskaerari erantzuteko, oinez ibiltzea, bizikleta hartzea eta garraio kolektiboa erabiltzea sustatzea (5). Motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa sustatzea.
Udalerriko mugikortasuna aztertzea eta diagnostikatzea, plangintza zuzen bat egiteko, leku-aldaketen eskaria eta eskaintza eta garraioaren egiturek sortutako inpaktua eta kanpoaldeko arazoak kontuan hartuta, eta indarrean dagoen hitzarmen urbanistikoaren gaineko ondorioak eta inplikazioak ateratzea (6).
Energia-aurrezpena, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea (7).
Herrien barneko gainazal bigunak babesteko jarraibideak txertatzea, duten balio ekologikoagatik eta klima-aldaketari moldatzen laguntzeagatik (8).
Hiri-egitura irmoak, konpaktuak eta konplexuak sustatzea, planteatutako beharrei erantzuteko. Nahiko altuak diren eraikuntza-dentsitateak sortzea (9).
Udalerriaren eremuan Eraztun Berdeak sortzea (10) eta berdeguneetako eta herri barruko ibai tarteetako ingurumen-kalitatea hobetzea.
Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea.
Paisaia-faktorea udal-plangintzaren barruan sartzea, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz, Paisaiaren Europako Hitzarmenak ezartzen duen bezala (11).
Aire garbia bermatzea (12). Inguruaren aire-kalitatea kontuan izan behar da, planean aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin.
HAPOren Berrikuspen Partzialak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.
Ingurumen-iraunkortasun txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.
Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.
Beraz, HAPOren Berrikuspen Partzialak ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egitura jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta 9/2006 Legearen I. eranskina.
Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko azterlaneko atal bakoitzean jasotzen diren alderdien edukia eta norainokoa, berrikuspenak sustatzen dituen esparruari eta jarduera zehatzei berariaz dagozkienak izango dira.
Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:
Berrikuspenaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribapena.
Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.
Berrikuspenak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.
Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.
Berrikuspenak izan ditzakeen eraginak identifikazioa eta balorazioa.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
Berrikuspenaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Laburpen-dokumentua.
Dokumentazio grafikoa.
Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:
1. Berrikuspenaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.
Atal honetan HAPOren Berrikuspenaren Partzialaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoetan nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.
Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek berrikuspena lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira berrikuspenean aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.
Helburuak modu argi batean ezarritakoan, horiei erantzuna ematen dieten alternatibak planteatu behar dira.
Berrikuspenaren Partzialeko proposamenak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.
2. Beste plan eta programekin dituen elkarrekintzen analisia.
Berrikuspen Partzialak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Berrikuspen Partzialak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.
Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:
EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.
Araba Erdialdeko Lurraldearen Zatiko Plana.
EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde mediterraniarra).
EAEko Errepideen Plan Orokorra.
Arabako Errepideen Plan Integrala.
EAEko Kultura Ondareko Arloko Plana.
EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana.
EAEko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.
EAEko Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.
EAEko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).
Arriskuan dauden Espezieak Kudeatzeko Planak.
Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.
EAEko Trenbideen Azpiegitura Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.
Ingurumen alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.
3. HAPOren Berrikuspen Partzialak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.
Lurralde-eremu horretako ingurumenaren egoerari buruzko alderdi garrantzitsuenak aipatu behar dira, aurreikusitako erabileretarako duen harrera-ahalmena eta berrikuspen partziala aplikatu ezean egoera horrek izango duen bilakaera; eraginik handiena jasango duten aldeetako ezaugarriak azpimarratuko dira.
Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da. Kasu honetan, eremuak berrikuspena jasan behar duten sektoreez gain, jarraian jasotzen diren ingurumen-intereseko eremuak ere hartu beharko ditu barne, beharrezko xehetasun mailarekin, hurrengo baliabideen eta ingurumen-interes bereziko eremuen analisiaren bidez, beren espazio-mugak, bere babes-helburuak eta erabilera-eremua, egonez gero, identifikatuz:
Akuiferoen birkarga-eremuak, eta baita kutsadura izateko arrisku handia duten eremuak ere (13).
Jabari Publiko Hidraulikoa eta baita poliziarenak diren zonak eta afektatutako ibaietako ertzen zortasun-zona ere.
Ondare historiko-arkitektonikoaren eta arkeologikoaren zati direlako sailkatutako edo inbentarioan sartutako areak edo enklabeak.
Bertan dauden landaredi-komunitateak, eremu libreei zuzendutako area batean eragina izan dezakeela kontuan hartuta. Dauden landare-komunitateen ezaugarriak eta tamaina zehaztasun gehiagorekin deskribatu beharko dira, planak eragindako landare-mota bakoitzaren azalera, bere ezaugarriak, aleen heldutasuna, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna zehaztuz eta baita sailkatutako edo babestutako espezieen presentzia eta horien balio ekologikoa adieraziz ere. Baliotsuenak diren osagaiak nabarmendu beharko dira. Horien kartografia egingo da, eskala egokian, dauden landare-komunitateen kontserbaziorako balio erlatibo handienaren arabera.
Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.l artikuluak dioenez, hauxe da Uraren Euskal Agentziaren funtzioetako bat, izaera loteslea duena: hasierako onespenaren aurretik plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udalerriaren plangintzaren arteko harremanari buruzkoa izango da esklusiboki. Gasteizko Udalak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.
Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluak dioenez, hauxe da Uraren Euskal Agentziaren funtzioetako bat, izaera loteslea duena: hasierako onespenaren ondoren plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea. Txosten hori udalerriaren plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoa izango esklusiboki. Vitoria-Gasteizko Udalak HAPOren Berrikuspen Partzialaren hasierako onespenaren ostean Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.
Geologia Intereseko Eremuak eta Puntuak.
Berrikuspen partzialaren esparruen urrakortasun-arriskua identifikatu behar da eta horretan aurreikusitako ekintzetarako garrantzitsuak diren eta bertan dauden ingurumen-arazoak adierazi behar dira, hurrengoa kontuan izanik:
Lurzoruaren legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 20ko 2/2008 (14) Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, HAPOren Berrikuspen Partzialak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du.
Kutsatutako lurzoruen presentzia identifikatu behar da. Lurzoruaren kutsaduraren prebentzio eta zuzenketarako otsailaren 4ko 1/2005 Legea aintzat hartuz, lurzoru kutsatu edo hondatu bat egoteak lurzoru horretarako erabilera baten esleipena baldintzatu dezake edota izan behar duen erabilera beraren funtzioak aurrera eramateko ahalmena horri itzultzera zuzendutako neurri zuzentzaileen beharra, edo baita, lurzoruaren baldintzak bere aurreko egoerara zuzendutako neurrien beharra ere. Kutsadura sortu izan dezakeen jarduera edo instalazio (15) bat jasaten edo jasan duen lurzoru baten kalifikazio-aldaketa eginez gero, lurzoruaren kalitatearen aitorpen-prozedurari hasiera eman beharko zaio, 1/2005 Legearen 17.1.d) atalean ezartzen den bezala.
Beste alde batetik, lurzoru batean hondeaketa-eragiketak edo lur-mugimenduak aurrera eramaterakoan kutsadura-zantzuak hautematen badira, ekintza horren arduradun zuzenak derrigorrez dagokion Udalari eta Autonomia Erkidegoko Ingurumen Organo eskudunari jakinarazi beharko dio. Kontsiderazio hori HAPOren Berrikuspen Partzialaren determinazioen barruan sartuko da eta horren garapeneko dokumentuetan eta proiektuetan aplikatu ahalko da.
37/2003 (16) Legeak eta 1367/2007 (17) Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, HAPOren Berrikuspen Partzialak, modu esplizituan, eremuen zonakatze akustikoari dagokion mugaketa barne hartuko du. Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du. Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira. Horiek eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan kontuan hartu beharko dira eta alternatiben sormenean eta hautaketan irizpide gisa erabili beharko dira, kalitate akustikoari dagokionez, eremu akustiko ezberdinen arteko eta horiek eta zortasun akustikoko eremuen eta jatorri naturala duten soinu-erreserben arteko bateragarritasuna mantenduz. Beharrezkoa bada, aipatutako bateragarritasuna lortzeko beharrezko ekintzak aurrera eramango dira.
Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.
Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta berrikuspenaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.
4. Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.
9/2006 Legearen 8.1 artikuluan arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.
Berrikuspen Partzialak hiriaren garapen-ereduaren eta garraio-sistemaren konfigurazioaren gaineko hausnarketa modu globalean egingo duenez, planteatutako alternatibak aurreko hausnarketa globalaren barruan sartuko dira.
Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, HAPOren Berrikuspenaren Partzialaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Gainera, alternatiba horren aukeraketa sustatu behar da, modu labur baina behar beste, berrikuspenak eta bere ekintzek irizpide horiek nola eta zein neurritan garatu nahi dituzten espresuki adieraziz. Zentzu horretan, arrazoizko alternatibak sortzeko eta ondoren horien ebaluaziorako eta aintzat hartzeko erabili behar diren teknika- eta ingurumen-bideragarritasuneko irizpideen aurretiazko identifikazioak alternatiba horiek oinarri diren irizpideekin koherentzia dutela justifikatzeko aukera ematen du.
Berrikuspenean proposatutako aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen ondorio esanguratsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, eta ez da alderik egongo ondorio batzuk eta besteak ebaluatzeko kontuan izango diren eskakizunetan. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.
Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.
Planteatutako alternatiba zehatzari dagokionez, trenbidearen eta autobusen geltoki intermodalaren eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregiaren arteko lotura modu egokian justifikatu beharko da. Bi ekintzek loturarik ez dutela ezarriz gero, bakoitzarentzako alternatibak proposatu beharko dira.
5. Berrikuspenak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.
Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).
Ahaleginak egin beharko dira berrikuspenak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.
Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:
Paisaiaren gaineko eragina.
Akuiferoen gaineko eragina.
Lurzoru artifizializatua gehitzea.
Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.
Hondakin gehiago sortzea.
Ibilgailuen trafikoa areagotzea.
Zarata arazoak.
Kutsadura arazoak.
Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.
Berrikuspen Partzialak eta berrikuspen partzialeko jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.
6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.
HAPOren Berrikuspen Partziala egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.
Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.
Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.
Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira (18).
HAPOren Berrikuspenaren Partzialaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira berrikuspena garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, berrikuspenean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.
Berrikuspenaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek erreferentzia egingo diete gutxienez hurrengo aspektuei:
Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.
Energia-eraginkortasuna sustatzea.
Hondakinen sorrera murriztea.
Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.
Mugikortasun iraunkorra sustatzea.
2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.
Kalitate akustiko hobetzea.
7. Berrikuspenaren eraginak gainbegiratzeko programa.
Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:
Oinarrizko adierazleak (eredu kausalean oinarrituta).
Goiburuko ingurumen-adierazleak.
EAEko iraunkortasunaren adierazleak.
Europako egitura-adierazleak.
Tokiko Agenda 21en adierazleak.
Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausa efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.
Berrikuspenak eta bere jarduerek ingurumenaren gainean izan ditzaketen eragin garrantzizkoenen adierazleak finkatu ondoren, planean adieraziko da nor arduratuko den adierazle bakoitza gainbegiratzeaz. Gainbegiratze hau ohiko planifikazio-sisteman integratu ahal izango da baina, ziurtatu beharko da edozein unetan jakin ahal izango dela zein den berrikuspenak adierazle horri egin dion ekarpena edo, horrela izan ezean, zehaztuko da gainbegiratzeak zenbat iraungo duen eta zenbateko aldizkakotasunaz egingo den.
8. Laburpen-agiria.
Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinaren 8. artikuluan ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.
9. Dokumentazio grafikoa.
Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.
Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.
Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:
Ebazpen honen 2.2. atalean identifikatuak diren eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, HAPOren aldaketa puntualaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlana bidaliko zaizkie. Horiek dokumentuak aztertzeko eta oharrak iradokitzeko gutxienez 45 egun dituztela bermatu beharko da.
Berrikuspenaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren azterlana jendaurrean jarriko dira Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko. Bere publizitatea bermatzeko helburuarekin, bi dokumentuak organo sustatzaileak duen sare telematikoaren leku batean sartuko dira eta hori sarrera askekoa izango da, ekainaren 30eko Lurzoru eta Hirigintzako 2/2006 legearen 9.1 artikuluak ezartzen duen bezala.
Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.
183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Vitoria-Gasteizko HAPOren Berrikuspen Partziala: Lakuako Latinoamerika plazaren inguruan etorkizuneko tren eta autobusen geltoki intermodala egin eta Erakusketa, Kongresu eta Entzunaldien Jauregi berria kokatzekoa» delakoaren hasierako onespenaren aurretik, Aldaketaren behin-betiko onespenerako duen organo eskudunak, kasu honetan Vitoria-Gasteizko Udalak, ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea HAPOren Berrikuspenaren Partzialaren Aurrerakinarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentu honetan espezifikatutako eduki minimoekin.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 4a.
Ingurumen sailburuordea,
IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.
OHARRAK:
(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.
(2) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatu bat lortzea.
(3) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. Helburu Estrategikoa: Lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta zuzenketa.
(4) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.
(5) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 8. Helburu Estrategikoa: Beste mugikortasun kudeaketa eredu baterantz.
(6) Hirigintza-planeamenduak iraunkortasun-irizpidez idazteko eskuliburuaren Helburuak, irizpideak eta adierazleak (2.1.6. Mugikortasun Iraunkorra).
(7) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. Helburu Estrategikoa: Energia kontsumo eta ekoizpen iraunkorrak sustatzea.
(8) 2008-2012 Klima-Aldaketaren Aurkako Euskal Plana. 1. Programa: Karbono gutxiago. «Karbono gutxiago eta energia garbiagoak erabiliz produzitzea eta kontsumitzea, eta karbono-hustulekuak kudeatzea». Nekazaritza eta Basogintzaren sektorea. Lerroa: Karbono-hustulekuak kudeatzea. 43. ekintza.
(9) Hiri-plangintza jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda idazteko eskuliburua. IHOBE, Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa. Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saila. 2005.
(10) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 4. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatua lortzea.
(11) Aipatu Hitzarmena 2008ko martxoaren 1ean indarrean sartu zen, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren Berrespenaren instrumentuari jarriki (Europako Kontseiluaren 176. zenbakia), 2000ko urriaren 20an Florentzian egina (BOE 31. zenbakia, 2008ko otsailaren 5ekoa).
(12) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 1. Helburu Estrategikoa: Aire garbia.
(13) Lurpeko urak kutsatzeko arriskua duten eremuak ezartzeko Eusko Jaurlaritzaren 1:25000 kartografian jasota dagoen Akuiferoak kutsatzeko arriskuaren mapa erabiliko da erreferentzia-esparru gisa.
(14) 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua, ekainaren 20ekoa, lurzoruari buruzko legearen testu bategina onartzen dena.
(15) 165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa.
(16) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea.
(17) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.
(18) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 2. Lehentasuna.


