Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2009ko otsailaren 5ekoa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako «Vitoria-Gasteizko HAPOren Aldaketa Puntuala, Errekaleorreko hiri-lurzoruaren esparruei eta 14 Sektoreko lurzoru urbanizagarriari dagokiena» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2009ko otsailaren 5ekoa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako «Vitoria-Gasteizko HAPOren Aldaketa Puntuala, Errekaleorreko hiri-lurzoruaren esparruei eta 14 Sektoreko lurzoru urbanizagarriari dagokiena» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 48
  • Hurrenkera-zk.: 1345
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/02/05
  • Argitaratze-data: 2009/03/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I eranskinaren A) idatz-zatian azaltzen diren planek (eta plan horien barne dago «Vitoria-Gasteizko HAPOren Aldaketa Puntuala, Errekaleorreko hiri-lurzoruaren esparruei eta 14. Sektoreko lurzoru urbanizagarriari dagokiena» delakoa) ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Era berean, «Vitoria-Gasteizko HAPOren Aldaketa Puntuala, Errekaleorreko hiri-lurzoruaren esparruei eta 14.Sektoreko lurzoru urbanizagarriari dagokiena» izeneko plana hainbat planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Vitoria-Gasteizko Udalak 2008ko urriaren 29an hasi ditu izapideak «Vitoria-Gasteizko HAPOaren Aldaketa Puntuala, Errekaleorreko hiri-lurzoruaren esparruei eta 14. Sektoreko lurzoru urbanizagarriari dagokiena» delakoak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

  1. Ingurumen ondorioetarako soilik sustatutako «Vitoria-Gasteizko HAPOren Aldaketa Puntuala, Errekaleorreko hiri-lurzoruaren esparruei eta 14. Sektoreko lurzoru urbanizagarriari dagokiena» delakoaren erreferentzia-dokumentua egitea.

  2. Txostena honakoa da:

  1. Aurrekariak.

    Planteatutako aldaketa puntualak 14. sektoreko zatiaren antolamendua osatzea eta hobetzea du helburu. Kontuan izan behar da sektore hori, aldi berean, Lurzoru Urbanizagarriko 1., 4., 12., 13. eta 14. sektoreetako HAPOaren Berrikuspen Partzialaren menpe dagoela, eta baita 8., 10., 11., 12., 13. eta 14. sektoreetako antolamenduari eragiten dion HAPOaren Aldaketaren menpe ere.

    Lurzoru Urbanizagarriko 14. sektoreak 2,832 hektareetako hiri-lurzoruko «irla» bat du, Errekaleor auzoa osatzen duten eraikuntzek hartzen dutena. Guztira hiru solairuetako 16 etxebizitza-eraikuntza dira, paraleloan kokatuta daudenak eta berdeguneen bidez banatuta daudela. Etxebizitzek enparantza bat dute erdian, pilotaleku bat hegoaldeko zonan eta Errekaleor ibaiaren ondoan kokatuta dagoen berdegunea. Aipatutako ibaia da, hain zuzen ere, auzoari bere izena eman diona.

    Errekaleorrek 14. Sektorearen /Salburuako zabalgunearen barruan duen egoera eta lotura urbanistikoa konpontzeko helburuarekin, Udalak 2005. urteko urrian Barne Erreformako Plan Berezi bat idazteko Ideia-Lehiaketa bat antolatu zuen (Hiri Berrikuntzako Plan Berezia, HBPB, Euskal Herriko Lurzoru eta Hirigintzako ekainaren 30eko 6/2006 lege berriaren 71. artikuluan ezarritako terminologiaren arabera). Lehiaketa horretarako, Udalak lurzoru urbanizagarriko jatorrizko 2,832 hektareak 3,983 hektareetara handitzea erabaki zuen, 14. Sektoreko Zati Planak definitutako hiru ekipamendu-lursailak bertan sartu zituela.

    Aldaketaren helburua: Errekaleorreko auzunearen berrikuntza integrala, 14. Sektorerako proposatutako Antolamendu Urbanistikoan integratzeko. Aldaketa hori zentraltasun berria sortzeko aprobetxatzea eta hori lortzeko enparantza publiko berri bat eraikiko da, jada eremuan existitzen den tamaina handiko zuhaitzez beteriko bide batek enparantza bera zeharkatuko duela. Hau da, egungo auzoaren elementurik baliotsuena kontserbatu eta handituko da: auzoaren hegoaldea mugarritzen duen platano-zumardia.

    Proposatutako aldaketa puntuala etxebizitzetarako azalera eraikigarri bat eta etxebizitza-kopuru gehiago proposatzen ditu. Era berean, merkataritza izaera duten irabazi asmoko azalera gehigarriak sartuta daude bertan.

  2. Zenbait kontsiderazio.

    Aldaketa horren Ingurumen Ebaluazioa «Zabalganako lurzoru eraikigarriko 1. eta 4. sektoreak eta Salburuako lurzoru urbanizagarriko 8., 10., 11., 12. 13. eta 14. sektoreen antolamenduari eta AR-1 banaketa-eremuaren ustiapen tipoari eragiten dion Vitoria-Gasteizko HAPN-aren Aldaketa» (ECIA_2008_009) dokumentuari lotutakoarekin batera ulertu behar da. Bi espediente urbanistikoek barne hartzen duten birrantolamenduaren esparruak Errekaleorreko auzoa barne hartzen du. Aldaketa puntualaren dokumentuak zein ingurumen inpaktuari buruzko ebaluazio bateratuaren ikerketak modu argian azaldu beharko dute ekintza-eremu bera duten beste espediente urbanistikoekin duten harremana.

    Horrez gain, aldaketak ekintza-eremuaren mugarritze zehatza ezarri beharko du. Honako erreferentzia-dokumentua egiteko erabilitako dokumentazioaren arabera, dirudienez, Aldaketaren helburu den eremua aurreko paragrafoetan aipatutako espedienteetan mugarritutakoa gainditzen du (ECIA_2008_009 eta ECIA_2008_035), eta horrenbestez muga zehatza zein den definitu behar da, egun dagoen egoera zein den eta proposamena zein den argi adierazita.

  3. Egindako kontsultak.

    Eusko Jaurlaritzak, «Vitoria-Gasteizko HAPOaren Aldaketa Puntuala, Errekaleorreko hiri-lurzoruaren esparruei eta 14. Sektoreko lurzoru urbanizagarriari dagokiena» izeneko planak ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratua egiteko prozedurari ekin zitzaion 2008ko urriaren 20an.

    2008ko azaroaren 9an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.

    Interesatu gisa kreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko abenduaren 16an amaitu zen. Izapide horretan inor ez da publiko interesatu gisa kreditatu.

    Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:

    Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.

    Uraren Euskal Agentzia.

    Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.

    Arabako Foru Aldundiaren Kultura eta kirolerako Zuzendaritza.

    Arabako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

    Arabako Foru Aldundiaren Hirigintzako Zuzendaritza.

    Arauzko epea bukatuta, proposamen hauek jaso dira:

    Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

    Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza: ekintza Errekaleorreko ibilgua hobetzeko erabili daitekeela adierazi du eta arreta berezia jarri behar dela zebra-muskuiluaren hedapenaren alde ez egiteko. Era berean, kontuan izan behar dira uhalde-enararengan eragina duten Plan Berezian aurreikusitako ekintzak. Horrez gain, landa- eta hiri-inguruaren arteko mailakako igarotzearen alde egiten duten diseinu urbanistikoak egin behar direla gaineratu du.

    Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritza: EAEk udalerriaren zaintzapean gelditzeko proposatu dituen ondasun higiezinak ere hartzen ditu barne, Errekaleorreko Pilotalekua 2029.

    Aipatu erantzunak HAPOren Aldaketa Puntuala eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren ikerketa egiterakoan kontuan izan beharko dira.

  4. Aldaketari aplika daitezkeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.

    HAPOaren Aldaketa Puntuala egiteko, nagusiki Garapen Iraun­korraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010) eta Lurzo­ruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira. Horrez gain, Hirigintza-Planeamenduak Iraunkortasun-Irizpidez Idazteko Eskuliburuaren (Eusko Jaurlaritza, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila. 2005eko martxoa) irizpideak jarraitu beharko dira. Bertako iraunkortasun irizpideek lehentasuna ematen diete hiri eta herri trinko eta anitzei.

    Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, aldaketak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:

  1. Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita (2).

  2. Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzeko (3). Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (4).

  3. Hiri-egitura irmoak, konpaktuak eta konplexuak sustatzea, planteatutako beharrei erantzuteko. Nahiko altuak diren eraikuntza-dentsitateak sortzea (5).

  4. Ahal den neurrian, gaur egun garatu gabe dauden eta 100 urteko itzulera epeko uholdeak jasateko arriskua duten eremuen artifizializazioa saihestea (6) (Proposamenak Uraren Euskal Agentziaren «Uholdeak jasateko arrisku-mailaren araberako lurzoruaren erabilera-irizpideetara» egokitu beharko dira») (7).

  5. Hiri-nukleoen ingurumen-kalitatea hobetzea, berdeguneak sustatuz eta handituz (8).

  6. Udalerriaren eremuan Eraztun Berdeak sortzea (9).

  7. Berdeguneetako eta herri barruko ibai tarteetako ingurumen-kalitatea hobetzea, herri-inguruneetako biodibertsitatea hobeto kontserbatzeko.

  8. Energia-aurrezpena, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea (10). Horretarako dagozkion urbanizaziorako eta eraikuntzarako udal ordenantzen bidez, antolamendurako neurriak arautuko eta hiri-instalazio kolektibo edo nagusiak aurreikusiko dira eta, horrekin batera, beren norainokoa zehaztuko da bai materialari (girotze-instalazioak, etxeko ur beroa ematea, hiri-hondakinenak biltzea, ibai-urak eta ur grisak berriz erabiltzeko bilketa, arazketa eta biltegiratzea) bai espazioari (eremua, sektorea, auzo jakin batzuetako alde jakin batzuk, etab) dagokionez.

  9. Lurpeko zein gainazaleko ur kontinentalei, beren oheei, ibilguei, ur-bazterrei eta ertzei, trantsizio-urei eta kosta-urei eragin diezaieketen edozein izaerako planek, programek edo jarduerek, lehenik eta behin, baliabidearen eta ingurunearen babesa, zaintza eta berriztapena zaindu beharko dute. Bereziki, lurralde eta hirigintza antolamenduko planek eta tresnek beren eta inguruaren kontserbaziorako beharrezko neurriak ezarri beharko dituzte. Gainera, sor daitezkeen eskaerak aurreikusi behar dituzte, eta baita behar horiek ingurumenari dagokionez modu onargarrian asetzea bermatzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta finantzarioak ere (11).

  10. Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea, bereziki esparruaren egungo etxebizitzen eraispenetik eratorritakoak (12).

  11. Pertsonen mugikortasun-eskaerari erantzuteko, oinez ibiltzea, bizikleta hartzea eta garraio kolektiboa erabiltzea sustatzea (13). Motorrik gabeko mugikortasuna eta garrado publikoa sustatzea (14).

  12. 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak eta inmisio mugak betetzea (15).

  13. Ur garbia (16) bermatzea, hondakin-uren tratamenduak isuriari eta inguru hartzaileari egokituz.

  14. Landaredia kontserbatzen dela zaintzea, bereziki, basoak, landare-multzoak, hesiak, eta ertzetako landaredia (17).

  15. Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie (18).

  16. Paisaia-faktorea udal-plangintzaren barruan sartzea, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz, Paisaiaren Europako Hitzarmenak ezartzen duen bezala (19).

    HPOren Aldaketa Puntualak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.

  1. Ingurumen-iraunkortasun- txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

    Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

    Beraz, HAPOren Aldaketa Puntualak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta 9/2006 Legearen I. eranskina.

    Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko azterlaneko atal bakoitzean jasotzen diren alderdien edukia eta norainokoa, aldaketak sustatzen dituen esparruari eta jarduera zehatzei berariaz dagozkienak izango dira.

    Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

  1. Aldaketaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribapena.

  2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

  3. Aldaketak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

  4. Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

  5. Aldaketak izan ditzakeen eraginak identifikazioa eta balorazioa.

  6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

  7. Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.

  8. Laburpen-dokumentua.

  9. Dokumentazio grafikoa.

    Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:

    1. Aldaketaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.

    Atal honetan HAPOaren Aldaketa Puntualaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.4 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoetan nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.

    Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek aldaketa puntuala lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira aldaketan aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.

    HAPOren Aldaketako proposamenak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

    2. Beste plan eta programekin dituen elkarrekintzen analisia.

    Aldaketak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazioa izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Aldaketak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.

    Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:

    1. EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

    2. Araba Erdialdeko Lurraldearen Zatiko Plana.

    3. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde mediterraniarra).

    4. EAEko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

    5. EAE-ko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).

    6. EAE-ko Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzorua Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

    7. Arriskuan dauden Espezieak Kudeatzeko Planak.

    8. Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.

    9. EAEko Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.

      Ingurumen-alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.

      3. Aldaketak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

      Lurralde-eremu horretako ingurumenaren egoerari buruzko alderdi garrantzitsuenak aipatu behar dira, aurreikusitako erabileretarako duen harrera-ahalmena eta aldaketa aplikatu ezean egoera horrek izango duen bilakaera; eraginik handiena jasango duten aldeetako ezaugarriak azpimarratuko dira.

      Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da. Kasu honetan, eremuak berrikuspena jasan behar duten sektoreez gain, jarraian jasotzen diren ingurumen-intereseko eremuak ere hartu beharko ditu barne, beharrezko xehetasun mailarekin, hurrengo baliabideen eta ingurumen-interes bereziko eremuen analisiaren bidez, beren espazio-mugak, bere babes-helburuak eta erabilera-eremua, egonez gero, identifikatuz:

      1. Mehatxatutako faunako espezieen banaketa-eremuak. Kasu honetan, Errekaleor ibaiak ibilgu askotan bisoi europarraren (Mustela lutreola) bizitokia dela kontuan izan behar da, izan ere, azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduak onartutako Kudeaketa Planaren baitan bilduta dago. Bestalde, Errekaleor ibaia Uhalde-enararen (Riparia riparia) bizitokia ere bada, eta martxoaren 7ko 22/2000 Foru Aginduak onartutako Kudeaketa Planean bilduta dago. Onetsitako kudea­keta-planak dituzten mehatxupeko espezieen Interes Bereziko Aldeetan dagokion Arabako Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak igorri beharko duen derrigorrezko txostenean (20) zehaztutakoa bete beharko da. Esparruak interes bereziko eremuetan eraginik ez badu, baina Kudeaketa Planaren esparruaren barruan baldin badago, aldaketak espeziearen habitaten babesa, mantenua edo berreskurapena bermatu behar du, horiek nahitaez mugatu behar direnean, kasuak justifikatuz (Euskal Herriko Naturaren Kontserbazioko 16/1994 Legearen 54. artikulua). Horrela, dauden egungo zonetako habitataren eta espezieen beharrezko baldintzen mantenura zuzendutako prebentzio-neurriak adierazi beharko dira, eta baita, habitata espeziaren eskakizunak ez dituenean, horren berriztapenera zuzendutako neurri zuzentzaileak ere, espeziak erabilitako zonek izan beharreko ezaugarriak bereziki nabarmenduz.

        Indarrean dagoen kudeaketa-planik ez duten mehatxatutako espezieen kasuan, arreta Lehentasuneko Banaketa Zonetan (21), Interes bereziko eremuetan (22) edo Puntu Sentikorretan (23) jarriko da. Espezie horien gaineko eragin posibleen irismena aztertu beharko da.

      2. Akuiferoen birkarga-eremuak, eta baita kutsadura izateko arrisku handia (24) duten eremuak ere. Gasteizko ur-masaren ekialdeko sektorea nekazaritza-jardueretatik eratorritako nitratoengatiko ur-kutsaduraren menpeko zona sentikorra dela aitortua dago eta esparruaren gune handi batean iragazkortasuna altua da.

      3. Jabari Publiko Hidraulikoa eta baita poliziarenak diren zonak eta afektatutako ibaietako ertzen zortasun-zona ere. Kasu honetan Errekaleor ibaiak aldaketaren esparruaren mendebaldeko muturra zeharkatzen du eta eremu horretarako, hain zuzen ere, euri-parke baten proiektua dago. Horrenbestez, egoera hori eta proiektua kontuan izan beharko dira.

      4. Dauden landare-komunitateak ere bai, eta zehazki, dauden interes komunitarioko habitatak. Dauden landare-komunitateen ezaugarriak eta tamaina zehaztasun gehiagorekin deskribatu beharko dira, aldaketak eragindako landare-mota bakoitzaren azalera, bere ezaugarriak, aleen heldutasuna, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna zehaztuz eta baita sailkatutako edo babestutako espezieen presentzia eta horien balio ekologikoa adieraziz ere. Baliotsuenak diren osagaiak nabarmendu beharko dira. Horien kartografia egingo da, eskala egokian, dauden landare-komunitateen kontserbaziorako balio erlatibo handienaren arabera.

      5. Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie.

      6. Aipatu egiturek eta hornidura-baliabideek berrikuspenean aurreikusitako sektoreen eskariari aurre egiteko nahiko ahalmena dutela aztertu eta kuantifikatuko da, baliabide hidrikoen gainean inpaktu negatibo nabarmenak ez sortzeko helburuarekin.

        Ur-masaren egungo egoerak edo, kasu honetan, ekologia-potentzi­alak, ezin du kalitate gutxiagoko egoeretara jaitsi haren kalifikazioan. Beraz, edozein hondatze gehigarri saihes­tu behar da eta ekosistema akustikoen egoera babestu eta hobetu behar da «ur-masen egoera ekologiko ona» lortze aldera (25).

      7. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.l) artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren aurretik plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udalerriaren plangintzaren arteko harremanari buruzkoa izango da esklusiboki. Vitoria-Gasteizko Udaletxeak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

      8. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.k) artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren ondoren plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori udalerriaren plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoa izango esklusiboki. Vitoria-Gasteizko Udaletxeak HAPOren Aldaketa Puntualaren hasierako onespenaren ostean Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

      9. Ondare historiko-arkitektonikoaren eta arkeologikoaren zati direlako sailkatutako edo inbentarioan sartutako areak edo enklabeak. Aztergai den esparruaren kasuan, Errekaleorreko Pilotalekua kontuan hartu beharko da.

        Aldaketaren esparruen urrakortasun-arriskua identifikatu behar da eta horretan aurreikusitako ekintzetarako garrantzitsuak diren eta bertan dauden ingurumen-arazoak adierazi behar dira, hurrengoa kontuan izanik:

      1. 2/2008 (26) Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, HAPOaren Aldaketa Puntualak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du.

      2. Kutsatutako lurzoruen presentzia identifikatu behar da. 13. sektorearen barruan kutsatu dezaketen lurzoruen inbentarioan 01059-01334 kodearekin jasotako esparru bat existitzen da. Lurzoruaren kutsaduraren prebentzio eta zuzenketarako otsailak 4ko 1/2005 Legea aintzat hartuz, lurzoru kutsatu edo hondatu bat egoteak lurzoru horretarako erabilera baten esleipena baldintzatu dezake edota izan behar duen erabilera beraren funtzioak aurrera eramateko ahalmena horri itzultzera zuzendutako neurri zuzentzaileen beharra, edo baita, lurzoruaren baldintzak bere aurreko egoerara zuzendutako neurrien beharra ere. Kutsadura sortu izan dezakeen jarduera edo instalazio (27) bat jasaten edo jasan duen lurzoru baten kalifikazio-aldaketa eginez gero, lurzoruaren kalitatearen aitorpen-prozedurari hasiera eman beharko zaio, 1/2005 Legearen 17.1.d) atalean ezartzen den bezala.

        Beste alde batetik, lurzoru batean hondeaketa-eragiketak edo lur-mugimenduak aurrera eramaterakoan kutsadura-zantzuak hautematen badira, ekintza horren arduradun zuzenak derrigorrez dagokion Udaletxeari eta Autonomia Erkidegoko Ingurumen Organo eskudunari jakinarazi beharko dio. Kontsiderazio hori HAPOaren Aldaketa Puntualaren determinazioen barruan sartuko da eta horren garapeneko dokumentuetan eta proiektuetan aplikatu ahalko da.

      3. 37/2003 (28) Legeak eta 1367/2007 (29) Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, HAPOren aldaketa puntualak, modu esplizituan, eremuen zonakatze akustikoari dagokion mugaketa barne hartuko du. Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du. Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira. Horiek eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan kontuan hartu beharko dira eta alternatiben sormenean eta hautaketan irizpide gisa erabili beharko dira, kalitate akustikoari dagokionez, eremu akustiko ezberdinen arteko eta horiek eta zortasun akustikoko eremuen eta jatorri naturala duten soinu-erreserben arteko bateragarritasuna mantenduz. Beharrezkoa bada, aipatutako bateragarritasuna lortzeko beharrezko ekintzak aurrera eramango dira.

      4. Aldaketaren helburu den sektorearen antolamendu-proposamenak bereziki kontuan izan beharko du Errekaleor ibaian uholdeak jasan ditzakeen zona, betiere Uraren Euskal Agentziaren «Uholdeak jasateko duten arrisku mailaren araberako lurzoruaren erabilera-irizpideak» bete daitezen.

        Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

        Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta berrikuspenaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

        4. Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

        9/2006 Legearen 8.1. artikuluan arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

        Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, HAPOaren Aldaketa Puntualaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira, berrikuspena eta bere baitako jarduerak burutzeko beste une eta toki batzuk proposatuz. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Gainera, alternatiba horren aukeraketa sustatu behar da, modu labur baina behar beste, aldaketak eta bere ekintzek irizpide horiek nola eta zein neurritan garatu nahi dituzten espresuki adieraziz. Zentzu horretan, arrazoizko alternatibak sortzeko eta ondoren horien ebaluaziorako eta aintzat hartzeko erabili behar diren teknika- eta ingurumen-bideragarritasuneko irizpideen aurretiazko identifikazioak alternatiba horiek oinarri diren irizpideekin koherentzia dutela justifikatzeko aukera ematen du.

        Aldaketan proposatutako aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen ondorio esanguratsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, eta ez da alderik egongo ondorio batzuk eta besteak ebaluatzeko kontuan izango diren eskakizunetan. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.

        Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.

        5. Aldaketa Puntualak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

        Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).

        Ahaleginak egin beharko dira aldaketak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.

        Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:

      1. Faunaren gaineko eragina: bisoi europarra (Mustela Lutreola) eta uhalde-enara (Riparia-riparia).

      2. Paisaiaren gaineko eragina.

      3. Akuiferoen gaineko eragina: Zona Sentikor gisa aitortutako Gasteizko ur-masaren ekialdeko sektorea.

      4. Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.

      5. Hondakin gehiago sortzea: bereziki eraikuntzen eraispenetik eratorritako hondakinak.

      6. Ibilgailuen trafikoa areagotzea.

      7. Zarata arazoak.

      8. Uholde arriskua (Errekaleor ibaian uholde-arriskua duen eremua).

      9. Ondare historiko-arkitektonikoaren eta arkeologikoaren zati direlako sailkatutako edo inbentarioan sartutako areak edo enklabeak gaineko eragina. Kasu honetan Errekaleoreko Pilotalekua.

        Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

        Aldaketak eta aldaketako jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

        6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

        HAPOren Aldaketa Puntuala egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.

        Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.

        Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.

        Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira (30).

        HAPOren Aldaketaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira aldaketa garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, aldaketan aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.

        Aldaketaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek erreferentzia egingo diete gutxienez hurrengo aspektuei:

      1. Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.

      2. Energia-eraginkortasuna sustatzea.

      3. Hondakinen sorrera murriztea.

      4. Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.

      5. Mugikortasun iraunkorra sustatzea.

      6. 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.

      7. Dibertsitate biologikoa mantentzea.

        7. Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.

        Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:

        Oinarrizko adierazleak (eredu kausalaren oinarrituta).

        Goiburuko ingurumen-adierazleak.

        EAEko iraunkortasunaren adierazleak.

        Europako egitura-adierazleak.

        Tokiko Agenda 21en adierazleak.

        Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausa-efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.

        Aldaketak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eraginik esanguratsuenak neurtzeko adierazleak ezarri ondoren, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeko arduraduna izendatuko da. Adierazle bakoitzak arduradun desberdina izan dezake, gainbegiraketa plangintza- sistemaren zein fasetan txertatzen den kontuan izanda, horrela beti identifikatu ahalko da berrikuspenak adierazleari egiten dion ekarpen indibiduala.

        8. Laburpen-agiria.

        Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

        9. Dokumentazio grafikoa.

        Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.

      1. Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.

        Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

        1. Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.2. atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta eta, gutxienez, 45 eguneko epea edukiko dute agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

        2. Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana jendaurrean jarriko dira Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko. Bere publizitatea bermatzeko helburuarekin, bi dokumentuak organo sustatzaileak duen sare telematikoaren leku batean sartuko dira eta hori sarrera askekoa izango da, ekainak 30eko Lurzoru eta Hirigintzako 2/2006 Legearen 9.1. artikuluak ezartzen duen bezala.

      2. Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.

        183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Vitoria-Gasteizko HAPOaren Aldaketa Puntuala, Errekaleorreko hiri-lurzoruaren esparruei eta 14. Sektoreko lurzoru urbanizagarriari dagokiena» hasierako onespenaren aurretik, Aldaketaren behin-betiko onespenerako duen organo eskudunak, kasu honetan Vitoria-Gasteizko Udaletxeak, ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea HAPOren Aldaketaren Aurrerakinarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.

      1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

        Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 5a.

        Ingurumen sailburuordea,

        IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

        OHARRAK

        (1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

        (2) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainak 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.

        (3) 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, Lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa.

        (4) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatu bat lortzea.

        (5) Hiri-plangintza jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda idazteko eskuliburua. IHOBE, Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa. Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saila. 2005.

        (6) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 11. Helburu Estrategikoa: Klima aldaketara egokitzea.

        (7) Irizpide horiek Isurialde Mediterraneoko Ibai eta Erreken antolamenduko Lurraldearen Arloko Planaren 1. aldaketaren barne sartu dira, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuaren Aginduz 2007ko abenduaren 10ean onartutakoa.

        (8) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatua lortzea.

        (9) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 4. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatua lortzea.

        (10) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. Helburu Estrategikoa: Energia kontsumo eta ekoizpen iraunkorrak sustatzea.

        (11) Urei buruzko ekainak 23ko 1/2006 Legearen 29.2 artikulua.

        (12) Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko II. Marko-Programa 2007-2010. 6. Helburu Estrategikoaren 3. Ekintza Lerroa: Hondakinak murriztea eta tratamendurik gabeko zero isuria.

        (13) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 8. Helburu Estrategikoa: Beste mugikortasun kudeaketa eredu baterantz.

        (14) Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Euskal Plana 2008-2012. 1. Programa: Karbono gutxiago. «Karbono gutxiago eta energia garbiagoak erabiliz produzitzea eta kontsumitzea, eta karbono-hustulekuak kudeatzea». Garraio-Sektorea, Lerroa: «Aurrezpena eta eraginkortasuna garraiobideetan eta horien erabileran». 16. Ekintza.

        (15) Zarataren azaroak 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriak 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.

        (16) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru-Programa 2007-2010. 2. Helburu Estrategikoa: Uraren kalitate ona.

        (17) Euskal Herriko Izadiaren Kontserbazioari buruzko ekainak 30eko 16/1994 Legearen 2.e) artikulua.

        (18) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 7. Helburu Estrategikoa: Gure biologia-dibertsitatea mantentzea.

        (19) Aipatu Hitzarmena 2008ko martxoaren 1ean indarrean sartu zen, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren Berrespenaren Instrumentuari jarriki (Europako Kontseiluaren 176. zenbakia), 2000ko urriaren 20an Florentzian egina (BOE 31. zenbakia, 2008ko otsailaren 5ekoa).

        (20) «Interes bereziko eremuetan espeziea zaintze­ari eta berreskuratzeari dagokionez eragin nabarmena (zuzenekoa edo zeharkakoa) duen edozein plan edo proiektuk (bakarrik edo beste plan edo proiektuekin batera) dagokion Nekazaritza Departamentuaren nahi­taezko txostena izan beharko du; hori, hain zuzen, ku­deaketa-planaren helburuetan izango dituen ondorioen ebaluazio egokia egiteaz arduratuko da».

        (21) Espezierako habitat egokienen ordezkaritza nahikoa dutenak eta kontserbazio-egoera onenean daudenak, horren eskakizunak modu zabal batean betetzen direlarik. Eremu horiek mugarritzeko oinarrizko lana sailkatutako espezieen kudeaketa-planen proposamenetatik eratortzen da.

        (22) Txiki samarrak eta ondo mugatutako enklabeak, espeziaren populazioaren kontserbaziorako garrantzi handia dutenak edota perturbazio posibleen aurrean hauskortasun nabarmena aurkezten dutenak. Interes bereziko area horien definizioa, gehien bat, mehatxatutako espezieen kudeaketa-planen proposamenetan emandako informazioan oinarrituz egin da, 2001. eta 2002. urteetan zehar, adituen talde ezberdinek egindakoetan, alegia.

        (23) Gutxieneko zabalerako eta kokapen zehatzeko puntuak edo enklabeak biltzen dituzte, muturreko sentsibilitateko lekuak direnak, espeziearen iraunkortasunerako intereseko elementuak dituztelako. Habiak, kume-koloniak, lurraldeetako eremu nuklearrak, ugalketa-urmaelak edo babeslekuak dira, beren galera edo narriadurak populaziorako gertakari negatibo eta larri bat suposatuko lukeelako. Puntu horien kokapena Bizkaiko Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak enkargatutako argitaragabeko hainbat txostenetatik edo ornitologia-elkarteek motu propio eginikoetatik hartu dira.

        (24) Lurpeko uren «Urrakortasun zonak» ezartzeko erreferentziako esparrua Eusko Jaurlaritzako 1:25.000 Kartografian jasotako «Kutsaduraren aurreko Akuiferoen Urrakortasun Mapa» izango da.

        (25) Uraren Esparruko Zuzendaritza 2000/60/EE. 2000ko urrian onartua. 2000ko abenduaren 22tik indarrean. Ingurumen-helburu gisa «ur-masen egoera ona» definitzen du eta baliabidearen erabilera iraunkorra lortu nahi du.

        (26) 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua, ekainak 20koa, lurzoruari buruzko legearen testu bategina onartzen dena.

        (27) 165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa.

        (28) Zarataren azaroak 17ko 37/2003 Legea.

        (29) Zarataren azaroak 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.

        (30) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 2. Lehentasuna.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik