Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2009ko otsailaren 17koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Abanto-Zierbenako Udalak sustatutako «Teknologia sektore berri bat garatzeko Abanto-Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2009ko otsailaren 17koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Abanto-Zierbenako Udalak sustatutako «Teknologia sektore berri bat garatzeko Abanto-Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 82
  • Hurrenkera-zk.: 2363
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/02/17
  • Argitaratze-data: 2009/05/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek (eta plan horien barne dago «Teknologia sektore berri bat garatzeko Abanto-Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa» delakoa) ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Era berean, «Teknologia sektore berri bat garatzeko Abanto-Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa» izeneko plana hainbat planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Abanto-Zierbenako udalak 2008ko urriaren 6an hasi ditu izapideak «Teknologia sektore berri bat garatzeko Abanto-Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa» delakoak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

  1. Ingurumen ondorioetarako soilik, Abanto-Zierbenako udalak sustatutako «Teknologia sektore berri bat garatzeko Abanto-Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.

  2. Txostena honakoa da:

  1. Aurrekariak.

    Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegiak, S.A. Sozietate Anonimo Publikoak Abanto-Zierbena udalerrian kokatzen den eta 450.000 m2 inguruko azalera duen Teknologia Sektore berri bat sustatzea erabaki du. Helburu horrekin, aipatutako Lurzoruaren garapena ahalbidetzen duten izapideei hasiera eman die.

    Oinarrizko helburua esparrua sailkatzea da; hau da, egun indarrean dagoen plangintzan Baliabide Naturalen Babeserako lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dagoena industria izaerako lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzea. Horrek teknologia-osagai handiko enpresak hartzera zuzendutako garapen urbanistikorako aukera emango luke.

    Behin aipatutako lurzoruek kontsiderazio hori dutenean, jarraian adierazi diren instrumentu urbanistikoen bitartez garatuko dira:

    Jarduera Ekonomikoen Sektorearen Plan Partziala.

    Ekintza Urbanizatzailearen Programa.

    Birpartzelatze proiektua.

    Jarduera Ekonomikoen Sektorearen Urbanizazioko Proiektua.

  2. Egindako kontsultak.

    2008ko abenduaren 21ean, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.

    Interesatu gisa akreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2009ko urtarrilaren 28an amaitu zen. Izapide horretan inor ez da publiko interesatu gisa akreditatu.

    Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:

    Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.

    Uraren Euskal Agentzia.

    Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.

    Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.

    Bizkaiko Foru Aldundiaren Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia.

    Ihobe Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.

    Ekologistak Martxan elkartea.

    Arauzko epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritzatik eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzatik, eta - Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritzatik proposamenak jaso dira.

    Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Zuzendaritza: aurrerapenak eskaintzen duen azalera zuzendu du, ez zen 45Ha-koa izango baizik eta 52,17 Ha-koa eta Gaitasun Agrologiko Ugariko Lurzoruen galerei buruz hainbat gogoeta egin ditu (horiek gizartearen intereseko ondasun kontsideratu baitira Nekazaritza eta Elikadura Politikei buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluan). Era berean, aplikatu beharreko neurri zuzentzaileak proposatu ditu.

    Horrez gain, Kima Berdea Elkarte Ekologistaren alegazioak ere bai jaso dira.

    Jarraian adierazitako pertsonak, publiko interesduna diren aldetik, akreditazioaren zuzenketaren zain daude:

    Begońa Fraile Martín Andrea, Abanto eta Zierbenako Independenteak Talde Politikoaren (INDAZ) ordezkari gisa.

    Juan José Zarraga San Martín.

    María Begońa Zabala Fano, Abanto-Zierbenako Udaleko Zinegotzia gisa.

    Erreferentzia Dokumentu honen II. eranskinean aurretik jasotako kontsulten erantzunak jasotzen dira. Aipatu erantzunak «Teknologia sektore berri bat garatzeko Abanto-Zierbenako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa» eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren ikerketa egiterakoan kontuan izan beharko dira.

  3. Aldaketari aplika daitezkeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.

    Aldaketa egiteko, nagusiki Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean; ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuan. Dekretu horren bidez, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira.

    Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, aldaketak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:

  1. Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (Proposatutako ekintzetarako gai den artifizial bihurtutako lurrik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da):

    Herriaren jatorrizko nukleoetan eraikitako eta urbanizatutako ondarearen biziberritzea eta etxebizitza hutsen erabilera hazkunde berriaren aurretik lehenetsi behar dira (proposatutako ekintzarako gai den ondare eraikirik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da).

    Lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik lur kutsatuen berreskuratzea lehenetsi behar da. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak berreskuratu behar dira, hiri-plangintzak erabilera edo jarduera berri bat aurreikusten duenean edo, modu subsidiario batean, aurreikusten ez duenean (proposatutako jarduerarako gai den kutsatuta egon daitezkeen lurzorurik ez dagoela modu egokian justifikatu beharko da).

  2. Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita.

  3. Aurreikusitako garapenak gehiegi dimentsionatzea ekiditea, dauden beharrak modu egokian justifikatuta.

  4. Kalitate akustikoaren helburuekin bateragarri izatea.

    Aldaketak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.

  1. Ingurumen-iraunkortasun txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

    Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateraruari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

    Beraz, Aldaketak ingurumenean duen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egitural jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. eranskina.

    Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko azterlaneko atal bakoitzean jasotzen diren alderdien edukia eta norainokoa, aldaketak sustatzen dituen esparruari eta jarduera zehatzei berariaz dagozkienak izango dira.

    Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

  1. Aldaketaren helburu estrategikoaketa helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribapena.

  2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarrerabinen analisia.

  3. Aldaketak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

  4. Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

  5. Aldaketak izan ditzakeen eraginak identifikazioa eta balorazioa.

  6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

  7. Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.

  8. Laburpen-dokumentua.

  9. Dokumentazio grafikoa.

    Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazioaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:

    1. Aldaketaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.

    Atal honetan Aldaketaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak (2020) eta Ingurumen Programa Markoa (2007-2010) nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.

    Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek aldaketa lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira aldaketan aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.

    Aldaketako proposamenak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta. Zentzu honetan, aldaketak proposatutako esparruan ezarriko diren «teknologia-eduki handiko» enpresak zein motatakoak izango diren espezifikatu beharko du.

    2. Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

    Aldaketak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazioa izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Aldaketak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.

    Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:

    1. EAE ko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

    2. Bilbao Metropolitarra Lurraldearen Zatiko Plana.

    3. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde kantauriarra).

    4. EAE-ko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

    5. EAEko Ekonomia Jarduera eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurraldearen Arloko Plana.

    6. Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.

    7. Eusko Jaurlaritzako Errepideen Plan Orokorra.

    8. Bizkaiko Errepideen Lurraldearen Arloko Plana. Bereziki Hego Metropoli-Saihesbidean eragina duten alderdiak.

      Aldaketaren helburu den esparruak, Hego Metropoli-Saihesbidearen (Supersur) III. Fasearen etorkizuneko trazaduraren zati bat barne hartzen du. Trazadura horrek esparrua hego-ekialdetik erdi-ekialdera arte zeharkatzen du eta lurrazalean 500 bat metro igarotzen ditu, San Fuentes zatiaren Murrietako tunelak hasten diren lekura arte. Hego Saihesbidearen III. Faseak San Fuentes eta Trapagaran arteko by-pass bat ekarriko luke eta horretarako egungo A-8-aren eta Ortuella eta Trapagaran udalerrien hegoaldean azpiegitura berri bat egin beharko litzateke. Saihesbidearen zati hori oraindik ikerketa-fasean dago, zerbitzuan jartzeko datarik gabe eta abian jarriko litzateke trafikoak hala eskatuko balu.

      Azpiegitura berriaren zati horrek inpaktua izango luke Aldaketaren helburu den eremuan, bai azpiegitura eraikitzerakoan zein bere ustiapen-fasean ere. Horrenbestez, esparruaren Ingurumen Ebaluazioaren fase guztietan eta aldaketaren ondorengo garapenaren faseetan ere kontuan izan beharko da.

    9. Abanto-Zierbena Udalerriko indarrean dagoen HAPO.

      Industria-lurzoru urbanizagarriari eta jarduera ekonomikoko lurzoruari dagokionez, garapen orokorreko bi esparru edo eremu begietsi dira:

      1. Gauzatzen ari diren lurzoru urbanizagarriak. Horiek «Abra Industrial» sektoreari dagozkio, Industria Lurzoruan.

      2. Campillo I eta II-ko industria-poligonoa barne hartzen duen programatutako Lurzoru Urbanizagarria: LAP-ak Jarduera Ekonomikoei zuzendutakoez gain.

        Industria-Lurzoru Urbanizagarri mota horren barruan, Planak hurrengo garapen Areak edo Sektoreak mugarritu ditu.

        1. 1- SUI-GA-Abra Industrial: Garapenean dagoen Industria Sektorea eta dagokion Plan Partzialaren gauzatzea eta Korta eta Bodovalle Meategietako meategi-ustiapen zaharren lursailak barne hartzen dituena eta Ortuellako udalerriarekin muga egiten duena.

        Aza. 66.388 m2

        2. 2- SUAE-LC-01 Parke Teknologikoa: A-8aren sarreraren ondoan kokatutako lursailak barne hartzen dituen Industria Sektorea, LAP-rekin bat etorrita.

        Aza. 530.064 m2

        Aurkeztutako alegazioetako bat kontuan hartzen badugu, Abra Industrialean oraindik lurzoru-eskaintza ez da erabat bete eta bere zabalpena onarpen-fasean dago.

        Horregatik guztiagatik, gogoeta bat egin beharko litzateke eta lurzoru berria industria-jardueretarako sailkatzearen beharraren gaineko ingurumen-justifikazio bat eskaini beharko litzateke.

        Ingurumen-alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.

        3. HAPOaren aladaketak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

        Lurralde-eremu horretako ingurumenaren egoerari buruzko alderdi garrantzitsuenak aipatu behar dira, aurreikusitako erabileretarako duen harrera-ahalmena eta aldaketa aplikatu ezean egoera horrek izango duen bilakaera; eraginik handiena jasango duten aldeetako ezaugarriak azpimarratuko dira.

        Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da. Kasu honetan, eremuak aldaketa jasan behar duten sektoreez gain, jarraian jasotzen diren ingurumen-intereseko eremuak ere hartu beharko ditu barne, beharrezko xehetasun mailarekin, hurrengo baliabideen eta ingurumen-interes bereziko eremuen analisiaren bidez, beren espazio-mugak, bere babes-helburuak eta erabilera-eremua, egonez gero, identifikatuz:

      1. Onetsitako kudeaketa-planak dituzten mehatxupeko espezieen Interes Bereziko Aldeetan dagokion Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak igorri beharko duen derrigorrezko txostenean zehaztutakoa bete beharko da. Esparruak interes bereziko eremuetan eraginik ez badu, baina Kudeaketa Planaren esparruaren barruan baldin badago, Aladaketak espeziearen habitaten babesa, mantenua edo berreskurapena bermatu behar du, horiek nahitaez mugatu behar direnean, kasuak justifikatuz (Euskal Herriko Naturaren Kontserbazioko 16/1994 Legearen 54. artikulua). Horrela, dauden egungo zonetako habitataren eta espezieen beharrezko baldintzen mantenura zuzendutako prebentzio-neurriak adierazi beharko dira, eta baita, habitata espeziaren eskakizunak ez dituenean, horren berriztapenera zuzendutako neurri zuzentzaileak ere, espeziak erabilitako zonek izan beharreko ezaugarriak bereziki nabarmenduz.

        Indarrean dagoen kudeaketa-planik ez duten mehatxatutako espezieen kasuan, arreta Lehentasuneko Banaketa Zonetan, Interes bereziko eremuetan edo Puntu Sentikorretan jarriko da. Espezie horien gaineko eragin posibleen irismena aztertu beharko da. Honako esparrua Baso-Igel Iberiarraren (Rana Iberica) ­eta Schreiber Muskerraren (Lacerta schreiberi) Lehentasuneko Banaketa Eremua da eta Ferra-Saguzar Mediterraneoren (Rhinolophus euryale) eta Ferra-Saguzar Handiaren (Rhinolophus ferrumequinum) Interes Bereziko Eremua da.

      2. Jabari Publiko Hidraulikoa eta baita poliziarenak diren zonak eta afektatutako ibaietako ertzen zortasun-zona ere. Eremua zeharkatzen duen La Barcenako erreka eta baita aldizkako izaera duten beste erreka batzuk eraginpean egongo dira.

      3. Dauden landare-komunitateak ere bai, eta zehazki, dauden interes komunitarioko habitatak. Dauden landare-komunitateen ezaugarriak eta tamaina zehaztasun gehiagorekin deskribatu beharko dira, planak eragindako landare-mota bakoitzaren azalera, bere ezaugarriak, aleen heldutasuna, kontserbazio-maila eta egitura-konplexutasuna zehaztuz eta baita sailkatutako edo babestutako espezieen presentzia eta horien balio ekologikoa adieraziz ere. Baliotsuenak diren osagaiak nabarmendu beharko dira. Horien kartografia egingo da, eskala egokian, dauden landare-komunitateen kontserbaziorako balio erlatibo handienaren arabera. Esparruan harizti-baso misto atlantikoko eta artadi kantauriarreko zuhaizti-masa txikiak dauden eta dagoen errekari lotutako makalak ere bai.

      4. Lekuko esparruan interes konektoreko paisaiaren elementuak identifikatzea iradokitzen da, korridore ekologikoen eskala anitzeko sare baten garapena posiblea izan dadin. Lekuko korridore horien helburuak interes konektorea duten paisaiaren elementuak identifikatzea eta kontserbatzea, horien gaineko inpaktuen prebentzioa egitea eta horien arteko konektibitatea hobetzea dira.

      5. LAA-etako 21. kapituluko 3. eranskineko izadi-intereseko eremuak. Esparruaren zati bat Zierbenako Zabalkuntzako Area deituriko zonaren barruan dago. Area hori Izadi Eremu Garrantzitsuen Katalogo Irekiaren barruan dago, LAA-etako izadi-intereseko eremuen zerrendan jasota daude eta Zierbenako Eremuak mugatzen du bi alboetan.

      6. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.l) artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren aurretik plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udalerriaren plangintzaren arteko harremanari buruzkoa izango da esklusiboki. Abanto-Zierbenako Udaletxeak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

      7. Ekainak 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.k) artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren ondoren plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori udalerriaren plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoa izango esklusiboki. Abanto-Zierbenako Udaletxeak Aldaketaren hasierako onespenaren ostean Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

      8. Erabilera publikokotzat katalogatutako mendiak eta mendi babesleak.

      9. Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera. Eustat eta Nekazaritzako Lursailen Identifikazio Geografiko Sistemaren (SIGPAC) informazioa jasoz hurrengo aspektuak identifikatuko dira:

        1. Antolamenduko kategoria bakoitzaren azalera.

        2. Nekazaritza-ustiapenen kopurua eta horien orientazio tekniko ekonomikoa.

        3. Ustiapen bakoitzaren lursailen dimentsioa, forma eta irisgarritasuna eta azalera osoaren balio agrologikoa.

        4. Etorkizunerako jasangarritasuna, nekazaritza-unitate bezala.

        5. Kutsatzaileen igorpen posibleak eragin ditzakeen azalerak.

          Esparruan EAEko Nekazaritza-Basoko LAP-ren arabera (hasierako onarpenaren arabera) Balio Estrategiko Handiko azpi-kategoriari dagozkion 14,77 Ha daude.

          1. Paisaiaren gaineko eragina.

          2. Akuiferoen gaineko eragina.

          3. Lurzoru artifizializatua gehitzea.

          4. Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.

          5. Hondakin gehiago sortzea.

          6. Ibilgailuen trafikoa areagotzea eta sarbide berrik ingurumenean duten eragina.

          7. Geologia Intereseko Eremuak eta Puntuak, honako esparruan dauden interes geologikoko 0290 (turbiditak) eta 0291 (faila eta seria) areak aurkeztu dira.

            Aldaketaren esparruen urrakortasun-arriskua identifikatu behar da eta horretan aurreikusitako ekintzetarako garrantzitsuak diren eta bertan dauden ingurumen-arazoak adierazi behar dira, hurrengoa kontuan izanik:

          1. 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Aldaketak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du.

          2. Kutsatutako lurzoruen presentzia identifikatu behar da. Lurzoruaren kutsaduraren prebentzio eta zuzenketarako otsailak 4ko 1/2005 Legea aintzat hartuz, lurzoru kutsatu edo hondatu bat egoteak lurzoru horretarako erabilera baten esleipena baldintzatu dezake edota izan behar duen erabilera beraren funtzioak aurrera eramateko ahalmena horri itzultzera zuzendutako neurri zuzentzaileen beharra, edo baita, lurzoruaren baldintzak bere aurreko egoerara zuzendutako neurrien beharra ere. Kutsadura sortu izan dezakeen jarduera edo instalazio bat jasaten edo jasan duen lurzoru baten kalifikazio-aldaketa eginez gero, lurzoruaren kalitatearen aitorpen-prozedurari hasiera eman beharko zaio, 1/2005 Legearen 17.1.d) atalean ezartzen den bezala.

            Beste alde batetik, lurzoru batean hondeaketa-eragiketak edo lur-mugimenduak aurrera eramaterakoan kutsadura-zantzuak hautematen badira, ekintza horren arduradun zuzenak derrigorrez dagokion Udaletxeari eta Autonomia Erkidegoko Ingurumen Organo eskudunari jakinarazi beharko dio. Kontsiderazio hori Aldaketaren determinazioen barruan sartuko da eta horren garapeneko dokumentuetan eta proiektuetan aplikatu ahalko da.

          3. 37/2003 Legeak eta 1367/2007 Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Aldaketak, modu esplizituan, eremuaren zonakatze akustikoari dagokion mugaketa barne hartuko du. Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du. Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira. Horiek eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan kontuan hartu beharko dira eta alternatiben sormenean eta hautaketan irizpide gisa erabili beharko dira, kalitate akustikoari dagokionez, eremu akustiko ezberdinen arteko eta horiek eta zortasun akustikoko eremuen eta jatorri naturala duten soinu-erreserben arteko bateragarritasuna mantenduz. Beharrezkoa bada, aipatutako bateragarritasuna lortzeko beharrezko ekintzak aurrera eramango dira.

            Aldaketaren eremuak A-8 eta N-639 errepideen zortasun akustikoaren eragina duenez, Aldaketa azpiegituraren organo substantibo eskudunari igorri beharko zaio, nahitaezko txostena egin dezan. Era berean, aurreikusitako esparrua ekialdetik zeharkatzen duen Hego Metropoli-Saihesbidearen III. Faseak eragingo duen eragin akustikoa kontuan izan beharko da eta baita Aldaketaren esparruan instalatuko diren enpresek sortuko luketen eragin akustiko posiblea ere.

          4. Inguruaren aire-kalitatea kontuan izan behar da, aldaketan aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin. Abanto-Zierbenako Udalerria Nerbioi Baxuko Eskualdearen Aire Kalitatearen Ekintza Planaren barruan dago.

          5. Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.

            Orori behin betiko onarpena eman baino lehen, nahitaezkoa da nekazaritza-gaietan eskumena duen Bizkaiko foru-organoak txostena egitea. Txosten horretan proiektu edo egintzak zenbaterainoko eragina izango duen neurtu beharko da.

          6. Zermugatutako arkeologi aldeei 28. atalak ematen dien babesaz gainera, lurralde eta hiri-antolakuntzako egitamuek, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo-Sailak bakoitzean ezarri ditzan baldintzetan, Kultur Ondasunen Zerrenda Nagusian errolderatutako arkeologi alde guztiak babestu beharko dituzte, eta Sail horrek egin dezan esandako egitamuek emandako babesaren aldeko txostena, araudiz ezar daitezen baldintzetan, nahitaezkoa izango da.

            Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

            Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta aldaketaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

            4. Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

            9/2006 Legearen 8.1. artikuluan arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

            Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, Aldaketaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira, aldaketa eta bere baitako jarduerak burutzeko beste une eta toki batzuk proposatuz. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Gainera, alternatiba horren aukeraketa sustatu behar da, modu labur baina behar beste, aldaketak eta bere ekintzek irizpide horiek nola eta zein neurritan garatu nahi dituzten espresuki adieraziz. Zentzu horretan, arrazoizko alternatibak sortzeko eta ondoren horien ebaluaziorako eta aintzat hartzeko erabili behar diren teknika- eta ingurumen-bideragarritasuneko irizpideen aurretiazko identifikazioak alternatiba horiek oinarri diren irizpideekin koherentzia dutela justifikatzeko aukera ematen du.

            Aldaketan proposatutako aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen ondorio esanguratsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, eta ez da alderik egongo ondorio batzuk eta besteak ebaluatzeko kontuan izango diren eskakizunetan. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.

            Alternatibak balioztatzeko, egun indarrean dagoen Abanto-Zierbenako HAPO, Metropoli-Bilboko LAP eta Jarduera Ekonomikoetarako eta Ekipamendu Komertzialen Lurzoruaren Sormen Publikoko LAP kontuan hartu beharko lirateke. Horiek oraindik agortu ez diren industria-lurzoru urbanizagarri eta jarduera ekonomikoko lurzoru batzuk ezartzen dituzte. Bizi dugun egoera ekonomikoa kontuan hartuta, horiek garapen honen alternatiba bat izan daitezke.

            Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.

            5. Aldaketak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

            Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).

            Ahaleginak egin beharko dira aldaketak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.

            Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:

          1. Bertan dauden hostozabalen zuhaiztien gaineko eragina (artadi kantauriarra, harizti-baso misto atlantikoa eta makalak).

          2. Faunaren gaineko eragina.

          3. Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.

            Nekazaritzako ekoizpen-erabilerari eusteak eta, edonola ere, lurzoruak berriro erabiltzeak lehentasuna izan beharko dira, hortaz, arreta berezia eskainiko zaio aldaketak nekazaritzarako lurzoruan izan dezakeen eraginari eta lurzorua ahalik eta gutxien okupatzea ahalbidetzen duten aukeren alde egingo da. Planteatuko diren proposamenek gune horretara atxikitako nekazaritza ustiategietan izango duten eragina ebaluatuko da, gaur egun hasierako onespena daukan Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzaren Lurraldearen Arloko Planean dagokion atalean, hots, nekazaritzaren sektorean izango duen eraginaren ebaluazioari buruzkoan, definitu diren nekazaritzako aldagaietan oinarrituta. Ebaluaziorako kontuan hartu behar diren nekazaritzako aldagaiak honako hauek dira:

            Antolamendu-kategoria bakoitzean eragindako azalera.

            Eragindako nekazaritzako ustiategien kopurua eta horien orientazio tekniko eta ekonomikoa.

            Ustiategi bakoitzean izango duen eragina: partzelen zatiketa, azalera osoaren neurriak, forma, irisgarritasuna eta balio agrologikoa.

            Etorkizunean nekazaritzako unitate iraunkor gisa hartuta, zona horrek izango duen eragin orokorra.

          4. Paisaiaren gaineko eragina.

          5. Lurzoru artifizializatua gehitzea.

          6. Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.

          7. Hondakin gehiago sortzea.

          8. Ibilgailuen trafikoa areagotzea, eta izan daitezkeen sarbide berrien ingurumen eragina.

          9. Zarata arazoak.

            Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoakedota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

            Aldaketak eta berrikuspen partzialeko jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

            6. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

            Aldaketa egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.

            Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.

            Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.

            Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira.

            Aladaketaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira aldaketa garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, aldaketan aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izando zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.

            Aldaketaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek gutxienez, erreferentzia egin behar diete, plan honekin lotutako IMP-ren helburu estrategikoen eta xedeen ekintza-lerroei, hau da; txosten honetan dagokien atalean jasotakoei, adibidez:

          1. Azalera iragazkorrak handitzea, iragazgaitz gutxiago egon daitezen, zoladura-azalera edo okupazio iragazgaitzeko azalera ahal bezain txikia izan dadin.

          2. Ur garbia bermatzea, lurrazaleko ur-masak babestu, hobetu eta berrituta. Eskaerak eta baliabide teknikoak aurreikustea, egoera ekologiko ona lortu dadin eta sortuko diren finantza-baliabideak, bere asebetetzea ingurumenari dagokionez modu onargarrian bermatzeko helburuarekin.

          3. Modu-banaketa garraio ez motorizatura (oinez edo bizikletan) eta garraio publikora (trena, tranbia eta autobusa) berriz zuzentzea, autoen erabileraren kontra egingo dela, helmugan aparkalekua araututa (murrizketaren bidez, alegia).

          4. Aire garbia bermatzea:

            Airearen kalitateko maila orokorra hobetuz eta partikulen eta NOx, SO2, eta COV igorpenen kontzentrazioa murriztearen alde eginda eta PM2,5 urteko balio limitea gainditzea saihestuta.

            Urbanizazioa kutsadura akustikoko kontroleko mekanismo gisa erabilita, udaleko instrukzioan urbanizazio proiektuetarako IDAE-ren Energiari dagokionez eraginkorra den plangintza urbanistikoaren Gidan proposatutako kontrol akustikoko mekanismoak jasota.

            Argi-kutsaduraren prebentzioa eta murrizpena sustatuta, argiztapen publikoko sistemen bidez. Aurreko argi sistemok argiztapen-instalazioen erabateko energia-eraginkortasuna sustatzen dute, bai funtzionalki eta baita ingurumenari dagokionez. Bestalde, argi arrotz edo deserosoaren eraginak gutxitu beharko da, argi-kutsaduraren aurkako babeseko zonen sailkapenari jarraiki.

          5. Landaredia kontserbatzen dela zaintzea, bereziki, basoak, landare-multzoak, hesiak, eta ertzetako landaredia.

          6. Paisaia-faktorea barruan sartzea, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz, Paisaiaren Europako Hitzarmenak ezartzen duen bezala, oinarrian, instalazioak, eraikuntzak eta eraikinak kokatuta dauden ingurumenera egokitu behar dira.

          7. Energia aurreztea, eraginkortasuna, energia berriztagarrien erabilera eta aldibereko ekoizpena sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2010 Ingurumen Markoaren Programan horri buruz ezarritako ekintza-lerroekin bat etorrita.

          8. Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea.

            7. Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.

            Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:

            Oinarrizko adierazleak (eredu kausalaren oinarrituta).

            Goiburuko ingurumen-adierazleak.

            EAEko iraunkortasunaren adierazleak.

            Europako egitura-adierazleak.

            Bizkaiko Iraunkortasunaren adierazleak. III. Taldea.

            Tokiko Agenda 21en adierazleak.

            Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausaefektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.

            Aldaketak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eraginik esanguratsuenak neurtzeko adierazleak ezarri ondoren, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeko arduraduna izendatuko da. Adierazle bakoitzak arduradun desberdina izan dezake, gainbegiraketa plangintza- sistemaren zein fasetan txertatzen den kontuan izanda, horrela beti identifikatu ahalko da aldaketak adierazleari egiten dion ekarpen indibiduala.

            8. Laburpen-agiria.

            Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

            9. Dokumentazio grafikoa.

            Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar (I. eranskina).

          1. Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.

            Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

            1. Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.3. atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta eta, gutxienez, 45 eguneko epea edukiko dute agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

            2. Aldaketare lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Baterako Ebaluazioaren azterlana jendaurrean jarriko dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

          2. Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.

            183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Aldaketaren hasierako onespenaren aurretik, Planaren behin-betiko onespenerako duen organo eskudunak, kasu honetan Abanto-Zierbenako Udaletxeak, ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren Aldez Aurretiko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea HAPOaren Aldaketaren Aurrerakinarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.

          1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

            Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 17a.

            Ingurumen sailburuordea,

            IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik